2025-12-30
Blog Page 1220

SEAk Arabako Metalgintzan erakutsi duen negoziatzeko borondate eskasa salatu du LABek

0

LABek atzo egin zen Arabako Metalgintzako mahai negoziatzailean SEA patronalak hartutako jarrera oztopatzailea eta negoziaziorako erakutsi duen borondate eskasa salatu du. Patronalak ez du ezta batzorde negoziatzailearen izaera aitortu nahi izan. LABek bere proposamena defendatzen jarraituko duela adierazi du, Arabako Metalgintzako langileen eskubideak defensatzeko tresna baliogarria baita.

Atzo egin zen Arabako Metalgintzako mahai negoziatzailearen LABen balorazioa

«Guru ustez, gaurkoan agerian gelditu da SEAren negoziatzeko borondate eskasa, ez baitu aitortzen ezta batzorde negoziatzailearen izaera ere. Urtebete baino gehiago eduki du bere planteamenduak finkatzeko eta mahaian aurkezteko, baina horren ordez, jarrera oztopatzaile horrekin etorri dira. Bitxia da atzo bertan LABi hitzarmenak ez egotea leporatzen ziotenek, gaur negoziatu behar denean inolako borondaterik ez erakustea eta oztopo sasijuridikoak jartzea.

Gogoratu behar dugu SEAk iazko uztailaren 5ean negoziazioak bukatutzat eman zituela eta orain mahai negoziatzaile berria osatu nahi duela, argitu gabe zer gertatuko zen aurreko urteekin. LABek ez du planteamendu hori onartzen, hau da, negoziazioak nahi duenean apurtu eta berriro nahi duenean zerotik hasi. Guk ez dugu oztopo juridikorik ikusten baldin eta negoziatzeko borondatea badago eta pasa diren urteak kontuan hartzen badira.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari dei zuzena egiten diogu inplikatzeko. Ez da onargarria patronalaren, eta zehazkiago SEAren jarrera honen aurrean, ezkutatzea eta entzungor egitea. Eusko Jaurlaritzak patronalen jarrera babesteari utzi behar dio eta gure negoziazio kolektiboa aktiboki defendatu behar du.

Guk gure proposamena defendatu dugu berriro ere, uste baitugu gauzagarria dela, alde guztientzat onargarria dela eta Arabako metaleko langileon eskubideak defendatzeko baliogarria dela. Horixe jarraituko dugu defendatzen enpresetan, kalean baita negoziazio mahaian, hilaren 27ko bileran, ere. Orain SEAk argitu behar du zein den bere jarrera, ea adostasunean oinarritutako hitzarmena nahi duen edo inposaketaren eskeman jarraitzen duen, jarrera oztopatzaile zahar-berriarekin.»
 

 

LABek ekarpenak aurkeztu dizkio Jaurlaritzaren industria planari

0

LABek Jaurlaritzak industria plana aurkeztu zuenean ekarpenak egingo zizkiolaren konpromisoa betez, Legebiltzarrean izan da gaur. Incoesako langileak ondoan zituela, Asier Imaz LABeko Industria federazioko idazkariak, LAB irakurketarekin ados egonik, hartutako neurriak aurreko planen jarraipen hutsa direla adierazi du. Hala ere, borondate politikoa badago LAB eztabaidan ekarpenak egiteko prest dagoela esan du.

INDUSTRIA PLANARI LABen EKARPENAK:

LABek konpromisoa hartu zuen plana aurkeztu zenean, ekarpenak egingo zituela. Zergatik? Irakurketarekin ados gaudelako, arazoa neurrietan kokatzen dugu, neurriak ez diotelako arazoari erantzuten, neurriak aurreko planen jarraipen hutsa direlako.

Baina borondate politikoa badago egiten den irakurketaren gainean eragiteko LAB prest dago eztabaidarako eta eztabaidan ekarpen argiak egiteko.

LABek balio erantsiaren aldeko apustua egiten du, hobekuntza iraunkorraren aldeko apustua, internazionalizazioaren aldeko apustua egiten du, eta LABek uste du EHak badituela ezaugarri nahiko apustu hori burutzeko aberastasunaren eta enpleguaren banaketaren bidez.

Badaukagu sare industriala, kualifikatua, munduan ezaguna, badaukagu langile kualifikatuak balio eman ahal izateko egiten dugunari eta badaukagu inoiz eduki dugun gazteriarik prestatuenak.

