Mecanerreko zuzendaritzak enpresa ixteko eta 148 langile kaleratzeko behin betiko asmoaren berri enpresa batzordeari jakinarazi eta hiru egunera, enpresako langileek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Izan ere, martxoaren 12an hasiko da kontsulta aldia, eta, inork saihesten ez badu, itxi egingo dute Mecaner. Gaur, erakunde guztiei interpelazio zuzena egin die enpresa batzordeak, erantzukizunak har ditzaten eta irtenbidea bilatzeko lanean parte har dezaten.
Stellantisek irailaren 1ean eman zuen enpresa ixteko asmoaren berri, eta, ordutik, enpresa batzordeak hamaika bilera egin ditu erakundeekin, haien inplikazioa bilatuz: Bizkaiko Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikoko Saila, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saila, Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen Saila, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Saila. Erakundeek ez dute konpromisorik hartu, ordea, eta erantzukizun osoa Stellantis multinazionalaren esku uzten jarraitzen dute.
“Mecanerren itxierak ez dio krisi-egoerari erantzuten, baizik eta bere ustiapen-kontuko zenbakiak bakarrik begiratzen dituen enpresa baten diruzaintzari. Enpresa horrek irabaziak izan ditu azken urteetan, eta ez zaio lan-kargarik falta izan Stellantis taldeak itxiera prestatzea erabaki duen arte”, salatu du enpresa batzordeak, oroitarazita iaz Stellantisek inoizko irabazi handienak izan zituela, 18.000 milioi euro baino gehiagokoak.
Hori gutxi ez, eta batzordeak salatu du, Mecaner itxi nahi duten bitartean, 2023an, Stellantis multinazionalak 68 milioi euro baino gehiago jaso zituela Espainiako Gobernuaren eskutik, PERTE laguntzen bidez. “Enpresak itxi eta enplegua suntsitzen diharduen enpresa bati diru publikoa ematea iraingarria iruditzen zaigu”, adierazi du. Eusko Jaurlaritzari Mecanerren etorkizuna bermatzeko eskura dituzten tresna guztiak erabiltzeko eskatu dio enpresa batzordeak: “Ez du ezertarako balio transferentzien kontrola exijitzeak, gero herritarren zerbitzura modu aktiboan jartzen ez badira, enpresen alde egiteko soilik erabiltzen badira. Etorkizuneko jasangarritasun-erronkei aurre egiteko industria-politika aktiboa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari, enpresen itxiera motel baina etengabea ez den beste aukera batzuekin”.
Halaber, langileek Espainiako Gobernuari eskatu diote Stellantis multinazionalari laguntzak emateari uzteko, Mecaner ixteko asmoarekin jarraituz gero.
Gaur, martxoaren 7an, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak behin betiko akordioa lortu dugu patronalarekin, Osakidetzako lantokietako garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunentzako hitzarmen kolektibo autonomikoa berritzeko.
Behin betiko akordio hau joan den udan lortutako aurreakordioaren ondorio da. Akordio hori langileek erakutsitako determinazioaren, antolaketaren eta borroka biziaren – 100 egun inguru egon ziren greban – emaitza izan zen. Aurreakordioa lortu arteko borroka gogorra eta luzea izan bazen ere, behin betiko akordioa lortu artekoa da samurragoa izan, asko izan dira akordioaren xehetasun guztiak itxi ahal izateko burututako bilerak. Beste 6 hilabeteko negoziazioa, Osakidetzak enpresekiko akordioak itxi gabe jarraitzen zuen bitartean; Osasun Sailaren beste arduragabekeria politiko bat.
Behin betiko akordioak uztaileko aurreakordioan sinatutakoa garatzen du, eta honakoak dira jasotako puntu nabarmenenak:
Hitzarmen kolektibo honen helburua baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea zen, eta, alde horretatik, adostutako gai zehatzetatik haratago, homologazio hori bermatzea eta aitortzea da lorpen nagusia, etorkizunean bi kolektiboen artean baldintza baliokideak ezartzea bermatuz.
LAB sindikatutik, beste behin ere, plantillek erakutsitako determinazio eta borrokarako gaitasunari balioa eman nahi diogu; izan ere, enpresa esleipendunei ez ezik, bezeroari ere aurre egin behar izan zioten, Osasun Sail oso bati. Langileak mespretxatuak eta gutxietsiak izan ziren, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkieten, poliziaren presentzia itogarriari aurre egin behar izan zioten, isun ekonomikoei aurre egiten jarraitzen dute, baina horren gainetik duintasuna eta kemena soberan dutela erakutsi dute.
