Gaur batzartu da sektoreko mahai negoziatzailea, eta bertan eduki berririk egon ez denez, eta blokeo egoera honen aurrean beste greba egun bat deituko dugu urriaren 17an.
Egun horretan langileek kontzentrazioa egingo dute Gasteizko Probintzia plazan, 11:00etan, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:00etik aurrera Desamparadas plazatik hasita. Mobilizazioa Diputazio plazaraino izango da, eta bertan ekitaldi bat egingo da.
Berriz ere negoziazioa aktibatu genuenetik mahairen bilera batzuk egin dira baina ez dira aurrera pausurik eman. Patronalek eginiko eskaintza bakarra ez da nahikoa, soilik jardunaldia eta soldatei buruz hitz egiteaz gain, sektorean prekaritatea betikotzea suposatuko lukeelako. Gaurko mahaian ez da proposamen berririk egon, hortaz, greba deitzea erabaki dugu.
Bestetik, prozesuan inplikatzeko exijitzen jarraituko diegu administrazioei, zehazki, Arabako Foru Aldundiari. Ezin da onartu zaintza sektore hau erabateko prekaritate-egoera horretan egotea, Gizarte Politiketako arduradunek beste leku batera begiratzen duten bitartean.
CAE (Centro de Ayuda Especializada) 60 langile dituen eta Sondikan kokatuta dagoen enplegu zentro berezi bat da. Bertan, historikoa den lehen hitzarmena lortu dugu. Otsailean aurkeztu genuen hautagaitza bertan lehen aldiz hauteskunde sindikaletan, helburu oso argi batekin; UGTren urteetako immobilismoaren aurrean (ordura arte hau izan zen enpresa-batzordean ordezkaritza zuen sindikatu bakarra) langileak antolatu eta haien lehen hitzarmen propioaren alde borrokarako tresnak ematea.
Hainbat ekintza eta mobilizazioren ostean lortu dugu hitzarmena. Alde batetik, “hemen lan egin, hemen erabaki” aldarrikapena inoiz baino garrantzitsuagoa delako. Euskal herriko langileen lan eta bizi baldintzak prekarizatzen dituzten hitzarmen estatalen aurrean, langile hauei aplikatzen zitzaien hitzarmen estataletik aldendu eta etorkizunean hemen erabakitzeko esparrua sortu duelako. Bestetik, hainbat lorpen erdietsi ditugulako: KPItik gorako soldata igoerak bermatzea, lan orduen jaitsiera nabarmena, langile bakoitzak bere egutegi propioa izatea, plantillaren euskaldunizazioan aurrera pausuak ematea edota plus berriak izatea.
• Soldata igoera KPIra lotuta eta hitzarmenaren indarraldiaren amaiera KPI + %10,3ko soldata igoeraren bermea.
• Jardunaldia: 60 lan orduko jeitsiera.
• Bidaien plusa ordaintzea
• Egutegien antolaketan langileei euren etxetik gertuen duen ibilbideak esleitzea eta haiei dagozkien jai egun guztiak.
• Euskara ikasten duten langileek ikastaroak balio duenaren %50ko aparteko sari bat izango dute. Hau da, langileek ikastaroa gainditzen badute, honen balioaren %50eko besteko aparteko paga bat izango dute.
Horregatik, LABetik, zorionak eman nahi dizkiegu borrokan parte hartu duten langile guztiei. Ezinezkoa ematen zuena borrokaren bitartez lortu delako. Baina, jakina, lanean hasiko gara jada, hurrengo hitzarmena harago joan dadin, soldata igoera eta lanaldi murrizketa handiagoekin, aniztasun funtzionalean sektorearen duintasunean pausuak ematen jarraitu beharra dagoelako, bizitzak erdigunean jartzeko eta langileen bizitzak bizigarriagoak izan daitezen.
Beste behin ere argi geratu da borrokak merezi duela, akordio duinak lortzeko langile borroka ezinbestekoa dela erakutsi baitugu.
LABeko koordinatzaile orokorra Bizkaia Irratian egon da gaur goizean, Goizeko izarretan saioan. Bertan, Alfre Elgezabal kazetariak elkarrizketa egin dio, aktualitateko gaien inguruan.
