2025-12-22
Blog Page 124

LABek ez du sinatu EAEko osasun garraioaren hitzarmena

Zerbitzuaren publikotasuna edota homologazioa lortzearen helburua bazter uzten du akordioak eta urteotako eros-ahalmenaren galera ez du konpontzen.

2022ko urtarrilean negoziazio mahaia osatu zenetik 42 bilera egin ondoren, EAEko gaixoen eta istripua izan dutenen anbulantziako errepide bidezko garraio sanitarioaren bigarren hitzarmen kolektiboa sinatu da.

LAB sindikatuak ez sinatzea erabaki du, hainbat arrazoi direla medio:

– Helburu bakartzat irabaziak lortzea duten enpresekin hitzarmenak sinatzen jarraitzea dakar, anbulantzia-zerbitzuaren kudeaketa publikoa lortzearen garrantzia alde batera utzita. LABek adierazi duenez, Osakidetzarekin parekatzeko homologazio-prozesu bat irekitzeak ekarriko zuen, etorkizuneko negoziazioetan, enpresetatik helarazten dizkieten baldintzen mende ez egotea, eta, era berean, administrazioak ezartzen dituen ekarpen ekonomikoen mende ez egotea.

-Ez da berreskuratu langileek urte hauetan izandako erosteko ahalmenaren galera, egindako greba egunetan hainbestetan saldu zena.

-Ia ez dago hobekuntzarik baimenei eta lizentziei dagokienez, eta jasotzen direnetako asko indarrean daude jada Estatuko familia legearekin. Sinatutako hobekuntzen oinarria dirua eta orduen murrizketa dira.

-Hitzarmen berri honek ez du inolako erreferentziarik jasotzen aldi baterako langileei kontratazioan eta prebentzioan egonkortasuna emateko lan poltsen sorrerari buruz.

Hitzarmen hau sinatzeak patronal osoaren konpromisoa dakar, baina LABek zalantzan jarri du ea Grup LaPau enpresa, Araba eta Bizkaiko probintzietan zerbitzua ematen duena, sinatu arren, aplikatzeko gai izango ote den; izan ere, jakina denez, aurreko hitzarmena ez aplikatzea proposatu dio alderdi sozialari.

Erkidegoko lehen hitzarmena LABek sinatu zuen, eta hobetu daitekeen arren, EAEko langile guztiak parekatzen ditu lan baldintza duinetan, are gehiago kategoria eta hitzarmen desberdinen artean zeuden aldeak ikusita.

Harrigarria da, aurreko hitzarmena sinatzeari uko egin zioten eta hasierako asmoetatik ezer aldatu ez zuten sindikatuek, LABen jarrera hain gogor kritikatu eta gero, orain oinarri bezala erabiltzea aurreko hitzarmena.

Baldintza horiek ez dituzte asetzen batasun sindikalak kalean eginiko aldarrikapenak (Osakidetzako langileekin parekatzea eta eros-ahalmenik ez galtzea), langile askorengan hainbesteko eragin emozional eta ekonomikoa izan dutenak.

Hori guztia dela eta, LAB sindikatuak uste du anbulantzia zerbitzuaren kudeaketa publikoa funtsezkoa dela herritarrei zerbitzu on bat emateko, eta, horregatik, lehen hitzarmena sinatzean harturiko konpromisoari jarraikiz, helburu hori erdiesteko lanean jarraituko du.

Legutioko Arcelor Mittal Tubular Products (Condesa) enpresan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

LABetik enpresa-hitzarmena berritzeko lortutako akordioari buruzko gure irakurketa zabaldu nahi dugu. Berriro ere, hasieratik lehenetsi dugu batzorde gisa adostea eta lan egitea. Atal sindikal honek egindako lanari esker, 2014ko hitzarmenean sortutako egoera eta galdu genituen eskubide guztiak lehengoratzen saiatzen ari gara (guk sinatu ez genuena): azken hiru hitzarmenetan ez da murrizketa bakar bat ere egon. Akordioa honako puntu hauetan laburbil daiteke:

