2025-12-29
Blog Page 144

Aurre-erretiro txanda: Dekretuaren luzapena negoziatu gabe, Eusko Jaurlaritzak murrizketekin eta inposaketekin agurtu ditu langile publikoak

Hil honetan Eusko Jaurlaritza utziko duten alderdiek euren aztarna utzi nahi dutela dirudi, eta legegintzaldian mantendu duten keinu adierazgarri berarekin agurtu nahi dituztela langile publikoak. Urtero aurre-erretiroaren zain egon izan diren eta dauden langileak gatibu hartu izan ditu, eta aurre-erretiroaren inguruan neurri partzialak inposatzen aritu da: soilik lan-legepeko langile finkoen-tzat luzatzen aritu da aukera, behin-behinekoak eta funtzionarioak eta estatutarioak bazter utzita; baita gehiengo sindikalekin adosteak suposatzen duen ariketa demokratikoari uko eginda ere: azken finean, murrizketak eta inposizioa.

Aurten bere harrokeria maila gorenera eraman du. Izan ere, greben testuinguruan azaroan eduki genuen azken Mahai Orokorraren bileran txantajeari beste buelta bat eman zion, eta gehiengo sindikalak sinatzen ez bazuen, bere dekretua ez luzatzeko mehatxua egin zuen.

Asteartean LABek Eusko Jaurlaritzaren dei bat jaso zuen nolabait «leihatilatik pasatzeko» testu itxi hori sinatzera eskatuz, negoziazio mahairik deitzeko edota proposamenik ezta-baidatzeko asmorik ez dutela argi utzita, publikoan adieraztera eman nahi dutenaren kontra. Hartu edo utzi. Hauteskundeak hurbil, bere hitza jan eta, gutxiengo batek sinatuta dekretu murritza luzatzea erabaki du, nahiz eta inoren sinaduraren beharrik ez izan, argazkirako ez bada. Edozein kasutan, argi geldituko da Jaurlaritzak langileen beharrei bizkar emanda eta negoziazio kolektiboari uko eginda amaituko duela legegintzaldia.

LABen ez dugu ez txantajerik ez inposiziorik onartuko. Jaurlaritza hau amortizatuta dago, eta osatuko den berriari Mahai Orokorra lehenbailehen deitzeko exijituko diogu, langile publikook azken urteetan eta, batez ere, azken hilabeteotan egindako grebetako eta mobilizazioetako aldarrikapenak negoziatzeko. Aldarrikapenen artean, hain zuzen, enplegua sortzea eta egonkortzea jasotzen genuen; langileon lan bizitza aurrez duintasunez amaitzea lanpostu berriekin ordezkatuz, kasurako.

LABek aipatutako aurre-erretiro txan-daren dekretuaren luzapena bezalako murrizketa eta inposizio neurriekin amaitzea exijitzen du, eta langileak mobilizatzera deitzen jarraituko du politika hauek aldatzeko.

Politikak dagoeneko aldatzen ari gara, EAJren azken hilabeteetako barne arazo eta mugimenduek adierazten duten bezala, eta alderdi guztien zerbitzu publikoekiko birkokatzen ari direla ere ikusten dugu.

Grebak eta mobilizazioak bezala, datozen hauteskunde autonomikoak ere tresna egokia dira Eusko Jaurlaritzaren politikei buelta emateko.

Bizkaiko grafikagintzako negoziazio mahaiko sindikatuok benetako negoziazioa exijitu diogu patronalari

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok  martxoaren 26an 10 puntuko plataforma bateratua aurkeztu genion sektoreko patronalari, sektoreko hitzarmenaren negoziazioan akordio batera iristeko. Patronalaren apirilaren 2ko erantzuna immobilista eta etsigarria izan da.

Bizkaiko arte grafikoen azken hitzarmena 2011koa da. 2013an, sektoreko Bizkaiko langileen lan baldintzak Estatuko sektoreko hitzarmenaren bidez arautzen saiatu zen sektoreko patronala. CEBEK patronalak porrot egin zuen bere saiakeran, epai batek aitortu baitzuen Bizkaiko azken hitzarmena ultraaktiboa zela.

