2025-12-23
Blog Page 1170

LAB Jamal Jumá palestinarrarekin eta Salim Vally hegoafrikarrarekin bildu da

0

LABeko ordezkaritza bat JAMAL JUMÁ palestinarra eta SALIM VALLY hegoafrikarrarekin bildu da. Bilkura Bakea eta Duintasunaren elkartearen eskutik gauzatu da. JAMAL JUMÁk Palestinako egungo egoera aztertu eta Palestinar herriak pairatzen duen apartheidaren aurkako BDZ nazioarteko kanpainaren berri eman du. BDZ (Boikota, Desinbertsioa, Zigorra ) kanpaina 2005. urtean abiatu zen. Palestinarren eskubideak bermatu bitartean Israelgo estatuari presioa egitea du xedea. SALIM VALLYk aldiz, Hegoafrikan nazioarteko boikot kanpainak Hegoafrikan 1990 hamarkadararte indarrean egon zen apartheid sistemaren aurka borrokatzeko izan zuen garrantzia azaldu du.

JAMAL JUMÁ Jerusalemendarra da, palestinar herriko erakunde desberdinetako kide ( PARC, PACE, PENGON, …) eta 2002tik apartheid harresiaren aurkako palestinar herri mugimenduaren koordinatzailea da. JAMAL JUMA ezaguna da munduan zehar eta NBEan Palestinar gatazkari eta apartheid harresiari buruz emandako hitzaldiengatik.

SALIM VALLY Hezkuntza eskubide eta eraldaketa zentroaren zuzendaria da, Johannesburgoko unibertsitateko Hezkuntza fakultatean irakasle elkartua eta Nelson Mandela Unibertsitate Metropolitarrean irakasle bisitaria da. 70. hamarkadan irakasle mugimenduaren kide esanguratsua izan zen, atzerrira alde egin izan zuen arte. 1982an itzuli zen Hegoafrikara eta COSATUko (Hegoafrikako Sindikatuen Kongresua) sortzaileetako bat izan zen.
 

 

 

Zarautzen ere kalitatezko osasungintza euskaldun baten alde

0

Azken egunotan komunikabideetan albiste izan da Osakidetzak Zarauzko osasun zentroan euskararen inguruan egindakoa: emaginen ordezkapen kontratazioak egiterakoan euskararen ezagutzaren betekizuna ez betetzea edota hutsik dagoen mediku lanpostua betetzeko euskararen ezagutza ez eskatzea.

Bi kasuetan garbi azaleratzen da euskararen inguruan Osakidetzan dagoen arazoa: eguneroko gestioan ez dira kontutan hartzen euskararen normalizazioarako beharrak eta baldintzak, ez dira unitateetako hizkuntz egoerak eta erronkak aztertzen, ez eta euskara lantokietako lan hizkuntza izan dadin edota herritarrei zerbitzu elebiduna eskaintzeko interes minimorik jartzen. Sarritan, Zarauzko kasuan bezala, Osakidetzaren araudia urratzen du Osakidetzak berak.

Euskararen normalizaziorako plan integral eta eraginkorra behar dugu, eta horiekin batera bitartekoak eta erantzunkizunak behar ditugu. Izan ere, euskararen normalizazioaren erantzunkizuna Osakidetzako zuzendari eta arduradunek hartu behar dute bere gain. Unitate edota zentro bakoitzeko egoera aztertu, helburuak zehaztu eta horiek lortzeko bitartekoak, laguntzak eta antolaketak zehaztu beharko lituzke Osakidetzak. Arreta berezia jarriz euskaraz bizi diren herrietako egoeran edota lana euskaraz egiteko baldintzak bete edota betetzeko gertu dauden unitateetan.

Zentzu honetan, Zarautzen gertatutakoak euskara kaltetzen du. Araudia betetzeaz gain, euskararen normalizaziorako beharrak kontutan hartuz bete ditzala eskatzen diogu Osakidetzari. Zarauzko osasun zentroan ahalik eta lasterren zerbitzu elebiduna erabat bermatzeaz gain, euskara osasun etxeko langileon lan hizkuntza izateko helburua lorgarria da, izan beharko luke, LABen ustez. Osakidetzako zuzendaritzak euskaraz bizitzeko aukerari trabarik ez jartzea besterik ez dugu eskatzen. Ez Zarautzen, ez inon.
 

