2026-05-13
Blog Page 1220

AEB eta Europa arteko Merkataritza Askearen ituna 5 minututan

0

Datozen urteetako egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala guztiz baldintzatuko dute Merkataritzako eta Inbertsioko Elkarte Trasanlantikoak (TTIP ingelesez) edo AEB eta Europako Batasunaren Merkataritza Askearen Itunak. Iragarpenak beteko balira, litekeena da 2016. urtean Itun hau Europako Parlamentuak onartzea (ez litzateke erreferendumean berretsiko). Filtrazioen bidez ezagutzen ari garen datuok eta nagusi den obskurantismoak jendarte eta ekologia mugimenduaren eta sindikatuen alarma guztiak piztu ditu.

Gogora dezagun.
1994ko urtarrilak 1: zapatistak matxinatu ziren, Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanadaren arteko Merkataritza Askearen Ituna indarrean sartu zen egun berean. (Neoliberalismoari eman erantzuna, globalizazio kapitalistaren erdian). Itunak zehazten ditu hiru herrien arteko inbertsio eta merkataritza irizpideak, arantzelak arautzen ditu, atzerriko inbertsioaren eskubideak babesten ditu eta enpresa eta estatuen arteko norgehiagokak konpontzeko baliabide bat onartzen du. Balantzea: enpresa gutxi batzuen arrakasta, nekazaritza bezalako sektoreen suntsipena eta txirotzea. 1980. urteaz geroztik, Merkataritzako Mundu Erakundeak munduko merkataritza etengabe liberalizatzea sustatu du, hots, enpresa transnazionaleen hedapenari eta botereari erabateko eskua eman die. Honela, tratatu mota hauek munduko hainbat lekutan onartu izan dira.

Globalizazio kapitalistan urrats berria: AEB eta Europaren arteko Merkataritza Askeko Ituna.
2013ko uztailak 8: Europako Batasunak eta Estatu Batuak negoziazioei ekin zieten merkataritzako eta alde biko inbertsioen akordioa lotzeko. Egun arte, inoiz egin den merkataritza askeko eta inbertsioak liberalizatzeko akordiorik handienaz ari gara: munduko BPG-ren erdia eta merkataritza truke herena ordezkatzen du. Muga-zergez gain, itunak produktuen kalitatearekin, zerbitzu publikoekin eta ingurugiroarekin zerikusia duten gaiei eragingo die. Enpleguari eta haren kalitateari ere eragiten die. Nahiz eta enpresa transnazionalei babesa eta ahalmen handiagoa eman, langileei eskubide gutxiago eta txirotasun handiagoa eskaintzen zaie, hiritargoari gero eta ongizate txikiagoa eta ingurumenari gero eta arrisku handiagoa ematen zaie. Aro berri batez ari gara, non estatuen politikak asmo kapitalisten menpe egongo diren, batez ere, enpresa handien menpe. Neoliberalismo desarautzailearen esku uzten den baliabide suntsitzailea dugu hau.

Itunaren negoziazioa: Europako Batasun honek zer jotzen duen demokraziatzat.
Negoziazio prozesu osoa isilpe-isilpean eta herrien bizkar egiten ari dira. Europako Batzordeak onetsi du 100 bilera baino gehiago egin dituela multinazionalekin eta antzeko lobbyekin. Nolabaiteko itxura demokratikoari eusteko, bildu da Europako Sindikatuen Konfederazioarekin eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuekin ere. Garrantzia ematen diote jendarteko eztabaida eragozteari eta oposizioa indargabetzeari, kontuan hartuz ondorio latzak ekarriko dituela berekin (nekazaritzan, industrian, zerbitzu publikoetan, ingurugiroan). Gezurra dirudien arren, Europako Batzordeak jakinarazi du Itunaren egiazko edukiak sinatuko direnean bakarrik ezagutuko ditugula. Bien bitartean, filtrazioen bidez, zehaztasun batzuk ezagutzen ari dira.

Negoziatzeko gaiak: muga-zergak edo arantzelak, baina batik bat, merkataritza trukeak arautzen eta babesten dituen araudiak.

Propagandak dioena: muga-zergak deuseztatu behar dira.
Lehiakortasuna eta ekonomiaren funtzionamendua hobetuko da muga-zergak desagertuko balira. “Lehengaiak eta tresneria kostu txikiagoan eduki ahal izango da”. Dena dela, berez, AEB eta Europaren arteko arantzelak ez dute maila handirik. Kalkuluen arabera, AEBko aduanako tarifa %3,5ekoa da, eta Europako Batasunarena %5,2koa. Hau da, munduko merkataritzan dauden apalenetakoak. Tarifa horiek sektorearen baitan aldatzen dira: horrela, Europako aduana-eskubideak handiagoak dira autogintzan, okelean, esnekietan,… bezalako sektoretan.

