2025-12-19
Blog Page 1238

Botere osoa mutualitateei, KOSKA bat ESTUAGO gure osasunaren kontra

0


Aurtengo apirilaren 28an, Lan Osasun eta Segurtasunaren nazioarteko egunean, langile klasearen lan baldintzak okertu egin direla salatzen jarraitu behar dugu. Honek, administrazio publikoen utzikeria eta konplizitate ideologikoak, eta enpresetan dagoen benetako prebentzioaren ezak lan istripuak eta laneko gaixotasunak areagotzea ekarri dute; gainera, mutualitateak betetzen duten lanaren ondorioz, istripu eta gaixotasun horien laneko jatorria ukatu egiten da sarritan, osasun sistema publikora desbideratuz.

Mutualitateak irabazi asmorik gabeko enpresari elkarteak dira legearen definizioaren arabera, elkarte hauek Gizarte Segurantzako diru publikoaren kudeaketan laguntzen dute eta botere osoa dute laneko gertakizunetan. Urteekin gainera, boterea handitzea lortu dute: gertakizun arruntetan ( langile klaseaganako diskriminaziorik gabeko eta gehiegizko kontrola erabiltzen dutelarik) odolkideen gaixotasun larriengatiko prestazioan, autonomoen langabezian …; administrazio publikoenak izan behar zirenak, mutualitateen eskuetan dira.

Baina guzti hau eredu zehatz bati lotuta dago: publikoa denaren deskapitalizazioa interes pribatuaren mesedetan. 90eko hamarkadan hasitako bideak, mutuen boterea handiagotzearenak, ondorio larriagoak ekarriko ditu datozen hilabeteetan: martxan diren zirriborro ezberdinek ( Mutualitateetako Legea eta Aldi-baterako Ezintasunari buruzko Errege Dekretua) enpresari elkarte hauen boterea handituko dute, osasun sistema publikoa eta beren langileria (Osasunbidea-Osakidetza) ahalmenik gabe utziz. Oraingo egoera ekonomikoan aurreztu beharra edo langileok sistema publikoari egiten dioten iruzurra bezala argudio faltsuetan oinarritzen dira publikoa dena deskapitalizatzeko eta negozioa esku pribatuetan uzteko, oinarrizkoa den osasun arloan bada ere.

Zirriborroetan ikus daitezkeen araudi aldaketak:
• Enpresa eta mutua-arteko hitzarmenen iraupena 3 urtera luzatzea.
• Bajaren jatorria lanekoa edo arrunta den erabakia, mutualitateak hartzea.
• Mutualitateak emandako altari erreklamazioa sartzeko epea 10 egunetara murriztea.
• Gaixotasunen bataz besteko iraupen optimoa taulatan jaso eta, horren arabera, bajaren iraupena kontrolatzea.
• Zerbitzu publikoek emandako bajetan burokrazia handitzea (mutuak emandakoetan ez).
• Zerbitzu publikoetan dauden gure historia klinikoak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) eta mutuak ikusi ahal izatea.
• Gertakizun arruntetan:
– Bajaren lehen egunetik badute zita ematea.
– Errekonozimenduak egitera derrigortuak izatea (bestela, GSINek badu osasun alta ematea, eta mutualitateak ere badu bajaren prestazioa kentzea).
– Mutualitateak agindutako diagnosirako probak, tratamendu terapeutiko eta erreabilitatzaileak, zerbitzu publikoak ordaintzea.
– Mutualitatearen errekonozimenduetara ez joateagatiko arrazoiak azaltzeko 10 egun, bestela mutualitateak prestazioa kenduko luke.
– Mutualitateak altarako proposamena egitea.

Hau da, aldaketa honek zera dakar:
• Zentralizazioa. Osasun Sistema publikoaren eskuduntzak eta honen ikuskatzailetza medikuaren eskuduntzak zentralizatzen eta deskapitalizatzen dituzte.
• Osasun publikoa pribatizatzen da, sistema osasun publikoaren ekitate eta unibertsaltasun irizpideen aurka.
• Osasun Sistema erdibitzen ari da: bata, sendoa, jardunean dauden langileentzat, kudeaketa pribatizatzen duena; bestea, publikoa, deskapitalizatua, benefizentziatik hurbilago dena.
• Sistema pribatu hori funtsa publikoekin finantzatzea, kotizazioetatik nahiz diagnosia eta tratamenduetako azterketak eta tratamenduak aurreratuz, osasun sistemak sanitarioak egin dituen ordainketatik deribatuak.
• Mutualitateen erabateko ahalduntzea.
• Enpresen mutualitateetako benetako jarduera ez da benetan kontrolatzen.

