2025-12-22
Blog Page 123

Osakidetzako mantentze-lanak pribatizatzeko bi espediente baliogabetu ditugu, horietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian #LortuDugu

Arabako ESIaren zuzendaritzak Zerbitzu orokorren eraikineko klimatizazio instalazioaren mantentze-lanak, 217.800 euroko balioa dutenak, pribatizatzeko duen asmoak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batekin egin du topo berriro. Gainera, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak Arabako ESIko Instalazio elektrikoak egoitzeko eta berritzeko beste espediente bat ere baliogabetu du (290.000 €).

1. ARABAKO ESIko KLIMATIZAZIO-INSTALAZIOEN MANTENTZE-LANAK

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu berriro ere LAB sindikatuari, eta bertan behera utzi du Txagorritxuko ospitalearen ondoan eraikitako zerbitzu orokorretako eraikinaren klimatizazioa mantentzeko lanen lizitazioa. Aipagarria da espediente honekin Arabako ESI eta Osakidetzaren zuzendaritza nola tematu diren. 2021eko urrian hasi zen espedientearen ibilbidea. Eraikinaren inaugurazioan argi geratu zen zeintzuk ziren mantentze lanak kudeatzeari zegokionez Araba ESIren asmoa. Hala, ESIko zuzendaritzak espedientea argitara eman zuenean errekurtsoa jarri genuen LABetik.

Errekurtso hori 2022ko otsailean onartu zuen Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO), kontratuaren pleguak baliogabetuz. Hala ere, Arabako ESIk, momentu horretan lan horiek bere gain hartzeko aukera ikusi beharrean, pribatizatzeko saiakera egin zuen berriro, beste espediente batekin. Kasu honetan, KEAOren irizpidea gainditu eta aurrera atera ahal izan zuen espedientea. KEAOren oniritziaren aurrean, LABetik Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Epaitegira eraman genuen kasua, eta orain, lizitazio hori behin betiko baliogabetuta geratu da.

Adierazi behar da Arabako ESIk eta Osakidetzak uko egiten diotela mantentze-lanetako enpresa gisa gaitzeari, EITEk (Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua) horretarako aukera ematen duen arren. Erabaki honen garrantzia pisuzkoa da, Osakidetzak mantentze-lanak egiteko gai ez dela adierazteko darabilen argudio nagusia hori baita: mantentze-lanak egiteko empresa gisa gaituta ez egotea. Argitu beharra dago mantentze-lanetako enpresa gisa gaitzearena administrazio-izapide hutsa baino ez dela.Pribatizazioa ez dator Osakidetzak ez duelako gaitutako langileriketa errekurtso materialik, baizik eta nahi ez duelako. Hala ikusi da administrazioarekiko auzien aretoan.

Epaia ikusita ondorioztatzen denez, gaitzeko izapide horiek ez betetzeak ez ditu lan horiek pribatizatzeko legeak (Sektore Publikoko Kontratuen Legea) ezartzen dituen baldintzak betetzen. Aldiz, lege-betekizun horiek saihesteko trikimailua baino ez da. Osakidetzak baditu lan horiek egiteko behar adina giza baliabide eta baliabide material, baina, zoritxarrez, nahiago du milioika euro esternalizatu izapide automatiko bat egin baino, EITEn ezarritakoa betetzen duela dioen erantzukizunpeko adierazpena, alegia. Izapide hori Industriara inprimaki bat bidaltzean datza, besterik gabe.

LABen aspaldi ari gara Osakidetzaren jardun pribatizatzailea mugatzen, baina kasu hau oso adierazgarria da, argi eta garbi islatzen baita Osakidetzaren asmoa. EAJk hauteskunde-programan “lan osagarritzat” jo ditu, besteak beste, mantentze-lanak, sukaldeak, ikuztegiak, informatika, elektromedikuntza, radiologia aparailuen kalitate kontrolak eta abar. Osakidetzako kudeatzaileen ustez, lan horiek kanpora ateratzea ezin da osasun publikoaren pribatizazio gisa identifikatu.