Azken 10 urteotan, patronalak, besterik gabe, ez du ezer jakin nahi izan sektoreko hitzarmen berri bat negoziatzeko orduan. 2023ko ekainean, Negoziazio Mahaia eratu zen berriro. Hala ere, Negoziazio Mahaiak egin dituen 10 bileretan, CEBEKek ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Planteamendu atzerakoiak egin ditu hainbat gaitan; eta ez du ezer jakin nahi azken urteetan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeaz. Beste aldarrikapen sindikal batzuk ere baztertu egin dira.

Blokeo egoera horren aurrean, mahai negoziatzailean ordezkaritza dugun sindikatuok edukiak adostea eta plataforma bateratu bat egitea erabaki genuen, negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin. KPIari lotutako igoerak eta erosteko ahalmena berreskuratzea, lanaldia gehiago murriztea, elementu atzerakorik ez egotea, prekaritatearen aurkako klausulak, lan osasuneko eta berdintasuneko elementuak…

Apirilaren 2an egin da azken bilera CEBEKekin, eta bere erantzuna murrizketaz beteta duen plataforma mantentzea izan da. Bileran, patronalak adierazi du ez duela atzerapenik aurreikusten, ezta KPIren gainetik igoerarik ere; eta elementu atzerakoiei eusten dietela (malgutasunaren gaian, adibidez). Hurrengo bilera apirilaren 8an izango da, arratsaldez. CEBEKek erantzun zehatzagoa emango du, sektoreko enpresekin kontsulta egin ondoren.

Azkenik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, modu bateratuan, aktibazio eta borroka kanpaina bat hasi dugu sektorean. Mozioak sozializatuko dira enpresa batzordeetan eta langileen ordezkarien artean, eta mobilizazioak egingo dira apirilean.

Langabeziak gora egin du, lan merkatu prekarioaren testuinguruan

Azken hilabeteetako joera hautsiz, langabeziak gora egin du, 142.341 langabe daude Hego Euskal Herrian; Nafarroa eta Araban, aldiz, behera egin du langabeziak (%3,46 eta %2,58 hurrenez hurren) eta Gipuzkoa da langabezia gehien igo den lurraldea, aurreko urtearekiko %4,46 igo baita.

Afiliazioak gora egin du azken urtean, gero eta jende gehiago dago lan merkatuan lanean (24.639 afiliatu berri daude erregimen orokorrean), baina lan bila edo langabezian dabiltzanak ere gehiago dira. Aurreko enplegurik gabeko herritarrak %12,55a dira, azken hilabete zein urtearekiko handituz doan kopurua.

Lan merkatura gehitu diren herritarrok, prekaritatea kronifikatuta dituzten lan baldintzak topatu dituzte. Azken hilabetean 5.262 kontratu berri egin dira eta gehien igo den kontratu mota aldizkako kontratu finkoa izan da; izan ere, azken hilabetean sinatu diren kontratuetatik %25,31a aldizkako finkoa izan da. Jardunaldiari erreparatuz, bestalde, osokoak baino jardunaldi partzialeko kontratu gehiago sinatu dira (kontratu berrietatik %30,61 izan da jardunaldi partzialekoa eta %21,89a jardunaldi osokoa). Emakumeen* artean, 4tik batek jardunaldi partziala du (%25,6), gizonezkoen artean proportzioa txikiagoa den bitartean (%11,2).

Azken urtean afiliaturiko langileen %84,79ak zerbitzu sektorean eman du izena, egun erregimen orokorreko afiliazioaren %73,44a suposatzen duen sektorea. Era berean, langabezia ere sektore honetan igo da gehien. Igoera honen atzean, zerbitzu sektoreko langabetu kopuruaren igoeraz gain, lan bila dabiltzan gero eta herritar gehiagok sektore honetan lan bila jarduten dutela egon daiteke.

LAB sindikatua azken hilabeteetan ohartarazten ari den bezala, enpleguaren kalitatea dago jokoan. Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru sarrrera nahikorik gabe. Ondorioz, jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak ematen ari dira eta gero eta herritar gehiago dago egoera zaurgarrian. Hori dela eta, langileei antolatzera eta bizi zein lan baldintza duinen aldeko borrokan aktibo izatera dei egiten diegu.

