2026-04-17
Blog Page 16

Hezkuntza Sailak Euskaldunon aurkako erasoak egin dituela salatu nahi ditu LABek

“Euskalduna izatea euskaldun ez izatearen atzetik jartzen dute behin eta berriro”

Ikasturtea hasi genuenetik, LABek behin eta berriro salatu ditu euskaldunon aurkako erasoak. Lehen adibidea Hezkuntza Sailak abenduaren 17an lekualdatze-lehiaketari begira ireki zuen prozesuan izan zen. Bertan, 1. hizkuntz eskakizuneko (B2 mailakoak) lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen.

Zentzu horretan, Lanpostu Zerrendan dauden lanpostu guztiak ez eskaintzeko aukeraz gain, 2.hizkuntza eskakizuna (C1 maila) duten karrerako funtzionario diren langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide eman zion Sailak. Izan ere, lanpostu horiek eskolak euskaraz emateko hizkuntza eskakizuna ez duten langileei esleitu ahal izango zaizkie lehentasunez.

Honen aurretik, ikasturte hasierako lanpostuen adjudikazio-prozesua arautzen duen aginduan, Sailak ezarri zuen 2. HEko hizkuntza-profila duten langileek soilik 2. HEko lanpostuak eskatu eta eskuratu ditzaketela. Arauak salbuespen gisa jaso zuen, 2. HE egiaztatuta duten langileek soilik 1.HEeko lanpostuak eskuratu zitzaketela, baldin eta horrek ez bazuen eragozten 1.HE bakarrik duten langileek lanpostu horiek eskuratzea, nahiz eta azken honek puntuazioa gutxiago eduki. Antzinatasuna eta langile publikoon eskubideak guztiz urratuz.

LABen laguntzaren bitartez egoera horretan dauden langile batzuk bide juridikoa abiatu dute eta urraketa egon dela aitortu zaie. Beraz, LABetik eskatzen dugu era orokortuan aginduan ezarri den klausula hori Hezkuntza Sailak atzera botatzeko eta langile guztiak berdin tratatzeko, euskalduntzean atzerapausorik ez ematearekin batera.

LABetik salatzen dugu bigarren hizkuntza eskakizuna duten langileekiko egoera diskriminatzaileak iraunarazten dituela Sailak. Batetik, ikasketak euskaraz eta D ereduan eskaini arren, gaztelaniaz irakastera bultzatzen baitituzte irakasleak; eta bestetik, lekualdatze lehiaketan, lanpostu guztiak langile guztiei gardentasunez eta aukera berdintasunean eskaini beharrean 1. hizkuntz eskakizuneko lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen gainerako langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide emanez.

LABek dituen datuen arabera, hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datarik gabeko lanpostuak hurrengoak dira: Lanbide Heziketan 1. hizkuntza eskakizunarekin 1.305 lanpostu (2. hizkuntza eskakizuna dutenak 2.696 dira); eta Bigarren Hezkuntza eta irakaskuntza integratuetan berriz, 1. hizkuntza eskakizunarekin 222 lanpostu dago (2. eskakizuna dutenak, berriz, 6.804 dira).

Lanbide Heziketako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lanpostu askok ez daukate hizkuntza eskakizun ezta derrigortasun datarik. Honetaz gain, zerbitzuetako langileak euskalduntzeko plan eraginkorra behar da eta ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea bermatua izan dezaten euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak gainditu behar dira. 

Urraketak ez dira soilik langileetara mugatzen, euskalduntzen ez duten ereduen eskaintza medio, ikasle askori euskaraz ikasteko eskubidea eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatzen zaie. Euskalduntzen ez duten ereduen bitartez eskaintzen diren ziklo guztietatik %60a bakarrik da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Egoera hau larritu egiten da Oinarrizko Lanbide Heziketan non D eredua anekdotikoa den (matrikulen %18,5).

Beraz, lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea exijitzeaz gain, sinatu ditugun Lan Hitzarmenetan jasotako euskara planak garatzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen du LABek langile publiko guztiak euskalduntzeko, baita kolektibo guztietako langileei ikastaroetan parte hartzeko aukera eskaintzea ere, euskara maila mantentzeko zein hau hobetzeko. 

