2026-04-21
Blog Page 122

Bilbon mobilizatu gara, Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua berriro ere multinazionalen esku uztea erabaki ondoren

Lau urterako lizitatzen du zerbitzua, hobekuntzarik espektatibarik eta plantillaren aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Gaur, Bilboko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko (EELZ) langileak Bilboko udaletxearen aurrean mobilizatu dira, LAB sindikatuak deituta. Gobernu taldeak duela bi aste iragarri zuen datozen lau urteetarako zerbitzuaren lizitazioa. Eta baldintza teknikoen agiria, titularretatik harago, aurrekoaren kopia hutsa baino ez da.

Horrek esan nahi du, alde batetik, funtsezkoa eta oinarrizkoa den EELZ irabazi asmoko enpresa pribatuen esku egongo dela berriro, eta, bestetik, zerbitzuak ez duela inolako hobekuntzarik izango, nahiz eta azken urteetan langile eta erabiltzaileek gogor kritikatu duten.

Udalak berak onartzen du Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua mendekotasuna duten pertsonen beharrei laguntzeko aurreikusitako zerbitzua dela: janaria egitea, higienearekin laguntzea, medikatzea, oheak egitea, komunak garbitzea eta 3.300 erabiltzaileri baino gehiagori “konpainia eta maitasuna” ematea helburu duena. Funtsezko zerbitzua. Hala ere, zerbitzu honen gainean aplikatzen diren politikek haien okertzean eta prekarizazioan sakontzeko balio dute.

LAB sindikatutik, joan den uztailean lizitazio berri honi buruz hitz egiteko egindako bileran, zintzotasunez adierazi genuen gero eta kezkagarriagoak direla zerbitzuaren denbora murrizketak. Duela urte gutxi arte 2 orduko lan-denbora aurreikusten zen zerbitzuak modu egokian eman ahal izateko, denbora hau murriztuz joan da, eta gaur egun, arreta pertsonal gehiena ordubetean egin behar da. Eta kasu batzuetan, 30 minututa. Inork uste al du posible dela norbaiten elikadura eta higiene beharrizanak asetzea, medikatzea, ohea egin eta komuna garbitzea, baita “laguntza eta maitasuna” ematea 30 minutu edo ordubete eskasean?

Bilera hartan eskatu zen plegu berriek praktika hori geldiarazteko balio zezatela, eta gutxieneko 1,5 orduko zerbitzuak ezar zitezela.

Badakigu plegu berriek ez dutela neurri hori aurreikusten eta Sacyr (gaur egun Serveo) bezalako multinazional handiek, jarduera nagusitzat eraikuntza dutenak, negozioa egiten duten bitartean berdin zaienak adreiluak edo pixoihalak ipini, diru publikoarekin aberasten jarraitzeko balioko dutela. Gainera, badakigu EAJk eta PSOEk gobernatutako Udalaren adostasuna dutela horretarako; titular handien zaleak direnak bai, baina eredua aldatzeko inolako asmorik gabe.

Nahikoa da zaintza-zerbitzuen pribatizazioarekin. Nahikoa da zaintzaren negozioarekin. LABetik plegu berriak gelditzeko eskatzen dugu, ez dietelako erantzuten zaintzaren beharrei eta 900 langileren lan- eta bizi-baldintzak prekarizatzen jarraitzen dutelako. Pleguak geldiaraztea eta zerbitzu hori publifikatzeko prozesua hastea eskatzen dugu.

Zaintza-krisiari behar bezala erantzuteko garaia da, erantzukizunez eta anbizioz jokatzekoa, eta beste udalerri batzuetan egiten ari diren moduan EELZ publifikatzekoa.

LABek ez du sinatu Olatek-eko enpresa-ituna, KPI bermatuta ez duelako eta sektoreko hitzarmenean jasotakoak okertu dituelako

Itun hori bi ordezkari independentek eta ELAko batek sinatu dute, ez du KPIren bermerik eta Arabako Egurgintzaren hitzarmenaren azpitik dago.