EAEko Osasun mahaia, osasungintzaren inguruko mobilizazioak, Elma Saiz ministroak bajen inguruan egindako azken proposamena, absentismoa edo kontrabotere sindikalismoa izan ditu hizpide, urriaren 2an Arrasaten egin genituen Topaketa Sindikalak gogoratuz.
Nafarroako zerbitzu sozial publikoen kudeaketarako Gizain fundazioko Enpresa Batzordeko kideek (LAB 9, ELA 2, CCOO 2) prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, bertako langileen baldintzak foru administrazioko langile publikoen baldintzekin pareka ditzaten eskatzeko.
Gizain enpresa publikoak 350 langile inguru ditu, Nafarroaren luze-zabalean, eta gizartearen pertsonarik zaurgarrienei ematen die zerbitzu. Gizaingo langileek hiru aldarrikapen nagusi dituzte: 1. hitzarmenean sinaturikoa betetzea, 2. hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea eta, batez ere, beren soldatak foru administraziokoekin parekatzea. Hori eskatzeko, urriaren 18an elkarretaratze bat eginen dute Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean, 09:00etan.
Agerraldian egindako irakurketa
Prentsaurreko honetan Gizain Fundazioko langileok bizi dugun egoera gizarteratu eta helarazi nahi dugu.
Lehenik eta behin, Gizain Fundazioa zer den testuinguruan kokatu nahi dugu. Fundazio hau 2019ko urtarrilean sortu zen, Nafarroako Gobernuak hala erabakita, entitate pribatuek ematen zituzten funtsezko zerbitzu batzuen kudeaketa publikoa bere gain hartzeko. Zerbitzu horiek bere gain hartuta, haien kudeaketan kontrol, gardentasun eta arintasun handiagoa lortu nahi zen, eta herritarrei arreta hobea, bidezkoagoa eta homogeneoagoa bermatzeko.
Horrenbestez, funtsezko zerbitzuak hobetzeko borondatea balioesten zen, hala nola: genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko taldeak, gazte-justiziako eguneko zentroa, familia-babesgabetasuneko egoerak pairatzen zituzten adingabeentzako 5 behaketa- eta harrera-zentro, bermatutako errenten administrazio-izapideetarako unitateak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak, gizarteratzeko eta laneratzeko taldeak eta haurrak eta nerabeak zaintzeko taldeak, eta larrialdiko familia harreragileekin lan egiten duen taldea (MFE).
Fundazio hau sortzea onartu zuten talde politikoek – 2019tik aurrera pribatizatuta zeuden baliabideak bere gain hartzen – adierazi zuten modu publikoan herritarrei arreta ematen dieten baliabideak modu berean kudeatuta egon nahi zutela, eta plantillak publiko egitea planteatu zuten. Hala ere, Fundazioak ez gaitu langile publiko gisa definitzen, nahiz eta enpresak funtzionarioen soldata-igoeraren mugak erabiltzen dituen indarrean dagoen hitzarmena ez aplikatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko.
Hobetzeko borondate hori guztia ez da erreala, honako egoera hau uzten baitigu:
Lehen hitzarmena 2019an sinatu zen, eta 2023an ez zen bete, indarraldiko azken urtean, soldata-taulak FUNDAPAren soldata-taulekin parekatu ez zirenean, beste fundazio publiko bat profesional berberekin, gure hitzarmenaren 6.3 artikuluan jasotzen zen bezala, plantillen arteko soldata-arrakala handituz. Bereziki larria da hitzarmena ez aplikatzea, plantillaren eta erakundearen lan-harremanen funtzionamendua arautzen duen araua baita, baina horretarako aitzakia da ezin zaigula soldata zenbateko horretan igo, administrazio publikoko langileek izango duten igoera gaindituko lukeelako. Izan ere, oztopo hori jarri digute eta ez dirudi eskualdatzeko prest daudenik. Gaur egun administrazio publikoko langileak gara? Hala bada, haien lan-baldintzekin parekatuta egongo ginateke, eta lan-baldintza horiek oso urrun daude. Egoera horren ondorioz, 2021-2023 lehen hitzarmena bete dadila erreklamatu dugu judizialki.
