2026-04-21
Blog Page 121

Salatzen dugu bere “irteera ordenatua” langileen soldataren kontura egin nahi duela La Pauk

Anbulantzia zerbitzua publiko bihurtzea da egoeraren konponbidea.

LAB sindikatutik anbulantzien sektoreak EAEn bizi duen egoera jasanezina salatzen dugu berriro. Aspalditik diogun bezala, kudeaketa pribatua, Eusko Jaurlaritzak bermatu eta defendatzen duena, porrota izan da. Horren adibide argia Araban eta Bizkaian bizi duten egoeran islatzen da; izan ere, gestioa daukan La Pau enpresak ez ordaintzeak metatzen jarraitzen du, langileen eskubideak urratu eta zerbitzua modu duin batean emateari utziz. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratzen jarraitzen du, egoerak erritmo kezkagarrian okerrera egiten duen bitartean.

Gaur egun, Araba eta Bizkaiko anbulantzietako langileek ez dute kobratu ez urriko nomina ezta udako aparteko ordainsariaren %75 ere, berogailurik gabeko baseetan daude lanean, askotan uniforme egokirik gabe, atsedenak errespetatzen ez dituzten egutegiak jaso berri dituzte, eta abar luze bat. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna La Pauren “irteera ordenatua” iragartzea izan da, prozesua zorrik gabekoa izango zela esanez. Hala ere, errealitatea guztiz kontrakoa da: ez dago kobratzeko aurreikuspenik, ez zaigu eman beharreko urratsen berri, eta egunetik egunera arazoak eta zalantzak areagotu egiten dira. Langileak etsita daude, akituta, kolapsoaren atarian… langile horiek dira biziak salbatu behar dituztenak, gaixoak artatu behar dituztenak, laguntza psikologikoa eman behar dutenak… Eta haiek nork zaintzen ditu?

Azpimarratu nahi dugu herritar guztioi eragiten digula arazoak, ezohikoak izan behar diren egoerak ohikoak bihurtu dituztelako, iristen ez den anbulantzia bati itxaroten egotea edo tratamendua behar duten pertsonek arreta jasotzeko aukera arriskuan ikustea. Beraz, badirudi langileen eta herritarren ongizatea ez zaiela axola kalitatezko zerbitzua bermatu beharko luketenei.

LABetik premiazko irtenbideak eskatzen ditugu, eta bilera bat eskatu dugu Osasun sailburuarekin egoera kritiko horri aurre egiteko, baina oraingoz gure eskaerak ez dira kontuan hartu, eta agerian geratu da gobernuak ez duela arazoa konpontzeko interes handirik.

LAB sindikatuak, sektorea duintzeko konpromiso irmoan, anbulantzien zerbitzua publiko egitea eskatzen du, eredu pribatu horrek prekaritatea eta lan baldintzak okertzea besterik ez duelako ekarri. Bitartean, herritarrok eta langileok Eusko Jaurlaritzaren erantzukizunik ezaren eta beraiek sortutako arazo bati aurre egiteari uko egitearen prezioa ordaintzen dugu. Egoerak benetako aldaketak eskatzen ditu, ez aldi baterako partxeak, ezta promesa hutsak ere. LABetik etengabe eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzari krisi honetan duen erantzukizuna bere gain hartzeko eta azpikontratazioaren huts egindako eredua bertan behera uzteko.

Bilera egin dugu Jehad Rashid palestinarrarekin

Jehad Rashid psikiatra palestinarra Euskal Herrian dago egunotan. Gaur bilera egin du Koldo Saenz sindikatuko Nazioarteko arduradunarekin eta Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearekin. Bileran, Palestinako egoeraren inguruan sakontzeko aukera izan dute.

Era berean, LABeko kideek “Euskal langile mugimenduaren 50 urte, 50 mugarri” argazkiaren liburuaren ale bat eta sindikatuaren 50. urteurrenaren Zabaltzen artelanaren lamina bat oparitu dizkiote.