2. ARABAKO ESIren INSTALAZIO ELEKTRIKOAK EGOKITU ETA BERRITZEKO ZERBITZUA

Era berean, eta arestian deskribatutakoaren antzeko kasu batean, KEAOk elektrizitate-lanen pribatizazioa geldiarazi du, 290.000 euroko kostuarekin. Oraingo honetan, arazoa antzekoa da, nahikoa giza baliabide eta baliabide material izan arren, Arabako ESIk eta Osakidetzak uko egin diote enpresa instalatzaile gisa gaitzeko beharrezko izapidea egiteari, eta, beraz, gaikuntza hori ez dutenez, zerbitzua kanpora ateratzen saiatzen dira.

Bada, LABen frogatu dugu egin beharreko lanak egiteko badaudela baliabide materialak eta giza baliabideak, plantilan dauden langileak eta kontratazio-zerrendetan dauden langileak.

ONDORIOAK

Gaikuntzaren administrazio-izapidea beharrezkoa den espediente horietan argi ikusten da Osakidetzaren pribatizazio-estrategia zein den. Erabaki estrategikoen bidez, lan horiek bere gain hartzea blokeatzen duen egoera bat betikotzen du, nahiz eta konponbide erraza eta berehalakoa izan, hala nola enpresa instalatzaile edo auto-mantentzaile gisa gaitzea.

Horrela, plantillaren lana, kasu honetan mantentze-lanak, xurgatu egiten da eta beharrezko gaikuntza duen eskaintzailerik onenari saltzen zaio. Plegu horien arduradunen eta gaikuntzaren izapidea egiteari uko egiten diotenen erabaki horrek ondorio zuzenak ditu: gastu ekonomikoa handiagotzea eta enplegu publikoa suntsitzea. Gainera, erabaki hori funtzionario publiko gisa dituzten betebeharren aurkakoa da.

LABen badakigu zuzendaritzak ez duela norabidea aldatzeko eta zerbitzuak publifikatzeko borondaterik. Osakidetzako kudeatzaileak herritarren interesetatik eta osasun-eredu publiko batetik oso urrun dauden enpresa-interesen morroi dira. Hori dela eta, LABetik abian jartzen dituzten kanporatze-saiakerak monitorizatzen jarraituko dugu, eta gaur arte egin bezala jokatuko dugu, jada 162 milioi euro baino gehiago geldiarazi baititugu pribatizazioetan.

Bizkaiko ostalaritzako aurreakordioaren edukiak arriskuan, LAB estatalizazioaren kontrako borrokan berresten da

Bizkaiko Ostalarien Elkarteak aurreakordioan atzera egin du Espainiako estatuko AERM patronalak egindako inpugnazio mehatxuaren aurrean. Izan ere, azken honek Errestaurazio modernoa delakoa, ostalaritzako azpi-sektorerik prekarizatuena eta txirotuena, egungo baldintzetan mantendu nahi du. Aurreakordioari CCOOek emandako kolpearen ostean, honek beste labankada eman dio sektoreari.

2022an, ostalaritzako kate eta marka handiek (MCDonald’s, Taco Bell, KFC, etab.) AsociaciĂłn Empresarial Marcas de RestauraciĂłn (AEMR) patronala sortu zuten, eta euren kateetan aplikatzeko hitzarmen estatal espezifikoa sinatu zuten CCOO eta UGT-rekin batera. Hitzarmen honen helburua enpresa hauek euren neurrira egindako lan araudia sortzea da, ostalaritzakoak baino baldintza eskasagoak aplikatu eta irabazi marjinak handitu ahal izateko. Lanaldi askoz altuagoa, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren pareko ordainsariak, atseden gutxiago, plus negargarriak… Hitzarmen honek 140.000 langile inguru atera zituen ostalaritzako hitzarmen desberdinetatik eta beste honetara kondenatu.

