2025-12-26
Blog Page 123

Gernikako Ospitalean erizainen eta erizaintzako laguntzaileak falta direla eta egoera kritikoa dela salatu dugu

Larrialdietako paziente kritikoei arreta ematean, triajean eta boxetan dauden pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen da.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, SAE eta ESK sindikatuok Gernikako Ospitaleko egoera kezkagarria salatu dugu; izan ere, erizain eta erizaintzako laguntzaile falta larriak zerbitzu horren erabiltzaileei kalitatezko arreta bermatzea eragozten du, pazienteen segurtasuna arriskuan jarriz.

Laguntza-eskaera gero eta handiagoa denez, profesional horiek triaje-gunea eta boxak arretarik gabe utzi behar izan dituzte larrialdiren bat dagoenean; izan ere, langileek larrialdi hori artatzera joan behar dute, eta, horrela, bi kokaleku horietan dauden pazienteen egoera gainbegiratuko duen langilerik gabe utzi behar dituzte. Horrela, gainerako pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen duen egoera bat gertatzen da, berehalako konponbideak behar dituen egoera jasanezin bat.

Gernikako Ospitalearen eta Galdakaokoaren langile-ratioaren arteko aldea ikaragarria da. Galdakaoko ospitaleko larrialdian plantilla handituz eta egiturazko beharretara egokituz joan den bitartean, Gernikako Larrialdietan neurri puntualak eta eskasak hartu dira, hala nola erizain bat kontratatzea eta soilik oporraldian ordu gehiago ematea erizain-laguntzaile bati.

Horrek ez du arazoa konpontzen, irailetik aurrera zerbitzua arrisku-egoerara itzuliko baita. Hala, Gernikako Ospitaleko langileek arazoaren erroari heltzen ez dion aldi baterako adabakitzat jotzen dute neurri hori. Konponbide eraginkorra eta iraunkorra aldarrikatzen jarraitu behar da.

Konponbide eske

Egoera horrek, langileei eragiteaz gain, arriskuan jartzen ditu pazienteen segurtasuna eta arreta. Ezin dugu horrela jarraitu.

Horregatik guztiagatik, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, SAE eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur, ekainak 17, Gernikan, egoerari benetako konponbideak eskatzeko. Zuzendaritzari eskatzen diogu premiazko neurri eraginkorrak har ditzala Gernikako Ospitalean lantalde egokia bermatzeko, gero eta handiagoa den laguntza-eskaerari erantzuteko eta kalitatezko arreta, triajeko segurtasuna eta boxak urte osoan zehar bermatzeko gai izango dena.

Eskola garraioaren hitzarmena desblokea dezatela exijitzeko mobilizazioa egin dugu

Kolektibitateen sektoreko patronalaren enpresetako bat den Eulenen aurrean izan da elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetako eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren blokeoa salatzeko.

Negoziazioak hasi zirenetik, enpresen jarrera bortitza eta harroputza izan da, hitzarmen honetan negoziatuko duten gauza bakarra denbora-eremua eta indarrean dagoen legediak aldatu dituen lizentziak eguneratzea dela esanez. Patronalak dioenez, ez da beharrezkoa ezer gehiago hobetzea, hitzarmenak oso lan-baldintza onak jasotzen baititu langileentzat.

Gainera, azken bileran, enpresak kezkatuta eta haserre zeuden sektorean hain handia zen absentismoagatik. LABetik ozen eta argi adierazi genien beraiek direla horren erantzule bakarrak, absentismoaren arrazoi nagusietako bat lan-prekarietatea delako, lan-osasunean ez inbertitzea, dirua irabazten jarraitzea eta emakume langileen lan-baldintzak ez hobetzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik dirua jasotzen duten enpresak dira. Pribatizatuta dagoen zerbitzu publikoa, Eskola publikoan beste sektore askorekin gertatzen den bezala. Aurreko ikasturtean lehiaketa publikora atera behar zen zerbitzu hori, baina Hezkuntza Sailak hatzez aukeratutako enpresa batek kudeatzen du gaur-gaurkoz.