Bileraren ondoren, solasaldia egin dute LABeko Bilboko egoitzara gerturatu diren militanteekin.

Ibilbide luzeko militantea

Espainiako Estatuan aliantza politikoen arduraduna izan da urte askotan Rashid. Espainiako Palestinar Komunitaterako lehen presidente hautatua izan zen1987an. Palestinako Kontseilu Nazionaleko kide ohia. ASECOP Palestinarekiko Lankidetzarako Europako Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundearen sorreran parte hartu zuen duela 23 urte, eta gaur egun bere presidentea da. Elkarte hau herri palestinarrarekiko elkartasun-kanal bat eraikitzeko helburuarekin sortu zen.

Cebek patronalari Bizkaiko grafikagintzako negoziazioak blokeatzeari uzteko exijitu dugu sektoreko azken greba egunean

Gaurko greba egunak ere jarraipen zabala izan du, eta espero dugu Cebekek ulertzea sektorearentzat hitzarmen duin bat adosteko garaia dela. Bilbon egin dugu manifestazioa, SPRIren egoitzatik Cebek Bizkaiko patronalaren egoitzaraino.

Urriaren 29an greba ziklo berri bat hasi zen sektorean, Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin. Grebak urriaren 29, 30ean, 31n eta azaroaren 4an eta 5ean egin dira. Jarraipena garrantzitsua izan da, eta sektoreko enpresa erreferentzialek ekoizpena geldirik izan dute, edo oso mugatua izan da.

Gaur izan da greba-ziklo honetako azken eguna (guztira 12 egun dira apiriletik), mobilizazioak Trapagarango Imprenta Garcinuño enpresan egin dira goizean goizetik, eta Bilbon ondoren. Eguna amaitzeko, manifestazio jendetsua egin da Bilboko kaleetan zehar, Cebek patronalaren egoitzaren aurrean amaitu dena.

Sektoreko langileekin batera hitzarmena berreskuratzea exijitu dugu, erosteko ahalmena bermatuta, aplikatzeko bermeekin, eta beste hobekuntza batzuekin. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen (patronalak faltsuki adierazi nahi duen bezala), baizik eta bidezkoa den zerbait sektore batentzat, non sektoreko enpresa askok sustatutako prekaritatea urte gehiegi pairatu behar izan duten langileek.

Bada garaia Cebekek eta sektoreko enpresa garrantzitsuek, hala nola Grafo, Biolid, Imprentas Garcinuño eta beste batzuek, benetan eduki egokiak mahai gainean jartzeko, sektoreko hitzarmen duina adosteko helburuarekin. Aurrekoa gertatzen ez bada, langileek argi dute borroka izango dela, berriz ere, beraien helburuak lortzeko bidea.

Kontratu gehiago sinatu arren, baldintzak kaskarragoak dira

Langabeziak eta afiliazioak gora egin dute urrian.

2024. urteko urrian 138.585 langabe zeuden Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 977 langabe gehiago eta pasa den urteko urrian baino 1.060 gutxiago. Langabeen %58,58a emakumea* da.

Azken hilabetean gizonen artean langabeziak gora egin duen bitartean, emakumeen* artean 1.103 langabe gutxiago daude. Emakumeen* artean gora egin duena aldizkako kontratazio finkoa da, 9.817 aldizkako kontratu finko gehiago baitaude emakumeen* artean azken hilabetean. Izan ere, Espainiako Estatuko azken lan erreformak aldizkako prekaritatea handitzen duen kontratazio mota hau sustatzen du, bereziki sektore feminizatuetan ematen dena.

25 urtetik beherakoen artean, aldiz, langabezia igo egin da azken urtean (%4,24) zein hilabetean. Langile migratuen artean ere langabeziak gora egin du azken urtean (863 langile migratu gehiago daude langabezia egoeran) zein hilabetean (783 langabetu gehiago, eta eraikuntza sektorean lan egiten duten migratuen langabezia soilik jaitsi da). Aipagarria da langile migratuen langabezia zerbitzu sektorean eta aurreko enplegurik gabekoen artean hazi izana.