Soldata arrakalaren kontra, gutxieneko soldata propioa aldarrikatu du LABek

Soldata baxuenak dituzten sektoreak feminizatuak eta arrazializatuak daudela salatu du LABek Bilbon eta Iruñean, eta, “injustizia” horrekin amaitzeko, martxoaren 17ko greba orokorrerako deia berretsi du, gutxieneko soldata propio eta duinaren alde. 

Azken boladan, instituzioek eta patronalak baikortasun mezuak eman dituzte behin eta berriz soldata arrakalari buruz, eta txikitzen ari dela adierazi. Alabaina, diskurtso horrek talka egiten du errealitatearekin, eta hori salatu du LABek Bilbon eta Iruñean, Soldata Arrakalaren kontrako Nazioarteko Egunaren harira egindako bi ekintzatan. LABeko hainbat kide feministaz inguratuta, zulo bana irudikatu du LABek lurrean, inposatutako soldata arrakala islatzeko.

Argi mintzatu da Maddi Isasi LABeko idazkari feminista, Bilbon egindako adierazpenetan: “Ez da egia soldata arrakala txikitzen ari dela”. Izan ere, lan munduak guztiz segregatuta jarraitzen duela gogorarazi du, “bai generoaren eta bai jatorriaren arabera”. Isasiren arabera, ez da kasualitatea 1.500 euro baino gutxiagoko soldatak jasotzen dituzten sektore gehienak feminizatuak eta pertsona migratu eta arrazializatu ugariz osatutakoak izatea. Sektore horietako batzuk ikus zitezkeen, hain justu, Isasiren atzean zegoen panel batean, denak ere hitzarmenean 1.500 euroko gutxieneko soldata baino baxuagoak jasotzen dituztenak: eraikin eta lokalen garbiketa (1.465 eurokoak), kontserberak (1.229 eurokoak), etxeko langileak (1.184 eurokoak)…

Egoera hori datuetara eraman du Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin lankidetzan egindako azterketan, eta, azterketa horretan oinarrituta, Isasik salatu du 1.500 euro baino gutxiago jasotzen duten langileen %67 emakumeak* direla, hirutik bi. Horrez gain, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren azpitik dagoen soldatapeko emakumeen* %47,97k jardunaldi partzialean lan egiten duela ere gogorarazi du. 

Sexuaren araberako lan banaketa dago oinarrian, Isasik azaldu duenez: lanak ezberdin baloratzen dira egiten dituena gizona, emakumea*, migratua edo gaztea izan, eta hori lan baldintzetan islatzen da. Sektore feminizatuetako soldatak maskulinizatuetakoak baino askoz baxuagoak dira, emakumeek* egiten dituzten lanei balioa kentzen zaielako. “Injustizia” horri aurre egiteko oinarrizkoa da gutxieneko soldata propioa, idazkari feministak nabarmendu duenez, “gutxieneko bat bermatuko duena”. Neurri horrek, era berean, beste neurri batzuekin lagunduta etorri behar du, LABek gaur defendatu duenez, sexuaren araberako lan banaketarekin benetan apurtu nahi badugu eta, behingoz, sistema ekonomiko esplotatzailea hankaz gora jarri; hala nola, zor patriarkalaren eta kolonialaren aitortza, lanpostuen berbalorizazio feminista, zaintza sistema publikoa… 

Horiek guztiak aldarrikatzeko eta gutxieneko soldata propioaren beharra erdigunean jartzeko, martxoaren 17ko greba orokorrera batzearen garrantzia azpimarratu du Isasik. Hartara batzeko arrazoiak “soberan” daudela adierazi du, eta grebarako deia berretsi. 

LABek salatu du Tubos Reunidoseko enplegu-erregulazioko espedientea justifikaziorik gabeko enpresa-erabakia dela, eta langileei bizkarra ematea egotzi die erakundeei

Tubos Reunidosek aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldiaren laugarren bileraren ondoren, LABek berretsi du ez dagoela legeak eskatzen dituen baldintzetan oinarritutako arrazoirik, eta prozesuak gabezia larriak agerian uzten dituela, bai ustezko egiturazko bideraezintasuna egiaztatzeari dagokionez, bai fede onez negoziatzeko betebeharrari dagokionez.

