2025-12-23
Blog Page 144

Langabeziak gora egin du, lan merkatu prekarioaren testuinguruan

Azken hilabeteetako joera hautsiz, langabeziak gora egin du, 142.341 langabe daude Hego Euskal Herrian; Nafarroa eta Araban, aldiz, behera egin du langabeziak (%3,46 eta %2,58 hurrenez hurren) eta Gipuzkoa da langabezia gehien igo den lurraldea, aurreko urtearekiko %4,46 igo baita.

Afiliazioak gora egin du azken urtean, gero eta jende gehiago dago lan merkatuan lanean (24.639 afiliatu berri daude erregimen orokorrean), baina lan bila edo langabezian dabiltzanak ere gehiago dira. Aurreko enplegurik gabeko herritarrak %12,55a dira, azken hilabete zein urtearekiko handituz doan kopurua.

Lan merkatura gehitu diren herritarrok, prekaritatea kronifikatuta dituzten lan baldintzak topatu dituzte. Azken hilabetean 5.262 kontratu berri egin dira eta gehien igo den kontratu mota aldizkako kontratu finkoa izan da; izan ere, azken hilabetean sinatu diren kontratuetatik %25,31a aldizkako finkoa izan da. Jardunaldiari erreparatuz, bestalde, osokoak baino jardunaldi partzialeko kontratu gehiago sinatu dira (kontratu berrietatik %30,61 izan da jardunaldi partzialekoa eta %21,89a jardunaldi osokoa). Emakumeen* artean, 4tik batek jardunaldi partziala du (%25,6), gizonezkoen artean proportzioa txikiagoa den bitartean (%11,2).

Azken urtean afiliaturiko langileen %84,79ak zerbitzu sektorean eman du izena, egun erregimen orokorreko afiliazioaren %73,44a suposatzen duen sektorea. Era berean, langabezia ere sektore honetan igo da gehien. Igoera honen atzean, zerbitzu sektoreko langabetu kopuruaren igoeraz gain, lan bila dabiltzan gero eta herritar gehiagok sektore honetan lan bila jarduten dutela egon daiteke.

LAB sindikatua azken hilabeteetan ohartarazten ari den bezala, enpleguaren kalitatea dago jokoan. Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua izan arren, bizitza duina bermatzeko diru sarrrera nahikorik gabe. Ondorioz, jendartearen dualizazioan sakontzeko baldintzak ematen ari dira eta gero eta herritar gehiago dago egoera zaurgarrian. Hori dela eta, langileei antolatzera eta bizi zein lan baldintza duinen aldeko borrokan aktibo izatera dei egiten diegu.

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek Departamentuari exijitu diote behingoz ardura dadila Haur Hezkuntzako lehen zikloaz, dagokion bezala, eta foro bat sortu dadila sektoreko langileok eta haien ordezkariek elkartu eta elkarrekin lan egiteko helburu hori lortzeko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko haurren ikasgelak ezartzeko proiektu pilotuari dagokionez, sindikatuek agerian utzi nahi dute duela aste bat Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiarekin eta Iraida Salaberri 0-3 Zerbitzuko zuzendariarekin izan zuten bileratik argi atera zuten gauza bakarra dela Departamentuak planifikazio eta zehaztasun falta nabaria duela.

Proiektu hau Nafarroako zerbitzuaren beharren azterketa arduratsurik egin gabe gauzatzen ari da, hots, eskaintza-eskaria, itxaron-zerrendan geratzen diren haurren adina eta hizkuntza-eredu ezberdinetan dagoen eskaera, besteak beste, kontuan hartu gabe. Sindikatuek uste dute hori guztia alde batera utzi dela eta, beraz, proiektuak ez diola Nafarroako familien benetako beharrei erantzunen.

Horretaz gain, bilera hark ez zien sindikatuen kezka ugariei erantzunik eman, eta agerian gelditu zen ez dutela nahikoa denbora izan funtsezkoak diren gaiak aztertzeko eta antolatzeko. Adibidez: ikasgeletan sartuko diren haurren adina; ikastetxe horiek egokitzeko aurrekontu-partidarik dagoen eta, hala bada, zer kopuru; zer irizpide kontuan hartuko diren egokia eta bideragarria izan den ala ez erabakitzeko…

Aurreko asteko prentsaurrekoan adierazi bezala, Gobernuak emandako informazio berri bakarra izan zen ikasgela horietako langileak Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletako zerrendetako langileak izanen direla. Horrek zalantza berriak sortzen ditu: haien ordutegia Haur Hezkuntzako bigarren zikloko langileek edo Nafarroako Gobernuko haur-eskolek jarraitzen dutena izanen da? Eta egutegia? Zer gertatuko da jantokiarekin?

