2026-06-19
Blog Page 15

LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko

Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro Toquero UPNko alkateak ixteko agindua eman zuen. Orain, Nafarroako Administrazio Auzitegiak onartu du LAB sindikatuak aurkeztutako helegitea, baimendutako erakusketaren aldi baterako etetea baliogabetuz, aplikatutako zentsura legez kanpokotzat joz.

LAB sindikatuak ulertzen du Alejandro Toquero jaunari sindikatu hau ez gustatzea, baita Toquerok eta bere alderdiak, UPNk, sindikatu honek Erriberan duen presentzia eta eragin gero eta handiagoa begi txarrez ikustea ere, baina etsaitasun horrek ez du justifikatzen adierazpen askatasunaren aurkako bere eraso obsesiboa, balore demokratikoen guztiz kontrakoa dena jarrera jauntxoen jarrera erakusten duena. Izan ere, Toquero Jaunak, Errege Eguna erabili zuen opari gisa, eta Trumpen erara, erakusketaren debekua eta LAB sindikatuari ezarritako zigorra iragartzeko.

Tuteratik eta Iruñetik, Langileen Nazioarteko Egunean, LAB sindikatuak erantzuna eman zion, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenaren berri emanez. Auzitegiak aintzat hartu du sindikatuaren gora jotzeko helegitea, eta baliogabetu egin du Toquerok agindutako erakusketaren aldi baterako etetea, esanez: «helegileari arrazoia ematen zaio, sindikatu helegileari posta elektroniko bidez jakinarazitako itxiera agindua egitatezko bidea baita, jarduketa erabat materiala eta babes juridikorik gabeko gisa ulertuta, argi eta garbi eskumenik ez zuen organo batek eman baitzuen eta erabaki hori babesten zuen administrazio-prozedurarik ez zen izapidetu, eta, beraz, erabat deuseza den jardun material baten aurrean gaude».

Gainera, Auzitegiak aipatzen du «ez dagoela arrazoi nahikorik erabakia hartzeko, proportzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta kostu txikienaren printzipioak kontuan hartzen dituena»; eta aitortzen du Toquero jaunak «kalte konponezina eragin diola helegileari, une horretatik aurrera amaiera eman behar izan ziona erakusketari», eta, azkenik aipatzen du ere, «helegileari eragindako babesgabetasuna, zeinek Auzitegira jo besterik ezin izan zuen inpugnatzeko eta argudiatzeko bere interes legitimoen defentsan».

Toquero jaunaren legez kontrako zentsurak, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak egiaztatu berri duen bezala, karguan jarraitzeko gaitasun eza nabarmena erakusten du. Bere ikuskizunaren bufoi bihurtuta, LABek zentzua berreskuratzeko eta dimisioa aurkezteko exijitu dio. Era berean, gogorarazi dio Tuterako biztanleek beren hirian ikusi ahal izango dutela LABen erakusketa.

Alejandro Toquero bezalako jauntxoek erakusten dute UPNren eskuak Nafarroako gidaritza instituzionaletik urrun egotearen garrantzia, nafar langileon bizitzei buruzko erabakiak hartzeko inolako aukerarik izan ez dezaten.

Saif Abukeshek eta Thiago Ávila aske. Global Sumud Flotillaren aurkako errepresiorik ez

Komunikatu hau sinatzen dugun sindikatuok Israelek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoak salatzen ditugu, zeinak oso larritzat jotzen ditugun, giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen dituztelako. Era berean, Thiago Ávila aktibista brasildarraren eta jatorri palestinarra duen Saif Abukeshek kataluniarraren atxiloketa salatzen dugu.

Saif Abukeshek Intersindical Alternativa de Catalunya sindikatuko kidea da. Aktibista nahiz sindikalista, eta Israelek Palestinako herriaren aurka ezarritako genozidioa, okupazioa nahiz apartheida salatzen dituen ahots konprometitu eta etengabeenetako bat da. Halaber, Palestinako justiziaren aldeko Europako Sare Sindikaleko kide aktiboa da. Bestalde, Thiago Ávila Global Sumud Flotillaren aurpegi ezagunenetako bat da.

