2025-12-22
Blog Page 122

Nafarroako 0-3 sektoreko sindikatuok kezkatuta gaude datorren ikasturteko bi urtekoen gela berriak direla eta

Ekaina amaitzen ari den honetan, Nafarroako 0-3 zikloko sindikatuok (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) pentsatzen dugu 2 urtekoen ikasgeletako proiektu pilotuaren inguruan ezinbesteko gaiak erantzun gabe daudela oraindik, kontratatuko diren sektoreko langileei zuzenean eragiten dietenak.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eta 0-3 zerbitzuaren utzikeria erabatekoa da. Gure ustez, plangintzarik eza eta, batez ere, langileekiko (kontratatutako pertsonak, ikastetxeetako zuzendaritzak) eta familiekiko erantzukizunik eza azpimarratu behar dira.

Berriz ere salatzekoa da Departamentu honen gardentasun eta informazio falta. Proiektu hori alde bakarretik ezarri dute zenbait eskolatan, eta abian jartzeko orduan langileak eta ikastetxeetako zuzendaritzak bakarrik uzten ari dira, ikasturtea ziurgabetasun handiarekin hasiko dutenak. Hala, sindikatuok proiektu pilotu honen jarraipen estua eginen dugu ziurtatzeko gauzak behar bezala egiten dituztela.

Mobilizazioekin hasi dira Pimesan, hitzarmen duin baten alde

Enpresa komiteak bultzatuta langileek mobilizazio egutegi bat adostu dute negoziazioaren blokeoari aterabidea emateko.

Pimesa (Proyectos Instalaciones y Montajes Eléctricos, SA) Jundizen kokatzen den eta 75 langile dituen metaleko enpresa bat da eta bere jarduera nagusia kable elektrikoak eta multzo elektromekanikoak fabrikatzea eta diseinatzea da.

Iragan urtarrilean enpresa komiteak bere proposamena helarazi zuenetik 9 negoziazio bilera burutu izan dira, baina enpresak ez die erantzuten langileek proposatutako lan hobekuntzei, eta soldata igoeretan “ultimatuma” eman du.

Horren aurrean, progresiboki hainbat greba eta mobilizazio planteatu dituzte langileek: aurreko ostiralean, ekainak 14, egin zuten lehenengoa eta aste honetan jarraituko dute, 18an eta 19an ere kontzentrazioak egingo direlarik lantokiaren aurrean. Gatazkak jarraituko balu, lanuzteak planteatu dituzte ekainaren amaierarako, eta lanuzte gehiago nahiz egun osoko grebak uztailerako.

Nafarroako etxebizitzen alokairuari buruzko datuek erakusten dute premiazkoa dela gaia legez arautzea eta parke publikoa zabaltzeko konpromiso handiagoa hartzea

Iragan ortziralean Nafarroako Estatistika Institutuak Etxebizitza alokatzeari buruzko estatistika argitaratu zuen. LAB sindikatuaren iritziz, ikerketa horrek berresten du merkatuak ez duela alokairuaren prezioa behar bezala erregulatzen eta premiazkoa dela lege eta administrazio neurriak hartzea. Azterlan horren arabera, alokairuaren hileko batez bertzeko prezioa 541,6 eurokoa da, baina azterketak berak onartzen du datu horrek ez duela islatzen alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko prezio erreala, etxebizitza librearen prezioa askoz ere garestiagoa baita.

Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratu duen azterlanak kontuan hartu ditu, hileko batez bertzeko prezioaren kalkulua egiterakoan, duela urte batzuk sinatutako kontratuen prezioa eta alokairuko etxebizitza babestuaren kostua. Baina gauza jakina da, eta azterlanak berak aitortzen du, etxebizitza librearen alokairuaren prezioa hagitzez ere garestiagoa dela, eta Nafarroako soldatapeko gehienendako eskuraezin bihurtzeraino iristen dela, soldata erdia baino gehiago bideratu behar baitu etxebizitza bat eskuratzeko.

