2025-12-24
Blog Page 159

Oraina borrokatzearen alde egin dugu Ezkerraldea eta Meatzaldearen etorkizuna bermatzeko

Agerraldia egin dugu gaur Sestaon, martxoaren 17an bertan egingo dugun mobilizazioa iragartzeko. β€œLangileon Ezkerraldea eta Meatzaldea bizirik! Enplegu duinak, bizitza duinak” izango da manifestazioaren lema, eta 12:00etan hasiko da, udalerri honetako plazatik.

Ezkerraldea zein Meatzaldeko egoera izan dituzte hizpide agerraldian. Desindustrializazio politikaren ondorio zuzena industriaren eraispena da. Ordainetan, zerbitzuen sektoreko zentro komertzialak, logistikoak eta biltegiak ekartzen dizkiete. Ehun industriala suntsitu eta ekonomiaren tertziarizazioaren erakusle diren adibide batzuren berri eman dute prentsaurrekoan, bertako langileen eskutik.

Trapagarango Tubos Reunidosen kasuan, urtarrilaren 23an jakinarazi zioten enpresa-batzordeari ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiengatik aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEEE) hasteko asmoa zutela. ABEEE horrek Trapagarango lantegiko 319 langileri eragingo lieke, eta otsailaren 26tik uztailaren 31ra luzatuko litzateke. 100 laneguneko %50eko aplikazioa izango luke.

Ziurgabetasun horri gehitu behar zaio Trapagarango altzairu-fabrikako euren 80 lankide Amurrioko lantegira eraman zituztela abenduan, kaleratu ez zituzten arren, euren fabrikako langile kopurua neurri handi batean murriztuta.

Trapagarango MFS automozio enpresa ere izan dute hizpide gaurkoan, adibide ona baita eskualdea  desindustrializatzen ari dela erakusteko. Automobilgintzako osagaien sektorean aritzen dira, gehienbat motelgailuentzako piezen ekoizpenean. Hartzekodunen konkurtsoan sartu dira, eta oraingoz dakiten gauza bakarra da inbertsio-funts batek higiezinaren erosketan interesa izan dezakeela, industria-jardueraren jarraipenari buruz, ordea, zalantza asko daude. Jarduerarekin jarraituz gero, argi dago enplegua galduko dela. Amazonen parean kokatuta daude, leku estrategiko batean etorkizun hurbil batean, logistikan, merkataritzan edo aisialdian diharduten enpresentzako leku bihur dezaten, industria sektoreko baino lan baldintza eta soldata prekarioagoekin.

Amazonena izan da aurkeztutako hirugarren abibidea, banaketan aritzen diren multinazional handiek ezarri nahi dituzten lan-harreman berrien erakusle garbia. Amazonek zentro logistikoen eredu bat ezarri nahi du, β€œpresioa egiteari uzten badiogu sektoreko gainerako enpresek kopiatu nahiko duten eredu bat”, adierazi dute. Ez da kasualitatea logistika-zentroan lan egiten dutenek dituzten benetako baldintzak jasotzen dituen hitzarmen propioa negoziatzea ukatzea, ezta banaketa-lanak bere gain ez hartzea ere, Amazonentzat ia soilik lan egiten duten enpresekin erabat azpikontratatuta duen zerbitzua.

24 orduko zerbitzua saltzearen truke, presio handiarekin lan egitera behartzen dituztela aipatu dute, gaueko txandetan, kontratu partzial kopuru handiarekin, ordutegi malguekin… β€œbaina ez dugu amore emango. Tinko jarraituko dugu gure lan-baldintzak negoziatzera eseri daitezen”, adierazi du bertako langileak.

Sestaoko Vicinayn, duela hilabete eskas, arrazoi produktiboengatik ABEEE bat aplikatu nahi zietela iragarri zieten. Enpresak horrelako neurri bat ezarri nahi duen hirugarren aldia da lau urtean. Langileek adarjotzea dela uste dute: β€œNeurri horren aurrean, antolatzea eta modu kolektiboan aurre egitea beste aukerarik ez genuen ikusten”.

Lankideen aktibazio eta batasunari esker, halako presioa egitea lortu zuten, non enpresak atzera egin eta ABEEEa atzera bota beste erremediorik ez baitzuen izan: β€œSoilik ekintza sindikalaren bitartez, langile klasearen mobilizazioen eskutik baino ezin dugu lortu etekin ekonomikoak handitzea bakarrik helburu duten enpresariei aurre egitea”, adierazi dute.

β€œEnpresa hauek bizi duten egoerak etorkizun hurbil zalantzagarria uzten digu Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileoi”, adierazi dute, egoera nondik datorren ere aipatuz, β€œEAJ eta PSOEren desindustrializazio politikaren adierazleak dira. Ez dira gatazka puntualak, baizik eta estrategia politiko zehatz baten emaitza”.