Enpresak oso erabaki larria hartu du: 301 langile kaleratu eta altzairutegia ixtea. Altzairutegia ixtea ez da neurri txikia; enpresa osoaren etorkizuna arriskuan jartzen duen erabaki estrategikoa da. Gaur-gaurkoz, egindako bileretan, zuzendaritzak ez du frogatu itxiera eta kaleratzeak justifikatzen dituen benetako arrazoirik dagoenik.

Duela urte gutxi, enpresak 112 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa publikoa jaso zuen, 2026ra arte bideragarritasuna bermatzeko. Prozesu honetan agerian geratu dena ez da gerora sortutako egiturazko bideraezintasuna, baizik eta zuzendaritzaren urteetako kudeaketa negargarria. Eta, beste behin ere, kudeaketa txar hori langileek, Aiaraldeko eta Ezkerraldeko eskualdeek eta herritar guztiek ordaintzea nahi dute, laguntza publikoak guztion poltsikotik ateratzen direlako.

EEE honek ez die soilik 301 familiari eragiten. Eragin zuzena izango du azpikontratetan ere, eta Aiaraldeak eta Ezkerraldeak aspaldidanik jasaten ari diren desindustrializazio-prozesua areagotuko du. Ez gaude abandonatutako enpresa baten aurrean, baizik eta diru publikoz eutsitako enpresa baten aurrean, orain bere emaitzen kontua doitu nahi duena enplegu industriala suntsituz.

Etengabeko ate-jotzeak, diskurtso bikoitza eta kriminalizazioa

Enplegua suntsitzen den bitartean, erakundeek etengabe ixten dizkigute ateak aurpegian. Enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eta enplegua irmo defendatzea eskatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak diskurtso hutsean eta eszenifikazioan jarraitzen dute.

Berrindustrializazio-mahaiaren azken bileran, enpresako zuzendaritza bertan zela, “industriako talentuaz” hitz egin zen, kalean langileak beren lanpostuak defendatzen ari ziren bitartean. Eusko Jaurlaritzaren erantzuna ez zen enpresa interpelatzea izan, baizik eta Segurtasun Saila bidaltzea beren enplegua eta eskualdearen etorkizuna defendatzen ari ziren langileen aurka oldartzera. Hori izan zen haren ekarpena.

Gainera, erakundeek atzeko atetik sartzea erabaki zuten, eskualdeari bizkarra emanez eta mobilizatzen ari zirenei entzutea saihestuz. Irudi horrek ezin hobeto islatzen du haien jarrera.

Gaur bertan, kontsultaldiaren bileraren aurretik, Ertzaintza negoziazio-batzordeko kideen motxilak miatzen saiatu da, baina uko egin diogu. Onartezina da enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera, langileak kriminalizatzea eta beren lanpostuen defentsa legitimoa egiten ari diren pertsonak susmagarri gisa tratatzea. 

Era berean, larria da Amurrioko alkatearen, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide denaren, diskurtso bikoitza; izan ere, egun batzuk lehenago kezka eta elkartasuna helarazi zizkion enpresa-batzordeari, eta, hala ere, egun horretan bertan erakunde eta enpresa-ordezkariekin batera agertu zen, bere herrikideak lanpostua defendatzeagatik erreprimituak ziren bitartean.

Ezin da etorkizun industrialaz hitz egin egungo enplegua suntsitzea baimentzen den bitartean. Aiaraldeari ezin zaio konfiantzarik eskatu isiltasunarekin, ate-jotzeekin eta karga polizialekin erantzuten zaionean.

LABetik argi eta garbi diogu: ez dugu EEE hau onartzen, ez dugu altzairutegiaren itxiera onartzen eta ez dugu pasibotasun instituzionala onartzen —konplizitatea ez bada— eskualdearen etorkizun industriala mehatxatzen duen erabaki baten aurrean. Ez du axola bilerak nora eramaten dituzten; beti aurrean izango gaituzte.

LABek lanpostu guztiak eta Aiaraldearen zein Ezkerraldearen etorkizuna defendatzeko konpromiso irmoa berretsi du. 