Horrelako hitzarmen espezifikoak estatalizazio forma berri bat dira: herrialdeetako hitzarmen sektorialak gainditu eta enpresa zehatz batzuen neurrirako lan baldintzak arautzen dituzte estatu mailan, alfonbra gorria jartzen dieten sindikatuekin. Arropa eta zapaten eremuan ARTE patronala (Inditex, Primark, H&M…) egiten ari den jokaldi berbera da.

Bizkaiko ostalaritzako hitzarmen berriko negoziazioan, LAB sindikatuaren helburu nagusietako bat, sektoreko iruzurrak oztopatzeko neurriak lortzearekin batera, hitzarmen hau ostalaritzaren bazterretan prekarizatuen geratzen diren langileentzako babesgarri izan zedin da; bereziki riderrentzako eta Errestaurazio modernoaren baitako kateetako langileentzako. Eremu hauei dagokienez, lehenengoen kasuan erregulazioa falta da, eta bigarren kasuan hitzarmena estatala da eta, eta baldintzarik eskasenak eta abusu handienak jasaten dituzte. LABek azpimarratu du, gainera, hauek direla ostalaritzako jarduera arrazializatuenak, eta hori ez dela kasualitatea.

LAB bakarrik egon da mahaian estatalizazioaren kontrako borrokan: CCOO eta UGT Errestaurazio Modernoko Marken hitzarmenaren sinatzaileak dira eta ELAk albo batera begiratu du, akordioa baztertuz. Bide honetan, LABek etengabe ekarri ditu proposamenak mahaira eta hitzarmen hau soldata eguneratze huts bat baino gehiago izatea lortu du.

Bizkaiko negoziazio mahaian presente egon ez denez, AERM patronal estatalak burofax bidez hitzarmena inpugnatzeko mehatxua egin du legimitimitate falta argudiatuz. LAB sindikatuak hitzarmen honetan eta bide honetan sinisten du. Bestela, estatalizazioak eta kate handiek irabazten dute, eta langileok, galdu.

LABek salatzen du hau ez dela serioa: sindikatuek zein Ostalarien Elkarteak aurreakordio baten gainean lan egin dute, eta denek eduki dute testua aurrean edukiak ondo aztertu zein moldaketak egiteko.

Duela aste pare bat, CCOOk egin zuen atzera, inongo zentzurik ez zuten arrazoiekin. Hainbat edukirekin ezadostasunak agertzen zituzten, asteetan zehar horien inguruan mahaian ekarpenik egin ez zutenean. Euren arduragabekerian atzera egitea erabaki zutenerako, akordioa apurtuta zegoen, eta beraz, maiatzean soldatak igo ez izana izan zen lehen ondorioa. Bigarren ondorioa, patronalari atzera egiteko denbora eman izana izan da.

Orain, Bizkaiko Ostalarien Elkarteak egin du atzera, baina gaur ez dauka duela 3 aste ez zeukan informaziorik. AERM-ren mehatxuak eragindako beldurra da arrazoia, ez akordioaren edukia bera.

Blokeo honen aurrean, AERM ere mahaira deitu da, egon litezkeen legitimitate arazoak konpontzeko eta negoziazioarekin aurrera jarraitzeko. LABek ez daki ea patronal honek benetan duen mahaian parte hartzeko borondatea, ezta joatekotan zein jarrerarekin egingo duen ere, baina argi dauka bere interesak eta langileenak erabat kontrajarriak direla. Beraz, ziurgabetasun unea da oraingoa LABentzat: ez dago akordiorik, ez daki mahaia berrosatuko den, epe laburrean negoziazioak fruiturik emango duen… Edonola ere, LABek aurreakordioan bermatutako edukiak ez ditu auzitan jarriko, eta horiek bermatzeko borrokan jarraituko du.