Nahikeria politiko baten mesedetan prekaritate gordinera kondenatu nahi dituztela gaineratu dute: β€œGureak bezalako eskualdeetan industriak izan duen pisua eta enplegu emaria gutxitu nahi dute. Enpleguak desagerrarazten dituzte. Merke ateratzen zaizkie kaleratzeak. Enplegu bat galtzen den bakoitzean etorkizuneko lanpostu bat desagertzen da”.

Honetaz gain, ziurgabetasuna euren eguneroko ogia dela gaineratu dute: β€œare gehiago zerbitzuen sektoreko enpresak ezartzen badizkigute. Zentro komertzialen, logistikoen eta biltegien lur bilakatu nahi dituzte gure bazterrak. Politika honek eskualdea prekaritatera kondenatzen du erabat”.

Era berean, adierazi dute enpleguaren berrantolaketak langileak erdigunean kokatu behar dituela ezinbestean, eta banaketa hirukoitza aldarrikatu dute lan baldintza duinetan lan egiteko, hau da, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunen banaketa. β€œBizitzak erdigunean egon daitezen borrokatuko dugu”, gaineratu dute.

Borondate orokortu honi erantzun orokor bat emateko garaia dela adierazi dute: β€œAnbizioz jokatzea dagokigu, mugimendu soziosindikal indartsu bat egituratzeko premia daukagu. Lan eta bizi baldintza duinen alde beharrezkoak diren ekimen anitzak artikulatu, eta prozesu konpartitu baten aldeko deiadarra zabaldu nahi dugu”.

Horregatik, mobilizaziorako deia egin dute: β€œenpresetan gertatzen dena kaleetara ateratzeko apustua egiten dugu”, konponbideak nondik etorri beharko lukeen zehaztuz: β€œkalitatezko enplegu egonkorra sortzeko Ezkerraldea eta Meatzaldeko herritarrentzat neurri ordenatu, adostu eta integralak behar ditugu, erakunde eta instituzioek duten eskumenen baitan ardurak har ditzaten eskatzearekin batera”.

Martxoaren 17an kaleak hartzeko deiarekin amaitu dute prentsaurrekoa: β€œozen oihukatuko dugu etorkizun duina behar eta nahi dugula. Aski da gure izerdiarekin enpresariek patrikak betetzen jarraitzea”. Dei egin diote LABen komunitateari, eta jendarteari oro har, egoera honen aurrean erantzuteko eta mobilizatzeko.

Zaintzarekin negoziorik ez egitea eskatu eta arlo honetako langileen izaera publikoa aldarrikatu dugu

Agerraldia egin dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan, zaintzaren arlo desberdinetan dagoen pribatizazioa eta honetan Aldundiak duen papera salatzeko. Arlo honetan ari diren langileen izaera publikoa ere aldarrikatu ditugu, ratioak handitzea eta KPIaren araberako soldata igoerak bermatzeko eskariekin batera. Otsailaren 16an aldarrikapen hauen aldeko mobilizazioak egingo ditugu Donostian: 8:00etan, kotxe karabana, Garberatik hasita eta 11:30ean, elkarretaratzea Aldundiaren egoitzaren aurrean, Gipuzkoa plazan.

Aski ezaguna da Gipuzkoako herritarrentzat zaharren egoitzetan, esku hartze sozialean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta aniztasun funtzionalean lanean diharduten langileen egoera larria. Horrela, langileek bizi duten egoeraren erantzule zuzena diren Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien jarrera salatu nahi dugu. Urteak dira gure gobernariek, patronalarekin eskutik, zaintza lanekin lotutako lanpostuak pribatizatzeari ekin ziotenetik. Ordutik negozio bilakatu dira zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, aniztasun funtzionalari loturiko zerbitzuak, esku hartze sozialean barnebiltzen direnak… Enpresa pribatuen irabaziak bihurtu dira lehentasuna, kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubidearen ordez.

Joera kapitalista horretan, zaintzako langileen merkantilizazio eta prekarizazio prozesuan sakondu da eta benetan funtsezkoak diren zeregin horiei etekin ekonomikoa ateratzeko apustua egin dute urteetan.

Gipuzkoako Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuaren menpe dauden azpisektore guztiak antzeko egoeran aurkitzen dira, pribatizazioaren eraginez:

– KPIaren bermerik ez dago zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileentzat. Soldata igoerak Langileen Legezko Ordezkaritzaren eta patronalaren artean hizarmen bidez adostu behar diren arren, negoziazio kolektiboak erabat baldintzatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA), zerbitzu gehienen titular eta finantziatzaile nagusiak izanik, berak mugatzen duelako enpresa-elkarte gehienen negoziaziorako gaitasun ekonomikoa. Gaur-gaurkoz, aipaturiko sektoreetan ez dago langileei erosahalmena bermatzeko inolako ziurtasunik.

– Gehiegizko lan karga jasanezinak ezartzen ditu GFAk zerbitzu guztietan; kasu askotan, gainera, ratio horiek ere ez dira betetzen. Ratioak hobetzea premiazko kontua da, gehiegizko lan karga langileen osasun fisikoan eta psikosozialean kalte larriak eragiten ari delako. Eta, nola ez, zerbitzuaren kalitatean ere eragin ukaezina izaten ari delako.

