2025-12-25
Blog Page 1185

Ikusmiran: Ipar Hegoa Fundazioaren informe sozioekonomikoa

0

Ipar Hegoak Fundazioak osatutako Informe Sozioekonomikoa da «Ikusmiran: egoeraren azterketa» lana. Informe honen bidez, mugimendu edo gertaera ekonomiko eta politikoen irakurketa burutu nahi du Ipar Hegoak. Mugimendu eta gertaera hauetan Euskal Herrian ematen den gatazka politiko eta sozialarekiko posizioa hartzen da bertan,  posizio hauen orientabidea antzemateko ekarpena eginez. Informeak ekarpena izan nahi du trantsiziozkoa definitu dugun fase politiko eta ekonomiko honetan eta bere nahia ezker abertzalearen gidaritza gaitasuna elikatzea da.

INFORMEAK argazki geldoa burutzea baino Euskal Herrian eta klaseen arteko borrokan ematen diren kontraesanak eta hauen bilakaerak ezagutu nahi ditu. Bide horretan, ahalegin berezia egin nahi da euskal langileon eskubideen aldeko borroka azkartu ahal izateko eta aldaketa politiko eta ekonomikoa bideragarria izateko dauden aukerak hauteman eta aztertzeko. 

Gure aburuz, kapitalismoa ekoizpen sistema sozial gisa, harreman patriarkalen gainean eraiki eta lan erreproduktiboak soldatapeko izaerarik ez izateaz baliatzen da. Horren aurrean, informeak emakumeon egoera eta praktikak ikustarazteko bitartekoa izan nahi du. Era berean, langileriaren baitan dagoen aniztasuna aintzat hartuko da, langileriak pairatzen dituen benetako menperatze eta mendekotasun baldintzak azalarazteko, dimentsio afektibo eta emozionalari garrantzia emanez. 

Hemen aurkezten dugun edukia modu ezberdinetan lortutako informazioaren bitartez osatu dugu. Lehenengo urratsa, gertakariak barnebilduko zituen txosten teknikoa osatzea izan zen. Hortik abiatuta, Ezker Abertzaleko pertsonez osatutako Ipar Hegoako Kabinete multidisziplinar baten baitan eztabaidari ekin genion gertakari horien gaineko azterketa eta irakurketa osatzea aldera. Honetaz gain, zenbait elementu estrukturalen inguruko hausnarketa eta hausnarketa propioa gehitu dugu. 

Modu analitikoan bada ere, eremuka antolatu ditugu sortutako edukia, eta aldi berean, hiru momentuen arabera, prozesu sozialen ikuspuntu dinamikoari lehentasuna ematearen ondorioa delarik, alegia: 

1.- BILAKAERA AZKARRA: atal honetan, aurretik ondorioztatutako joera edota eszenatoki nagusien deskribapena egingo da, azterketaren abiapuntua marrazteko asmoz, 

2.- EREMUAREN IRAKURKETA: atal bakoitzean, dagokion denbora tartearen azterketaren ondorioak barnebilduko ditugu, koiuntura analisiaren muina izango dena. Atal bakoitzean, adierazle ezberdinen jarraipenaren ondorioak jasoko ditugu. 

3.- ONDORIOAK: egindako hausnarketaren gakoak jasotzeaz gain, aurrera begira aztertu beharreko elementu nagusien zertzeladak emango dira atal honetan.

 
{edocs}http://goo.gl/WGc4Lu,345,345,link{/edocs}Euskaraz
{edocs}http://goo.gl/5h4uvS,345,345,link{/edocs}castellano
 

 

 

 

  

Jaurlaritzaren elkarrizketa sozialaren mahaia osatzeko proposamenean ez dago eredu berririk

Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa soziala martxan jartzeko asmoa azaldu ondotik udaberrian egin genuen aldebikoan LABek plateamendu argia jarri zion mahai gainean: lan erreforma gainditu eta lan harreman eredu berri eta propio baten eztabaida egiteko proposamena luzatu genion, ulertuta egungo eredutik eredu berri batera igarotzea bide baten emaitza izango dela. Aurkeztu diguten proposamenean ez dago lan harreman eredu berri batera eramango gaituen bidea egiteko inolako aukerarik: 

– Langabezia eta prekarietatea zabaltzen duen egungo lan harreman eredua kontsolidatzeko proposamena da Jaurlaritzak egindakoa, lan erreforma gainditzeko inolako proposamenik ez dago bertan. EZ DAGO EREDU BERRIRIK.