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek Departamentuari exijitu diote behingoz ardura dadila Haur Hezkuntzako lehen zikloaz, dagokion bezala, eta foro bat sortu dadila sektoreko langileok eta haien ordezkariek elkartu eta elkarrekin lan egiteko helburu hori lortzeko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko haurren ikasgelak ezartzeko proiektu pilotuari dagokionez, sindikatuek agerian utzi nahi dute duela aste bat Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiarekin eta Iraida Salaberri 0-3 Zerbitzuko zuzendariarekin izan zuten bileratik argi atera zuten gauza bakarra dela Departamentuak planifikazio eta zehaztasun falta nabaria duela.

Proiektu hau Nafarroako zerbitzuaren beharren azterketa arduratsurik egin gabe gauzatzen ari da, hots, eskaintza-eskaria, itxaron-zerrendan geratzen diren haurren adina eta hizkuntza-eredu ezberdinetan dagoen eskaera, besteak beste, kontuan hartu gabe. Sindikatuek uste dute hori guztia alde batera utzi dela eta, beraz, proiektuak ez diola Nafarroako familien benetako beharrei erantzunen.

Horretaz gain, bilera hark ez zien sindikatuen kezka ugariei erantzunik eman, eta agerian gelditu zen ez dutela nahikoa denbora izan funtsezkoak diren gaiak aztertzeko eta antolatzeko. Adibidez: ikasgeletan sartuko diren haurren adina; ikastetxe horiek egokitzeko aurrekontu-partidarik dagoen eta, hala bada, zer kopuru; zer irizpide kontuan hartuko diren egokia eta bideragarria izan den ala ez erabakitzeko…

Aurreko asteko prentsaurrekoan adierazi bezala, Gobernuak emandako informazio berri bakarra izan zen ikasgela horietako langileak Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletako zerrendetako langileak izanen direla. Horrek zalantza berriak sortzen ditu: haien ordutegia Haur Hezkuntzako bigarren zikloko langileek edo Nafarroako Gobernuko haur-eskolek jarraitzen dutena izanen da? Eta egutegia? Zer gertatuko da jantokiarekin?

Bestalde, sindikatuek salatu nahi dute ez dutela benetako borondaterik ikusten Carlos Gimeno kontseilariak hainbestetan aipatzen duen kudeaketa komunerantz lan egiteko. Departamentuak uko egiten dio 0-3 zikloaren ardura hartzeari, Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloaren lehentasunezko eredua haur-eskolak direla behin eta berriz esan duen arren, eta ziklo hori hezkuntza-ziklo gisa definitu den arren.

Gainera, sindikatuek zikloari buruzko galdera zehatzak egiten dituztelarik, hori toki egokia ez dela erantzuten diete, ez zikloari buruz ez ziklo hori duintzeko sinatu zuten programa-akordio buruz hitz egiteko. Baina ez dago mahairik horren inguruan egon daitezkeen kezkak azaltzeko.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

500 langile baino gehiago aritzen dira sektore honetan lanean. Azpikontratatutako hainbat udal zerbitzu biltzen ditu, hala nola liburutegiak, ludotekak, elkartze-aretoak, Xtraklub, interpretazio-zentroak, museoak, turismo bulegoa, udalekuak, gidak eta Gatz harana besteak beste…

Apirilaren 2rako, lehenengo greba egunerako, goiz osoko egitaraua prestatu dute, herritarrek euren aldarrikapenei modu ludiko batean babesa eman ahal diezaieten. Goizeko 12:00etatik 14:00ak arte, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, antzerkia, jolasen txokoa, aurpegi margoketa txikientzat eta hainbat ekintzen bidez, aisialdi hezitzailearen garrantzia ikusaraziko dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.

Dornier-eko (Iruñeko aparkaleku erregulatuko zerbitzua kudeatzen duen enpresa) langileek oraingoz deitutako hirugarren eta azken greba eguna dute gaur. Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat negoziatzea da aldarrikapena, eta horretarako beharrezkoa da Dornier egiten ari den blokeoa haustea.