  • Ez da eskubide bakar bat ere galdu.
  • Erosteko ahalmena bermatzen da (KPI), igoera finkatuekin. Igoera horiek plusei ere aplikatuko zaizkie.
  • Taldearen akordio-marko epeekin hautsi da, eta negoziatzeko gaitasunari eutsi diogu hemen.
  • 8 lanordu gutxiago 2026an, 1672 ordura igaroz. Gainera, egun bat gehiago igaroko dugu egutegira 2025etik aurrera (malgutasun 8 ordu gutxiago).
  • Hobekuntzak telelanean, lanaldi zatituan eta ordutegi-malgutasunean.
  • Hobekuntzak aseguruetan eta kilometrajeetan, eta distantzia-plusean.
  • Baimenak lanegunetan finkatu eta antolatzea.

Urte hauetan guztietan langileek erakutsi duten konpromisoari esker lortu da hori. Enpresa horren jakitun da, eta hau dena lortu da negoziazio-mahaian. LABen uste dugu langile klaseak eskubideak konkistatzen jarraitzeko duen berme bakarra Batzordearen batasuna dela, kasu honetan. Hori frogatuta geratu da urte hauetan. Behin gai hau amaituta, batzen gaituzten loturak bultzatzen jarraituko dugu, banatzen gaituztenen gainetik, guztion baldintzak hobetzeko, beti egin dugun bezala.

Bizkaiko Tindategi eta Ikuztegien Hitzarmenerako CECOVI-ATILAVI patronalak eginiko proposamenak baztertu ditugu sindikatuok

Bizkaiko ikuztegien eta tindategien azken hitzarmen kolektiboa indarralditik atera zen 2006an. Orduz geroztik, plantillen lan-baldintzak 2007an sinatu eta 2009az geroztik indarrez kanpo dagoen eraginkortasun mugatuko hitzarmen baten bidez arautu dira, edo, ikuztegi handien kasuan, enpresa-hitzarmenen bidez. 2018an, hitzarmena eguneratzeko beste ahalegin bat egin zen, eta pandemiak eten zuen, baina oso zaila izaten ari zen, patronalak atzera pauso garrantzitsuak planteatzen zituelako; besteak beste, antzinatasun-osagarria kentzea.

Beraz, sektoreko soldatek eta lan-baldintzek urteak daramatzate izoztuta. Hitzarmena indarrez kanpo geratu aurretik, soldata-taulak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren oso gainetik zeuden, eta orain, berriz, oso azpitik. Horrek esan nahi du enpresa-hitzarmenik ez duten plantillek LGSrekin biziraun behar dutela. Egoera hori bereziki larria da tindategietako langileen artean; izan ere, oso txikiak direnez, ez dute aukerarik beren baldintzak hobetze aldera antolatzeko eta ordezkaritza sindikala hautatzeko.

Egoera horren aurrean, apirilean sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, USO eta UGT) erabaki genuen berriro ere negoziazio mahai bat deitzea eta plataforma bateratu bat aurkeztea. Besteak beste, honakoak proposatu genituen: soldatak handitzea, lanaldia murriztea, baja guztiak osatzea, plus berriak sortzea edo baldintzak eguneratzea eta subrogazioa bermatzea.

Maiatzean CECOBI-ATILAVIren erantzuna jaso genuen, eta hain da txarra, ezen berehala baztertu eta beste bat eskatu behar izan baitugu. Soldata-igoera nimiñoak planteatu ditu, eta zer esanik ez proposatzen dituzten lan-baldintzen atzerapausoez: lan-istripuengatiko Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriaren baldintzak okertzea, tindategietako asteburuko atsedenaldiak kentzea, lanaldia estatuko gobernuak ezartzen duen neurrian bakarrik murriztea, malgutasuna handitzea are Langileen Estatutuak ezartzen duenaren gainetik ere, oporrak baliatzeko baldintza are gehiago jartzea, antzinatasuna 2006ko soldaten arabera izoztea eta bi bosturtekora mugatzea… Hau da, langile askoren lan- eta bizi-baldintzak okertuko lituzkeen hitzarmena nahi dute.

