2026-05-01
Blog Page 1276

LABek Bizkaiko Hirugarren Adineko Zentroetan sinatutako aurreakordioa langileak kontutan hartu gabe egin izana salatzen du

Esparru honetan ordezkaritza dugun sindikatuon hilabeteetako borroka eta negoziaketen ostean, ELAk enpresarekin adostuta zeukan eta gainontzeko sindikatuok ezagutzen ez genuen aurreakordioa sinatu du.

Salaketak, tentsioak, atzeratzeak, bertan behera utzitako deialdiak eta alferrikako lanaren ostean, Patronalak eta gehiengoa duen sindikatuak, aurreakordio hau sinatzen dute gainontzeko sindikatuon, langileen ordezkaritza zabala dugunak, ekarpenak kontuan izan gabe; aurretiaz egondako negoziazio baten gertatu zen bezala, hauen iritzia albo batera utzi dute.

ELA, Gesca eta Lares-en arteko negoziazioaren prozesua iluntasunean eman da, gaur akordio itxi bat aurkezten ziguten bitartean hilabeteetan egon dira konfrontazioa antzezten. Gainontzeko sindikatuak banaketa sindikala irudikatzeko erabili dituzte, dokumentuak, ekarpenak, bilerak egiten izan gaituzte, orain sekretupean eta petit comitè-an, akordioa sukaldatzeko, ez dakiguna da LABek mahai negoziatzailean egindako ekarpenak kontuan hartu diren.

Gainontzeko sindikatuok alde batera utzi gaituen Bizkaiko Aldundia eta ELA sindikatuaren artean izandako negoziazio paraleloa ere salagarria iruditzen zaigu. Adostutako tarifikazioa eta erabiltzaileengan izango dituen ondorioak ez ditugu ezagutzen, hau da, EAJ, Patronala eta ELAren artean, zerbitzu publiko honen eredua adostu dute langileen eta erabiltzaileen iritziak kontutan hartu gabe.

ELArentzat orain arte baldintza sine qua non zena, alegia, hitzarmena enpresaz enpresa errefrendatu behar izatea (Bilduk gobernatzen duen Gipuzkoako hitzarmenari jarri zion baldintza sine qua non berbera) kasu honetan ezinbesteko baldintzaren izaera galtzea, eta kasu honetan bai, LABek behin eta berriro defendatu duen Aldundiaren bidezko bermea nahikoa izatea paradoxikoa da.

Bai ELAk, bai eta patronalak zein BFAk berak ere, ordezkaritza sindikalari erakutsitako mespretxu eta destainezko jarrera hau guztiz onartezina eta deitoragarria da, eta sektore honetako langileek jada ezaguna zuten jarrera hau berriro ere errepikatu izana salatu nahi dugu.

Aurreakordio hau egina izan den moduari dagokionez kritika zorrotz hau behin eginda, esan behar dugu oraingoz behintzat LAB ez dagoela bere edukien gainean iritzirik emateko baldintzetan, izan ere gaurko negoziazio mahaiaren testuinguruan ezagutu baitugu aipatutako aurreakordio hau, eta beraz, ez dugu berau baloratzeko aukerarik izan; gure ordezkari eta langileen ordezkariekin testua behin konpartituta eta aztertuta erabakiko dugu zer egin.

Aurreakordioaren lehen irakurketaldi arinean patronalarentzat berebiziko garrantzia duten zenbait gai jasotzen direla ematen du – hala nola, tarifei eutsi eta itundutako ohe kopuruaren handitzea (interes komertziala)-, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeatzaileen hauteskunde interesak ere bermatzen direla ematen du, azken batean hauteskundeen atarian parerik gabeko Hitzarmen bezala aurkeztuko baitute hau. Aztertu beharko da ea patronal eta Aldundiaren interesez gain, langileen lan baldintzei dagokienez eta lan erreformari aurre egiteko tresna bezala ere akordio ona den, eta LABek horren arabera erabakiko du honekiko jarrera.