Behin betikoz, Mutualitatentzako ahalmen berriek, langile klasearen kontrola areagotzea ekarriko dute, eta argi dago nola egungo ereduak, bata bestearen atzetik datozen erreformekin, sistema publikoaren suntsiketa dakarren: osasunaren eredu pribatua eta ekonomizistarantz garamatzate; eredu honek mutualitateei eman die botere osoa, inolako kontrolik gabe, laneko gaixotasunen erregistroan dagoen iruzurra zigortu gabe. Kudeaketa pribatua, publikoarena baino hobea delakoaren aitzakian; baina, alta goiztiarrek edo eta gaixo diren pertsonen kaleratzeek dakarten kostu soziala ezkutatuz.

Publikoa indartu behar dugu pribatuaren aurrean, enpresaten ez dadila mutualitateekin kontratatuko mutuekin gertakizun arrunten kontrola, laneko gertakizunak GSINekin kontratatu daitezen, eta osasun arreta Osasunbidea-Osakidetzak eman dezan, beste eredu baten defentsan.

Eredu publikoaren defentsa, berdintzailea, unibertsala, bakarra, erabiltzaileen arretarako oinarrizko eskubideen karta garatuko lukeena, Euskal Herrikoa, prebentzioari begirakoa, parte-hartzailea, ikerketa bultzatu duena. Ardatz nagusi hauekin:
• Araubide marko eta erregimen ekonomiko propioak. Jendarte Babesa eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruak indartuz.
• Gure beharren arabera, antolaketarako ahalmena osoa.
• Gizarte Segurantza propioa, eta berau defenditzeko konpromisoa.
• Kotizazioak jaso eta kudeatzeko erakundearen sorkuntza, gizarteak eta sindikatuek erakundean parte hartzea izango dutela.
• Euskal osasun sistema publikoaren kalitatea hobetzeko, giza baliabide eta baliabide material eta ekonomikoz hornitzea.
• Araubide aldaketak, lanak eragindako osasun galerak eta kalteak osasun sistema publikoak soilik artatu ditzan.
• Mutualitatetako zein Prebentzio Zerbitzuetako baliabideen publifikazioa.

Langile klasearen osasuna berezko eskubidetzat onartuko duen eredua, faktore ekonomikoen baldintzetatik libre, eta osasun irizpideak soilik gidatuta.

 

LABek bat egin du ikasleen kontrako jazarpenaren salaketarekin

0

Ikasleen kontrako jazarpena salatzeko agerraldia eskaini zuten atzo LAB, Stee, Sortzen, Ikastolen Elkartea, GKK/CJC (Gazte Komunisten Kolektiboa), Bilgune Feminista, Elkartzen, Askapena, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskal Herriari, Komite Internazionalistak, Ernai, Xabier Lasa (EGKko zuzendariordea) eta Ikasle Abertzaleak taldeak.

Berriro ere ikasle mugimenduak Estatutik datozen inposaketen aurrean argi utzi zuen LOMCEaren aurkako jarrera eta Euskal Herrian Hezkuntza sistema propioaren aldarrikapena.

Bide honetan ez dira ikasleak bakarrak, urriaren 12an Bilbon Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa izateko duen eskubidearen alde hezkuntza komunitateak ere argi utzi genuen zein den gure jarrera. Eta bide horretan, lanean dihardugu ,LOMCEaren ez aplikazioaz gain eraiki nahi dugunari ateak irekitzen ari gatzaio, eta LABentzat hor kokatzen da estatuaren ezina eta hor kokatzen ditugu kriminalizazio, jazarpenak eta gaur emandako atxiloketa hauek.