Beraz, espero dugu ekainaren 18an izango den hurrengo negoziazio-mahaian patronalak sindikatuen aldarrikapenak aintzat hartzea eta beste proposamen bat ekartzea, nahiz eta ez duen horretarako konpromisorik hartu.

Argi uzteko ez dugula atzerapausorik onartuko eta, behar izanez gero, kalean aurkituko gaituztela, gaur, ekainak 11, mobilizazioak egin ditugu sektoreko lantoki nagusietan.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bosgarren egunean, patronala desagerturik dagoen bitartean

Greba egunak eragin handia izan du sektoreko hainbat enpresaren ekoizpenaren geldialdian. Mobilizazioak ere izan dira, bai Ezkerraldeko lehen orduko piketean, bai Barakaldoko eguerdi osteko manifestazioan.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok beste hiru greba egun deitu genituen Bizkaiko grafikagintza sektorean ekainaren 11, 12 eta 13rako (7 egun guztira, apiriletik). Izan ere, patronalak negoziazioen blokeo jarrerarekin jarraitzen du. Gainera, CEBEK ez zen joan ekainaren 4an sindikatuok Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan deitu genuen bilerara ere.

Ekainaren 11n grebak jarraipen masiboa izan du berriro. Sektoreko enpresa erreferentzialak, hala nola Cartisa, Grafo, Biolid, Lantegi, Arteos, Divipa, geldirik daude eta ez dira produzitzen ari. Mobilizazioak goizeko 5:30tan hasi dira Ezkerraldean, eta Imprenta Garcinuño SL enpresa ere erabat geldirik egon dela ikusi ahal izan dute. Serigrafia Arcosan enpresan, piketea bertaratu ondoren, langileek greba egitea erabaki dute. 11:30ean manifestazio jendetsua egin da Barakaldon zehar.

LAB-ELA- CCOO-UGT sindikatuok CEBEK patronalari eskatu diogu negoziazioaren blokeo jarrera bertan behera uzteko, eta sindikatuon plataforman oinarrituta negoziatzeko.

Datozen egunetarako greba eta mobilizazioak honako toki hauetan egingo dira:


• Ekainaren 12an: Eskumaldean

• Ekainaren 13an: Bilbon, Cebeken egoitzaren aurrean 9htan kontzentrazioa egingo da, eta manifestazioa egingo da hirian zehar, 11:30ean hasita, Bizkaia Plazan.

Mondelez enpresaren Vianako produkzioa erabat gelditu da grebaren bigarren egunean, hitzarmen justu baten alde

Mondelezek Vianan (Nafarroa) duen galleta fabrikako langileak masiboki ari dira babesten atzo hasitako greba mugagabea. Lanuztea Enpresa Batzordeak deitua du (CCOO7, LAB 5, ELA 1), hitzarmen justuago bat aldarrikatzeko. Grebaren lehenbiziko egunean tentsio uneren bat izan zen grebalari ugarien eta erdi-mailako arduradunen artean, poliziak lagunduta sartu behar izan baitzuten. Baina gaur ez da halakorik izan, gutxieneko zerbitzuetako langileak bakarrik sartu baitira lantegian, eta nahiz eta inguruetan polizia anitz egon den.

LAB sindikatuan arrakastatsutzat jo dugu Mondelezeko greba; izan ere, langileen batasunari eta lanuztearen jarraipen handiari esker, galleten ekoizpena erabat geldirik dago. Oso positiboa da hori, batez ere, balio duelako berresteko helburu justuen alde borrokatzeko plantilla harturiko erabakia. Hauexek dira helburuok: antzinatasun plusa berreskuratzea, lanaldia murriztea, soldatak multinazionalaren martxa onaren arabera igotzea, eta bertze hobekuntza batzuk erretiroan eta aldi baterako ezintasunean.

Gernika-Lumoko langileek azkenaldian bizi duten egoera salatu dute jendaurrean

Barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat exijitu dute egun dauden egiturazko arazoei irtenbidea emate aldera.