Ospatzea besterik ez zaigu geratzen, eta berriro ere gogoan izatea akordio hau antolakuntzari eta borrokari esker baino ez dela posible izan. Prozesu horretan, LAB izan da langileen zerbitzura egondako tresnetako bat.
Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen udaltzainei suzko armak eramateko derrigortasuna ezartzen dien dekretua onartu duela. Berriro ere, udal autonomia erasotuz eta urratuz harturiko ebazpena da honakoa. Funtziotan dagoen gobernu batek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei inposaturiko dekretua da eta oso larria deritzogu.
Erkoreka jauna gezurretan ari da erabaki honek EAEko Goi Auzitegiak ezarritako jurisprudentziari erantzuten diola dioenean. EAJren polizia-ereduari erantzuten dion erabaki politikoa da. Erabaki honen bitartez, EAJk 2012an Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko 15/2012 legearekin hasitako diseinu poliziala gauzatzen jarraitu nahi du.
Udaltzaingoa Ertzaintzaren kopia hutsa bilakatzeko hamaikagarren urratsa da hau.
Jaurlaritzak, dekretu hau ez ezik. Ertzaintza eta Udaltzaingo hautaketa-prozesu bakarraren deialdia, bitarteko udaltzainen lan poltsa, agenteen deialdi bateratua, Segurtasun Publikoaren Legea, Udaltzaingo Koordinazioa… tresna gisa erabili izan ditu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietako udaltzain guztiak EAJren polizia-eredu bakar eta zentralizatuaren norabidean kokatzeko.
Herri honetan integraturik, udalerriz udalerri, herritarrengandik hurbil dauden udal zerbitzu ezberdinei “finikitoa” emate aldera lagungarri izan nahi duen dekretua inposatu nahi digu EAJk.
Planteamendu zentralizatzaile horrek gutxietsi egiten du udal singularitatea, eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia-eredua inposatu nahi du, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbiltasun-harremanaren kaltetan.
Segurtasun Sailak Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz konpondu nahi dituela dirudi. Erabaki honek, baina, Jaurlaritzak berak Ertzaintzaren barruan dituen arazoak udalerrietara kutsatzea eragingo du, Ertzaintzaren eredu agortua udaltzainen artean inposatu nahi baitute.
LABen oso argi dugu udal autonomiaren aldeko jarrera irmo eta aktiboa eskatu behar diegula euskal udalerriei, hau da, orain artean bezala, udal gobernuei egokitu behar zaie suzko armen erabileraren inguruko erabakimena.
LABk herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen du. Bada garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen Kalitatezko Segurtasun Publikoaren bidean, Euskal Polizia komunitarioa, prebentzioan oinarritutakoa, abian jartzeko.
EHUko campus guztietan grebak oso jarraipen zabala izan du. Nahiz eta fakultatez fakultate eragina desberdina izan den, zentro guztietan nabaria izan da. Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina jarduera akademikoa oso eskasa izan da. Adibidez, Gasteizko Lan Harremanetan, Hezkuntza eta Kirol fakultatean eta Ekonomia eta enpresa fakultatean, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietan, Donostiako Psikologian, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Kimika, Informatika, Ingenieritza eta Zuzenbide fakultateetan ez da ia klaserik egon eta grebaren jarraipena zabala izan da.
Era berean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan EHUko irakasleen parte-hartzea oso handia izan da.
Urriaren 11an greba egin genuenean aldarrikapen zerrenda bat jarri genien mahai gainean EHUko zuzendaritzari zein Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari. Zerrenda horretan, ordezko irakasleen gaiak berebiziko garrantzia zeukan, unibertsitateko irakasle horiek pairatzen duten prekaritate egoeraren larritasunagatik. Hala ere, ez dute aurrerapausorik eman arazoaren muinari ekiteko, hartu dituzten erabakien ondorio kaltegarriei adabakiak jartzeari mugatuta. Arduraldi osoko irakasleen ordezkapenak arduraldi partzialeko ordezko irakasleen bitartez kontratatzen jarraitzen dute, 800 eurotako soldatekin. Langile hauengana suposatzen duen egoeraz gain, ordezkapen asko bete gabe geratzen dira, edo denbora luzea pasatzen da bete arte, zaila baita halako lan-baldintzak onartzea. Honek arazo handiak ekarri ditu sailetan, bajan edo baimenean dauden irakasleen kredituak saileko gainerako irakasleen artean banatu behar baitira. Baina, irakaskuntza-karga handitzeaz gain, irakasgaiak irakasle batzuen artean zatikatuta geratzen dira kasu askotan. Hori guztia irakaskuntzaren kalitatearen, ikerkuntzaren eta kudeaketaren kaltetan. Ikasle asko kaltetuak dira era nabarian.
