Otsailaren 20an, TESA enpresak Eskoriatzako Enpresa Batzordeari jakinarazi zion Eskoriatzako lantokian langile baten aurkako zehapen prozesua hasteko asmoa zuela. Gaur epaiketa izan da Eibarko epaitegian, eta mobilizazioa egin dugu laneko jazarpen kasua dela salatzeko eta beharginari elkartasuna adierazteko asmoz.
Enpresak arrazoitu du, langileak, medikuaren baja izanik, bere konturako lanak egiten zituela, eritasun bat simulatuz. Horrenbestez, enpresak langileari diziplinazko kaleratzea ezartzeko erabakia hartu zuen.
Ez da egon kaleratzeko arrazoirik. Ez da izan eritasuna luzatzeko gaixotasunaren simulaziorik, ezta manipulaziorik ere. Beraz, kaleratze hori langile guztienganako beste errepresalia bat gehiago da.
LAB sindikatutik gire desadostasuna adierazi nahi dugu erabaki erabat neurrigabe eta bidegabe horren aurrean. Gure ustez, kaleratze hori bajan dauden langileak kriminalizatzeko egiten da, eta jarrera horrekin, kolektibo hori jazartzeko aurrekari bat irekitzen da.
Gaurkoan, Eibarko epaitegien aurrean gure elkartasuna adierazi nahi izan diogu kaleratutako langileari eta enpresak kaleratze honekin izan duen jarrera baztertzailea salatu dugu.
Gaur, ekainak 19, LAB, ELA CCOO eta UGT sindikatuok Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean bildu gara, kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmenaren negoziazioan patronalak duen jarrera salatzeko.
Kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik, enpresek argi eta garbi esan zuten ez zutela inolaz ere onartuko enpresei gastu ekonomikoa eragiten dien edozein planteamendu.
Gainera, azken bileran, enpresek ezezkoa eman zuten, baita lizentziak bezalako proposamen sozialekin ere, eta oso argi utzi zuten estatutuan jasota daudenak eguneratu besterik ez zutela egingo.
Sindikatuok ez dugu onartuko enpresek diru publikoa jasotzea eta langileen lan-baldintzak ez hobetzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur egun eskola publikoetako jangelak kudeatzeko duen ereduaren ondorio da hori. Pribatizazioa eta pribatizazio gehiago.
Hori esanda, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok langileen lan-baldintzak hobetzeko benetako negoziazioa exijitzen diegu kudeaketa zuzeneko hitzarmenaren mahaian parte hartzen duten enpresei.
Enpresa kooperatibista kataluniarrak Bizkaiko eta Arabako langileei soldata-baldintzak ez aplikatzea proposatu du, aste honetan Euskadiko gaixo eta istripua izan dutenentzako osasun-garraioko bigarren hitzarmena sinatu duen arren. EAEko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu gara egoera onartezina salatzeko eta bilera bat eskatzeko.
Hori gertatu den bitartean, elkarrizketak ematen ditu esanez enpresaren egoera ekonomiko penagarriaren arrazoiak direla absentismo handia, Lan Ikuskaritzak egindako gurutzada, eta sindikatuon partetik jazarria sentitzen dela.
Argi utzi behar dugu enpresa horrek (kooperatibista hasieran) hainbat alditan adierazi duela Bizkaian eta Araban zerbitzuak kudeatzeagatik lortutako mozkinen soberakinak, diru publikoarekin ordaintzen direnak, Kataluniara eramaten zituela, enpresa bertakoa delarik.
Enpresa horren kudeaketa txarra dela eta, atal sindikalek etengabe salaketak egin dituzte lan-ikuskaritzaren aurrean, eta hutsegite larri eta oso larri gisa ebazten dira, daagozkien isunekin. Horixe darabilte hitzarmena bazter uzteko justifikazio gisa.
Hala ere, gaur egun ez da negoziazio-mahaia eratu, enpresa-batzordeek eskatutako dokumentazioa ez baita entregatu.
Hitzarmenetik deslotzeko prozesu horrek, haien arabera, euskal lurraldeetako plantillei bakarrik eragingo lieke, eta ez langile guztiei, ezta kooperatibistei ere, herritarren diruarekin poltsikoa betetzen jarraituko baitute. Izan ere, enpresa horiek administrazioaren kontratuetatik bizi dira, nahiz eta kontratu pribatuak ere badituzten (IMQ, ASEPEYO, etab.).