Lerro hauen bidez, Saif eta Thiago atxilotu nahiz Israelera eraman dituztela eta atxilotuta daudenetik tratu txarrak jasan dituztela salatzen dugu. Israelek egiten dituen salaketek kontrakoa dioten arren, ez dira kriminalak; aktibista solidarioak baino ez dira, apirilaren 12an, Gazara korridore humanitario bat irekitzeko eta Israelgo Estatuak ezarritako blokeo kriminala salatzeko helburuarekin, Bartzelonatik abiatu zirenak.

Aurre egin behar duten egoera kritikoa ikusita, eta Israelek haien aurka egindako salaketen larritasuna kontuan hartuta, komunikatua sinatzen dugun sindikatuok atxilotuen berehalako askatasuna eskatzen dugu, eta ahalik eta lasterren etxera itzultzeko eskubidea izan dezatela. Dagokien erakundeei eskatzen diegu Saif eta Thiago aske gera daitezen beraien eskuetan dagoen guztia egin dezatela.

Azkenik, komunikatua sinatzen dugun sindikatuok honako hau jakinarazi nahi diogu iritzi publikoari:

  • Saif Abukeshek eta Thiago Ávila berehala aska ditzatela, eta haien eskubideak eta osotasun fisikoa bermatu daitezela.
  • Global Sumud Flotillako aktibisten aurkako jazarpena amai dadila.
  • Gazaren gaineko blokeo kriminalaren amaiera.
  • Israelgo gerraren estrategiarekin edozein konplizitate amai dadila.
  • Kolonizazioaren eta okupazioaren behin-betiko amaiera eta Palestinak nazioartean aitortua izango den estatu bat izateko duen eskubidea bermatzea.

Sinatzaileak: LAB; CIG; CCOO; CGT; Confederación Intersindical; CNT; COS; CSI Asturies; CUT Aragón; CUT Galiza; ELA; ESK; Federación Sindical Canaria; FSOC; IAC; Intersindical, Alternativa SOC; Intersindical Canaria (Tenerife); Intersindical Catalana; Intersindical Valenciana; MTC Canarias; OSTA; SAT; Sindicato Gremios Unidos (Canarias); SOA; Solidaridad Obrera; STEI; STEILAS; UGT.

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu gara Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.

Langileok eragin leloa izan da LABek aurtengo Langileen Nazioarteko Egunerako hautatu duena. Izan ere, gerrak eta ezengonkortasun ekonomikoak jotako nazioarteko testuinguruaren ondorioak langileon bizkar jarri nahi dituzten honetan, behar-beharrezkoa da bizitza duina izateko ezinbesteko neurriak bermatu, eta enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak abian jartzea.

Gauzak horrela, gaurko mobilizazioetan hiru aldarrikapen nagusi haizatu ditugu: zerbitzu publikoak indartzea (kalitatezko hezkuntza, osasun zerbitzua eta zaintza langileen eskura jartzeko); etxebizitza eskubidearen defentsa espekulazioaren kontra eta pentsio nahiz soldata duinak, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Horrekin batera, langileak euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde mobilizatzera deitu ditu Donostiako manifestazioan parte hartu duen Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak, eta enpleguaren defentsan borrokan diren langileak ere gogoan izan ditu.

Gerra inperialisten eta kapitalisten aurkako mezu argia utzi nahi izan dugu aurtengoan. Oligopolioek “eskandaluzko irabaziak” dituztela adierazi du Aranburuk: “Iberdrolak 2025ean inoizko irabazirik handienak izan ditu; Repsolen irabaziak %154 igo dira aurtengo lehen hiruhilekoan, eta bitartean, bizitza garestitzen eta langileok pobretzen ari gara; ez dugu gerraren aitzakian enplegu-galerarik onartuko, ez lan-baldintzak okertzerik; ez zerbitzu publikoak ahultzerik”.