LABen ez dugu onartuko langileen kontura diru publikoa irabazten jarraitzea eta langileen lan-baldintzak ez hobetzea. Hala, patronalari adierazten diogu hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera honek horrela jarraitzen badu, datorren ikasturtean aurrean izango gaituela.

Udal administrazioan euskararen normalizazioa mugatu nahi duen azken epaia gogor salatzen dugu

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren baitan beste epai baten berri jaso dugu. Kasu honetan, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren eskutik etorri da; izan ere, Galdakaoko Udaleko Gizarteratzeko eta Laneratzeko Teknikari lanpostu bat egonkortzeko prozesuan 3. hizkuntza-eskakizuna ezartzea atzera bota du.

Epaiak azken garaian oldarraldi judizialaren barruan ikusten ari garen euskalduntzearekiko ikuspegi murriztailearen iturritik edaten du. Orain arte legearen euskalduntzearekiko interpretazioa progresiboa eta aldekoa baldin bazen, gutxiagotutako hizkuntzaren aldeko ekintza positiboaren filosofiak gidatuta, azken urteetan ikuspegia 180 gradu irauli eta interpretazio guztiz murriztailea egiten hasi dira epaileak.

Sententzia honek ez du bermatzen herritarrak euskaraz artatuak izateko duten eskubidea eta langileek euskaraz lan egiteko dutena. Izan ere, lanpostuaren izaerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen du, eta hauek ezingo dute harreman hori euskaraz egin.

Epaiak dio egonkortze prozesuan hizkuntza-eskakizuna ezartzeak langileari prozesuan parte hartu ahal izatea eragozten diola. Euskara eskakizuna ez da eragozpena, lan deialdi horretan ezartzen diren bestelako eskakizunak eragozpen ez diren bezala. Horrela, epai honetan jasotzen den bezala, 45 urtetik gora euskara-eskakizunetik salbuestea orain arte oso baldintza zehatzetarako bazen ere, orain hori orokortu eta kasu guztietarako zabaltzen da. Edo, are kaltegarriagoa dena, udalekolanpostu guztietatik hizkuntza-eskakizuna zenbatek izan behar duten ezartzen duen derrigortasun-indizearen interpretazio mugatzailea egiten hasiak dira.

Hamarkadatan zehar indize hori derrigorrean bete beharreko gutxieneko gisa ulertu da, eta horrela baliatu izan dute instituzio askok, indize horrek ematen zuen kopurutik goragoko lanpostuei hizkuntza-eskakizuna ezarriz, eta ez da inolako aurkakotasunik egon epaitegien aldetik. Hori horrela izan da ulertzen zelako administrazioaren euskalduntzeak graduala eta progresiboa izan behar zuela herritarren eskubideak eta borondatea bermatu eta gaztelerak duen nagusitasun maila berdinera iristeko. Aldiz, ikuspegi hori irauli dute epaileek, sektore politiko, sindikal eta sozial euskarofoboen bultzadak lagunduta, eta gutxienekoa zena orain gehienezko bilakatu dute. Erabaki judizial horien atzetik helburu argia dago: administrazioaren euskalduntzea ahalik eta gehien galgatzea, atzeratzea.

Aski da! ozen esan eta oldarraldi judizial honi harresi bat altxatzeko garaia da. Onartezina da aldizka horrelako epai euskarofoboak ezagutzea zerrenda amaigabea elikatuz. Tantaka-tantaka epai hauek administrazioaren euskalduntzerako jurisprudentzia murriztailea eraikitzen ari dira. Horien bitartez, epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira. Hala, oldarraldi judiziala gerarazi ezean, administrazioaren euskalduntzea moteldu ez ezik, orain arte emandako urratsetan atzera egiteko arriskua nabarmena da.

Hori dela-eta, LABen bat egiten dugu epai hau salatzeko deitu diren mobilizazioekin. Zehazki, udal langileek ekainaren 19an, asteazkena, 13:30ean elkarretaratzea egingo dute Udaletxearen aurrean. Bestalde, hurrengo egunean, hilak 20, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagabiz euskara elkarteak deituta, 19:30ean Ardantza Parkean egingo da mobilizazioa, herritar ororentzako irekia.