Bestalde, sindikatuek salatu nahi dute ez dutela benetako borondaterik ikusten Carlos Gimeno kontseilariak hainbestetan aipatzen duen kudeaketa komunerantz lan egiteko. Departamentuak uko egiten dio 0-3 zikloaren ardura hartzeari, Nafarroako Haur Hezkuntzako lehen zikloaren lehentasunezko eredua haur-eskolak direla behin eta berriz esan duen arren, eta ziklo hori hezkuntza-ziklo gisa definitu den arren.

Gainera, sindikatuek zikloari buruzko galdera zehatzak egiten dituztelarik, hori toki egokia ez dela erantzuten diete, ez zikloari buruz ez ziklo hori duintzeko sinatu zuten programa-akordio buruz hitz egiteko. Baina ez dago mahairik horren inguruan egon daitezkeen kezkak azaltzeko.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

500 langile baino gehiago aritzen dira sektore honetan lanean. Azpikontratatutako hainbat udal zerbitzu biltzen ditu, hala nola liburutegiak, ludotekak, elkartze-aretoak, Xtraklub, interpretazio-zentroak, museoak, turismo bulegoa, udalekuak, gidak eta Gatz harana besteak beste…

Apirilaren 2rako, lehenengo greba egunerako, goiz osoko egitaraua prestatu dute, herritarrek euren aldarrikapenei modu ludiko batean babesa eman ahal diezaieten. Goizeko 12:00etatik 14:00ak arte, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, antzerkia, jolasen txokoa, aurpegi margoketa txikientzat eta hainbat ekintzen bidez, aisialdi hezitzailearen garrantzia ikusaraziko dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.

Dornier-eko (Iruñeko aparkaleku erregulatuko zerbitzua kudeatzen duen enpresa) langileek oraingoz deitutako hirugarren eta azken greba eguna dute gaur. Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat negoziatzea da aldarrikapena, eta horretarako beharrezkoa da Dornier egiten ari den blokeoa haustea.

Grebaren jarraipena ia erabatekoa izaten ari da, ezarri diren gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta, eta horrek enpresaren jarduera geldiarazi du hiru egun hauetan.

Grebak eta egiten ari diren mobilizazioek plantillari indarra ematen diete esleipen agiria atera baino lehen hitzarmena negoziatzeko eta akordio batera iristeko eskakizunean. Izan ere, behin aterata, aurrekontu partida zehaztuta egongo da eta ez da tarterik egongo plantillaren lan baldintza prekarioak hobetzeko.

Gaur goizean Dornierreko langileek elkarretaratzea egin dute berriro Udaletxe Plazan, eta 18:00etan Merindadeen Plazan mobilizatuko dira.

ELA, CCOO eta UGT sindikatuek aurreakordio bat sinatu dute Bizkaiko elikagaien merkataritzan, hobekuntzarik eta benetako KPIrik gabekoa, greba-bezperetan

Hainbat mobilizazioren ostean eta greben bezperan, ELAk aurreakordioa adostu du patronalarekin eta CCOO zein UGTren babesarekin, mahai gainean ere ez zeuden edukien inguruan.

Mobilizazio asko egin ditugu hilabete honetan, eta bi greba deituta genituen martxoaren 27rako eta 30erako, Aste Santua dela eta salmenta handiko egunak baitira. Grebara joateko arrazoiak honako hauek ziren: patronalari presioa egitea benetako KPI bermatzeko, antzinatasuna desizozteko, larunbat libre eta zaintza-lizentzia kopurua handitzea eta urteko lanaldia nabarmen murriztea. Aldiz, ELAren aurreakordioan ez dago aurrerapausorik gai horiei dagokienez.

. Indarraldia: 2023-2025

. Ultraaktibitatea (dagoeneko badugu): Hitzarmen honetan 36 hilabeteko ultraaktibitatea genuen, eta inoiz ez da hainbeste luzatu negoziazioa. LABen mugarik gabekoa defendatzen dugu, baina garrantzia handiko gaiak zeuden negoziazio batean, kontuan hartuta hitzarmen hau urtez urte berritzen joan dela, ez dugu ulertzen trukerako txanpona izaterik.

. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula (dagoeneko badugu): Hitzarmen honek badu hitzarmena ez aplikatzeko klausula, idazketa bakarrik aldatzen da!