Marko propio hau garatzen goazen heinean estatuaren esku hartze saiakerak gehiagotzeko arriskua dago eta erasoak errepika daitezke. Errepresio eta erantzunaren zikloan murgilduta nahi gaituzte, eraikuntza lana alboratu dezagun.
Beraz, atxiloketak salatzearekin batera eta deitutako mobilizazioetan parte hartzeaz gain, hezkuntza komunitateari dei egiten diogu Euskal Herriko Hezkuntza Sistema Propioaren eraikitze lanari segida ematera eta Madriletik datozen inposaketei erantzutera.

IKASLEOI ERASORIK EZ! EUSKAL HERRIAK KONPONBIDEA (LAB, Stee, Sortzen, Ikastolen Elkartea, GKK/CJC (Gazte Komunisten Kolektiboa), Bilgune Feminista, Elkartzen, Askapena, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskal Herriari, Komite Internazionalistak, Ernai, Xabier Lasa (EGKko zuzendariordea) eta Ikasle Abertzaleak)

«Bestelako hezkuntza eredu baten alde lan egiteagatik gaude hemen. Hezkuntza eta herri eragileetako zein instituzio ezberdinetako ordezkariak batu gara. Ez dugu hezkuntza eredu beraren alde egiten baina proiektu guztiak gauzagarri izan daitezen baldintza demokratiko berdinak izan nahi ditugu. Eskubide zibil eta politikoak pertsona guztientzat aldarrikatzen ditugu.

Honen harira, irmoki salatzen dugu bereziki Ikasle Abertzaleak antolakundeko 2 kidek pairatu duten jazarpen polizial larria. Bestalde, ezin dugu onartu azken aldiko indar polizialen presentzia altua hainbat ikastetxetan. Esate baterako, Goierrin, non ikastetxeko sarreran ikasleak miatu dituzten goitik behera. Ez dugu ikasle konprometituen, ez eta euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen kontrako urraketarik onartuko.

Ikasle Abertzaleak antolakundeak 25 urte daramatza bestelako hezkuntza eredu baten alde lanean, ikasleekin eta ikasleentzako. Baina ikasle antolakundearen konpromisoa ez da hezkuntza eremura soilik mugatu. Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeko konpromisoa ere argia izan da. Emandako urratsen artean, sinatutako ‘Aterabide demokratikoen akordioa’, Gernikako Akordioa, alegia, ekarri nahi dugu gogora. Gainera, euren azken kongresuan berrestu bezala, gatazkaren konponbidearen ildoa hezkuntzatik jorratzearen hautuan jarraitzen dute.

Aipatutako guztiagatik gure aitortza soziala egin eta gure babes osoa adierazi nahi diegu kaltetutako Ikasle Abertzaleakeko ikasleei eta ikasle mugimenduari.

Eraso hauek, gainera, ikasle mugimenduaren kriminalizazioa bilatzen dute. Azken hilabeteetan modu nabarian berpiztu da ikasle mugimendua eta hori guztia kriminalizatu eta errepresio bidez akabatu nahi du estatuak.

Hau guztia, gainera, ez da sektore konkretu baten kontrako eraso hutsa. Euskal Herriaren kontrako beste eraso bat da. Agerian uzten du Estatu Espainiarraren jarrera zein den Euskal Herriarekiko eta herri honetan askapen prozesuaren eta eraldaketa sozialaren alde eman diren, ematen diren eta aurrerantzean ere emanen diren urratsen aurrean. Generazio berrien esperantza eta ilusioa zapuztu nahi dute eta ez diegu utziko.
Aipatutako guztiagatik eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatu nahi ditugu eta bide berean ikasle mugimenduarekiko erasoak eten daitezen exijitu. Bide honetan, Ikasle Abertzaleakekin orain arte izandako harreman berdinak mantentzeko eta baita bestelako hezkuntza eredu baten alde eurekin batera jarduteko konpromisoan berresten gara.
»

 

 

 

Kutxen likidazioaren aurkako idatzia eraman dute eragile sozial eta sindikalek Legebiltzarrera

0

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek Kutxen likidaziaren aurka eta Euskal finantza-sistema publiko baten aldeko idatzia erregistratu zuten atzo Legebiltzarrean. Era berean alderdi politko eta Kutxetako presidenteei bilera eskatzen zitzaien gutunak igorri zizkieten gaiaren inguruan aritzeko.