Joan den astean, larrialdietakoa ez den zerbitzuko bi langile kaleratu zituzten, eta arduradunentzako sustapen-prozesuak ireki dira (5 lanpostu berri). Horrek harridura eta ondoeza eragin du plantilletan, zuzendaritza noraezean ari dela iruditzen baitzaigu, ezertxo ere ez konpontzeko.
Osasun Sailari dei egiten diogu bere eginkizuna bete dezan, enpresa honen jarraipena egin dezan, eta egoera horiek ez gertatzea bermatzeko neurri egokiak har ditzan, are gehiago kontratu publikoak dituzten enpresak errentagarriak izan behar badira haiek eskuratzeko.
Lan-baldintzetan hainbat aurrerapen jasotzen dituen akordioa lortuta, sindikatuan ildo horretan lanean segiko dugu.
Urteak dira LAB sindikatuan pribatizatutako zaintza sektoreko langileen funtsezko lanaren aitortza politiko, ekonomiko eta sozialaren alde borrokatzen dugula. Zaintza sistema publikoa ezinbestekoa da, langileen lan baldintzak hobetzeko eta egoiliarren arreta duintzeko. Pribatizatutako zaintzako langileek lan publikoa egiten dute, eta, ezinbestean, lan horren publifikazioaren alde borrokatu beharra dago, zaintza lanekin dagoen negoziarekin bukatzeko eta sistema publikoa indartzeko.
Bide horretan, Astigarragan, LAB buru izanda, etxez etxeko laguntzako eta tutoretzapeko edo babestutako etxeetako zerbitzuko langileen lehen lan hitzarmena sinatu dugu Arreta Zerbitzuak enpresarekin. Hobekuntzen artean, langile publikoekiko ekiparazioa dago; izan ere, zerbitzua publifikatzeko bidean, pribatizatutako langileen lan baldintzak publikoko langileen berdinak izatea dugu helburu LABen.
Besteak beste, hauek dira lortutako akordioaren atal batzuk:
– 2025. eta 2026. urteetan %20ko soldata igoera izango dute langileek
– 2027., 2028. eta 2029. urteetan KPI bermatua dago
– Formakuntzarako ordu ordainduak izango dituzte langileek
– Euskara ikasteko formakuntza lan ordu bezala konputatuko zaie
– Gaixotasun bajak lehen egunetik osagarrituko zaizkie
Euskal Herriko zerbitzu publikoak indartu eta pribatizazioari eta negozioari atea itxi behar zaie, pribatizatuta lan egiten duten langileak publifikatuz. Hori ezinbestekoa da zaintza sistema publiko komunitarioa sortzeari begira. Horregatik, Astigarragan nahiz Hego Euskal Herriko beste udalerrietan etxez etxeko laguntzako langileen publifikazioaren alde borrokatuko gara.
LABetik udal eta institutzioei dei egiten diegu zaintza zerbitzuak pribatizatzeari utz diezaioten, eta zaintza zerbitzu duinarekiko duten erantzukizuna beren gain har dezaten. Bestalde, gainontzeko sindikatuak interpelatzen ditugu, zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko elkarlana eta sinergiak ezinbestekoak izango direlako.
Gaur, ekainaren 18an, Cementos Rezola (Heilderberg Materials) enpresako zuzendaritzak bilera deitu du 56 langileri eragingo dien EEErako mahaia osatzeko, Añorgako planta deskarbonizatzeko aitzakiapean.
Izan ere, enpresak dio bereziki porlanaren lehen prozesua (clinker deritzona) egiteko ekoizpenak ez duela Europako legedia betetzen, eta hori aitzakiatzat hartuta 56 lanpostu kolokan jarri eta horietatik 15 Arrigorriagako lantokira pasa nahi dituela.
Enpresa batzordea planteamendu horren aurka azaldu da eta enpresari eskatu dio prozesua geldiarazi eta bertan behera utz dezala. Enpresaren helburua ez da deskarbonizazio prozesu bat abiatzea, Añorgako lana beste lan zentro batzuetara eramatea baizik. Horretaz gain, momentuz ez dago prozesu garden bat izango denaren bermerik, gaurko mahaiko bilera arte, langileek informazioa komunikabideen bidez soilik jaso baitute.