Propagandak esaten du ere: Itunak milioika enplegu berriak sortuko ditu.
Antzeko Itunen nondik-norakoek (AEB, Kanada eta Mexiko) guztiz kontrakoa adierazten dute: lanpostuak nonahi galtzen dira, enpresak beste lekuetara joatea errazten da, nekazaritzako sektoreak ondoa jo du, enpresa txikiak desagertu dira… Itunez baliatuta, neurri handiko eta nazioz gaindiko enpresak merkatu guztiez jabetzen ari dira.

Benetako xedea: AEB eta Europako Batasunaren arteko barne merkatu handia sortzea.
Hori egiteko, Estatu Batuek eta Europako Batasunak aldatu eta parekatu beharko lituzkete produktuen lanketari eta salmenta-baldintzei eragiten dien araudi juridiko, finantza, ingurugiro, osasun, lan, jabetza intelektuala, zerbitzu publikoaren… alorrei loturiko araudi oro. Diotenez, egungo araudiak hazkunderako eta mundu mailako enpresa jardueren mugimendu askearen eta aliantza estrategikoen trabak dira.

Eman ditzagun inpaktuen adibide batzuk, gutxi batzuk bederen.

Lan esparruan. AEBk ez ditu berretsi Lanaren Munduko Erakundearen zortzi araudietatik sei (derrigorrezko lanarena, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboarena, ordainsari berdintasunarena, bereizkeriarena, gutxieneko adinarena). Lan eskubideek lehiakortasunari traba egiten diotela esaten badute ere, aurreikus daiteke Europako eta AEBko lan araudien arteko hurbilketa handiagoa. Deslekutzea are gehiago erraztuko da, enpresa-jarduera askatasunez burutu ahal izana aldarrikatuz.

  • Elikaduran. AEBn okel-hormonatua edo oilo-okela kloro-disoluzioekin tratatzea baimentzen den bitartean, Europan debekatua dago. Itunarekin, eskakizun sanitarioak parekatu nahi dituzte eta AEBko produktuei ateak zabaldu nahi zaizkie. Osasun-arriskuak areagotuko direla bermatua dago.
  • Osasunari dagokionez, farmazia-industriaren boterea handituko da, generikoak eranstea atzeratuz eta botiken prezio handiagoa ekarriz. Beste datua, Europan kosmetikako produktuetan ager daitezkeen 1300 substantziak debekatuak dauden bitartean, AEBk 11 bakarrik debekatu ditu.
  • Genetikoki eraldatu diren organismoak. AEBn, nekazaritzan, abeltzaintzan eta kontsumoan onartu diren organismoen zerrenda Europakoa baino askoz ere oparoagoa da. AEBko industria bioteknologikoa gogor bultzatzen ari da, haren irizpideak ezarri nahian.
  • Zerbitzu publikoak zurrunbiloaren begian. Filtratu eta ezagutu ditugun txostenetan “monopolio publikoei, enpresa publikoei,… eragingo dien akordio batez”, “merkatu publikoak zabaltzeaz, haren administrazio mailak edozein direla ere” mintza dira. Birkokatzearen edota berezkoaren aldeko irizpide oro trabatzat hartzen da. Irakaskuntza, osasungintza, pentsioak,… hedatu nahi duten AEBko enpresa handien jomugan daude.
  • Finantza sistema. Akordio honen bitartez, Europako Batasuna, Banka handiak osatzen duen lobbyaren gatibu, zerbitzuetako sektore guztiak desarautu nahi ditu, finantza-zerbitzuak barne.
  • Ingurugiroa. Frackingarekin edota autogintzarekin zerikusia duten Europako araudi zorrotzagoak bertan behera gera daitezke AEBko laxotasun handiaren aurrean.

Araudi berriak ezartzeko, nazio-jurisdikzioaren gaineko epaitegiak.
Itunak aurreikusten ditu nazioarteko arbitraje auzitegiak sortuko direla, ekonomia-eragileen eta gobernuen arteko gatazkak ebazteko. Tresna honen bidez erabaki ahal izango da nazio-jurisdikzioak alde batera utzita, zigortu ahal izango dira ere enpresa transnazionalen interes ekonomikoei kalte egingo lieketen Estatuak edo erakunde politiko-administratiboak. Hauek milioi askotako kalte-ordainak eskatu ahal izango dute haien mozkinak edota aukerak herri baten legeriak edo har litzakeen erabakiek mehatxu egingo baliete. Horren adibide izan liteke eskisto-gasa erausteko debekuaren aurrean energia-enpresa batena, edo edari freskagarri batean azukre-kopurua mugatuko lukeen araudi-sanitarioa.