 

 

LABek negoziazio kolektiboaren irekiera galdegiten du Nafarroako administrazioan

Nafarroako Administrazio Publikoetan azkeneko gobernuen murrizketa politikak eragin duen kaosa eta narriaduraren aurrean, LABek galdegiten du negoziazio kolektibo prozesu baten irekiera non enplegu publikoa, langileen lan baldintzak, lan-sariak eta zerbitzu publikoen kalitatea berreskurapena gauzatuko den. Horrexegatik Nafarroako Gobernuaren aurrean negoziazio plataformaren proposamena aurkeztu dutu Mahai Orokorrean eztabaidatua izan dadin.

Dokumentua aurkeztu dugun ekitaldian, halaber, salatu dugu langileok azken urteotan jasan izan dugun lan-sarien galera Yolada Barcina Presidenteak bere saria 64.455 eurotan handitu duen bitartean.

Barcina badoa, bai, baina bere kontu korrentea ongi betearekin, urte askotako arpilatzearen ondorioz. Bera ordezkatu duena UPNn asmo berberekin etorriko da. Enplegatu publikoak lan-sari makalekin gelditzen gara, lan zama handiekin eta zerbitzu publiko eskasa emanez. Barcina eta UPNren heredentzia da.

LABen aldarrikapenen plataforma
Azkartzeko asmoarekin Gobernuari, Mahai Orokorrean eztabaidatzeko, aurkeztu diogun plataformaren proposamenak bost arloetan bildu ditugu.

1) Enpleguaren aldeko neurriak. Langileen doikuntzari eta kaleratzeei zein gutxitzeari amaiera eman. Gutxienez 2.000 lanpostuko LEP onartu. Dauden langilean bermatu, aldi baterako kontratazioei egonkortasuna emanez, plantilla organikoan ageri daitezen orain estrutural moduan izkutatzen diren lanpostuak. Kontratazioaren kudeaketa hobetu entxufismoa eta bidegabekeria ekidituz. Burutzak gutxitu, bermatu burutza guztiak meritu lehiaketaz hornitzen direla, ez nahierara orain bezala.

2) Eros ahalmena berreskuratu. 2012ko 14. lansaria osoa itzuli. Lansariak handitu eros ahalmena bermatzeko eta galdutako lansariak berreskuratu arteko %2ko igoera urteko. Aldi baterako langileei finkoek dituzten kontzeptu guztiak ordaindu (gradua, familia laguntza …).

3) Zerbitzu Publikoen alde. Pribatizatze-kanpora emate proiektu guztiak bertan behera utzi. Pribatizatutakoak lehengoratu (informatika, sukaldeak, mendekotasuna …). Azpiegitura eta zerbitzu publikoak errentagarri egin enpresa pribatuei eman aurretik (osasun zein hezkuntza kontzertuak). Lanpostu guztietarako prestakuntza plangintza iraunkorra.

4) Hizkuntza normalkuntza. Gaikuntza linguistikaren plangintza, bermatzeko alde batetik langileek (borondatez) Nafarroako bi hizkuntzak ezagutzea, eta bestaldetik herriaren bi hizkuntzetan arreta bermatzea ere. Euskara meritu bezala hartzea deialdi guztietan.

5) Lan Osasuna. Langileak orain dagoen Gizarte-Segurantzaren kolaboratzaile den auto-aseguradoran sartu. Prebentzio eta harrera formakuntza plangintza lanpostu guztien langile berrientzako. Langileen beharretara lanpostuen egokitzapena.
 

 

 

KUTXABANK, borroka ez da amaitu

Kutxabanken Pribatizazioaren aurkako plataformak Euskal Kutxen bankarizazio eta pribatizazio prozesua EAJk, PPk eta PSEek harrapaketa sinesgarri egiteko erabaki eta antolatutako iruzurra dela salatu dute gaur prentsaurrekoan. Ataka honetara ekarri gaituen prozesua bertan behera uzteko aukera badela ere adierazi nahi izan dute, eta bide horretan bete beharreko baldintzak azaldu dituzte.

Kutxabanken Pribatizazioaren aurkako plataformaren irakurketa
KUTXABANK, borroka ez da amaitu 

«EAJk, PPk, PSEk eta CCOOek urriaren 24an Kutxa banku-fundazio bihurtzearen aldeko botoa eman zuten; horrela burutu zen Euskal Kutxak banku-fundazio bihurtzeko prozesua. Une horretatik aurrera, Kutxabanken eta fundazioen etorkizuna 60 pertsonaren esku geratu da, eta inolako kontrol aukerarik ez dute izango kutxen sortzaile izandako erakundeek, Kutxen batzarrek, ezta bezero eta langileek ere. Bost dozena horiek izendatuko dituzte, gainera, beren ondorengoak, eta Kutxabankeko akzioak noiz eta nola salduko diren.