LABek, duela hiru aste aurreakordio bat edukita, egoera honetaraino iritsi izanagatik haserrea eta amorrua adierazi du. Ostalaritzako langileek akordio bat behingoz lortzea merezi dute: 26.000 langileri aplikatzen zaie hitzarmen hau Bizkaian. 2020tik, ELA-CCOO-UGT eta patronalak sinatu zuten akordioa dela eta, soldatak izoztuta dauzkate. Iruzur eta abusuak etengabeak dira erregulazio eta kontrol falta direla eta. Hiru urte baino gehiago iraun du negoziazioak eta arazo horiei heltzen dien aurre-akordio bat zegoen itxita eta sinatuta.

Bizkaiko grafikagintzan hiru eguneko greba zikloa amaitu da jarraipen handiarekin

Sektoreko plantillak mobilizatuta eta kontzientziatuta daude hitzarmena baldintza duinekin berreskuratzeko. Ekainaren 13an, elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte Cebeken egoitzaren aurrean.

LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok, ekainaren 11tik 13ra bitarteko greba egunak deitu ditugunok (baita aurretik egon diren lau egunak ere, apirilean eta maiatzean), positibotzat jotzen ditugu azken hiru greba egunak. Grebaren egunek eragin handia izan dute grebaren jarraipenari eta egin diren mobilizazioei dagokienez, bai lehen ordutik piketeetan, bai eguerdian.

Plantillek lezio bat eman diote berriro patronalari, zeinak sektoreko hitzarmena negoziatzeko betebeharrari muzin egin dion. 2013an Hitzarmena desagerrarazten saiatu zen patronalaz ari gara; eta orain, greba egunen aurretik, Negoziazio Mahaiaren azken bilerara ere ez zen joan.

Ekainaren 13an hainbat mobilizaziorekin amaitu da ziklo hau Bilbon, hala nola lehen orduko kontzentrazioa Cebeken aurrean, eta ondoren manifestazio bat, patronalaren egoitzaren aurrean amaitu dena. Ildo horretan, LAB-ELA-CCOO-UGTk, patronalari ez ezik, enpresa elkartuei ere seriotasuna eskatzen diete negoziazioan. Eta Cebek Negoziazio Mahaira itzul dadila, Hitzarmen duin batentzako edukiekin eta gutxienez 2012tik erosteko ahalmena bermatuko duen proposamen batekin, baita horren indarraldiko urteetakoa ere. Bestela, gatazkak, zalantzarik gabe, jarraipena izango du.

Nafarroako laneko ezbehar tasa altu eta hilgarriaren arduradun politiko eta enpresarialen zinismoa salatu dugu, eta mutualitateen publifikazioa exijitu

Elkarretaratzea egin du gaur goizean Gorraitzen (Nafarroa), foru komunitatean dagoen laneko istripu tasa altu eta hilgarriaren arduradun politiko eta enpresarialen zinismoa salatzeko. Izan ere, egunotan, “Enpresa Osasungarrien Biltzarra” egiten ari dira Gorraizko hotel batean Nafarroako Gobernua eta zenbait mutualitate, eta paradoxikoa iruditzen zaigu hori, Espainiako estatuko erkidegoen artean Nafarroa baita lan istripu tasarik altuena duen bigarrena. Horrekin, lotuta mutualitateen publifikazioa exijitu dugu.

Nafarroako lehendakari Maria Txibitek, Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Elma Saizek, CEN patronaleko lehendakari Manuel Piquerrek, Espainiako Lan ministro Yolanda Diazek eta Nafarroako Enplegu kontseilari Carmen Maeztuk hartuko dute parte, besteak beste, aipaturiko biltzarrean. Hau da, Nafarroan ematen den istripu tasa izugarriaren arduradun politiko eta enpresarialak.