INTIAko Enpresa Batzordeak iragarri du greba hasiko duela TRACASA Instrumental enpresa publikotik subrogatutako 56 langileko kolektiboak

Urtebete baino gehiago daramagu enpresa publiko baten barruan soldata desberdintasuneko egoera bat konpondu nahian. Subrogazioa hasi zenetik, kolektibo honi ez zaio aplikatu INTIAn 2016tik indarrean dagoen soldata-taula. Horrek esan nahi du, beren lana normaltasunez eta gainerako plantillaren antolamendu baldintza berdina eginez, ordainsari-posizio baxuagoan daudela.

Enpresa publiko beraren barruan, soldata berdintasunaz ari gara. Ez gehiago, ez gutxiago.

Azken hilabeteetan, zuzendaritzak argudio aldakorrak eman ditu. Hasiera batean, soldata-taularen aplikazioa ez zen ezintasun gisa planteatu, langile bakoitzari bakarka proposatu baitzitzaion subrogazioa egin aurretik. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, mezua aldatuz joan da: lehenengo bideragarria zirudien, gero partziala, eta orain eskatzen dugun moduan , bideraezina da. Etengabeko kontraesan horiek eta bertsio aldaketa horiek ez dute konfiantza sortzeko laguntzen, ezta konponbide bat errazten ere.

Argi utzi nahi dugu, halaber, ez dela egia kolektibo hori ari dela eskatzen ez aparteko hobekuntzak, ez eta gainerako langileek baino baldintza hobeak ere. Ez da inolako pribilegiorik eskatzen. Erreklamatzen den gauza bakarra da INTIAko gainerako langileei aplikatzen zaien soldata-taula bera aplikatzea, lanbide-kategorian eta antzinatasunean oinarrituta, bestelako bereizketarik eta irizpiderik gabe.

Enpresa publiko beraren barruan soldata-erregimen bereizia finkatzen duen edozein planteamendua, objektiboki sortzen ditu lehen eta bigarren mailako langileak. Eta hori da onartu ezin duguna.

Gure aldarrikapena sinplea eta zehatza da:

• INTIAn indarrean dagoen soldata-taula osorik aplikatzea.

• Murrizketarik gabe.

• Egiturazko desberdintasunak betikotzeko formularik gabe.

• Desberdintasuna sendotzen duten irtenbide partzialik gabe.

Proposamen bideragarriak, mailakatuak eta arduratsuak helarazi ditugu. Elkarrizketarako etengabeko prestasuna erakutsi dugu. Ezin dugu onartu berdintasuna ezinezkoa dela oinarri hartuta negoziatzea. Izan ere, enpresa publiko bateko soldata-berdintasuna ezin da etorkizuneko helburu bat izan: bermatutako printzipio bat izan behar du.

Benetako aurrerapenik ez dagoenez, eta urtebeteko kontzentrazioen, proposamenen eta bileren ondoren, kolektiboak otsailaren 24an ekingo dio lehen greba egunari. Hausnartutako erabakia da. Akordiorako borondatea izan arren, denboran luzatu den gatazka baten ondorioa da.

Negoziatzeko prest eta prest jarraitzen dugu. Gure eskuak luzatutak jarraitzen dute. Baina, era berean, argiak izan nahi dugu: negoziazioak ezin dute soldata-bidegabekeri bat finkatzeko balio.

Dagoeneko hasita dauden mobilizazioekin jarraituko dugu, eta ekintza berriak baloratzen ari gara, bere garaian iragarriko ditugunak, benetako aurrerapenik ez badago.

Gatazka honek badu konponbiderik. Eta INTIAren barruan ordainsari-berdintasuna bermatzearen mende dago soilik.

Estrasburgo Ibilbideko VITALQUILERen maizterrak borrokan. ADANIA, konponbidea orain!

Gasteizko Estrasburgo Ibilbideko 9, 11 eta 13 zenbakietan kokatutako VITALQUILERen etxebizitza-blokeko maizterrok, LAB Sindikatuaren Etxebizitza Asanbladako kideekin batera, ADANIAren bulegoetara joan ginen joan den otsailaren 18an, bloke horretako bizilagunok pairatzen ari garen egoerari buruz hitz egiteko premiazko bilera bat exijitzera. Bilera eskaera hainbat bidetatik helarazi diogu ADANIAri, baina saiakera guztiak alferrikakoak izan dira.

