2025-12-26
Blog Page 120

Bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalaren inguruko prestakuntza eman diogu 350 delegaturi

Iaz, lantokietan beroaren arazoari aurre egiteko gida argitaratu genuen Lan Osasuneko idazkaritzaren eskutik. Gure egoitzetan zein sarean eskuragai dagoen argitalpen honek gero eta ohikoagoak diren diren bero egunen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalerako proposamenak jasotzen ditu, lan osasunaren arloan prebentzioak duen garrantzia azpimarratuz. Aurten, gaiaren inguruko prestakuntza saioak antolatu ditugu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Industria, Zerbitzu Pribatuak eta Zerbitzu Publikoetako Federazioetako 350 delegatuk hartu dute parte egin diren 16 saioetan.

Uda ate joka dugun honetan, beroari aurre egiteko garaia da. Klima-aldaketaren eraginez, gero eta bero handiagoa egiten du, eta hau arazo bihurtu da lantoki askotan. Araban esaterako, 2022 eta 2023 izan dira urterik beroenak 1976tik. 2023ko abuztuaren 23an, 44,6 gradu izan ziren Laudion eta 42,2 Amurrion. Bizkaiari dagokionez, 45,3 izan ziren Gueñesen eta 43,1 Loiun egun horretan. Gipuzkoan ere izan ditugu 40 gradutik gorako tenperaturak: 43,5 Hondarribin eta 42,9 Arrasaten, 2022ko uztailean. Nafarroari dagokionez, iaz 42 graduetaraino iritsi ziren termometroak Noainen eta 40,6etaraino Iruñean.

Bero boladek eragin zuzena du lanari dagokionez, eta beharrezkoa da babes neurriak hartzea, tenperatura altuek dakarten arrisku faktorea ere handitu egiten delako. Hori dela eta, arrisku hori identifikatu eta mugatzea ezinbestekoa da eta muturreko kasuetan, laneko jarduera etetea proposatzen dugu.
Lan osasunaren arloan prebentzioak duen berebiziko garrantzia azpimarratu izan dugu behin eta berriro. Horrela, gero eta ohikoagoak zaizkigun bero boladen aurrean garatu beharreko ekintza sindikalerako proposamenen berri eman diegu delegatuei egindako ikastaroetan.
Prestakuntza saioetan, lantokietan beroari aurre egin ahal izateko protokoloaren berri jaso dute delegatuek. Lehenik eta behin, legediak gaiari buruz dioena azaldu diegu, hau da, lantokietan legez eskatu eta kontrolatu dezakeguna. Honekin lotuta, genero desberdintasunak eta bereziki kalteberak diren langileak ere kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu dugu. Gainera, enpresetan landu beharreko ekintza sindikalaren berri eman dugu, salaketak egiteko argibide argiak emanez, beti ere babes juridikoarekin jokatzearen garrantzia nabarmenduz.
LABek beroaren aurrean jarduteko osatu duen protokoloak ibilbide juridiko bat jorratzen du, ekintza sindikalaren bidez, patronalari behingoz lan osasuneko araudia betearazteko. Izan ere, nabarmena da patronalak ez duela lan osasuneko araudia betetzen, eta hau sistematikoa dela. Egoera hau aldatzeko bokazioa dute sindikatuak osatutako protokoloak eta bertan jasotako proposamenek, lan osasuna lehenetsiz. Honela, sindikatuak ibilbide bat garatu behar izan du, langileek, ekintza sindikalaren bidez eta segurtasun juridiko nabarmen batekin, enpresarioek lan osasuneko araudia betetzea lortzeko.

Espainiar Estatuko langile publikoentzako soldata igoera inposatua da eta erosahalmenaren galeran sakontzen du Hego Euskal Herriko langileentzat

LABen ez dugu ontzat ematen bihar Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak Estatu osoko langile publikoentzako (*) onartuko duen %2ko igoera gehi %0.5eko baldintzatutako gehigarria.

  • Madrilgo Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin 2022an onartu zuen hiru urterako soldata igoera ez da nahikoa inondik inora ere, eta baldintzatuta dago. KPIren azpiko igoerak adostu dira, eta oraingo igoerarekin ere erosahalmena galtzen jarraitzen dute langileek. Aurtengo gehienezko igoera %2,5era mugatuko da, eta EAEko eta Nafarroa Garaiko KPIak %3,1 eta 2,9koak izan dira hurrenez hurren.
  • Igoera inposizio bat da, akordioa Madrilen erdietsi delako, Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei negoziazio kolektiborako eskubidea ukatuz.

(*) Gogoratu beharra dago langile publiko izanik ere akordio hauetatik kanpo gelditzen direla milaka langile. Izan ere pribatizatutako zerbitzuetako langileek, zaintzetakoek kasu, ez dute igoerarik bermatuta, eta euren eskubideak egunero borrokatu behar izaten dituzte, euren patronalen eta hauek elikatzen dituzten administrazioen aurka.

LABetik euskal alderdiak interpelatzen ditugu zerbitzu publikoak babesteko eta indartzeko. Bestalde, erantzukizuna duten alderdi, gobernu eta administrazioei, batez ere EAJ, PSE eta PSNri, euren eremuetan benetako negoziazio mahaiak dei ditzaten exijitzen diegu, inolako inposiziorik gabe eta gehiengoak errespetatuz.

Zumarragako posta zerbitzuaren egoera onartezina da

Correosen ordezkaritza dugun sindikatuok (CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA) Zumarragako zentroaren egungo egoera jasanezina salatu nahi dugu. Plantillari dagokionez, lanpostu huts ugari daude; adibide gisa, goizeko txandako langileen egoera; izan ere, egun batzuetan 5 pertsona baino ez daude bete beharreko 13 lanpostutarako, hau da, % 62 ez da betetzen. Zoritxarrez, egoera hori oso ohikoa da lantoki honetan. Plantillak hainbat elkarretaratze egin ditu langile-falta salatzeko, baina arazoa ez da hobetzen hauteskunde-aldiaren ondoren, eta enpresak ez du inolako asmorik kontrataziorik egiteko. Uztailaren 7an oporraldian sartuko gara eta oporretara joango diren langileak inork ez dituela ordezkatuko aurreikusten da.

Jakinarazpenak pilatzen hasi dira eta ez da Posta Zerbitzu Unibertsala betetzen Zumarragan, Legazpin, Urretxun, Ezkio-Itxason eta Brinkolan. Arratsaldeko txanda lanaldi osoko lankide batek eta lanaldi partzialeko beste batek osatzen dute aipatutako biztanleentzat, eta horrek ezinezko egiten du esleitutako jakinarazpen guztiak eta 24 orduko paketeriaren entregekin betetzea. Kontrataziorik ez egiteak Correoseko langileen lan-baldintzak okertzea dakar, bai eta herri horietako bizilagunei zerbitzu okerragoa ematea ere. Horrek, aldi berean, lantoki gehienetako plantillan ezinegona areagotzea dakar, hutsik dauden lanpostuen lanaldia beren gain hartu behar dituztelako. Prekarietate-egoera hori larriagotu egiten da laneko estresaren gorakadaren ondorioz, eta horrek eragina du Correoseko langileen osasunean.

Era berean, karteria abandonatuta dagoela salatu nahi dugu. Izan ere, duela urtebete baino gehiagotik apurtuta daude zoruko azulejuak, estropezu eta erorketa ugari eragin dituztenak, eta komunak duela hilabete batzuetatik matxuratuta daude.

Nafarroako Zurgintzako hitzarmena sinatu dugu, eskubideetan aurrerapenak baititu eta erosteko ahalmenari eusten baitio

Gaur goizean LAB sindikatuak Zurgintza sektoreko Nafarroako hitzarmena sinatu du, 2023 eta 2025 urte bitarteko indarraldia izanen duena. Hitzarmen honek eskubideak handituko ditue eta langileen erosteko ahalmenari eutsiko dio; nahiz eta negoziazioak iraun bitartean patronala behin eta berriz saiatu den lan baldintzak okerragotzen praktiketako kontratuen soldatak txarragotzeko edo soldata igoera KPItik aldentzeko bezalako neurriekin.

Hauek dira, bertzeak bertze, hitzarmenean jasotzen diren hobekuntzetako batzuk: Nafarroako KPIaren araberako soldata eguneratzea hitzarmena indarrean dagoen hiru urteetarako, ordaindutako lizentziak araudi berriaren arabera eguneratzea, lehen mailako senideei tratamendu onkologikoetara laguntzeko baimena urteko 90 ordura igotzea, istripu poliza 60.000 eurora handitzea, aldizkako kontratu finkoa duten langileak babestea, eta laneko ezintasunagatiko osagarria hobetzea.

Egun, ez da erraza izaten ari eskubideetan aurrerapenak jasotzen dituzten hitzarmenak lortzea. Baina, negoziazio osoan jarrera argia izateari esker, aldarrikapenetan amore ez emateari esker, kasu honetan, azkenean lortu da hitzarmen sinagarri bat adostea.

LABen positiboki baloratzen dugu lortutakoa, baina horrek ez du erran nahi edukiak hobetu ezin direnik, eta negoziazio honetan, aurrekoetan bezala, argi gelditu da sektoreko lan baldintzak hobetzeko berme bakarra dela LABek ordezkaritza sendoa izatea. Horregatik guztiagatik, sektorerako hobekuntzetan sakontzen jarraitzeko eta Nafarroako Zurgintzako hitzarmena defendatzeko, sektoreko langileen konfiantza eskatzen dugu. Nafarroako Zurgintza sektorean ordezkaritza duten lau sindikatuek sinatu dute hitzarmena, ordezkaritzaren araberako hurrenkera honekin: ELA, CCOO, UGT eta LAB.

Gimenok gezurra eta desinformazioa erabili ditu Alaitz BHIn batxilergoko talde bat kentzeko

Joan den osteguneko osoko bilkuran, Gimeno datu faltsuak ematen aritu zen, Hezkuntza departamentuak Barañaingo Alaitz institutuko batxilergoko talde bat kentzeko hartutako erabakia defendatzeko asmoz. Helburu horrekin esan zuen, besteak beste, “52 ikaslek Musika eta Arte Eszenikoen batxilergoa” eskatu dutela, baina hori ez da egia; kopuru hori Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientzia-Teknologiako batxilergoan aurrematrikulatu direnei dagokie.

Historikoki, Alaitz institutuak batxilergoko 4 talde izan ditu, 2 ibilbide artistikokoak eta beste 2 gainerako ibilbidetako ikasleak biltzen dituztenak. Hala ere, Gimenok lotsatu gabe baieztatu zuen “ez dela ezer kendu”. Ekitatearen, berdintasunaren eta legea betetzearen lelopean, Departamentuak hezkuntzaren kalitatea degradatzen duten erabakiak hartzen ditu, legezko gehieneko ratioa duten taldeak osatzen ditu eta plantilla murrizten du.

Joan den ostegunean osoko bilkuran izan ziren datorren ikasturtean ikasketak Alaitz BHIn egin nahi dituzten ikasleak eta haien familiak, eta bilkuraren ostean, haien etorkizunaz eta gobernuaren erantzunaz kezkatuta, elkarretaratzea egin zuten Parlamentuaren aurrean. Gobernuari, baina, ez omen zaio kezkagarria iruditzen zentrua aukeratzeko ikasleek duten eskubidea urratzea, ez eta bizi diren herriarekiko lotura horri bizkarra ematea ere.

Oibarko haur-eskolari eta Pedagogia Terapeutikoko Maisu-Maistren Kidegoari ere “ez-egia” gehiago erabiliz erantzun die

Alaitz BHIko lerro bat kendu izana ukatu zuen bezalaxe, berdin-berdin ukatu zuen Gimenok bere departamentuak Oibarren D ereduko haur-eskola bat irekitzeko baimena eman ez izana. Gainera, gaiaren berri prentsaren bidez izan zuela argudiatu zuen. Udalak Hezkuntza departamentuaren dei bat jaso zuen matrikulazio-aldia hasi baino egun bat lehenago, euskarazko hezkuntza-eskaintza zuen haur-eskola irekitzea ez zietela baimenduko jakinaraziz. Telefono-deiaren bidez, noski, ezezko horren inolako frogarik geldi ez zedin.

Joan den astelehenean, ekainak 17, herriko plazan elkarretaratu ziren familiak kaltetuak, Oibarko bizilagunak eta Udaleko nahiz eskualdeetako ordezkariak. Horrela, Departamentuaren jarrera salatzeaz gain, ezezko hori justifikatuko duen txosten tekniko bat eskatu zuten.

Bestalde, Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistren aldarrikapenak direla eta Nafarroako Arartekoari emandako erantzunean ere “ez egien” joko hori bera baliatu zuen Gimenok. Espezialitate horretako profesionalen eskaria ontzat eman eta Hezkuntza departamentuari igorriz, Patxi Vera Arartekoak Lanbide Heziketa Berezian aritzen diren irakasleentzako osagarria eskatu zuen, DBHn aritzen direnek jasotzen duten bezala. Carlos Gimenok, ordea, adarretatik joanez erantzun zuen, eta LH Bereziaz hitz egin ordez, Oinarrizko LHaz aritu zen (eta Pedagogia Terapeutikoko irakasleek ezin dute hor lan egin). Beraz, gaiarekin zerikusirik ez duen arlo bat erabili zuen Gimenok bere erantzuna “justifikatu” eta irakasle hauei osagarria ukatzeko.

Aurrekoak bezalako adierazpenek eta Hezkuntza departamentuaren zenbait ekintzak bi arrazoi baino ez ditzakete izan LABen ustez: edo bere eginkizunak garatzeko erabateko gaitasunik eza du Gimenok, edo ez du erakusten egiarekiko batere begirunerik.

Osakidetzako larrialdi zerbitzuko anbulantzia medikalizatuak medikurik gabe

Ekainaren 21 eta 22an, Arrasateko anbulantzia medikalizatua mediku gabe egon zen egunean zehar. Ekainaren 23an Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Koordinazio zentroetan ere medikuak falta izan dira eta eta ekainaren 23an, Euskal Autonomia Erkidego osoan artatzen duen helikoptero medikalizatuan ere ez da medikurik egon. Guzti hau, Emergentziak Osakidetzako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarragatik eta aspaldi duen aurreikuspen faltagatik da.

Osakidetzako larrialdi zerbitzuetan gero eta gehiagotan pairatzen ari dira egoera hauek. Oinarrizko zerbitzua izanik, egun askotan ez da oinarrizko egoerak asetzera heltzen. Emergentziazko deiak hartzen diren koordinazio zentroetan jada egunerokoa da medikuren bat ez izatea eta gero eta egun gehiagotan anbulantzia medikalizatuak mediku gabe daude. Antolaketa eza eta lan baldintza egokien gabeziaren ondorioz, egoera honek udako garaian okerrera egingo duela argi dago.

Guzti honek dakar Euskadiko Emergentzietako Sarean hutsune larriak egotea. Mediku batek artatua izan behar duen gaixoa medikurik gabe artatuko dute edo gehiago itxaron beharko du,nahiz eta askotan gaixoaren egoera urjentziazkoa izan.

LABen denbora daramagu Osakidetzako Emergentzietako zuzendaritzari pertsonen kudeaketa politika alda dezan eskatzen eta aldarrikatzen. Herritarren beharrizanak era egokian artatuak izan daitezen borrokan jarraitzeko asmoa dugu, eta Osakidetzari eskatzen diogu egoera hauek ekiditeko esku hartu dezan.

Industria eraldatuz, etorkizunari heldu

LABek langileen interesak defendatuko dituen industria politikarik ez dagoela salatzen du eta instituzioei, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari, eta patronalei plangintza, jabetza publikoa eta langileen parte hartzea exijitzen dizkie.

Epe luzeko estrategia baten baitan garatu behar da politika industriala, sindikatuaren iritziz. Izan ere, krisi ekosozialak behartuta, mundu mailako industria eraldaketa prozesuetan gaude murgilduta, kapitalak eta patronalak gidatzen duten prozesuetan.

Eraldaketa prozesu urriegi, desordenatu eta bidegabe horren aurrean, ehun industrialaren eraldaketa sakon baten planifikazio ekosoziala defendatzen du LABek, industriaren sektore kutsatzaileetan birkonbertsio, deskarbonizazio eta murrizketa prozesuak bultzatzearen premia azpimarratu duelarik. Prozesuok langile klaseak planifikatu eta gidatzen baditu, lanpostu berriak sor daitezke (zaintza edota agroekologia bezalako eremuetan), lanaldiaren murrizketaren bidez lana banatu eta zerbitzu publikoen hedapenaren bidez bizi baldintzak hobetu.

Aldiz, irabaziak biderkatzea beste asmorik ez duten multinazional, inbertsio funts eta enpresa pribatu horien esku utziz gero, industrian deskarbonizazioa enplegu galera, prekaritate eta Euskal Herriko industria ehunaren desegitearen sinonimo izango da.

LABen arabera, Euskal Herrian ez dago estrategiarik, ez dago industria politika eraginkorrik. Instituzioek epe motzeko erabakiak hartzen dituzte, elektoralismoa edota marketinga lehenetsiz, sakoneko azterketetatik haratago. Patronala da Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren agenda markatu eta erabakiak baldintzatzen dituena.

Hala, langileriaren eskubide eta beharrak erdigunean izango dituen industria politika baten alde azaldu da LAB, enplegu duina bermatuko duena eta krisi ekosozialari aurre egiteko gai izango dena, aberastasuna herrian mantenduko duena, deslokalizazioak ekidingo dituena, langile guztiei enplegu duina eskainiko diena eta industriak egin beharreko eraldaketei aurre egingo diena; azken finean, beharrezko eraldaketa planifikatuko duena. Krisi ekosozialaren aurrean ezikusiarena egitea ez da aukera bat, erabaki ausartak behar ditugu, LABek azpimarratu duenez.

Egungo errealitatearen argazkia

Enplegu suntsiketa eta deslokalizazio prozesuak hainbat izan dira azkenaldian: Envases Ugao, Mecaner, Arcelor, Salica, Cementos Rezola Añorga… Horri mugak ezartzeko gaur arte adostu diren legeak, neurri egoki batzuk jaso arren, ez dira nahikoa enpresen deslokalizazioak eragozteko. Ehun industriala eta ekonomikoa babesteko urrats gehiago behar dira.

Diru publiko ugari jaso duten enpresa handiek, beraien onurak handitzeko, Euskal Herriko lurrak uzten dituzte askoz lan esku prekarioagoa eta zerga txikiagoak dituzten lurraldeetara joanda, lanpostu asko eta asko suntsituz eta prekarizatuz. Martxan dauden Europako Funtsek ez diete erantzuten beharrezkoa den trantsizio ekosozialista bideratzeari; aldiz, etekinak handitzeko beharrezkoak dituzten aldaketak denon artean ordaintzeko baliatzen dira.

Bide beretik, azken urteetako erreformek erraztu egin dute enplegua suntsitzea. Prekarizazioaren aldeko apustuak langileen deskualifikazioa dakar, hau da, beraien lan prestakuntzetan ezin aritzea edota prestatutako gazteek kanpora alde egin behar izatea.

LABen eskariak instituzioei

Gauzak horrela, industrian epe laburrean eta ertainean ezinbestean gertatu behar diren eraldaketak prestatu eta industriaren birmoldaketarako plana egin behar da, betiere merkatuetatik at, langileen interes eta beharrenmesedetan; horixe eskatzen die LABek instituzioei. Helburu zehatzak finkatu behar dira sektore ezberdinetan egin beharreko aldaketak bideratzeko, nola deskarbonizatuko diren definitzeko eta enpleguan ondorio traumatikoak ekiditeko.

Bestalde, esku-hartze publikoa indartzeko beharra defendatu du sindikatuak, eta kolaborazio publiko pribatua deritzonarekin amaituko duen industria politika. Kasu batzuetan jabetza publikoaren alde egin beharko litzateke eta diru publikoaren erabilera interes pribatuen araberako izatea eragotzi beharko litzateke. LABen ustez, ez da bidezkoa zerga inbertsio pribatua suspertzea enpleguari eta lan baldintzei lotutako inolako baldintzarik gabe.

Industriaren eraldaketara bideratzen diren funts publikoek bi helburu bete behar dituzte: trantsizio ekosoziala gertatuko dela bermatzea eta sektorearen subiranotasuna eta erabakitzeko gaitasuna areagotzea.

Amaitzeko, industriaren eraldaketa eta birformulazioan langileen parte-hartzea bermatzeko eskaria luzatu du sindikatuak, sektore edo eskualde mailan langileen ordezkaritza eta protagonismoa bermatzeko guneak izango diren batzorde ekosozialak sortuta. Horien eginkizunak lirateke sektorea eraldatzeko proposamenak zehaztea, lan-gatazketan bitartekaritza egitea edota esku-hartze publikoa behar duten enpresa edo sektoreentzat planak diseinatu eta gauzatzea.

Telepizzak hainbat gazterekin dituen zorrak berehala kitatzeko exijitu dugu Ernairekin batera

Sindikatuak eta gazte antolakundeak elkarrekin agerraldia egin dugu Bilboko Areatzan, enpresari exijitzeko zortzi gazteri zor diena ordaindu diezaien.

Zortzi gaztek 2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean BECeko Telepizzan lan egin zuten, gabonetako jolas parkearen bueltan jarririko postuan. Gehienek lana Infojobs atariaren bitartez topatu zuten, eta askorentzat lehenengo esperientzia izan zen lan-merkatuan. Gazteei aldi baterako kontratua egin zitzaien. Nahiz eta hasiera batean haien abenduko nomina arazorik gabe jaso zuten, urtarrileko nomina ez zuten kobratu. Gero, gazteak LAB eta Ernairekin harremanetan jarri eta Telepizzari nominak ordaintzea exijitu ostean, apirilaren erdialdean, gazteek urtarrileko nomina kobratu zuten. Hala ere, Telepizzak gazteei ordaindutako nomina horiek ez daude ondo eginda, lan egin zutena baino ordu gutxiago agertzen direlako haien urtarrileko kontratuan. Horregatik, Telepizzari exijitu diogu dituen zorrak ordaintzeko.

Telepizzaren esplotazio kasua ez da arazo isolatu bat. Zerbaitek ezaugarritzen badu Hego Euskal Herrian gazteei bideratutako enplegu eskaintza, hori prekaritatea da. Egun enpleguak ez dakar bizitza duintasunez garatzeko berme bat. Datuei erreparatzea besterik ez dago: 2023an aldi baterako enplegu-tasa orokorra %21,4koa den bitartean, gazteon artean %46koa da. Bilbon, esaterako, 2024ko urtarrilean gazteei egindako kontratuen %70 aldi baterakoa izan zen. Izan ere, gazteen lan-indarrak ezinbesteko funtzioa betetzen du sistema kapitalistaren baitan. Hala, lan-indarra horreta baliatzen dira ahalik eta gainbalio handiena eskuratzeko, gazteentzako bideratuz lan-eskaintza prekarizatu eta debaluatuena.

Egoera hau ahalbidetzeko eta gazteek bizi behar duten biolentzia-laborala justifikatzeko, sistema kapitalistak errelato bat asmatu du, esanez gazteak alferrak direla, ez direla nahikoa ahalegintzen, ez dutela esperientziarik, praktika ordaindu gabeak onartu behar dituztela edota baldintza txarretan egin behar dutela lan. Errelato hau behin eta berriz zabaltzen da hedabideetan. Ordea, Telepizzan gertatutakoarekin zein gazte prekarietatearekin bukatzeko beharrezkoa da sistema kapitalista gainditzea eta, beraz, hobekuntza ekonomiko batzuk gorabehera, beharrezkoa da gazteak ikastetxeetan, lantegietan, auzoetan antolatzea.

Greba eta mobilizazioak proposatuko ditugu Microliquid-eko EEEa bertan behera uztea eskatzeko

Ekainaren 19an, Microliquid-eko (TE Connectivity) zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi zion EEE edo kaleratze kolektibo bat aplikatzeko asmoa zuela, hogei bat langileri eragingo ziena, krisi-egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin. LABeko ordezkariek osatzen dute aipatu enpresa-batzordea bere osotasunean.

Neurri horren aurrean, enpresa batzordeak adierazi nahi du oraindik ez duela jaso kaleratze kolektiboak eragingo dien langileen zerrendarik. Gainera, ez ditu jaso EEEa aplikatzeak ekarriko lituzkeen aurrezkiaren zenbatespenak, partidatan banatuta. Informazio hau garrantzitsua da neurria proportzionala den egiaztatzeko. Gainera, 2023ra arteko fakturazioak bilakaera positiboa izan du enpresan eta emaitza garbia eta EBITDA hobetu egin dira azken bi urteetan. Azken finean, jarduera errentagarria da.

Enpresak 2024rako aurreikuspen negatiboak aurkeztu ditu fakturazioari, EBITDAri eta ustiapenaren emaitzari dagokienez, baina ez du justifikatzen jaitsiera horren arrazoia. 2024rako aurreikusitako emaitza garbia ere ez du eman.

Gainera, enpresa batzordeak salatzen du 2023ko kontuak falta direla (balantzea, irabazi eta galeren kontua eta memoria). Dokumentazio hori garrantzitsua eta beharrezkoa da, ekoizpenaren eta, oro har, jarduera ekonomikoaren bilakaera egiaztatzeko.

Azken hiru hiruhilekoen kontabilitate-itxiera eta aurreko ekitaldiko itxierak ere falta dira. Ez da justifikatzen salmenten murriztea. Enpresak 2024ko fakturazio-jaitsiera aipatzen du, 2023koa erreferentziatzat hartuta, baina ez du agiri bidez justifikatzen. Gainera, enpresak ez dio batzordeari justifikatu 2023tik 2024ra bitartean langile-gastua igo izana.

Enpresak ez dio uko egiten langile berriak kontratatzeari, egungo taldean ez dauden beharrak betetzeko beharra
argudiatuz, eta ez dio erantzun argigarririk eman TE Connectivity-n birkokatzeko planteamenduari.

Enpresa batzordea Microliquid-eko zuzendaritzaren asmoen aurka agertu da, eta prozesua geldiarazteko eta erretiratzeko eskatu dio, are gehiago negoziazio-batzordearen zati handi bat oporretan dagoenean. Era berean, prest dago lanpostuak suntsitzea suposatuko ez duen ordezko neurri batzuk baloratzeko, baina ez du inola ere onartuko nahitaezko kaleratzeak jasotzen dituen planik

Hori dela eta, batzar baterako deia egiten die Microliquid-eko langileei, enpresaren instalazioetan egingo dena, ekainaren 25ean, 16:00etan. Bertan greba eta mobilizazio egutegi bat proposatuko da, eta bozketa egingo da,
berau onartu edo baztertzeko.