Hala ere, ordezko irakasleena ez zen izan eta ez da, inolaz ere, grebara deitzeko arrazoi bakarra. EHUko irakasle eta ikertzaileek urteak daramatzate euren lan-baldintzen okertzea pairatzen eta nahikoa dela argi esan nahi dute. Lan-zamak handitu dizkiete azken urteotan eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten irakaskuntza antolatzeko JARDUN sistema berriarekin gehiago handituko direla aurreikusten dugu. Horrez gain, burokratizazioak itogarria izaten jarraitzen du prozedura askotan, plantillaren ezegonkortasuna oso handia da eta, gainera, kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituzte egoera are gehiago okertuz (behin-behineko irakasle-ikertzaile kolektibo batzuei ikerkuntza-seiurtekoak ukatuz eta lanaldi partzialekoei irakaskuntza bosturtekoak ukatuz). Ikertzaile ibilbidearen garapena etengabe oztopatzen dute, erretiroen akordioen deuseztapenarekin murrizketa itzela gauzatu dute jubilatzear dauden irakasle askoren eskubideak urratuz eta plantillaren berritzea kaltetuz. Arazoa egiturazkoa da.
Erabaki hauek aldebakartasunez ezarri ditu EHUko zuzendaritzak, langileen ordezkariak garen sindikatuok mahai gainean jarri ditugun alternatibak haintzat hartu gabe. Izan ere, haientzat, arazo hauetako batzuk ez omen dira existitzen, eta gai batzuen inguruan negoziatzeko eseri direnean, negoziazio-eszenifikazioa baino ez dute egin, beren posizioetan tematuta. Azken urteetan, bizi dituzten lan-gatazketan, zuzendaritzaren inposizio-jarrera behin eta berriro pairatu dute langileek. Urriaren 11n grebara eraman zituzten arrazoiak mantentzen dira, ez baitira gai izan arazoei zentzuzko irtenbideak bilatzeko, hedabideetara begira zabaltzen dituzten mezuek kontrakoa erakusten saiatu arren.
Baina EHUko zuzendaritzaz gain, Eusko Jaurlaritzak erantzukizun nabaria dauka: erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantentzea, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez da batere nahikoa. 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta USLO legeak berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun.
EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritza berriro interpelatu nahi ditugu; bakoitzak bere ardurapeko esparruan dagozkion ardurei heldu eta EHUko irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzen prekarizazioarekin amaituko duten erabakiak har ditzaten. Lan-baldintza duinik ez badute, ezin dute kalitatezko unibertsitate bat garatu, eta euskal gizarteak merezi eta behar duen Unibertsitate publikoa jokoan dugu. Are gehiago, unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzen dietela ikusten dugunean.
Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura, non langileen lan-baldintzak duinak diren. Horregatik, gaurko grebaz gain, martxoaren 12an EHUko irakasle-ikertzaileak eta unibertsitateko beste langile guztiak sektore publikoko grebara gehitzera deitzen ditugu. Ondorengo hilabeteetan erroko arazoak konpontzen ez diren heinean, EHUko irakasle eta ikertzaileak kaleetan jarraituko dute.
Anbizioz eta erantzukizunez jokatzeko garaia da, eta bide horretan LABek proposamenak egingo ditu.
Gaur burutu dugun elkarretaratze ostean, Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan patronalen aurrean kontzentratzeko dinamikari amaiera ematen diogu. Hurrengo egunetan, gainontzeko sindikatuekin batera hurrengo urratsak adostuko ditugu, Euskal Herrian kimiketako hitzarmenen mahai negoziatzaileak irekitzea helburu.