Beste behin ere, langabeziak gora egin du aurreko enplegurik gabekoen artean azken urtean, eta erregistratutako langabeen %12,55a dira dagoeneko. Azken urtean sektore guztietan langabeziak behera egin duen bitartean, aurreko enplegurik gabekoen artean gora egin du, %3,79.

Aurreko urtean baino 12.017 kontratu gehiago sinatu dira urrian, sinatutako kontratuen %76,26a behin behinekoak izanik. Era berean, urrian zehar sinatu diren kontratuen artean, pasa den urteko urritik kontratu mugagabeen kopuruak %4,30 gora egin duen bitartean, behin behinekoek %15,24 egin dute gora.

Lan baldintzen prekarizazio prozesuaren beste adierazle bat azken urtean sortutako afiliazioaren %84,31a zerbitzu sektorean sortu izana da, non lan baldintza prekarioak nagusitzen diren. Azken urtean, afiliazioak gora egin du sektore guztietan, bereziki zerbitzu sektorean (12.632 lanpostu sortu dira, industrian 1.662 besterik sortu ez diren bitartean).

Egoera zaurgarrian dauden kolektiboek pairatzen dituzte lan baldintza kaskarrenak, lan merkatuak egiten dien eskaintzan prekaritatea zein ezegonkortasuna kronifikatuz. Era berean, lan merkatuak ere lehenik kaleratzen ditu kolektibo hauek, bizitza bera prekarizatuz, kalitatezko bizi proiektu egonkor baterako bidea zangotrabatuz. Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko du.

Mobilizazio zaratatsu batekin aldarrikatu dugu Euskal Trenbide Sareko hitzarmena

Bilboko Albia eraikinaren parean egin dugu mobilizazioa, Euskal Trenbide Sareko egoitzaren aurrean.

Otsailean, negoziaketa luze eta gogor baten ondoren LAB, CCOO, UGT eta Euskal Trenbide Sarearen zuzendaritzak 2022-2023-2024 urteerarako hitzarmena sinatu zuten. Zortzi hilabete igaro dira eta oraindik administrazio publikoak hitzarmena onartzeko zain gaude.

Bi hilabete falta dira soilik urtea bukatzeko eta hitzarmenaren iraungitze datara iristeko. Egoera larri hau salatzeko mobilizatzen ari den sindikatu bakar bezala, LABek elkarretaratze zaratatsua egin du gaur Euskal Trenbide Sareak Bilboko Albia eraikinean dituen bulego nagusien aurrean.

Michelinek langileekin jolasten jarraitzen du

Enpresak ukatu egiten die lanpostua gordeta duten eszedentzia-egoeran dauden langileei lanera itzultzea.

LABetik salatu nahi dugu Michelinek enplegua suntsitzeko beste modu bat aurkitu duela. Duela hilabete batzuk salatu genuen enpresa zigor-politika basatia aplikatzen ari zela, eta 6 hilabete atzerako epean aurreko urte guztietan baino zigor gehiago eta larriagoak jarri zituela eta kaleratze gehiago egin zituela. Praktika horien azken adibidea duela aste gutxi izan genuen. Enpresak bidegabetzat aitortu zuen iaz zigor oso larria jaso zuen langile bat kaleratu izana, epaiketan beste langile baten lekuko gisa deklaratu ondoren. Azken langile hori ere kaleratu egin zuten aurretik zigor baten ondorioz.