LAB sindikatuan argi dugu eredu aldaketa baten beharra agerikoa dela eta zaintza sistema publiko-komunitariorantz bidea egiten jarraitu behar dugula. Une honetan zerbitzu hauek pribatizaturik badaude ere, lan publiko bat egiten ari diren langileak dira. Langile publikoak dira. Ezinbestekoa da pribatizazioarekin amaitzea eta, zaintza lanetan dihardugun langileon lan baldintzak duintzeaz gain, zaintza lanei zor zaien aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa emateko urratsak egitea.

Bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata lortzeko bidean urrats berriak emango ditugu

LABek iniziatiba berriak hartuko ditu bertako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) lortzeko bidean. Sindikatu eta patronalen adostasuna beharko lukeen Akordio Markoa erdiestea da gure proposamena, lan harreman guztientzat gutxieneko 1.400 euroko soldata ezartzeko helburuz. EAEko parlamentuak Eusko Jaurlaritza interpelatu zuen helburu horren alde urratsak emateko. Bide horretan, gainerako sindikatuei, Confebaski zein Eusko Jaurlaritzari bilkurak eskatuko dizkiegu bide hau egiteko dauden balizko adostasunak arakatu eta urrats berriak emateko helburuarekin.

Madrilen iragarri zuten Estatu mailako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %5ean igotzea gauzatu berri da. Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, erabat eznahikoa baita. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata, urrun LABek aldarrikatzen duen eta Europako Karta Sozialaren jarraibideen arabera 1.400 eurokoa litzatekeen gutxieneko soldatatik.

Hego Euskal Herriko langileriak bertako LGS bat behar du, premia du horretarako. Milaka dira hileko 1.400 euroko soldatara iristen ez diren langileak, milaka euren oinarrizko beharrizanak bermatuta ez dituzten langileak. Hego Euskal Herriko langileen artean bitik batek ez du bere beharrak asetuko dituen behar besteko diru-sarrerarik: langabezian dagoelako, ez daukalako enplegurik edo 1.400 euro azpiko soldatak dituelako.

LAB premia horri erantzungo dion iniziatibak hartzera doa. EAEko Parlamentuak 2023ko martxoan Eusko Jaurlaritza EAE mailako gutxieneko soldataren akordio bat bultzatzera interpelatu zuen. Ordutik ez da bide hori garatzeko urratsik eman ez Eusko Jaurlaritzaren aldetik eta ezta patronalaren eskutik ere. Hutsune horren aurrean, LAB izango da EAE-n iniziatiba hartuko duena: gainerako sindikatuei bilerak eskatuko dizkiegu gai hori lantzeko, baita Eusko Jaurlaritza eta Confebask-i ere. Nafarroan ere lanean jarraituko dugu gutxieneko hileko 1.400 euroko soldata lortzeko helburuz.

Gure proposamena lan harreman guztiak arautuko dituen Akordio Marko bat egitea da. Bertako sindikatu eta patronal nagusien artean adostu beharko afera litzateke, zuzenean lan-harreman orori aplikagarri izango litzaiokeen gutxieneko soldata propioa lortzea helburu.

LABetik bide horretan jarraituko dugu lanean, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparru propioa xede, pausuak eman ditzagun gutxieneko soldata propioaren erdieste bidean.

Confebask eta Cebek patronalen aurrean mobilizatu gara EAEko kimika sektorean hitzarmen bat negoziatzeko duten borondate eza salatzeko

Gaur, LAB sindikatua CONFEBASK eta CEBEK patronalen aurrean mobilizatu da Bilbon, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kimika sektoreko 20.000 langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate eza salatzeko. Patronalek urtarrilaren 10erako sektoreko sindikatu nagusiek egin genuen bilera deialdira joateari uko egin ondoren etorri da mobilizazio hau. Bilera horren helburua kimikaren sektoreko lehen hitzarmen autonomikoaren negoziazio mahaia eratzea zen.

LABentzat, bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik blindatzea lehentasunezko borroka izan da beti. Alegia, negoziatzeko eskubidea hemen mantentzeak langileontzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Aldarrikapen horrekin bat datoz EAEko kimika sektoreko langileak, eta hala erakusten dute sektoreko erreferentziazko enpresetan jaso ditugun 100 mozioek eta Bizkaiko ordezkariekin batera gaur egindako mobilizazioak.

LABen prest gaude hitzarmen honen aldeko borroka azken muturreraino eramateko. Helburu hau aliantzen eta sektoreko langile guztien aktibazioaren bidez lortuko da. Ildo horretan, LAB, sektoreko gainerako gehiengo sindikalarekin batera, ADEGI eta SEA patronalen aurrean mobilizatuko da datozen asteetan.