Legebiltzarrean eragile sozial eta sindikalek erregistratutako agiria
REAS (Red de Economía Alternativa y Solidaria) – PAH Kaleratzerik ez! – EKA-OCU (Kontsumitzaile Elkartea)- Bilboko Auzo-Elkarteen Federazioa – Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak – EZKER GOGOA – AHT Gelditu Elkarlana – EHNE (Lehen Sektorea) – HIRU (Garraiolari autonomoak) – ELA – LAB – ESK – STEE-EILAS 

Euskal Kutxak-Kutxabank likidatzen ari dira zerbitzu publikoari eta gizarte-ekintzari dagokionez. Helburu bakarra, Hego Euskal Herrian urte luzeetan zehar ereindako aurrezki eta aktiboak akziodunen eta espekulatzaileen esku jartzea da.

Agirian jasotzen denez Kutxen bankarizazioa eta pribatizazioa, haien kontrol publiko eta sozialaren murrizketa latza, gizarte-ekintzaren argaltze etengabea eta jarraitutako hedapen-politika zoroa, banan-banan, suntsitzen ari dira euskal erakunde finantzario publiko bat sortzeko aukera.

Erabaki hauek eragotzi egingo dute aurrezkia eta kreditua Euskal Herriko gizarte osoaren onurarako erabiltzea, euskal produkzio-sare eraginkor bat mantentzea edota guztiok etxebizitza duin bat izan dezagun bermatzeko politikak garatzea, alokairuaren bitartez, esaterako.

Euskal Kutxen aginte-organuetan erabakiak hartzeko gaitasuna izan dutenak dira estrategia hau hautatu dutenak, eta ezin zaie norbere ardurei ihes egin finantza-sistemaren erreforma edota akordioak bete ez izana bezalako kontuak aipatuz.

Beste toki batzuetan, erreforma berdinekin, kutxek iraun egingo dute eta irtenbideak aurkitu dituzte haien kontrol publiko eta soziala mantentzeko. Hori bera posible litzateke hemen ere, orain arte izandako prozesuan atzera egingo balitz eta neurri politikoak eta legegileak hartuko balira kontrol hori handitzeko eta euskal eremua defendatzeko.

Arrazoi hauek guztiak direla eta, behean sinatzen duten antolakundeek euskal erakunde publikoei, alderdi politikoei, gobernuei, legebiltzarrei, foru aldundiei eta udalei eskatzen diegu behar besteko erabaki politiko eta legegileak har ditzaten:

Euskal Kutxen-Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazioan atzera egiteko, euskal gizartea defendatzeko funtsezkoak diren ardatzak sendotuz: kontrol publikoa, Euskal eremua, bertarako inbertsioak eta erakundeon izaera soziala.

Euskal kreditua eta aurrezkia pertsonen eta gizartearen mesedetan kudeatzeko balioko duen euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko.

Eta helburu honekin galdera eta mobilizazio-dinamika bat bultzatuko dugu, Euskal Kutxek akziodun eta espekulatzaile batzuen poltsikoetan buka ez dezaten.

 

 

 

Krisitik ateratzeko erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean

 
Maiatzaren Leheneko aurkezpen prentsaurrekoko Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiaren interbentzioa.

LABek Maiatzaren Lehenean kalera aterako dituen mezu, salaketa eta aldarrikapenak iragartzeko agerraldia eskaini du gaur Donostian. "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan" lelopean eskualdeka mobilizatuko da aurtengoan LAB, eskualde bakoitzeko errealitate ezberdinak mahaigaineratzeko nahiarekin. Ainhoa Etxaide, idazkari nagusiak, Maiatzaren Lehenaren protagonista langilegoa dela azpimarratu du, justizia sozialerako giltza burujabetza den bezala, langilegoa baita hori aurrera eramango duen ezinbesteko sujetua.
 

 

 

2014ko Maiatzaren Leheneko mobilizazioak

LAB sindikatuak Maiatzaren Leheneko mobilizazioak eskualdeka egingo ditu aurten. "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan" lelopean 28 mobilizazio ezberdin burutuko dira Euskal Herriko zazpi herrialdeetan.