. Lanaldi murrizketa sinbolikoa: Patronalak 3 orduko jaitsiera proposatzen zuen 2024rako eta 2koa 2025rako… eta ELAk beste ordubete jaistea adostu du. Aurreikuspenen arabera, Espainiako gobernuak urteko lanaldia 1.706 ordura jaitsiko du (37,5 ordu astean) 2025ean, eta klausularik ere ez da onartu horrela izanez gero txikiena aplikatuko dela bermatzeko.

. Gaueko lanaren plusa: 150 €.

. Lan egutegian sartzea 4 larunbatak: Merkataritzan ordutegiak oso zailak egiten dira kontziliatzeko, eta zentzu honetan, bizitza, denbora eta zaintza zentroan jarri nahi ditugu. Horregatik, LABek bi larunbat gehiago eta medikuarengana laguntzeko ordu ordainduak eskatzen genituen. Larunbatak lan-egutegian antolatzea, ia inork urteko egutegirik ez duen eta 4ak ere gozatzen ez dituen sektore batean ez da hobekuntza bat, promesa hutsala baizik eta hori hitzarmen bat sinatzeko argudiatzea, lotsagarria da.

. Benetako KPIrik gabeko soldata-igoera, zeinetan guk aldea ordaintzen dugun:

– 2023: % 3,5 (% 5,8 beharrean)

– 2024: % 3,1

– 2025: % 2 (KPIrik gabe)

2023ko urtarriletik aurrerako atzerapenak eta 2023-2025 metatutako KPIaren berrikuspena: metatutako KPIa handiagoa balitz, aldea 2026ko urtarrilean aplikatuko litzateke, baina atzerapenik gabe.

Ez dugu iritzi aldaketa hau ulertzen, enpresak emaitza errekorrak izaten ari diren testuinguru batean, grebek mahaian gure posizioak indartu behar zituztenean. Hitzarmen honen eguneraketa ezin da erosteko ahalmena bermatzen ez duten soldata-igoeretara mugatu, hori baita, funtsean, akordio honek egiten duena, gure baldintzak hobetzen joatea behar dugu: antzinatasuna desizoztea, larunbaten kopurua handitzea, medikuarengana joateko orduak, nagusitzen joan ahala lanpostu-aldaketetarako bermeak, lanaldia murriztea…

LABek bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilean zahar egoitzetan, Nafarroako sektoreko lehen hitzarmena behingoz lortzeko

Atzo, martxoaren 26an, LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitza pribatuen sektorean programatuak zituen hiru lanuzteetako azkena egin zuen; gainera, kontzentrazioa egin zuen Iruñeko Foruen Plazan, Misericordia Etxeko zahar etxearen aitzinean. LABek badaki mobilizazio-dinamika horrek deseroso jartzen dituela bai patronala bai Nafarroako Gobernua, eta, beraz, harekin jarraituko du, Nafarroako zahar egoitzen lehenbiziko hitzarmena egia bihurtu arte. Ildo horretan, bertze hiru lanuzte deitu ditu apirilerako.

Duela zenbait hilabete, zahar egoitza pribatuen Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko sortutako intersindikalaren pasibotasuna ikusita, LABek borroka sindikalerako bide propio bati ekitea erabaki zuen, eta mobilizazio eta ekintza batzuk egin ditu: errepide-mozketak, patronalen egoitzaren okupazioa, lanuzteak, eta hainbat kontzentrazio Nafarroaren luze-zabalean. Eta bidean jarraituko du patronalak eta Gobernuak behin betiko hitzarmen sektoriala gauzatu arte. Hala, langileei dei egiten die apirilaren 10ean eta 17an 10:00etatik 12:00etara lanuzteak egiteko eta apirilaren 24an, egun osoko greba.

LABek Nafarroako zahar egoitzen hitzarmen propioa nahi du, sektorearen beharrak eta Nafarroako bizi baldintzak jasoko dituena, Nafarroan lantzen dena Nafarroan negoziatzen delako.

Mecaner-eko enpresa-batzordearen gehiengoak publiko egin du egindako Trantsizio Ekosozialerako Plana, konponbideen bilaketarako tresna bezala

Enpresa-batzordearen gehiengoak, atzo egin zen Mecaner ixteko EEEaren prozesuko mahai negoziatzailearen hirugarren bileraren ondoren, honako irakurketa egiten du.

Bilera honetan, enpresak, Stellantiseko estrategia global industrialaren buruaren eskutik, itxiera erabaki aurretik ustez aztertu duten alternatiben azterketa ekonomiko bat aurkeztu zuen, aurretik hartuta zegoen erabaki guztiz estrategiko bat justifikatzen ahalegintzeko.