Gaur goizean eginiko agerraldiaren bitartez, Gernika-Lumoko udal langileek honako mezu hau plazaratu dute:

“Gernika-Lumoko Udal langileak kalera ateratzea erabaki dugu honako hau adierazteko: azken urteetan udaletxeko barne funtzionamenduak txarrera egin du. 2020an, Gernika-Lumoko Udalak CGP (Consultores de GestiĂłn PĂşblica) enpresari agindutako kanpo-analisi batek, besteak beste, honako ondorio hauek jasotzen zituen:

  • Eguneratutako LPZ falta da
  • Organigrama funtzionalik ez izatea eta eguneratutako lanpostuen deskribapena
  • Plantilla egonkortzeko beharra
  • Administrari laguntzaileen lanpostuak, goragoko kategoriako lanpostuak beren gain hartzen dituztela
  • Etorkizuneko erretiroak planifikatzeko beharra
  • Prestakuntza-, eguneratze- eta birziklatze-plan eraginkorrik ez izatea eta karrera profesionalik ez izatea
  • Bidezkoa ez den ordainsari-sistema
  • Lan-giro eskasa
  • Aldaketa baten beharra

Sindikatuetatik urteetan salatzen egon garen errealitatea kanpo enpresa horren txostenean berretsita agertzen zen. Sakoneko arazoak bideratzeko, plan batean beharrean gaude baina ez dugu erantzunik jasotzen, ez eta borondaterik ikusten egoera bideratzeko. Horren ordez, udal negoziazio markoetan bideratu zitezkeen arazoak epaitegietan eta lan ikuskaritzan salatu beharrean aurkitu izan gara eta, hori eginda ere, arazo horietako asko ez dituzte konpondu, 2019tik plantila osoari eragiten dion bete gabeko sententzia judizial bat kasu.

Azken hilabete hauetan, egoera kezkagarriagoa bihurtu da: bajak ugaritu dira eta postu klabeak bakante daude, tartean batzuk beste administrazio batzuetara joan direlako. Langileok barne-bideak agortu ditugula sentitzen dugu eta Gernikako herriari, arduratik eta kezkatik, udaletxean bizi den egoeraren berri ematea besterik ez zaigu geratzen eta eskaera hauek egitea udal gobernuari:

  • 2019ko lanpostuen balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea.
  • Plan integral bat negoziatzea eta ezartzea (epe eta neurri zehatzekin), 2020ko txostenean adierazitako arazo estrukturalei irtenbidea emateko.
  • Bakante eta baja egoeran dauden postuak betetzea eta, era berean, pertsonal-saila premiaz indartzea.
  • Egonkortze prozesua garaiz eta era egokian bideratzeko behar diren baliabideak ziurtatzea.
  • Barne-sustapenak aktibatzea epe negoziatu eta argi batekin.
  • Giza baliabideen plan bat osatzea erretiroak planifikatu eta belaunaldi-erreleborako formulak negoziatzeko.
  • Udal-plantilla osoaren azterketa psikosoziala burutzea.

Kalitatezko zerbitzuak dituen udal bat behar dugu, XXI. mendera egokitutakoa, herritarrak eta langileak entzungo dituena eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dena. Horretarako, ezinbestekoa da barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat: Gernika hobetzeko eta gure onena eman ahal izateko.

Udal agintariei eta oposizioko taldeei egoera bideratzeko euren esku dagoen guztia egin dezaten eta Gernikako herriari denon eskubidea den kalitatezko udal zerbitzuen alde ekin dezan dei egiten diogu”.

Prekaritatea eta gastu militarraren aurka mobilizatuko gara Ezkerraldean

Agerraldia egin dugu Ezkerraldeko sindikatu eta eragile sozialekin batera datorren larunbatean, ekainaren 15ean, inbertsio sozialaren alde eta prekaritatea, murrizketak eta gastu militarraren aurka egingo dugun manifestazioa iragartzeko. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da, Sestaoko Kasko plazatik eta Portugalete zeharkatu ondoren, Santurtzin bukatuko da. Bizitzak erdigunean jartzeko unea dela nabarmenduko dugu ekimen honekin.