BIZKAIA
BILBO

  • 12:00 etan Bilboko Zabalburu Plazatik- Plaza Zirkularra- Udaletxea eta Plaza Berrian bukatu ekitaldi batekin. Bertan Idazkari Nagusia.

BUSTURIA-LEA ARTIBAI

  • Gernikan: 12:30etan manifestazioa Udaletxeko Plazatik. Ondoren ekitaldia Merkurion.
  • Ondarroan: Bi kotxe karabana Ondarroara:11:00etan Lekeition Mandaxkatik eta 11:30etan Markinako parkinetik.12:30etan Ondarroan manifestazioa Zaldupeko zubitik. Ondoren ekitaldia Alamedan.

DURANGALDEA

  • 8:30etan kotxe-karabanak Durangoraino (Ermua, Elorrio eta Zornotzatik). 11:30etan Giza katea Durangon. 12:00-etan manifestazioa Durangon, Txiki eta Otaegi plazatik.

EZKERRALDEA

  • Barakaldon 12.00etan manifestazioa Bide Onera plazatik.

ESMUMALDEA

  • Mungiako ferialetik10:30etan eta Berangoko eroskiko aparkalekutik 10:00etan Kotxe-karabana.
  • Derion 12:00 manifestazioa Magefesatik irtenda. Ibilbidean zehar ekimen ezberdinak egingo dira. Ondoren ekitaldia udaletxeko plazan

HEGO URIBE

  • 12:00etan Bediatik Lemoaraino martxa. Lelo propio bat “Bertoko borrokan biharko garaipena”  

GIPUZKOA
DONOSTIA
12:30etan manifestazioa Donostiako Bulebarretik, Alderdi Ederren amaituz. Ibilidean zehar interbentzio ezberdinak egongo dira

KOSTA UROLA

  • Zarautz: 12:00etan Musika Plazatik manifestazioa. Ondoren Ekitaldia

OARSO BIDASOA

  • Irun: 12.00etan San Juan Plazatik Zabaltza Plazara manifestazioa

DEBALDEA

  • Eibar: 12:00etan Untzaga Plazatik manifestazioa

BURUNTZA GOIERRI

  • Ordizia: 12:00etan Plazatik manifestazioa.
  • Tolosa: 12:00etan manifestazioa Triangulotik hasi eta Plaza Berrira 
  • Hernani: 12:00etan manifestazioa Gudarien Plazatik Tilosetara

ARABA
Gasteiz: 12:00etan Bilbo Plazatik Foru Plazara. Ondoren kalejira
Agurain: 13:00etan Portal del Rey-en konzentrazioa
Oion: 12:30etan Plaza Nagusitik manifestazioa
Laudio: 12.00etan Lamuza plazatik manifestazioa

 
NAFARROA
IRUÑERRIA

  • Iruñea: 12:00etan Gaztelu Plazatik manifestazioa.
  • Irunberri: 12:00etan Frontoian (ekitaldia eta bazkaria). Aurretik bi kotxe karabana Agoitzetik eta Irunberritik.
  • Doneztebe: 12:00etan Leitza bideko gasolindegian

SAKANA

  • Altsasu: 12:30etan manifestazioa Foruen Plazatik

ERDIALDE ERRIBERA

  • Tuteran: 12:30etan Foru Enparantzatik manifestazioa
  • Tafallan: 12:00etan Nafarroako Plazatik manifestazioa
  • Lizarran: 12:00etan Udaletxetik manifestazioa


IPAR EUSKAL HERRIA
Baiona: 11.00etan Réduit plazatik manifestazioa
Maule: 11.00etan Kurutze Xuritik manifestazioa
Ziburu: 11:00etan Ziburuko plazatik manifestazioa

 

 
 

Kontzentrazioa Mendaroko LANBI S.A.ren aurrean herrialdeko metalgintzako hitzarmenaren alde

0

Gaur, Deba Beheko LAB sindikatuko metalgintzako delegatuak Mendaron kokatuta dagoen LANBI lantokiaren aurrean elkartu dira, herrialdeko sektoreko hitzarmena aldarrikatzen.