Ezaguna da Nafarroako Gobernuak, espainiar Gobernuaren eskutik, lan osasuneko araudiaren inplementazioa “boluntarismoan” oinarritzen diren politiken bidez egin nahi dituela. Urteak joan, urteak etorri, gomendioak eta kanpaina boluntarioak baino ez dituzte martxan jartzen, Nafarroaren lan istripuen tasen lidergoa sendotuz. Ildo horretan, salatu behar da horretarako gobernuek CEN patronalaren eta UGT-CCOO sindikatuen finantziazioa erabiltzen duela bake soziala erosteko asmoz, “prebentzioko lurralde-ordezkaria” (400.000 euro) bezalako tresnak tarteko. Horregatik, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak Enplegu planaren harira lan osasunaren inguruko eztabaida Nafarroako Osasun Kontseilutik Elkarrizketa Sozialaren Kontseilura eraman du.

‣ Nafarroan azken 10 urteetan 150 langile hil dira lan istripuz. 12 langile hil ziren 2023an. Eta 2024an dagoeneko 7 dira langile hildakoak.

‣ 2023an 26.000 istripu traumatiko aitortu ziren.

‣ Laneko gaixotasunak ez dituzte hein handi batean aitortzen.

‣ Afekzio psikologikoak ez dituzte sekula onartzen laneko kontingentzia bezala.

Egoera latz hori ikusita, behingoz utzi behar zaio urtero aholkularitza plan hutsalak aurkezteari, behingoz utzi behar zaio CEN patronala eta sindikatu jakin batzuk finantziatzeari, behingoz utzi behar zaio araudiaren betearazpena bermatzeko bitartekoei uko egiteari.

Zer gertatuko litzateke Nafarroan, langileek arauak ez betetzeagatik, urtero 12 enpresari hilko balira? Nola erreakzionatuko lukete Nafarroako Gobernuak eta CEN patronalak? Alderatze hori gogorra bezain errealista da.

Nafarroan, soilik, 10 ikuskatzaile daude une honetan patronalari lan osasunaren araudia betearazteko. Hori hala izanik, gobernuek mezu argi bat igortzen diote CENeko enpresariei: «Zuek ez bete araudia, guk ez baitzaituztegu isunduko». Eta bitartean, langile klaseak jartzen ditu hildakoak.

Mutualitateak publifikatu egin behar dira.

Bada beste gai bat Gorraitzen batzartu direnek esku artean darabiltena, mutualitateei botere gehiago eskaintzearena, hain zuzen ere.

Nola liteke enpresek eragindako gaitz eta istripuen kontingentziak mutualitateak diren enpresa elkarteek kudeatzea? Enpresek langileak gaixotu edo zauritu, eta enpresek erabaki langileen osasunaren gainean. Injustiziaren puntu gorena da hori, iruzurraren adibiderik larriena. Enpresariek automatikoki ukatzen baitituzte beti beraiek eragindako kalteak. Nola liteke arazo psikiko kasu bakar bat ere ez onartzea kontingentzia profesional bezala lan mundu prekarizatu honetan? Are gehiago 2019tik osasun mentalak eragindako laneko bajak %50 igo direnean Nafarroan azterketa baten arabera? Nork kontrolatzen ditu mutualitateak?

Manuel Piquer CENeko enpresarien presidente berriak, kargu berriaz jabetzean «absentismo mailek gainezka» egiten dutela salatu zuen. Adierazpen eta betiko mantra horrekin mutualitateei botere gehiago eman nahi diote absentismoaren aitzakiapean, nahiz eta jakin baitakite lan osasunaren araudia betearazi behar dutela absentismoa murrizteko.

LABetik gobernuei patronalarekiko jarrera zurrunagoa eskatzen diegu, lan osasunaren araudia betearaziko duen inspekzio sendo eta propio batekin, eskuduntza guztiekin, nahikoa ikuskatzaile izango dituena eta behingoz araudia betearazteko erabaki politikoa hartuko duena.

