LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok deitu dugu greba EAEko sektore publiko osoan, “Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu” lelopean.
Lehen orduan jasotako datuen arabera, EAEko sektore publikoko grebaren jarraipen zabala izaten ari da. Sektorean %80ko ordezkaritza duten sindikatuek deitu dute. Sektoreka aztertuta:
– Hezkuntzan, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen oso zabala izango duela dirudi. Hezkuntza Publiko ez unibertsitarioan gutxieneko zerbitzuak handitu izanak milaka hezitzaile utziko ditu greba eskubiderik gabe.
– Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da lehen orduotan. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuek ezarritako albistegiak bakarrik emititzen ari direla. Garraio publiko ez pribatizatuan ere, grebaren jarraipena zabala izaten ari da.
– Osakidetzan gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu zaio, zerbitzu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak direlako. Adibidez, gaueko txandako langileetako ia inork ere ezin dezake greba egin.
– Administrazio Orokorrean eta Justizi administrazioan jarraipena aurreko grebarena baino zabalagoa izango da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra. Udal eta foru esparruan ere grebaren jarraipena oso zabala izango dela dirudi.
– Datu bezala, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (OSE) langileek grebarekin bat egin dute, eta ondorioz, gaur Iruñean eman beharreko kontzertua bertan behera geratuko da.
Lehen orduko piketeen ostean, hiru hiriburutan egingo dira manifestazioak 11.30ean hasita: Bilbon Udaletxetik, Donostian Bulebardetik eta Gasteizen Bilbao plazatik. Greba jarraipena ikusita manifestazioak oso jendetsuak izango direla uste dute sindikatu deitzaileek.
Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuaren aginduak milaka langile greba eskubiderik gabe uztea du helburu. Horretaz gain, sindikatuok salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak greba bezperetan argitaratu duela agindua, hauen aurkako bide juridikoa oztopatzeko.
Martxoaren 12ko greba eguna otsailaren 13an egin genuen publiko LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok. Grebaren erregistro formala orain dela hamabi egun, zehazki otsailaren 29an.
Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzak gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua martxoaren 8an argitaratu eta jakinarazi du. Greba deialdia publiko egin genuenetik hilabete igaro da eta formalki erregistratu genuenetik 8 egun. Agindua ostiral batean eta greba egunaren bezperan argitaratu du beraz, lan egunei erreparatzen badiegu. Hau, gainera, langileon ordezkari eta grebaren deitzaile garen sindikatuokin inolako aurretiazko bilerarik edota kontrasterik egin gabe.
Portaera hau ohiko bihurtu da Lan delegaritzarentzat. Zerbitzu minimoen aginduak greba egunen bezperetan argitaratzen ditu sistematikoki, eta garai batean sindikatu deitzaile eta administrazioekin gauzatzen zen audentzia fasea gauzatu gabe. Martxoaren 12rako aginduak, urrian eta abenduan egindako greba egunetarako ezarritakoak baino zerbitzu minimo handiagoak ezarri ditu, arrazoibide eta motibazio nahikorik azaldu gabe.
Sindikatuok larunbatean aurkeztu genuen aginduaren aurkako demanda EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta bertan neurri kautelar gisa agindua bertan behera uzteko eskaera gauzatu genuen milaka langileri greba egiteko eskubidea ez ukatzeko. Auzitegiak, greba egunaren aurretik epaia ez aurreratzea erabaki du, greba eskubidearen urraketaren inguruko erabakia prozesu guztia gauzatutakoan ematea ebatziz.
Sindikatuok salatu nahi dugu greba eskubidearen aurkako urraketen aurka bide juridikoa edota bestelako ekintzak gauzatzeko aukerak zapuztea eta gero eta langile gehiago greba eskubiderik gabe uzteko asmoa dagoela jarrera honen atzean.
Izan ere, zerbitzu minimoen aginduetan gero eta zerbitzu minimo handiagoak ezarriz doa Jaurlaritza poliki poliki; greba eskubidea hustuz eta langile publiko gero eta gehiago grebarako eskubide gabe utziz. Osakidetza edo hezkuntza bezalako sektoreetan gutxieneko zerbitzuek milaka langile greba eskubide gabe uzten ditu, lan egun arruntetan lanean dagoen langile kopurua bermatzen ez duen bitartean, greba egunetarako langileen %100a lanera joatera behartuz gutxieneko zerbitzu gisa. Martxoaren 12ko grebari dagokionez, pauso bat gehiago eman du Jaurlaritzak greba eskubideraen urraketa honetan eta hezkuntza publikoko hezitzaile guztiak greba eskubiderik gabe utzi nahi ditu.