Hain zuzen ere, bizimodu duin baterako 1.500 eurok gutxieneko soldata propioa aldarrikatu, eta gogor kritikatu du Aranburuk Pradalesen gobernua, martxoko greba orokorrari emaniko erantzunagatik: “Elkarrizketa sozialeko mahaian iragarritako akordioak agerian uzten ditu Pradalesek dituen hipotekak termino sozialetan Confebaskekin, eta termino nazionaletan PSErekin”. Lehendakariari egotzi dio “Confebask zuritzea; sindikalismo otzana hauspotzea eta klase-sindikalismo soberanista zigortzea”.

Langileen aldeko neurriak hartzea faxismoari eta oldarraldi erreakzionarioari ateak ixteko modua da, eta arrakala matxista, arrazista eta belaunaldi arrakalei aurre egitekoa.

Ildo beretik, Euskal Herrikoak ez ezik, munduko langileak ere gogoan izan ditugu; hala, Kubak pairatzen duen blokeoa arbuiatu dugu, saharar herriaren autodeterminazioa eskatu, eta, nola ez, apartheidaren eta genozidioaren krudelkeriaren aurrean Palestinari elkartasuna erakutsi diogu beste behin ere, Israelgo estatu kriminalak Flotillaren kontra egingiko erasoa salatu dugularik. Injerentzien aurka herrien burujabetza eta herritarren ongizatea defendatzen ditugu LABen.

Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antirrazista jorratzen segitzeko konpromisoa berresteko eguna izan da. Azken horri dagokionez, koordinatzaile orokorrak iragarri du LAB inplikatu egingo dela langile migranteen erregularizazio prozesuetan, bere ekarpena eginez.

Euskal langileei antolakuntza eta borrokarako deia ere egin diegu gaurkoan, euskal sindikalismo eraldatzailea sustatzen jarraitzeko konpromisoa berrestearekin batera.

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Gaur, Maiatzaren Lehena, LABek hainbat mobilizazio egin ditu Euskal Herri osoan zehar. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra Donostian izan da, eta jarraian irakur daiteke amaierako ekitaldian egin duen hitzartzea:

“Gora Maiatzaren Lehena!

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

Eragiten ari gara; soldatak hobetu eta gutxieneko soldata propioaren aldeko Greba Orokorra egin dugu, euskararen alde aktibatu gara, gerra inperialisten aurka hor gaude. Hor dago LAB, bizitza duinaren defentsan jo ta su, nekerik gabe. Jo ta ke irabazi arte!

Beste urte batez, ezin aipatu gabe utzi preso, iheslari eta deportatuak. Trabak gainditu, salbuespen neurriekin amaitu beharra dago. Guzti-guztiak etxean nahi zaituztegu!

Maiatzaren lehenean, munduko herri langileei begiratzen diegu. Elkartasuna da herrien arteko xamurtasuna. Horregatik:

-Gaur Kuban dago LAB, blokeo kriminalari ezetz esateko! Kubara, milaka kilo elkartasun eraman dugu. 6 tonatik gora osasun material, bizitzari eusteko.

-Gaur Sahararekin gaude! Saharako herriaren autodeterminazio eskubideari bai esateko!

-Eta, noski, gaur Palestinatik inoiz baino gertuago gaude. Joan den urrian Euskal Herria geratu egin genuen! Elkartasun Flotillan doa LAB; estatu kriminalaren erasoen gainetik, lurrez, airez eta itsasoz, bide guztietatik, genozidioa geldiarazi behar dugu.

Injerentziaren aurrean, guk herrien burujabetza eta herritarren ongizatea defendatuko ditugu beti. Euskal langileriak argi eta garbi esaten du: gerra inperialistatik ez! Gora herriak eta gora munduko langileria!

Langileok ez dugu gerraren faktura ordainduko: ez dugu gerraren aitzakian enplegu-galerarik onartuko; ez lan baldintzak okertzea; ez bizitza garestitzea; ez zerbitzu publikoak ahultzea.