LABen mutualitateen publifikazioa exijitzen dugu. Mutualitateen ondasunak Gizarte Segurantzara igarotzea. Mutualitateen finantzatzeko ekarpenak Gizarte Segurantzara igarotzea. Horrela, erakunde publikoak ikuskatu eta zainduko ditu langileak, enpresei kudeaketa hori kenduz. Azken hamarkadetan mutualitateek izan dute jokabidea aintzat hartuta ez baitago beste aukerarik.

Nafarroako itunpeko ikastetxe eta ikastoletan negoziazioa blokeatzeari uzteko exijitzeko atera gara kalera

LAB, SEPNA-FSIE, UGT eta ELA sindikatuok 2023ko irailean hasi ginen akordio berria negoziatzen, egungo hitzarmenaren indarraldia 2024ko abuztuaren 31n amaitzen baita. Bada, ekainaren 12an gauden honetan, Nafarroako Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok ez ditu aintzat hartzen negoziazio erreal eta eraginkorrerako bilera-eskaerak.

Nafarroako ikastetxe itunduetako eta ikastoletako langileek mobilizatzen jarraitzen dute, benetako negoziazio eraginkorra lortzeko. LAB, SEPNA-FSIE, UGT eta ELA sindikatuok salatzen dugu Nafarroako hezkuntza-ituna duten ikastetxeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa laster amaituko denez, aurrerapausorik eman gabe jarraitzen dugula akordio horren balizko negoziazioari dagokionez.

Hori dela eta, maiatzaren 24an kontzentrazio handia egin genuen eta, ondoren, egunero kontzentratu izan gara Hezkuntza Departamendu eta Patronalen aurrean, eta asteazkenetan eta ostiraletan ikastetxe eta ikastolen aurrean nazkatuak gaudela adierazteko, bizi dugun egoera zailaren aurrean. Akordioa hobetzeko aurrekonturik gabe eta benetako negoziazio-esparrurik gabe, nahiz eta sektoreko patronalekin banan-banan bildu eta Hezkuntza kontseilariarekin eta Nafarroako lehendakariarekin saiatu, lortu gabe.

Ez diogu utziko langileen lana duintzeko hobekuntzak aldarrikatzeari, hobekuntza horiek eragin zuzena izango baitute Nafarroako Hezkuntzaren kalitatean. Sektoreko profesionalok lan-baldintzetan aurrera egitea merezi dugu, zentroetan egunez egun egiten dugun lana duinduz.

Egoera horrekin batera, ia bi urte igaro ondoren, lana mantentzeko akordioa blokeatuta daukagu, eta horrek aukera emango luke lanpostua galtzen duten lankideak beste zentro itundu batean jartzeko.

Atsekabeturik jarraitzen dugu Patronalek eta Administrazioak Nafarroako ikastetxe itunduetako eta ikastoletako langileen baldintzak hobetzeko duten immobilismoagatik eta borondaterik ezagatik.

Departamenduaren, Patronalen eta ordezkari sindikalen arteko negoziazio eraginkorraren alde egiten jarraituko dugu. Eta hori lortu ezean, benetako negoziazioa Hezkuntza Departamentuaren eta sektoreko langileen ordezkarien artean.

Aldaketarik gertatzen ez bada, ekintza sendoagoekin mobilizatzen jarraituko dugu. Itunpeko ikastetxeetako eta  ikastoletako langileek merezi dute Hezkuntzako arduradun gorenaren arreta eta errespetua, Irakaskuntzaren kalitatean islatuko direnak; horixe baita, gainera, gehien axola zaiguna.

Enviserreko langileek hitzarmen propio baten aldeko mobilizazioak abiatu dituzte

Gasteizko berdeguneak zaintzeko zerbitzuaren kontrata en Enviser enpresako langileak Andre Maria Zuriaren plazan mobilizatu dira gaur, bertako Hitzarmen Kolektibo baten alde.