Egoera honek bigarren hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen du. Adierazi dute administrazio publikoaren zerbitzura dauden langileen soldata-igoera % 2 mugatzeak eragiten digula. Ez gaituzte parekatzen fundazio homologoekin profesional berberekin, eta ez gaituzte parekatzen administrazio publikoarekin. Inkongruentzia horiei lotuta, 3. eta 4. taldeak gizarte-ekintzako eta esku-hartze sozialeko hitzarmen sektorialetik beherako soldatarekin geratu dira.
Zer gertatzen da borondate politikoarekin? Non geratzen dira funtsezko zerbitzu horiek argitaratzeko asmoak? Esku pribatuetan zeuden baliabideak kudeatzen eta zerbitzu horiek publiko egiten joan ginen, baina prozesua gelditu egin da lan-baldintzak eta soldatak parekatzeari dagokionez, eta Gizain Fundazioko lanbide-talderen bat administrazio publikoko maila homologoaren % 20 baino gehiagokoa izan da.
Gizain Fundazioko langileok uste dugu beren eskaerak onartu dituzten beste lanbide batzuk bezain funtsezkoak garela, baita duela urte batzuk errekonozimendu hori lortzeko lanean ari diren beste batzuk ere. Gero eta modu profesionalizatuagoan, egituratuagoan eta zorrotzagoan lan egiten dugu, gero eta konplexuagoak diren gizarte-egoerak arduraz eta profesionaltasunez jasoz.
Horregatik guztiagatik, Gizain Fundazioko langileok mobilizazioei hasiera emango diegula iragarri nahi dugu. Urriaren 18an, goizeko 9etan, elkarretaratzea egingo dugu Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
Sinatutako I. Hitzarmena errespetatzearen eta aplikatzearen alde.
Palestinak elkartasuna eta konponbideak behar ditu, eta nazioarteko komunitateari genozidioa nahiz okupazioa amai dadin presio mekanismoak areagotzea dagokio. Ildo horretan, mobilizatzeko deia egin dugu gaur, Gernika-Palestina herri ekimenarekin batera.
Horrela, Koldo Saenz Nazioarteko idazkaria eta Amanda Verrone eta Txente Rekondo idazkaritzako kideak izan dira Donostian, Aieteko Jauregian egindako agerraldian.
Urriaren 21ean goizez, mobilizazio sindikalak egingo ditugu, eta, arratsaldean, herriz herri elkarretaratzeak izango dira, Gernika-Palestina ekimenak deituta. Bietara batzeko deia egiten du LABek.
Atzo, urriaren 6an, Nafarroako Funesen, 29 urteko langile batek istripu larria jasan zuen eta gaur hil da, zauri larriei ezin eutsi. Langileari makina batek besoa harrapatu eta suhiltzaileek askatu behar izan zuten, jarraian erietxera eramateko. Gaur hil da bertan. LAB sindikatutik gure samina eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoen senide, lagun eta lankideei.
Euskal Herrian, urtez urte, lan istripuen kopurua izugarria da, eta Nafarroan are larriagoa. Istripu hauen atzean patronalaren ez betetzeak daude. Nahiz eta prebentzio araudiak ia hiru hamarkada abian daramatzan, patronalari oso merke ateratzen zaio legez kanpo jardutea inork isunik botatzen ez diolako. Kapitala bizitzaren aurretik ipintzen du patronalak, gure bizitzen aurretik. Azpimarratu behar da istripu hau igande batean izan dela eta argitzeke dagoela horren atzean egon daitekeen prekarizaio maila.
Makinak dira istripu larrien eragileetako bat. Nahiz eta 1997 urtetik Europa mailako zuzentarau batek estatu guztietan makinen inguruko araudi zorrotza ekarri zuen, errealitatea da gaur egun oraindik ere enpresetako makina gehienek ez dutela araudia betetzen eta arriskutsuak izaten jarraitzen dutela.
Nafarroako Gobernuak ardura garbia du egoera honetan, Txibiteren gobernuak behingoz onartu behar du lan ikuskaritzaren eskumena, eta ahalegin guztiak araudia betetzen ipini. Egun, 10 lan ikuskari soilik daude Nafarroan eta hauen presentzia guztiz testimoniala da. Aldiz ehunka mila euro xahutzen dituzte inongo eraginik ez duten prebentzio kanpaina antzuetan. Heriotza bermatzen duen dinamika honekin amaitu behar da.
