2025-12-21
Blog Page 1263

LABek UPNren Gobernuaren dimisioa exijitu eta kalera irteteko deia egin du

Hainbat enpresen alde Ogasunaren gainean Lourdes Goicoecheak egindako presioen berri jakin ostean, LAB sindikatuak UPNren Gobernuak berehala dimisioa eman eta hauteskundeak deitu ditzan exijitzen du.

Ildo honetan, LABek aipatutako helburuarekin antolatzen diren mobilizazio guztiekiko babesa adierazten du, hala nola une hauetan sare sozialetan dabilenari (gaur asteazkena 19:00etan UPNren egoitzaren parean). Era berean, sektore publikoko langileen asanblada bat antolatu du ostiral honetarako, hilak 14, 12:00etan Ogasunaren parean. Mobilizazioa beharrezkoa da.

Gaurkoa bezalako berriek, CANen dieten afera iceberg-aren tontorra besterik ez zirela erakusten dute: Nafarroako ondare publikoaren harpilaketaren aurrean gaude, Nafarroako Kutxan, Herri Lanetan, Osasungintzan edota Ogasunean bertan gauzatu dena. Ez dira gertakari isolatuak, lapurren mozkorraldia baizik. Lotsarik gabeko elite politikoa (UPN, PP eta PSN alderdiez osatutakoa) baliabide publikoen kontura aberastu da, elite enpresarialari mesede eginez, langileriari murrizketak inposatzen zizkion bitartean.

Goicoecheak dimisioa eman behar du: Ogasunaren buru izatea, otsoa ardien zaindari jartzea bezalakoa da. Baina hau ez da nahikoa: Gobernu osoak eman behar du dimisioa, Yolanda Barcinarengandik hasita, CAN eta dirukutxa publikoak hustutzeagatik, langileriaren kontura aberasteagatik, Nafarroa bankarrotaren ertzeraino eramateagatik.

Aldaketa bikoitza premiazkoa da Nafarroan: Gobernu aldaketa eta eredu aldaketa. Ustelkeria kasu ugariak iraganaren parte izan daitezen, Errenta Aitorpena egin ahal izan dezagun lapurtzen digutela sentitu gabe. Nafarroa hainbeste urtez odolustu duen Erregimen nafar-espainolarekin amaitu eta benetako demokrazia ezarri beharra dago, non geure etorkizunaren eta baliabide publikoen jabe izango garen, non langileriaren eskubide sozialak bermatuko diren.

Geure esku dago, usteleriaren kontra eta aldaketaren alde mobiliza gaitez!
 

 

 

6 dira jadanik Euskal Herrian lan istripuan hildako langileak 2014an

2014ko urtarrilaren 30ean, Alduntzar enpresako langile batek lan istripu larria izan zuen Usurbilgo Fagor Victorio Luzuriagan. Langilea, 38 urteko errrumaniarra, makinen prebentzio lanetan ari zela lubaki batera erori zen, eta horren ondorioz atzo hil egin zen. Luzuriagako Enpresa Komiteak elkarretaratzea deitu du biharko azken lan heriotz hau salatzeko.

LAB sindikatuak bere senide eta gertukoei eta oro har langile klaseari bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die.

Heriotza honekin gutxienez 6 dira Euskal Herrian aurten hil diren langileak. Eta Gipuzkoan dagokionean, heriotza eragin duen 2. lan istripua da aste honetan.

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Beste behin ere hildakoa langile gazte bat da, etorkizun ta lan baldintza hobeagoen bila etorria zena gure herrira.

Horregatik guztiagatik, langileok laneko gaixotasun eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO ohiukatu behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz.

Baina aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz, Iruñea edo Baionatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. Aldaketa langileok ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartutako gure konpromisoen ondorioz, hori bait da gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra.

LAB sindikatuak bihar Luzuriagako komiteak goizeko 13.00etatik 15.00etara deitutako lanuzte eta elkartaratzearekin bat egiten du.

 

 

 

LABek positibotzat jotzen ditu Bizkaia eta Arabako eragin mugatuko hitzarmenen indarraldia aitortzen dituen epaiak

0

Epai hauek berriro ere agerian utzi dute FVEM eta SEA patronalen estrategia. Hauek, PPren lan erreformak sortutako uztailaren 7ko amildegiaz eta mehatxuaz baliatu nahi izan zuten, lan eskubideen galera zein lan erreforma aitortuko dituen hitzarmenak lortu ahal izateko. Epai hauek estrategia horri zaplasteko bat dira, eta batez ere, Euskal Herriak behar duen lan harremanetarako eredu propioa izateko beharra berresten digu.