 

 

 

Incoesako langileek Jaurlaritzari erantzukizunez joka dezan exijitu diote

0

Incoesako langileak atzo estintzioko Enplegu Erregulazio Espedientearen bideragarritasunari buruzko txostena egin behar duten Eusko Jaurlaritzako kideekin batzartu zen. Langileek txostena egiterakoan erantzunkizunez jokatzeko eskatu zioten Jaurlaritzari.

Pasa den martxoaren 13an enpresak aurkeztutako EEEaren kontsulta aldia adostasunik gabe amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren txanda da orain, eta espedientea epailearen eskuetara heldu aurretik egin beharko du aipatu txostena.

Bileran, langileek exijitu diete Eusko Jaurlaritzako kideei, behingoz inplika daitezela gatazka honetan eta erantzunkizunez jokatu, hilabete guzti hauetan argi geratu baita ez dagoela Bediako lantegia ixteko arrazoi justifikaturik.

Hilabete guzti hauetan, epailea enpresak martxan jarritako prozedura guztiei ezetz esaten ibili den bitartean, Eusko Jaurlaritzak, beste alde batera begiratzeaz gain, enpresaren erabakia balioztatu du langileen kontrako txostenak eginez.

Orain, eta berandu izan arren, ordua da Eusko Jaurlaritzak pauso bat aurrera egin eta EEEa arbuiatu dezan.
 

 

 

Hitzarmen duin bati bide emango dien negoziazioak ireki daitezen aldarrikatuz antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitzeko du LABek

Azken bi hilabetean, CEBEK enpresaburuen elkartearekin eta aipatu elkarteak ordezkatzen dituen enpresekin egin negoziazioak askatzeko LABek ganorazko proposamenak egin ostean, azken proposamena baztertuz eta negoziazioak euren erabakiz bertan behera utziz, elkarrizketa hautsi behar zela erabaki du patronalak. Honen aurrean LABek mobilizaziorako deia egiten du. Datorren hitzordua bihar, hilak 2, CEBEKen aurrean.

Enpresaburuen elkarteko ordezkariak jakinarazi zigun enpresak eroso daudela egoera berri honetan, gatazkarik ez delako jazotzen, nahiz eta sektore honetako beharginen lan baldintzei behin eta berriz erasotzen dieten.

Enpresaburuen elkartea egiten ari den arduragabekeria honen aurrean, LABeko kideok aski ondo dakigu zein izan behar duen gure erantzuna: daukagun baliabide bakarra erabiliko dugu, mobilizazioa.

Hitzarmen honen eragin pean dihardugun beharginok mobilizatzeko gaitasun handia agertu izan dugu; horrek bere biziko garrantzia izan zuen hitzarmena negoziatu genuenean, enpresaburuen elkarte berak adierazi zigunez. Hau une egokia da sektore honek erakuts dezan bere lan baldintzen alde jardungo dela; eta horretarako, modurik egokiena sektore osoaren aterpe den hitzarmenaren defentsa dugu.

LABek uste du mobilizazio aldi berri hau sindikatu guztien, negoziazio mahaian ordezkatuak gaudenon eta ez daudenen ekintza bateratuak ematen digun indarrean oinarritu behar dela. Aste honetan bertan ekin diogu mobilizazio-egutegiari GFI-en aurrean (CEBEK-k ordezkatzen duen enpresa garrantzitsua) elkarretaratzea eginez. Honi, apirilaren 2an, goizeko 11.00etan, CEBEKen aurrean ere egingo den beste elkarretaratze berri batekin emango zaio jarraipena (LABek beste sindikatuekin batera deitutako mobilizazioa).

LABek sustatu eta bultzatuko ditu hitzarmenaren alde egingo diren mobilizazio GUZTIAK, gure lan baldintzak babestuko duen hitzarmen duin bat sinatuz amaituko duen negoziazioa zabal dezagun.

Guztion artean lortuko dugu!
 