Kutxabank Euskal Kutxen bankarizazio eta pribatizazio prozesua egundoko iruzurra da, EAJk, PPk eta PSEek erabaki eta antolatua; hau aurrera ateratzeko gezurra, engainua, datuen eta errealitatearen faltsutzea erabili dira, Aurrezki Kutxetan jasota dauden aurrezkien harrapaketa sinesgarri egite aldera.

Honelako harrapaketaren helburua kapital pribatuak Kutxabanken akzio gehienak eskuratzea da. Hau gertatuz gero, euskal aurrezkietan metatutako 40.000tik gora milioi akziodun espekulatzaileen interesen arabera kudeatuko dira. Bide hau leuntzeko kontrol publiko eta soziala ebatsi dute, Kutxabanken inguruko erabakiei, inbertsio politikari eta euskal sare ekonomiko eta sozialean txertatzeko ereduari buruz.

Behin eta berriz salatu izan dugu harrapaketa hau hemen antolatu dela, bertoko alderdien eta Kutxabankeko oraingo arduradunen aldetik. Eurek negoziatu eta adostu dituzte koartada gisa erabiltzen dituzten legeak, baita prozesua atzera ezineko errealitate bihurtzeko neurriak ere; Bildurekin itxitako akordioa medio banku bat sortzea erabaki zuten, erakunde sortzaileen jabegoa merkatuan saldu eta erosi zitezkeen akzio bihurtzearren. Eurek erosi zuten Banco de Madrid, eta milaka milioi euro xahutu dituzte Elizaren Caja Sur kutxan, “espainiar banku handi bat” eraikitzeko asmoz; zabaltzeko politikari ekin eta higiezinen espekulazioan belarrietaraino murgildu dira; 340 milioiko balioa zuten bankuaren aktiboak oparitu egin dituzte, 5 milioiren truke baino ez, eta enpresa estrategikoetako akzioak saldu dituzte; bankuak etekinak honela lortzen ditu: aurrezteko ahalmen txikiena duten bezeroek ordaintzen dituzten komisioen bitartez, langileei soldata jaitsiaz eta milatik gora lanpostu amortizatuaz; etxe-gabetzeetan txapeldunak dira, eta gizarte-ekintza likidatzen ari dira.

Prozesu guztian aipatutako alderdiak eta Kutxabankeko kudeatzaileak euskal herritarrei ziria sartzen ahalegindu dira.

Kutxabank sortzeko erabakia inposatu zutenean esan zuten euskal kutxen ahalmen finantzarioa hobetu nahi zutela, gure lurraldeko enpresa estrategikoetako inbertsioa ahalbidetu eta erabakitzeko ahalmena berton mantentzea, akzioak kapital pribatuaren esku jarri gabe.

Aurrezki Kutxak banku-fundazio bilakatu direnean esan dute erakunde horien izaera sozial eta publikoa mantendu egingo zela, gizarte-ekintza bermatuta zegoela eta akzioen jabegoari eutsi egingo zitzaiola.

Proposamen alternatiboak plazaratu ditugunean, edota Gipuzkoako Foru-Aldundiak (GFA) proposatu duenean Kutxen benetako jabegoa herri-erakunde sortzaileei akzioen bidez itzultzea, erantzun ere ez dute egin.

Ez dira gauza izan arrazoi politiko, sozial edo ekonomiko bat bera ere emateko, azaltze aldera euskal kutxen likidazioa Euskal Herriko sare produktiboaren, enpresan eta herritarren onerako dela, ezta agertu ere pribatizazioa saihesteko Bilduren eta GFAren proposamena blokeatzera eraman dituzten zioak.

Egunotan ikusten ari gara herritarrei iruzur egiteko altxa zuten egitura demagogikoa erortzen ari dela. Bankarizazio edota banku-fundazioak sortzeko prozesuan esan zituztenetatik ale bat ere ez da egia; protesta eta mobilizazio sozialik ez sortzea zen helburu bakarra.

Mario Fernandezek esan du Kutxabanken etorkizuna zein izango den (akzioen salmenta edota kapitala zabaltzea, eta akziodun pribatuen dibidendoa hobetzeko helburua); errealitate gordina adierazi besterik ez du egin.