Euskal Herrian badaude baldintzak bertako kimiketako hitzarmen propioak izateko. Hemen lan egiten dugun heinean, hemen erabakitzea eta adostea ezinbestekoak dira LABentzat. Gainera, badaude baldintzak Estatutik datorren hitzarmena hobetu eta sektoreko langileek behar eta merezi dituzten lan baldintzak lortzeko.
Sektorearen babesa dugu, EAEko 100 enpresa batzorde eta Nafarroako beste 25en atxikimenduak jaso ditugu. Araban, besteak beste, esanguratsuak diren Michelin, Rochling Automotive edota Fibertecnic enpresetako mozioak batu ditugu.
Honenbestez, patronalei exijitzen diegu itxikeria jarrerak baztertu eta negoziazio mahaian eser daitezela. Sektoreko 20.000 langile baino gehiagoren ahotsa entzun dezatela.
Andoaingo SAPA OPERACIONES enpresako ituna berritu gabe dago 2012tik. Soldata alorrean igoerak adostu badira ere urte hauetan enpresak ez du bestelako negoziaketetan sartu nahi izan. Aurtengoan negoziaketek aurrera egin behar zutela adierazi zion enpresari enpresa-batzordeak baina legeak gutxienez derrigortzen duena soilik aplikatuko duela argi utzi dio. Enpresak 167 langile ditu.
Hori guztia dela eta, bilera ugaritan negoziaketarako eskari irmoak egin dizkiote langileek enpresari. Eskakizunei entzungor egin dienez, enpresa-batzordeak adierazpen bat egin zuen enpresa atarian egindako kontzentrazio batean non, SAPAko Zuzendaritza negoziaketa mahaian eser zedila exijitu baitzuen. Mugimendurik egon ez zela ikusi zutenean langileek elkarretaratzea egin zuten Andoaingo Plazan “Aperribay, SAPAn 2012tik pakturik gabe” lemarekin. Mobilizazioekin jarraitu zuten eta dagoeneko 4 egunetan ordubeteko lan uzteak egin dituzte enpresa barruan negoziaketarako mezuak zabalduz.
Salatu nahi dute enpresako jabea den Aperribay jaunak harrotasun handiz diola SAPA punta-puntako enpresa eta nazioartean erreferentea dela. Lan baldintzak aldiz, puntakoak izatetik oso urrun daude eta langileen haserrea geroz eta nabariagoa da.
Blokeo egoera hau gainditzeko langileek asanblada egin zuten otsailaren 28an eta bertan, gehiengo osoz eta alde izugarriarekin, greba mugagabera jotzea erabaki zuten. Hortaz, Sapa Operaciones enpresako langileak, 2024ko martxoaren 7tik greba mugagabean izango direla akordio bat lortu arte.
Hauek dira egiten dituzten aldarrikapenak: soldata arrakalarekin amaitzea, KPItik gorako soldata igoera, lanaldi murrizketa, kontziliaketa neurri desberdinak telelana zein lizentzia desberdinak planteatuz eta azpikontratetako langileen murrizketa, postu hauek enpresan integratuz.
Enpresari ozen esan nahi diote ez dutela lan zein soldata diskriminaziorik onartuko eta dagokiena lortu arte borrokan jarraituko dutela.
Aste honetan, 0-3 zikloarekin lotutako hainbat sindikatu bildu gara, Hezkuntza Departamentuak 2 urteko haurren ikasgelen gaiari buruz gardentasun faltaz eta informazioa eragotziz jokatzen duela salatzeko.
Behin baino gehiagotan gai horri buruzko hainbat galdera egin zaizkio Hezkuntza Departamentuari, eta jaso dugun erantzuna beti isiltasuna edo zehaztasun falta izan da, eta azkenean prentsaren bidez jakin dugu bere asmoen berri.
Salatu nahi dugu LAB, STEILAS, AFAPNA, UGT, CCOO eta ELA sindikatuok nekatuta gaudela Hezkuntza Departamentuaren itsuskeriaz, utzikeriaz eta erabakiak hartzeko moduaz, inor kontuan hartu gabe eta inolako azalpenik eman gabe jarduten baitu.
LAB, STEILAS, AFAPNA, UGT, CCOO eta ELAk otsailaren 27an, asteartearekin, bilera eskatu genuen Hezkuntza Kontseilariarekin, Zerbitzuko Zuzendariarekin eta 0-3 Zerbitzuarekin. Espero dugu harrera egitea eta oraindik erantzun nahi izan ez dituzten zalantzei erantzutea.