 

 

LABek Nafarroako Gobernuari eta nafarroako gizarte osoari Koxka eta Kobol-eko langileekiko elkartasuna aktiboa azaltzeko eskatzen dio

Koxka eta Koboleko langileek 200 kaleratze baino gehiago pairatu dituzte azken bost urteetan, bi plantilla hauek beraien lan baldintzen murrizketa larriak sufritu dituzte, orain bi hilabete soldataren %20ren murrizketa eta lan orduen igoera bat jasan dute.

Egoera honen aurrean LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari balizko alternatibetan inplikatzeko eskatzen dio Koxka eta Koboleko langileen lanpostuak mantendu ahal izateko. Sindikatuarentzat Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna da langileen interesak defendatzea eta egoeraren neurrira egoteko eskatzen dio Koxka eta Koboleko egoerari irtenbidea emateko nahiko baliabide baditu eta. Bide horretanLABek Nafarroako Gobernuari enpresaren kontuak auditatu ditzan exijitzen dio.

Langileek ezagutzen ez duen alternatibaren bat manejatzen ari badira LABek mahai gainean jarri ditzaten exijitzen du, "ez baita bidezkoa 400 familia egoera penagarri honetan mantentzea".
 

 

 

Antalis enpresako langileak eta zuzendaritza akordio batera iritsi dira

0

Albizturko Antalis enpresako ELA, LAB eta langile batzordeak pasadan ostiralean zuzendaritzarekin Madrilen izandako bileran akordio batera iritsi zirela jakinari dute. "Tamalez" lanpostuen defentsa ez dela lortu adierazi dute baina kaleratzeengatik zuzendaritzak hasieran eskainitako kalteordainak %250 gehiago izatea lortu dela nabarmendu dute. Zentzu horretan "Borrokak irteera askoz ere duinagoa ekarri duela" azpimarratu dute.

ANTALIS-eko GATAZKAN AKORDIOA
ELA, LAB eta Antaliseko langile batzordearen oharra

2013ko azaroaren 28an ANTALIS-eko zuzendaritzak Albizturren duen lantegia itxi nahi zuela iragarri zuenetik lau hilabeteko gatazka gogorra izan da. Greba, manifestazioak, kontzentrazioak, enkarteladak, kotxe karabanak, Madrilen egindako mobilizazioa, otsailaren 15ean lantegian bertan egindako ekintza ikusgarria… Hamaika izan dira Albizturko lantegiko langileak egin behar izan dituzten ekintzak. Ez da talde handia (39 kaleratu ziren hasiera batean), baina etorkizuna jokoan izanik, ez zieten beste aukerarik utzi.

Bitarte honetan, lantegiaren bideragarritasuna izan da helburu nagusia. Gatazkaren amaiera arte ANTALIS-eko zuzendaritzarekin lanpostuak mantentzeko konpromezua lortzen saiatu gara, behin eta berriz. Bide horretan, Tolosaldea Garatzen eta Gipuzkoako Aldundia lagun, bideragarritasun plan bat martxan jartzea ere lortu da. Baina bide horretan egindako saiakera guztiak ez dute multinazionalaren asmoa aldarazi.

Nabarmentzekoa da, kontsulta epean ANTALIS-eko zuzendaritzak langileak ixiltzeko asmoz, kalteordainak ordaintzeko eskaintza dexente handitu zuela: urteko 45 egun, 24 hilabeteko topearekin.

Hala eta guztiz, langile batzarrak aurrera egitea erabaki zuen, eskaintza ukatuz, honek zekarren arriskua bizkar gainean hartuz, baina irtenbide hobeago bat lortzeko helburuarekin. Modu honetan, otsailaren 14an 37 langile kaleratuak izan ziren (2 langile Bizkaiko lantegira lekualdatu zituzten), hitzarmenak ezartzen duen kalteordain minimoa jasoaz, hau da, urteko 30 egun, 12 hilabeteko topearekin. Kalteordain guztiak batuta 1.100.000 euro.

