2026-07-15
HomeEkintza SozialaPrekarietatea eta pobreziaLABen manifestua Pobrezia Erauzteko Mundu mailako Egunean

LABen manifestua Pobrezia Erauzteko Mundu mailako Egunean

Pobrezia Erauzteko Mundu mailako Egunean, LAB sindikatuak Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, patronalaren eskutik, eskubide sozialak ahuldu eta zerbitzu sozialak eraisteko politikarekin aurrera jarraitzen dutela salatu nahi du. Ezin da pobrezia gainditu egungo eskema politiko eta ekonomikoetara lotuta gauden bitartean, pobrezia eta prekarietatea erauzteko behar dugun eredu sozial eta enpleguari dagokiona Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea behar dugu eta exijitzen dugu.

POBRETU ETA PREKARIZATZEN GAITUZTENEN AURREAN, EXIJI DEZAGUN ENPLEGUA BANATZEA, KALITATEZKO ENPLEGUA ETA BABES SOZIALA GUZTIONTZAT

Gaur, 2014ko urriaren 17an, Pobrezia Erauzteko Mundu mailako Egunean, LAB sindikatuak honakoa adierazten du:

1.- Gasteiz eta Iruñeko gobernuek aurrera jarraitzen dute eskubide sozialak ahuldu eta zerbitzu sozialak eraisteko politikarekin. Gobernu hauek, patronalaren eskutik doaz bere apustuan, soldata aldetik pobreagoa izango den langileriaren alde, inseguruagoa bere orain eta etorkizunagatik, laboralki babes gutxiago izango duena eta babes sozial txikiagoa izango duena.

2.- Kalitate baxuko enpleguan (%25), langabezia altuan (%15) eta gradu ezberdinetako pobrezian (%17) oinarritutako erregimen sozial eta laborala ari da sendotzen Hego Euskal Herrian, eta horrekin batera, babesgabetasuna gora doa Gizarte Segurantzaren zein Hego Euskal Herriko diru-sarrerak bermatzeko sistemen aldetik. Modu duinean bizitzea ahalbidetzen ez duen pobrezia ekonomikoa, soldata-murrizketak, bi urtetik gora langabezian egotea, borondatezkoak ez diren lanaldi partzialeko enpleguak, etxe kaleratzeak, laguntza sozialak ukatzea, hitzarmenaren azpitik dauden kontratuak, ezkutuko ekonomia… gure herriko milaka pertsonen eguneroko errealitatea dira. Askiezak diren prestazio sozial eta gaizki ordaindutako enplegu ezegonkorren artean harrapatutako bizitza prekarioak.

3.- Murrizketa eta enplegu-suntsiketara bideratutako euren neurriekin pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direnak, desberdintasunak handitzea sustatzen ari direnak, diru-sarrera ekonomikorik ez dutenentzako babes sozialaren beharra zalantzan jartzen ari diren berdinak dira. Helburu argia dute: babes sozialerako aurrekontuak murriztu, lan-prekarietatearen onarpen otzana inposatzen duten bitartean. Prestazio sozialen kronifikazioak molestatzen die, baina ez enplegu prekarioen kronifikatzeak.

4.- Salatzen dugu apropos hartutako erabakia dagoela babes sozialeko sistemen funtzionamendura arreta desbideratzeko, gai nagusia izkutatzen den bitartean: nola gainditu prekarietatea eta pobretzea gure herrian. Horregatik, prekarietatean mantendu nahi gaituztenen erantzukizuna eta jarduera salatzen dugu:

4.1. Gasteiz eta Iruñeko Gobernuek ekonomia berraktibatu eta enplegua sortzeko politikekiko konpromisoa hutsaren hurrena da.

4.2. Patronalek eutsi egiten diote langileen eskubideak are gehiago ukatzeko borondateari (negoziazio kolektiboa, kalitatezko enplegua, soldata duinak).

4.3. Asmo politikoa dago enplegurik eta baliabiderik ez duten pertsonak etsai nagusi bihurtzeko, babes sozialerako aurrekontuak murrizten diren bitartean, langileek sortutako aberastasunak ustelkeria, diru beltza, opariak, ihes-fiskala eta AHT bezalako azpiegitura antisozialetan xahubidearen estoldetatik ihes egiten duen bitartean.

4.4. Gasteiz eta Iruñeako Gobernuek uko egiten diote egungo babes-sistema huts egiten ari dela onartzeari, behar duten milaka pertsonek ez dutelako euren babesa jasotzen eta jasotzen denean, ez delako nahikoa.

5. LAB sindikatuarentzat, euskal langileen artean pobrezia zabaltzea politika ekonomiko eta laboralen inposizioaren eskutik doa. Politika hauek, Madrilen erabakiak eta Gasteiz eta Iruñean berretsiak, botere finantziero eta neoliberalismoaren mesedetan daude. Ezin da pobrezia gainditu egungo eskema politiko eta ekonomikoetara lotuta gauden bitartean. Pobrezia eta prekarietatea erauzteko behar dugun eredu sozial eta enpleguari dagokiona Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea behar dugu eta exijitzen dugu. Horregatik, uste dugu Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialak aurre egin behar diola erraldikalki inposatzen ari diren erregimen sozial eta laboralari, puntu hauen aldeko dinamika iraunkor eta sendoa bultzatuz:

– Enplegua banatzeko neurriak: aparteko orduak ezabatzea, sektore publikoa zein pribatuan lanaldia 35 ordutara mugatzea.

– Soldata duinak, eta lanbidearteko gutxieneko soldataren igoera, Euskal Herriko maila sozioekonomikoaren arabera. Enpleguak pobreziatik babestu behar gaitu.

– Kalitatezko enplegua sortu. Zerbitzu publikoetan (osasuna, zerbitzu sozialak, hezkuntza) enplegu publikoa sortu eta egin behar dugun derrigorrezko trantsizio energetikoarekin lotutako sektoreetan enplegua sustatzea.

– Diru-sarrerak bermatzeko sistemak zabaldu eta indartu, egun babesik gabe dauden sektore guztien beharrizanak (emantzipatu gabeko gazteak, luzaroan langabezian daudenak…). Bere prestazioekin, Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat bizitza duina gozatzeko eskubidea bermatuko duen babes sistema.

– Neurri guzti hauek bere isla izan behar dute Gasteiz eta Iruñeko gobernuen 2015erako aurrekontuetan. Horrela soilik izango da sinesgarria Euskal Herrian bizi garenon bizi-baldintza duinak bermatzeko borondatea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.

Estatalizazioaren aurka egiteko elikagaien merkataritzako greba eguna jarraipen zabala izaten ari da

Gaur greban daude EAEko elikadurako merkataritzako langileak, LABek eta ELAk egindako deialdiari erantzunez. Gaur, Madrilen, Elikagaien Merkataritzarako Espainiako Estatuko Esparru Akordioa negoziatzeko mahaia bilduta dago, laugarren aldiz.