2026-04-23
Blog Page 120

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Metro Bilbaoko LAB sindikatuak salatzen du “Zuzendaritzako laguntzailea” hautatzeko azken prozesuan Amaia Artetxe Barkin sartu dela erakundera.

20 urte luzez hutsik egon den tokira ekarri dute, lehenago zuzenean Gerentziaren pean zegoen eta orain iaz sortutako Komunikazioaren eta Markaren Garapenaren Zuzendaritzan kokatu dute.

Zuzendaritza berria sortu izanak eta erakunde publikoetatik datozen pertsonekin pisu handiagoa emateak, Eneko Arruebarrena Elizondo zuzendari gerenteak, 2013an Leioako alkatetza utzi eta metrora etorriak, komunikazioak gehiago kontrolatu behar edo nahi duela adierazten du, LABen ustez.

Arruebarrenaren agintaldian, 2023ko udan, zuzendaritzako bi kidek erretiroa hartu, haien eginkizunak beste zuzendari batzuen artean banatu eta bi zuzendaritza berri sortu ziren: Bezeroak eta Gizarte Berrikuntza, eta Komunikazioa eta Markaren Garapena. Bigarren horretara Estibaliz Ortiz Tinoco ekarri zuten Bizkaiko Foru Aldunditik.

Komunikazioen esparruan gehitutako langile horiei lehendik 2022ko urrian Santurtziko udaletik zetorren komunikazio-teknikari bat sartu zen metrora.

Azkenik, aste honetan Zuzendaritzako laguntzailea lanean hasiko zela iragarri da, Amaia Artetxe Barkin, Bizkaiko Foru Aldunditik bera ere. Gainera, jakin dugunez, hautatze-prozesuaren amaierara heldu diren beste bi hautagaik ere harreman edo laguntasunen bat dute Gerentziarekin.

Garrantzitsua da gogoratzea Zuzendaritzako laguntzaile postu hori beren beregi sortu zela 2000n, Ibone Bengoetxea Otaolea oraingo Lehen Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuarentzat, eta hutsik zegoela 2003tik, Metro Bilbaotik Bilboko Udaleko zinegotzi postura joan zenetik azken 21 urteotan.

LAB sindikatuak salatzen dugu “neurrirako” hautatze-prozesu hauek sortu izana, gerentearen gertuko pertsonak sartzea errazten dutelako eta, gainera, berehala ekarri eta probaldi laburren ostean Metro Bilbaoko langile finko bihurtzen dituztelako. Aldiz, lehen lerroko langileak (makinistak, geltokietakoak, mantentze-lanetakoak…) behin-behineko kontratuekin egoten dira laupabost urte, batez beste, lanposturen bat behin betiko hartzea lortzen duten arte.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Berako San Jose zahar etxearen patronatuaren asmo murriztaileen berri iragan urtearen bukaeran izan zuen LABek ‒Enpresa Batzordeko hiru delegatuak bereak dira‒. Izan ere, patronatuak indarrean zegoen hitzarmena salatu zuen hitzarmenaren negoziazio-mahaia irekitzeko. Eta negoziazioa irekitzearekin batera, zenbait murrizketa ezarri zituen aldebakarrez: aplikatu beharreko soldata igoerak (KPIaren eguneratzea) aplikatzeari utzi zion; egutegian markaturiko jaiegunen harira langileek urte luzez kobratu izan duten plusa kendu zuen; bajan egoteagatik kobratu beharreko osagarria murriztu zuen; eta urtean zituzten bortz egun pertsonalak berreskuratuarazi zizkien.

Murrizketa horien aitzinean, elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera azaldu izan du beti LABek, eta negoziazio mahaian murrizketa horiekiko bere desadostasuna agertu zuen. Udan, patronatuak KPIren eguneratzea aplikatu zuen, langile bakoitzaren erreklamazioaren ondorioz. Baina ez du bertze hiru murrizketetan gibelera egin.

Zaintza pertsona guztiak zeharkatzen dituen gaia izanik, LABek ezin du onartu egoera ekonomiko zehatz bat konpondu nahi izatea sektore feminizatu hau prekarizatzeko neurriak hartuz. Langileen lan baldintzetan gibelera egiten ari da patronatua, hitzarmenean jasota dauden eskubideak urratzen ari baita.

Horregatik guztiagatik, langileek sinadura bilketa abiatu dute, Berako herritarrei zuzendua, patronatuari murrizketak alde batera utz ditzan exijitzeko. Eta ez badu egiten, langileek mobilizatzen jarraituko dute, ez baitute inongo eskubide urraketarik onartuko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek greba eguna izan dute gaur, baldintza duinen eta benetako negoziazioaren alde

Goizean, mobilizazio bana egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta Tuteran, Foruen plazan. Arratsaldean ere mobilizatuko dira, Iruñean, Diputaziotik abiatuta, 18:00etan.

Jose Paulos LABeko ordezkariak negoziazio prozesua irekitzea eskatu du, Hezkuntza Sailak aurreko legealdiaren hasieran bertan behera utzi zuena. Gainera, hezkuntza-laguntzako espezialisten lan-baldintzak hobetzea eskatu du, baita hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntza emateko baldintzak ere.

“Hemen, zoritxarrez, esan behar dugu Nafarroako gizarteari etengabe hitz egiten zaiola inklusioaz eta engainatzen ari direla, ikasle horiekiko hezkuntza-esku-hartzean atzerakada bat dagoelako. Hain da horrela, ezen praktikan ez baita aurreikusten ez koordinaziorik, ez saioen eta materialen prestaketarik, ezta talde-lanik ere, eta horrela, ezinezkoa da inklusioan aurrera egitea”, adierazi du Paulosek.

Larunbatean hildako langilearen heriotza salatu dugu Bilbon, istripua izan zuen lekuan

Azaroaren 9an, 55 urteko G.V.M. langile autonomoa hil zen Bilboko Plaza Zirkularrean, kristalak garbitzen ari zenean 3 metroko altueratik erori ondoren. Gaur, mobilizazioa egin dugu bertan LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok, patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituztela ozen salatzeko.

Azaroaren 8tik hona, hiru langile hil dira Euskal Herrian, eta urte hasieratik, gutxienez 54. Azaroaren 11n, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Azken heriotza hau salatzeko mobilizazioa egingo dugu bihar, azaroaren 15ean, Donostian. 12:00etan izango da, Gizarte Segurantzaren aurrean, Loiolako Erriberetan.

LABek etxeko langileen lan-denboraren erregistroa arautzeko beharra azpimarratu du

Erregimen bereziak eta araudi osagarriak ez diote behar honi erantzuten.

Etxeko langileek lanaldiaren erregistrorik ez izateak erakusten du instituzioek bertan behera utzia dutela kolektibo hau, eta betetzeari uko egitea sektoreko langileak jasaten ari diren esklabotza justifikatzen jarraitzea da.

Harrigarria da eskubideak eskatzea oraindik ere bide luzea eta zaila dela dioten albisteekin topo egitea. Autonomia erkidegoa eta demandak jartzen diren epaitegiak edozein izanda ere, erantzuna beti da berdina: etxeko enpleguari eta, ondorioz, haren salbuespenezko harremanei ematen zaien izaera berezia.

Gai honekin lotutako azken albistea Galiziatik iritsi bazitzaigun ere, egoera berdina da etxeko enpleguan ari diren emakumeentzat* Espainiako estatu osoan zehar, Hego Euskal Herria barne, batez ere barne-erregimenean daudenentzat, egunez egun lan-eskubideak urratzen zaizkielako eta bizi-kalitatea gero eta mugatuagoa dutelako.

Lan-denboraren erregistro horren garrantzia da benetako lanaldiak, lan-denborak eta dagozkien atsedenaldiak erakusteko balio duela.

Hala eta guztiz ere, familia-etxeak enplegu-zentrotzat hartzen denean balio ez duela esatea emakume* langile hauek sexuagatik diskriminatzen dituen debeku bati eustea da, etxeko enpleguaren % 95 emakumeek* egiten baitute. Gizon guztiek eskubide hori bermatuta duten bezala, sektore horretan dauden ari diren emakumeek* ez dute horrelakorik.

Duela gutxi, Zainketa eta Laguntzaren Nazioarteko Eguna eta, bestetik, Zaintzaileen Eguna ospatu izan badira ere, interesatzen ez den zerbait da etxeko enpleguari dagokionez eta hainbeste emakumek* lan hori egiteko baldintzak hobetzeari dagokionez, hauek gero eta prekarioagoak baitira. Hori guztia, oraindik ere zentzurik ez duen egoera batera baztertzen direlako.

Zer du sektore honek berezia, etxeko zerbitzuko langileen zereginak barnebiltzen baditu? Zer egiten du enplegu horrek beste hainbatetatik desberdin, zeintzuetan enplegatzaileek baduten lanaldiaren erregistrorako baliabideak ematearen betebeharra?

Enplegu horrek ez du erregulazio sendorik, hala nola, lan ikuskaritza eraginkorra etxeetan, ezta hitzarmen kolektibo propiorik, gaua igarotzeari eta presentzia-ordu ospetsuei buruz emandako erantzun urrietatik ihes egiten duten egoerak arautuko dituena. Izan ere, askotan, lan egiteko ordu efektiboak izaten dira presentzia orduak.

Ematen du agintariek ez dakitela beren kudeaketa eta borondate politiko faltak langile horien bizitzei eta lan-baldintzei egindako gehiegikerien erantzule egiten dituela. Galiziakoa bezalako epaiek berretsi egiten dute instituzioen utzikeria, gaizki deitutako funtsezko enpleguaren gutxiespena eta inplikatutako ministerioek barne erregimeneko etxeko langileak esklabotzaren adierazpen gordinenera kondenatzeko ahalegina.

Hori guztia dela eta, argi dago etxeko enpleguak lan-harremanen esparru propioa behar dela, lan-baldintzak babestu eta bermatuko dituen erregulazioa behar dela, eta hitzarmen kolektibo bat aplikatu behar dela, familia-eremuko lanaren berezko eskakizunak jasoko dituena, eta ez Errege Dekretu bat, bere aplikazioan hari-mutur asko uzten dituena.

Asanblada irekia Iruñean

Honetaz gain, etxeko langileak antolatzen dihardu LAB. Horrela, Bilbon, asanblada irekiak antolatzen ditu hilero. Eta Nafarroan ere ekin dio lan horri. Horrela, azaroaren 16an, 16:00etan asanblada irekia egingo dugu bere egoitzan, Arga ibaia kaleko 12-14an. Helburua, langileak elkartu eta euren eskubideen inguruan ikastea (paperak, kontratuak, oporrak, aparteko pagak, barruko lanaren egoera…).

Hitzarmen duina aldarrikatu dugu Arabako ostalaritzarako

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, SEA patronalaren egoitzaren aurrean.

Urtebete inguru igaro da Arabako ostalaritzako hitzarmenaren negoziazioa blokeatu zela “azken proposamen” gisa definitutako patronalaren azken proposamenarekin. Hau ez zen nahikoa, sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen okertzen baitzituen.

Geldialdi horren ondoren, duela aste batzuk negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuak bildu ginen hitzarmenari irtenbide bat emateko eta patronala negoziatzera behartzeko. LABek mobilizazioen egutegi bat adostea proposatu zuen sindikatuok aurkeztutako plataformak moldatu gabe. LABek elkarrekin mobilizatzeko proposamen hau mahai gainera behin baino gehiagotan eraman ostean, ELAk, CCOOk eta UGTek plataforma bateratu bat aurkeztea erabaki zuten. Plataforma horretan hiru puntu baino ez dituzte jaso: soldata (KPI), pisuko zerbitzariak eta rider-ak hitzarmenean barnebiltzea eta lanaldi-murrizketa (37,5 ordutara). LAB sindikatuko ordezkariek irmoki arbuiatu dute gainerako sindikatuen proposamena, bidean utzi baitituzte puntu oso garrantzitsuak, hala nola gutxieneko lanaldiak, etorkizuneko kolektibitateetarako hitzarmen baten aplikazioa eta kate handi eta marken hitzarmenaren eremu funtzionala sartzea.

ELAk, CCOOk eta UGTk eduki minimoetara jo duen plataforma aurkeztu ostean, patronalak plataforma berri bat aurkeztu du, guztiz ez-nahikoa. Egoera honetan ELAk CCOOk eta UGTek greba deialdiak egin dituzte abenduaren 5erako eta 7rako. LAB sindikatuak harridura agertu du mobilizazio deialdien aurrean, LAB izan baitzen mobilizazio bateratuak egiteko eskua luzatu zuen sindikatua. Orain, gainerako sindikatuak mobilizatzeko prest daudenean, LABek ez du ulertzen zergatik ez zaion elkarrekin mobilizatzeko eskaintza zabaldu.

Testuinguru honetan, LAB sindikatuak hitzarmen duina lortzeko bidean mobilizazio planteamendu ezberdinak zabalduko ditu. Azaroaren 19an egingo dute ostalaritzako delegatuen asanblada eta bertan erabakiko dute mobilizazioen data eta forma. LABek argi du borrokaren bidez baino ez dela lortuko edukiz duina den sektoreko hitzarmena.

11 garraiolari hil dira 2024an, 2023ko heriotza kopurua gaindituz

Atzo, 56 urteko J.R.M.M. garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans 2000 enpresako langilea zen. 2024. urtean 11 garraiolari hil dira lanean dagoeneko, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota. Atzokoarekin, gutxienez 54 laneko heriotza izan ditugu urte hasieratik Euskal Herrian.

2023ko ezbeharren txostenean salatu genuen, orokorrean, istripuz hildakoen %33a direla ez traumatikoak. Garraiolarien artean aldiz, %75a izan ziren ez traumatikoak. Azken urteetako datuek joera hori erakusten dute, garraioan istripu ez traumatikoen intzidentzia handiagoa da. Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 10 garraiolari hil ziren lan-istripuz, aurten dagoeneko kopuru hori gainditu da. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

Dei egiten dugu laneko azken heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Elkarretaratze batekin amaitu dugu EAEko anbulantzien publifikazioaren aldeko kanpaldia

Kontzentrazio batekin amaitu da EAEko anbulantzia zerbitzuaren publifikazioaren alde atzo hasitako 24 ordutako kanpaldia, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egin dena. Atzo iluntzean, Gasteizko Udaltzaingoak kanpaldia bertan behera uztera behartu arren, gaur goizean aurreikusitako tailerra egin ahal izan dute.

Mobilizazioan irakurri duten oharra:

Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiegu borroka honetan laguntzera hurbildu zareten guztiei, bai gaur, bai atzoko deialdietara ere, EAJren aginpean poliziak dena jasotzera behartu gintuen arte.

LABetik kanpaldi hau egitera behartuak ikusi gara EAEko anbulantzien sektorearen egoera jasanezina salatzeko, gure ustez egoera kritikoa delako. Kudeaketa pribatuak horretara eraman gaitu, eta funtsezko zerbitzu hori publiko egitea eskatzen dugu. Material eza, kubritu gabeko bajak eta nominak behin eta berriz gaizki edo ez ordaintzea ez ezik, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituzten lan baldintzak ere baditugu, hala nola lan egutegietako arauzko atsedenak ez errespetatzea, uniformerik ez izatea, iruzurrezko kontratuak, etab. Prekarizazio horrek, hemen lan egiten dugunoi eragiteaz gain, zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatean.

Emaitza hutsunez betetako zerbitzua da: atzerapenak, koordinaziorik eza eta kasu larrienetan, tratamenduetara joan ezin diren pazienteak edo arreta behar bezain azkar jasotzen ez duten larrialdiak. Hori onartezina da pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatu behar dituen zerbitzu batentzat.

Adibide berriena Araba eta Bizkaiaren kasuan daukagu, Grup La Pau epresak kudeatua: langileekin zorrak dituen enpresa bat, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituena eta langileei eta herritarrei zerbitzu eskasa eskaintzen diena. Badakigu Eusko Jaurlaritzak kontsezioa kenduko diola, baina albisteak prentsaren bidez iristen zaizkigu. Bien bitartean, langileak ziurgabetasunean eta agintarien erantzun argirik gabe jarraitzen dugu.

Atzo, kanpaldiari ekin genion, eta hainbat mobilizazio eta ekintza solidario egin genituen, normaltasun osoz eta parte-hartze handiarekin, baina arratsaldeko seiak aldera, EAJk polizia bidali zuen gu handik ateratzera. Orduan, txokolatada solidarioa egiten genuen bitartean kanpaldia altxatzera behartu gintuzten. Gure bilera eskaerei erantzun eta irtenbideak bilatu beharrean, nahiago izan dute polizia bidali eta gure aldarrikapenak isildu.

Baina argi gera dadila: ez gaituzte isilduko! Borroka honek aurrera jarraitzen du, eta gure eskakizunak irmoak dira. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu behar du duen erantzukizuna, langileekin dituen zorrak ordaindu behar ditu eta funtsezko zerbitzu baten pribatizazioari amaiera eman behar dio. Gaur inoiz baino gehiago, guztiontzako zerbitzu publiko eta duina eskatzen dugu.

Publifikazioa orain!

Kapital errentak eta enpresen irabaziak zergapetu gabe ez dago aberastasuna modu progresiboan banatzeko zerga erreformarik

LABen iritziz, Aldundiek proposatutako neurriak ez datoz bat Euskal Herriak behar duen erreforma fiskalarekin.

Fiskalitatea funtsezko tresna da aberastasuna modu bidezkoan banatzeko, baina horretarako aberatsak eta kapitalaren errentak zergapetu behar dira. Gaur egun, langileria gara laneko errenten bidez zerga-bilketan ekarpenik handiena egiten dugunak.

Zerga-politikan sakoneko erreforma baten beharra gehiengoaren babesa duen eskaria da, egungo eredua guztiz bidegabea baita. Hauspoa galtzen joan diren adierazpen politikoen ondoren, EAJren eta PSEren arteko akordioak, atzo aldundiei proposamen gisa helarazi zitzaigunak, sakonekoak ez diren neurriak baino ez ditu. Hau ez da euskal langileriak eskatzen eta behar duen erreforma fiskala.

Sindikatuan Ikusmiran 15 argitalpenean aztertu genuen bezala, egungo fiskalitatea patronalaren neurrira egina dago. Eta zerbitzu publikoak sustatzeko – osasuna, hezkuntza, zaintza edo etxebizitza bezalako arloetan – eta trantsizio ekosozialari aurre egiteko beharrezkoa den lidergo publikoa bermatzeko, enpresen irabaziak eta kapital-errentak zergapetu behar dira, progresibitatea handituz.

Fiskalitatearen inguruko eztabaida ezin da erakundeen eta alderdien arteko akordioaren esparruan geratu. Josu Jon Imaz Repsoleko CEOa horren jakitun da, Lopez Atxurra eta Garamendi bezala, xantaia eta mehatxuak erabiltzen baitituzte euren irabazi lotsagarrien zati bat diru-kutxa publikoetara bideratuko lukeen fiskalitate bat saihesteko. Ezinbestekoa da eztabaida eta gizarte-presioa, Gasteizko Gobernuak berriro ere eztabaida faltsuan ixtea eta patronalaren pribilegioei eustea saihesteko.

LABentzat, funtsezkoak dira honako hiru neurri hauek:

– PFEZn, tasa bakarra kapital- eta lan-errentetarako, eta gehieneko tipoa %60ra igotzea. Langileok ezin dugu enpresek baino gehiago aitortu.

– Sozietateen gaineko Zergan, kenkari eta pizgarri fiskal guztiak kentzea eta %35eko tasa nominala ezartzea, enpresen irabaziek jendarteari ekarpena egin diezaioten.

– Kapital-errentei %1 eta %10 arteko errekargua.