EAJ, PP eta PSE urduritu egin dira agerian geratu delako helmugaren berri eman gabe urratsez urrats aurrera egiteko zeukaten estrategia; Espainiako Bankuaren zirriborroari jarri nahi dizkioten alegazioen xede bakarra herritarrekiko duten ardura ezkutatzea da. Orain arte aukeratu eta ibili den bidearen helmuga bakarra izan daiteke, Espainiako Bankuak iragarri duena, eta hori ondo asko zekiten. Espainiako Bankuaren eta EAJren artean paperak banatzea, batentzat gaiztoarena eta bestearentzat ustez onarena geratzen delarik, parodia hutsa da; honez gero inork sinesterik ez dute lortuko.

Kutxen Legearen alde bozkatu eta zuzenketak adostea, EAJk egin duen moduan, jakinaren gainean izanik horiekin kontrol publiko eta soziala ezabatu eta akzioak kapital pribatuari salduko zitzaizkiola, herri-erakundeen oinarrizko ardurari muzin egitea da (hots, interes orokorra, ez gutxi batzurena aintzat hartzeko ardura).

Harrapaketa honek baditu arduradunak: Araugintza aldetik erabakiak hartu eta hauek gauzatzeko kudeatzaileak izendatu dituzten alderdiak; baina bada ere Jaurlaritzak eta Lehendakaritzak saihestu ezineko ardura politiko bat. Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak estrategia hau babestu izan dute, eta horretan jarraitzen dute, Kutxabankeko egungo zuzendaritzarenganako “konfiantza” adierazi baitute. Kutxabank esku pribatuetan utzi nahi dutenekin fio badira, ados daude; ez dago bestela ulertzeko modurik.

Ataka honetara ekarri gaituen prozesua bertan behera utzi beharra dago berehala; horretarako aukera badago eta euskal jendarte zein ekonomiak premiaz behar du:

• Kutxabankeko akzioak berehala herri erakundeei itzuli.
• Kapitala ez da handitu behar, Burtsara aterata zein akziodun pribatuak sartuaz. Kutxabankeko kapitalaren %100 publikoa izango denaren konpromisoa.
• Konpromisoa hartzea ez dela onartuko prozesuan atzera egiteko eragozpen izan daitekeen neurririk, esaterako Espainiako Bankuak eskatu dituenak, desinbertsio plan bat aurkeztea edota 700 milioi euroko funts bat zuzkitzea.
• Araugintza aldetik erabakiak hartzea honako helburuekin: Kutxen-Kutxabanken izaera publiko eta soziala defenditu eta hobetzea; erakunde, bezero eta langileen arteko kudeaketa ezartzea, administrazio-kontseilua eta akziodunen batzarra demokratizatuta.
• Marko normatibo bat sortzea euskal finantza-sistema publiko bat eraikitzeko, non Kutxek-Kutxabankek funtsezko eginkizuna beteko duten.

Eragile sozialak: AHT Gelditu Elkarlana, Berri-Otxoak, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa, Coordinadora ONGD Euskadi, Danok Lan, Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak, Ezker Gogoa, IRPH STOP Gipuzkoa, Kontsumitzaileen Elkarteak (EKE, UCE, EKA, EHKB, OCUV), M15M, Mugarik Gabe, Mujeres del Mundo, REAS, PAH Kaleratzerik ez!, SOS Racismo Bizkaia, STOP Desahucios Gasteiz y Gipuzkoa.

Sindikatuak: EHNE, HIRU, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS

Euskal Herrian, 2014ko azaroaren 12an»
 

 

 

 

LAB: «Zergatik arbuiatzen dugu elkarrizketa sozialaren holdinga?»

Nafarroan sortu berri duten Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua elite ekonomiko eta politikoari babesa ematera datorren azken «txiringitoa» da. Elkarrizketa Sozialak ez du inoiz hobekuntzarik ekarri nafar langileriarentzat, ez eta Nafarroak eskatzen duen aldaketaren bidean. LABek badu alterbatiba. Marko Propioan, Demokrazian, Sisteman Publikoan eta Sindikalismo autonomoan oinarrituriko lan harreman eredua.