Enpresa batzordea ados dago deskarbonizazio prozesu bat egitearekin, beti ere benetakoa eta langileekin adostutakoa bada eta lanpostuen suntsiketarik ez badakar. Enpresak irabazi handiak ditu, eta lantokia egokitzeko erabil ditzake. Langileek ez dute onartuko aitzakia hori erabiltzea lanpostuak suntsitzeko.
Orain urtebeteko ekainaren 1ean LABek Akordio Laborala sinatu zuen INTERINOK sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.
Bada, hezkuntza publikoko kolektibo prekarizatu eta feminizatuetan Hezkuntza Saila luzamenduetan ibili da eta legegintzaldia bere konpromisoak bete gabe amaituko du. Batetik, aste honetarako deituko omen zituen Heziketa Bereziko eta Haurreskoletako mahai-negoziatzaileak atzeratzea erabaki du, eta bestetik, Sukalde eta Garbiketan lan-hitzarmen berria negoziatzeko zirriborroa aurkezteko konpromisoa ez du bete.
Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, urtarriletik maiatza bitarte negoziatzen ibili ondoren, maiatzaren 8an egin zen azken negoziazio mahaia. Bertan, aurkeztu zen azken zirriborro proposamenari sindikatuek beren iritzia helarazi eta azken ekarpenak egiteko data finkatu zen. Maiatzaren 22an bidali zizkien sindikatuek erantzunak gerenteari eta geroztik ez dute erantzunik jaso. Ordutik ia lau aste daramatzate Hezkuntza Sailaren erantzunaren zain, eta prozesua aste honetan bukatzeko mahai-negoziatzailea deitzeko eta sindikatuekin azken ekarpenak adosteko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak.
Heziketa Bereziko eta Sukalde eta Garbiketako negoziazioak berriz, irailean hasi ziren eta hainbat geldialdi izan dituzte; besteak beste, estabilizazio prozesuak tarteko. Hala ere, LABen iritziz bereziki irakasle funtzionarioen negoziazioek baldintzatu dute bi kolektibo hauetan aurrera ez egiteak eta ez zaie denbora berdina eskaini. Gainera, irakasle funtzionarioen kolektiboan sailak ez du borondate nahikorik izan mahai gainean eduki gehiago jarri eta sindikatuekin adostasunez lan-akordioa berritzeko. LABek askotan adierazi dio sailari langile kolektibo ezberdinetan batera egin beharreko negoziazioak zirela, edo bestela, kolektibo hauen lan-hitzarmen proposamenak lehenago jaso behar zituztela. Izan ere, lan-baldintza prekarioagoak dituzten langileak dira, eta hezitzaile aitortzarik gabeak, ahaztuak. Sukalde eta garbiketaren kasuan, gainera, ikusezin bihurtuak eta are prekarizatuagoak.
Heziketa Berezian ekainaren 13an izan zen azken negoziazio mahaia eta bertan azkenik lan-hitzarmen berriaren zirriborroa aurkeztu zitzaien sindikatuei, besteak beste, Hezkuntza Sailak LABekin akordio laboralean adosturikoa bertan txertatu delarik. Sindikatuek aste honetarako ekarpenak egin, adostasunak landu eta Hezkuntza Sail honek legegintzaldia bukatu aurretik mahaia deitzeko konpromisoa zuen. Alta, kasu honetan ere, Haurreskoletan bezalaxe, interes propioei erantzunez mahai-negoziatzailea ez deitzea erabaki du.
Bestetik, Sukalde eta Garbiketan irailetik maiatzera izandako negoziazioetan akordio partzial bat lortu da -lanpostuak estrukturalizatzeko prozesua jasotzen duena eta 60 urtetik gorako langileei osasunagatik lanaldiaren herena murrizteko neurria duena-, baina lan-hitzarmen berrirako proposamen integralik ez zaie aurkeztu oraingoz mahaian sindikatuei. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartua zuen aste honetan mahai-negoziatzailea deitu eta zirriborro osoa aurkeztearena, sindikatuek ekarpenak egin eta gainerako eremuetan bezala adostasunak lantzeko egutegia itxiz. Prozesu hau ere atzeratzea erabaki du sailak.
Hezkuntza Sailaren erabaki hauek akordio laboralaren kontrakoak dira. Hortaz, LAB sindikatuak mobilizatzeko erabakia hartu du, gaurko ekimenarekin batera beste mobilizazio batzuk egingo dituelarik.
