2024-04-20
HomeUncategorizedAEB eta Europa arteko Merkataritza Askearen ituna 5 minututan

AEB eta Europa arteko Merkataritza Askearen ituna 5 minututan

Datozen urteetako egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala guztiz baldintzatuko dute Merkataritzako eta Inbertsioko Elkarte Trasanlantikoak (TTIP ingelesez) edo AEB eta Europako Batasunaren Merkataritza Askearen Itunak. Iragarpenak beteko balira, litekeena da 2016. urtean Itun hau Europako Parlamentuak onartzea (ez litzateke erreferendumean berretsiko). Filtrazioen bidez ezagutzen ari garen datuok eta nagusi den obskurantismoak jendarte eta ekologia mugimenduaren eta sindikatuen alarma guztiak piztu ditu.

Gogora dezagun.
1994ko urtarrilak 1: zapatistak matxinatu ziren, Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanadaren arteko Merkataritza Askearen Ituna indarrean sartu zen egun berean. (Neoliberalismoari eman erantzuna, globalizazio kapitalistaren erdian). Itunak zehazten ditu hiru herrien arteko inbertsio eta merkataritza irizpideak, arantzelak arautzen ditu, atzerriko inbertsioaren eskubideak babesten ditu eta enpresa eta estatuen arteko norgehiagokak konpontzeko baliabide bat onartzen du. Balantzea: enpresa gutxi batzuen arrakasta, nekazaritza bezalako sektoreen suntsipena eta txirotzea. 1980. urteaz geroztik, Merkataritzako Mundu Erakundeak munduko merkataritza etengabe liberalizatzea sustatu du, hots, enpresa transnazionaleen hedapenari eta botereari erabateko eskua eman die. Honela, tratatu mota hauek munduko hainbat lekutan onartu izan dira.

Globalizazio kapitalistan urrats berria: AEB eta Europaren arteko Merkataritza Askeko Ituna.
2013ko uztailak 8: Europako Batasunak eta Estatu Batuak negoziazioei ekin zieten merkataritzako eta alde biko inbertsioen akordioa lotzeko. Egun arte, inoiz egin den merkataritza askeko eta inbertsioak liberalizatzeko akordiorik handienaz ari gara: munduko BPG-ren erdia eta merkataritza truke herena ordezkatzen du. Muga-zergez gain, itunak produktuen kalitatearekin, zerbitzu publikoekin eta ingurugiroarekin zerikusia duten gaiei eragingo die. Enpleguari eta haren kalitateari ere eragiten die. Nahiz eta enpresa transnazionalei babesa eta ahalmen handiagoa eman, langileei eskubide gutxiago eta txirotasun handiagoa eskaintzen zaie, hiritargoari gero eta ongizate txikiagoa eta ingurumenari gero eta arrisku handiagoa ematen zaie. Aro berri batez ari gara, non estatuen politikak asmo kapitalisten menpe egongo diren, batez ere, enpresa handien menpe. Neoliberalismo desarautzailearen esku uzten den baliabide suntsitzailea dugu hau.

Itunaren negoziazioa: Europako Batasun honek zer jotzen duen demokraziatzat.
Negoziazio prozesu osoa isilpe-isilpean eta herrien bizkar egiten ari dira. Europako Batzordeak onetsi du 100 bilera baino gehiago egin dituela multinazionalekin eta antzeko lobbyekin. Nolabaiteko itxura demokratikoari eusteko, bildu da Europako Sindikatuen Konfederazioarekin eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuekin ere. Garrantzia ematen diote jendarteko eztabaida eragozteari eta oposizioa indargabetzeari, kontuan hartuz ondorio latzak ekarriko dituela berekin (nekazaritzan, industrian, zerbitzu publikoetan, ingurugiroan). Gezurra dirudien arren, Europako Batzordeak jakinarazi du Itunaren egiazko edukiak sinatuko direnean bakarrik ezagutuko ditugula. Bien bitartean, filtrazioen bidez, zehaztasun batzuk ezagutzen ari dira.

Negoziatzeko gaiak: muga-zergak edo arantzelak, baina batik bat, merkataritza trukeak arautzen eta babesten dituen araudiak.

Propagandak dioena: muga-zergak deuseztatu behar dira.
Lehiakortasuna eta ekonomiaren funtzionamendua hobetuko da muga-zergak desagertuko balira. “Lehengaiak eta tresneria kostu txikiagoan eduki ahal izango da”. Dena dela, berez, AEB eta Europaren arteko arantzelak ez dute maila handirik. Kalkuluen arabera, AEBko aduanako tarifa %3,5ekoa da, eta Europako Batasunarena %5,2koa. Hau da, munduko merkataritzan dauden apalenetakoak. Tarifa horiek sektorearen baitan aldatzen dira: horrela, Europako aduana-eskubideak handiagoak dira autogintzan, okelean, esnekietan,… bezalako sektoretan.

Propagandak esaten du ere: Itunak milioika enplegu berriak sortuko ditu.
Antzeko Itunen nondik-norakoek (AEB, Kanada eta Mexiko) guztiz kontrakoa adierazten dute: lanpostuak nonahi galtzen dira, enpresak beste lekuetara joatea errazten da, nekazaritzako sektoreak ondoa jo du, enpresa txikiak desagertu dira… Itunez baliatuta, neurri handiko eta nazioz gaindiko enpresak merkatu guztiez jabetzen ari dira.