Mecanerreko borroka eta alternatiba ekosozial baten proposamena txanpon beraren bi aldeak dira

Enplegu-Erregulazioko Espedientearen kontsultaldia hasteko hilabete falta dela, fase erabakigarrian gaude, bai Mecanerren etorkizuna, bai eskualdearen eta haren industria-ehuna jokoan daudelako. Horregatik, LABeko eta ESKko Atal Sindikalok (gehiengoa dugu batzordean) egoerari buruzko gure irakurketa plazaratu nahi dugu.

LABek eta ESK-k argi daukagu, amore ez emateko erabakia hartu dugu, oraindik badago partida jokatzeko. Azkeneraino jarraituko dugu borrokan Mecanerren etorkizunagatik eta bere lanpostuengatik. Horregatik, gure estrategia, Mecanerren bideragarritasuna frogatzea, itxierari alternatibak bilatzea, eta langile guztiei mesede egingo dien irtenbide kolektibo baten alde borrokatzea izan da eta izaten jarraitzen du.

Horretan aurrera egin dugu nabarmen azken asteetan; mobilizatu egin gara Stellantis gurekin negoziatzera eser dadin, grebak eta piketeak egin ditugu, udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta alderdi politikoekin bildu gara, hitzaldiak eta aurkezpenak antolatu ditugu maila sozialean. Eta aditu batek egindako txosten bat egiten ari gara, teknikoki pisua izango duena kontsulta-aldiari begira eta ikuspegi ekosozialetik alternatibak bilatzeko tresna izango dena. Txosten hau ezinbesteko lan-tresna da lantegiaren bideragarritasuna frogatzeko eta Eusko Jaurlaritzari prozesuan laguntzeko eta inplikatzeko exijitzeko, trantsizioaren aldeko apustua egin dezan eta bere industria-ehuna defendatu dezan. Eta era berean, Stellantis Mecaner irekita mantentzera behartzeko tresna bat da.

LABeko eta ESK-ko Atal Sindikalek Mecaner ixtea saihesteko borrokan jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, Stellantis interpelatzen, alternatibak bilatzen eta Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei erantzukizuna bere gain har dezatela eskatzen. Eta hori langileria batu eta irmo batekin egin nahi dugu, bere etorkizunaren alde borrokatzeko eta bere industria-ehuna defendatzeko prest dagoen eskualde batekin batera.

Horregatik, otsailaren 8an, ostegunean, egingo den langileen asanbladan proposamen hau egingo dugu bi atal sindikaletatik:

  • 2 greba-egun eta asteroko mobilizazioak, kontsulta-aldira arte, irailaren 1ean hasi genuen prozesuari eta borrokari ekarpena egiteko.
  • Urdulizen manifestazio handi bat antolatzea Mecanerren deslokalizazioaren eta itxieraren aurka. Indarrak batzeko unea da, Mecanerren itxiera saihesteko eta alternatibak bilatzeko, ahalik eta babes sozial politiko eta instituzional handiena bilatuz.

  • Erakundeei dei egiten diegu beren esku dagoen guztia egin dezaten, eta herritarrei itxieraren aurkako eta Mecanerrentzat alternatiba ekosozial baten aldeko borrokan parte har dezaten.

LABen akordio laboralak posible egin du Gizarte Ekimeneko mahaian aurkezturiko proposamena baina soldaten ekiparazioa baztertu denez ez du sinatu aurre-akordioa eta bere oinarriekin baloratuko du

Lan-hitzarmen berri baterako aurre-akordioan LABek ekainaren 1eko akordio laboralean adostu zituen enplegua mantentzeko neurriak jaso dira, lan zametan eta birkokapen prozesuetan aurrerapausoak daude, baina ekiparazioari uko egin zaio.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalau greba egun egin ondoren, langileen indarraren ondorioz patronalak mugiarazi ditugu eta azkenik lan-hitzarmen berri baterako oinarriak jartzen dituen proposamena aurkeztu da. Aurrekoakordioan jasotakoen artean dago gizarte ekimeneko langileen soldaten %16ko igoera. Halaber, LABek ez du ulertzen zergatik uko egin zaion mahai gainean zegoen langile publikoekiko soldaten ekiparazioari, %18ko eta %20ko igoerei, hain zuzen ere. LABen ustez langileen borrokaren ondoriozkoa den garaipen nagusienetakoa den honi uko egin diote gainerako sindikatuek patronalek ontzat ematen bazuten ere. Gauzak horrela, LABek aurreko akordioa ez du sinatu eta bere oinarriekin baloratuko du erabaki definitiboa hartzeko.