Lehenik eta behin, argitu behar dugu ituna uztailean sinatu bazen ere, irailera arte ez zitzaigula eman. Itun hori, langileei edukia azalduko dien informazio-batzarrik egin gabe sinatu da. Argitu behar da enpresaren egungo batzordea LABeko 2 ordezkarik, onura propioen truke indarrean daudenak okertuko zituzten baldintzak arautzen saiatzeagatik sindikatuaren dinamika utzi zuten beste 2ak, eta ELAko beste ordezkari batek osatzen dutela.

Udaberrian eman zitzaigun hitzarmenaren zirriborroan, eta LABek adierazi zuen hura sinatzearen aurka zegoela, plantillaren baldintzak okertzea zekarrelako. Zehazki, Egurgintzako sektoreko hitzarmenaren azpitik arautzen zuen (sektore horretakoa da Olatek), eta jasotzen ziren ordaindutako baimenak ez zueden eguneratuta 2023ko ekaineko Familien Legearen arabera. Horren aurrean, gainera, jakinarazi genuen Lan Ordezkaritzak ez ziola oniritzia emango erregistroari, hain zuzen ere Langileen Estatutuaren azpitik arautzeagatik. Horren ondoren, enpresak eta ordezkari horiek, batzordearen funtzionamendu-araudia bete gabe, beste bilera bat egin zuten, ordaindutako baimenei buruzkoa zuzentzeko. Bertan, hitzarmen bat izango zena ituna izatera pasatu zen da, eta beste puntu batzuetan azpitik arautzen jarraituko da. Zehazki, hauek izan dira ez sinatzeko arrazoiak:

– Ez du KPIaren bermea errespetatzen. 2024. urteko igoera parametro horretan da, baina hurrengo urteetarako igoerak urtez urteko negoziazioen arabera ezartzen dira. Horrek esan nahi du plantillak ez duela erosteko ahalmena bermatuta.

– San Josetako ordainsaria 25 eguneko soldatara murrizten du, sektoreko hitzarmenak 30 jasotzen dituenean.

Gainera, batzuk ahalegin dira saltzen 2024. urtearen hasierarako hitzarmen sektorialean jasotako soldata-erregulazioak negoziazio-mahaian haien lorpenak izan balira bezala, beneta gertatu dena LABek hitzarmen sektorialean soldatak berrikusteko sartutako klausula bete dela denean.

Horregatik erabaki dugu LABek enpresa-ituna ez sinatzea. Hemendik aurrera, erne jarraituko dugu ezkutuko bilera horiek saihesten saiatzeko, bai eta langile guztien baldintzak hobetzeko erantzukizunak eskatzeko ere, horixe baita kontua.

Bizkaiko grafikagintzako bederatzigarren greba egunean jarraipen garrantzitsuari eutsi zaio

Greba egunak eragin handia izan du, berriz ere, eta ekoizpena geldiarazi du sektoreko hainbat enpresatan. LAB, ELA, CCOO eta UGTk sektoreko langile bat inolako justifikaziorik gabe atxilotu dutela salatzen dugu.

Urriaren 29an greba ziklo berri bat hasi zen sektorean, Bizkaiko Grafikagintzan hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin. Urriaren 30ean grebaren jarraipena garrantzitsua izan da berriro.

Urriaren 31n egingo da ziklo honetako hirugarren greba eguna, eta mobilizazioak egingo dira berriro Eskumaldean. Hurrengo greba egunak azaroaren 4a eta 5a izango dira.

Gaurko mobilizazioak pikete informatibo batekin hasi dira Basaurin, patronalari lotutako Biolid SL enpresaren aurrean. Ondoren, manifestazio jendetsua egin da Basauriko kaleetan zehar.

Bestalde, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek Biolid enpresaren aurrean gertatutakoa salatu nahi dute. Une jakin batean, mobilizazioa inolako gorabeherarik gabe igarotzen ari zenean, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra bortizki sartu da, ez dio greba batzordeari informazioa emateko eskubidea gauzatzen utzi, eta sektoreko langile bat atxilotu du. Sindikatuok neurriz kanpoko jardun ilogiko hori salatzen dugu, eta atxilotutako pertsona hori kargurik gabe berehala aske uzteko eskatzen dugu.

