2026-11-14
HomeUncategorizedLABek hauteskundeak irabazi ditu Bizkaiko Aldundian

LABek hauteskundeak irabazi ditu Bizkaiko Aldundian

Datuen azterketa 

LAB sindikatuak berriro irabazi ditu Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionarioen hauteskunde sindikalak eta orain dela 4 urte lortutako emaitzak hobetu ditu. 

Hauek dira datuak, laburtuta: 

Lehenik eta behin, parte-hartze maila nabarmendu behar da: 1.453 langile joan dira botoa ematera, zentsuaren % 51,70 (oraingo zentsuan 122 pertsona gutxiago egon dira). Parte-hartzearen portzentajeak puntu bat egin du gora 2010eko hauteskundeekin alderatuta. 

LAB da aurrekoan baino boto gehiago lortu duen sindikatu bakarra (+ 67, hau da, % 10,77 gehiago), eta ordezkari bat gehiago lortu du. Gainerako sindikatuek 2010eko hauteskundeetan baino boto gutxiago lortu dituzte. 

Esanguratsua da LABek sindikatuen botoen % 48,18 lortzea (aurreko hauteskundeetan baino % 4,84 gehiago. Gainerako sindikatuek ordezkaritza portzentaje txikiagoak lortu dituzte: ELA, % –1,48; UGT,% – 2,34; CCOO, % –1,02 . 

LABen balorazioa 

1. Parte-hartzea puntu bat gora egin arren, abstentzioa oso altua izan da, zentsuaren % 48,30. Gure ustez, sindikatuok hausnarketa bat egin behar dugu horren inguruan, langileen parte-hartzeak indar handiagoa ematen dielako lan arloko aldarrikapenei. 

2. LABek indartu egin du 2010ean lortutako gehiengoa, eta handitu egin ditu gainerako sindikatuekiko distantziak. Gure lan egiteko moduaren eta gure delegatuek egindako lanaren alde egin dela ulertzen dugu. 

3. Halaber, gehiengo sindikala berresteak esan nahi du sindikatuen batasunaren, lankidetzaren eta adostasunaren alde eta langileek laneko aldarrikapenetan parte hartzearen alde egin dugun apustua babesten dela. Hobetu behar diren alderdiak daude, jakina, baina jarrera horri eutsiko diogu aurrerantzean ere. 

4. Horrez gainera, emaitzek LABek garatutako ildo sindikala berresten dute: langileen eskubideen defentsa irmoa eta azken urteetan jasandako murrizketen salaketa zerbitzu publikoen eta herritarren eskubideen defentsarekin uztartzea. Halaber, emaitza hauek gure herrian hain beharrezkoa den aldaketa politikoaren eta sozialaren aldeko apustua indartzen dute. 

Ondorio gisa, esan behar dugu oso pozik gaudela lortutako emaitzekin, eta gure zorionik beroena helarazi nahi dizuegu langile guztiei. Baina, orain, lanean jarraitu behar dugu, eta laneko eskubideak eta baldintzak zintzotasunez, apaltasunez eta dedikazio osoz defendatzeko konpromisoa berresten dugu. 
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...