2026-11-13
HomeEkintza SindikalaLangile bat hil da Bilbon altueratik erorita

Langile bat hil da Bilbon altueratik erorita

Hildakoa autonomoa eta azpikontratatua zen, behin eta berriro errepikatzen den patroia. Azken honekin, gutxienez 53 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak, eta horietatik 10, altueratik erorita hil dira.

Gaur, goizeko 9:30ean, Bilboko Plaza Biribilean kokatutako Cafe Bar La Parada de Bilbaon, kristalak garbitzen ari zen 55 urteko G.V.M. langilea 3 metroko altueratik erori eta bertan hil da. Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.

Drama berri bat. Beste langile bat hil da, ekidin zitekeen lan-istripu batean. Heriotza honekin, dagoeneko 53 langile hil dira lan-istripuz aurten Euskal Herrian. Langile autonomoen lan osasuneko araudiak babesa bermatzea aldarrikatu dugu behin baino gehiagotan, eta kasu honetan gainera, horrela da, izan ere kontratak bere prebentzio neurriak betearazi behar ditu bere lan zentroan lan egin ahal izateko. Baina gobernuen kontrol faltak, patronalaren utzikeria kriminalak eta prekaritateak eragiten duen berme ezak, egoera perfektua sortzen dute behin eta berriz honelako istripu hilgarriak gertatzeko. Istripu hau ez da kasualitatea, kausa zehatzen ondorioa baizik.

Azken 10 urteotan, Euskal Herrian, gutxienez 81 langile hil dira altueratik erorikoen ondorioz, gehienak eraikuntzaren sektorean. Laneko heriotzen %12,5 baino gehiago dira eta laneko heriotzen arrazoi nagusia eraikuntzaren sektorean. Gaurkoarekin, 10 dira aurten altueratik erorita hil diren langileak. Azpimarratu behar dugu garbiketa sektorean ematen den prekaritatea, laneko segurtasun neurriak hartzeko oztopo garrantzitsua dela, batzutan heriotza eragin arte.

Patronalaren zigorgabetasunarekin amaitu behar da. Lan-absentismoari buruzko eztabaida interesatu eta faltsuarekin amaitu behar da. Nola da posible, lan-osasunari buruzko araudia indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, altueratik erorikoen ondorioz horrelako hilkortasun tasak izatea? Enpresei dagokien prebentzioaren gabezia da absentismoaren benetako gaitza, patronala eta gaixotu eta hiltzen gaituzten erakundeak, gero gu kriminalizatzeko, gainera.

LAB sindikatuak lan-istripu hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...