Gaur egun, sektore hori Lorezaintzako Estatuko Hitzarmenak arautzen du. Hitzarmen horrek oso eduki eskasak ditu, eta ez ditu kontuan hartzen hemen bizi garen pertsonon beharrak. Hitzarmenez hitzarmen ikusten dugu nola ematen diren atzerapausoak sektoreko lan-baldintzetan eta eros-ahalmena nola galtzen den.

Enviserreko langileek beharrezkotzat jotzen dute beren lan-baldintzak negoziatzeko gaitasuna izatea. Ehunka kilometrotara negoziatzen denaren ikusle huts izatera ez dira mugatu nahi; Enviserreko lorezainek protagonista izan nahi dute beren lan-baldintzak negoziatzeko orduan. Ildo horretan, dinamika bati ekingo diote, plantillaren beharrak bilduko dituen enpresa-hitzarmen batez hornitzeko.

Epaitegira joko dugu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera patronalek ordain dezaten

Greba amaierako akordioan indarrean dauden neurriak eta hurrengo ikasturtean martxan jarri behar direnak dagokien epeetan ez badituzte aplikatzen, bide juridiko eta ekintza sindikala bultzatuko dugu.

Greben osteko mahai negoziatzaileak ez dira oso eraginkorrak izaten ari, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek duten jarrerengatik. Behin eta berriro edozein aitzakia baliatuta, ez dute adostatutakoa betetzen eta gainera, akordioa betetzeko epeak luzatzen saiatzen ari dira. Negoziazioetan jokabide hori ez da onargarria.

Maiatzaren bukaerako negoziazio mahaian, sindikatuekin adostasunera heldu gabe, patronalek aldebakarrez erabaki zuten adostutako lanaldi murrizketak ezartzea eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa aplikatzea ikasturte honetan. Alta, ez zuten adostu nahi izan zein balditzetan aplikatu beharko ziren aipatutako murrizketak horiek. LAB sindikatutik eskatu genuen adostutako lanaldi murrizketak egunka disfrutatzea, ikasturtea bukatzearekin edo berau hastearekin batera.

Ordainsariei dagokienez, berriz, mahai negoziatzaileetan behin eta berriz  nominak eguneratzeko data bat izatea eskatu dugu LABetik. Aldiz,  Patronalek ez dute zehaztu nominak noiz eguneratuko dituzten, Jaurlaritzaren finantzazioaren zain daudela argudiatuz. Jakitun gara gobernu berriaren osaerak baldintzatzen duela Jaurlaritzaren finantzazioa; alta, gobernu berria osatzearekin batera data finkatuta egon behar da eta otsailaren 5ean lortutako greba bukaerako akordioa bete behar da. 

Argi geratu da greba amaierako soldata igoera finantzazio publikoari guztiz lotua dagoela eta ekiparazioa langileen borrokaren ondorioz lortu zitekeen neurria zela, beste sindikatuek hori ezkutatu eta baztertu zuten arren.

Aurreko guztia esanda, otsailaren 5eko akordioa betetzeko Patronalek duten ardura ezin da alde batera utzi. Hori dela eta, epaitegira joko dugu greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera ordain dezaten eta gatazka kolektibo bat aurkeztuko du EAEko Auzitegi Nagusian.

Hurrengo mahai negoziatzailea ekainaren 19an izango da. Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk hitzarmen osoaren idatzizko proposamena aurkeztu beharko dute, artikuluz-artikulu. Bilera horretarako, espero dugu adostutako eduki guztiak jasota egotea, horren konpromisoa hartu baitzuten aurreko negoziazio batzarrean.

Hau gertatuko ez balitz, LABen gure ordezkari eta afiliatuekin egoeraren azterketa egingo dugu eta akordioa puntuz puntu betearazteko neurriak hartuko ditugu, hala nola juridikoak eta ekintza sindikalekoak.

Euskal Herria antifaxista eraiki dezagun

Europa osoan eskuin muturra zabaltzen ari da. Frantziako estatuan frantsesean, bozen ia % 40 jasotzen du, eta Ipar Euskal Herria, zoritxarrez, ez dago faxismoaren aurrerapenetik at gelditzen.