Langileen kontrako eraso fisiko eta ahozkoak gora egiten ari dira. Behin eta berriro ari dira errepikatzen horrelako egoerak eta gero eta larriagoak dira. Honen ondorioz, LAB, UGT, ELA, CCOO eta USOk greba eguna deitu dugu, zeinetara 1.300 langile dauden deituak.
Langileek urteak daramate salatzen gero eta eraso fisiko gehiago jasan behar dituztela, eta irain eta errespetu faltak normalizatzen ari direla. Onargarriak ez diren egoerak bizitzen dituzten. Errespetua eskatzen dute lanera joan eta urtero garraiatzen dituzten miloika pertsonei arreta emateko. Ia erabiltzaile guztiengandik jasotzen duten eguneroko babesa eta errespetua eskertzen dituzte eta kezkaz ikusten duten euren lanpostuetara segurtasunaz joan ahal izatea eragozten dien egoerak gero eta ohikoagoak izatea.
Deit egiten diete Bizkaibus ustiatzen duten enpresei langileen segurtasuna bermatuko duten neurriak hartzera, neurri errealak, medio errealekin. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari dei egiten diote zerbait egin dezan eta mekanismoak jar daitezen aipatutako egoerek, gertatzen baldin badira, ondorioak izan ditzaten egiten dituztenentzat.
Martxoaren 19an kalera aterako dira kalitatezko zerbitzu publikoa defendatzera.
Erakundeen eta agintzen duten alderdi politikoen borondate ezaren aurrean, langile publikoek ozen aldarrikatu dute zerbitzu publikoak indartzearen beharra.
LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek deituta, eta martxoak 12ko grebaren atariko, langile publikoak lantokietan elkarretaratze jendetsuak egiten ari dira, egunean zehar “Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu” lelopean. 100 elkarretaratze baino gehiago daude deituak EAEko sektore publikoko lantokietan.
Adibidez, Osasungintzako langileek 39 elkarretaratze egingo dituzte ospitale eta osasun zentro nagusietan (lehen arretan 13:00etan egingo dira), adibidez, Donostia Ospitalean, Zumarraga Ospitalean, Txagorritxu Ospitalean, Gurutzeta Ospitalean, Basurtu Ospitalean, Iztieta Osasun Zentroan, Azpeitiako Osasun Zentroan, Arrasate Osasun Zentroan, Irun Centro Anbulategian, Salburuako Osasun Zentroan, San Martin Osasun Zentroan, Galdakao Osasun Zentroan, Kabiezes Anbulategian; etab.
Udal eta foru esparruan ere 30etik gora egingo dira, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, zein EAEko hainbat eskualdetako herrietan. Hala nola, Eibar, Errenteria, Zarautz, Azpeitia, Ordizia, Arrasate, Oñati, Pasaia, Barakaldo, Santurtzi, Ortuella, Basauri, Bermeo, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio eta Laudion, besteak beste.
Hezkuntza publikoan ere hogeinaka haurreskoletan eta eskoletan haur hezitzaileak, irakasleak, heziketa bereziko langileak eta sukaldari eta garbitzaileak mobilizatu dira. Goizean zehar Elorrioko eta Segurako haurreskoletan eta Eibarreko Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurren. Horretaz gain, Donostiako Zubiri Manteo eskolan eta Iralen, Bilboko Zamakola Juan Delmas eskolan eta Intxixu Ikastolan, Gasteizko Salburua eta San Inazio eskoletan, Balmasedako Mendian edota Hondarribiko Talaia eskolan. Egunean zehar, eguerdi eta arratsaldean beste hainbat eskoletan egingo dira mobilizazioak.
Elkarretaratze horietan, langile publikoek, martxoaren 12ko grebarekin bat egiteaz gain, erakundeen eta alderdi politikoen borondate eza salatu, eta langile publikoek ozen eskatu diete EAEko erakunde eta alderdi politikoei politika publikoak aldatu eta indartu ditzatela, eta nabarmendu dute horretarako ezinbestekoa dela langile publikoen enplegua, soldatak eta lan baldintzak hemen erabakitzea. Zehazki, honako eskaerak egin dituzte:
%10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.
Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.
Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna % 8ra jaitsiz.
Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.
Administrazioak eta langileak euskaraz, iruzurrik gabe.
Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean.