2026-11-13
HomeEkintza SindikalaHitzarmen duina aldarrikatu dugu Arabako ostalaritzarako

Hitzarmen duina aldarrikatu dugu Arabako ostalaritzarako

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, SEA patronalaren egoitzaren aurrean.

Urtebete inguru igaro da Arabako ostalaritzako hitzarmenaren negoziazioa blokeatu zela “azken proposamen” gisa definitutako patronalaren azken proposamenarekin. Hau ez zen nahikoa, sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen okertzen baitzituen.

Geldialdi horren ondoren, duela aste batzuk negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuak bildu ginen hitzarmenari irtenbide bat emateko eta patronala negoziatzera behartzeko. LABek mobilizazioen egutegi bat adostea proposatu zuen sindikatuok aurkeztutako plataformak moldatu gabe. LABek elkarrekin mobilizatzeko proposamen hau mahai gainera behin baino gehiagotan eraman ostean, ELAk, CCOOk eta UGTek plataforma bateratu bat aurkeztea erabaki zuten. Plataforma horretan hiru puntu baino ez dituzte jaso: soldata (KPI), pisuko zerbitzariak eta rider-ak hitzarmenean barnebiltzea eta lanaldi-murrizketa (37,5 ordutara). LAB sindikatuko ordezkariek irmoki arbuiatu dute gainerako sindikatuen proposamena, bidean utzi baitituzte puntu oso garrantzitsuak, hala nola gutxieneko lanaldiak, etorkizuneko kolektibitateetarako hitzarmen baten aplikazioa eta kate handi eta marken hitzarmenaren eremu funtzionala sartzea.

ELAk, CCOOk eta UGTk eduki minimoetara jo duen plataforma aurkeztu ostean, patronalak plataforma berri bat aurkeztu du, guztiz ez-nahikoa. Egoera honetan ELAk CCOOk eta UGTek greba deialdiak egin dituzte abenduaren 5erako eta 7rako. LAB sindikatuak harridura agertu du mobilizazio deialdien aurrean, LAB izan baitzen mobilizazio bateratuak egiteko eskua luzatu zuen sindikatua. Orain, gainerako sindikatuak mobilizatzeko prest daudenean, LABek ez du ulertzen zergatik ez zaion elkarrekin mobilizatzeko eskaintza zabaldu.

Testuinguru honetan, LAB sindikatuak hitzarmen duina lortzeko bidean mobilizazio planteamendu ezberdinak zabalduko ditu. Azaroaren 19an egingo dute ostalaritzako delegatuen asanblada eta bertan erabakiko dute mobilizazioen data eta forma. LABek argi du borrokaren bidez baino ez dela lortuko edukiz duina den sektoreko hitzarmena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...