Horretaz gain, aurre akordioak hurrengoak jasotzen ditu:

  • Administrazio eta Zerbitzuetako langileei 25 orduko lanaldi murrizketa; ez dozente titulatuei, haur hezkuntzako lehen zikloko irakasleei eta hezkuntza laguntza espezialistei 20 orduko lanaldi murrizketak; eta haur hezitzaileei 38 orduko lanaldi murrizketa.
  • Berehalakoak diren lan-zamak arintzeko neurrietan 24-25 ikasturtean etapa guztietan ordu osagarri bat gutxiago hau norberaren lanetarako izanik.
  • Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak.
  • Birkokapen akordioa bermeduna izateko ikastoletan bezalaxe lan-hitzarmenean txertatzeko klausula ezberdinak jaso dira, besteen artean sektorean langilearen antzinatasuna aitortuz.
  • Ikastoletan bezalaxe jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzeko prozedura jasotzen du akordioak. Akordioaren ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira kategoria berriei dagozkien lanpostuak euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zamak arintzeko neurri berriak. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileen gazte berritze planak gauzatzeko neurri zehatzen azterketa ere.
  • Bukatzeko, LABek greba eta mobilizazioetan parte hartu duten langileak zoriondu nahi ditu eta lan-hitzarmenaren zein enplegua mantentzeko neurrien garapenean orain arte bezala era aktibo batean parte hartuko duela adierazi. Halaber, patronalei adierazten die akordio honen gauzatzean arreta berezia jarriko duela, Gizarte ekimeneko langileek dagokiena lortzeko borrokatuz eta hezkuntzako sare publiko bakar, propio eta deszentralizatua eskuratzeko bidean langile guztiei eskaintza integrala eginez.

Eusko Legebiltzarrak DSBEren bidez pentsio baxuenak ofizioz osagarritzeari uko egin izana salatzen dugu

Otsailaren 1ean, Eusko Legebiltzarrak berriz ere baztertu zuen pentsio baxuenak DSBEren bidez ofizioz osagarritzeko aukera. Hau da, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pentsiodunek prestazioa jasotzeko eskaera izapidetu behar izan gabe. LABen defendatzen dugu DSBE ez dela pentsioak osatzeko metodo egokia, enpleguko eta gizarte-segurantzako politikek bermatu behar dituztelako erretiro duinerako baldintzak. Hala ere, Espainiako pentsio-sistemak aurreikusitako murrizketen bidez, premiazkoa iruditzen zaigu Euskal Herriko pentsiodunak ezartzen zaien prekaritatetik ateratzea.

2023an DSBEa jasotzen zuten pertsonen kopuruak gora egin du, 2022ko kopuruarekin alderatuta, eta gaur egun 55 mila pertsonak baino gehiagok kobratzen dute prestazio hori. Hala ere, duela bi urte, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europako Sareak (EAPN Euskadi) ohartarazi zuen 30 mila pentsiodun izan zitezkeela, pobrezia-egoeran edo pobrezia-arriskuan egoteagatik prestazioa jasotzeko eskubidea izanik, eskatzen ez zutenak; hau da, DSBE jasotzen zutenen erdia baino gehiago.

Datu horiei gehitu behar zaie 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dutenen artean % 65 baino gehiago emakumeak* direla. Hala ere, Lanbideren datuen arabera, 2023ko azaroan 14.179 pentsiodunek soilik osagarritzen zituzten pentsioak DSBEarekin (8.628 emakumek* eta 5.551 gizonek).

Hainbat arrazoi daude pentsiodun askok pentsioaren osagarria ez eskuratzeko. Horien artean daude administrazioak eskubide horri buruz emandako informazio eskasa, haren izapidetzearen digitalizazio eta konplexutasun gero eta handiagoa, eta babes eta inklusiorako sistemaren inguruan, bereziki DSBEaren inguruan, eraikitako aurreiritzi aporofobo, xenofobo eta arrazistak. Aurreiritzi horiek indartu egin dituzte EAJk eta PSEk onartutako diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemari buruzko legearen erreformak eta joan den urtarrilean indarrean sartu zen DSBEaren azken erregelamenduak.

Euskal Herrian bizi eta lan baldintzak gogortzen ari diren unean, Eusko Legebiltzarraren erabakia arbuiatzen dugu, EAJ, PSE eta EP-IUren botoekin hartutakoa eta EH Bilduk aurkeztutako proposamena baztertzen zuena, eskubide hori duten pentsiodunei DSBEa ofizioz ordaintzea ukatzeko. Erabaki horrek DSBEaren eraginkortasuna mugatzeaz gain, adinekoei ezarritako kalteberatasuna handitzen du. Bereziki, pentsioetan ere islatzen den soldata-arrakalaren ondorioz, erabaki horrek gehien eragingo dienak emakumeak* izango dira. Erabaki horrek lehentasuna ematen dio “gastuaren” kontrolari, pertsonen babesari baino, eta Eusko Jaurlaritzak pobreziari aurre egin nahi ez izateko, baizik eta ezkutatzeko duen asmo historikoa errepikatzen du.

Ezin dugu ahaztu Espainiako Gobernuak eta sindikatu eta patronalek onartu duten pentsioen azken erreformak aurreikusten duela 2024rako 65 urtetik gorakoentzako kotizaziopeko gutxieneko erretiro-pentsioa hilean 825 eurokoa izango dela, bere kargura bikotekiderik ez badago, eta 1.033 eurokoa, halakorik badu. Kotizazio gabeko gutxieneko pentsioa, gehienbat emakumeek* jasotzen dutena, hilean 517 euro eskasekoa izango da. Pentsio-sistema horrek pobrezia eta desberdinkeriak sortzen ditu, eta, horren ondorioz, gaur egun, Eusko Jaurlaritzak gizarteratzeko tresnen bidez osatzen ditu pentsioak, hala nola DSBEaren bidez.