LABeko kideok salatu nahi dugu gaur egun langile klasearen soldata sarrerei eraso onartezin bat egiten ari zaiela, haien pobretze prozesua azkartzen duena. Ildo horretan, gogorarazi behar da soldatak KPIaren azpitik hazten ari direla, baina oraindik ez dutela mugatu alokairuen prezioaren igoera progresiboa (aurreko urtean baino %6 gehiago).

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskatzen diegu, herritar guztiei etxebizitza duina izateko eskubidea bermatze aldera, ez dezatela gehiago gibelatu erabaki politikoak hartzeko unea. Erregulazio handiagoa eta bultzada publiko handiagoa nahitaezkoak dira higiezinen lobbyari aurre egiteko, gure lurraldean alokairuaren kostu lotsagabeari aurre egiteko.

Gernikako Ospitalean erizainen eta erizaintzako laguntzaileak falta direla eta egoera kritikoa dela salatu dugu

Larrialdietako paziente kritikoei arreta ematean, triajean eta boxetan dauden pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen da.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, SAE eta ESK sindikatuok Gernikako Ospitaleko egoera kezkagarria salatu dugu; izan ere, erizain eta erizaintzako laguntzaile falta larriak zerbitzu horren erabiltzaileei kalitatezko arreta bermatzea eragozten du, pazienteen segurtasuna arriskuan jarriz.

Laguntza-eskaera gero eta handiagoa denez, profesional horiek triaje-gunea eta boxak arretarik gabe utzi behar izan dituzte larrialdiren bat dagoenean; izan ere, langileek larrialdi hori artatzera joan behar dute, eta, horrela, bi kokaleku horietan dauden pazienteen egoera gainbegiratuko duen langilerik gabe utzi behar dituzte. Horrela, gainerako pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen duen egoera bat gertatzen da, berehalako konponbideak behar dituen egoera jasanezin bat.

Gernikako Ospitalearen eta Galdakaokoaren langile-ratioaren arteko aldea ikaragarria da. Galdakaoko ospitaleko larrialdian plantilla handituz eta egiturazko beharretara egokituz joan den bitartean, Gernikako Larrialdietan neurri puntualak eta eskasak hartu dira, hala nola erizain bat kontratatzea eta soilik oporraldian ordu gehiago ematea erizain-laguntzaile bati.

Horrek ez du arazoa konpontzen, irailetik aurrera zerbitzua arrisku-egoerara itzuliko baita. Hala, Gernikako Ospitaleko langileek arazoaren erroari heltzen ez dion aldi baterako adabakitzat jotzen dute neurri hori. Konponbide eraginkorra eta iraunkorra aldarrikatzen jarraitu behar da.

Konponbide eske

Egoera horrek, langileei eragiteaz gain, arriskuan jartzen ditu pazienteen segurtasuna eta arreta. Ezin dugu horrela jarraitu.

Horregatik guztiagatik, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, SAE eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur, ekainak 17, Gernikan, egoerari benetako konponbideak eskatzeko. Zuzendaritzari eskatzen diogu premiazko neurri eraginkorrak har ditzala Gernikako Ospitalean lantalde egokia bermatzeko, gero eta handiagoa den laguntza-eskaerari erantzuteko eta kalitatezko arreta, triajeko segurtasuna eta boxak urte osoan zehar bermatzeko gai izango dena.

Eskola garraioaren hitzarmena desblokea dezatela exijitzeko mobilizazioa egin dugu

Kolektibitateen sektoreko patronalaren enpresetako bat den Eulenen aurrean izan da elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetako eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren blokeoa salatzeko.

Negoziazioak hasi zirenetik, enpresen jarrera bortitza eta harroputza izan da, hitzarmen honetan negoziatuko duten gauza bakarra denbora-eremua eta indarrean dagoen legediak aldatu dituen lizentziak eguneratzea dela esanez. Patronalak dioenez, ez da beharrezkoa ezer gehiago hobetzea, hitzarmenak oso lan-baldintza onak jasotzen baititu langileentzat.