OHAR BATERATUA

Pandemia gertatu eta lau urtera, eta pandemiak sistema kapitalista eta neoliberal horren failak nabarmen utzi bazituen ere, Euskal Herri mailako politikek, estatu espainolak nahiz Europa mailakoak, ohituak gaituzten noraeza indartu besterik ez dute egin. Pandemiak apurketa ekarri zuen, eta behingoz bizitzaren hauskortasuna politika egiteko ezinbesteko elementutzat hartzeko balio izan zuen. Aldiz, kapitala metatzeko fase berri batekin egiten dugu topo. Horri gehitu behar zaio bizi dugun gerra-fasea, Palestinako herriaren genozidioarekin eta Ukrainako gerraren iraupenarekin. Sarraski horien aurrean botere politikoek ematen duten erantzuna gastu militarra inoiz ikusi ez den mugetaraino handitzea da; bitartean, epel mantentzen dira su-etena eskatzeko premiaren aurrean, bereziki Palestinan.

Militarismoak zorigaiztoko inpaktuak ditu ez bakarrik lurraldeetan. Gastu militarraren igoera Ezkerraldean ere pairatzen ari garen murrizketa sozialetan islatzen da. Langileek neurriak hartu behar dituzte, bizitza zentroari benetan emateko, etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko, hezkuntza eta osasun publikoa eta kalitatezkoa izateko, zaintza-sistema publikoa izateko eta pertsona guztientzako soldata eta pentsio duinak izateko. Beste behin ere, eta politika publikoetan ohikoa den bezala, baliabide publikoen pribatizazioaren aldeko apustua egiten dute, Ezkerraldeko biztanleek sufritu eta sufritu dutena. Horiei prezioen etengabeko igoera eta desberdintasunaren igoera gehitu behar zaizkie. Horren ondorioz, egunerokoa gero eta zailagoa da itsasadarraren alde horretan bizi diren pertsonentzat, hilabete amaierara iristeko zailtasunak gero eta handiagoak baitira.

Eskualdetik kanpo ez gauden lurraldeetan ultraeskuindarren diskurtsoek gora egin duten une batean gaude; gure kaleetan xenofobia eta arrazakeria areagotzen ikusi ditugu bereziki, eta diskriminazio hori bereziki jasan dute gure herrietan bizi diren atzerritar jatorriko pertsonek eta, bereziki, kale egoeran daudenek. Pobreziaren kriminalizazio gero eta handiagoaren lekukoak gara, eta gizarte laguntzak jasotzen dituzten pertsonen etxeetan eguneroko erregistroak daude. Horregatik, errespetua, duintasuna eta eskubideak bermatzea eskatzen dugu.

Ezin dugu ahaztu azaroaren 30ean greba orokor feministak ezinbesteko elementuak jarri zituela mahai gainean zaintza publiko eta komunitarioko sistema baterantz aurrera egiteko. Gainera, zaintza-sistema erantzunkideago baterantz aurrera egin behar dugu, eta sistema horretara guztiok iritsi ahal izango gara; horretarako, beharrezkoa izango da publikoa, unibertsala eta doakoa izateaz gain. Etxeko langileak ahaztu gabe, prekaritatearen eskalaren barruan esplotazio handiena jasaten dutenak dira, eta oraindik funtsezkoa da haien lan-eskubideetan aurrera egitea.

Testuinguru horretan, mobilizazioa ezinbestekoa da. Gure gizarte-erakunde eta -mugimenduetatik kapitalari aurre egiten jarraituko dugu, esparru berri bat lortu arte, non pertsona guztien bizitza duina izango den erabaki bakoitzaren erdigunea, eta aurten arreta berezia jarriko dugu Palestinan genozidioa gelditzeko premian.