ADANIA promotoreak Vital Kutxarekin batera, VITALQUILER S.L. sozietatea sortu zuen, baina iaz bankuak bere zatia saldu zion ADANIAri, eta sozietatearen izena ADALQUIER S.L. izatera pasatu zen.

Iazko irailean, LAB Sindikatuaren Etxebizitza Asanbladako kideok atari horietako bizilagunekin harremanetan jarri ginen, hilabete horretan bertan etxebizitzek BOE (Babes Ofizialeko Etxebizitza) kalifikazioa galduko zutela jakinarazteko. Era berean, ohartarazi genien ziurrenik ADANIAk Lakua auzoko beste bloke batean erabilitako jokabide bera izango zuela kasu honetan ere. Hau da, Lakuako etxebizitza blokeak babes ofiziala galdu bezain pronto, ADANIAk aprobetxatu zuen merkatu pribatura pasatu zirela alokairu-kontratuak igotzeko.

Tamalez, uste genuena gertatu da. Orain gure etxebizitzak merkatu espekulatibora pasatu direla, ADANIA Lakuan egin zuen gauza bera egiten ari da. Ikusten ari gara nola, gure alokairu-kontratuak amaitu ahala, ADANIAk gehiegizko igoerak dituzten kontratu berriak proposatzen dizkigun; kasu batzuetan, hilean ia 300 euroko igoerekin.

Ezin da onartu ADANIAk diru publikoaren laguntzaz eraiki zituen eta urte hauetan alokairu subentzionatura bideratu dituen etxebizitza sozialekin espekulatzea. Alokairu hori berez altua zen, baina behintzat, topea zeukan, maizterren diru-sarrerak kontuan hartzen zituena.

ADANIA promotoreak bere irabaziak are gehiago handitu nahi ditu etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide baten kontura. Maizter gehienok ezin diogu horrelako igoerari aurre egin eta gure etorkizuna arriskuan dago. Horregatik, blokeko maizterrok LABeko Etxebizitza Asanbladaren barruan antolatzea eta Estrasburgo Ibilbideko Sail Sindikala eratzea erabaki dugu. Lehen urrats gisa, alokairu-kontratu berrien baldintzei buruzko negoziazioa irekitzeko eskatzen diogu ADANIAri.

Ohar honen bidez, gure egoera publiko egin nahi dugu eta ADANIAri beste behin ere bilera bat exijitu, gai hauek guztiak eztabaidatu ahal izateko.

LABeko Etxebizitza Asanblada – Estrasburgo Ibilbideko Sail Sindikala

Greba Bilboko Udaleko eraikinen garbiketan

Bilboko Udalak garbiketa zerbitzua azpikontratatzen du, funtsezkoak diren beste zerbitzu asko bezala.

Egun zerbitzuaren esleipenduna UTE BIOERAIKIGARBI da, FCC talde multinazionalaren enpresetako bat. Lote erraldoi bati buruz ari garen arren, plantillaren lan baldintzak, gehienak emakumeak, prekarioak dira eta hau Udalaren ezagutza eta onarpenarekin gertatzen da. Ia 500 langile dira.

Otsailaren 20aren, Soldata Arrakalaren Kontrako egunaren, bezperotan, ezin dugu salatu gabe utzi FCC diskriminazio mota honen adibide argia dela: erabat maskulinizatuta dagoen Bilboko Udalaren kale garbiketa zerbitzuaren (Bilbogarbi) esleipenduta da, baita erabat feminizatua dagoen eraikinen garbiketa zerbitzuarena (BIOERAIKIGARBI) ere, biak ala biak funtsezkoak, baina euren artean %80ko soldata arrakalarekin. Gauza berbera gertatzen da lanaldiekin: eraikinin garbiketa zerbitzuko plantilla gehienak 20 ordutik beherako lanaldiak dituen artean, kale garbiketako langile gehienek lanaldi osoa dute. Are gehiago, Bio Eraikigarbin dauden lanaldi oso eskasak plantillan dauden gizon apurrek dituzte. 

