2026-04-23
Blog Page 155

Exijitu dugu nafar zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea eta arreta fortuna zein enpresa handietan zentratzea

Nafarroako Foru Ogasunak deituta, Iruzur Fiskalaren eta Ezkutuko Ekonomiaren Aurkako Batzordeak bilera egin du gaur eguerdian, eta 2023ko ekitaldiko zerga-kontrolaren emaitzak aurkeztu ditu. Bilera horretan, LAB sindikatuan 2024rako Zerga Kontrolerako Urteko Planari buruz egin ditugun gogoeta eta aldarrikapen garrantzitsuenak azaldu ditugu, hiru neurri nagusi dituztenak: ikerketa eta egiaztapen jarduerak indartzea, arreta iruzur poltsa handietan zentratzea, eta inolako jarduerarik ez duten sozietateen IFZ ezeztatzea.

Hona hemen, zehaztuta eta argudiatuta, LAB sindikatutik egin ditugun hiru proposamen nagusiak:

1. Ikerketa eta egiaztapen jarduerak indartzea, lan horiei prebentzio ekintzen maila eta lehentasun bera emateko.

Plan horretan, Foru Ogasunak aitortu du azken urteotan iruzur fiskala kontrolatzeko bereziki prebentzio jarduerak bulkatu dituela. Eta baliabideak mugatuak direnez, argi dago norabide hori iruzurra eta ezkutuko ekonomia ikertzeko eta egiaztatzeko bertze jarduera ildo batzuen kaltetan joan dela.

Baina ikerketa eta egiaztapen lan horien garrantzia agerikoa da; izan ere, bertzeak bertze, 2022an eginiko lanak 192,2 milioi euro berreskuratzea ahalbidetu zuen. Beraz, kopuru hori ez da inola ere baztergarria, zergen zuzeneko kudeaketaren bidez urte hartan sartutako diru bilketa likidoaren % 6ren baliokidea baita1.

Puntu honetan adierazi behar da Foru Ogasunean gastaturiko euro bakoitzeko ia 5 euro (4,9 zehazki) berreskuratu direla, zerga iruzurra ikertu eta egiaztatzeko jardueren bitartez.

Hala eta guztiz ere, efizientzia indize hori Espainiako Estatuko Zerga Agentziaak lorturikoaren erdia baino txikiagoa da2; izan ere, 2022an, gastaturiko euro bakoitzeko 10,5 euro berreskuratu zituen zerga eta aduana iruzurraren aurkako borrokan. Desberdintasun nabarmen horren azalpen bat izan daiteke ikuskapen eskumenak desberdinak izatea bi administrazio mailetan (adibidez, aduana-kontrola edo lurraldetik kanpo helbideraturiko enpresa handiak), baita tributu administrazio bakoitzean biztanleriaren arabera lan egiten duen langile-kopurua ere.

Zehazki, plantillaren tamainari dagokionez, aipatu beharrekoa da 2022an 1.833 biztanle zeudela Espainiako Zerga Agentzian lan egiten zuen langile bakoitzeko; Nafarroan, berriz, Foru Ogasunean lan egiten zuen langile bakoitzeko 2.025 biztanle zeuden.

2. Zerga ikuskaritzara bideraturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak handitzea, eta arreta iruzur poltsa handietan jartzea.

Espainiako Ogasun Ministerioko Teknikarien Sindikatuaren arabera3, zerga iruzurraren % 70 baino gehiago fortuna handietan eta enpresa handietan kontzentratzen da; hala ere, zerga administrazioaren baliabideen % 80 autonomoak, mikroenpresak, enpresa txikiak eta soldatapeko pertsonak ikertzera bideratzen da. Puntu honetan azpimarratu behar da, gainera, batzuetan harrigaria gertatzen dela ikustea nolako dotoretasunarekin tratatzen dituzten sozietate eta pertsona juridikoak, pertsona fisikoen aldean.