Pasa den ostiralean, langile ordezkariak, LAB eta ELA sindikatuetako abokatu eta arduradunekin batera, Madrilera joan ginen, eta egun osoan negoziaketa gogor batean aritu ondoren, enpresaren azken eskaintza hobetzea lortu genuen. Guztira, 2.700.000 € ordaintzeko eskaintza. Ordaindutakoa baino % 250 gehiago, kontsulta epean eskainitakoa baino 600.000 euro gehiago. Banaketa, aintzinatasunaren araberakoa izango zen gehiena (ia % 90a), baina denontzat kopuru lineal edo berdin batzuk bermatuz.

Herenegun, larunbat goizean, langile batzarrak azken eskaintza hau aho batez onartzea erabaki zuen, eta beraz, biharko ezarrita zegoen epaiketa egin beharrean, Bilboko Auzitegi Nagusian akordioa formalizatu egingo da.

Ez da enpleguaren suntsiketa geldiaraztea lortu kasu honetan, baina egia da ere borrokak irteera askoz ere duinagoa ekarri duela. Langileek, ahalegin guztiak egin dituzte irtenbiderik hoberena bilatzeko, eta hori horrela izan ezean, bukaera hau lortzea ezinezkoa litzateke.

Bukatzeko, bidean lagun izan ditugun guztioi eskerrak eman nahi dizkiegu, eta bereziki, Tolosaldea Garatzen, Gipuzkoako Aldundia, Albizturko Udalari, Tolosako Udalari, Ibarrako Udalari, eta noski, hainbat mobilizazioetan parte hartu duten Tolosaldeako langile eta militante guztiei."

Albizturren, 2014ko martxoaren 31n

 

 

 

Mobilizazioak EDE Taldean kaleratzeen aurka

EDE Taldeko arduradunek, gutxienez, 17 lanpostu suntsitu nahi izatearen harira bertan diharduten ESK, ELA, LAB, CCOO eta CNT sindikatuek mobilizioei hasiera eman diete jendea lanetik bidaltzeko eta lanaldia murrizteko helburuan sortu duen enpresaraen egitasmo honen aurka.

Egun, EDE Taldea, Lan Harremanetarako Kontseiluan, bitartekaritza prozesu batean murgildua dabil, Zuzendaritzak, 2013. urtean, %7ko soldata ez aplikatzeko klausula ezarri nahi duelako, eta 2014. urtean enplegua suntsitu nahi duelako.

Hurrengo mobilizazioak

Apirilak 1
Bilboko Boluntan (Ronda s/n) 5.zbk aurrean 18.00etatik 18.30etara

Apirilak 3
EDE fundazioan (Simon Bolivar 8b) 14.00etatik 14.30etara

Apirilak 8
Bilboko Boluntan (Ronda s/n) 5.zbk aurrean 18.00etatik 18.30etara

Apirilak 10
EDE fundazioan (Simon Bolivar 8b) 14.00etatik 14.30etara
 

 

  

LABek soldaten kontrako kapitalaren erasoak salatu eta hauei aurre egiteko lan lerroa aukeztu du

LAB sindikatuak soldatetan ematen ari den debaluazioa erakusten duen txostena aurkeztu du gaur Donostian. Lan honek aberastasunean ematen ari den gero eta banaketa desokerakatuagoa erakusten du, pobrezia eta enplegu suntsiketa dakarrena gainera. Eraso hauei kontra egiteko LABek lantokietan eta instituzioei begirako lanketa egingo duela iragarri du.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, eta Garbiñe Aranburu Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak, "krisialdiaren ondoriok eta soldaten debaluzioa" aztertzen dituen txostena aurkeztu dute gaur LABeko Donostiako egoitzan. Bertan kapitalismoak soldatak erasotzeko duen asmo argia ikusi daitekeela aipatu eta erabakia estrukturala dela eta krisi egoeratik haratago doala azpimarratu du Aranburuk.