Aipatu enpresa honen aurrean egin dute kontzentrazioa, beraien esanetan, LANBI lantokiko ortuetarrak ADEGIko partaide direlako erakunde honen Kontseilu Errektorean. Sindikatuko partaideen esanetan, 2012 urte hasieratik sektoreko 50.000 mila langile baino gehiago hitzarmenik gabe egotearen erantzule bakarra ADEGI da eta LANBI lantokiko arduradunak, erakunde honen partaide aktibo diren heinean, sektorean bizi den ezegonkortasun eta konfliktibitatearen erantzule dira. .
 

 

 

Krisitik ateratzeko erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean


LABek Maiatzaren Lehenean kalera aterako dituen mezu, salaketa eta aldarrikapenak iragartzeko agerraldia eskaini du gaur Donostian. "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan" lelopean eskualdeka mobilizatuko da aurtengoan LAB, eskualde bakoitzeko errealitate ezberdinak mahaigaineratzeko nahiarekin. Ainhoa Etxaide, idazkari nagusiak, Maiatzaren Lehenaren protagonista langilegoa dela azpimarratu du, justizia sozialerako giltza burujabetza den bezala, langilegoa baita hori aurrera eramango duen ezinbesteko sujetua.

Maiatzaren Leheneko aurkezpen prentsaurrekoan Igor Arroyo, Garbiñe Aranburu, Gorka Berasategi eta Ainhoa Etxaide exekutibako kideek parte hartu dute. Igor Arroyok M1eko diseinua aurkeztu du, non beste inor ez bezala, LAB Euskal Herriko zazpi herrialdetan mobilizatuko dela azpimarratu duen. Honekin batera egunean zehar "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan" lelopean 28 mobilizazio ezberdin iragarrita daudela azaldu du.

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, Maiatzaren Lehenera sindikatuak kalera aterako dituen mezu, salaketa eta aldarrikapenak plazaratu ditu. Mezua, egunaren iragarpen kartelak dioen bezala, langileak direla esan du, haiek baitira, Etxaideren hitzetan, krisiaren aitzakipean botere finantziero eta politikoek ezarritako neurriak pairatzen dituztenak eta baita ere Euskal Herriak justizia soziala lortzea ahalbideratuko duen sujetua.

Krisia irizur handi bat dela salatu du Etxaidek, inork ez baitu ardurarik bereganatu eta hori gutxi balitz, espekulatzaileek negozioa egiten jarraitzeko erabili dute; aberatsak gero eta aberatsago, eta pobreak gero eta pobreagoak bilakatuz. Zentzu honetan, momentuko egoera gainditzeko saldu nahi izan dizkiguten erreformen atzean erreforma estrukturalak daudela salatu du.

Darabilkiten gezurren artean, LABeko idazkari nagusiak, hazkunde ekonomikoarena eta erabakitzeko eskubidearena azpimarratu ditu. Hazkunde ekonomikoaren inguruan esan du ezin dela haiek dioten bezala hazkunderik izan Euskal Herrian enplegua suntsitzen ari denean, espakulazioaren mesedetan produkzio ehuna eta ekonomia erreala suntsitzen ari denean eta zerbitzu publikoak murrizten eta pribatizatzen ari direnean.

Garamatzaten amildegitik ateratzeko LABek Maiatzaren Lehenean burujabetza prozesu bat aurrera eramateko beharra aldarrikatuko duela adierazi du. Euskal Herriari interbide propioa bat, España markatik eta gaurko politiketatik haustura ekarriko duena, emateko. Aldarrikapen honen atzean ez du etorkizunari begirako planteamenduarekin azaldu nahi izan, egun bizi dugun egoera larriari buelta ematea ekarriko duen giltza bezala aurkeztu du. Burujabetza prozesu hori gainera, Euskal Herriko langileoi dagokigula erabakitzea aldarrikatu du Etxaidek, eta hor kokatu du aurtengo M1eko leloaren zergaitia.

Amaitzeko, Euskal Herriak behar duen justizia sozialerako giltza erabakitzeko eskubidean oinarritzen dela azpimarratu nahi izan du Etxaidek, eta prozesuaren berma langilegoaren protagonismoan jarri du.