Gaur, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESM, SME eta UGTren deialdiari jarraituz, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Maria Diaz de Haroko larrialdietako Osakidetzako basearen aurrean, negoziazioa eskatzeko.
Urteak daramatzate Osakidetzaren larrialdietako egoera jasanezina salatzen. Langileen lan-baldintzak okertzen ari dira, eta, gainera, gero eta txanda gehiago daude bete gabe, herritarrei arreta emateko orduan sor daitekeen arriskuarekin. Hori guztia Kudeaketa Talde eta horien arduradunen kudeaketa txarraren ondorioz da; izan ere, ez dira gai Osakidetzako larrialdiak puntako eta kalitatezko zerbitzu bihurtzeko.
Egunez egun egiaztatzen ari den gainbeheraren eta kudeaketa txarraren aurrean, eta Zuzendaritzak zerbitzua hobetzeko borondaterik ez duenez, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuok azken hilabeteetan egiten ari garen mobilizazioekin eta protestekin jarraituko dugu, eta, era berean, Zuzendaritzari premiazko bilera bat eskatzen jarraituko diogu, zerbitzuaren arazoak konpondu ahal izateko. Horrela, zerbitzua murrizten jarraitzea eta gero eta prekarioago lan egitea saihestuko da.
Horregatik guztiagatik, zerbitzuaren politika aldatu eta herritarrei kalitatezko arreta bermatzeko benetako negoziazioa egon arte, langileen eskubideak errespetatuz, borrokarekin eta mobilizazioekin jarraituko dugu.
Horrela, martxoaren 24ra arte, Osakidetzako larrialdietako langileek borroka hamabostaldiaeta mobilizazioak egingo dituzte, negoziazioa eta egoera hobetzea lortu arte. Horrela, martxoaren 19an elkarretaratzea egingo dute Donostian, Gipuzkoa Plazan eta martxoaren 22an beste horrenbeste egingo dute Gasteizen, Andra Mari Zurian. Era berean, kanpoko langileei dei egiten diete euren borrokarekin bat egiteko eta bitarte horretan larrialdietako zerbitzuko txandak ez onartzeko.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak manifestazioak deitu ditugu maiatzaren 11rako Bilbo eta Iruñean Alternatiba Ekosozial Justua aldarrikatzeko. Iruñekoa, 12:00etan abiatuko da Gaztelu Plazatik eta Bilbokoa, 17:00etan Jesusen Bihotzetik.
Irailaren 30ean, Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak antolatuta 40 eragiletik gora bildu ziren “Su txikien itsasoa” lemapean egin ziren topaketetan, helburua su-txiki handi guzti horiek aldaketarako itsaso bihurtzeko zoru komuna eraikitzea zen. Hausnarketa horiek abiapuntu, zazpi ardatzetan laburtu dira alternatiba ekosozial justu baten alde eredu ekonomiko eta politikoan eman beharreko eraldaketak.
Mobilizazioen deitzaileak Euskal Herriko Eskubide sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxa eta Gune Ekosozialista izanik ere, beste hainbat eragilek babesten dituzte gaur aurkeztutako mobilizazioak. Orain arteko bideari jarraiki, datozen hilabeteetan babesak biltzen eta lantzen, eta elkarrekin egindako prozesua eta sortutako konfluentzia jorratzen jarraituko dute.
Alternatiba ekosozial justua beharrezkoa da. Egungo egoerak krisi ekologiko sakonera eta bizitza eta lan gero eta prekarioagoetara garamatza. Erregai fosilei eta ekonomiaren hazkunde infinituaren logikari lotuta jarraitzen dugu. Murrizketek, merkantilizazioak eta prezio altuek elikadura osasuntsua, pentsio duinak edo etxebizitza duina izateko eskubidea ukatzen dute. Zerbitzu publikoak eraisten ari dira. Zaintza lanak funtsezkoak dira, baina egun zaintza sistema publikoa ez dago bermatuta. Matxismoa eta arrazakeria gorantz doaz. Gerrak eta autoritarismoa ugaritzen ari dira. Bitartean, gero eta irabazi handiagoak metatzen dituzte enpresariek, finantza-funtsek, supermerkatu handiek, banketxeek. Egungo gobernuek eta maila instituzionaletik sustatzen dituzten politika publikoak ez nahikoak dira norabide hau aldatzeko. Askotan bide berean sakontzen dute.