Orain, eta koska bat gehiago estutuz, akordioz lanpostua gordeta duten eta esperientziadun langileak berriro ere haien lanera itzultzea eragozten ari da Michelin, eta hauek kalean ikusten dute euren burua lanera bueltatzea tokatzen zaienean. Pertsona horiek akordioan jasotako aurreabisua betetzen dute, hau da, lanera itzuli baino 3 hilabete lehenago jakinarazten diote enpresari itzultzeko asmoa, baina enpresak ez du ezer egiten egun gutxi batzuk lehenago arte, horrek sortzen duen segurtasun faltarekin. Gainera, lanera itzultzea eskatzen duten langileak jasotzen ari diren erantzuna izaten da beren lanpostua jada ez da existitzen, eta enpresarekin duten harremana iraungita geratzen dela esaten diete. Horrela, besterik gabe. Michelinera itzultzeko lan bat utzi beharrean egon zaitezke, eta lanera itzultzeko bi egun falta direnean, kalean uzten zaituzte, auzitara eramatera behartuz.

Baina udaren ondoren, enpresak dinamika are ankerragoari ekin dio. Hain zuzen ere, 80ko hamarkadan Michelinen sartu zen langile bat, ia 40 urte bertan lanean daramatzana eta bere ama alarguna zaintzeko urtebeteko eszedentzia eskatu behar izan duena (bera seme bakarra izanda), Aranda de Duerora bidali nahi izan dute, etxetik 200 kilometro baino gehiagora. Okerrena da, pertsona horrek lanera itzultzea ekainean eskatu arren, enpresak epea amaitu baino 4 egun lehenago erantzun ziola lekuz aldatu zutela. 200 kilometrora joan behar izateak dakarren guztiarekin, adineko ama gaixo izanda, eta 4 egun falta direnean, inolako aukerarik gabe. Zer errespetu klase da hau pertsonekiko? Non dago PEOPLE ardatza? Hori da enpresan hamarkadak lanean daramatzan pertsona batek merezi duena?

Michelin enpresa eredugarriaren irudia ematen saiatzen da. Baina horren guztiaren atzean multinazional bat dago bere aberastasuna sortzen duten pertsonak zaintzen ez dituena, zenbaki huts gisa tratatzen dituena, erabili eta botatzeko trapu gisa.

Osakidetzako zuzendaritza eta Deloitte enpresa kaos egoera batera eramaten ari dira kontratazioa

Osakidetzak aurreikusia zuen uda aurretik kontratazio zerrenden eguneraketa eta milaka lagunen integrazioa egitea. Gai honen kudeaketan izandako atzerapenen ondotik, mahai sektorialetan kasurik egin gabe jarraitzen dute.

Azaroan sartu gara eta oraindik ez da egin ez integrazio eta ez eguneraketarik. Hau gutxi balitz, Deloitte enpresaren eskutik martxan jarri den aplikazioa arazo larriak sortzen ari da kontratazioa kudeatzeko orduan akats garrantzitsuak gertatzen ari direlarik.

Kontratazioaz arduratzen diren langileak egoera onartezinean daude, aplikazioak sortzen dituen etengabeko akatsen ondorioz. Etsipena da momentu hauetan Osakidetzako kontratazio departamentu guztietan gailentzen den sentsazioa.

Gogorarazi nahiko genuke Deloitte aholkularitza enpresa 4 milioi euroko isuna ordaintzera zigortu zuela Konpetentzia eta Merkatuen Batzorde Nazionalak kontratuak manipulatzeagatik.

Zerrendan dauden pertsonak saltatzea, libre bezala ageri diren pertsonak eta kontratua dutenak eta alderantziz, aplikazioaren mantsotasuna… Behin-behinekotasun handiena duen eta EAEko enpresa handiena den Osakidetzaren kontratazioa kudeatu behar duen kontratazio zerbitzua sortzen ari den kaos egoera islatzen duten arazoen adibide batzuk besterik ez dira aipatutakoak.