Munduan energia iturrien kontrola gerrak eragiten ari da, langileok pobretzen ari da eta oligopolio energetikoa eskandaluzko irabaziak eskuratzen. Aste honetan bertan Iberdrolak 2025ean irabazi errekorrak izan dituela argitaratu du. Hirdokarburoen garestitzea langileok nozitzen dugu. Repsolen irabaziak %154 igo dira aurtengo lehen hiru hilabeteetan. Lotsagabe batzuk dira. Bada garaia kapital handien poltsikoetan eskua sartzeko. Aberastasuna eta boterea gutxi batzuen eskuetan kontzentratzea ez dugu onartzen, eta ez dugu onartuko!

Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri, eta berriz altxa dugu ahotsa gerrari ezetz esateko. Europako Batasunaren noraezari ez. Proiektu sozialik gabeko Europa, Trumpen burutazioen mende dagoena. Konponbidea ez da berrarmatzea, ezta ekonomiaren militarizazioa ere; ezta hemen, Euskal Herrian, ere.

Beste industria politika bat eskatzen dugu, parte hartze soziala industriaren trantsizio ekosozialari ekiteko. Genozidioarekin negozioa egiteari ez, gerrekin negozioa egiteari ez. Ez gure izenean.

Langileen aldeko politikak behar ditugu. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak.

Zerbitzu publikoak sendotu behar dira, hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatzeko. Zaintza eraldatzea eskatzeko Greba Feminista Orokorrean parte hartze aktiboa izan genuen. Helburu horretan mugimendu feministarekin eskuz esku lanean jarraitzen dugu.

Euskararen kontrako oldarraldiak tamainako erantzuna behar du. Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea dugulako, ofizialtasuna eta bermeak behar ditugulako. Langile euskaltzale guzti-guztiok kalera aterako gara maiatzaren 9an. Gure hizkuntzaren defentsan ez da motzean dugun hitzordu bakarra; ekainaren 13an, Iruñean, euskaltzaleon martxa. Badugu plana!

Euskara bezala, etxebizitza eskubidea ere oso garesti jarri jarri digute. Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu beharra dago. Sindikalismoak langileen bizi baldintzen kontrako eraso oro borrokatu behar du. Eta lehen aldiz maizterren greba antolatu dugu. Bizitza duinaren alde, aitzindariak gara berriro ere, eta harro gaude!

Enpleguaren defentsan irmo ari gara hainbat tokitan; ezin ditugu hemen guztiak aipatu. Baina gaur begirada Aiaraldean dugu; eskualde osoa borrokan, a ze duintasuna. Jaso dezatela gure babesa eta txalo bero bat.

Ezin aipatu gabe utzi beste bi adibide eredugarri: bata, martxoaren 17ko greba orokorra, aberastasuna banatu, soldatak hobetu eta gutxieneko soldata hemen erabakitzearen alde; bigarrena, pentsiodunen borroka nekaezina, pentsio duinen alde. Soldatak eta pentsioak hobetzea ezinbestekoa da bizitzaren garestitzeari aurre egiteko.

Langile guztiei bizitza duina ziurtatzeko aldarrikapenak dira. Guk ez dugu inor bazterrean utziko. Horixe da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena. Lanean ari gara arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi arrakalak borrokatzeko, eta ez egin zalantzarik. Berandu baino lehen lortuko dugu!

Lortuko dugu, eta lortzen ari gara. LABek ere bultzatu duen erregularizazio masiboari bide eman dion dekretua garaipen soziala da. Mugimendu migratu antolatuak lortu du justizia sozialekoa den urratsa. Erregularizazio prozesuak errazteko, laguntzeko eta inplikatzeko prest gaude; sindikatua busti egingo da. Baita arrazismo laboralen kontra ere. Patronalari eta gobernuei esaten diegu ez dugula onartuko langile migratuak erabili eta bota daitekeen esku lan merkea izaterik.