Alternatiba ekosozial bat beharrezkoa da. Ekologikoa eta sozialki justua. Honen alde lan egiteko 7 oinarrizko ardatzak oinarrizko adostu dituzte:
Planeta bizigarri bat behar dugu guztiontzat eta horretarako larrialdi klimatikoari eta krisi ekologikoari aurre egin behar diogu.
Eredu ekonomiko eta sozialaren helburua bizitza bizigarriak bermatzea izan behar da, ez negozioa bermatzea.
Lanak, eta bereziki funtsezko lanak eta enpleguak, duindu eta birbanatu behar ditugu. Aberastasuna ere banatu behar da, eta gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute horretarako.
Bizitzarako funtsezkoak diren eremuak ez ditugu merkatuaren esku utzi nahi. Elikadura burujabetza, telekomunikazioak edo energia ezinbestekoak dira eta horren alde egin behar da eremu publikotik.
Eskubide guztiak nahi ditugu pertsona guztientzat, denok dugulako bizitza duina izateko eskubidea. Diskriminazio matxista, arrazista edo ezein motakoekin amaitu behar da, eta lehentasunez, Atzerritartasun Legea bertan bera uztea ezinbestekoa da.
Gerra eta gastu militarrari ezezkoa esaten diogu eta gure gizarteen eta ekonomiaren desmilitarizazioa eskatzen dugu.
Egin behar diren eraldaketa guzti hauek ezin dira merkatuaren esku utzi. Plangintza publiko sendoak eta demokratikoki eraikiak behar ditugu.
Horregatik maiatzaren 11n Bilbon eta Iruñean egingo ditugun mobilizazio ekimenetan parte hartzeko deia luzatzen dugu ekimen honen sustatzaileok.
Gipuzkoako egurgintzako hitzarmena 2003tik berritu gabe dago, honek ondorio larriak sortu ditu sektoreko langileengan, askok beraien lan baldintzak eguneratu gabe baitauzkate azken 20 urteotan. LABentzat hau onartezina da, egurgintzako langileek hitzarmena behar dute.
LABek ibilbide luzea egin du hitzarmena berreskuratzeko helburuarekin, 2023ko uztailean negoziaketa mahaia osatzen saiatu ginen baina ADEGIk borondate falta argia erakutsi zuen eta ez zen posible izan negoziaketa mahaia osatzea. Ordutik enpresetan mozioak, sinadura bilketak eta beste hainbat ekintza egin ditugu ADEGIren jarrera aldatzeko.
Horretaz gain ADEGIk pausorik eman ez duenez berriro negoziaketa mahaia osatzeko bilkura deitu dugu martxoaren 12rako.
Gure erronkak argiak dira:
• Eros ahalmena berreskuratu behar da.
• KPIri lotutako soldata igoerak.
• Lanaldi murrizketa.
Azken finean Gipuzkoako egurgintzak hitzarmena behar du eta argi daukagu lortu arte borrokan jarraituko dugula.
Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuaren aginduak milaka langile greba eskubiderik gabe uzten ditu. Greba eskubidea egikaritzeko neurri kautelarrak epaitegian eskatzea aztertzen ari dira deitzaileak. Bestalde, ehunka asanbladek bat egin dute sektore publikorako deitutako grebarekin.
Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko administrazioko ordezkariak plazaratu dute martxoak 12ko grebaren gutxieneko zerbitzuen agindua. Beste behin ere, inposatutakoak dira, ez direlako deitzaileekin negoziatu. Aurreko deialdian gertatu bezala, milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik utziko ditu.
Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena den honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan. Azpimarratu behar da, gainera, greba egun bakar bat izanik, guztiz funtsezkoa dena bakarrik bermatu beharko litzatekeela. Ordea, grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko saiakera berri baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko.
Aginduen edukia ikusita, argi dago erakundeek apustu egin dutela pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko. Pandemia aitzakia ezin hobea izan da gutxieneko zerbitzuak esponentzialki handitzeko, Adibidez:
ď‚· Osakidetzan: Lehen Arretan jaiegun bateko gutxienekoak ezartzen ziren, eta orain, berriz, larunbat batekoak.