LABen uste dugu pentsioak eta soldatak bereizi ezin diren eskubideak direla. Horregatik, urteak daramatzagu gutxieneko pentsioaren zenbatekoak LGS erreferentzia izan behar duela aldarrikatzen. Gainera, zenbateko horrek gutxienez 1.080 eurokoa izan beharko luke 14 ordainsaritan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak planteatzen duenaren arabera, betiere euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak defendatutako 1.260 euroen helburua kontuan hartuta.

LABen apustua pentsioen sistema publiko eta propioa bermatzea da, lan-baldintza duinen bidez bidezko pentsioak bermatuko dituena. Bide hori hemen eta orain eraikitzen dugu, Euskal Herriarentzako estatus politiko berri baten eraikuntza eta dauden eskumenetatik abiatuta eskubideen aldarrikapena uztartuz. Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarraren erabakia salatzen dugu; izan ere, sistematikoki, ez ditu aintzat hartzen euskal langileria osoak eta, bereziki, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako aldarrikapenak.

Dualizazio sozialari aurre egiteko, banaketa hirukoitza aldarrikatu dugu

Gaur Bilbon eginiko prentsaurrekoan, euskal langileen inguruko argazkia biltzen duen Ikusmiran informea aurkeztu du LABek. Edurne LarraΓ±aga Ipar Hegoako kideak azterketa horren ondorio nagusiak aurkeztu ditu.

Lehenik eta behin, azterketaren ondorio nagusi gisa, lan eta bizi baldintzen prekarizazio orokortuak, jendartearen dualizazioan sakontzen duela azpimarratu dugu. Lan baldintza duinak edo oso onak dituztenen eta kaskarrak dituztenen arteko aldea gero eta handiagoa da. Afiliazioaren %73,3a prekaritatea nagusi den zerbitzuen sektorekoa den bitartean, 2008. urteko krisialdiaren ondorioz eraikuntza zein industria sektorean suntsitu zen enplegu kopurua berreskuratu gabe jarraitzen dugu.

Bigarrenik, nabarmenduko genuke langabeziak aspaldi utzi ziola lan merkatu zein enpleguaren joera adierazle izateari. Langabeziak behera egin arren, 2 herritarretik 1 prekaritate ekonomiko egoeran dago, bizitza duinerako diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua izan arren.

Hirugarrenik, eta azken hilabeteetan behin eta berriro salatzen ari garen moduan, enpleguaren kalitatea lehen mailako kezka iturria bilakatu da. Sortzen den enplegua, lan baldintza prekarioak nagusi diren zerbitzuen sektorean sortzen ari da; langabeziaren beherakadarik nabarmenena egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan jazo den bitartean.

Laugarrenik, emakumea* lanaldi bikoitz prekariora behartzen du sistemak. Izan ere, etxeko lanetara emanda dauden gero eta emakume* gehiagok lan merkatu prekarioranzko igarobidea egin dutela ikusten ari gara (21.700 emakume*, hain zuzen ere), bizi unitateen egoera ekonomiko kaskarrak behartuta, zaintza lanen ardura nagusia mantenduz.

Amaitzeko, aberastasunaren banaketaren bidez aukera berdintasuna ez da bermatzen eta herritarren arteko desberdinkeriak handituz doaz. Bizitzaren garestitzearen aurrean, langile zein pentsionisten erosahalmenaren galera izan dugu. Etxeko kontsumoa beherantz doa, oinarrizko produktuetan gehiago gastatzen den bitartean. Etxebizitza gastuen igoera herritarren ongizatea itotzen ari da, bereziki egoera zaurgarrian dauden herritarren artean. Hego Euskal Herrian 439.580 herritar daude pobrezia eta bazterketa sozial arriskuan, emakumeen* arrisku tasa handiagoa izanik eta etengabe handitzen ari delarik.

Banaketa hirukoitza: dualizazioari aurre egin eta zaintza erdigunean jartzen duen proposamen sindikala

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok dualizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko LABen proposamena jarri du mahai gainean: banaketa hirukoitza, hots, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa. Banaketa hirukoitza lanaren berrantolaketarako proposamen bat da, zaintza lanak erdigunean jartzen dituena; eta era berean, baliabideen birbanaketarako proposamena da, planetaren muga biofisikoak agerian geratzen ari diren testuinguru batean. Funtsean, jarduera ekonomikoa gutxi batzuen interesak puztera bideratuta egotetik, herritar guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko bernorabidetzea da LABek proposatzen duena.