Getxoko Udal Gobernuak euskararen normalizazioaren kontrako erabakia hartu du

Ez du eskatuko lanpostu berriak betetzeko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.

LAB sindikatuak erabat gaitzesten du Getxoko Udal Gobernuak, EAJ buru duela, hizkuntza berdintasunaren aurka hartutako azken erabakia. Epaitegietatik ezarritako doktrina atzerakoi eta euskarafoboa bere eginez, orain arte garatu duen hizkuntza politikan atzera egin eta lanpostu berrietarako ez du beharrezkotzat eskatuko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea.

Horrelako erabakiekin, udal administrazioak uko egiten dio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeari, norberak nahi duen hizkuntzan artatua izateko eskubideari eta eskubide urraketak betikotzeko markoa hauspotzen du. Administrazioaren aurrean euskaldunok bigarren mailako herritar izatera kondenatu nahi gaituzte. Era berean, uko egiten zaio euskaraz normaltasunez lan egingo duen administrazioa eraikitzeari, udal langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea urratuz ere.

Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Lanpostu publiko berriak betetzeko ezinbesteko baldintza izan behar da bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eta, horrekin batera, administrazioa euskalduntzeko neurriak areagotzea, berme juridiko guztiekin. Erabaki politikoa da bide hori jorratzea ala hizkuntza politikan atzeraka joatea.

Horregatik, elkarretaratzea deitu dugu LAB, ELA eta Kontseiluak batera urriaren 31n, 11:00etan, Getxoko udaletxe aurrean, euskararen normalizazioaren aurkako erasoak eten eta herritar zein langileen hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Aldi berean, bat egiten dugu Getxoko euskalgintzak azaroaren 4rako deitu dituen mobilizazioekin.

Mobilizatzen hasi gara Nafarroako Iturgintzako patronala mugiarazi eta hitzarmen duin bat lortzeko asmoz

Nafarroa Garaiko Iturgintzako hitzarmenaren gaineko negoziazioak hiru urte zeramatzan blokeaturik. Atzo, negoziazio mahaia batzartu zen Iruñean berriz, Lan Epaitegian, eta LABek elkarretaratzea egin zuen haren aitzinean, sektoreko patronala mugiarazi eta lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen duin bat lortzeko helburuarekin.

2021ean hasi zen Nafarroako Iturgintzako hitzarmena adosteko negoziazioa. Azken hilabeteetan, baina, ez da inolako mugimendurik izan, patronalak ez baitu agertu ados jartzeko batere borondaterik. Horregatik, atzoko bilera probestuta, LAB sindikatuak Iturgintzako hogei langile inguru bildu zituen bilera tokiaren aitzinean egin zen kontzentraziora. Asmoa da mobilizazioekin jarraitzea hitzarmen duin bat lortu arte.

Bileraren edukiari dagokionez, LAB sindikatuak erran behar du patronalak mugimendu txikiren bat egin duela, baina oraingoz ez dela nahikoa. Erosahalmena mantentzearen ikuspegitik badirudi soldata igoerak KPIren erreferentziarekin lotu nahi dituztela, baina betiere kopuru mugatu batzuen barnean, eta LABen ustez hori onartezina da. Gainera, hitzarmen bat ez da bakarrik soldata edo lanaldia, eta Iturgintzakoak sindikatu honen sinadura izan dezan hagitzez eduki gehiago izan beharko ditu.

EAEko Osasun Mahaian aurkeztu den diagnostikoan aldaketa garrantzitsuak behartu baditu ere, honen osotasunak ez du LAB asebetetzen

LABek bozka partikularra aurkeztu du ez nahikotzat jo dituen puntuetan eta berretsi egin du mahaian parte hartzen jarraitzeko eta ekarpenak egiteko erabakia.

Gaur bildu den Osasun Mahaian diagnostikoaren inguruko behin-betiko dokumentua landu da. Horren harira, LABek adierazten du behin-betiko diagnostikoan moldaketa garrantzitsuak sartzea lortu duela, besteak beste, osasun sistema publikoari dagokionez, giza baliabideen arloan, Lehen Mailako Arretaren indartzean edota Gobernantza ereduan.