– Eredu berri bat eraikitzeko ez dugu bitartekorik, ez dugu eskuduntzarik. Hau arazo moduan aipatu ere ez da egiten. EZ DAGO EUSKAL ESPARRUAREN ERAIKUNTZARIK JAURLARITZAREN PROPOSAMENEAN.

Beraz, elkarrizketa sozialerako gune hori ez dago pentsatua herri honek behar duen eztabaida egiteko. Hori dela eta LABek ez du bertan parte hartuko.

LABek Enplegu Sailari bilera eskatu dio egin duten proposamenaren inguruan gure balorazioa eta eskaera zehatzak egiteko:

– Langileontzat inolako onurarik ekarriko ez duen elkarrizketa sozialeko mahai hori, gutxiengo sindikalarekin ez dezala konbokatu exijitzeko.
– Benetako eztabaida prozesu bat ireki dezala lan harreman eredu berri eta propio bat eraikitzeko. Eztabaida honi ekiteko gutxieneko oinarriak dira lan erreforma alboratuko duen eredu berria eta euskal esparruaren eraikuntza.

Bileran jaso erantzunaren balorazioa egiteko motzean agerraldi bat egingo dugu.

 

 

 

Urriak 10-11: TTIP, CETA, TISAri Europa mailan STOP esateko mobilizazio eguna

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikatu ezberdinek gaur TTIP, CETA, TISA eta antzeko hitzarmenei altoa emateko eskatuz Europa, Kanada eta AEBetan izango diren mobilizazioetan era guztietako banako, erakunde eta koalizioei parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

Europan zehar ekintza dezentralizatu eta autonomoak egingo dira. Euskal Herri mailan Bilbon mobilizatuko gara eragile eta sindikatuak. 10:00etan hitzaldia izango da Bilboko La Bolsa auzoetxean eta 11:30etan Arriagako plazan Azoko Gardenean aukera emango zaie herritarrei bertoko elikagaiez osatutako lote desberdinak eskuratzeko.

 

 

 

Jarraipen ia erabateako Condesako lehen lanuztean

0

Condesa Taldekoko lantegi guztietan atzo, hilak 3, deitutako 2 orduko lanuzteetan langileek emandako erantzunarekin oso pozik azaldu dira Enpresa Batzordeak. Hilaren 15ean beste zita bat dute, greba eguna eta lantoki guztietako langileek mobilizioa Gasteizen.

CONDESA Taldeko Komiteen prentsa oharra
LANUZTEEN BALORAZIOA
«Gaur, hilak 8, CONDESA TALDEko lantegi guztietan (Legutiokoetan, Lesakakoan, Berriobeitikoan , Mieresekoan eta Saguntokoan) 2 orduko lanuztea deituta zegoen eta Komite guztiok oso balorazioa positiboa egiten dugu egondako erantzunarekin. Jarraiopena ia-ia erabatekoa izan da lantoki guztietan eta 2 orduotan ez da aktibitaterik egon. Era honetan, CONDESA TALDEko langileok argi eta garbi adierazi dugu ez garela geldirik egongo gure etorkizuna jokoan dagoen bitartean. Premiazkoa da irtenbide bat lehenbailehen topatzea eta horretarako exijitzen dugu TALDEko Zuzendaritzak biabilitate plana aurkeztea enplegua eta aktibitate industriala bermatzeko.

Beraz, CONDESAko langileok jarraituko dugu mobilizatzen gure lanpostuen defentsan eta enpresen etorkizunaren defentsan eta jarraituko dugu exijitzen instituzioei beraien inplikazioa gure egoerari irtenbide bat bilatzeko. Ildo horretatik, hilaren 15ean greba eguna burutuko dugu eta lantoki guztietako langileok Gasteizen mobilizatuko gara. »

{linkr:related;keywords:condesa;limit:5;title:Condesako+gatazkaren+inguruko+albiste+gehiago}

 

 

 

LABek IDCaren 6. Batzorde Orokorrean parte hartu du

0

LABek Irailak 30 eta Urriak 1an Tenerifen ospatu den IDCaren 6. Batzorde orokorrean parte hartu du, portuetako LABen sindikatu sekzioaren bi kideren eskutik. Batzar honetan Ipar Ameriketako, Hegoamerikatako, Afrika eta Europako 200 portu desberdinetako ordezkaritzak elkartu ziren, 70.000 zamaketari ordezkatuz.

Egun horietan esperientziak elkartrukatu eta portuetan jasaten diren egoera desberdinak aztertu dira. Gainera, IDCaren sorketaren 14. urteurrena izanik nazioarteko erakunde honen garapenaren azterketa egin zen: 2000. urtean 5 herri desberdinetako ordezkariek Tenerifeko irlan IDC erakundea sortu zuten Liverpooleko zamaketarien burrukaren porrotak bultzaturik; gaur egun 30 herri desberdinetako 300 portu daude erakunde honetan antolaturik.

Zamaketariek kate logistikoan duten paper garrantzitsua dela eta, lanpostu honen aurkako erasoak etengabeak eta jarraituak dira munduko edozein bazterretan. Alde batetik, eskubideak izatearen alde borrokatzen duten herrietan errepresio bortitza sufritzen dute, torturak eta batzutan hilketak sufrituz, eskaerak alde batera utz ditzaten. Beste aldetik, baldintza eta eskubide batzuk aitortuta dauden herrietan eskubide eta lan baldintzen aurkako ofentsiba dago. Azken egoera hau, Europan, Estatu Batuetan eta Kanadan agerikoa da, non sindikatuen aurkako borroka bortitza dagoen.

Europari dagokionez, portuak arautzeko 3. neurri multzoa prestatzen duten bitartean, erasoak alde desberdinetatik datoz.: Grezian portuak pribatizatzen, Portugalen zmaketari profesionalen kontratazioa ekiditeko asmoz 2. lan zerrenda bat bultzatzen, Espainiar Estatuan eta Belgikan Luxenburgoko epaitegietara joanez errotazio “pool”en aurka egiteko, Norvegian behin-behineko langileak erabiltzen prekaritatea areagotzeko, Ingalaterran langileen antolakuntzaren aurkako neurriak hartzen negoziazio kolektiboa ekiditeko, e.a. luze bat.

Baina borroka eta garaipenak ere badaude.. 2003 eta 2006ko europar direktiba gelditzea lortu zen. Gaur egun ere badaude horrelakoak ere bai. COSCO ontzi-konpainia txinatarraren Pireon (Grezia) duten terminal-pribatuko kideek urte askoko borrokaren ondorioz antolatzeko eskubidea ukatzen zien debekua bertan behera botatzea lortu eta sindikatu berri bat sortu eta Hitzarmen kolektibo baten negoziazioa bultzatzea lortu dute. Portugalen kaleratuak izan ziren 49 langileen berriro kontratatzea eta zerrenda profesionalen onarpena lortu dute hitzarmen kolektiboa negoziatzen zute bitartean. Ingalaterran, zenbait portuetan sindikatuak sortzea eta lan baldintzak hobetzen dituzten akordioak lortu dituzte.

Guzti hauetan IDCaren barruan dauden erakundeen presentzia nabaria izan da, borroketan pisu handia izanik. Europa mailako lanuzteak eta mobilizazioak, zenbait ontzi-konpainiari boikotak, terminalen okupazioak e.a. bultzatuz.

Konfrontazio bidea berretsi da IDCaren VI. Batzorde honetan.Globalizatua dagoen sistemari, erantzun globala eta elkartasunezkoa ematea oinarrizkoa da.
 