Negoziazio kolektiboan ere lortzen ari gara. Grebaren emaitzak hasi dira loratzen. Patronalaren borondatearen kontra, baina negoziazio kolektiboan nabari da grebaren indarra. Urteetan blokeatua egon ondoren, 1500€-ko gutxieneko soldata bermatu eta beste hainbat hobekuntza jasotzen dituen hitzarmena Bizkaiko Grafikagintzan. Edo estatalizatua zegoen kolektibitateetan lehen lan hitzarmena.

Greba Orokorraz hitz egin, eta azpimarratzekoa gazteek greban izan duten inplikazioa. Herri honetako gazteria ez da indibidualista, ez da politizatu gabea, ez pasiboa.

Greban, Korrikan, Topagunean….. Gazteria bizirik eta martxan dago. Segi hortzak erakusten bizitza osorako prekaritatera kondenatu nahi zaituztetenei, eta gogoan izan: hemen gaituzue, bidelagun gaituzue. Euskal gazteria aurrera!

Gutxieneko soldata propioa neurri beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria da. Patronalak eta gobernuek gure proposamenak mespretxatu dituzte, baina borrokak aurrera jarraitzen du. Grebaren indar erakustaldiak bizirik mantentzen du aldarrikapen hori. Indar eta zilegitasun handiagoa eman digu.

Ez da erraza izango. Grebari emandako erantzuna gaizki deitutako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian akordio berri bat aurkeztea izan da. Lan eta soldata baldintzak hobetzeko aurrerapausorik gabeko akordioa eta autogobernua zabaltzeko anbiziorik gabekoa.

Akordio hori ezin da ulertu Pradalesen gobernuak dituen hipotekak kontuan hartu gabe; Confebaskekin, maila sozialean, eta PSErekin, maila nazionalean.

Jada inork gutxik sinesten du Pradalesen egiteko modu berrietan. Akordioak Jaurlaritzaren izaera autoritario eta antidemokratikoan sakontzen du. eta hiru helburu nagusi ditu:

-Confebask zuritzea . Negoziazioari uko egiten dion patronala presionatu egin behar da, babes politiko eta ekonomikoa kendu egin behar zaio.

-Sindikalismo otzana hauspotzea. Lau sosen truke erosi dituzte!

-Klase-sindikalismo subiranista zigortzea. Patronalaren aliatu izatetik patronalaren menpeko izatera pasa den gobernuak ez du langileen aldeko politikak egiteko anbiziorik; ez du euskal esparrua eratzeko eskumenak zabaltzeko anbiziorik. Eta gu oztopo bilakatu gara; isilarazi egin nahi gaituzte.

Entzun gaitzatela. Ez dute lortuko! Jai dute. Ez gaituzte kikilduko. Gure apustuan berresten gara. Borroka da bide bakarra.

Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antirrazista garatzen jarraituko dugu. Langileen errealitateari hobekien erantzuten dion sindikatua gara. LAB zabaltzen jarrai dezagun; zenbat eta indar gehiago, orduan eta aukera handiagoak sindikalismo eraldatzailea aldarrikatu ez ezik, praktikara eramateko.

Aldarrikapen eta borroka eguna da gaurkoa. Baina izan dezala gozamenetik ere. Bihartik aurrera berriro borrokan elkar rekin topo egingo dugu.

Gora langileon borroka! Gora Euskal Herria askatuta!”

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu langileen lan eta soldata baldintzetan, besteak beste, 1.500 euroko gutxieneko soldataren ezarpena.

LABek gogorarazi du 2020an lehen urratsak eman zituela hitzarmen propioa bultzatzeko eta hitzarmen estatalak ezartzen zituen lan baldintza prekarioei aurre egiteko. Ordutik, erakunde sindikalak grebak, lanuzteak, mobilizazioak, asanbladak eta protesta ekimenak bultzatu ditu. Prozesu horrek sektoreko langileen “antolatzeko gaitasuna, sendotasuna, irmotasuna eta ausardia” izan dituela elementu erabakigarri gisa nabarmendu du.