• Osasun Itunaren helburuen artean Osasun Sistema Publikoa indartzea.

• Osasun-zerbitzuak kanpora ateratzeko prozesuen azterketa xehetua eta horien etorkizunaren gogoeta egin beharra. Zentzu horretan jasotzen da garraio sanitarioaren arloan beharrezkoa dela baliabideei, antolaketari eta kudeaketa-ereduei buruzko azterketa egitea.

• Esklusibotasun ezak, interes-gatazka sortzeaz gainera, azterketa sakona behar duela.

• Jarduera guztien gardentasuna eta kontrol publikoa bultzatzea.

• Giza baliabideen arloan: Kontratazio-politikak garai berrietara egokitzea eta luzerako izaera bermatzea, asistentzia hobetzeko duten faktore gisa eta sistema publikoa erakargarri bihurtuz, lan-baldintza erakargarriekin. EPE ereduan erabateko eraldaketaren beharra, txantiloi bakarra, ordenatua eta gardena definituz. Profil profesional berriak jaso dira: batetik, arreta eredu berriek osasun arloan profesional gehiagoren beharra (fisioterapia, psikologia, gizarte lana, odontologia, nutrizioa eta dietetika); eta bestetik, erizaintzako espezialitateak bultzatu eta garatzea. Egoiliarren tutorearen figura zaindu eta sustatzea. Osasun-laguntza nagusiki emakumeen* jarduera izanik, aldagai hori planifikazio-esparru guztietan kontuan hartzea.

• EAEko gaixotasun psikiatrikoen eta, oro har, osasun mentalaren arreta-ereduak antolamendu-aldaketak eskatzen dituela jaso da, koordinazioan hobekuntzak eta profesional soziosanitario gehiago sartzearekin batera.

• Lehen Mailako Arreta indartu beharra. Neurri zuzentzaileekin batera, langileen zuzkidurari eta banaketari dagokionez, lehen mailako arretarako pentsatzen ari diren pertsonen kopurua handituz, profesionalen zein erabiltzaileen laguntza-ingurune horrekiko erakargarritasuna eta atxikimendua berreskuratuz, talde-lanaren, lankidetza-praktikaren, diziplina anitzen arteko lankidetzaren, koordinazioaren eta asistentzia-mailaren desberdinen integrazioaren aldeko apustua eginez. Halaber, maila honetan normalean egon ez diren arloan integratzea adierazten da.

• ESIen inguruan kritika eta berrantolaketa agerian geratzen da: sistema batez ere erreaktiboa sortu dela adierazten du, bereziki arreta akutuan oinarritua eta ospitaleetan zentratua. Modu integralean eskainitako prebentzio-, sustapen- eta komunitatea-arreta ez da behar bezala txertatu ESIen jarduetan, eta ekitate-bermea ahuldu egin da. Oraindik ere beharrezkoa da ESI eredua sakonki aztertzea eta beste aukera batzuekin alderatzea. Etengabeko Arreta Guneek eraberritze-prozesuaren barruan arretaz hausnartzea merezi dutela jaso da.

Hala eta guztiz ere, LABentzat diagnostikoak hutsune batzuk izaten jarraitzen du, sindikatuarentzat garrantzitsuak direnak:

Pribatizazio politiken ondorioak. Kontzertazioaren inguruko datu batzuk jasotzen badira ere, pribatizazio politiken arrazoiak, mapa, kostua eta Osakidetzak eskainitako zerbitzu publikoan izandako eragin kaltegarriak aztertu behar dira. Politika hauei amaiera emateko beharrezkoa da pribatizazio, kontzertazio, kanpora ateratako lanen eta autokontzertazio politiken diagnostiko zehatza.

Osasun Sistema Publikoaren zerbitzuak titulartasun publikotik eta baliabide publiko eta propioen bitartez eskaini behar direla adieraztea; eta ez, baliabide publikoekin azpikontratatu, itundu edo pribatizatuz.