Badauzkagu oinarriak, behar ditugu tresnak, erabaki politiko berriak indarguneak indartzeko eta ahulguneak neutralizatzeko. Eta erabaki horietan eragin nahian egiten ditugu ekarpenak.

LABentzat hauek dira ahulguneak mundu globalizatuan parte hartzeko:
-Enpresek duten kreditua kanpoko beste enpresek duten kreditu aukera baino askoz garestiagoa da.
-Gure enpresek ordaintzen dutena energia kostuetan kanpoko enpresek ordaintzen dutena baino garestiagoa da.
-Lan harremanak aurreko bi kostuek enpresen irabazietan inpaktua neutralizatzeko erabiltzen ari dira.

Honen atzean estatuak egindako erreforma ziklo bat dago, estatuak elite ekonomikoari egiten dion eskaintza bat dago: desregulazio laborala erabiliko dugu irabaziak bermatu ahal izateko, bitartean elite finantziero eta energetikoen interesak babestuko ditugu.

Baldintza hauekin Urkulluk argi eduki behar du ez dagoela “Modelo Euskadi”. Edo erabaki propioak hartzen ditugu, edo bide propio bati hasiera ematen diogu, edo enpresen suntsiketa, enplegu suntsiketa eta langile pobreen hedapenak ez dauka alternatibarik politika hauek medio.

Guretzako eztabaida zentralak hauek dira:
-Finantza sistema propio baten aldekoa. Hau da, kutxabankekin egiten ari den ariketa baina kontrako norabidean.
-Energia sistema propio baten aldekoa.
-Subentzio politika enplegua eta ehun produktiboaren mesedetan kokatu behar dugu, ez dibidendoaren mesedetan.
-Politika fiskal ekitatiboa.
-Euskal Herriko langileek duten eskubidea beraien eredu ekonomikoa zein izan behar den erabakitzeko.

Eta gaur hona etorri gara Incoesako hainbat langileekin argi eta garbi esateko hau dela erabaki propioak ez hartzearen ondorioa:
-Balio erantsian oinarritutako enpresa. Produktua duena
-Enplegu kualifikatua duena.
-Subentzio handiak jaso dituena politika industrialeko aurrekontuetatik.
-Deslokalizatzen erreformak horrela uzten diolako. Sistemak uzten diolako.

Orain dela bi aste Urkullu eta Erregeak Mercedeseko akordio soziala goraipatu zuten Mercedeseko planta irekita mantendu zedin. Lan kostuen %10 jeitsi ziren akordio horri esker. Baina guk galdetzen diogu gure buruari: eta Mercedeseko multinazionalak kredituak hemengo kostuetara ordaindu beharko bazituen hemen geratuko zen? Guk esaten dugu ezetz.

Adibide hauekin zer adierazi nahi dugu. Bi aukera daude:
• Hemen adostasun berriak eraiki aberastasunaren eta enpleguaren banaketan oinarritzen den eskaintza bat egiteko herriari.
• Edo espainar mailan inposatutako tresnekin pobrezian oinarritutako fase ekonomiko batera goaz. Barne konpetentzian oinarritutako fase batetara goaz. Ehun produktiboa zalantzan jartzen duen fase batetara goaz.

Urkulluk hautu egin behar du, edo bata edo bestea. Edo herriarekin eta herriari begirako eskaintza bat egiten du edo jarraituko du Euskal Herriko langileen aurrean posizio barik enpresa bakoitza ixten denean. Urkullu jarraituko du multinazional gutxi batzuen menpe.

Tapiari Incoesako langileekin gertatzen zaiona. Ez da inoiz bildu, egiten duen politika oinarri deslokalizazioa babestu behar duelako. Babesten ari direlako.

Confebaskek argi dauka zein den fase honetarako lehentasuna: dibidendoak eta enplegu eta baldintzen suntsiketa subentzio politikarekin konpatiblea egitea.

Beraz eta berriro ere,borondate politikoa badago egiten den irakurketaren gainean eragiteko LAB prest dago eztabaidarako eta eztabaidan ekarpen argiak egiteko.

 

 

 

Garraio Publikoko enpresa batzorde guztiek atxikimendua eman diote Bizkairako bidai-txartel bakarraren aldeko adierazpenari

0

Garraio Publikoko enpresa batzorde guztiek ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek joan den martxoan Bizkaian txartel bakarraren alde egindako adierazpenarekin bat egiten dutela adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Plaza Biribilean. Raul Mendezek, Metroko LABeko delegatuak, komiteen irakurketa plazaratu zuen.