ď‚· Hezkuntzan: unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, zuzendaritzako pertsona bat eta sarrera kontrolatzeko beste bat egon behar ziren. Orain, berriz, irakasle bat egon behar da hezkuntza etapa bakoitzean, eta horri Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ikasleko beste pertsona bat batu behar zaio.
ď‚· Gainera heziketa bereziko hezitzaileen kasuan, zerbitzu minimoak handitu dituzte, eta utzi ditu praktikan kolektibo horretako langileria guztia greba eskubiderik gabe. Horren aurrean, agindua errekurritzea eta greba eskubidea egikaritzea ez oztopatzeko neurri kautelarrak eskatzea aztertzen ari gara.
Bestetik, azken egunetan ehunka asanblada egiten ari dira lantokietan. Bertan, langileek harriduraz eta atsekabez ikusten dute sektore publiko osoko bi greba egun egin ostean eta hirugarrenaren atarian, erakundeek sektore publikoa indartzeko eta horiek aurrera eramaten dituzten langileen lan baldintzak hobetzeko erakusten duten borondate eza. Izan ere, bozkatzeko kultura dagoen eskualdeetan, aldeko botoa nagusitzen ari da egindako bozketa guztietan (udaletan, eskoletan etab…). Ondorioz, martxoaren 12ko grebaren jarraipena zabala izango dela espero dute sindikatuek.
LABek Gasteiz, Iruñea eta Baionan egin ditu mobilizazioak aurtengo martxoaren 8an. Pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatu du sindikatuak. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra Gasteizen izan da, Probintzia plazatik abiatu den mobilizazioan.
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra zaintzaren eraldaketari ekiteko urrats erraldoia izan zela adierazi du Aranburuk, zaintza sistema eraldatu gabe, emakume* eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorikoa dela nabarmenduz. “Zaintza lanak banatu eta kolektibizatu behar dira, erantzukidetasuna bultzatzeko neurriak beharrezkoak dira eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratu behar da”, gaineratu du.
Bere esanetan, zaintza sistema publiko komunitariorik ez izateak bizitzen eta lanen prekarizazioa iraunkortzen du eta zaintza kate globalak emakume* batzuen bizitzak are gehiago esplotatzea dakar, eta horren erakusgarri dira Euskal Herrian gaur egun aurki daitezkeen muturrreko egoerak.
Hala ere, ez du ukatu emandako urrats erraldoia: “Sistema kapitalista heteropatriarkalaren zutabeak arrakalatzen ari gara, pitzadurak sortu ditugu eta horiek handitzen jarraitzea dagokigu”. Zaintzaren erronkaren inguruan egindako pedagogia ariketa sakona nabarmenduz, emakumeon* bizkar erortzen den zaintza eredu bidegabea salatu eta gaia politizatu dela adierazi du. “Ari gara zaintzari behar duen tokia egiten, eremu sindikal, sozial zein politikoan”.
Nafarroa zein Gasteizko Gobernuei dagokienez, salatu du azaroko grebaren ondorioz, agendan kokatu dutela zaintzaren gaia, baina ez egoerak eskatzen dituen erantzunak emateko. “Bereganatu dituzte feminismoaren hainbat kontzeptu eta zuriketa eta desitxuratzearen jokoan sartu dira”, gaineratu du.
Politika feministak eskatu ditu Aranburuk, ez mezu politikoki zuzenak. Eta honetan sakonduz, eta emakume* eta feministen determinazioa goraipatu ditu: “Ez duzue lortuko gure bidetik ateratzea, borrokan jarraituko dugu zaintza eraldatu arte”.
Apirilaren 21ean EAEn izango diren hauteskundeak aipagai, adierazi du marketing kanpaina jarri duela martxan urte luzez zaintza pribatizatu eta negozio eremu bilakatu duen EAJk.
Horrela, jeltzaleek proposatutako Zainketen aldeko euskal ituna egungo zaintza eredua egonkortzeko apustu argitzat jo du. “Gobernu honek aukera berdintasuna erdiesteko konpromisoa duela esaten digu, baina badakite neurri hauekin hori ez dela gertatuko”, gaineratu du.