Hau guztia dagoeneko gertatzen ari da.
Hasieran genioen. Eskualdeen arteko Merkataritza Askearen Itunak badaude (Kanada-AEB-Mexiko, Asia-Pazifikoa, alde biren artekoak…). Ondorioak begi-bistan ditugu: ezberdintasunen hazkundea, langabezia eta pobrezia mundu mailan, natura suntsitzen ari gara, natur-baliabideak txikitzen ari dira, mundu mailako berotzea…

Merkataritza Askeko Ituna urrats berria da globalizazio kapitalistan:

  • Nazio-gaindiko ekonomia eta industria botereen sendotzea eta langileriaren eskubideen ahultzea dakar berekin.
  • Demokrazia eta herrien burujabetza ezabatzen da. Erabaki, enpresa-lobbyek erabakiko dute.
  • Gure ohiko bizitzaren alderdi asko mehatxatzen ari dira. EB barruan ondasunak eta zerbitzuak arautzen dituzten estandarrak murrizteak, merkataritza harremanak errazteko derrigorrezko baldintza dena, ingurugiro-arriskua, osasun-arriskua edo osasuna segurtasunaren arriskua handitzen ditu.
  •  

 

 

 

Bateragune auzian zigortutako 5 kideen askatzea eskatzeko manifestazioa Elgoibarren urriaren 11ean

0

"Arnaldo Askatu Politika Askatu" Plataformak deituta datorren urriaren 11ean Bateragune auzian zigortutako 5 kideen askatzea eskatzeko manifestazioa burutuko da Elgoibarren. Bost urte betetzen dira Arnaldo Otegi, Rafa Díez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto y Miren Zabaleta atxilotu zituztela. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da.
 

 

 

Urriaren 11ean MENDIRA Euskal Presoen alde Oiartzunen


Datorren urriaren 11ean Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzeko Mendira ekimena burutuko da Oiartzunen. Egun osoan zehar mendiarekin zerikusia duten ekintzak burutuko dira.
 

 

 

Urriak 11 denok hiriburuetara. Euskal Herrian gure hezkuntza!!!

0

 Eusko Jaurlaritzari Lomcea ez aplikatzeko eskaera egin asmoz eta Euskal Herriko hezkuntza sistema propioaren bidean urrats sendoak eman ditzan eskatzeko, Ikasle abertzaleak, Sortzen , Hezkuntza Plataformen topagunea, Ela, Stee-eilas eta LABek Urriaren 11ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kalejirak deitu dituzte. LABetik Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.

 

Hitzorduak
Bilbo
17:30etan Jesusen Bihotzean
Gasteiz
18:00etan Andra Mari Zurian
Donostia
17:30etan Bulebarrean
Iruñea
17:30etan Antoniuttin
 

 

«Austeritate politikei alternatibak» aztertuko ditu EH Emakumeen Mundu Martxan urriaren 10ean

Euskal Herriko Mundu Martxan antolatuta urriaren 10ean «Austeritate politikei alternatibak» izeneko mahaingurua izango da Donostian. Bertan Polonia, Kurdistan, Turkia, Portugal eta EHko esperientziak elkar banatuko dira. Zita Donostiako Gipuzkoa Plazan arratsaldeko 19:00etan.

LABek bere sostengua eta elkartasuna adierazi nahi die Arkemako langileei

Berriro ere, Enkarterriko enpresa bat ixtearen atarian dago: plantilla hartako 59 beharginak gehi kontratetan beharra egiten dutenak langabeziaren putzu beltzean erortzear daude. Honi erantsi behar diegu Enkarterri osoan izango duen eragina (merkataritzari, ostalaritzari, zerbitzu publikoei,…). LABek haren sostengua eta elkartasuna adierazi nahi die Arkemako langileei, enpresa ixtearen aurka borrokatzen ari diren eta borroka horren partaide diren langileei.

Kapitalaren dinamika ankerrak, merkatuak irrazionalki globalizatu izanak, berezko proiekturik ez izateak eta enplegu duina sortuko eta iraunaraziko dituzten industria-politikei erakundeek lagundu ez izanak,… itxiera berria ekarri dute, nahiz eta “ekonomia eta ekoizpen zioak” aipatuz eta PpE-PsoE-PnV-k babestu Lan Erreforma ezarriz, zuritzen eta ezartzen duten.