Gainera, azken bileran, enpresak kezkatuta eta haserre zeuden sektorean hain handia zen absentismoagatik. LABetik ozen eta argi adierazi genien beraiek direla horren erantzule bakarrak, absentismoaren arrazoi nagusietako bat lan-prekarietatea delako, lan-osasunean ez inbertitzea, dirua irabazten jarraitzea eta emakume langileen lan-baldintzak ez hobetzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik dirua jasotzen duten enpresak dira. Pribatizatuta dagoen zerbitzu publikoa, Eskola publikoan beste sektore askorekin gertatzen den bezala. Aurreko ikasturtean lehiaketa publikora atera behar zen zerbitzu hori, baina Hezkuntza Sailak hatzez aukeratutako enpresa batek kudeatzen du gaur-gaurkoz.

LABen ez dugu onartuko langileen kontura diru publikoa irabazten jarraitzea eta langileen lan-baldintzak ez hobetzea. Hala, patronalari adierazten diogu hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera honek horrela jarraitzen badu, datorren ikasturtean aurrean izango gaituela.

Udal administrazioan euskararen normalizazioa mugatu nahi duen azken epaia gogor salatzen dugu

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren baitan beste epai baten berri jaso dugu. Kasu honetan, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren eskutik etorri da; izan ere, Galdakaoko Udaleko Gizarteratzeko eta Laneratzeko Teknikari lanpostu bat egonkortzeko prozesuan 3. hizkuntza-eskakizuna ezartzea atzera bota du.

Epaiak azken garaian oldarraldi judizialaren barruan ikusten ari garen euskalduntzearekiko ikuspegi murriztailearen iturritik edaten du. Orain arte legearen euskalduntzearekiko interpretazioa progresiboa eta aldekoa baldin bazen, gutxiagotutako hizkuntzaren aldeko ekintza positiboaren filosofiak gidatuta, azken urteetan ikuspegia 180 gradu irauli eta interpretazio guztiz murriztailea egiten hasi dira epaileak.

Sententzia honek ez du bermatzen herritarrak euskaraz artatuak izateko duten eskubidea eta langileek euskaraz lan egiteko dutena. Izan ere, lanpostuaren izaerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen du, eta hauek ezingo dute harreman hori euskaraz egin.

Epaiak dio egonkortze prozesuan hizkuntza-eskakizuna ezartzeak langileari prozesuan parte hartu ahal izatea eragozten diola. Euskara eskakizuna ez da eragozpena, lan deialdi horretan ezartzen diren bestelako eskakizunak eragozpen ez diren bezala. Horrela, epai honetan jasotzen den bezala, 45 urtetik gora euskara-eskakizunetik salbuestea orain arte oso baldintza zehatzetarako bazen ere, orain hori orokortu eta kasu guztietarako zabaltzen da. Edo, are kaltegarriagoa dena, udalekolanpostu guztietatik hizkuntza-eskakizuna zenbatek izan behar duten ezartzen duen derrigortasun-indizearen interpretazio mugatzailea egiten hasiak dira.

Hamarkadatan zehar indize hori derrigorrean bete beharreko gutxieneko gisa ulertu da, eta horrela baliatu izan dute instituzio askok, indize horrek ematen zuen kopurutik goragoko lanpostuei hizkuntza-eskakizuna ezarriz, eta ez da inolako aurkakotasunik egon epaitegien aldetik. Hori horrela izan da ulertzen zelako administrazioaren euskalduntzeak graduala eta progresiboa izan behar zuela herritarren eskubideak eta borondatea bermatu eta gaztelerak duen nagusitasun maila berdinera iristeko. Aldiz, ikuspegi hori irauli dute epaileek, sektore politiko, sindikal eta sozial euskarofoboen bultzadak lagunduta, eta gutxienekoa zena orain gehienezko bilakatu dute. Erabaki judizial horien atzetik helburu argia dago: administrazioaren euskalduntzea ahalik eta gehien galgatzea, atzeratzea.