Kritikan sakonduz, gaineratu du EAJren proposamenak ez dakarrela eredu berririk, ez zaintza duina jasotzeko dugun eskubidea bermatzeko inolako neurririk. Horrela “zaintzak eskubide ez baina negozio iturri izaten” jarraituko duela adierazi du, “ez baitago pribatizazioarekin amaitu eta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko inolako asmorik, ez zaintza eremuko langileen soldata eta lan-baldintzak duintzeko edo zaintza lanak erantzukidetasunez berbanatzeko neurririk”.
Itun honen helburua zaintza lanetan ari diren emakumeen* borroka zikloa, Greba Feminista Orokorrak indartutakoa, desaktibatzea dela salatu du Aranburuk. Gaineratu du EAJk beti defendatu dituela kapitalaren interesak, eta sindikatuak, eragile sozialak, Mugimendu Feminista eta emakume* langileak mespretxatu dituela; eta ez diela erantzuten grebara atera zirenen aldarrikapenei.
Gogoratu du azaroaren 30eko grebaren hurrengo egunean dei egin zitzaiola gobernuari Mahai Intersektorial bat osatzeko eta gobernuak ez zuela honetarako inolako borondaterik erakutsi.
Aranburuk gaineratu du zaintza eraldatu gabe ez dagoela diskriminazioekin amaitzerik: “Zaintza denboren banaketa desorekatuari edo sexuen araberako lan banaketari eusten zaion bitartean soldata arrakalak iraun egingo du, emakumeok* esfera publikoan aritzeko desabantailan egongo gara eta denbora libreaz gozatzeko aukera gutxiago izango dugu”.
Bestelako politika publikoak eta aldaketa politikoak ere eskatu ditu Aranburuk, EAJren eredua, PSEk babesten duena, agortuta dagoela zehaztuz. “Aldaketa hori egingarria da eta gero eta gertuago ikusten dugu” gaineratu du, aldaketa bultzatzen jarraitzeko dei egitearekin batera.
Mobilizazioa egin dute Bilbon, Alde Zaharreko geltokiko San Nikolaseko irteeran, eta betan salatu dute Euskotreneko langileei zuzendutako ikastaro bat borondatezkoa dela, berau derrigorrezkoa izatea eskatuz.
Oraintxe beteko dira hiru hilabete EuskoTreneko langileek emakume eta gizonen berdintasunari buruzko sentsibilizazio ikastaroaren berri izan zutenetik. Pozgarria izan beharko litzatekeena, ordea, harriduraz eta haserrez bizi izan zuten, inolako aitzakiarik eta salbuespenik gabe langile guztientzat derrigorrezkoa izan behar litzatekeen berdintasun ikastaroa borondatezkoa dela. Borondatezkoa eta ordaindua. Hala ere, enpresak soilik ez, sindikatu batzuetako ordezkariek ere begi onez ikusi zuten enpresaren proposamena, eta horrekin batera, ikastaroarekin aurrera jarraitzeko beren babesa eskaini zuten. Zoritxarrez, munduko beste zenbait tokitan bezala, Euskotrenen ere emakumezkoek jasaten dituzte gizarte heteropatriarkal honek eragindako egoerarik latz eta bortitzenak. Hortaz, ikastaroak derrigorrezkoa behar duela uste dute Independienteek eta LABek.
EuskoTrenek erakusten duen berdintasunarekiko jarrera itxurakeria hutsa dela salatu dute. Horren adibide garbia da enpresak aldebakarrez onartutako IV. Berdintasun Plana. Alde sozialeko inork sinatu eta onartu gabeko plana erregistratu zuen enpresak, negoziazio trakets baten ondoren, eta datuak nahieran moldatu eta erabili zituzten haien mesederako. Plana ez zen gizartera ezta enpresara ongi egokitzen, ez zegoen plana aurrera eramateko aurrekontuen nondik norakoen berririk, plana osatzeko erabili zituzten neurgailu eta arduradunak interesatuak ziren, eta abar.
Tamalez, egoera aldatzen ez dela ikusita, langile askok ikastaroa egiteari uko egin behar izan diote, ez baitute begi onez ikusi ikastaroa borondatezkoa izanik, berau egitearen truke eskaini duten ordainsaria.
Adierazi dute, prozesu honekin, ikastaroa merkantilizatzea baino ez dutela lortu, langileen artean guztiz gaitzesgarriak diren jarrerak bultzatzeraino.