Hala ere, epaitegiek negoziazio kolektiboaren arazoa ez dute konponduko. Konponbidea ere ez da hemengo errealitatetik at dauden estatuko hitzarmenak sinatzea, ezta bakarrik enpresaz enpresa egindako negoziazioa ere. Metalgintzako hitzarmen berriak eta eguneratuak behar ditugu. Horretarako, LAB sindikatua buru belarri dabil sektore hitzarmenaren defentsarako estrategiaren garapenean. Hilabete honetan zehar gure militantziarekin adostuko dugu eta langile guztientzat metalgintzako hitzarmen duinak lortzeko bidean inflexio puntu berri bat bilakatuko dela ziur gaude.

Epai hauek langileek behar dituzten hitzarmenak lortzeko apustuan aurrera egiteko balio behar dute, ez patronalaren neurrikoak.
 

 

 

Mobilizazioak Crown Embalajes enpresan lan baldintzak okerragotzeko erabakiaren aurrean

0

Crown Embalajes lantegiko langileak 13 hilabete eman dituzte hitzarmen kolektiboa negoziatzen eta denbora horretan enpresak akordioetara irisiteko inolako borondaterik ez du azaldu. Hori horrela, zuzendaritzak atzo deskuelge espedientea aurkeztu zuen, urteko lanaldia 24 ordu igo eta %10eko malgutasuna ezarri nahian.

Erabaki honen aurrean eta hitzarmen justu baten alde eta enplegu galeraren aurka, Crowm embalajes enpresako langile batzordeak mobilizazioak deitu ditu lantegian bertan, otsailaren 12, 21 eta 24ean, hain zuzen ere deskuelgerako espedientearen kontsulta aldiari dagokioen bilera egunetan.

Ugao-Miravalleseko Crown embalajes enpresako langile batzordearen (LAB, CCOO, UGT eta USO) salaketa

1. Azken urteetan milioika eurotako irabaziak izan dituen enpresa dele Crowm, akzionisten artean dibidentotan milioika euro banatu dituena, 30.000.000 euro krisi garai bete-betean, 2008tik 2011. urtera.

2. Egun lan zama handia du, horren adierazle, fabrikako langileen %20 behin-behineko kontratazioek osatzen dutela.

3. Milioika euro irabazi badituzte, ez dago malgutasunean sakondu edo lanaldia luzatu beharrik.

4. Neurri honekin enpresak bere irabaziak handitu nahi ditu, enplegua suntsituz eta langileen lan baldintzak kaxkartuz.

5. Beraz, negoziazio kolektiboaren baitan adostu ez dela inposatzeko ahalegina da honakoa, eta horren aurrean, komiteak negoziazioei berriro ekiteko deia egiten du, lan baldintza justuak jasoko dituen hitzarmena lortze aldera.
 

 

 

Osakidetzako laborategietako plan zuzentzaileak ikuspegi soziala baztertu eta lanpostuen galera ekarriko duela salatu du LABek

0

LABeko Osakidetzako delegatuek laborategietako plan zuzentzaileak ikuspegi soziala baztertu egiten duela salatu dute gaur Donostian. LABeko kideek Osakidetzari Ikuspegi ekonomizistak alboratuz zerbitzuaren kalitatea, lanpostuen mantentzea eta herritarrenganako gertutasuna lehenestea eskatu diote.

OSAKIDETZAKO LABORATEGIETAKO PLAN ZUZENTZAILEAK IKUSPEGI SOZIALA BAZTERTU EGITEN DU: ESKUALDE OSPITALETAKO LABORATEGIAK DESEGIN ETA SEKULAKO LANPOSTU GALERA ERAGINGO DU

Laborategietako Plan Zuzentzailea 2011ko ekainean onartu zen, osasun kontseilaria Rafael Bengoa zelarik, eta gaur egungo Osakidetzaren kudeatzaileek gida-plan hori sendotu eta garatzen jarraitzen dute. Laborategietako Plan Zuzentzailearen helburu nagusia gaur egungo eskaintza optimizatu eta arrazionalizatzea omen da, lurraldearen araberako banaketa hobetuz eta zentroen arteko osagarritasuna eta elkarlana sustatuz. Gaur egun Osakidetza hainbat alor lantzen ari da, ez soilik asistentzia eremuan, baita ekonomi arloan, pertsonen kudeaketan… Osasun Sistema hobetu asmoz baliabideak optimizatuz aurreztea lortu eta gastuak gutxitzea helburu omen duten estrategiak erabiliz. Plan Zuzentzaile hau neurri sorta horien artean kokatzen da eta politika ekonomizista horren baitan aztertu behar da.