Arroyok nabarmendu duenez, Greba Feminista Orokorrak bi erronka jarri ditu agendaren erdigunean: batetik, bereziki emakumeek* egiten dituzten zaintza lanak ikustarazi ditu, horiek aitortu eta banatzeko premia nabarmenduz; bestetik, zaintzarako eskubide unibertsala bermatuko duen sistema publiko komunitarioaren beharra mahai gaineratu du. Bi erronka horien inguruko akordio soziala egitea da orain Mugimendu Feministaren proposamena. Banaketa hirukoitzaren proposamena bi erronka horiei erantzuten dien proposamen sindikala da. Datorren ostegunean, otsailaren 8an, mintegi sozioekonomikoa antolatu du LABek gai honetan sakontzeko asmoz.

Proposamenaren gakoak

Enplegua eta zaintza lan ez profesionalizatua herritar guztioi dagozkigun bi lan parekidetzat jo behar dira, jendarteari egiten dizkiogun bi ekarpen. Izan ere, enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasun (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortzen ditugu. Enplegu izaerarik gabeko zaintza lanen bidez, berriz, egunerokoan, gure inguru sozialean, bizitza sostengatzea ahalbidetzen dugu.

Enplegua, administrazioak herritar guztiei bermatu beharreko eskubidea da eta, hala egin ezean, kotizatuko duen gutxieneko soldataren adinako kalteordaina ordaindu beharko du. Honela, langile guztiok 1.400 euroko gutxieneko soldata izan behar dugu bermatua. Honekin batera, 1:3 proportziora mugatutako gehieneko soldata nahiz plusbaliaren mugapena proposatzen du LABek, desberdintasunak murrizteko asmoz.

Zaintza lanek dagokien lekua har dezaten, enpleguari eskainitako denbora murriztu beharra dago (30 orduko lanaldia) eta enplegu izaerarik gabeko zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala ireki: zaintza lanetan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?

Honekin batera, bizitzaren une batzuetan, zaintza lanak enpleguarekiko lehentasuna hartzeko aukera arautu beharra dago. Gaur egun soldatarik eta kotizaziorik gabeko eszedentziaren aukera besterik ez dago; LABek egindako Euskal Lan Kodearen proposamenean, berriz, zaintzagatiko etetea hartzeko aukera legoke, osoki edo partzialki, beti ere borondatez eta erantzunkidetasunez. Zaintzagatiko lan hori ordainduko litzateke (eta kotizatu egingo luke), Euskal Herriko soldaten bataz bestekoa adina (2021ean 2330 euro gordin 14 ordainsaritan). Zaintzagatiko etetea finantzatu ahal izateko zaintzarako funts komunitario solidario bat sortuko litzateke (enplegatuen kotizazioak, patronalarenak eta administrazioarenak).

Ondasunaren banaketari dagokionez, lan esparruan soldaten bidez egin beharreko banaketari, politika publikoen bidez egin beharrekoa gehitzen zaio. Zerga politika progresibo baten bidez, herritar guztien osasun, zaintza, hezkuntza edota etxebizitzarako eskubidea bermatuko dituzten politika publikoak ezarri behar dira. Premiazkoa da, ildo honetan, Osakidetzan inbertitzea, eskola publikoan ardatz gisa indartzea eta Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eratzea, azken Greba Feminista Orokorrean aipatu bezala.

Urratsak ematen jarraitzen dugu Nafarroako Hezkuntza Sailarekin negoziazio prozesuan aurrera egiteko

Agerraldia egin dugu Nafarroako hezkuntza publikoko LAB, STEILAS, ANPE, AFAPNA, CCOO eta UGT sindikatuok eta jakinarazi dugu joan den abenduaren 20an, bilera bat eskatu geniola Hezkuntza Departamentuari, aspalditik datozen eta Hezkuntza publikoko irakasleak kezkatzen dituzten planteamenduei modu monografikoan heltzeko. Hitzordua, hala ere, ez zen urtarrilaren 22ra arte iritsi, hau da, urtarrilaren 19an, ostirala, Nafarroako aurrekontu orokorren proiektua Parlamentuan aurkeztu ondoren. Horrenbestez, ezinezkoa izan zen datorren 24-25. ikasturtean irakasleen egoera eta hezkuntzaren kalitatea hobetuko duten aurrekontu-partidak sartzea. Maniobra atzeratzailea?

Bileraren lehen minutuetan, Kontseilariak azaldu zuen planteatutako gaiei heltzeko prest zegoela, baita akordioak lortzeko ere, “letra larriz, errealistaz eta serioz idatzitako negoziazio batean”. Beraz, sindikatuok kezkatzen gaituzten gaien inguruko plataforma bat adostu dugu, eta Departamentuari helarazi diogu, negoziazio horri hasiera emateko eskatuz. Espero dugu Kontseilariak bertan jarraituko duela, afera larriz baita xeheez ere hitz egiteko.