GUITRANSek Gipuzkoako errepide bidezko salgaien garraioaren hitzarmenaren negoziazioa blokeatuz gero, errepideak blokeatzeko deialdia egingo dugu

Gaur eratu dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuOk eta GUITRANS patronalak Gipuzkoako errepide bidezko salgaien garraioaren hitzarmenaren negoziazio mahaia. 2024 urtea hastearekin batera ekin genion sindikatuok hitzarmen berri baten negoziazio bideari. Izan ere, 2009ko abenduaren 31az geroztik hitzarmenik gabe dago sektorea eta lan-baldintza zeharo desarautuetan ari dira 6.000 langiletik gora.

GUITRANS sektoreko patronalarekin jarri ginen harremanetan sindikatuok, negoziazio mahaiaren eraketan parte hartu zezan dei egiteko. Bilera hori otsailaren 7an egitekoak ginen, baina GUITRANSek deialdiari uko egitea erabaki zuen. Bigarren aukera bat ere eman genion sindikatuok patronalari, otsailaren 29an, baina orduan ere ez agertzea erabaki zuen.

Patronalak sindikatuon deialdiari birritan uko egin ondotik, LAB, ELA, CCOO eta UGTek EAEko Auzitegi Nagusian salaketa aurkeztea erabaki genuen, GUITRANSek langileek duten negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen zuela ulertuta. Epaiketa ekainaren 18an egitea aurreikusita zegoen eta, astebeteren faltan, GUITRANS sindikatuokin jarri da harremanetan epaitegira iristea saihesteko.

LABen positibotzat jotzen dugu patronalaren jarrera aldaketa, baina era berean, lazgarritzat jotzen dugu epaitegietara iritsi behar izatea jarrera aldaketa behartzeko. Mahai eraketarekin batera, hurrengo bileretarako hitzorduak jarri ditugu eta bi aldeen fede oneko negoziazioari ekiteko konpromiso eta akordioa ere erdietsi dugu.

LABen zinez espero dugu aurrerantzean negoziazioaren bideak ekar ditzakeen aurrerapausoak sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko balio izatea. Era berean, argi utzi nahi diegu GUITRANSi, sektoreko langile komunitate osoari eta jendarteari zein den hitzarmen honekiko gure jarrera: negoziazioa blokeatuz gero, errepideak blokeatzeko deialdia egingo dugu.

Europako epaiak langileoi enplegu publikoa egonkortzeko borrokan beste tresna bat ematen digu

EBJA Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententziak argi uzten du administrazioek hartutako neurriek ez dutela behin-behinekotasunaren arazoa konpontzen eta neurri eraginkorragoak eskatzen ditu.

Europako Justizia Auzitegiak lehen mailako epaitegiak eta auzitegi nagusiak interpelatu ditu Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia aplikatu ez dezaten, hots, mugagabe ez finkoaren figura ez erabiltzeko.

LABentzat araudi aldaketa ezinbestekoa da EBJAren ikuspegitik, zeinaren bidez behin-behinekotasunaren abusua prebenitu eta zigortzeko neurriak jaso beharko lituzkeen. Bide beretik, Espainiako Auzitegi Gorenari ere interpelazioa egiten diogu Europako sententzia berri hau bete dezan.

Azkenik, administrazio publikoei fundamentuzko negoziazio mahaiak ireki ditzaten exijitzen diegu, hain zuzen ere, enplegua sortzeko eta egonkortzeko planak sindikatuokin adosteko hemen, Euskal Herrian. Hori lortzeko borondate politikoa da behar dena; beraz, ezinbestekoa da langileon mobilizazioekin jarraitzea.

Lan hitzarmen honi ez, irakasleen lan-baldintzak borroka ditzagun

Lau urte luze igaro ditugu Hezkuntza Sail honekin Akordio Arautzaile edo lan hitzarmen berria negoziatu nahian. Baina zoritxarrez ez da borondaterik egon gobernuaren aldetik eduki gehigarriak mahai gainean jartzeko eta ez gara adostasunera iritsi. Hori horrela, ekainaren 13an, Irakasle funtzionarioen mahai sektoriala burutu da, bertan irakasle funtzionarioen lan baldintzak arautzen dituen akordio proposamenaren sinadura izan da gai bakarra. Horrela, funtzioetan dagoen Hezkuntza Sailak amaitutzat eman du orain arte izandako akordio proposamenaren negoziazioa.