Zergatik arbuiatzen dugu elkarrizketa sozialaren holdinga?
Los máximos dirigentes de CCOO (Toxo) y UGT (Méndez) toman café con el jefe de la Patronal española (Rosell)

1. Elkarrizketa Sozialak elite ekonomiko eta politikoari babesa eman dio, zeinak nafar langile- riaren kontura aberastu, Nafarroako Kutxa desagertarazi eta Nafarroa hondamendira eraman duen. UGT eta CCOO Patronal, Sanz eta Barcinaren morroiak izan dira. 

2. Elkarrizketa Sozialak ez du hobekuntzarik ekarri nafar langileriarentzat. Aitzitik, bere lan Elkarrizketa Soziala abiatu zenetik. Gaur pobre- agoak gara eta patronala aberatsagoa. Garai horretan soldatapeko 165.132 lagunek ondasunaren %44,4 esku- ratzen zuten bitartean, orain askoz soldatapeko gehiagok (222.743) portzentai txikiagoa jasotzen dugu (%40,7). Langabezia hazi da, kaleratzea merkeagoa da, prekarie- tatea eta noraeza laborala hedatu da eta patronalak gero eta harroputzago jokatzen du. Urte gehiagotan lan egin zerrendak luzatu egin dira Osasunbidean eta Ospitalean geure senideei zabor-janaria nola ematen dieten ikustera heldu gara. Irakasle guxiago eta ikasgelako ikasle gehiago dago. Babes sozialera bideratutako ondasun portzentaie- tan, Nafarroa Europako azkenetakoa da: Errumania eta Baltikoko herrialdeak besterik ez daude azpitik. 

3. Politika publiko ugari pribatizatu dira Elkarrizketa Sozialaren Holdingaren mesedetan. Lan prestakuntza eta beste arlo batzuk Patronal, UGT eta CCOOen eskuetan utzi ditu Gobernuak. Eurak dira, aldi be- rean, diru publikoa nora doan erabakitzen eta diru publiko hori jasotzen dutenak, Comptos Ganberak berak kritikatu duen monopolioa praktikan jarriz. UGT eta CCOOek egitura sindikala loditu eta klientelismoa egiteko erabiltzen dute diru publiko hori. Sindikatuak baino, euren pribilejioak mantendu eta areagotu beste helbururik ez duten enpre- sen antza dute. 

4. Patronala, UGT eta CCOOek urtero 20 milioi euro baino gehiago jasotzen dituzte. UGT eta CCOOek ordezkaritzaren arabera jasotzen dutena baino 125 aldiz gehiago jasotzen dute hatzamar bidez. Honen ondorioz, gainfinantziazio horrekiko eta ondorioz iturria ireki ala ixteko ahalmena duen Gobernuarekiko erabat menpekoak dira. Menpekotasun hori bera errepikatzen da lantoki mailan ere: enpresariek UGT eta CCOO entxufatu eta sustatu egiten dituzte, euren nahietara makurtzearen truke. 

5. Patronala, UGT eta CCOOek egiten duten diru publikoaren kudeaketan ustelkeria kasu ugari azaltzen ari dira. Arazoa ereduan bertan datza. Hainbat prozesu judizial daude abian Andaluzian eta Ma-drilen, icebergaren tontorra besterik ez direnak. 

Zein da alternatiba? 

LABen ustez, honako lau ideia hauetan oinarritutako lan harremanen eredu berria beharrezkoa da: Marko Propioa; Demokrazia; Sistema Publikoa eta Sindika- lismo autonomoa. 

Eredu berria denon artean adostu beharko da. Gure ustez, honako hauek dira eredu berri horretarako neurri egokiak: 

1. LAN HARREMANETARAKO ESPARRU PROPIOA

• Madrilen aurrean blindatutako arau- tegi laboral propioa, eskubide laboralak berreskuratu eta zabaltzera bideratu- takoa. 
• Nafarroako sektore publikoan negozia- zio kolektiborako eskubidearen berres- kurapena. Gobernuak ezingo du aplikatu inongo murrizketarik alde bakartasunez. 

2. DEMOKRATIZAZIOA ETA LAN ARLOKO INSTITUZIOEN NORABIDE ALDAKETA 

• Lan Auzitegiaren eta Nafarroako Enple- gu Zerbitzuaren demokratizazioa. Biek ala biek langileria osoari ematen diote zerbitzua, bakoitzaren afiliazio sindika- la gora-behera. Beraz, bere erabaki es- parruetan parte hartzeko aukera eman behar zaie Nafarroan ordezkaritza duten sindikatu guztiei. 
• Lan Auzitegia, Nafarroako Enplegu Zer- bitzua nahiz Lan Osasunaren Institutua- ren norabide aldaketa, eskubide labora- len defentsa eta hobekuntzarako tresna eraginkorrak izan daitezen. 
• Lan harremanetarako organo publiko baten sorrera. Nafarroan ordezkaritza sindikala duten sindikatu guztiek parte hartu ahalko dute bertan, inolako bal- dintza ideologikorik gabe. 
• Nafarroarako Lan Ikuskaritza propio baten sorrera. 