 

 

AEB eta Europa arteko Merkataritza Askearen ituna 5 minututan

0

Datozen urteetako egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala guztiz baldintzatuko dute Merkataritzako eta Inbertsioko Elkarte Trasanlantikoak (TTIP ingelesez) edo AEB eta Europako Batasunaren Merkataritza Askearen Itunak. Iragarpenak beteko balira, litekeena da 2016. urtean Itun hau Europako Parlamentuak onartzea (ez litzateke erreferendumean berretsiko). Filtrazioen bidez ezagutzen ari garen datuok eta nagusi den obskurantismoak jendarte eta ekologia mugimenduaren eta sindikatuen alarma guztiak piztu ditu.

Gogora dezagun.
1994ko urtarrilak 1: zapatistak matxinatu ziren, Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanadaren arteko Merkataritza Askearen Ituna indarrean sartu zen egun berean. (Neoliberalismoari eman erantzuna, globalizazio kapitalistaren erdian). Itunak zehazten ditu hiru herrien arteko inbertsio eta merkataritza irizpideak, arantzelak arautzen ditu, atzerriko inbertsioaren eskubideak babesten ditu eta enpresa eta estatuen arteko norgehiagokak konpontzeko baliabide bat onartzen du. Balantzea: enpresa gutxi batzuen arrakasta, nekazaritza bezalako sektoreen suntsipena eta txirotzea. 1980. urteaz geroztik, Merkataritzako Mundu Erakundeak munduko merkataritza etengabe liberalizatzea sustatu du, hots, enpresa transnazionaleen hedapenari eta botereari erabateko eskua eman die. Honela, tratatu mota hauek munduko hainbat lekutan onartu izan dira.

Globalizazio kapitalistan urrats berria: AEB eta Europaren arteko Merkataritza Askeko Ituna.
2013ko uztailak 8: Europako Batasunak eta Estatu Batuak negoziazioei ekin zieten merkataritzako eta alde biko inbertsioen akordioa lotzeko. Egun arte, inoiz egin den merkataritza askeko eta inbertsioak liberalizatzeko akordiorik handienaz ari gara: munduko BPG-ren erdia eta merkataritza truke herena ordezkatzen du. Muga-zergez gain, itunak produktuen kalitatearekin, zerbitzu publikoekin eta ingurugiroarekin zerikusia duten gaiei eragingo die. Enpleguari eta haren kalitateari ere eragiten die. Nahiz eta enpresa transnazionalei babesa eta ahalmen handiagoa eman, langileei eskubide gutxiago eta txirotasun handiagoa eskaintzen zaie, hiritargoari gero eta ongizate txikiagoa eta ingurumenari gero eta arrisku handiagoa ematen zaie. Aro berri batez ari gara, non estatuen politikak asmo kapitalisten menpe egongo diren, batez ere, enpresa handien menpe. Neoliberalismo desarautzailearen esku uzten den baliabide suntsitzailea dugu hau.

Itunaren negoziazioa: Europako Batasun honek zer jotzen duen demokraziatzat.
Negoziazio prozesu osoa isilpe-isilpean eta herrien bizkar egiten ari dira. Europako Batzordeak onetsi du 100 bilera baino gehiago egin dituela multinazionalekin eta antzeko lobbyekin. Nolabaiteko itxura demokratikoari eusteko, bildu da Europako Sindikatuen Konfederazioarekin eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuekin ere. Garrantzia ematen diote jendarteko eztabaida eragozteari eta oposizioa indargabetzeari, kontuan hartuz ondorio latzak ekarriko dituela berekin (nekazaritzan, industrian, zerbitzu publikoetan, ingurugiroan). Gezurra dirudien arren, Europako Batzordeak jakinarazi du Itunaren egiazko edukiak sinatuko direnean bakarrik ezagutuko ditugula. Bien bitartean, filtrazioen bidez, zehaztasun batzuk ezagutzen ari dira.

Negoziatzeko gaiak: muga-zergak edo arantzelak, baina batik bat, merkataritza trukeak arautzen eta babesten dituen araudiak.