Negoziazioaren prozedura osoa nahiko gorabeheratsua izan da eta LAB, Steilas eta CCOO sindikatuok ez dugu ontzat ematen, ez egin den prozesu negoziatzailea, ezta lan akordioaren edukia ere.

Badirudi asmoa orain murrizketak lan akordioan txertatzea dela. Izatez, negoziazio batek hobekuntzak ekarri beharko lituzke, baina hainbat alorretan kontrako norabidean goaz, bereziki ordezkoei eragiten dieten horietan. Helarazi diguten lan akordio proposamenean ez dago langile guztiei eragiten digun hobekuntza orokorrik. Hau izenpetzen dugun sindikatuok jaso diren hobekuntzak ez ditugu nahikotzat jotzen eta zenbait artikulutan atzerapausoak daudela baloratzen dugu.

Hezkuntza Sailak ezarri nahi dituen atzerapauso batzuk aipatze aldera:

  • Ordezkooi 165 lan-egunek eragiten duten opor eskubidea murriztu digute, abuztu osoa kobratu gabe.
  • Ordezkoen zerrenda kudeaketa EPEekin lotu nahi dute.
  • Etapa guztietan 30 orduko presentzialtasuna bultzatu nahi dute.
  • Lan zama handitzen ari den honetan ez dituzte neurri errealak jartzen guztion lan karga arintzeko.
  • Erretirorako baldintzak ez dituzte osotasunean hobetzen.
  • Aurrekoez gain, erosahalmena galtzen jarraitzen dugu, eta Jaurlaritzak soldata igoerak gauzatzeko borondate politikorik gabe jarraitzen du.

Azken zirriborroa aztertu ondoren, Sailak proposatzen digun akordioa egun indarrean dagoen 2010eko Akordioa baino okerragoa dela uste dugu.

Irakasleon lan baldintzak asko kaskartu dira azken urteetan eta egoera jasanezina da aipaturiko alorrei dagokienez. Hortaz, ez diegu Hezkuntza Sailaren asmoei zilegitasuna ematen dion Lan akordio arautzaile honi balekoa emango. Elkarrekin borrokatzen jarraituko dugu Hezkuntza Sailak irakasleontzat hobekuntzak jasoko dituen lan akordio berri on bat lortzeko.

Osakidetzako mantentze-lanak pribatizatzeko bi espediente baliogabetu ditugu, horietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian #LortuDugu

Arabako ESIaren zuzendaritzak Zerbitzu orokorren eraikineko klimatizazio instalazioaren mantentze-lanak, 217.800 euroko balioa dutenak, pribatizatzeko duen asmoak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batekin egin du topo berriro. Gainera, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak Arabako ESIko Instalazio elektrikoak egoitzeko eta berritzeko beste espediente bat ere baliogabetu du (290.000 €).

1. ARABAKO ESIko KLIMATIZAZIO-INSTALAZIOEN MANTENTZE-LANAK

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu berriro ere LAB sindikatuari, eta bertan behera utzi du Txagorritxuko ospitalearen ondoan eraikitako zerbitzu orokorretako eraikinaren klimatizazioa mantentzeko lanen lizitazioa. Aipagarria da espediente honekin Arabako ESI eta Osakidetzaren zuzendaritza nola tematu diren. 2021eko urrian hasi zen espedientearen ibilbidea. Eraikinaren inaugurazioan argi geratu zen zeintzuk ziren mantentze lanak kudeatzeari zegokionez Araba ESIren asmoa. Hala, ESIko zuzendaritzak espedientea argitara eman zuenean errekurtsoa jarri genuen LABetik.

Errekurtso hori 2022ko otsailean onartu zuen Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO), kontratuaren pleguak baliogabetuz. Hala ere, Arabako ESIk, momentu horretan lan horiek bere gain hartzeko aukera ikusi beharrean, pribatizatzeko saiakera egin zuen berriro, beste espediente batekin. Kasu honetan, KEAOren irizpidea gainditu eta aurrera atera ahal izan zuen espedientea. KEAOren oniritziaren aurrean, LABetik Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Epaitegira eraman genuen kasua, eta orain, lizitazio hori behin betiko baliogabetuta geratu da.