Osasun publikoko langileen egoerari loturik, behin-behinekotasuna ahalik eta gehien murrizteko langile-kategoria ezberdinetan ezkutuan eta koderik gabe egon diren lanpostuak estruktural bilakatzeko beharra aitortu eta horretarako prozesuak aktibatzea. Eta era berean, pertsonala dimentsionatzea, egungo lan zamak kontuan hartuz, absentzien estaldurak betez, itxaron zerrendak murriztuz edo osasun arretaren ratioak murriztuz.

Osakidetza euskalduntzearen beharra adieraztea, eta horretarako plan eta neurri zehatzak jasotzen dituen estrategia martxan jartzea.

Goian adierazitako puntuetan, LAB sindikatuak boto partikularra eman dio diagnostikoaren dokumentuari bere desadostasuna adierazteko, honen osotasunak asebetetzen ez duelako.

Era berean, sindikatuak adierazi du Mahaian parte hartzen eta ekarpenak egiten jarraitzea erabaki duela.

Bigarren greba egun jendetsua Nafarroako irakaskuntza publikoan

Iruñean eta Tuteran egindako mobilizazioek agerian utzi dute irakasleak nazkatuta gaudela, eta aldarrikapenak berretsi egin ditugu berriz: ratioak jaistea, erosteko ahalmena berreskuratzea, plantilla egonkortzea eta lan gainkarga murriztea.

Lehen jardunaldia arrakastatsua izan bazen eta oihartzun handia izan bazuen (horren ondorio izan zen egun batzuk geroago kontseilariak mahai gainean jarri zuen proposamena), astearte honetan, hilaren 29an, egiten ari diren bigarrena are handiagoa izaten ari da.

Lehen orduan, hainbat pikete informatibo izan dira ikastetxeetan, eta zentruren batean ere, hainbat irakaslek gaua pasatu dute protesta gisa. Ondoren, Iruñeko hainbat txokotatik abiatu diren lau zutabeak berriro elkartu dira Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta hortik ateratako irudiak ez du zalantzarako biderik eman: irailaren 26koa baino jendetsuagoa izan da gaur mobilizazioarekin bat egin duen jende kopurua.

Gauza bera geratu da agerian, ondoren, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, non manifestariok Sarasate Pasealekuaren zati handi bat bete dugun. Tutera ere izan da goizeko 11:00etan Foruen plazatik abiatu den mobilizazioan parte hartu duten lagunen gorakadaren lekuko.

Bi manifestazioen amaieran, langileen ordezkariek gogorarazi dute ekainean jada ohartarazi zutela ikasturte honen hasiera ez zela ohikoa izango eta agindutakoa betetzen ari direla. Era berean, Nafarroako hezkuntza publikoan baldintza duinak lortzeko borrokan jarraitzeko jarrera berretsi dute, eta arratsaldeko 17:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Tentsio uneak Yanguas y Miranda kalean

Baina protesta ez da hor geratu. Irakasleok gero eta haserreago gaude Departamentuaren jarrera itxi eta berekoiarekin, eta horrek eragina izan du gaur goizean Iruñean. Sarasate pasealekua utzi eta gero, manifestazioak Txistuen Plazarantz jarraitu du eta bertan, bi noranzkoetan, Yanguas y Miranda kalea itxi dute. Eserialdi bat egin eta hainbat minutuz hor egon ostean, manifestazioaren asmoa izan da Parlamentuko ateetara itzultzea, baina poliziak eragotzi egin du, eta beste eserialdi bat egin dute Yanguas y Miranda eta Sarasate kaleen arteko bidegurutzean.

Une batzuetan tentsio uneak bizi izan dira poliziak manifestari batzuk hormaren kontra bultzatu eta beste batzuk identifikatu dituenean. Azkenean, baina, kontuak ez du okerrera egin.

Greba eguna ez da oraindik amaitu, arratsaldeko manifestazioa falta baita; LABetik Nafarroako Hezkuntza publikoaren egoerarekin kezkatuta dagoen pertsona orori dei egiten diogu arratsaldeko 17:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioarekin bat egin dezala.