Aurreakordioak garrantzitsuak diren hobekuntzak jasotzen dituela adierazi du sindikatuak. Besteak beste, kategoria guztietan 1.500 eurora iristea, 123 orduko lanaldi murrizketa –2027an 82 orduko jaitsiera–, norberaren eginkizunetarako lau egun izatea eta bajen osagarrian aurrerapenak. Era berean, enpresetan dauden lan hobekuntzak blindatuko dira, hau da, baldintza hobeak dituzten langileek ez dute galerarik izango eta soldata altuenak urtero igotzen jarraituko dute.

LABek nabarmendu du akordio honek jasotzen duela Hego Euskal Herriko martxoaren 17ko greba orokorraren aldarria, 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen zuena Nafarroan. Sindikatuaren arabera, emaitzak erakusten du “Nafarroan posible dela” negoziazio propioan aurrera egitea eta sektorearen estatalizazioari aurre egitea, lan eta politika esparruan agertoki berri bat irekiz.

Sindikatuak adierazi du “bide gogor bezain goxo” baten ondoren garaipen kolektibo baten aurrean daudela, eta eskerrak eman dizkie borrokan parte hartu duten langile guztiei. Datozen hilabeteotan, hitzarmenaren behin betiko erredakzioa lantzen arituko dira aldeak.

Erandioko Udaleko langileak mobilizatu egin dira gaur, Erandioko udalak hasi asmo duen etxez- etxeko laguntzaren pribatizazioaren aurka

Urteak daramatzate etxez- etxeko laguntza zerbitzua indartzea exijitzen. Alde batetik, zerbitzurako sarbidea izan beharko luketen erandioztar guztiei eskubidea bermatzeko eta bestetik, ematen den zerbitzuaren kalitatea egokia izateko eta azkenik zerbitzuko langileen lan baldintzak errespetatzeko. Udalak bitartean, zerbitzuko lan- kargak gehitu dituela salatu dute, denbora gutxitu duela, ez duela dependentzia legeak exijitzen duen zerbitzua bermatu eta plantila berritu ez eta ezegonkortu egin duela esan dute.

Egoera honetan, udalak hartu duen zerbitzua zabaltzeko erabakia berri ona dela deritzote langileek. Kontrara, zerbitzua zabaltzeko modua gaitzetsi dute, izan ere, zerbitzu hori indartzeko modua enpresa pribatu baten bidez egin asmo du Udalak. Enpresa pribatu baten bidez kudeatzeak, zerbitzuaren kalitatea jaistea, plantila ezegonkortzea eta langileen lan baldintzak prekarizatzea suposatuko lukeela esan dute. Arratsalde eta asteburuetako zerbitzua enpresa pribatu baten bidez ematea gerora etorriko den zerbitzu guztiaren pribatizazioaren hasiera besterik ez izatearen kezka dute.

Horregatik, langileek Udalari etxez – etxeko laguntza zerbitzua zabaldu eta sendotzea exijitu die eta hori kudeaketa publiko bidez egitea, horretarako behar den lan- eskaintza eskaintza publikoa eginez.

Langileen arazoa bakarrik ez eta herritar guztiei eragiten dien auzia dela iritzita, datorren maiatzaren 15ean arratsaldeko 18:00etan Behekoa Ikastetxeko 207 gelan egingo den asanblada informatiboan eta maiatzaren 22an 18:30etan egingo den mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

PRIBATIZAZIORIK EZ ETXEZ- ETXEKO ZERBITZUA INDARTU

Igor Arroyo: “Batzuentzako prekaritatea dena, beste batzuentzako etekinak dira”

LABeko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa eman du gaur goizean Naiz Irratiko mikrofonoetan. Greba Orokorraren osteko egoeraz, lan osasunaz, euskara eskakizunen aferaz edota, nola ez, biharko, Maiatzaren Lehenerako, sindikatuak eginiko deialdiez mintzatu da, besteak beste.