Beraz, eraginkortasuneko eta zerga justiziako irizpideak aplikatuz, beharrezkoa litzateke arreta gunea birbideratzea eta iruzurra ikertu eta jazartzeko ahaleginak egitea, hain zuzen ere, iruzurra gehien kontzentratzen den lekuetan.

3. Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren ezeztatzea.

Foru Ogasunak berak onartu duenez, Nafarroa Garaian mila sozietate baino gehiago daude inolako jarduerarik egiten ez dutenak eta baliogabetzeko arrazoi ukaezina dutenak.

Uste dugu, sozietate horiek tributu betebeharrak ezkutatzeko pantaila gisa erabiltzeko edo iruzur fiskalaren sare antolatuen parte izateko arrisku handia dagoenez, zuhurtasun printzipioa aplikatuz, komeni dela egungo sozietateen errolda premiaz garbitzea.

Beraz, ezinbertzekoa da araua zorrotz betetzea eta identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) ofizioz ezeztatzea, hiru ekitaldiz jarraian Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena aurkezten ez denean.

Segurtasun juridikoaren ikuspuntutik, gogora ekarri behar da IFZ baliogabetzeko prozeduran zergapekoari jakinarazi behar zaiola eta entzunaldi-izapidea ireki behar dela alegazioak aurkeztu ahal izan ditzan. Gainera, IFZ baliogabetzea ez da atzeraezinezko neurria.

1Nafarroako Foru Ogasunaren memoria. 2022. urtea.

2Zerga Administrazioaren memoria. 2022. urtea.

3Datuok Espainiako estatu osoari dagozkio, baina ez dago arrazoi funtsaturik Nafarroako egoera oso bestelakoa dela pentsatzeko.

Vianako Saica Pack enpresako langileek greba mugagabea eginen dute ekainaren 13tik aurrera, hitzarmen duin baten alde

Papelera del Ebro bezala ezaguna den Vianako (Nafarroa) Saica Pack enpresako 150 langileak ekainaren 13tik aitzinera greba mugagabea egitera deitu ditu Enpresa Batzordeak (CCOO 4, USO 3, LAB 2). Langileek batzarrean erabaki zuten greba mugagabera jotzea, hitzarmen duin bat lortu ahal izateko enpresa jartzen ari den trabak direla-eta.

Saica Pack-eko langileen ordezkariek hainbat hilabete daramatzate enpresarekin hitzarmenarne berritzea negoziatzen, baina ikusten dute ez direla beren proposamenak kontuan hartzen ari, nahiz eta oinarri-oinarrizkoak diren, errealistak eta egingarriak. Proposamen horien artean daude soldatak KPIren arabera igotzea eta enpresak ezarri nahi dituen malgutasun neurri arrazoirik gabeak ez onartzea. Hala, enpresaren itxikeria ikusita, greba mugagabera jotzea bertze aukerarik ez dute ikusi langileek.

Vianako bertze enpresa batean ere, Mondelez-en, greba mugagabea hasiko dute ekainaren 10ean, eta hango langileekiko elkartasuna adierazi nahi izan dute Saica Pack-ekoek, bi enpresetan antzeko gatazka baitute.

Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jarriko dituen industria lege baterako neurriak aldarrikatu ditugu

LAB sindikatuko Industria federazioko delegatuekin batzarra egin dugu gaur Iruñean eta aldarrikatu dugu irailean Nafarroako Gobernuak aurkeztuko duen industria legearen zirriborroak jaso beharko lituzkeela langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean paratuko dituzten neurriak; besteak beste, 30 orduko lan astea ezartzea, lan formakuntza pribatua debekatzea, fiskalitate politika justuagoak aplikatzea edota deslokalizaio legean sakontzea.

Nafarroako industria legea izanen denaren ezaugarriak landu dituzten Industria Foroko lantaldeetan hartu dugu parte LABetik azken urtean. Lantalde horietan askotariko proposamenak egin ditugu, hainbat arlotan. Baina, tamalez, lantalde horietako ondorioak bere mesedetara bideratzeko estrategia izan du patronalak, eta horretan Gobernuaren babesa izan du. Horren adierazle argia da, lanketetako ondorioetan, nahiz eta Gobernuak LABen ekarpen batzuk hartu dituen, patronalarenak guzti-guztiak hartu izana, jakin badakitenean guztiz kontrajarriak direla eta ez daudela, prezeski, langile klasearen mesedetan pentsatuak.

Horregatik, LAB sindikatuan ezinbestekoa iruditzen zaigu Nafarroako Industriarentzako eta bertako lanpostuen duintzerako hainbat aldarrikapen egitea, eztabaida publikora eramateko, betiere norabide bat markatzeko neurri bezala ulertuta, hau da, gutxieneko neurri gisa ulertuta.

Aldarrikapenak hurrengoak dira:

  1. Ekidin ezina den Industriaren transitzio ekologikorako langileen trantsizio batzordeak osatzea, eraldaketa hau betikoen mesedetarako ez izateko
  1. Banaketa hirukoitzarako (zaintza, lana eta aberastasuna), 30 orduko lan astea
  1. Diskriminaziorik gabeko (generokoa, arrazakoa eta sindikala) kontratazio politikak.
  1. Formakuntza laboralaren pribatizazio enpresariala debekatu
  1. Industriaren inplementazioa modu orekatuan banatzea lurralde osoaren zehar
  1. Lan istripu eta gaixotasunak benetan ekiditeko bitartekoak ezartzea
  1. Transnazionalen boterea mugatzeko, deslokalizazio legean sakontzea
  1. Aberastasuna modu orekatuan banatzeko, fiskalitate politika justuak ezartzea
  1. Bertako beharrei erantzuteko, herrialde mailako hitzarmenen babestea eta bultzatzea

Aldarrikapen horiek ez dira modu bakartuan ulertu behar. Euskal Herriko industriak eta, oro har, sektore guztietako langile guztiek dituztenak dira. Erronka eta aldarrikapen amankomunak badira Euskal Herriaren luze zabalean, nahiz eta momentu honetan Nafarroko Industria legearen baitan aldarrikatu, langileentzat onuragarria den lege bat lortzeko aukera badagoelako da, baina aldi berean nahi ez dugunarekin aurkitzeko arriskua dugu.

Vianako Mondelez fabrikako langileek greba mugagabea eginen dute, enpresaren irabazi handiak berdintasunez banatuko dituen hitzarmen duin baten alde

Mondelez gaileta fabrikako langileak, Vianan (Nafarroa), masiboki atera dira gaur eguerdian Enpresa Batzorde osoak (CCOOko 7, LABeko 5 eta ELAko 1) deituriko elkarretaratzeara, hitzarmen justu bat eskatzeko. Kontzentrazio hori ekainaren 10ean hasiko den greba mugagabearen atarikoa izan da, zeinaren bidez lortu nahi baititutze soldata igoerak, antzinatasuna berreskuratzea eta lanaldia murriztea.

LAB sindikatuan ulertzen dugu Mondelez Viana enpresak irabazi handiak lortu izan dituela aurreko urteetan, eta irabazi horiek ekarri beharko luketeela langileen soldatak nabarmen igotzea. Hauexek dira negoziazioen hasieran LABetik mahai gainean jarri genituen aldarrikapen nagusiak:

  • KPIri loturiko soldata igoera, gehi puntu bat.
  • Aparteko orduei bertaratze eta puntualtasun plusa eranstea.
  • Antzinatasunagatik soldata igotzea: urtean %1 gehiago.
  • Urteko lanaldia 3 egunetan murriztea.
  • Erretiro partziala.
  • Hobekuntzak aldi baterako ezintasun kasuetan.