Ekainaren 15ean, larunbata, 12:00etan gure borrokak elkartu nahi ditugu. Beste hitzordu bat dugu Sestaoko Kasko plazan, eta beste urte batez PREKARIETATEAREN, MURRIZKETA SOZIALEN ETA GASTU MILITARREN AURKAKO 2024ko MARTXA abiatuko da bertatik.

IV. Euskara Plana ez da ez EHUk ez euskarak behar dutena

Ekainaren 11ko Gobernu kontseiluan onartu duten IV. Euskara Planaren aurrean bere kezkak plazaratu ditu LAB sindikatuaren EHUko sail sindikalak. Hurrengo urteetan EHUko euskalduntzea gidatuko duen planari guztiz eskasa iritzi dio. Zehaztasun eta anbizio falta ezaugarri nagusiak izanda, LABek ez du espero aurrerapen esanguratsurik. Are gehiago, alderdi batzuetan plan berri honen bukaeran egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du.

Euskararen IV. Planaren testua definitzeko prozesua motela eta traketsa izan da. Prozesuan zehar bost zirriborro garatu arren, sindikatuetatik egindako ekarpen gehienak ez dira kontuan hartu, ezta EHUko beste langile batzuenak ere.

Euskalduntzeari lotuta, EHUk egun dauzkan arazo eta egoera batzuek neurri ausartak, argiak eta eraginkorrak eskatzen dituzte, LABen ustez. Lau urteko ganorazko plan batek helburu bakoitzerako azpi-helburuak, ekintzak, egutegia, beharrezko baliabideak, hartzaileak, ardurak, aurrekontua… definituta izan beharko lituzke. Ordea, onartutako planak ez ditu baldintza horiek betetzen. Adibide gutxi batzuk datoz jarraian:

– Planak ez du neurririk zehazten euskaldundu gabe dauden graduetako derrigorrezko irakasgaiak euskalduntzeko. Derrigorrezko irakasgaien kredituen %94,4 da euskaraz gaur egun, eta planak jasotzen duenez, lau urtetan %96ra igo beharko da. Hala, EHU martxan jarri zenetik 44 urtera, ikasleek unibertsitate publikoan graduetako derrigorrezko irakasgaiak euskaraz jasotzeko eskubidea ez dute bermatuta. Zein irakasgai diren identifikatuta daukate baina ez dago ez planik ez egutegirik irakasgai horiek euskaraz eskaintzeko, arazoa sailen esku uzten delarik.

– Hautazko irakasgaien kasuan, egoera askoz okerragoa da. Planean jasotako helburua da hautazko irakasgaiak eskaintzen dituzten graduen kopurua egungo 53tik 56ra pasatzea. Zehaztu gabe dago zein irakasgai, zein gradutan, noizko… Berez, hiru gradutan irakasgai bana euskaraz eskaintzearekin lortuko litzateke helburua.

– Masterren kasuan, euskarazko kreditu kopurua handitzea jasotzen da, baina euskararen presentzia daukaten masterrak ere martxan jarriko den planaren eraginkortasuna neurtzeko adierazle moduan erabiltzeko egindako eskaera atzera bota diote LABen sail sindikalari. Kontuan hartu behar da gaitze-masterretan (zenbait lanbidetarako sarbidea ahalbidetzen dutenetan) metatzen dela masterren euskarazko irakaskuntza gehiena. Beraz, EHUko master gehienek euskaren presentzia izan gabe jarraituko dute.

– “Esperientzia Geletako ikasleek euskaraz ikas dezaten estrategiak landu eta euskarazko eskaintza handitu” helburua jasotzen bada ere, ez dago inolako ekimen edo adierazlerik. Erraza izango litzateke gutxieneko igoera jasotzea (irakasgai kopuruan edota kredituen ehunekoan), baina ez dago zehaztapenik.

– Ingelesezko eskaintzaren goraldi progresiboak ere kezka sortzen dio LABi. Beste hizkuntzen ezagutzaren beharraz eta garrantziaz kontziente izanda (ez bakarrik ingelesa), euskararekiko lehia suposatzen du. Gero eta irakasgai gehiago ingelesez eskaintzen denean, sail askotan, graduetako irakasgai batzuk (bereziki hautazkoak) ez dira euskaraz eskaintzen. Euskalduntzearen aldeko baliabideak nabarmen handitu eta irizpideak argi finkatu ezean, euskara galtzaile aterako da.