Aski da! ozen esan eta oldarraldi judizial honi harresi bat altxatzeko garaia da. Onartezina da aldizka horrelako epai euskarofoboak ezagutzea zerrenda amaigabea elikatuz. Tantaka-tantaka epai hauek administrazioaren euskalduntzerako jurisprudentzia murriztailea eraikitzen ari dira. Horien bitartez, epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira. Hala, oldarraldi judiziala gerarazi ezean, administrazioaren euskalduntzea moteldu ez ezik, orain arte emandako urratsetan atzera egiteko arriskua nabarmena da.

Hori dela-eta, LABen bat egiten dugu epai hau salatzeko deitu diren mobilizazioekin. Zehazki, udal langileek ekainaren 19an, asteazkena, 13:30ean elkarretaratzea egingo dute Udaletxearen aurrean. Bestalde, hurrengo egunean, hilak 20, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagabiz euskara elkarteak deituta, 19:30ean Ardantza Parkean egingo da mobilizazioa, herritar ororentzako irekia.

GUITRANSek Gipuzkoako errepide bidezko salgaien garraioaren hitzarmenaren negoziazioa blokeatuz gero, errepideak blokeatzeko deialdia egingo dugu

Gaur eratu dugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuOk eta GUITRANS patronalak Gipuzkoako errepide bidezko salgaien garraioaren hitzarmenaren negoziazio mahaia. 2024 urtea hastearekin batera ekin genion sindikatuok hitzarmen berri baten negoziazio bideari. Izan ere, 2009ko abenduaren 31az geroztik hitzarmenik gabe dago sektorea eta lan-baldintza zeharo desarautuetan ari dira 6.000 langiletik gora.

GUITRANS sektoreko patronalarekin jarri ginen harremanetan sindikatuok, negoziazio mahaiaren eraketan parte hartu zezan dei egiteko. Bilera hori otsailaren 7an egitekoak ginen, baina GUITRANSek deialdiari uko egitea erabaki zuen. Bigarren aukera bat ere eman genion sindikatuok patronalari, otsailaren 29an, baina orduan ere ez agertzea erabaki zuen.

Patronalak sindikatuon deialdiari birritan uko egin ondotik, LAB, ELA, CCOO eta UGTek EAEko Auzitegi Nagusian salaketa aurkeztea erabaki genuen, GUITRANSek langileek duten negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen zuela ulertuta. Epaiketa ekainaren 18an egitea aurreikusita zegoen eta, astebeteren faltan, GUITRANS sindikatuokin jarri da harremanetan epaitegira iristea saihesteko.

LABen positibotzat jotzen dugu patronalaren jarrera aldaketa, baina era berean, lazgarritzat jotzen dugu epaitegietara iritsi behar izatea jarrera aldaketa behartzeko. Mahai eraketarekin batera, hurrengo bileretarako hitzorduak jarri ditugu eta bi aldeen fede oneko negoziazioari ekiteko konpromiso eta akordioa ere erdietsi dugu.

LABen zinez espero dugu aurrerantzean negoziazioaren bideak ekar ditzakeen aurrerapausoak sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko balio izatea. Era berean, argi utzi nahi diegu GUITRANSi, sektoreko langile komunitate osoari eta jendarteari zein den hitzarmen honekiko gure jarrera: negoziazioa blokeatuz gero, errepideak blokeatzeko deialdia egingo dugu.

Europako epaiak langileoi enplegu publikoa egonkortzeko borrokan beste tresna bat ematen digu

EBJA Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententziak argi uzten du administrazioek hartutako neurriek ez dutela behin-behinekotasunaren arazoa konpontzen eta neurri eraginkorragoak eskatzen ditu.