Laborategietako Plan Zuzentzaileak zera dakar: gaur egungo laborategin berrantolaketa, laborategi-lanaren zentralizazioa, eskualde-ospitaleek eskaintzen duten zerbitzuen gutxitzea eta lan publikoaren deuseztea. Laborategietako Plan Zuzentzaile hau Gipuzkoan hasi eta pixkanaka EAE osoan ezarriko da.

Berrantolaketa honen ondorioz erreferentziazko MAKROLABORATEGIAK sortzen dira, eta hauetara igorriko dira beren eragin eremuko anbulatorio eta ospitaleetako analitikak. Eskualde ospitaleetako laborategiak (ospitale zerbitzurako laborategiak) eta hauen jarduera erabat murrizten dira. Orain arte eskualde ospitaleetako laborategietan ospitale bertako eta bere eragin eremuko anbulatorioetako analitikak egiten ziren. Plan Zuzentzailearen arabera Gipuzkoan Makrolaborategia Donostia Ospitalean kokatuko da eta bertan zentralizatuko da Gipuzkoako laborategi lanaren gehiengoa. Ondorioz, eskualde ospitaleetako laborategiek beren zerbitzua gehienbat larrialdietara mugatua izango dute. Langilegoari dagokionez, neurri hauen ondorioz 40 lanpostu publiko inguru deuseztuko dira. Horretaz gain, laborategietako langileen lan baldintzetan ere eragin zuzena izango du, nahitaezko lekualdaketak eraginez, etabar.

Darpon jauna buru duen Osasun Sailak, “baliabideen optimizazio eta arrazionalizazioa” helburu omen duen Plan Zuzentzailearen bidez, ikuspegi ekonomizista lehenesten du beste edozein alderdi (soziala, zerbitzu kalitatea edota herritarrekiko hurbiltasuna) alboratuz.

Ikuspegi ekonomizista hori, “baliabide urriak, gero eta premiazkoagoak direnak”, eremu eta alor guztietara zabaltzen da, azken helmuga GESTIO KLINIKOKO UNITATEAK sortu eta garatzea dutelarik helburu. Gestio eredu hau, Estatuko beste osasun sistema batzuetan garatuago dagoena, enpresa kudeaketa hutsean oinarritzen da, produktibitatea, sustapena eta gastuaren murrizketa lehenetsiz herritarren osasunaren aurretik, izan ere espresuki aipatzen da “eskariaren optimizazioa eta modulazioa”.

Lanpostu suntsiketa bi arrazoi direla medio ematen da eta emango da laster batean ere:
1. Laborategietako Plan Zuzentzailearen arabera orain arte eskualde ospitaletan ematen ziren zerbitzu batzuk eskaintzeari utzi eta zentralizatu egingo dira.
2. Zerbitzuaren automatizazioaren eraginez eta “erreferentziazko laborategietan” biltzearen ondorioz, eredu ekonomizista horrek enplegu suntsiketa nabarmena eragingo du.

Kontuan hartzekoa da baita azterketen kalitatearen gaia: bizitzako beste alorretan gertatzen den moduan, azterketen gaian ere, aurrezpena, kontzentrazioa eta masifikazioaren aldeko hautua egiten denean kalitatea kaltetua izaten da.

Osakidetzaren kudeatzaileek, inposizioan oinarritutako erabakiak tarteko, Estatu Espainoleko beste osasun zerbitzu batzuetako kudeatzaileekin desberdintasun gutxi dutela frogatzen digute egunero. Batzuetan murrizketak ezartzeko PPk inposaturiko legeak aipatzen dituzte aitzaki gisa. Beste batzuetan, aldiz, inolako aitzakiarik gabe beraien baliabide guztiak erabiltzen dituzte pixkanaka baino geldiunerik gabe zerbitzu publikoak suntsitu asmoz, adibidez GESTIO KLINIKOKO UNITATEAK ezarriz.

LAB sindikatuaren ustez nabarmena da Laborategietako Plan Zuzentzaile honek ikuspegi soziala eta herritarrenganako gertutasuna baztertu egiten dituela. Izan ere, Plan honen eraginez eskualde ospitaletako laborategiak desegin, laborategi-zerbitzuak zentralizatu eta sekulako lanpostu galera gertatuko da.