Propagandak dioena: muga-zergak deuseztatu behar dira.
Lehiakortasuna eta ekonomiaren funtzionamendua hobetuko da muga-zergak desagertuko balira. “Lehengaiak eta tresneria kostu txikiagoan eduki ahal izango da”. Dena dela, berez, AEB eta Europaren arteko arantzelak ez dute maila handirik. Kalkuluen arabera, AEBko aduanako tarifa %3,5ekoa da, eta Europako Batasunarena %5,2koa. Hau da, munduko merkataritzan dauden apalenetakoak. Tarifa horiek sektorearen baitan aldatzen dira: horrela, Europako aduana-eskubideak handiagoak dira autogintzan, okelean, esnekietan,… bezalako sektoretan.

Propagandak esaten du ere: Itunak milioika enplegu berriak sortuko ditu.
Antzeko Itunen nondik-norakoek (AEB, Kanada eta Mexiko) guztiz kontrakoa adierazten dute: lanpostuak nonahi galtzen dira, enpresak beste lekuetara joatea errazten da, nekazaritzako sektoreak ondoa jo du, enpresa txikiak desagertu dira… Itunez baliatuta, neurri handiko eta nazioz gaindiko enpresak merkatu guztiez jabetzen ari dira.

Benetako xedea: AEB eta Europako Batasunaren arteko barne merkatu handia sortzea.
Hori egiteko, Estatu Batuek eta Europako Batasunak aldatu eta parekatu beharko lituzkete produktuen lanketari eta salmenta-baldintzei eragiten dien araudi juridiko, finantza, ingurugiro, osasun, lan, jabetza intelektuala, zerbitzu publikoaren… alorrei loturiko araudi oro. Diotenez, egungo araudiak hazkunderako eta mundu mailako enpresa jardueren mugimendu askearen eta aliantza estrategikoen trabak dira.

Eman ditzagun inpaktuen adibide batzuk, gutxi batzuk bederen.

Lan esparruan. AEBk ez ditu berretsi Lanaren Munduko Erakundearen zortzi araudietatik sei (derrigorrezko lanarena, askatasun sindikala eta negoziazio kolektiboarena, ordainsari berdintasunarena, bereizkeriarena, gutxieneko adinarena). Lan eskubideek lehiakortasunari traba egiten diotela esaten badute ere, aurreikus daiteke Europako eta AEBko lan araudien arteko hurbilketa handiagoa. Deslekutzea are gehiago erraztuko da, enpresa-jarduera askatasunez burutu ahal izana aldarrikatuz.

  • Elikaduran. AEBn okel-hormonatua edo oilo-okela kloro-disoluzioekin tratatzea baimentzen den bitartean, Europan debekatua dago. Itunarekin, eskakizun sanitarioak parekatu nahi dituzte eta AEBko produktuei ateak zabaldu nahi zaizkie. Osasun-arriskuak areagotuko direla bermatua dago.
  • Osasunari dagokionez, farmazia-industriaren boterea handituko da, generikoak eranstea atzeratuz eta botiken prezio handiagoa ekarriz. Beste datua, Europan kosmetikako produktuetan ager daitezkeen 1300 substantziak debekatuak dauden bitartean, AEBk 11 bakarrik debekatu ditu.
  • Genetikoki eraldatu diren organismoak. AEBn, nekazaritzan, abeltzaintzan eta kontsumoan onartu diren organismoen zerrenda Europakoa baino askoz ere oparoagoa da. AEBko industria bioteknologikoa gogor bultzatzen ari da, haren irizpideak ezarri nahian.
  • Zerbitzu publikoak zurrunbiloaren begian. Filtratu eta ezagutu ditugun txostenetan “monopolio publikoei, enpresa publikoei,… eragingo dien akordio batez”, “merkatu publikoak zabaltzeaz, haren administrazio mailak edozein direla ere” mintza dira. Birkokatzearen edota berezkoaren aldeko irizpide oro trabatzat hartzen da. Irakaskuntza, osasungintza, pentsioak,… hedatu nahi duten AEBko enpresa handien jomugan daude.
  • Finantza sistema. Akordio honen bitartez, Europako Batasuna, Banka handiak osatzen duen lobbyaren gatibu, zerbitzuetako sektore guztiak desarautu nahi ditu, finantza-zerbitzuak barne.
  • Ingurugiroa. Frackingarekin edota autogintzarekin zerikusia duten Europako araudi zorrotzagoak bertan behera gera daitezke AEBko laxotasun handiaren aurrean.