Langileen aldeko politiken beharra ipiniko dute erdigunean biharko, Langileen Nazioarteko Egunerako, LAB sindikatuak eskualdez eskualde deitutako mobilizazioek. Ildo horretan, hiru aldarrikapen nabarmenduko dira: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak. Izan ere, Arroyok nabarmendu duenez, “sistema bidegabe eta gero eta bideraezinago batean bizi gara” eta, horren aurrean, “alternatibak planteatu eta mugatuak diren baliabideak modu justuan banatu behar dira”.

Enplegua, zaintza eta etxebizitza, langileontzako bermatuak egon beharko liratekeenak, etekinak eskuratzeko bitarteko gisa erabiltzen diren honetan, Arroyok uste du agintari eta instituzioek harturiko neurriak guztiz eskasak direla eta gaur-gaurkoz ez dagoela langileen aldeko sakoneko neurriak hartzeko borondaterik; bai, ordea, patronalaren interesetara lerratzekoa. Bada, jarrera horrek gero eta ondorio politiko handiagoak izango ditu LABeko koordinatzaile orokorraren ustez, langileak ez baitaude prest desoreka hori luzaroagoan jasateko.

Aipaturikoaz gain, absentismoaren gezurra erabilita patronalak langileak desprestigiatzeko abiaturiko kanpaina hartu du ahotan Arroyok, eta gogorarazi du enpresariei merke ateratzen zaiela lan osasunaren arloan legea ez betetzea. Bada, ikuskari kopurua, “guztiz urria” dena, areagotu behar dela aldarrikatu du.

Bolo-bolo dabilen euskara eskakizunen gaiari ere heldu dio LABeko koordinatzaile orokorrak, aipatu duelarik, LABen ustez, euskarak gaztelaniaren estatus bera izan behar duela eta oinarri hori aintzat hartuta ezarri behar direla hizkuntza eskakizunak enplegu publikoan, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira.

Horregatik guztiagatik, bihar kalera ateratzearen eta langileon eskubideen alde borroka egitearen garrantzia azpimarratu du Arroyok.

Enplegu Publikoaren Legean PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu dute LABek, ELAk eta Steilasek

Alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide euskarafoboak presio antolatua eragiten ari dira administrazioen euskalduntzea ekiditeko; kriminalizazio eta presioen aurrean eragile eta norbanako euskaltzaleak maiatzaren 9an mobilizatzera deitu dute sindikatuek.

Azken hilabeteetan eragile eta sindikatu euskaltzaleen aurkako kanpaina egiten ari dira PSE-EE eta beste eragile euskarafobo batzuk. Eragile hauek iraganeko posizioetan atzera egin dute: uko egin diote administrazioetan eta gizartean hizkuntza eskubideak progresiboki parekatzeari eta euskara gaztelaniaren menpeko hizkuntza gisa betikotu nahi dute.

Orain 40 urte, PSE-EE eta beste eragileak ados zeuden gizartearen euskalduntze progresiboa eman beharrarekin, baina orain, hori gauzatzeko neurriak adosterakoan, beto eskubidea ezartzen dute. Hala egin zuten Hezkuntza Legean euskalduntzea oztopatzen dute A eta B ereduak inposatu zituztenean, eta hala ari dira orain, administrazioetan euskararen eta gaztelaniaren exijentzia progresiboki parekatzea eskatzean. Eragile hauek guztiak euskararen alde azaltzen dira, betiere, gaztelaniaren menpekoa den bitartean.

Kriminalizazio kanpaina horretan kokatu behar dira, besteak beste: administrazioetan hizkuntz eskakizunak kentzeko kanpaina antolatua, epaileen doktrina aldaketa atzerakoiak, Korrikaren aurkako komunikazio kanpaina, LAB eta ELA eremu sozioekonomikoko eztabaida batzordetik kanporatu izana edo, atzo gertatu bezala, PSE-EEk bultzatutako manipulazio kanpaina, EH Bildurekin akordioak egin ez daitezen.