Adierazi behar da Arabako ESIk eta Osakidetzak uko egiten diotela mantentze-lanetako enpresa gisa gaitzeari, EITEk (Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua) horretarako aukera ematen duen arren. Erabaki honen garrantzia pisuzkoa da, Osakidetzak mantentze-lanak egiteko gai ez dela adierazteko darabilen argudio nagusia hori baita: mantentze-lanak egiteko empresa gisa gaituta ez egotea. Argitu beharra dago mantentze-lanetako enpresa gisa gaitzearena administrazio-izapide hutsa baino ez dela.Pribatizazioa ez dator Osakidetzak ez duelako gaitutako langileriketa errekurtso materialik, baizik eta nahi ez duelako. Hala ikusi da administrazioarekiko auzien aretoan.

Epaia ikusita ondorioztatzen denez, gaitzeko izapide horiek ez betetzeak ez ditu lan horiek pribatizatzeko legeak (Sektore Publikoko Kontratuen Legea) ezartzen dituen baldintzak betetzen. Aldiz, lege-betekizun horiek saihesteko trikimailua baino ez da. Osakidetzak baditu lan horiek egiteko behar adina giza baliabide eta baliabide material, baina, zoritxarrez, nahiago du milioika euro esternalizatu izapide automatiko bat egin baino, EITEn ezarritakoa betetzen duela dioen erantzukizunpeko adierazpena, alegia. Izapide hori Industriara inprimaki bat bidaltzean datza, besterik gabe.

LABen aspaldi ari gara Osakidetzaren jardun pribatizatzailea mugatzen, baina kasu hau oso adierazgarria da, argi eta garbi islatzen baita Osakidetzaren asmoa. EAJk hauteskunde-programan “lan osagarritzat” jo ditu, besteak beste, mantentze-lanak, sukaldeak, ikuztegiak, informatika, elektromedikuntza, radiologia aparailuen kalitate kontrolak eta abar. Osakidetzako kudeatzaileen ustez, lan horiek kanpora ateratzea ezin da osasun publikoaren pribatizazio gisa identifikatu.

2. ARABAKO ESIren INSTALAZIO ELEKTRIKOAK EGOKITU ETA BERRITZEKO ZERBITZUA

Era berean, eta arestian deskribatutakoaren antzeko kasu batean, KEAOk elektrizitate-lanen pribatizazioa geldiarazi du, 290.000 euroko kostuarekin. Oraingo honetan, arazoa antzekoa da, nahikoa giza baliabide eta baliabide material izan arren, Arabako ESIk eta Osakidetzak uko egin diote enpresa instalatzaile gisa gaitzeko beharrezko izapidea egiteari, eta, beraz, gaikuntza hori ez dutenez, zerbitzua kanpora ateratzen saiatzen dira.

Bada, LABen frogatu dugu egin beharreko lanak egiteko badaudela baliabide materialak eta giza baliabideak, plantilan dauden langileak eta kontratazio-zerrendetan dauden langileak.

ONDORIOAK

Gaikuntzaren administrazio-izapidea beharrezkoa den espediente horietan argi ikusten da Osakidetzaren pribatizazio-estrategia zein den. Erabaki estrategikoen bidez, lan horiek bere gain hartzea blokeatzen duen egoera bat betikotzen du, nahiz eta konponbide erraza eta berehalakoa izan, hala nola enpresa instalatzaile edo auto-mantentzaile gisa gaitzea.

Horrela, plantillaren lana, kasu honetan mantentze-lanak, xurgatu egiten da eta beharrezko gaikuntza duen eskaintzailerik onenari saltzen zaio. Plegu horien arduradunen eta gaikuntzaren izapidea egiteari uko egiten diotenen erabaki horrek ondorio zuzenak ditu: gastu ekonomikoa handiagotzea eta enplegu publikoa suntsitzea. Gainera, erabaki hori funtzionario publiko gisa dituzten betebeharren aurkakoa da.