Lan kostuak murrizteko lasterketa zoroan kokatu du Aranburuk soldaten aurkako erasoa, honetarako bi modu erabiltzen ari direla aipatuz: izozketa edota moteltzea eta soldatak KPIatik deslotzea, soldata egitura bera aldatuz. Etxaidek eraso honetan "helburu bakarra" ikusten du, "banaketa gero eta desokekatuagoa izatea gutxi batzuen mesedetan" eta honek pobrezia hedatzea eta enplegu suntsitzea dakarrela salatu du.

"Patronalak bere asmoak inposatzeko bi bide ditu" Aranbururen hitzetan, bata lege aldaketa berriak inposatzearena eta bestea negoziazio kolektiboarena. Lehenean jadanik "Ley de Desindexación de la Economía" izenarekin indarrean jarri den eta administrazio publikoa KPIaren erreferentzia galtzea ekartzen duen legea aipatu du. Bigarrenean Madrilen 2012-2014 urteetarako CEOE, CEPYME, CCOO eta UGTk sinatutako Negoziazio Kolektiborako akordioa ekarri du gogora, non soldatzen motentzea adostu duten kalkulatzea ezinezkoa den erreferentzia batzuk hartuz patronalaren asmoei jarraituz. Lerro berdinean kokatu du CCOO eta UGT sindikatuak bai Nafarroan eta bai gehiengoa duten enpresetan eramaten ari diren lanketa.

Eraso honen aurrean LABek soldatak defendatzeko borroka lehentasunezko borrokatzat jotzen du, Etxaidek aipatu bezala "enplegua defendatzen delako, aberastasunaren bakaketa borrokatzeko bidea delako eta etorkizunera begira langileok egin dezakegun inbertsiorik hoberena delako".

Etxaidek borroka patronalaren asmoei aurre eginez eta erabakiak baldintzatzeko borrokaren indartzean kokatu du. Horretarako LABek, lantokiz-lantoki eta negoziazio koletiboan, soldata igoera finkoa eta neurgarrien aldeko apustua egingo duela adierazi du, hori bermatzen duen erreferentzia bakarraren, KPIa, alde borrokatuz. Patronalari begira, haien asmoei aurre egiteko erabaki politikoak hartzeko tresnen bila lan egingo duela azaldu du eta instituzioei begira iniziatibak hartuko dituztela adierazi du.

 

 

 

Paro de dos horas en la empresa Ega Perfil para denunciar el útimo accidente laboral mortal ocurrido en Nafarroa

El pasado 24 de marzo, se produjo un accidente laboral mortal en la empresa Ega Perfil S.A, situada en el Polígono Comarca II (Barbatain-Ezkirotz). El trabajador I.I.P. de 48 años murió al caerle encima una bobina metálica de 5000 kg. cuando estaba manipulando la carga que debía descargar en dicha empresa.

En respuesta al 4º accidente laboral mortal en Nafarroa, el pasado viernes realizaron un paro de dos horas en la empresa Ega Perfil, convocado y respaldado por toda la plantilla. El trabajador fallecido era autónomo y era el último eslabón de una larga cadena de subcontratación. Concretamente, FORFRESA es la proveedora de la empresa Ega Perfil, y esta proveedora subcontrató a la empresa Transportes J.J.GIL y ésta a su vez subcontrató a la empresa Transportes RIVED. Es decir, 3 subcontrataciones para realizar un trabajo.
 

 

 

EAJren Gobernua Osakidetzan lanpostu publikoak suntsitzen ari da

0

Gaur, martxoak 28, Zumarragako Ospitalean elkarretaratzea egin du LABek EAJko Gobernuak enplegu suntsiketen inguruan daraman politika murriztatzailea salatzeko. LAB sindikatuak martxoaren 6an Donostiako Ospitalean, enplegu suntsiketaren aurka abiatutako dinamikari jarraipena eman dio gaurko ekimenak. Datozen asteetan dinamika EAEko beste ospital eta osasungintzako lan zentruetan zabalduko da.