3. LAN PRESTAKUNTZARAKO SISTEMA PUBLIKOA 

• Lan prestakuntzarako sare publikoa. Nafarroako Gobernuak zehaztuko du bere eskaintza, udalen, enpresen eta sindikatu guztien parte hartzearekin. 
• Hezkuntza Saileko langileek emango dituzte ikastaro horiek, lanbide hezike- tako ikastetxeetan edota bestelakoetan, lanbide heziketarekin sinergiak sortuz. 
• Gaur egun CEN, UGT eta CCOOek eramaten duten diru publikoa lan pres- takuntzako sare honetara bideratuko balitz, A mailako 607 irakasle kontratatu ahalko lirateke. Honek hezkuntza sis- tema publikoa indartu ez ezik lan pres- takuntza hobetu ere egingo luke, lanbide heziketarekiko sinergiei esker.

4. SINDIKATUEN FINANTZIAZIO PUBLIKO OBJEKTIBOA 

• Sindikatuei ematen zaizkien dirula- guntza publikoak objektiboak eta sindi- katu bakoitzaren ordezkaritzaren ara- berakoak izan behar dira. Nahierara emandako dirulaguntza oro ezabatu be- harra dago. Neurri hau da sindikalismo autonomo baterako bermea. 

5. ENPLEGUA ESKURATZEKO AUKERA BERDINTASUNA 

• Nafarroako lantoki askotan ematen den diskriminazio bikoitza (afiliazio sin- dikalaren nahiz sexuaren araberakoa) ezabatu beharra dago. KYBSEko eredua, beharrezkoak diren hobekuntzekin, Nafa- rroako gainontzeko lantokietara zabaltzea proposatzen dugu: enplegu poltsa osatu, parekidea (%50 gizonak, %50 emaku- meak) eta zozketa bidez. 

6. ASKATASUN SINDIKALEN BEHATOKIA 

• Nafarroako lantokietan askatasun sin- dikalak babestu eta hauteskunde sindi- kaletan berme demokratikoak berma dai- tezen, erakunde publiko baten sorrera. 
  

 

Plentziako geltokiaren itxieraren aurka mobilizatu dira Metroko langileak

0

Urdulizeko pasagunea lurperatzeko lanen ondorioz Plentziako Metro geltokia itxita izango da 16 hilabetez. Metroko Zuzendaritak langileak kendu nahi ditu geltokitik, eta ondorioz, ez da informaziorik, bezero-arretarik, ez eta txartelak erosteko laguntzarik emango. Zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta enpleguen defentsan Metro Bilbaoko Komiteak deituta elkarretaratzea egin zuten langileek.

Metro Bilbaoko Komitearen irakurketa
«KALITATEZKO GARRAIO PUBLIKOAREN ALDE PLENTZIAKO GELTOKIA EZ ITXI 

  • Metro Bilbaok Plentziako geltokia ixteko asmoa du.
  • 16 hilabete luzez Plentziako herritarrek ez dute bezeroen arretarik jasoko geltokian.

2015eko apirilean, Aste Santuarekin, hasiko dira Urdulizeko pasagunea lurperatzeko lanak. Hartara, bi urtez edo, Plentziako eta Urdulizeko bidaiariek autobusez egin beharko dituzte Sopelako geltokirainoko joan-etorriak. 

Geltoki horien erabiltzaileentzat nahikoa eragozpen eta gainera Metro Bilbaoko Zuzendaritzak LANGILEAK KENDU NAHI DITU Plentziako geltokitik neguko hilabeteetan. Ondorioz, ez da informaziorik, bezero-arretarik, ez eta txartelak erosteko laguntzarik emango 16 hilabetez gutxi gorabehera. 

Langilerik ez egoteari geltokiaren inguruko foru errepidean eta geltokirako sarbideetan ere zirkulazioaren segurtasun handirik ez dagoela gehitzen badiogu, Plentziako geltokia inolako zerbitzurik gabeko geraleku bihurtuko da bi negu luzez. 