Enpresariek, kudeatzaileek, politikariek,… erabiltzen, bermatzen eta bataiatzen dituzte ikuspegi eta ohitura jakin batzuk, non “ondo gabiltzanean irabaziez jabetzen diren eta egoera txarra denean, guztion artean ordaintzen dugun”. Garai onean gabiltzanean, jabetza pribatua babesten da, aldiz, egoera txarra denean, galerak “sozializatzen dira”.

Enkarterri poliki-poliki eta isilka hitzen ari da. Eskualdearen egoera gure kezken eta eztabaida politikoaren erdian kokatu behar da.

Jadanik garai da, beharginak eta hiritarrak izanik, politikariek eta erakundeek argitu diezaguten zein neurriak hartuko dituzten gure eskualdean bizi eta beharra egin ahal izan dezagun. Neurriok eragotzi behar izango dute esleituko den diru-publikoa “desager dadin” enpresarien eta hauen kudeatzaileen (Pastguren, Virtisu,…) atzaparretatik igarotzen denean. Neurriok ez lukete sakrifikatu behar enplegua, higiezinen burbuilari laguntzeko.

Garaia da honetan nahas gaitezen eta politikariak eta erakundeak behartu ditzagun industria-eraispena geraraztera, argazkia egite hutsetik eta laguntza morala erakustetik haratago joan daitezen, eta arbuia ditzaten, Enkarterri bizitegi-gunea eraldatzearen truke eta berton bizi garenon pertsonen premiak baztertuz, lanpostuak sakrifikatzen dituzten erabakiak.

Garaia da honetan nahas gaitezen eta politikariak eta erakundeak behartu ditzagun hauteskunde aurreko titularrak egiteari eta diru-publikoarekin geratzen diren enpresariak abalatzeari utz diezaioten.

Garaia da nonbait ager daitezen Habiditekin (higiezinen burbuilarekin ere ez dute nahiko), eta PnV buru zela (Ibarretxe), sortu behar zituzten 1.000 lanpostuak.

Garaia da gutako bakoitzak sindikatuak, politikariak, erakundeak, elkarteak, gizarte-erakundeak,… behartu ditzagun gizartea zutunik jartzera, Enkarterrik etorkizuna izan dezan.

Gure afiliatuak deitzen ditugu Arkemako langileek, itxieraren aurka, antolatuko dituzten mobilizazio guztietan parte har dezaten, enpresetan nahiz kalean eta borroka hau Enkarterrin Lan eta Bizi aldarrikapenari batu diezaiogun.

 

 

 

LABek hitzarmenen aldeko defentsa Jaurlaritzaren Bilboko egoitzara eraman du


LABeko industria federazioko kideak Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza okupatu du gaur goizean hitzarmenen defentsan eta Jaurlaritzak metalgintzako negoziazio kolektiboan mantentzen duen ixiltasuna salatzeko. Pasa den maiatzean Eusko Jaurlaritzak metaleko negoziazioak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen LABen aurrean eta ez dute bere hitza errespetatu. Ez dute ezertxo ere egin.

LABeko kideak Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzara goizeko 11:00etan iritsi dira eta barruan zirela sarrerako atea itxi diete. Aldarrikatzen ezberdinak oihukatu ostean (Langilerik ez hitzarmenik gabe, gaurko borroka biharko enplegua, zuek zarete euskal troika eta hemen bizi hemen erabaki, besteren artean), 11:45 aldera kalean zeuden LABeko beste kideekin elkartu dira hitzarmenen defentsan konzentrazioa burutuz.

Elkarretaratzean Industria Federazioko kidea den Jonan Goñik adierazpenak eskaini ditu.

Jonan Goñiren adierazpenak
«Gaurko mobilizazioarekin Eusko Jaurlaritzak metalgintzako negoziazio kolektiboan mantentzen duen ixiltasuna salatu nahi izan dugu.

Pasa den maiatzean Eusko Jaurlaritzak metaleko negoziazioak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen LABen aurrean eta ez dute bere hitzik errespetatu. Ez dute ezertxo ere egin.

Confebaskek herri honen sektore garrantzitsuena, bai langile kopuruaren aldetik, bai ekonomian duen pisu eta garrantziagatik, desarautu nahi duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak burua makurtu eta ixildu besterik ez du egin.

Argi geratu dena da hemen benetan agintzen duena Confebask dela eta Eusko Jaurlaritza bere morroia eta bere aginduetara besterik ez dagoela.