Enpresa-batzordearen gehiengoak berriro utzi du argi Mecaner-en etorkizunaz hitz egin beharra dagoela eta ez bere itxieraz, modu serio eta lasaian, jarduera industriala eta enpleguari eustea bermatzeko.

Lehenik, adierazi du beharrezkoa dela EEEa erretiratzea proposamenez hitz egin ahal izan eta konponbideak bilatzeko. Horregatik, Urdulizko Udalaren laguntzaz eta Garua kooperatibarekin batera egin duen Trantsizio Ekosozialerako plana aurkeztu du. Gainera, Stellantis eta Jaurlaritzarekin bilera egitea eskatu du, Mecaner-en etorkizuna bermatuko duten aukera desberdinei eta bideei buruz. “Eusko Jaurlaritza eta Stellantis prest al daude Mecaner-en etorkizunari buruz?”, galdetu du.

Enpresa-batzordearen gehiengoak erakutsi du prest dagoela eta Mecaner-erako etorkizun bat posible dela.

Horregatik, prentsa-ohar honekin batera gizartea eta eragile sozial, politiko eta komunikabideekin partekatu dute egin duten Trantsizio Ekosozialerako Plana, konponbideen bilaketarako tresna bezala.

Estatu tresnak, politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Aberri Egunean

Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea da. Horrela adierazten du LABek 2024ko Aberri Eguneko adierazpenean.

LABentzat berezia da aurtengo Aberri Eguna, 2024 honetan gure 50. urtemuga ospatzen baitugu. Eta hain zuzen ere, bere sorrera zuzenki lotua dago Aberri Egunaren aldarri historiko nagusiarekin: Euskal Herriaren askapen nazionala.

LABen ikuspegitik askapen nazionala eta eraldaketa soziala eskutik doaz. Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea da guretzat. Kapitalaren interesak erdigunean dituzten bi estatuetatik askatu eta bizitza erdigunean izango duen Euskal Errepublika independentea sortzea da gure ipar-orratza.

50 urte hauek, argiekin nahiz itzalekin, oparoak izan dira ildo horretan. Beste indar sozial, sindikal eta politikoekin batera, Euskal Herria desagerrarazteko estrategia desberdinei aurre egin diegu. Tresna sozial, politiko eta instituzional propioak eratu ditugu eremuz eremu, besteak beste eremu sindikalean.

Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da (Hego Euskal Herrian) eta eratzen ari da (Ipar Euskal Herrian), bi estatuetako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan. Agenda propioarekin aritu gara eta aritzen gara, Euskal Herria helburu eta abiapuntu. Langileen lan eta bizi baldintzen aldeko borrokatik abiatuta, aldaketa sozial eta aldaketa politikoak sustatu ditugu, sustatzen ari gara.

Aurrera begira, nazioarte mailako krisi ekologiko eta ekonomiko sistemikoari aurre egiteko, Euskal Herriak estatu tresnak behar ditu. Euskalduntze prozesuari, trantsizio energetikoari edota osasun eta zaintza sistemari dagokionez politika burujabeak behar ditugu. Arlo soziolaboralean ere, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa behar dugu.

Aukera politikoak egon badaude helburu horietan aurrera egiteko. Irlandatik hasi eta Euskal Herriraino ezker independentismoa indartzen ari da. Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatusaren inguruko eztabaida irekitzen ari da. Eta era desberdinean bada ere, lurralde auzia eztabaidagai dago hala espainiar nola frantziar estatuan.

Ez dago ezer idatzia eta indar harremanen arabera determinatuko da etorkizuna. Borroka sindikal, sozial eta politikoaren bidez egingo dugu aurrera Euskal Herriaren prozesu eratzaile eta eraldatzailean, Euskal Herria independente, sozialista eta feminista ortzimugan.

Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruranzko urratsak

Otsailaren 19an, euskal esparruaren aldeko nazio manifestazio historikoaren 30. urteurrenaren harira proposatutako erronkei heltzeko borondatea berresten du LABek:

  1. EAEn zein Nafarroan Estatus Politikoak berritzea. Nazio aitortza egitearekin batera, lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko ahalmen legegilea bereganatuz.
  2. Bien bitartean, hala EAEn nola Nafarroan, lan eta bizi baldintzak duintzeko, soldata eta pentsio arrakalak gainditzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea.
  3. Negoziazio kolektiborako marko propioa indartzea, estatalizazioari aurre egin eta bertako hitzarmenek lehentasun osoa izan dezaten eta hitzarmenik ez duten langile kolektiboek ere izan dezaten eurena, gure eremuan negoziatua.
  4. Eremu publikoan bertako zerbitzu publikoak indartzea: azpiegiturak hobetu; plantillak handitu eta ratioan hobetu; erosmen ahalmena berreskuratu; zaintza bezalako eremuak publifikatu eta zaintza sistema publiko komunitarioa sortu.
  5. Hego Euskal Herriari dagokionez, gure lan eta bizi baldintzak hemen erabaki ahal izateko espainiar estatuak ezarritako mugak altxatzea (gutxieneko soldata ezartzeko, negoziazio kolektiboaren egituraketari dagokionez, eremu publiko langileen soldata eta birjartze tasak ezartzeko, Gizarte Segurantzaren transferentzia eskuratuz…).
  6. Ipar Euskal Herriari dagokionez, instituzionalizazio prozesuan urrats berriak ematea eta, zehazki, negoziazio kolektiborako marko propioa eratzea.

Mobilizaziorako deia

Aipatutako gogoeta oinarri hartuta, Aberri Egunaren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du LABek:

  • Martxoaren 30ean Euskal Herria Baterak antolatutako ekitaldian.
  • Martxoaren 31n Ustaritzen eta Iruñean ezker independentismoak antolatutako ekintzetan.
  • Etxeetan nahiz bestelako esparruetan ikurriña eta ikur nazionalak ikusgarri egiteko deialdian.

Mercedesen etorkizuna Gasteizen, bertan lan egiten dutenen enplegua eta baldintza duinak ziurtatzea da

Milioi askoko inbertsio publikoari lotuta Gasteizko Mercedesen egon den erakunde-maila goreneko bisitak oihartzun handia izan du komunikabideetan. Goraipamenak egin dizkiote enpresa-ereduari, hedapen-planei eta abarri. Baina, tamalez, beste behin ere, etsipenez ikusten dugu hori guztia posible egiten duten pertsonak, Arabako fabrikako langileak, ez direla aipatzen entzun ahal izan dugun hitzaldi ponpoxo bakar batean ere.

EAEko hauteskunde kanpainaurrean murgilduta, Alemaniako enpresaren lantegia erakusleiho izan da eta da beti kargu publikoentzat, bertara hurbildu eta hain desiratua den argazkia ateratzeko. Nola ez, diru publikoa ugari erabilita eta neurrigabeko polizia-presentziarekin. Oraingo honetan, Estatuko Gobernuak PERTEa eman izanari buruz hitz egiten dugu, eta horrek ekoizpen-planta lagatako lursail publikoetara  zabaltzea ekarriko du. Diru publikotik enpresa pribatuei milioika eta milioika euro ematen zaizkien bitartean, horrek ez dakar inolako baldintzarik langileentzat. Ez enpleguari eustea, ez eta plantilaren lan-baldintzak hobetzea ere. Nola liteke?

Bisitaren bezperan, Mercedesek eta enpresa-batzordeak akordio bat lortu zuten, eta, horren arabera, enpresak lanaldiak eten zitzakeen, aldi baterako lan-erregulazioa aplikatzea saihesteko. Orain dela gutxi arte enpresan imajinaezinak ziren baldintzetan egindako akordioa da hau, batzordeko gehiengoek eskubideak galtzea babesten baitzuten onura pertsonalen truke. Orain hori ezinezkoa da, eta enpresak badaki, eta negoziazioek izaera berria hartzen dute. Eta langileek ere argi dute.

Une honetan, kapitalak mugikortasun berdea deritzonaren aldeko apustua egin duenean, langile-klaseari ohartarazten digute horrek enplegua eta eskubide galera dakarrela. Jakina, betikoek patrikak loditzen jarrai dezaten, guztion kontura. Eta Mercedes ez da salbuespena izango. Konkista bakoitza borrokatu egin beharko da, eta Lan Harremanen Euskal Esparruaren aldarrikapenak duela hiru hamarkadako gaurkotasun bera du. Hemen lan egiten badugu, hemen erabakitzen dugu. Mercedesen zein Euskal Herrian, langile klaseak ezin du kapitalismoaren gehiegikeriak ordaintzen jarraitu.

Horregatik, orain LABen banaketa hirukoitzaren proposamena inoiz baino garrantzitsuagoa da: aberastasuna, lana eta zaintza banatzea. Trantsizio betean gaudenean, planetan bizitzen jarraitu ahal izateko aukera bakarra trantsizio hau ekosozialista izatea da.