 

 

«Ezta ohe bakar bat ere hutsik zahar egoitza publikoetan!»

Lizarrako Santo Domingo zahar egoitzak, 20 bat ohe hutsik ditu, inguruko zahar egoitza pribatuak beteak eta itxaron zerrendarekin aurkitzen diren bitartean. Nafar Gobernuaren politikaren ondorio latza dugu hau, sistema publikoari bizkarra eman eta kudeaketa pribatuari sektorea eskaintzen diona. LAB, publikoaren aldeko kanpaina bati hasiera ematera dator. Xede honekin, apirilaren 16an, ANAP aurrean konzentrazioa burutuko du apirilaren 16an.

Nafarroan, hirugarren adineko bi egoitza ditugu soilik: Vergel Iruñean eta Santo Domingo Lizarran. Gure adinduen beharren arreta, zerbitzu publikoa izan beharko luke, bi zentru hauek salbuespen, guztiz pribatizatua dago ordea. Irizpide merkantilisten arabera mugitzen den negozioa bihurtu dute helburu sozialei erantzun beharko lieken zerbitzua. Bere burua aurreratutzat duen gizarteak, pertsonok bizitzako azken fase honetan ditugun beharrei erantzuteko beharrean dago. Inork ez du zalantzan jartzen, gaixotzen garenean, osasun zerbitzu publikora jotzeko eskubidea, ezta gure seme alabak eskola publiko batera eramateko aukera izatea ere. Zahar Egoitzekin aldiz, pribatizazioa normaltzat ikus dezagun lortu dute, normalizatu nahi izan dute, Administrazioak menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta, negoziozaleen eskuetan utzi izan du eta hauengana zuzentzen gaituzte baliabide pertsonalak agortzen ditugunean.

Kudeaketa eredu honek, familiak dirutza xahutzera daramatza, enpresak, Administraziotik jasotzen dituzten kontzertu eta diru laguntzak direla medio, onura propioa ateratzen dutelarik.

Gobernuak arlo publikoa pribatizatzen du. Adibide argi bat, Lizarrako Santo Domingo egoitzan dugu. Honetan dauden 100 plazetatik, 20 bete gabe mantentzen ditu, Lizarrako egoitza pribatua, betea eta itxaron zerrendarekin aurkitzen delarik. Publikoarekin azaltzen duen utzikeria hau, ez da kasualitatea, eredu pribatuaren sustapenean oinarritutako estrategiari erantzuten dio. Gobernuaren logikaren arabera, ohe gutxiago betez, langile gutxiago behar dira, beraz, libre dauden oheak hala mantentzekotan, ez da enplegu publiko gehiagorik sortu beharrik.

Duela pare bat urte, antzeko egoera bat bizi izan genuen El Vergel zahar egoitzan. Orduan ere bai, eskaria bazegoen arren, hainbat plaza publiko hutsik mantentzen ari ziren, baina LABek ekintza sindikala bitartez egin zuen salaketak, irirzpide aldaketa bultzatu zuen.

Santo Domingon, deuseztapena, instalazioekin duten utzikeriarekin lagunduta dator ere bai, ez dira beharrezkoak diren konponketak eta egokitzapenak egiten ari. Ze helbururekin? Azken denboraldian, bi zahar egoitza publikoetan sartzen ari den erabiltzaile perfila aldatzen ari da. Arazo sozialak dituzten pertsonak sartzen ari dira, ez soilik adinduak. Behar bereziak dituzte hauek, baina Administrazioak ez dio hauen arretari erreparatu eta langileek, ez dute behar hauei erantzuteko baliabide egokituekin kontatzen.

LABek ez du hau onartuko. Sail sozialaren politikaren aurrean aurpegia erakutsiko dugu; langileon, erabiltzaileon, senideon eta herritarron artean abiatuko dugu kanpaina baten bidez oraingoan. Lehenengo pausoa, datorren asteazkeneko kontzentrazioa izango da, Politika Sozialeko Saila aurrean 12tan, “Ezta ohe bakar bat ere hutsik zahar egoitza publikoetan” lelopean.