Egia esan, hezkuntza-arloan konplexutasun handiko unean gaude (legegintza- eta curriculum-paradigma berria, ikasgeletako aniztasun nabarmena, matrikula bizia…), eta gero eta erronka handiagoak ditugu, eta, jakina, horretarako, ezinbestekoa da hainbat motatako hobekuntza egitea. Agerikoa da lan-hobekuntzek, Nafarroako Hezkuntzako arduradun nagusiak uste duenaren aurka, kalitatearen igoera ekarriko luketela zuzeneko ondorio gisa; zorioneko kalitatea gaur egun ISO parametroetan eta Excel tauletan baino ez da neurtzen.

Hori dela eta, lehenik eta behin, ratioen murrizketa lineala eskatzen dugu, ikasleei merezi duten arreta eman ahal izateko: eztabaidaezina da talde bakoitzeko ikasle kopuru txikiago batek arreta hobetzen duela eta, beraz, hezkuntza-kalitatean eragin positiboa duela. Hala ere, badakigu zaila dela neurri hori aldi berean hartzea maila eta etapa guztietan, eta, horregatik, ia estreinatu berri den legegintzaldi honetan modu mailakatuan egiteko prest gaudela adierazi dugu – hala adierazi genion Kontselariari bileran –. Departamentuak jaitsieraren kostua etapa guztietan 131 milioitan zenbatu bazuen ere, ez zigun zehaztu nola iristen den arraro egiten zaigun zifra horretara; izan ere, Kontseilariak berak azken urtean errepikatu du Nafarroako batez besteko ratioa ez dela altua. Sinetsi behar badiogu, argi dago kostua ez datorrela bat sindikatuak isilarazteko erabilitako zifra horrekin. Hala ere, urte desberdinetan ratioak murrizteari ekiteko prest gaudela berretsi nahi dugu. Gainera, Kontselariaren iritziarekin bat gatoz, hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleak dauden taldeetan ratioak baxuagoa izan behar duelako: bi neurriak – murrizketa lineala eta hezkuntza-premiei lotutako murrizketa – bateragarriak dira eta beste gastu mota batzuk aurreztea ekarriko lukete, hala nola egungo ratioei lotutako kalitate eta errendimendu txikienetik eratorritakoak. Eskaera sindikal hori bat dator hezkuntza-komunitatearen eta adituen eta pedagogoen gehiengoaren adostasunarekin, hots, gela bakoitzeko ikasle-kopurua eskola-errendimenduarekin lotuta dago. Gogoratu behar da egungo ratioak ehuneko hamar ere gehitu daitezkeela. Hau da, 35 ikasleko Batxilergoko talde batek 38 ikasle har ditzake. Horrek bermatzen al du Evaurentzako prestakuntza egokia?

Bestalde, irakasle nafarrek planteatzen dituzten beharrizan profesionalei erantzuteko eskatzen dugu. Ordainsarien hobekuntzaz ari gara, eta hori ere mailaka lortzeko prest gaude. Egia esan, sindikatuok darabilgun kopuruarekin bat ez datorren arren, Hezkuntza Departamentuak berak Mahai Sektorialean onartu zuen irakasleen erosteko ahalmena gutxienez % 15 galdu dela. Horregatik, eta legegintzaldi honetako epean, galdutakoarekin bat datorren errekuperazioa proposatuko dugu -urtebete baino gehixeago izango litzateke kobratu gabea-. Ziur gaude, Departamentuak gure ordainsarietan murrizketa handia egin duela onartu ondoren, datozen hiru urteetan hori berreskuratzeko bidea aurkituko dugula.

Lan-gainkargari eta gehiegizko lan burokratikoei dagokienez, Hezkuntza Sailak lantalde bat sortzeko konpromisoa hartu du, zereginak eta ordutegiak arrazionalizatzeko alderdi zehatzak jorratzeko. Era berean, prest gaude alderdi hori mailaka negoziatzeko, baina ez dugu amore emango 24-25 ikasturterako neurri batzuk sartzeko eskakizunean. Gainera, irakasleen prestakuntza malgutzea eta egiten ditugun lan askoren minutajea aztertzea eskatzen dugu, familia-kontziliazioan ez eragiteko, gure lanorduak arratsalde-gau eta asteburuetan ez luzatzeko. Komunikazio-hizkuntzetan hizkuntza indartzeko orduak ere eskatzen ditugu, gure hizkuntzak ez dakiten ikasleak gero eta gehiago gizarteratzeko eta aniztasunari arreta emateko; hau da, hizkuntzaren ezagutza eskasak ikasgeletan sortzen dituen premiei aurre egin ahal izateko.

Egonkortasunari dagokionez, benetako plantilla funtzionalaren datuak eskatu ditugu, enplegu publikoaren eskaintzak eta lekualdatze-lehiaketak kopuru horretara egokitu ahal izateko.

Azkenik, hezkuntza-itunean oraindik bete ez diren gaiei heltzeko zain gaude.

Espero dugu, beraz, agindu zuen bezala, Hezkuntza Kontseilariak berehala deituko gaituela, ikasturte hau amaitu baino lehen akordioak lortzeko aukera emango digun elkarrizketa bat hasteko, eta berauek, serio eta errealistak izan nahian, legegintzaldi honetan zehar gauzatzeko.