Jarraipen zabala Bizkaiko grafikagintzako ziklo berriko lehen greba egunean

Greba egunak eragin handia izan du sektoreko hainbat enpresaren ekoizpenaren geldialdian. Mobilizazioak jendetsuak izan dira, bai Eskumaldeko lehen orduko piketean, baita Mungiako eguerdiko manifestazioan ere.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok beste 5 greba egun deitu genituen Bizkaiko grafikagintzaren sektorean, urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako (12 egun guztira, apiriletik). Izan ere, patronalak negoziazioen blokeo egoerarekin jarraitzen du. Cebekek, joan den urriaren 24an, ez zuen ezer jakin nahi izan sindikatuek beraien plataforman egindako azken mugimenduaz.

Gaurko greba egunak jarraipen zabala izan du. Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos, edo Garcinuño bezalako sektoreko enpresa erreferentzialak geldirik daude eta ez dira produzitzen ari. Beste batzutan, Biolid, Comeco, eta Erabilen esaterako, nabarmenak izan da grebaren eragina. Mobilizazioak goizeko 5:30ean hasi dira Eskumaldean egin diren piketeekin eta 11:30ean manifestazio jendetsua egin da Mungian zehar.

Cebek patronalari negoziazioa blokeatzeko jarrera utz dezala eskatzen diogu, eta uler dezala sektoreko Bizkaiko langile klaseak hitzarmen bat berreskuratzea merezi duela (azkena 2009-2011koa izan zen), baldintza onekin, erosteko ahalmena bermatuz eta eduki atzerakoirik gabe.

Bihar eta etzi ere greba dago deituta sektorean. Bihar, manifestazioa egingo dute Basaurin, 11:30ean udaletxetik eta etzi, berriro ere Eskumaldean.

EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde lanean jarraituko dugu

Gaur, LAB sindikatuak bilera egin du EH Bilduko ordezkariekin Gasteizko Parlamentuan, anbulantzien sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi duen egoera kezkagarria aztertzeko. Bileran, bi aldeek anbulantzia zerbitzua publikoa izatearen aldeko iritzia partekatu dute, eta helburu horren alde elkarrekin lan egiteko konpromisoa berretsi dute. Neurri hori funtsezkoa da herritarrentzat eta langileentzat kalitatezko zerbitzu duina bermatzeko.

Funtsezko zerbitzu horren azpikontratazioak eta kudeaketa pribatuak behin baino gehiagotan erakutsi dute kaltegarria dela. Langileen lan baldintzak etengabe okertzeaz gain, herritarrentzako zerbitzu eskasean ere islatzen da. Horren adibide izan zen Larrialdiak enpresa, bere langileekin zor handia utzita zerbitzua egun batetik bestera utzi zuena, edo egungo kudeatzailea, Grup La Pau, hainbat gorabehera metatzen jarraitzen duena, hala nola anbulantzietako material eza, uniforme egokirik gabeko langileak, berogailurik gabeko baseak, estali gabeko txandak, udako aparteko ordainsaria oraindik ordaindu gabe izatea, etab. Gainera, azaro amaierarako aurreikusita zegoen kontratutik “modu ordenatuan” irtetea arazo gehiago sortzen ari da konponbideak baino, eta are nabarmenago uzten du kudeaketa eredua ez dela jasangarria.

LABen ustez, benetako arazoa azpikontratazioan eta enpresa pribatuen sarreran oinarritutako kudeaketa eredua da. Enpresaz aldatzea ez da irtenbidea, beste kudeatzaile bat sartzeak dauden arazoak luzatuko lituzke. Zerbitzuaz arduratzeko hautagai posible gisa aipatzen diren enpresa batzuek dagoeneko gatazkak dituzte beste eskualde batzuetan, hala nola HTGk, non Valladolideko langileak hilabete bat daramate greban.

Egoera honen aurrean, LABetik, benetako irtenbide bakarra zerbitzuaren publifikazioa dela defendatzen dugu. Kudeaketa publikoaren aldeko konpromiso hori beste sindikatu batzuek sinatu berri duten hitzarmena ez sinatzeko gure erabakian islatzen da. LABen, anbulantzia zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren alde egiten jarraitzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu funtsezko zerbitzu baten pribatizazioa amaitu eta dagokion erantzukizuna bere gain har dezan.