Grebaren jarraipena ia erabatekoa izaten ari da, ezarri diren gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta, eta horrek enpresaren jarduera geldiarazi du hiru egun hauetan.

Grebak eta egiten ari diren mobilizazioek plantillari indarra ematen diete esleipen agiria atera baino lehen hitzarmena negoziatzeko eta akordio batera iristeko eskakizunean. Izan ere, behin aterata, aurrekontu partida zehaztuta egongo da eta ez da tarterik egongo plantillaren lan baldintza prekarioak hobetzeko.

Gaur goizean Dornierreko langileek elkarretaratzea egin dute berriro Udaletxe Plazan, eta 18:00etan Merindadeen Plazan mobilizatuko dira.

ELA, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordio bat sinatu dute Bizkaiko elikagaien merkataritzan, hobekuntzarik eta benetako KPIrik gabekoa, greba-bezperetan

Hainbat mobilizazioren ostean eta greben bezperan, ELAk aurreakordioa adostu du patronalarekin eta CCOO zein UGTren babesarekin, mahai gainean ere ez zeuden edukien inguruan.

Mobilizazio asko egin ditugu hilabete honetan, eta bi greba deituta genituen martxoaren 27rako eta 30erako, Aste Santua dela eta salmenta handiko egunak baitira. Grebara joateko arrazoiak honako hauek ziren: patronalari presioa egitea benetako KPI bermatzeko, antzinatasuna desizozteko, larunbat libre eta zaintza-lizentzia kopurua handitzea eta urteko lanaldia nabarmen murriztea. Aldiz, ELAren aurreakordioan ez dago aurrerapausorik gai horiei dagokienez.

. Indarraldia: 2023-2025

. Ultraaktibitatea (dagoeneko badugu): Hitzarmen honetan 36 hilabeteko ultraaktibitatea genuen, eta inoiz ez da hainbeste luzatu negoziazioa. LABen mugarik gabekoa defendatzen dugu, baina garrantzia handiko gaiak zeuden negoziazio batean, kontuan hartuta hitzarmen hau urtez urte berritzen joan dela, ez dugu ulertzen trukerako txanpona izaterik.

. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula (dagoeneko badugu): Hitzarmen honek badu hitzarmena ez aplikatzeko klausula, idazketa bakarrik aldatzen da!

. Lanaldi murrizketa sinbolikoa: Patronalak 3 orduko jaitsiera proposatzen zuen 2024rako eta 2koa 2025rako… eta ELAk beste ordubete jaistea adostu du. Aurreikuspenen arabera, Espainiako gobernuak urteko lanaldia 1.706 ordura jaitsiko du (37,5 ordu astean) 2025ean, eta klausularik ere ez da onartu horrela izanez gero txikiena aplikatuko dela bermatzeko.

. Gaueko lanaren plusa: 150 €.

. Lan egutegian sartzea 4 larunbatak: Merkataritzan ordutegiak oso zailak egiten dira kontziliatzeko, eta zentzu honetan, bizitza, denbora eta zaintza zentroan jarri nahi ditugu. Horregatik, LABek bi larunbat gehiago eta medikuarengana laguntzeko ordu ordainduak eskatzen genituen. Larunbatak lan-egutegian antolatzea, ia inork urteko egutegirik ez duen eta 4ak ere gozatzen ez dituen sektore batean ez da hobekuntza bat, promesa hutsala baizik eta hori hitzarmen bat sinatzeko argudiatzea, lotsagarria da.

. Benetako KPIrik gabeko soldata-igoera, zeinetan guk aldea ordaintzen dugun:

– 2023: % 3,5 (% 5,8 beharrean)

– 2024: % 3,1

– 2025: % 2 (KPIrik gabe)

2023ko urtarriletik aurrerako atzerapenak eta 2023-2025 metatutako KPIaren berrikuspena: metatutako KPIa handiagoa balitz, aldea 2026ko urtarrilean aplikatuko litzateke, baina atzerapenik gabe.