Otsailaren 6an, jazotakoaren berri ematen duen idatzi bat bidali zioten Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarresta Larrabideri. Oraindik ez dute erantzunik jaso, baina aukera dute gure aldarriei eusteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Sailburua den Nerea Melgosak komunikabideetan berriki adierazi duenez, berdintasuneko lege berriak garrantzia handia ematen omen dio prestakuntzari: “Berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun-politiken oinarrizko zutabea da, eta ezinbestekoa da berdintasunerantz aurrera egiteko gizarte honek behar duen balio-aldaketa.’’ Gaineratu du legeak administrazio publikoei eskatzen diela bere langile guztiek derrigorrezko prestakuntza jaso behar dutela. Beraz, guztiz onartezina da EuskoTren bezalako enpresa publiko batean arduradunek erabaki dutena eta langileak bizitzen ari direna.
Horiek horrela, berdintasun ikastaroaren derrigortasunaren aldeko apustua egin dute langile askok, eta besteak beste, honakoa eskatu dute: Ikastaroa EuskoTreneko langile guztientzako (zuzendaritza eta goi- karguak barne) nahitaezkoa izan dadila, lanorduetan eta presentzialki egin behar izatea eta horretarako formakuntza duen norbaitek ematea, formakuntza hau ez dadin itxurakeriaz erabili, lan harremanak eraldatzeko baizik.
Goizeko 10etatik hasita, hainbat jarduera egin dituzte Gasteizko Inmon Carmelitas egoitzako langileek negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko. Hamaiketakoa egin dute babesa ematera gerturatu diren pertsonekin; boterearen aurkako irudimena erabili dute hedapen- eta errebindikazio-materialaren tailer batean (pankartak, kartelak, txapak…), eta goiz osoan informazio puntu bat mantendu dute lantokiaren aurrean.
2021etik daude enpresa-hitzarmena berritzeko akordiorik gabe, eta duela hiru hilabetetik negoziazioa blokeatuta dago, hain zuzen ere, enpresak euren proposamena errefusatu zuenetik eta negoziazioetan aurrera egiteko berriro elkartzeko eta aldeetako bati kalterik egingo ez dion akordioa lortzen saiatzeko aukera baztertu zuenetik.
Enpresak gehiegizkotzat jotzen ditu 2023, 2024 eta 2025eko urteetako soldata-igoera eskariak, KPI gehi %1,5ekoak, KPIa maximo historikoetan kokatu den bi urteko soldata izoztuen ondorioz izan dute eroste-ahalmenaren galera berreskuratzeko.
Langileen ustez, urteko KPIaren igoera gutxieneko markatzailea da langile-klasearen pobretzeari aurre egiteko. Bizitzaren kostuak gora egiten badu, soldatek neurri berean egin behar dute gora. Izan ere, ezin zaio gaur egungo bizitzaren kostuari aurre egin 2020ko soldata batekin.
Urteko lanaldia murriztea eta eguneko lanaldia berrantolatzea ere eskatzen dute. Egoitza horretan, zehazki, 6,5 ordu eta 8 egun lan egiten dituzte, eta 2 egun libratzen dituzte. Askotan eskatu diote enpresari ordutegia doitzeko, egunero 7 orduko lanaldiak egin eta atseden egunetan irabazi ahal izateko. Enpresak langile falta aipatzen du, eta, aldi berean, lanaldi partzialak ezartzen dizkiete plantillako langile askori. Lankide horiek ere beren lanaldiaren ehunekoa handitzeko eskatzen ari dira, egonkortasun ekonomikoa lortzeko, baina enpresak miseria eta prekaritatea soilik eskaintzen dizkie.
Enpresak langileen proposamenak ez onartzeko darabilen argudioa hitzarmen- probintziala ez izatea da, eta, beraz, estatukoaren aplikazioa. Horregatik, sektoreko lankide guztien alde borrokatzera ere atera dira.
Gainera, adierazi dute nazka-nazka eginda daudela egoitzetan duten egunerokotasuna azaltzeaz eta kontatzeaz, lan egiteko baldintzez, lan-kargaz eta euren lana modu seguru eta osasungarrian egin ahal izateko baliabide-urritasunaz. Lana seguru eta osasungarria izatea nahi dute, eurentzat baina baita erabiltzaileentzat ere.