Baina enpresak, bortz hilabete eta hamar negoziazio bilera egin ondoren, mugitu gabe jarraitzen du. Beraz, Mondelez Vianako langileek, batzarretan bildu eta gero, mobilizatzen hastea bertze aukerarik ez dute ikusi; gaur kontzentrazio baten bidez eta astelehenetik aurrera greba mugagabe baten bidez. LABen argi daukagu batasunak, borroka elkarrekin egiteak eta guztion inplikazioak enpresaren zuzendaritza mugiaraziko dutela. Orain da unea hitzarmen duin handi bat lortzeko.

Greba Feminista Orokorrean parte hartzeagatiko jazarpenik ez dugu onartuko

Gaur deklaratu dute Azpeitian joan den azaroaren 30eko pikete batean aritzeagatik epaitegira deitu dituzten hiru emakumeek. Mobilizazioa egin dugu kanpoan, elkartasunez eta zaintza sistema publikoaren aldeko borrokan gabiltzanoi jarraitzeari utz diezaiotela exijitzeko asmoz.

Greba Feminista Orokorraren egunaren harira bide penaletik irekitako prozeduraren baitan kokatzen da gaurko deklarazio-hartzea, eta, horren aurrean, jazarpen ororen gainetik azaroaren 30ean abiatutako bidean aurrera egiteko asmoan berresten gara.

Patronalaren blokeoa salatzen dugu Bizkaiko Grafikagintzan

CEBEk patronalak uko egin zien sindikatuok gure plataforma bateratuan egindako mugimenduei, eta jakinarazi zigun ez zela negoziazio mahaira itzuliko gure soldata aldarrikapenei uko egin arte.

Patronalak erakutsi ez zuen erantzukizun-ariketa batean, sindikatuok mezu elektroniko bat bidali dugu negoziazio mahaira dei eginez ekainaren 4rako, astearterako. Bada, CEBEKek mezu elektroniko bat bidali zuen bilerara ez zela joango esanez, harik eta gure soldata aldarrikapenei uko egiten diogun arte.

Patronalaren ezezkoa erantzukizun falta eta funtzioen utzikeria oso larria iruditzen zaigu, sektoreko langile guztiekiko errespetu falta izateaz gain. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok negoziatzeko borondatea adierazi dugu beti eta horretan berresten gara. Izan ere, negoziazio mahaiaren azken 3 bilerak sindikatuok deitu ditugu.

Prepotentzia eta jarrera irrazional horren aurrean, gogorarazi nahi dugu 3 greba egun daudela deituta ekainaren 11, 12 eta 13rako. Patronalaren eta ordezkatzen dituen enpresen esku dago egun hauetan sektorea berriro gelditzea saihestea.

Greba Feminista Orokorraren harira hiru lagunek epaitegian deklaratu beharko dute bihar

LAB sindikatuan bat egiten dugu datorren asteazkenean, ekainak 5, goizeko 9.45etan, Azpeitiko epaitegiaren aurrean Urola Kostako Koordinadora Feministak deitutako kontzentrazioarekin. Joan den azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra dela eta irekitako bide penalaren ondorioz deitu dituzte deklaratzera.

Gauzak horrela, delegatu, afiliatu eta lagunei dei egiten diegu mobilizazio horretan parte har dezaten, epaitegian deklaratzera deituak izan diren Zumaiako Mugimendu Feministako bi kideri eta LABkide bati elkartasuna adierazteko eta babesa emateko. Izan ere, denon erantzukizuna eta ardura da borroka kolektiboetan erasotuak diren kideei babesa eta sostengua ematea.

Neurri errepresiboen gainetik, Euskal Herria bizigarriago eta justuago baten bidean, pasa den azaroak 30eko Greba Feminista Orokorraren erdigunean egon zen zaintza-sistema publiko eta komunitarioaren aldeko gure aldarria eta konpromisoa berresteko aukera ere izango da.

Kapitalaren pribilegioekin amaitzeko eskatu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Zerga erreformaren inguruko eztabaidari ekin diote Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta LABetik eredu fiskalaren sakoneko eraldaketaren alde agertu gara, Sozietateen gaineko zerga eta, oro har, kapital errenten gaineko presioa areagotzeko proposamenak eginez.