GARRAIO PUBLIKOKO ENPRESA BATZORDE GUZTIEN IRAKURKETA BIZKAIKO BIDAI-TXARTEL BAKARRAREN HARIRA
Deialdi honen bidez gure babesa erakutsi nahi diogu garraio publikoko langileok ELA-LAB-CCOO-UGT-ESK eta USO sindikatuek joan den martxoan Bizkaian txartel bakarraren alde egindako adierazpenari.

Bizkaiko garrio publikoko enpresa-batzorde GUZTIETAKO ordezkariak gaude hemen ordezkatuta. 14 enpresa-batzordek egin dugu bat txartel bakarraren adierazpenarekin, eta gehien-gehienok, denka ez esatearrean, AHO BATEZ gainera.

7 tren-enpresa: EuskoTren, Euskal Trenbide Sarea, Metro Bilbao, Renfe, Adif eta oraingo Renfe zabalera metrikoa eta Adif zabalera metrikoa, FEVE zenetik datozenak.

7 autobus-enpresa: BioBide (Bilbobus), eta Bizkaibusen 6 emakidak (TCSA, CAVSA, PESA, ADNOR, Enkarterriak eta Loiuko Autobusak).

Gainera, hasierako adierazpena sinatu genuen 6 sindikatuei ELA-LAB-CCOO-UGT-ESK eta USO, indar sindikal gehiago ere batzea lortu dugu, hala, SEMAF, SCF, CIM, TRENBIDEGINEN, eta abar.

Azken batean, baieztatzen dugu sektoreko 3.000 langile baino gehiagok babesten dugula Bizkaian txartel bakarraren aldeko adierazpena.

Bizkaiak txartel bakarra behar du garraio publikoaren kalitatea hobetuko bada, sektoreko langileen lan-baldintzak bermatuz. Horregatik, gure txartel bakarraren proposamena BARIK kontaktu gabeko txartela baino askoz urrutirago doa.

BARIK euskarri elektronikoa baino ez da, plastikozko txartela, hainbat garraiobidetan erabiltzeko aukera ematen duena. Baina poltsa edo zorroan abonu eta txartel gutxiago eroatea soilik dakarkigu, ez, ordea, kalitate hobeko garraioa.

Garraio publikoko langileok TXARTEL BAKARRAREN alde gaude, ezaugarri hauekin:

1.- Bi punturen aldeko bidaiak, edozein garraiobidetan, tarifa bera izatea beti. Tarifak bateratzea, alegia.

2.- Garraio publikoaren erabilera sustatu eta saritzea. Zenbat eta bidaia gehiago, hainbat eta merkeago.

3.- Justizia sozialean oinarritzea, pertsonen diru-sarreren araberako tarifekin.

4.- Intermodalitatea bermatu eta erraztea, zerbitzuaren kalitatea hobetuz inplikatutako alde guztientzat, erakunde, herritar zein langile.

5.- BIZKAIKO garraio publikoko enpresa guztietan erabilgarria izatea, eta operadoreen arteko lehiaren aurrean garraioa koordinatzea erraztea. Premiazkoa da Garraioaren Agintaritza Bakarra eratzea.

Horrela soilik, TXARTEL BAKARRAREN ezaugarriak ikuspegi sozialetik definituz, alegia, lortuko dugu Bizkaiko garraio publikoaren kalitatea hobetzea hainbat ikuspegitatik, kudeatzen duenaren, erabiltzen duenaren eta egunero funtzionatzea ahalbidetzen dugunon ikuspegietatik: ERAKUNDEAK, JENDARTEA ETA LANGILEAK uztartuta, hain zuzen.

GARRAIO PUBLIKOAREN ALDE txartel bakarra orain.
 

 

 

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako giza-katea egin dute eragile sozial eta sindikalek Bilbon

Finantza sistema publiko baten alde eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestua sinatzen duten Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek Sabin Etxearen aurrean hasi, eta Gran Vian, Kutxabankek aurrean amaituko den giza-katea burutu dute gaur. Bide batez, datorren ekainaren 21ean Kutxabanken pribatizazioaren aurka Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Finantza sistema publiko baten alde eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestua sinatzen duten erakundeen irakurketa
Gaur gaurkoz BBK eta Vitaleko batzarrak ez daude oraindik deituak, baina ditugun informazio kontrastatuen arabera, esan dezakegu Kutxak Fundazio Bankario bilakatzeko hartu nahi den erabakia Kutxabankek etorkizuna argitu gabe hartu nahi dela. Gure iritziz hori oso larria da, finantza erakundearen pribatizazioarekin amaitzen den nobelaren kapitulu berri bat osatzea baitakar.