Benetako xedea: AEB eta Europako Batasunaren arteko barne merkatu handia sortzea.
Hori egiteko, Estatu Batuek eta Europako Batasunak aldatu eta parekatu beharko lituzkete produktuen lanketari eta salmenta-baldintzei eragiten dien araudi juridiko, finantza, ingurugiro, osasun, lan, jabetza intelektuala, zerbitzu publikoaren… alorrei loturiko araudi oro. Diotenez, egungo araudiak hazkunderako eta mundu mailako enpresa jardueren mugimendu askearen eta aliantza estrategikoen trabak dira.

Eman ditzagun inpaktuen adibide batzuk, gutxi batzuk bederen.

Lan esparruan. AEBk ez ditu berretsi Lanaren Munduko Erakundearen zortzi araudietatik sei (derrigorrezko lanarena, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboarena, ordainsari berdintasunarena, bereizkeriarena, gutxieneko adinarena). Lan eskubideek lehiakortasunari traba egiten diotela esaten badute ere, aurreikus daiteke Europako eta AEBko lan araudien arteko hurbilketa handiagoa. Deslekutzea are gehiago erraztuko da, enpresa-jarduera askatasunez burutu ahal izana aldarrikatuz.

  • Elikaduran. AEBn okel-hormonatua edo oilo-okela kloro-disoluzioekin tratatzea baimentzen den bitartean, Europan debekatua dago. Itunarekin, eskakizun sanitarioak parekatu nahi dituzte eta AEBko produktuei ateak zabaldu nahi zaizkie. Osasun-arriskuak areagotuko direla bermatua dago.
  • Osasunari dagokionez, farmazia-industriaren boterea handituko da, generikoak eranstea atzeratuz eta botiken prezio handiagoa ekarriz. Beste datua, Europan kosmetikako produktuetan ager daitezkeen 1300 substantziak debekatuak dauden bitartean, AEBk 11 bakarrik debekatu ditu.
  • Genetikoki eraldatu diren organismoak. AEBn, nekazaritzan, abeltzaintzan eta kontsumoan onartu diren organismoen zerrenda Europakoa baino askoz ere oparoagoa da. AEBko industria bioteknologikoa gogor bultzatzen ari da, haren irizpideak ezarri nahian.
  • Zerbitzu publikoak zurrunbiloaren begian. Filtratu eta ezagutu ditugun txostenetan “monopolio publikoei, enpresa publikoei,… eragingo dien akordio batez”, “merkatu publikoak zabaltzeaz, haren administrazio mailak edozein direla ere” mintza dira. Birkokatzearen edota berezkoaren aldeko irizpide oro trabatzat hartzen da. Irakaskuntza, osasungintza, pentsioak,… hedatu nahi duten AEBko enpresa handien jomugan daude.
  • Finantza sistema. Akordio honen bitartez, Europako Batasuna, Banka handiak osatzen duen lobbyaren gatibu, zerbitzuetako sektore guztiak desarautu nahi ditu, finantza-zerbitzuak barne.
  • Ingurugiroa. Frackingarekin edota autogintzarekin zerikusia duten Europako araudi zorrotzagoak bertan behera gera daitezke AEBko laxotasun handiaren aurrean.

Araudi berriak ezartzeko, nazio-jurisdikzioaren gaineko epaitegiak.
Itunak aurreikusten ditu nazioarteko arbitraje auzitegiak sortuko direla, ekonomia-eragileen eta gobernuen arteko gatazkak ebazteko. Tresna honen bidez erabaki ahal izango da nazio-jurisdikzioak alde batera utzita, zigortu ahal izango dira ere enpresa transnazionalen interes ekonomikoei kalte egingo lieketen Estatuak edo erakunde politiko-administratiboak. Hauek milioi askotako kalte-ordainak eskatu ahal izango dute haien mozkinak edota aukerak herri baten legeriak edo har litzakeen erabakiek mehatxu egingo baliete. Horren adibide izan liteke eskisto-gasa erausteko debekuaren aurrean energia-enpresa batena, edo edari freskagarri batean azukre-kopurua mugatuko lukeen araudi-sanitarioa.

Hau guztia dagoeneko gertatzen ari da.
Hasieran genioen. Eskualdeen arteko Merkataritza Askearen Itunak badaude (Kanada-AEB-Mexiko, Asia-Pazifikoa, alde biren artekoak…). Ondorioak begi-bistan ditugu: ezberdintasunen hazkundea, langabezia eta pobrezia mundu mailan, natura suntsitzen ari gara, natur-baliabideak txikitzen ari dira, mundu mailako berotzea…

Merkataritza Askeko Ituna urrats berria da globalizazio kapitalistan:

  • Nazio-gaindiko ekonomia eta industria botereen sendotzea eta langileriaren eskubideen ahultzea dakar berekin.
  • Demokrazia eta herrien burujabetza ezabatzen da. Erabaki, enpresa-lobbyek erabakiko dute.
  • Gure ohiko bizitzaren alderdi asko mehatxatzen ari dira. EB barruan ondasunak eta zerbitzuak arautzen dituzten estandarrak murrizteak, merkataritza harremanak errazteko derrigorrezko baldintza dena, ingurugiro-arriskua, osasun-arriskua edo osasuna segurtasunaren arriskua handitzen ditu.
  •  

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.