Europako Justizia Auzitegiak lehen mailako epaitegiak eta auzitegi nagusiak interpelatu ditu Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia aplikatu ez dezaten, hots, mugagabe ez finkoaren figura ez erabiltzeko.

LABentzat araudi aldaketa ezinbestekoa da EBJAren ikuspegitik, zeinaren bidez behin-behinekotasunaren abusua prebenitu eta zigortzeko neurriak jaso beharko lituzkeen. Bide beretik, Espainiako Auzitegi Gorenari ere interpelazioa egiten diogu Europako sententzia berri hau bete dezan.

Azkenik, administrazio publikoei fundamentuzko negoziazio mahaiak ireki ditzaten exijitzen diegu, hain zuzen ere, enplegua sortzeko eta egonkortzeko planak sindikatuokin adosteko hemen, Euskal Herrian. Hori lortzeko borondate politikoa da behar dena; beraz, ezinbestekoa da langileon mobilizazioekin jarraitzea.

Lan hitzarmen honi ez, irakasleen lan-baldintzak borroka ditzagun

Lau urte luze igaro ditugu Hezkuntza Sail honekin Akordio Arautzaile edo lan hitzarmen berria negoziatu nahian. Baina zoritxarrez ez da borondaterik egon gobernuaren aldetik eduki gehigarriak mahai gainean jartzeko eta ez gara adostasunera iritsi. Hori horrela, ekainaren 13an, Irakasle funtzionarioen mahai sektoriala burutu da, bertan irakasle funtzionarioen lan baldintzak arautzen dituen akordio proposamenaren sinadura izan da gai bakarra. Horrela, funtzioetan dagoen Hezkuntza Sailak amaitutzat eman du orain arte izandako akordio proposamenaren negoziazioa.

Negoziazioaren prozedura osoa nahiko gorabeheratsua izan da eta LAB, Steilas eta CCOO sindikatuok ez dugu ontzat ematen, ez egin den prozesu negoziatzailea, ezta lan akordioaren edukia ere.

Badirudi asmoa orain murrizketak lan akordioan txertatzea dela. Izatez, negoziazio batek hobekuntzak ekarri beharko lituzke, baina hainbat alorretan kontrako norabidean goaz, bereziki ordezkoei eragiten dieten horietan. Helarazi diguten lan akordio proposamenean ez dago langile guztiei eragiten digun hobekuntza orokorrik. Hau izenpetzen dugun sindikatuok jaso diren hobekuntzak ez ditugu nahikotzat jotzen eta zenbait artikulutan atzerapausoak daudela baloratzen dugu.

Hezkuntza Sailak ezarri nahi dituen atzerapauso batzuk aipatze aldera:

  • Ordezkooi 165 lan-egunek eragiten duten opor eskubidea murriztu digute, abuztu osoa kobratu gabe.
  • Ordezkoen zerrenda kudeaketa EPEekin lotu nahi dute.
  • Etapa guztietan 30 orduko presentzialtasuna bultzatu nahi dute.
  • Lan zama handitzen ari den honetan ez dituzte neurri errealak jartzen guztion lan karga arintzeko.
  • Erretirorako baldintzak ez dituzte osotasunean hobetzen.
  • Aurrekoez gain, erosahalmena galtzen jarraitzen dugu, eta Jaurlaritzak soldata igoerak gauzatzeko borondate politikorik gabe jarraitzen du.

Azken zirriborroa aztertu ondoren, Sailak proposatzen digun akordioa egun indarrean dagoen 2010eko Akordioa baino okerragoa dela uste dugu.

Irakasleon lan baldintzak asko kaskartu dira azken urteetan eta egoera jasanezina da aipaturiko alorrei dagokienez. Hortaz, ez diegu Hezkuntza Sailaren asmoei zilegitasuna ematen dion Lan akordio arautzaile honi balekoa emango. Elkarrekin borrokatzen jarraituko dugu Hezkuntza Sailak irakasleontzat hobekuntzak jasoko dituen lan akordio berri on bat lortzeko.