Osakidetzako Zuzendaritzak denbora gehiegi darama bere ardurak oso kudeaketa txarra egiten dutenen esku uzten; praktika ilegalen ondorioz isunak jaso dituzten aholkularitza enpresak, langileen eskubideak urratzen edota legeak urratzen dituztenak, bateraezintasun legearekin ikusi dugun moduan Larrialdietan edo zerbitzu publikoen kudeaketan eta koordinazioan karguak dituzten pertsona batzuekin gertatzen den bezala …

LABek bere eginbideetan eta jokabidean arreta jar dezan eskatzen dio Osakidetzari, eta baita erakundea indar dezala ere, bere gain hartuz momentu honetan gaitasunik ez duten enpresek egiten dituzten lanak. Enpresa hauek ez dituzte ezagutzen ez Osakidetzaren izaera ez beharrak, eta interes orokorrarekin zerikusi gutxi duten interesen arabera jokatzen dute.

Gauzak horrela, egiten diren kontratazioen aurrean adi egoteko eskatzeko diegu langileei, kasu askotan ez baitute legedia betetzen, horren ardura duen pertsonala programa informatikoaren gabeziak kudeatzen saiatzen ari den arren.

Energetikei ezarritako behin-behineko zerga ezabatzeak Hego Euskal Herrian inbertsio publikoetarako 93 milioi gutxiago izatea dakar

Oligopolio energetikoa irabazi historikoak izaten ari da, eta aberastasunaren birbanaketa bilatzen duten neurriak hartu beharrean, EAJk Josu Jon Imazek eskatutakoa betearazteko lan egin du. LABen ustez, funtsezkoa da oligopolio energetikoari ezarritako zerga hau behin betikoa bilakatzea.

EAJ presaka atera da berri hau ematera, eta nahiz eta aipatu duten “kanpoko faktoreen” ondoriozko erabakia dela, azken asteetan Pradalesek edo Ortuzarrek egindako adierazpenek argi uzten dute zein den EAJren posizioa, Iberdrola eta Petronorren (EAJren ate birakarien) mendekoa erabat. Ignacio Sanchez Galan eta Josu Jon Imazek agindutako norabideari men egitea erabaki dute.

Aldi berean ezagutu dugu EAE eta Nafarroako Ogasun Foralek multinazionalei eta bankari ezarritako zergak jaso eta arautzeko akordioa, eta EAJ eta PSEk oraindik ezezaguna den fiskalitateari buruzko akordioa erdietsi dutela. Presaka eta informazio gehiegirik eman gabe dabiltza EAJ eta PSE, baina pandemiatik hona emandako eztabaida fiskalei erreparatuz, agerikoa da EAJ eta PSEk osaturiko gobernuek izan duten posizioa. Eskumenak aldarrikatu izan dituztenean zein bertako Ogasunen esku daudenen erabileran oligopolio energetikoek, bankak, multinazionalek eta kapital errentek gutxiago ordain dezaten ekin dute. LABek hemen erabakitzea nahi du, bai, baina langileon aldeko fiskalitate justu eta progresiboa ezartzeko.

Hego Euskal Herrian fiskalitateari buruzko eztabaida irekita dago. Fiskalitatea aberastasunaren bidezko banaketa lortzeko funtsezko tresna da, baina horretarako aberatsak eta kapital errentak zergapetu behar dira. Egun, langileok gara gure lan errenten bitartez zerga-bilketan ekarpen nagusia egiten dugunak. Sindikatutik Ikusmiran-en 15. zenbakian aztertu genuen legez, egungo zerga sistema patronalaren neurrira egina dago eta zerbitzu publikoak garatzeko – osasungintza, hezkuntza, zaintza edota etxebizitzaren eremuan – zein trantsizio ekosozialak eskatzen duen lidergo publikorako, sakoneko aldaketa beharrezkoa da: progresibitatea handituko duen zerga-erreforma, aberatsek ordain dezaten. Lehentasunez hiru gako azpimarratzen ditugu: PFEZn tasa tipo bakarra kapitala eta lan errententzat eta gehienezko tipoa %60ra igo behar da, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kenkari eta pizgarri fiskal guztiak ezabatu eta %35eko tipo nominala ezarri behar da, eta kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa egin behar zaie.