LABen badakigu zuzendaritzak ez duela norabidea aldatzeko eta zerbitzuak publifikatzeko borondaterik. Osakidetzako kudeatzaileak herritarren interesetatik eta osasun-eredu publiko batetik oso urrun dauden enpresa-interesen morroi dira. Hori dela eta, LABetik abian jartzen dituzten kanporatze-saiakerak monitorizatzen jarraituko dugu, eta gaur arte egin bezala jokatuko dugu, jada 162 milioi euro baino gehiago geldiarazi baititugu pribatizazioetan.

Bizkaiko ostalaritzako aurreakordioaren edukiak arriskuan, LAB estatalizazioaren kontrako borrokan berresten da

Bizkaiko Ostalarien Elkarteak aurreakordioan atzera egin du Espainiako estatuko AERM patronalak egindako inpugnazio mehatxuaren aurrean. Izan ere, azken honek Errestaurazio modernoa delakoa, ostalaritzako azpi-sektorerik prekarizatuena eta txirotuena, egungo baldintzetan mantendu nahi du. Aurreakordioari CCOOek emandako kolpearen ostean, honek beste labankada eman dio sektoreari.

2022an, ostalaritzako kate eta marka handiek (MCDonald’s, Taco Bell, KFC, etab.) Asociación Empresarial Marcas de Restauración (AEMR) patronala sortu zuten, eta euren kateetan aplikatzeko hitzarmen estatal espezifikoa sinatu zuten CCOO eta UGT-rekin batera. Hitzarmen honen helburua enpresa hauek euren neurrira egindako lan araudia sortzea da, ostalaritzakoak baino baldintza eskasagoak aplikatu eta irabazi marjinak handitu ahal izateko. Lanaldi askoz altuagoa, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren pareko ordainsariak, atseden gutxiago, plus negargarriak… Hitzarmen honek 140.000 langile inguru atera zituen ostalaritzako hitzarmen desberdinetatik eta beste honetara kondenatu.

Horrelako hitzarmen espezifikoak estatalizazio forma berri bat dira: herrialdeetako hitzarmen sektorialak gainditu eta enpresa zehatz batzuen neurrirako lan baldintzak arautzen dituzte estatu mailan, alfonbra gorria jartzen dieten sindikatuekin. Arropa eta zapaten eremuan ARTE patronala (Inditex, Primark, H&M…) egiten ari den jokaldi berbera da.

Bizkaiko ostalaritzako hitzarmen berriko negoziazioan, LAB sindikatuaren helburu nagusietako bat, sektoreko iruzurrak oztopatzeko neurriak lortzearekin batera, hitzarmen hau ostalaritzaren bazterretan prekarizatuen geratzen diren langileentzako babesgarri izan zedin da; bereziki riderrentzako eta Errestaurazio modernoaren baitako kateetako langileentzako. Eremu hauei dagokienez, lehenengoen kasuan erregulazioa falta da, eta bigarren kasuan hitzarmena estatala da eta, eta baldintzarik eskasenak eta abusu handienak jasaten dituzte. LABek azpimarratu du, gainera, hauek direla ostalaritzako jarduera arrazializatuenak, eta hori ez dela kasualitatea.

LAB bakarrik egon da mahaian estatalizazioaren kontrako borrokan: CCOO eta UGT Errestaurazio Modernoko Marken hitzarmenaren sinatzaileak dira eta ELAk albo batera begiratu du, akordioa baztertuz. Bide honetan, LABek etengabe ekarri ditu proposamenak mahaira eta hitzarmen hau soldata eguneratze huts bat baino gehiago izatea lortu du.

Bizkaiko negoziazio mahaian presente egon ez denez, AERM patronal estatalak burofax bidez hitzarmena inpugnatzeko mehatxua egin du legimitimitate falta argudiatuz. LAB sindikatuak hitzarmen honetan eta bide honetan sinisten du. Bestela, estatalizazioak eta kate handiek irabazten dute, eta langileok, galdu.

LABek salatzen du hau ez dela serioa: sindikatuek zein Ostalarien Elkarteak aurreakordio baten gainean lan egin dute, eta denek eduki dute testua aurrean edukiak ondo aztertu zein moldaketak egiteko.