Eskuin muturraren indartzea, azken urteetako gobernuen politiken ondorio zuzena da, batez ere azken bost urteetakoa. Politika antisozialek, lanaren erreformek, erretretaren erreformaren indarrezko urratsek, forma orotako diskurtso arrazistek, eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen suntsipenak eskuin muturra aurrera bultzatzen dute.

Euskal Herriak kolpe bortitz batez jasan ditu Frantziako Gobernuak ezarritako politika antisozialak.

Euskal Herria beti izan da borrokarako lurraldea, eta gure erantzukizun kolektiboa da eskuin muturreko igoera horri aurre egitea, leku eta forma guztietan buru egitea.

Ez hemen, ez beste inon!

LABek, sindikatu abertzale, feminista, antirrazista eta internazionalista gisa, langile guztiei dei egiten die arrazakeria eta xenofobia mota guztien aurka batzeko, borrokatzeko eta mobilizatzeko.

Gauzak alda ditzakegu

LABek langile guziei dei egiten die lantoki guzietan biltzeko eta antolatzeko. Sindikalismoa beti izan da eta izango da langileen armarik onena eskuin muturraren, faxismoaren, kapitalismoaren inperialismoaren den horren aurka.

Berreskura dezagun erabakitzeko eskubidea, eta eraiki dezagun elkarrekin biharko Euskal Herria. Eraiki ditzagun negoziazio-eremu hobeak, jendarte-demokrazia bermatzeko maila guztietan, enpresan, adarrean, lurraldean eta lanbideartean.

Eraiki ditzagun beharrezkoak diren alternatibak eta negoziazio-espazioak, hauek lortzeko:

  1. Gure lansarien eta pentsioen handitzea
  2. Erretreta sistema publiko baten eraikitzea, 60 urterekin hartzeko
  3. Lansari arrakalarekin amaitzea eta sexu eta genero indarkeria errotik suntsitzeko
  4. Diskriminazio guztiei aurre egitea eta paperik gabeko langile guztientzako erregularizazioa
  5. Zerbitzu publiko sendo eta irisgarriak eraikitzea guztiontzat
  6. Eskubide berriak konkistatzea eta bizitza eztabaidaren erdigunera itzultzea

Alba Macrel enpresaren etorkizuna arriskuan

Alba Macrel enpresaren (Sondika) etorkizuna arriskuan dago, enpresak hartzekodunen konkurtso bat aurkeztu ostean. Eraikuntza sektoreko makinaria egiten du enpresak Sondikan eta Miranda de Ebron kokatuta dituen bi lantokietan, eta guztira 74 langile ditu.

Egoera horretara iristea ez da kasualitatea izan. Azken urteetan zuzendaritzak utzikeriaz jardun du, egoera hau aspalditik erabakita egongo balitz bezala. Komiteak urteak daroa salatzen industria-proiektu estrategikorik eza, inbertsiorik eza, makinen zaharkitzea edo merkataritza-
sailean baliabiderik eza, eta horrek ez digute lagundu merkatuan lehiakortasunez kokatzen eta etorkizunari baikortasunez begiratzen, Alba Macrel Europan sektoreko enpresa historikoetako bat izanik.

Enpresa-batzordeetatik, enpresari, Alba Macrel enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatzea exijitzen diogu. Horretarako, nahitaez etorkizunera begiratuko duen industria-plan bat eta bideragarritasun plan bat behar dira. Egungo jabeei edo etor daitekeen erosleei argi esango diegu, Alba Macrelen etorkizuna bi planten bideragarritasunetik eta lanpostuen eta lan baldintzen mantentzetik pasatzen dela. Horrela jakinarazi diogu enpresari eta konkurtsoko administratzaileari.

Alba Macreleko komitea eta langileak enpresaren eta lanpostuen etorkizuna borrokatzeko prest gaude.