EAJk borondatea azaldu digu gutxienez BBK hilabete honetan, ekainean, Fundazio Bankario bihur dadin. Eta onartu zaigu ere, ez dagoela inolako legezko obligaziorik hilabete honetan egin behar izateko, beraz, horrekin ondorioztatu dezakegu “egintza burutu” politikan aurrera egin nahi dela.

Sortutako eztabaida soziala galarazi nahi duen erabakia da eta pribatizazioaren aurkako mobilizazioak geldiaraztea ere badu helburu.

Finantza sistema publiko baten alde eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako manifestua sinatzen dugun erakundeek dei egiten dugu ekainaren 11n goizeko 10.30etan Bilboko Albia lorategietan, Sabin Etxearen aurrean hasi, eta Gran Vian, Kutxabankek aurrean amaituko den giza-katean parte hartzera.

Amaitzeko, datorren ekainaren 21ean, Bilboko kaleetan egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeak duen garrantzia gogoratu nahi dugu. Ziur gaude borroka hau irabazi daitekeela eta guztion babesarekin lortuko dugula.
 

 

MICHELINgo malgutasun akordioaren kontra garaipena lortu du LABek

Atzo, Madrilgo Audientzi Nazionalean, orain urtebete Michelinek CCOO eta UGTekin adostu zuen malgutasun akordioaren kontra LABek sartutako demanda epaitzeko epaiketa eman da. Atzokoa LAB sindikatuarentzat garaipena izan da. Langileen eskubideak urratu ez daitezen ituna aldaraztea lortu dugu.

Malgutasun akordioa Madrilen negoziatu zuten CCOO eta UGTk estatu mailan daukaten gehiengoz baliatuz, eta estatuan dauden lantegi guztietan indarrean ipini zuten. Malgutasun akordioaren aplikazioaren bidez, LABen iritziz, langileen eskubideak urratzen ziren, langileak gaixotasun bajan egonda ere enpresarekiko lan egunetan zorretan egon zitezkeelako.

Honen aurrean LABek salaketa sartu zuen eta epaiketa burutu baino lehen, hau da, kontziliazio aktoan enpresak, CCOOk eta UGTk ez zuten gure proposamena onartu, euren akordioa berretsiz.

Atzo epaiketa bukatu zen aldeen akordio batekin, hain zuzen ere, estatuko lantoki guztien langileengan eragina duen malgutasun akordioari eranskin bat gehitu behar zaiola jasotzen duen akordioa, hau da, gaixotasunagaitik eta baimen bereziagaitik lan egin ez diren egunak modu indibidualean errekuperatzeko ezintasuna onartuz. Honek suposatzen du malgutasun akordioa moldatu behar dela langileen eskubideak urratu ez ditzan.

Emaitza honek argi uzten du LABek arrazoia zeukala demanda planteatu zuenean eta langileentzat onuragarriagoa dela zentzuz jokatzea gehiengoz inposatzea baino.

 

 

Gerediaga eta Elorrio batuko dituen errepidearen obratan irregulartasunak salatu ditu LABek

0

Gerediaga (Abadiño) eta Elorrio batuko dituen errepidearen obratan egiten ari diren irregulartasunak salatu ditu LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzaren aurrean.

Obra hauek, Bizkaiko Diputazioaren mendeko den INTERBIAK-ek esleitu zizkion Autovía Gerediaga – Elorrio UTEari, eta honek, modu berean, beste enpresa batzuk azpikontratatu ditu obra hauen parte bat egin dezaten.

Obra bisitatu eta gero, LAB sindikatuak egiaztatu ahal izan du Bizkaiko Lurralde Historikoan derrigorrez bete beharreko Eraikuntzako hitzarmena ez dela betetzen azpikontratatutako enpresetan.