Metro Bilbaoko Enpresa-batzordetik egoera hori salatu nahi dugu, bi arrazoi nagusirengatik: 

1.- ZERBITZUAREN KALITATEA. Plentziako geltokiak eta bizilagunek geltokiko langileak behar dituzte zerbitzu egokia jasotzeko, bai zerbitzua normalean ari denean bai, eta are gehiago, trenen ordezko autobus-zerbitzu luze hori bezalako egoera degradatuan.

2.- ENPLEGUA BERMATZEA Metro Bilbaoko langileen presentzia geltokietan funtsezkoa da Enpresa-batzordearentzat. Metroko zerbitzuak gaur ezagutzen dugun kalitate eta baldintzetan iraungo badu behar-beharrezkoa da egiturazko lantaldeari eustea. Gainera, egiturazko lantaldea gakoa da zuzendaritzaren eta langileen arteko lan harremanak onak izan daitezen. 

Enpresa-batzorde honek ez du onartuko Plentziako geltokia ez aldi batez ez eta betiko ere uztea edota ixtea eta dei egiten dio Plentziako herriari hala jakinaraz diezaion Metro Bilbaoko zuzendaritzari. 

DENON ARTEAN LORTUKO DUGU. 
KALITATEZKO GARRAIO PUBLIKOAREN ALDE 
PLENTZIAKO GELTOKIA EZ ITXI 
»
 

 

 

LABek ez du Bilboko Udaleko akordioa sinatuko

LAB sindikatuaren ustetan, azkenengo urteetan inposizioa, murrizketak eta enplegu publikoa suntsitu besterik egin ez duen udal batekin horrelako akordio partziala sinatzea zentzugabekeria handia da.

LABen ustez ondoko bi arrazoirengatik guztiz onartezina den akordio partzial salariala lortu du ELAk Bilboko Udalaean:

• lehenik, akordio partziala izateagatik, akordio partzial bat non une honetan zerbitzu publikoen defentsan aritu nahi duen sindikalgintzak, soldata igoerarekin batera, negoziazio kolektiboan lehenetsi beharko lituzkeen gaiak jorratu ere ez dira egiten, alegia, udalean suntsitutako eta sortu beharreko enplegua, eta zerbitzu publikoen garapen eta eredu aldaketa.
• Eta bigarrenik, soldataren atalean ere guztiz eznahikoa delako, eta horrelako akordioa zeinekin eta krisi honen sorreran zerikusirik handiena izan duten instituzio nagusietako batekin izanik gainera.

Akordio salarial honek 2012 eta 2013an zehar pilatutako zorra baino ez du aintzat hartzen, eta 2014rako KPIari lotu gabeko %0,6ko produktibitate osagarri ez kontsolidagarria proposatzen du.

LAB sindikatuaren ustetan, azkenengo urteetan inposizioa, murrizketak eta enplegu publikoa suntsitu besterik egin ez duen udal batekin horrelako akordio partziala sinatzea zentzugabekeria handia da.

Ikusitakoak ikusita, nonbait ELAk akordioak sinatu ala ez edukiengatik baino negoziazioan aurrean duenaren arabera erabakitzen du. Bestela ezin baita ulertu Bilboko Udalarekin honelako akordioa sinatu izana, eta aldiz, Donostiko udalean non lanpostuak sortzeaz gain, azken urteetan pilatutako zorra aitortu den, 2012ko paga ordaindu eta zerbitzu publikoak ez pribatizatzeko konpromisoa hartu eta betetzen ari den, ELAk akordioa sinatu ez eta mobilizazioak deitu izana.

ELAri behin eta berriro entzuten diogu alderdi politiko guztiek politika berdinak egiten dituztela. Oso ondo daki, langile publikoen eskubideei dagokionean behintzat, hori ez dela egia. Bilboko udalean ELAk sinaturiko akordioa eta Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuaren negoziazioan hartu duten jarrera, argi eta garbi, PNV legitimatzeko modu bat da, beste leku batzuetan akordio hobeak baztertzen dituen bitartean.

 

 

 

LAB: «Barcinaren amore ematea herri garaipena da»

Azken urteetan zehar, nafar langileria hamaika aldiz eta hamaika moldetan mobilizatu egin da. Milaka lagun atera dira kalera Nafarroaren konkista gogoan hartu, murrizketak nahiz ustelkeria salatu eta aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzeko. Nafarroa nahierara erabili duen elite ekonomiko eta politikoari aurre egin dion herri hegemonia berria eratzen ari da.