Era berean, ezin dugu aipatu gabe utzi oso jarduera fisikoaz ari garela, lan arriskuen prebentzioan egindako inbertsio faltak kronifikatu eta gaixotasun eta istripu profesional bezala aitortzen ez diren min eta lesioak eragiten dituela. 

Guzti hau dela eta, UTE BIO ERAIKIGARBIKO plantillak urtebete darama enpresari euren lan baldintzak hobetuko dituen Enpresa Hitzarmen bat negoziatzea exijitzen. Asko dira horrelako akordioak dituzten Udalaren azpikontratak, besteak beste, enpresa berberak kudeatzen duen kale garbiketak. 

Bilera eskaerez gain, plantillak hamarnaka mobilizazio eraman ditu aurrera udaltegietan, eskoletan, Erriberako merkatuan edo Osoko Bilkura desberdinetan, EAJren Udal Gobernuak erabat entzungor egin arren. 

Plantillak argi dauka itxikeria honek harreman zuzena duela garbiketa jarduera eta emakumeek aurrera eramandako lanak jendartean duten aitortza sozial eskasarekin, eta honen aurrean, hainbat greba egun deitzeko erabakia hartu dute. 

Grebak otsailaren 23, 26, 27 eta 28an izango dira. Otsailaren 24 eta 25ean Eraikin eta Lokaletako Garbiketako Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboaren aldeko grebetan parte hartuko dute, hori baita euren hitzarmen aplikagarria. 

Greba egunetan egun osoan zehar ekintzak zein mobilizazioak burutuko dituzte: enpresa eta Udalaren aurrean mobilizazioak, piketeak, eskolak, turismo bulegoak eta auzo-udaltegiak bezalako udal eraikinen aurrean kontzentrazioak… Kartela eransten dugu. 

Komunikabideen aurrean adierazpenak egingo dira hurrengo momentuetan: 

  • Otsailak 23an, 11:45etan Mazarredo, 15 helbidean (FCC-ren egoitza). 11:00etan Udaletxetik egoitza horretaraino joango den manifestaldiaren bukaeran izango dira. 
  • Otsailak 26an, 11:45ean Bilboko Udaletxe aurrean. Erriberako merkatutik bertara 11:00etan abiatuko den manifestaldi ostean egingo dira. 
  • Otsailaren 27an, 11:30etan, Mazarredoko Turismo Bulegoa eta Puppy batuko dituen Giza Katea egin bitartean. 

LAB – ESK – ELA 

Iruñeko Udalak azpikontrataturiko enpresendako lorezaintzako lehen hitzarmena sinatu da

LABek “historikotzat” jo du hitzarmen honen sinadura, azpikontratatutako gremio batentzat Iruñean egiten den lehen udal hitzarmena baita. Hitzarmenak onura esanguratsuak ezartzen ditu, besteak beste, urteko lanaldia 60 ordutara murriztea, soldatak igotzea eta bi maila profesional baxuenak kentzea.

LAB sindikatuak, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuekin batera, Eulen S.A. eta OHL Ingesan S.A. enpresekin sinatu du Iruñeko Udalak azpikontratatutako lorezaintzako langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena gaur arratsaldean. Tasubinsa enpresak ez du negoziazio prozesuan parte hartu.

LABen arabera, borroka honen abiapuntua lorezain eta lorezain azpikontratatuek pairatzen zuten estatalizazioari aurre egitea izan zen. Gremioaren aurreko baldintzak, Madrilen negoziatutako Estatuko Hitzarmen batek arautuak, ez ziren nahikoak Nafarroako errealitatearekin alderatuta. Sindikatuak nabarmendu du langileen mobilizazioa erabakigarria izan zela egoera horri buelta emateko: “Hau izan zen mobilizatzeko gogoa piztu zuen metxa eta gaur, argi eta garbi esan dezakegu helburu nagusia lortu dela”.

Akordioa lan baldintzak hobetzeko borrokan aurrerapausotzat jotzen badu ere, LABek adierazi du azken helburua sektorea publifikatzea dela. Era berean, sektoreko gainerako kideei eta langile klaseari deia luzatu dio “hemen, lan egiten dugun tokian, lan baldintzak erabakitzeko borrokatzeko” eta martxoaren 17ko greba orokorrean parte hartzeko, gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko.