Honela, intersindikaletik datozen egunetan burutuko diren ekimenetara dei egin nahi zaituztegu.
Hildako ez traumatiko bat Bilbon joan zen astean
63 urteko C.F.M.D langilea, aseguruetan aritzen zena, hilik azaldu zen bere Bilboko bulegoan irailaren 30ean. Txosten ofizialen arabera, istripu ez traumatiko batean hil zen.
Eusko Jaurlaritzak partekatutako hasierako diagnostikoak hutsune nabarmenak dituela, eta, besteak beste, pribatizazioen aurka egiteko, lehen arretaren kalitatea bermatzeko, hizkuntza eskubideak babesteko edota herritarren beharren araberako pertsonal politikak egiteko egiturazko neurrien beharra azpimarratu du LABek.
Sindikatuak gaur eginiko agerraldian Osakidetzako sail sindikaleko kide Jessica Gondrak azaldu duen moduan, Eusko Jaurlaritzak Osasun Ituna delakoa erdiesteko mahai bat martxan jarri izana Osakidetzako langileek eta, oro har, herritarrek eginiko borrokaren fruitua da.
“Azken urteetan Osakidetzak ematen duen zerbitzuak okerrera egin du ez delako osasun sistema Publiko sendo batek eskatzen duen politika publikorik egin. Kontzertu ekonomikoak ematen dituen aukerak ez dira baliatu herritarren mesedetan”, salatu du Gondrak. Izan ere, sistema publikoa ahulduz joan da eta pribatua, ostera, indartuz. Osakidetzako langileek egin ditzaketen eta egin beharko lituzketen hainbat zerbitzu pribatizatu egin dira eta kontzertaziorako joera gero eta hedatuagoa da. Bada, horrek guztiak langileengan eragin nabarmena izan du: “Langile kopurua ez da nahikoa, ez da egonkorra eta hainbat eremutan lan egitea ez da batere erakargarria. Horrek, lehen arreta, sistemaren oinarria dena, kolapso egoerara eraman du”.
Horren guztiaren aurrean, Osakidetzan eraldaketa sakona eskatu du LABek, eta osasun mahai hori aldaketaren alde borroka egiteko baliatuko du. Hala, kalean eta mahai sektorialetan bezala, mahai horretan ere leihatuko ditu sindikatuak bere eskakizun eta aldarrikapenak.
Gondrarekin batera, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradun Xabier Ugartemendiak hartu du hitza gaurko agerraldian. Bada, lehenik eta behin adierazi du LABen helburua osasun sistema publiko indartsu bat lortzea dela, eta norabide horretan doazela, hain zuzen ere, aurkeztu dituen ekarpenak.
Abiapuntu gisa, itunaren beraren izenburuari erreparatu dio: “Gobernuak Osasun Ituna planteatzen du, berau publikoa izan behar dela argitu gabe. LABen iritziz, Osasun Zerbitzu Publiko Indartsu baten aldeko Ituna izan beharko litzateke. Horrekin lotuta, itunak izan beharreko helburuak ere osatu ditu LABek, eta proposatu du honako hauek txertatzea: osasun sistema unibertsala izatea, kalitatea hobetzea, publikoa indartzea, publifikazioa bultzatzea, herritarren partaidetza bermatzea, osasunaren promozioa eta prebentzioa egitea, zerbitzua euskalduntzea eta langileen lan baldintzak hobetzea.
Mahai gainean jartzen diren gaiak jorratzeko prozesuari buruzko ekarpenak ere egin ditu LABek, Ugartemendiak azaldu duenez: “Erabakiak langileen partaidetzarekin hartu behar dira, eremuko gehiengoak errespetatuz. Horretarako, sindikatuen blokeari dagokionez, mahai horretan hartu beharreko erabakiak mahai sektorialean lantzea eta bertako gehiengoen arabaera izatea planteatu dugu”.