Elite horrek sakrifikatu du hain zuzen ere Barcina (xakearen hizkeran peoia baino gehiago badena; erregina dela esan liteke, partida arriskuan dagoenean sakrifikatzen dena), Erregimen ustelaren fatxada berritzen saiatzeko. Barcinaren porrota beraz herri garaipena da, herri mobilizazioak deslegitimatu baititu bere politika antisozial eta ustelak. Orain ahaleginak biderkatu egin behar dira Erregimenaren zernahi berrikuntzari aurre egin eta behingoz aldaketa politiko eta sozialaren prozesua martxan jartzeko Nafarroan.

LABen iritziz, prozesu horrek hiru erronka nagusi ditu: lehenik eta behin, politika ekonomiko eta soziala errotik aldatu langileriaren mesedetan (enplegua, etxebizitza, osasungintza, hezkuntza, babes soziala); bigarrenik, Erregimenak sustatutako kortijo, pribilejio eta ustelkeria ororen eraispena (administrazioko burokrazia, Elkarrizketa Sozialaren Holdinga, Opus Deiren aldeko politika); eta hirugarrenik, demokratizazio osoa, nafar herritargoak bere eskubideak gauzatu ahal izan ditzan (abortorako eskubidea, euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea, geure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea).

Argi eta garbi dago Nafarroa ustiatu duen elite ekonomiko eta politikoak, UGT eta CCOOen laguntzarekin, bereak eta bi egingo dituela aldaketa prozesua eragozteko. Horregatik beharrezkoa da langileria bere indar guztiekin mobilizatu dadin, aldaketa prozesu hori ahalbidetzeko. LAB eskuz esku arituko da aldaketaren alde apustu egiten duen ororekin.
 

 

 

PPk langabetuen etengabeko babes falta sustatzen duela salatzen du LABek

Hainbat filtrazioen arabera, PP-ren Gobernuak iraupen luzeko langabetuentzako laguntza berri bat martxan jarri nahi duela ezagutu dugu. Horretarako ondoko baldintzak eskatu nahi ditu: familia ardurak izan eta urtebete egon inolako prestazio ekonomikorik gabe. Laguntza 400 eurokoa izanen litzateke, eta gehienez, 6 hilabetez.

LAB Sindikatuak Gobernuak langabetuekiko duen jarrera salatu nahi du. Lehenik, enplegua suntsitu duen lan erreforma inposatuz, langileoi enpleguaren atea itxi diguna. Bigarrenik, langabeziaren prestazioetan murrizketak ezarriz, prestazioen zenbatekoak gutxituz eta gero eta baldintza gogorragoak eskatuz. Ondorioak begi bistan daude: babesik gabeko langabetuen kopurua biderkatu baino ez da egin.

Euskal Herrian, 88.000 lagunek (langabetuen % 40) bi urte baino gehiago daramate enpleguaren bila. Langabetuen erdia baino gehiagok (110.000 lagun) ez dute inolako babes ekonomikorik. Eta prestazioren bat jasotzen dutenen artean, gero eta gehiago dira zenbateko txikienak, hots, prestazio asistentzialak jasotzen dituztenak. Emaitza: milaka langabeturi ukatu egiten zaie, enplegu duina, baita bizitza duina eramateko beharrezko babesa ere.

PP-ren Gobernuaren asmoen berri izateak agerian jartzen du haren zitalkeria milaka lagunen egoera dramatikoarekiko: pobreziaren mugaren azpitik dauden laguntzak proposatzen ditu, langabetuak urtebete egotea inolako laguntzarik gabe eskatzen du, aldi baterako (6 hilabete) izanen dira eta familia ardurarik ez duena baztertu egiten du. Ezin da burla handiagorik egin luzean enplegurik eta diru-sarrerarik gabe dagoenarentzat! Nola nahi dute horrela jendea bizitzea?

Eskatzen dugu irmotasunez babes ekonomikoa langabetu guztientzako, enplegurik gabe dauden bitartean. Eta laguntza ekonomikoa duina izan dadila, inola ere ez pobreziaren mugaren azpitik. Eskatzen diegu Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei beste aldera begira ez dezaten. Bere gain hartu behar dute aldaketa juridikoak eragiteko beharra, baita aberastasuna banatzeko neurriak, Euskal Herrian Babes Sozial sistema propio bat izan dezagun, bizi baldintza duinak bermatu behar dituena.