Araudi berriak ezartzeko, nazio-jurisdikzioaren gaineko epaitegiak.
Itunak aurreikusten ditu nazioarteko arbitraje auzitegiak sortuko direla, ekonomia-eragileen eta gobernuen arteko gatazkak ebazteko. Tresna honen bidez erabaki ahal izango da nazio-jurisdikzioak alde batera utzita, zigortu ahal izango dira ere enpresa transnazionalen interes ekonomikoei kalte egingo lieketen Estatuak edo erakunde politiko-administratiboak. Hauek milioi askotako kalte-ordainak eskatu ahal izango dute haien mozkinak edota aukerak herri baten legeriak edo har litzakeen erabakiek mehatxu egingo baliete. Horren adibide izan liteke eskisto-gasa erausteko debekuaren aurrean energia-enpresa batena, edo edari freskagarri batean azukre-kopurua mugatuko lukeen araudi-sanitarioa.

Hau guztia dagoeneko gertatzen ari da.
Hasieran genioen. Eskualdeen arteko Merkataritza Askearen Itunak badaude (Kanada-AEB-Mexiko, Asia-Pazifikoa, alde biren artekoak…). Ondorioak begi-bistan ditugu: ezberdintasunen hazkundea, langabezia eta pobrezia mundu mailan, natura suntsitzen ari gara, natur-baliabideak txikitzen ari dira, mundu mailako berotzea…

Merkataritza Askeko Ituna urrats berria da globalizazio kapitalistan:

  • Nazio-gaindiko ekonomia eta industria botereen sendotzea eta langileriaren eskubideen ahultzea dakar berekin.
  • Demokrazia eta herrien burujabetza ezabatzen da. Erabaki, enpresa-lobbyek erabakiko dute.
  • Gure ohiko bizitzaren alderdi asko mehatxatzen ari dira. EB barruan ondasunak eta zerbitzuak arautzen dituzten estandarrak murrizteak, merkataritza harremanak errazteko derrigorrezko baldintza dena, ingurugiro-arriskua, osasun-arriskua edo osasuna segurtasunaren arriskua handitzen ditu.
  •  

 

 

 

Bateragune auzian zigortutako 5 kideen askatzea eskatzeko manifestazioa Elgoibarren urriaren 11ean

0

"Arnaldo Askatu Politika Askatu" Plataformak deituta datorren urriaren 11ean Bateragune auzian zigortutako 5 kideen askatzea eskatzeko manifestazioa burutuko da Elgoibarren. Bost urte betetzen dira Arnaldo Otegi, Rafa Díez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto y Miren Zabaleta atxilotu zituztela. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da.
 

 

 

Urriaren 11ean MENDIRA Euskal Presoen alde Oiartzunen


Datorren urriaren 11ean Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzeko Mendira ekimena burutuko da Oiartzunen. Egun osoan zehar mendiarekin zerikusia duten ekintzak burutuko dira.
 

 

 

Urriak 11 denok hiriburuetara. Euskal Herrian gure hezkuntza!!!

0

 Eusko Jaurlaritzari Lomcea ez aplikatzeko eskaera egin asmoz eta Euskal Herriko hezkuntza sistema propioaren bidean urrats sendoak eman ditzan eskatzeko, Ikasle abertzaleak, Sortzen , Hezkuntza Plataformen topagunea, Ela, Stee-eilas eta LABek Urriaren 11ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kalejirak deitu dituzte. LABetik Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.

 

Hitzorduak
Bilbo
17:30etan Jesusen Bihotzean
Gasteiz
18:00etan Andra Mari Zurian
Donostia
17:30etan Bulebarrean
Iruñea
17:30etan Antoniuttin