Krisi ekonomikoa hasi zenetik eta honen aitzakipean, bost urte luze pasatu dira. Krisialdiari irtenbidea ez emateaz gain, urtez urte langabezi tasa eta pobrezia hedatzen ari dira eta emerjentzia sozialeko egoeran bizi garela esan genezake. Horrekin batera, zerbitzuetako langileen-baldintzak okertzea eta herritarrok jasotzen ditugun zerbitzuak publikoen kaltetzea ekarri du.

PPren Gobernuak Madriletik aginduta, bere garaian PSEk eta orain EAJk, ezarritako neurriekin azken urte hauetan EAEko sektore publikoan lanpostu galera narbarmena ari da ematen. Bereziki salatu nahi dugu Estatuaren nagusitasun konpetentziala aitzakitzat hartuta, EAJren Gobernuak inongo oztoporik jarri ez izana Madrilen hartzen ari diren neurrien aplikazioari. Izan ere, kasu askotan, ez gara bertako arduradun instituzionalen “nahi eta ezin” batez ari; Madrilgo eta Gasteizko agintariek administrazio publikoan konpartitzen duten proiektuaz baizik.

Osakidetzari dagokionez, bertan aplikatutako neurri murriztatzaile ezberdinak hauek dira: aurrekontuetan osasun publikora bideratutako dirua gutxitzea, aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileen ordezkapen irizpideak zorroztu izana, bajak %100 ez ordaintzea; norberaren kontuetarako baimenean eta “canosoak” deritzan baimenean murrizketak, eta noski, langileeei lanaldia dekretuz 1.614,5 orduetara luzatzea. Bestetik, orain dela gutxi Osakidetzak eta SMEk sinatu dute jubilazio adina 67 urte arte atzeratzeko aukera jasotzen duen akordioa, eta horrek ere langile ebentualen kontratazioa gutxitzea ekarriko du, batez ere mediku gazteena. Osakidetzan 2012ko urtarriletik 2013ko azarora bitartean, 2906 kontratazio gutxiago egin dira, lanaldi osok 3437 kontratu gutxiago, eta horren aurrean, kontratazio partzialak ugarituz lanpostu galera adieraziko luketen datuak mozorrotzen dituzte. Hilean 600 kontratazio gutxiago (galdu diren gehienak lanaldi osokoak) egiten dira bataz beste. Osakidetzan, azken hamarkada honetan ezagututako enplegu suntsiketarik haundiena eman da.

Osakidetzako Mahai sektorialean behin eta berriro aldarrikatu dugu: Osakidetzak eta EAJ murrizketak gauzatzeari eta lanaldia luzatzeari uzten ez badiote, LAB sindikatuak ez du negoziatzeko aukerarik ikusten. Beraz, eskenatoki honetan LAB sindikatuarentzat ezinbestekoa da Osakidetzan enplegua publikoaren defentsa eta enplegu publikoaren sorrera.

Osakidetzan enpleguaren aldeko salaketa eta borroka egitea ezinbestekoa da. Eta LABek martxoan enpleguaren aldeko bi ekimen burutuko ditugu eremu honetan:

Bata, 2013 urtean suntsitutako 2906 enpleguen salaketa irudikatzea, ospitale eta lan zentroetan egiten ari garen mobilizazien bidez. Gaurkoaren moduko protestak hor kokatzen dira. Bestea, lanaldiaren luzapena saltzeko abiatuko dugun ekimena. Osakidetzako langile bakoitzari inposatutako 1614,5 orduko lanaldi luzapenaren aurrean, aukera emango zaiei langileoi Osakidetzako Zuzendaritzaren aurrean desadostasuna azaltzeko, idatzi baten bidez, zuzendaritzari jakinaraziz langilearen desadostasuna.
 

  «Azken hamar urtean ezagututako suntsiketarik handiena da: 2012ko urtarriletik 2013ko azarora 2900 lanpostutik gora suntsitu ziren»