Pribatizazioari galga
Azpimarratzekoa da Jaurlaritzak prestaturiko diagnostikoan ez dela pribatizazio politikari lotutako inolako datu eta baloraziorik aipatzen. Ez aipatzeak, LABen ustez, erakusten du egoera hori zuzentzeko borondaterik ez dagoela. Bada, sindikatuarentzat premiaz jorratu beharreko gaia da, eta lehenik eta behin orain arteko praktikei buruzko datuak (zer pribatizatu den, noiz, nola, kostuak…) bildu eta ezagutarazi beharko liratekeela uste du. Ildo beretik, jakinarazi beharko litzateke osasun kostuetatik zeintzuk dagozkion zerbitzu publikoari bere horretan, eta zenbat bideratu diren sektore pribatura. “Azken urteetan publikoa ahuldu egin da pribatua indartzeko, eta garrantzitsua da jakitea eremu biei bideratu zaien diru kopurua”, azaldu du Ugartemendiak.
Osasun mentalaren arloari dagokionez ere, atal propio eta berezitua izan dezan eskatu du LABek. Hala, kasu honetan ere datu propioak eta balorazioa eskatu ditu.
Lehen Arretari buruz Gobernuak egiten duen diagnostikoarekin ez dator bat LAB: “2000. urtetik gaur egunera arteko datuak txertatzea eskatu dugu, eta ez soilik 2019tik aurrerakoak”. Horrekin batera, hitzordua lortzeko arazoak, kubritzen ez diren absentziak nahiz medikurik gabe dauden kupoen datuak ere eskatu ditu sindikatuak.
Era berean, giza-baliabideen arloan erronkak datozela aurreikusi du LABek, aintzat hartuta datozen 15 urteetan plantillaren %40 erretiratuko dela eta, gaur-gaurkoz behin-behinekotasuna %50ekoa dela, lanpostuen zerrendako koderik gabeko lanpostuak daudela ahaztu gabe. Hala, giza-baliabideen arloko diagnostikoan sakontzea ezinbestekoa da LABen ustez, eraginkortasunez jorratzeko plantillaren antolaketara bideratutako lan-ildoak.
Euskararen gaia ere badago LABen eskakizunen artean, eta zerbitzua euskaraz ematea nahiz langileek hizkuntza horretan lan egin ahal izatea berma dadin, hainbat datu falta direla uste du: “Euskara ikasteko liberazio kopurua, erabiltzaileen historialetako hizkuntza, euskeraz artatuak izatea eskatu dutenen kopurua, egondako salaketa kopurua…”.
Mobilizazioa hilaren 14an
Osasun mahaia ireki izana borrokaren ondorio dela errepikatuta, mahaitik harago ere osasun sistema publikoa onbideratzeko borrokan segitzeko asmo irmoa dauka LABek. Horren adibide, urriaren 14an Bilboko Indautxu auzoko Areilza Doktorea kaleko osasun zentroaren aurrean mobilizazioa deitu du sindikatuak.
Mobilizazio horren aurretik, dena den, beste bi hitzordu ere badaude egutegian. Alde batetik, mahaiaren hurrengo bileraren egunean bertan, hau da, asteazken honetan, hilak 9, Osasungintza Publikoaren aldeko Plataformek mobilizazioa deitu dute Donostian, osasun sistema publikoa indartu dadila eskatzeko asmoz. Bestalde, urriaren 10ean Osakidetzako intersindikala osatzen duten gainerako sindikatuekin batera mobilizatuko da LAB, biltegien pribatizazioa salatzeko. Gasteizen deitu dute elkarretaratzea, Osakidetzaren zerbitzu zentraletan, 10:00etan.
Azken egunotako mobilizazio zikloa itxita, aurrerapen esanguratsurik ez da egon aniztasun funtzionalaren arloko enpresaren partetik. LABek langileak zoriondu ditu egunotan erakutsitako borrokarako grinagatik, eta hurrengo urratsak prestatzeko lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.
Gaur goizean Fekoorrek Bilbon dituen bi instalazioren aurrean elkarretaratze bana egin dute LABek ordezkatzen dituen Fekoorreko langileek, lehenik Txurdinagako Etxegokin eta jarraian Deustuko Arbolarten. Horren ostean, manifestazioan joan dira Ugasko Bidean kokatutako Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailaren egoitzaraino. Hala, gogorarazi dute elkarte horretako langileek ematen dutena zerbitzu publikoa dela, eta aldundiari exijitu diote lan-baldintza duinak eta bertako errealitateari lotutakoak bermatzeko esku har dezala, onartezina baita erakunde publikoek azpikontratatutako zerbitzu hauetan enpresek ezartzen duten prekarizazioa ahalbidetzea. LABek azpimarratu du baldintza kaskar horiek, langileei ez ezik, erabiltzaileei ere eragiten dietela, zerbitzu egokia eta kalitatezkoa eman ahal izateko oztopo baitira.