Guzti honengatik LABek ESKATZEN du zerbitzuaren kalitatea, lanpostuen mantentzea eta herritarrenganako gertutasuna lehenestea. Ikuspegi ekonomizistak alboratuz. Izan ere, zerbitzu publikoaz ari gara mintzatzen, herritarren osasunaz, zehazki.

 

 

 


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren V Asanbladak mobilizazioa aldaketa soziala lortzeko ezinbestekoa tresna dela azpimarratu du

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren V Asanblada Nazionala burutu zen pasadan larunbatean, hilak 8, Gasteizen. Bertara gerturatutako sindikatu eta eragile sozialek urrats sendoak emanez prozesuak aurrera jarraitzen doala azpimarratu zuten.

“Kartaren sarrera eta printzipioak onartuta, prozesuak aurrera jarraitzen du”

Kartaren prozesua Hego Euskal Herriko herri eta eskualde askotan zabaldu da, aurkezpen eta eztabaida ezberdinen bidez. Asanblada honen lehen helburua Kartaren 1 eta 2 puntuak ixtea izan da (sarrera eta printzipioak). Alor honi dagokionez, aipaturiko puntu hauek jaso dituzten hamarnaka ekarpenak eztabaidatu dira. Bigarrengoz, hemendik aurrera jarraitu beharreko epeak eztabaidatu eta adostu dira. Azkenik, etorkizunean jarraitu beharreko estrategiari buruzko ekarpenak bildu dira.

V Asanblada Nazional honetan hemendik aurrera jarraitu beharreko urratsen inguruan eztabaidatu da; izan ere Talde Sustatzaileak aurkeztutako egutegia landu da.

Prozesu hau garatzen ari garen sindikatu eta gizarte eragileak honakoa azpimarratu nahi dugu: aldaketa soziala lortzeko ezinbestekoa da mobilizazioa. Horregatik, ezinbestekoa da Kartaren eztabaida eta prestaketa prozesu osoan zehar gizartearen mobilizazioa bultzatzea.

 

 

 

Sakabanaketaren amaiera eskatu dute ehunka lagunek hego Euskal Herriko lau hiriburuetan


‘Espetxe politika honi ez, Sakabanaketa amaitu’ lelopean, eragile politiko, sozial eta sindikal ezberdinek deituta Arkaitz Bellonen heriotza salatu, egungo espetxe politikari ezezt esan eta sakabanaketaren amaiera eskatzeko elkarretaratzeak izan dira gaur eguerdian. Mobilizazioak hego Euskal Herriko lau hiriburuetan burutu dira. Lelo berarekin, bihar, hilak 8, manifestazioa deitu dute Elorrion Arkaitz Bellonen senide eta lagunek.

Donostia

 

 

 

Unipapel enpresako langileek greba amaitutzat eman dute zuzendaritzarekin akordio batera iritsi ostean

0

Unipapel lantegiko Enpresa Batzordeak atzo zuzendaritzarekin adostutako akordioa ezagutzera eman dute gaur. Zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du produkzioa beste lantegi batera eramango eta ez ditu kaleratzeak egingo. Proposamena langileek gehiengoak babestu du, 56 langiletatik 51k.

Enpresa komiteak eskerrak eman dizkio euren elkartasuna adierazi eta UNIPAPELeko langileei modu batean edo bestean laguntza eta babesa eman dien herritar orori eta Adunako Udalari, Antaliseko langileei -gogoratu eurek ere borrokan jarraitzen dutela-, eta beste hainbat enpresetako langile eta ELA eta LAB sindikatuetako militanteei bereziki.

Unipapel Enpresa Batzordearen irakurketa

2013ko Uztailean, bost urtetarako bideragarritasun plan bat abian jarri behar zuela eta, UNIPAPEL-eko zuzendaritzak langileen soldatak jaitsi egin zituen. Modu nabarmenean gainera.

Duela hilabete eskas, lantegia jabez aldatu behar zutela jakinarazi zuen, eta honekin batera neurri gogorrak eta alde bakarrekoak hartzea aztertzen ari zela esan zuen zuzendaritzak. Neurri hauen artean: produkzioaren zati gehiena beste lantoki batzuetara eramatea, soldata jaitsiera berriak, despidoak, etab.

Momentu horretan, UNIPAPEL-eko langileak planto egitea erabaki zuten, lanpostuak eta lan-baldintzak bermatzeko eta hartu beharreko neurriak adostuak izateko asmoz. Aho batez hartutako erabakia izan zen gainera.

Gatazka gogorra eta korapilatsua izan da dudarik gabe.