LABen, ELAren eta Steilasen iritziz, kanpaina honek sakoneko eztabaidatik aldentzea dakar, eta, edukiei buruzko eztabaida egin beharrean, eragile euskaltzaleak ustez muturreko posiziotan daudela aditzera ematea, ondoren PSE-EEk eta gutxiengo sindikalak beto eskubidea izan dezaten. PSE-EEk beto eskubide hori gauzatu nahi du gaztelaniaren nagusitasuna betikotzeko.

LABen, ELAren eta Steilasen iritziz Enplegu Publikoaren Legearen baitan hiru printzipio bete behar dira:

• Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.
• Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.
• Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.

Proposamen honek hizkuntza eskubideen parekatze progresiboa posible egiten du, euskararik ez dakiten langile guztiei euskalduntzeko aukerak emanez. Soilik horrelako proposamen batek egiten du posible lan eskubide guztiak errespetatzea; hau da, inoren lana arriskuan ez jartzea euskalduntzeko aukera errealak eskainiz eta langileek euskaraz ere lan egiteko eskubidea izatea.

Pasa den asteko Eneko Anduezaren eta asteburuko Mikel Torresen eta PSE-EEren adierazpen guztiek argi uzten dute euskaltzaleen posizio politikoak manipulatzen ari direla. LABek, ELAk eta Steilasek alderdi politikoak deitzen dituzte, eta bereziki EAJ, PSE-EErekiko harremanak hizkuntz eskubideen zapalkuntzan ez oinarritzera.

Azkenik, kriminalizazio eta manipulazio kanpaina honen aurrean euskaltzaletasuna antolatzera deitzen dute LABek, ELAk eta Steilasek, lehenbizi, maiatzaren 9an Bilboko kaleetan eta, ondoren, ekainaren 13an Iruñean.

LABek 1.500 euroko soldata bermatuko duen Nafarroako Kirol kudeaketako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek (LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk) aurreakordioa sinatu dute apirilaren 21ean, besteak beste, 1.500 euroko sektoreko gutxieneko soldata ezartzen duena.

Negoziazioak hilabetez blokeatuta egon ondoren, martxoaren 17ko Greba Orokorra eta gero lortu da aurreakordio hau, datu esanguratsua sindikatuarentzat: “ospatzekoa da sektoreko soldata baxuena 1500 euroren gainetik egotea, eta hau, Martxoaren 17an kalera atera ziren langile guztiei esker lortu dugu”.

Sindikatuaren ustez, aurreakordio berria aurrerapen nabarmena da CCOOk eta UGTk 2022an sinatutako eraginkortasun mugatuko aurreko hitzarmenarekin alderatuta. Hitzarmen horrek, gogorarazi duenez, “sektorea desitxuratu zuen”, gehiengo sindikalak errespetatu ez zituelako eta “beren eskubideen alde borrokan aritu ziren sektoreko langileen gainetik pasatu zelako”.

Testuinguru horretan, LABek bere papera aldarrikatu nahi izan du CCOO eta UGT “beren tokitik mugiarazteko eta negoziazioa baldintzatzeko, aurreko negoziazioetan lortu ez ziren hobekuntzak bermatuz eta patronala deseroso sentiaraziz”.

Hitzarmen berriak eros ahalmena bermatzen du eta soldatak igotzen ditu, igoerak lehen urtean soldata errealei aplikatuz. Gainera, aurreko negoziazioetan ez bezala, urteko lanaldia murriztea lortu da. Bestalde, azkeneko kategoria azken aurrekoarekin parekatuko da, sektorea 1.500 euroren gainetik kokatuz. Neurri horiekin, akordioak lan-baldintzak hobetzen ditu sektore osoan, 2022ko eraginkortasun mugatuko hitzarmena gaindituz.

Hala ere, hobetzeko alderdi garrantzitzuak oraindik falta direla adierazi du LABek, hala nola gaixotasun osagarrien igoera edota antzinatasuna. Horregatik, sindikatuak langile-klasearen baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu du.