Nola esan dezake Eusko Jaurlaritzak industria errekuperatzen hasia dela sektoreko langileen lan baldintzak gero eta prekarioagoak direnean? Ez al dute lotsik? Halako baieztapenak egiten dituenean langileen eskubideak bost axola zaizkiola erakusten du. Oso boteretsua den elite txiki baino boteretsu baten interesak baino ez ditu defendatzen.

Confebaski ez zaio enpresetan aplikatuko den hitzarmenik interesatzen. Bestela LABen proposamena onartuko luke, beste sektoreetan iada egin duen bezala. Confebask-entzat metaleko sektore hitzarmenak oztopo bat bilakatu dira enpresetan lan baldintzak gero eta prekarioagoak lortzeko. Horregatik ez du negoziatu nahi.

LAB, gaurko mobilizazioarekin, hain zuzen ere, benetako negoziazioa eman dadin borrokatzen ari da. Tamalez LAB soilik dago beste behin ere. Non daude beste sindikatuak?Dagoen blokeoaren aurrean zein da euren ekarpena? Hauek ere, Eusko Jaurlaritza bezala, patronalaren jarrera harroputz aurrean burua makur eta ixildu besterik ez dute egiten.
LAB metalgintzako langile guztientzat lan baldintza duin batzuk bermatzeko etengabeko borrokan ari da. Eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean. »

  

 

LABentzat oso positiboa da Gipuzkoako Aldundiak Kabia izeneko Foru organismo autonomoa sortu izana

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko Foru organismo autonomoa sortu nahi du. Organismo autonomo honek progresiboki 16 adinduen egoitzak bereganatu nahi ditu eta etorkizunean gainontzeko gizarte zerbitzu guztiak gipuzkoako gizarte zerbitzuen eredu aldaketa baterako bidean urratsak emateko. PNV, PP eta PSEri aurkezturiko osoko emendakinen aurrean, sindikatuak bertan behera utz ditzatela eta kalitateko gizarte zerbitzu publikoen alde eta lan baldintza duin batzuen alde lan egin dezatela exijitzen die.

Markel Olanok, PNVko Biltzarkideak proposamena onartezina zela esan zuen, gizarte zerbitzuen ereduaren inguruan aldaketa oso handia delako, batez ere kudeaketa publikoaren inguruan aurrerapausuak eman nahi direlako. PNVren gizarte zerbitzuen eredua pribatizazioa eta merkantilismoarena da. Gizarte zerbitzu merkeak nahi dituena kalitateko arreta eta lan baldintza prekarioen kontura.

LABentzat oso positiboa da Gipuzkoako Foru Aldundiak ereduaren gainean egin nahi duen aurrerapausua, eta gure sostengua ematen diogu. Eta horregatik ere PNV, PP eta PSEri haien osoko emendakinak bertan behera uzteko eta Gipuzkoako kalitateko gizarte zerbitzu publikoen alde eta lan baldintza duin batzuen alde lan egiteko exijitzen diegu.
 

 

 

Elkarrizketa sozialerako kontseilua: patronala, UGT eta CCOOen artean duru publikoa banatzeko txiringito berria

Nafarroan aldaketa sozial eta politikorako aukerak inoiz baino handiagoak direnean, herritarrek bozkatu ez zuten Foru Hobekuntzak ezarritako Erregimena ahultzen ari denean, egungo egoeraz probetxu ateratzen duten eragileek bat egin dute berriro ere. Pasa den astean UGT eta CCOOek argazki lotsagarria oparitu zioten Yolanda Barcinari, berpizte ekonomikorako ustezko neurrien aurkezpenean txontxongilo gisa azaldu zirenean.

Orain, UPN eta PSNk mesedea itzuli diete, euren artean diru publikoa banatzea beste emaitzarik izango ez duen txiringito berria (Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua) sortzea adostuz. Denek ala denek mesedeak egiten dizkiote elkarri, orgia endogamiko izugarrian, nafar langileriaren lan eta bizi baldintzak 1995ean Elkarrizketa Soziala delakoa hasi zenetik txarrenak direnean. Caja Madrid-eko kreditu txartel beltzak Nafarroan ere badira: dirulaguntzak, kontseiluak, mahaiak, akordioak eta Nafarroa galbidera eramaten ari den elite ekonomiko eta politikoari mesede egiten dioten eszenifikazioak. UGT eta CCOO, Patronalaren eta UPNren morroi bilakatu dira, lau sos (baino zertxobait gehiagoren) truke: 20 milioi euro inguru urtero. Zorionez, gero eta langile gehiagok eman diete bizkar saldutako sindikatu hauei, aurtengo urtarrilaren 1etik hona 54 ordezkari sindikal galdu izana erakusten duen bezala.