– Euskara planak ez du bermatzen sortuko diren irakasle-laguntzaile, doktore zein agregatu eta titular plaza berrietarako C1 euskara eskakizuna behar izango denik, eta gero eta gehiago dira euskararik gabe onartzen direnak.

– Lanpostu elebidunetarako lehiaketetan probaren bat euskaraz egin behar izateko eskaera ez da onartua izan plan berrian, ezta irakasle euskaldunen hizkuntza maila detektatzeko eta hobetzeko proposatutako beste neurri batzuk ere.

– Teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kolektiborako garatzen ari den Enplegu Publikoaren Eskaintzan plaza batzuen derrigortasun datak kendu edo/eta aldatu dituzte. Horri gehitu behar zaio hizkuntza eskakizun asimetrikoak ezarri izana, hau da, ezagutza globala baino, gaitasun zehatzak baino neurtzen ez dituena (ahozkoa, idatzizkoa…) . Horrek guztiak kolektibo horren euskalduntzeari kalte egingo dio.

– Kanpoko enpresek campusetan ematen dituzten zerbitzuetan euskarazko arreta ziurtatzeko klausulak ez betetzekotan (kasu askotan gertatzen den moduan), neurriak hartzeari uko egin zaio plan berrian. Campusetan euskaraz aritu ohi direnak gaztelaniara pasatzera behartuta jarraituko dute maiz zerbitzu horiek erabiltzean.

EHUn oraindik ere euskararen normalizaziotik urrun daudela eta seinale kezkagarriak ikusten dituela ohartarazi du LABen sail sindikalak. Hala, Euskararen IV. Planaren garapena galdutako aukera izan dela uste du.

Grebara deitu dugu berriro ekainaren 19an Arabako egoitzetan eta etxebizitza komunitarioetan, negoziazioan aurrepausorik ez dagoela salatzeko

Lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzen duen 35. greba eguna da. Langileek kalejira egingo dute goizean Gasteizko Plaza Berritik Foru Aldundira, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta.

Hurrengo ekainaren 19an, asteazkenean, LAB eta ELA sindikatuok greba deitu dugu berriro Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektorean. 35. greba eguna da sektorerako lehen hitzarmen probintzialaren aldeko borroka hasi zenetik.

Greba egun berri honen arrazoi nagusietako bat da joan den ekainaren 3ko negoziazio mahai hutsala. LABek eta ELAk eskatuta deitu zen mahaia, eta ez zuen inolako aurrerapenik ekarri negoziazioan. Sindikatuok prest agertu gara sektoreko 1.000 langile baino gehiagoren lan baldintza eskasak hobetuko dituen akordio bat lortzeko, baina gutxieneko batzuk bete behar direla uste dugu. Ez da gauza bera gertatzen mahaiaren beste aldean. Patronalak eta Arabako Foru Aldundia ez dira gatazka konpontzeko urratsik egiten ari, beren erantzukizuna denean erabat.

LABek eta ELAk prozesuan inplikatzeko exijitzen jarraituko diegu patronalei eta administrazioei. Ezin da onartu zaintza sektore hori erabateko prekarietate egoeran egotea. LGSaren inguruan dauden soldatez, gehiegizko partzialtasunaz, urteko 1784 orduko lanaldiaz, gehiegizko ratioez eta lan osasunaren prebentzio ezaz ari gara.

Hala, hilaren 19an, goizeko 11:00etan kalejira aldarrikatzailea egingo da, Gasteizko Plaza Berritik abiatu eta Aldundiaren plazan amaituko dena. Performance bat egingo da bertan. Ondoren, arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da Bilbo plazatik abiatuta, 18:30ean. Ibilbidea Diputazio plazaraino izango da, eta bertan ekitaldi bat egingo da.