LABek salatu du, azpikontratatutako enpresa hauek, modu orokorrean, hitzarmenean jasotzen den eguneko jardunaldia baino luzeagoak egitera behartzen dituztela; markatutako atsedenaldietan lan egiten dela eta, horrela, ez dela betetzen urte hasieran sindikatuen eta patronalaren artean sinatutako lan egutegia. Era berean, hitzarmeneko soldata tauletan agertzen diren kantitateak baino txikiagoak, aparteko pagak prorrateatuak izanik, kobratzen direla egiaztatuta LABek salatu du ere soldaten kontuan ez dela betetzen hitzarmena eta, gainera, kotizazioetan balizko iruzurrak egon daitezke.

Aurtengo apirilaren 3an, obra hauetako tunel batean langile bat zaurituta suertatu zen istripu batean eta helikopteroz eraman zuten Galdakaoko ospitalera. Halako gertakarien aurrean, LABek bere kezka azaltzen du lan osasuneko eta segurtasuneko neurriak ondo aplikatzen ote diren.

LAB sindikatuarentzat gertaera hauen erantzukizuna azpikontratatutako enpresetan dago, irabazi haundiak eta arinago lortzeko grinagaitik enpresetako langilei hitzarmeneko lan baldintzak aplikatu beharrean ezegonkortzen dituzte, lan baldintzen kalterako. Ezin dugu ahaztu obra egiteagaitik kobratu behar dutenaren zati bat “gerizpeko peaje”ko formatuan kobratuko dutela UTE-ko enpresek, hau da, 30 urtez azpiegituraren mantenimenduaz arduratuko direla. Obra zenbat eta lehenago bukatu, hainbat eta lehenago kobratzen hasi.

Gure iritziz, gertaera hauen erantzukizuna ez da bukatzen enpresetan, baizik eta langileak sufritzen ari diren egoera ilegal honen aurrean beste aldera begira dagoela dirudien administrazio kontratatzailearengana iristen da, hau da, Bizkaiko Diputazioarengana. Enpresen diruzalekeriaren aurrean administrazio publikoak langileen eskubideak babestu behar ditu eta, horregaitik, gogoratzen dugu Bizkaiko Diputazioak berak ateratako jarraibideak obra honetan ez direla betetzen. Administrazio honi dagokio kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak ipintzea, enpresen lukurreriak langileak esklabuak bihur ez ditzan edozein baldintzetan lan egiten euren eskubideak eskatu ezkero lana galtzeko arriskuagaitik.

 

 

 

FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak aurkeztutako proposamena ezagutu ostean, LABen balorazioa

0

FVEMek metalgintzako sektoreko lan baldintzen desarauketaren aldeko apustua egiten duela konfimatu du, lan erreforman sakonduz eta gaur egungo lan hitzarmenanaren indarraldiaren aldeko epaia aintzat ez hartuz. Modu horretan bakarrik uler daiteke beste sektore batzuetan sinatzen dituen klausulak, zeinak hitzarmenaren egiazko betetzea bermatzen duten, honetan ez onartzea.

Aldi berean, hitzarmena bere probetxurako txantaia gisa erabili nahi duela baieztatu du. Modu horretan uler daiteke desenplegu handia dugun egoera honetan malguntasunez erabili ahal izateko 250 orduren planteamentua (lan erreformak inposatzen duena baino gehiago), edota hainbat eskubideen galera planteatzea, esaterako, in itinere gertatzen diren lan istripuengatik edo arazo muskulu-eskeletikoengatik konplementuak kobratzeko eskubidearen galera, besteak beste.

Hori ez da bidea Bizkaiko metalgintzako 50.000 langile baino gehiagok behar duten egonkortasuna lortzeko. LABek bere proposamena babeste jarraituko du mahaian zein lan zentruetan.
 

 

 

LABek elkarretatzea burutu du SEAren aurrean Metalgintzako Hitzarmen blindatuaren alde

0

Ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu LABek elkarretatzea burutu duela gaur goizean Gasteizen, SEAren egoitzaren aurrean “SEA, Metaleko konbenioa, zergatik ez?” lelopean. Elkarretatzearen bidez, sindikatuak interpelazio zuzena egin dio Arabako patronalari herrialdeko Melagintzako Hitzarmenari begira.

Jakina denez, bihar bilduko da Arabako Metalgintzako Mahaia baina badira ia 4 astebete LABek bere proposamena aurkeztu zuenetik: 36 hilabetetako ultraktibitatea, KPIko soldata igoera, deskuelge unilateralak ekiditeko klausula eta gainontzeko lan baldintzak mantentzea.