Nafarroako Gobernuak Lan Osasunaren Kontseiluari helaraziko dio LABen proposamena, lan osasunaren prebentzioan indarkeria matxista arrisku gisa sartzeko

Bere garaian Osalan EAEko Laneko Segurtasun eta Osasun Zerbitzuarekin egin bezala, gaur goizean LAB sindikatuko ordezkariak Iruñean batzartu dira lan osasunaren arloan ardurak dituzten Nafarroako Gobernuko kideekin, lan osasunaren prebentzio sisteman indarkeria matxista emakumeentzako* arrisku espezifiko gisa sartzea proposatzeko, lantokietan ere gertatzen den errealitatea baita. Bileran, gobernuko arduradunek proposamena jaso dute, eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluari helarazteko konpromisoa hartu dute.

Erasoen aitzinean protokolo bat ezartzeaz harago, erasoa bera eragozteko prebentzio sistema neurgarri bat ezartzeko eskatu du LABek. Sindikatu honen iritziz, indarkeria matxistaren eragina identifikatu, aitortu eta aintzat hartu behar da prebentzioa, arriskuen ebaluazioa eta babes neurriak lantzerakoan. Hala azaldu diote gaur LABeko arduradunek Iñaki Mendioroz Ekonomia Sozial eta Laneko zuzendari nagusi eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluko lehendakariari, eta hark erantzun du proposamen hori aipatutako kontseiluari helaraziko diola.

LABek proposatu du indarkeria matxista prebentzio planetan sartzea eta gaiari heltzea, lan munduan prebentzioa nola landuko den zehazteko. Lan munduan indarkeria matxistaren prebentzioa ezin baita borondate kontua izan, legezko betebeharra baizik, eta modu integral eta sistematikoan heldu behar zaio, dagoeneko existitzen den prebentzio sisteman sartzeko.

LABendako, lantokiak indarkeria matxistarik gabeko espazio seguru bihurtzeko exijentzia lan sindikalaren ardatzetako bat da, eta fenomeno horrek lan osasunean eta prebentzio neurrietan duen eragina kontuan hartu behar da. Indarkeria matxista sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna nagusietako bat da, emakumeak* eta genero identitate disidenteak zapalduta mantentzeko. Lan munduan etengabea da indarkeria hori, eta emakumeak* babesik gabe aurkitzen dira, anitzetan bertze zapalkuntza batzuekin eta prekaritatearekin gurutzatzen delako.

Lanpostuetako arriskuen ebaluazioak indarkeria matxista jaso behar du emakumeentzako* arrisku gisa, bai enpresa barnean gertatzen bada, bai kanpoan gertatzen bada. Baina, lehenik eta behin, nola egin zehaztu behar da, hau da, nola neurtu, detektatu eta neurriak hartu, eta horretarako, LABen iritziz, sistema oso bat artikulatu behar da:

  • Prebentzioaren arloan: arriskuak ebaluatzea eta lehentasunak ezartzea. Informazioa eta prestakuntza sartzea; enpresetan sentsibilizazio eta prestakuntza planak definitzea. Agerikoa da faktore psikosozialak rol garrantzitsua jokatzen duela eraso matxisten esparruan eta haien eraginean, eta, beraz, faktore psikosozialak ere kontuan hartu behar dira prebentziorako atal berezi batean.
  • Aplikatu beharreko babes neurriak zehaztuz: beharrezkoa da indarkeria matxistaren aurkako protokolo eraginkorrak garatzea.
  • Enpresak eskaini behar duen osasun zaintzako zerbitzuaren bidez langileen osasuna urtero ikuskatzean, indarkeria matxistaren kasuak edo zantzuak ikertzeko behar diren baliabideak integratu beharko dira.
  • Proposamen horren ondorioz, beharrezkoa da administrazioko ikuskatzaileek prestakuntza izatea, eta, bertzeak bertze, prestakuntza espezifikoa izatea prebentzio delegatuei eskaintzen zaizkien ikastaroetan. Jakina, behar horri aurre egiteko lan ikuskaritzak egitura propio eta espezializatua behar du.