Bukatzeko, osatuko den Gobernu berriari eta Hezkuntza Sail berriari zehazki, dei egiten dio Akordio Laboralean jasotako eta negoziazio mahaietan landu eta aurreratu diren edukietan sakontzen jarraitu eta eremu bakoitzeko hitzarmenen negoziazioaren alde egin dezan.
Ekaina amaitzen ari den honetan, Nafarroako 0-3 zikloko sindikatuok (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) pentsatzen dugu 2 urtekoen ikasgeletako proiektu pilotuaren inguruan ezinbesteko gaiak erantzun gabe daudela oraindik, kontratatuko diren sektoreko langileei zuzenean eragiten dietenak.
Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eta 0-3 zerbitzuaren utzikeria erabatekoa da. Gure ustez, plangintzarik eza eta, batez ere, langileekiko (kontratatutako pertsonak, ikastetxeetako zuzendaritzak) eta familiekiko erantzukizunik eza azpimarratu behar dira.
Berriz ere salatzekoa da Departamentu honen gardentasun eta informazio falta. Proiektu hori alde bakarretik ezarri dute zenbait eskolatan, eta abian jartzeko orduan langileak eta ikastetxeetako zuzendaritzak bakarrik uzten ari dira, ikasturtea ziurgabetasun handiarekin hasiko dutenak. Hala, sindikatuok proiektu pilotu honen jarraipen estua eginen dugu ziurtatzeko gauzak behar bezala egiten dituztela.
Iragan urtarrilean enpresa komiteak bere proposamena helarazi zuenetik 9 negoziazio bilera burutu izan dira, baina enpresak ez die erantzuten langileek proposatutako lan hobekuntzei, eta soldata igoeretan “ultimatuma” eman du.
Horren aurrean, progresiboki hainbat greba eta mobilizazio planteatu dituzte langileek: aurreko ostiralean, ekainak 14, egin zuten lehenengoa eta aste honetan jarraituko dute, 18an eta 19an ere kontzentrazioak egingo direlarik lantokiaren aurrean. Gatazkak jarraituko balu, lanuzteak planteatu dituzte ekainaren amaierarako, eta lanuzte gehiago nahiz egun osoko grebak uztailerako.
Iragan ortziralean Nafarroako Estatistika Institutuak Etxebizitza alokatzeari buruzko estatistika argitaratu zuen. LAB sindikatuaren iritziz, ikerketa horrek berresten du merkatuak ez duela alokairuaren prezioa behar bezala erregulatzen eta premiazkoa dela lege eta administrazio neurriak hartzea. Azterlan horren arabera, alokairuaren hileko batez bertzeko prezioa 541,6 eurokoa da, baina azterketak berak onartzen du datu horrek ez duela islatzen alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko prezio erreala, etxebizitza librearen prezioa askoz ere garestiagoa baita.
Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratu duen azterlanak kontuan hartu ditu, hileko batez bertzeko prezioaren kalkulua egiterakoan, duela urte batzuk sinatutako kontratuen prezioa eta alokairuko etxebizitza babestuaren kostua. Baina gauza jakina da, eta azterlanak berak aitortzen du, etxebizitza librearen alokairuaren prezioa hagitzez ere garestiagoa dela, eta Nafarroako soldatapeko gehienendako eskuraezin bihurtzeraino iristen dela, soldata erdia baino gehiago bideratu behar baitu etxebizitza bat eskuratzeko.
LABeko kideok salatu nahi dugu gaur egun langile klasearen soldata sarrerei eraso onartezin bat egiten ari zaiela, haien pobretze prozesua azkartzen duena. Ildo horretan, gogorarazi behar da soldatak KPIaren azpitik hazten ari direla, baina oraindik ez dutela mugatu alokairuen prezioaren igoera progresiboa (aurreko urtean baino %6 gehiago).
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskatzen diegu, herritar guztiei etxebizitza duina izateko eskubidea bermatze aldera, ez dezatela gehiago gibelatu erabaki politikoak hartzeko unea. Erregulazio handiagoa eta bultzada publiko handiagoa nahitaezkoak dira higiezinen lobbyari aurre egiteko, gure lurraldean alokairuaren kostu lotsagabeari aurre egiteko.