Erronkaz beteriko testuinguruan bizi gara. Krisi anitzak elkargurutzatuta ageri zaizkigu; bizitzak sostengatzeko zaintza lanak, emakumeen bizkar, prekarizatuta eta aitortzarik gabe; larrialdi ekologikoak eragindako aldaketa klimatikoaren eraginak eta gauzatu beharreko trantsizio energetikoa. Arrakala sozialak areagotzen ari dira, pobrezia prozesuak hedatzen eta babes publikorako sareak eraisten.

Gauzak horrela, hala Gipuzkoan nola Hego Eukal Herri osoan, sakoneko erreforma fiskala galdegin dugu. “Hemen dagoen erroko arazoa da lan errentok zerga gehiegi ordaintzen ari garen bitartean, aberatsen ekarpena oso murritza dela. Kapitalaren pribilegioekin amaitu beharra dago“, adierazi du Gorka Vidalek, LABeko politika ekonomikoaren arloko ordezkariak. Proposamen sorta mahai gaineratu du segidan, heburu horretara bidean.

Besteren artean, PFEZaren dualitatea ezabatzeko beharra azpimarratu du Vidalek, eta kapital errentei lan errentei ezartzen zaizkien tarte berdinak jartzekoa. Ildo beretik, sozietateen gaineko zerga modu ausartean eraldatzeko garaia dela adierazi du, besteak beste, enpresariak kenkariak eta hobariak baliatzen ari direlako mozkinen zati bat zuzenean poltsikora eramateko. Deslokalizazio prozesuak mugatzeko aukera dago modu horretan.

LABen ustez, Hego Euskal Herrian zerga sistema eraberritzeko fasean sartuta gauden honetan, harmonizazioa erraztea eta langileok ditugun beharrak lehen mailara ekartzea dagokie instituzioei. “Gaur egungo egoera mantentzea, onartezina izateaz gain, ekonomikoki justifikaezina eta sozialki jasanezina“ dela esan du LABeko kideak.

Hala, zerga sistema berrizteko erabateko subiranotasun fiskalean aurrera egitea behar-beharrezkoa da, zerga politika kudeatzeko eskuduntza eskaera eginez. Lurraldean sortzen den aberastasuna modu justuan banatu, langileon interesak lehenetsi, sare eta sistema publikoa indartu eta politika neoliberalen aroari amaiera emateko erabaki ausartak behingoz hartzeko eskaria egin diegu LAB sindikatutik Batzar nagusietako ponentzia batzordeko ordezkariei, sindikatuak plazarautako proposamenak egingarriak eta beharrezkoak direla azpimarratuz: “Borondate politiko kontua da“. Modu horretan amaitu du bere hitzartzea Vidalek.

Lan istripuan zendutako azken langilearen kasua salatu eta lan osasunaren mesedetan prekaritatearekin amaitu behar dela aldarrikatu dugu

Barakaldoko Leroy Merlinen aurrean egin dugu mobilizazioa intersindikalarekin batera; izan ere, bi aldiz azpikontratatuta zegoen behargina enpresa horrentzako iturgintza lanetan ari zen istripua gertatu zenean.

LAB-ESK-STEILAS-Hiru-EHNE/Etxalde intersindikaletik deituta, elkarretaratzea egin dugu gaur eguerdian, Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean. Gogorarazi dugu dagoeneko 27 behargin hil direla aurten Euskal Herrian beren lanpostuetan, eta azpimarratu dugu prebentzio neurriekin eta legea betez, halako gertakari gehien-gehienak saihestu egin daitezkeela.

Horretarako, baina, beste behin ere azpimarratu behar dugu patronalak bere erantzukizuna alboratzeari utzi behar diola eta instituzioek berehalako neurri eraginkorrak hartu behar dituztela lan osasuna bermatzeko neurriak zorrotz betetzen direla egiaztatzeko. 29 urteko azken langile honen kasuan, gainera, azpikontratazio kateek berekin dakarten prekaritatea eta lan-baldintza eskasak salatu ditugu.