Duela aste pare bat, CCOOk egin zuen atzera, inongo zentzurik ez zuten arrazoiekin. Hainbat edukirekin ezadostasunak agertzen zituzten, asteetan zehar horien inguruan mahaian ekarpenik egin ez zutenean. Euren arduragabekerian atzera egitea erabaki zutenerako, akordioa apurtuta zegoen, eta beraz, maiatzean soldatak igo ez izana izan zen lehen ondorioa. Bigarren ondorioa, patronalari atzera egiteko denbora eman izana izan da.

Orain, Bizkaiko Ostalarien Elkarteak egin du atzera, baina gaur ez dauka duela 3 aste ez zeukan informaziorik. AERM-ren mehatxuak eragindako beldurra da arrazoia, ez akordioaren edukia bera.

Blokeo honen aurrean, AERM ere mahaira deitu da, egon litezkeen legitimitate arazoak konpontzeko eta negoziazioarekin aurrera jarraitzeko. LABek ez daki ea patronal honek benetan duen mahaian parte hartzeko borondatea, ezta joatekotan zein jarrerarekin egingo duen ere, baina argi dauka bere interesak eta langileenak erabat kontrajarriak direla. Beraz, ziurgabetasun unea da oraingoa LABentzat: ez dago akordiorik, ez daki mahaia berrosatuko den, epe laburrean negoziazioak fruiturik emango duen… Edonola ere, LABek aurreakordioan bermatutako edukiak ez ditu auzitan jarriko, eta horiek bermatzeko borrokan jarraituko du.

LABek, duela hiru aste aurreakordio bat edukita, egoera honetaraino iritsi izanagatik haserrea eta amorrua adierazi du. Ostalaritzako langileek akordio bat behingoz lortzea merezi dute: 26.000 langileri aplikatzen zaie hitzarmen hau Bizkaian. 2020tik, ELA-CCOO-UGT eta patronalak sinatu zuten akordioa dela eta, soldatak izoztuta dauzkate. Iruzur eta abusuak etengabeak dira erregulazio eta kontrol falta direla eta. Hiru urte baino gehiago iraun du negoziazioak eta arazo horiei heltzen dien aurre-akordio bat zegoen itxita eta sinatuta.

Bizkaiko grafikagintzan hiru eguneko greba zikloa amaitu da jarraipen handiarekin

Sektoreko plantillak mobilizatuta eta kontzientziatuta daude hitzarmena baldintza duinekin berreskuratzeko. Ekainaren 13an, elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte Cebeken egoitzaren aurrean.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok, ekainaren 11tik 13ra bitarteko greba egunak deitu ditugunok (baita aurretik egon diren lau egunak ere, apirilean eta maiatzean), positibotzat jotzen ditugu azken hiru greba egunak. Grebaren egunek eragin handia izan dute grebaren jarraipenari eta egin diren mobilizazioei dagokienez, bai lehen ordutik piketeetan, bai eguerdian.

Plantillek lezio bat eman diote berriro patronalari, zeinak sektoreko hitzarmena negoziatzeko betebeharrari muzin egin dion. 2013an Hitzarmena desagerrarazten saiatu zen patronalaz ari gara; eta orain, greba egunen aurretik, Negoziazio Mahaiaren azken bilerara ere ez zen joan.

Ekainaren 13an hainbat mobilizaziorekin amaitu da ziklo hau Bilbon, hala nola lehen orduko kontzentrazioa Cebeken aurrean, eta ondoren manifestazio bat, patronalaren egoitzaren aurrean amaitu dena. Ildo horretan, LAB-ELA-CCOO-UGTk, patronalari ez ezik, enpresa elkartuei ere seriotasuna eskatzen diete negoziazioan. Eta Cebek Negoziazio Mahaira itzul dadila, Hitzarmen duin batentzako edukiekin eta gutxienez 2012tik erosteko ahalmena bermatuko duen proposamen batekin, baita horren indarraldiko urteetakoa ere. Bestela, gatazkak, zalantzarik gabe, jarraipena izango du.