[IRITZIA]: Isunak ordaintzea ez da indarreko legeria betetzea

Raúl Portillo Alzueta, VW Navarrako LABeko Atal Sindikaleko Idazkari Nagusia, eta VW Navarrako Enpresa Batzordeko kidea

VW Navarrako Zuzendaritzak komunikabideak erabili ohi ditu presio mediatikorako, propagandarako eta desinformaziorako tresna gisa, gezurra esatea ez da informatzea.

Duela gutxi, VWek 4 haizeetara argitaratu zuen: “VWen are gehiago indartuko ditugu gure kontratazio-praktikak, une oro gardentasun handiena eta indarrean dagoen legeria zorrotz betetzea bermatuz”.

Mundu guztiak ezagutzen du VW Navarrako enpleguaren inguruan dagoen ustelkeria, gardentasunez harrotzea, Enpresa Batzordeari ukatzen diotenean haiek eta haien jarratzaileek darabiltzaten lan-poltsak berrikustea, enplegu publikoari buruzko akordio garden, egiaztagarri eta Enpresa Batzordeak gainbegiratuko bat adosteari uko egin ziotenean, gutxienez, zekena da..

Oharrak honela jarraitzen zuen: “Nafarroan kalitatezko enplegu egonkorrarekin dugun konpromisoa gure lan egiteko moduaren funtsezko zutabea izan da eta izaten jarraituko du”.

Beharbada horrexegatik, dela 2 urte baino gehiago UGTrekin eta CCOOrekin batera 400 laguneko soberakina sinatu zutela, eta, agian, horregatik, eragile berberek duela urte batzuk adostu zuten langile berriei soldata % 26 jaistea kontratuaren lehen urtean eta % 15 hurrengo 3 urteetan.

Jarduteko modu horri, VWek, UGTk eta CCOOk “kalitatezko enplegu egonkorra” deitzen diote , plantillako soberakinak adostuz eta langile ahulenen, behin-behinekoen, baldintza ekonomikoak okertuz.

VW Navarrak ez du motu proprio bidez indarrean dagoen legedia betetzen, LABek urteak daramatza Lan Ikuskaritzan salaketekin betetzera behartzen.

VWk Berdintasun Plan bat adostu zuen 2023an, Ikuskaritzaren 3 ebazpen jaso ondoren eta eskatu hori. Iaz, Suteen Aurkako Zerbitzuaren antolaketa berri bat adostu zuen, Ikuskaritzak aurrekoa urratzen ari zela esan ondoren.

Kontratuen oinarrizko kopia 2017an jasotzen hasi ginen, LABek hainbat salaketa jarri ondoren. Ordura arte, VWek ez zuen aintzat hartzen Langileen Estatutuaren 8. artikulua, “gardentasunaren” beste lagin bat.

VWk hainbat ebazpen ditu bere aurka lege-iruzurreko kontratazioengatik, eta 2011n 1.000 iruzurrezko kontratu baino gehiago izan ziren.

Ez hitz egiteagatik langileen legez kanpoko lagapenagatik, greba-eskubidea urratzeagatik, gaueko aparteko orduengatik, txanden arteko 12 atseden-ordu igaro ez izanagatik, praktikaldiko kontratuaren abusuagatik, ordaindutako baimena edukita plusik ez ordaintzeagatik… ez dugu ezer aipatuko.

Horri “indarrean dagoen legedia zorrotz betetzea” esaten diote, normalean egoera isunak ordainduz konpontzen da, eta hori laster ordaintzeagatik barregarria da VW bezalako multinazional batentzat.

Beste batzuek, berriz, bere kortijoa gogor kontrolatzea besterik ez dute egiten, eta behin-behineko plantilla zaintzen dutela diote, soldata murriztu dietenean, baja ez hartzeko eta egoera ez salatzeko presioa egiten dietenean.

Orain VWek, UGTk, CCOOk akordio bat sinatu dute, zeinaren arabera 400 pertsona kontratatuko dituzten ERTEa asteko egunaren arabera 1000 eta 2000 pertsona artean bidaltzea adostu zuten denbora-tarte berean, horri enpleguarekin negozioa egitea deitzen zaio, bere negozioa.