Orain dela lau egun Ertzaintzak arrastaka ibili gintuen leku honetan, izan ere, delitua betetzen utzi, 3 kamioiei kargatuta ateratzen utzi, eta gainera delitua egiten ari ginenak gu ginela sentiarazi eta jakinarazi zitzaigun. Aski da, langileen kontrako erasorik ez! Gure helburu bakarra gure lanpostu eta eskubideak defendatzea da.

Baina gaurkoan, hainbeste egunetan egon garen leku honetan bertan, langileen borrokak merezi izan duela esatera etorri gara. Langile borroka baita, egun pairatzen ari garen eraso guzti hauen aurrean beste irtenbide bat posible egingo duen tresna bakarra. Egoerak horixe erakutsi digu, askotan beldurrak, zalantzak… baditugu ere, borrokaren bidez gure helburuak bete daitezkeela berriro ere argi ikusi dugu.

Atzo, UNIPAPEL-eko zuzendaritza eta langile ordezkariak adostasun batera iritsi ginen:

Zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du produkzioa beste lantegi batera eramango eta ez ditu kaleratzeak egingo.

Datorren astean, negoziaketa berriak hasiko dira langile eta zuzendaritzaren artean, irtenbide adostuak eta ez traumatikoak bilatzen saiatzeko, batez ere aurretiko erretiroen aukera landuz, eta Adunako lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko helburuarekin.
Adostasuna lortuko bagenu, lanpostuak eta lan-baldintzak epe luzeagorako bermatuko dira.
Atzo egindako langile batzarrean, gehiengo zabal batek proposamena babestu zuen, izan ere 56 langiletatik 51k alde bozkatu baitzuten.

Langileak, urtarrilaren 20ean hasitako greba mugagabea bertan behera utzi, eta gaur bertan lanean hasi dira.

Beraz, aste gutxitan, aldaketa nabarmena izan da: alde-bakarreko aukeretatik adostutako aukerak negoziatzera pasatu gara, neurri traumatikoetatik ez mingarrietara, lantokiaren eraispenetik produkzioa hemen mantentzeko konpromisoetara, eta azken finean, lantokiaren bideragarritasuna lantzeko langileen hitza errespetatzea lortu dugu.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu euren elkartasuna adierazi eta UNIPAPEL-eko langileei modu batean edo bestean laguntza eta babesa eman duen jende guztiari. Baina bereziki: Adunako Udalari, Antaliseko langileei -gogoratu eurek ere borrokan jarraitzen dutela-, eta beste hainbat enpresetako langile eta ELA eta LAB sindikatuetako militanteei.

 

 

 

 

Lanaldi partzialetan diharduten emakumeek jubilazio pentsio duinak izan ditzaten kanpaina berria abiatzera doa LAB

LABek lanaldi partziala duten langileen artean sinadura bilketa kanpaina bat jarriko duela martxan iragarri du gaur. Ekimenak bi helburu ditu, Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuei diskriminazio egoera honekin amaituko duen araudi propioa garatzeko eskatzea eta hori lortu bitartean, aurrekontuen partida bat bideratu dezatela pentsio horiek izan beharko luketenerako tartea osatzeko exijitzea eta espainiar Gobernuari aldarrikapen hauei erantzungo dien jubilazio legedia onar dezala eskatzea.

Kanpainari hasiera gaur eman dio sindikatuak Iruñea, Donostia eta Bilboko Gizarte Segurantzaren eraikinen aurrean egindako elkarretaratzeekin. Mobilizazioan LABek espainiar araudiaren gainean egiten duen erakurketa jasotzen duen boletinak banatu ditu.

Donostiako elkarretaratzeaPasa den urtean, Europako Justizia Auzitegiak epai bidez jubilazio pentsio eskubidea izateko kotizazioen zenbatekoaz aritzen zen espainiar araudiak emakumeekiko diskrimazioa eragiten zuela adierazi zuenean, LABek lanaldi partzialean aritzen diren emakumeengana jo zuen, informatu eta 7.000 eskaera baino gehiago jaso eta bideratu zituen gizarte segurantzara.

Eskarietan aldarrikapen argia eta zehatza egiten zen: pentsioa jasotzeko baldintzak berriz arautzean, lanaldi partzialean lan egindako egun bakoitza kotizatutako egun bezala kontuan izatea.

Aipatutako eskaerek ez dute Gizarte Segurantzaren aldetik inolako erantzunik izan. Eta Gobernuak, gaiari heldu beharrean, emakumeoi iruzur berri bat egin digu, partxeo neurrien alde eginez.

Datorren otsailaren 13an Gasteizko Gizarte Segurantzan izango da LAB aldarrikapen berekin.