Gogorarazi behar da Fekoor elkarteko langileak 2023ko abenduaz geroztik ari direla hitzarmen propioaren aldeko borrokan. Sektore bereko Bizkaiko beste enpresetan, hala nola Gorabiden, Apnabin edota Gauden enpresa hitzarmenen bitartez beren lan baldintzak hobetu dituzten bitartean, Fekoorreko langileen lan baldintzak oraindik estatu espainoleko hitzarmenaren menpe daude.
Hala, irailaren 26an abiatutako borroka ziklo hau amaitutzat emanda, sindikatuak langileek erakutsitako indarra azpimarratu du eta kotxe karabanen, elkarretaratzeen zein manifestazioen bitartez beren aldarrikapenak kalera atera izanaren balioa aitortu du. Dena den, borroka amaitu ez dela eta hitzarmen propioaren alde ekimen gehiago etorriko direla aurreratu du.
Espainiako Gizarte Segurantzak garbitzaile nafar batekin sorturiko muturreko egoera -gurpil-aulkia erabili arren ezintasun iraunkorra ukatu dio eta lan egitera bueltatzeko behartu- ez da gaurkoan konpondu, Zaintzen garbiketa enpresak ez baitu aukerarik eman modu egoki batean bideratzeko. Enpresak gaur goizean erran dio langileari lanera joateko, eta arratsaldean joan denean, enpresako arduraduradunarekin eta lan prebentzioko teknikariarekin eztabaida gogorra izan da. Enpresak ez du batere enpatiarik erakutsi eta, laneko material estandarra eman eta gero, langileak normal-normal lan egin dezan saiatu da.
Elena Escudero –56 urtekoa, % 49ko ezintasun aitortuarekin, eta Osasunbideak eginiko txosten baten arabera, gurpil-aulkia behar duena 10-15 minutu baino gehiagoko joan-etorrietarako– gaur arratsaldean itzuli behar zen ikastetxe bateko garbitzaile lanpostura, Zaintzen enpresak gaur goizean bidalitako mezu baten aginduari kasu eginez. LAB sindikatuko hainbat kidek eta herritarrek lagundu dute Escudero. Ikastetxearen barnean, Escuderok eta LABeko aholkulariek eztabaida gogorra izan dute Zaintzen enpresako arduradunekin, berehalakoan erakutsi baitute ez zutela batere borondaterik lan osasunaren ikuspegitik langilearen egoera modu praktikoan eta egokian bideratzeko. Enpresako arduradunek adierazi diote berak bakarrik gelditu behar zuela lantokian, ezin zela bertze inor bere ondoan egon. Eta, gauzak horrela, kontuan izanik, aulkia mugitzeko bertze pertsona baten laguntza behar duela, lantokitik alde egitea erabaki du.
Gaur berean Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Enma Saizek iragarri du Gobernuak lan osasuneko bajak “malgutzeko” erreforma bat egin nahi dutela. Horri erantzunez, Elena Escudero lantokiraino laguntzeko agerraldian, LAB sindikatuko bozeramaile Imanol Karrerak adierazi du gaur Mendillorriko ikastetxearen sarreran ikusi den irudia dela ministroaren bajak malgutzeko asmoaren itzulpen praktikoa. “Badirudi hemendik aurrera langileok bajan egon arren onartu beharko dugula taka-taka batean edo gurpil-aulki batean lanera joatea”, gaineratu du.
Escuderoren kasuaz gain, gogoratzekoa da badirela egun batzuk Iruñeko bertze ikastetxe batean taka-taka bat behar duen garbitzaile bat lanean hasi zela. LAB sindikatuak borrokan -sindikalki, sozialki eta juridikoki- jarraituko du kasu hauek, eta egon daitezkeen bertze batzuk, modu egoki eta duinean konpontzeko, betiere langileen lan osasuna erdigunean jarriz.