LABetik prozesu hori guztia legezkotasunera egokitzen dela zainduko dugu; hala ez bada, akordio honen sinatzaileak dira gerta daitekeenaren erantzule bakarrak.

Iritzi publikoa erabiltzea lan-arloko zure arau-hausteak ezkutatzen saiatzeko, horiek salatzen ditugunak presionatzen saiatuz, fikziozko lan-gatazka bat sortuz, gero iritzi publikoaren aurrean munduaren salbatzaile gisa aurkezteko, kanpo-proiekzioa emango dizu, baina sinesgarritasuna kentzen dizu VW Navarrako langileengan, enpresa-politika okerra eta deleznablea izanik.

Legeak egin beharko lirateke lan-arloko legeria ez betetzeko ohitura duten enpresei mota guztietako dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozteko, horrela bakarrik amaituko bailitzateke gaitz hori.

LABek eta ELAk gutxieneko soldata negoziatzera deitu dute Confebask martxoaren 24an

Sindikatuek helegitea aurkeztuko dute, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak patronalari egindako aldarrikapena gaizki baloratu zuelako.

Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen ELAk eta LABek Confebaskekin negoziatu dezaketela gutxieneko soldata bat lan-harremanetarako, baina gizarte-prestazioei eragin gabe, eta, beraz, sindikatuek beste negoziazio bat proposatu dute esparru horren barruan.

EAEko Auzitegi Nagusiak otsailaren 4an argitaratutako epaiaren arabera, sindikatuek ezin diote patronalari lan harremanen esparrua gaindituko duen legezko gutxieneko soldatarik negoziatzeko eskatu. Auzitegi Nagusiak argudiatu zuen sindikatuen eta enpresarien arteko negoziazioek ezin dutela eraginik izan, esaterako, Gizarte Segurantzako araugintzan, soldaten legezko enbargaezintasuna ezartzean edo FOGASAko kalteordainak erabakitzerakoan. Auzitegi Nagusiak adierazi zuen prestazio sozialak soilik legezko gutxieneko soldata bidez ezarri daitezkeela, eta horretarako Langileen Estatutuaren 27. artikuluaren prozedura jarraitu behar dela.

ELAk eta LABek ez dute sekula eskatu patronalarekin aipatutako eragina izango duen negoziazioa abiatzea. Auzitegi Nagusiak sindikatuei erakutsi ez zuten asmo bat egotzi zien, eta hori da ELAk eta LABek epaiari errekurtsoa jartzearen arrazoia.

Bide juridikoa argitzeaz gain, ELAk eta LABek ekimen sindikal berri bat abiarazi dute, eta, ondorioz, Confebaski negoziatzeko proposamen berri bat egin diote Lan Harremanen Kontseiluaren bidez, datorren martxoaren 24an negoziazioa abiatu dadin. LHKren eskaera berri honetan ELAk eta LABek espresuki jaso dute patronalarekin soilik EAEko lan-harremanetan eragina izango duen oinarrizko soldata maila negoziatu nahi dutela. Gutxieneko soldata batek izan beharreko beste eragin guztiak EAEn erabaki daitezen, sindikatuek Langileen Estatutua aldatzea eta gutxieneko soldata propioa erabakitzeko eskuduntza eskatzen ari zaizkie alderdi politikoei, ez Confebaski.

Patronalak lau aukera izan ditu negoziazioa martxan jartzeko. Sindikatuek bosgarren aukera eskainiko diote martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren. Patronalak langileen esplotazioaren bizkar pilatu nahi ditu irabaziak eta horregatik ez du ezarri nahi EAEn soldata baxuenak gutxienez 1.500 eurokoak izan daitezela. Confebaskek ez du legezko arazorik. Auzitegi Nagusiak ezarri zuen soldata baxuenak negoziatzeko aukera bazegoela, baina, patronalaren betoaren ondoren, orain greba orokorrerako momentua da. Eta, era berean, sindikatuek alderdi politiko guztiei adierazten diete patronal esplotatzaile honi ezin zaiola babesik eskaini eta legezko eskuduntza irabaztea izango dela patronala negoziatzera behartzeko neurri eraginkorrena.