Azken finean, adostasunean oinarritutako hitzarmena defendatzen dugu, adostutakoaren aplikazioa bermatuko duena. Ez dugu onartzen, aldiz, enpresen alde bakarreko inaplikazioa, 18 hilabetetan SEAren inposaketa erraztea, KPIaren erreferentzia galtzea, ezta lan baldintzetan murrizketak egotea ere. Ez dugu onartzen beraz, “España” eredua Arabako metalgintzara ekartzea, patronalaren neurriko hitzarmenak onartzea, aski ongi erakutsi baita horrek pobrezia eta prekarietatea zabaltzea besterik ez duela lortzen: soldatak jaisten dira, deskuelgeak eta inaplikazioak areagotzen dira, ezta ez ditu inolaz ere bermatzen enplegua eta langileen eskubideak.

Beraz, LABek uste du oinarri sendoak egon badaudela Arabako metalgintzan hitzarmena lortzeko eta jarrera horrekin parte hartuko dugu biharko negoziazio mailan; jarrera berarekin ere jarraituko dugu mobilizazioak eta dinamikak bultzatzen. Orain, SEAri dagokio argitzea ea adostutasunean oinarritutako hitzarmena nahi duen edo inposeketaren eskeman jarraituko duen.
 

 

 

Negoziazio kolektiboaren defentsan ADEGIren egoitza okupatu du LABek



Gaur goizean, LABeko 30 kide inguru ADEGI patronalaren Donostiako egoitzan sartu dira negoziazio kolektiboa bloketu eta bahitzeko duten erabakia salatzera. LABek ekimen honekin sektoreko hitzarmenak negoziatu bitartean borrokan jarraituko duela eta bere posiziotik ez dela mugituko adierazi nahi izan du. ADEGIren deiari jarraituz Ertzantza bertan zeudenak desalojatzera hurbildu da, banan banan atera dituztelarik bertatik.

LABen irakurketa
Gaur goizean LABeko kide batzuk Adegiren egoitzara sartu dira eta protesta egin dute bertan, ondorengo mezu hau helarazteko:

LAB Adegira joan da beste behin ere negoziazio kolektiboa blokeatu eta bahitzeko duten erabakia salatzera. Atzo Gipuzkoako metalgintzako mahaian izan zuen jarrera, mahai guztietan errepikatzen ari dena, onartezina da. Langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea ez da eztabaida juridikoa, borondate politiko kontua da eta atzo berriro ere os argi erakutsi zuten ez dutela negoziatzeko inolako borondate eta asmorik.

Gaurkoan Adegiren egoitza barrura sartu gara, irudikatzeko borrokan jarraituko dugula sektoreko hitzarmenak negoziatu bitartean.

Adegik berriro ere elkarrizketa eta akordioaren bideari uko egin eta Ertzantza deitu du eta barruan zeuden LABeko kideak Ertzantzak atera ditu banan banan. Beste behin ere ez dute inolako asmorik erakutsi egoerari irtenbide bat bilatzeko.

CONFEBASKek ordezkatzen duen patronalak, eta konkretuki Adegik, gero eta zilegitasun sozial gutxiago dute. Ez dute enpresarien gehiengoa ordezkatzen, ez dituzte enpresa txiki eta ertainez osatua dagoen ekonomia errealaren interesak babesten. Eta inoiz neurtua izan ez den baina negoziazio mahaietan gehiengoa ematen dien ordezkaritzaz baliatzen dira hitzarmenak blokeatzeko.

Enpresaz enpresa patronalaren estrategia pitzatzen ari gara LABetik. Enpresako akordioak lortzen ari gara eta hori positiboki baloratzen badugu ere, LAB moduan oso argi dugu bertako langile guztiek negoziazio kolektiborako eskubidea bermatua izan dezaten, sektoreko hitzarmenen alde borrokatzen jarraitu behar dugula enpresatan eta kalean.

Negoziazio kolektiboaren blokeoa ez da arazo laboral soila, arazo politikoa da eta horregatik eskatu dugu Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa guzti honetan. CONFEBASK–ADEGIren blokeo jarrera ez litzateke posible izango, hauengandik babes politikoa jasoko ez balute.

Bada garaia behingoz, Jaurlaritzak hitzarmenak desblokeoatzeko iniziatiba politikoa har dezan, arazoari behingoz aurre egin diezaion eta mantentzen duen ekidistantzia hori apurtu dezan, erantzunkizunak dauden lekuan kokatuz, CONFEBASKen alegia.