Ez dugu iritzi aldaketa hau ulertzen, enpresak emaitza errekorrak izaten ari diren testuinguru batean, grebek mahaian gure posizioak indartu behar zituztenean. Hitzarmen honen eguneraketa ezin da erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata-igoeretara mugatu, hori baita, funtsean, akordio honek egiten duena, gure baldintzak hobetzen joatea behar dugu: antzinatasuna desizoztea, larunbaten kopurua handitzea, medikuarengana joateko orduak, nagusitzen joan ahala lanpostu-aldaketetarako bermeak, lanaldia murriztea…

LABek bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilean zahar egoitzetan, Nafarroako sektoreko lehen hitzarmena behingoz lortzeko

Atzo, martxoaren 26an, LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitza pribatuen sektorean programatuak zituen hiru lanuzteetako azkena egin zuen; gainera, kontzentrazioa egin zuen Iruñeko Foruen Plazan, Misericordia Etxeko zahar etxearen aitzinean. LABek badaki mobilizazio-dinamika horrek deseroso jartzen dituela bai patronala bai Nafarroako Gobernua, eta, beraz, harekin jarraituko du, Nafarroako zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmena egia bihurtu arte. Ildo horretan, bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilerako.

Duela zenbait hilabete, zahar egoitza pribatuen Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko sortutako intersindikalaren pasibotasuna ikusita, LABek borroka sindikalerako bide propio bati ekitea erabaki zuen, eta mobilizazio eta ekintza batzuk egin ditu: errepide-mozketak, patronalen egoitzaren okupazioa, lanuzteak, eta hainbat kontzentrazio Nafarroaren luze-zabalean. Eta bidean jarraituko du patronalak eta Gobernuak behin betiko hitzarmen sektoriala gauzatu arte. Hala, langileei dei egiten die apirilaren 10ean eta 17an 10:00etatik 12:00etara lanuzteak egiteko eta apirilaren 24an, egun osoko greba.

LABek Nafarroako zahar egoitzen hitzarmen propioa nahi du, sektorearen beharrak eta Nafarroako bizi baldintzak jasoko dituena, Nafarroan lantzen dena Nafarroan negoziatzen delako.

Mecaner-eko enpresa-batzordearen gehiengoak publiko egin du egindako Trantsizio Ekosozialerako Plana, konponbideen bilaketarako tresna bezala

Enpresa-batzordearen gehiengoak, atzo egin zen Mecaner ixteko EEEaren prozesuko mahai negoziatzailearen hirugarren bileraren ondoren, honako irakurketa egiten du.

Bilera honetan, enpresak, Stellantiseko estrategia global industrialaren buruaren eskutik, itxiera erabaki aurretik ustez aztertu duten alternatiben azterketa ekonomiko bat aurkeztu zuen, aurretik hartuta zegoen erabaki guztiz estrategiko bat justifikatzen ahalegintzeko.

Enpresa-batzordearen gehiengoak berriro utzi du argi Mecaner-en etorkizunaz hitz egin beharra dagoela eta ez bere itxieraz, modu serio eta lasaian, jarduera industriala eta enpleguari eustea bermatzeko.

Lehenik, adierazi du beharrezkoa dela EEEa erretiratzea proposamenez hitz egin ahal izan eta konponbideak bilatzeko. Horregatik, Urdulizko Udalaren laguntzaz eta Garua kooperatibarekin batera egin duen Trantsizio Ekosozialerako plana aurkeztu du. Gainera, Stellantis eta Jaurlaritzarekin bilera egitea eskatu du, Mecaner-en etorkizuna bermatuko duten aukera desberdinei eta bideei buruz. “Eusko Jaurlaritza eta Stellantis prest al daude Mecaner-en etorkizunari buruz?”, galdetu du.

Enpresa-batzordearen gehiengoak erakutsi du prest dagoela eta Mecaner-erako etorkizun bat posible dela.

Horregatik, prentsa-ohar honekin batera gizartea eta eragile sozial, politiko eta komunikabideekin partekatu dute egin duten Trantsizio Ekosozialerako Plana, konponbideen bilaketarako tresna bezala.