2026-04-20
Blog Page 117

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.

Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) jasotzaileen ustezko erabilera desegokia salatzeko ezarritako postontziaren inguruko ohartarazpena egiteko baliatu du: prekaritatea jomugan jartzen du, pertsona zaurgarrienak kriminalizatuz.

LABek bere X. Biltzar Nagusian hartu zuen lantokietan eta kaleetan egiten genituen borrokak eremu instituzionalera ere eramateko erabakia. Instituzioetako parte hartze espazioetan gure lekua hartzen ari gara pausoz pauso, eta gaur Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartzeko urratsak logika eta erabaki horri erantzuten dio.

Administrazio Kontseilura Lanbideren ekinbidearen inguruko irakurketa kritikoa eramateaz gain, bi helburu
nagusi izango ditu LABen parte hartzeak:

Batetik, kontuan izan behar dugu Lanbideren izaera juridikoa aldatuko dela datozen hilabeteetan, Euskal Enplegu Legean ezarrita dagoen bezala. Erakunde autonomo izatetik Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa izatera pasako da, pribatizazioari atea irekitzeko aukera zabalduz eta egungo langileen egoeran ondorio negatiboak utziz. LABek beraz, Administrazio Kontseiluko bere parte hartzea erabiliko du izaera juridikoaren aldaketa horrek ekar ditzakeen atzerapausoak kontrolatzeko eta era berean proposamenak egiteko.

Bestetik, langileriarentzat garrantzia berezia duten gaiak eta iniziatibak eramango ditugu Administrazio Kontseilura: langile kolektibo espezifikoei begirako neurriak, neurri orokorrak edo politika jakinen gaineko irakurketa eta kritikak. Zentzu horretan gaurkoan, Lanbidek DSBEarekin egon daitezkeen iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana salatu nahi izan dugu.

Hasteko, pobrezia bera kriminalizatzen duelako. Datuek beraiek diote DSBE jasotzen duten pertsonen iruzurra oso txikia dela, eta herri honek iruzurrean arazo bat badu, kapital handien eta enpresen iruzur fiskala dela, ingeniaritza fiskal konplexuaren bidez zergak ordaintzea saihestuz. Horrelako neurriek gainera, pobrezia kriminalizatzeaz gain, iritzi publiko bat sortzen ere laguntzen dute, ultraeskuinaren mezu eta markoa legitimatzen duten diskurtsoak, arreta aberastasunaren banaketan eta iruzurgile handietan jarri ordez, prekaritatean eta pobrezian bizi diren langileen gain jarriz. Eusko Jaurlaritzak pobrezia borrokatu beharrean pobreen aurkako gerra bat abiatzea erabaki du, zaurgarritasun egoerak gainditzean baino egoera horiek jo puntuan jarriz. Hori gutxi ez balitz, jendartea salatari bilakatzeko urratsa da, jendartearen artean susmoa etamesfidantza elikatzen duena, zatiketa bultzatzen duena pobreziaren aurrean elkartasun balioak bultzatu ordez. Administrazio publikoak bere prestazioak egoki ordaintzearen bermea jendartearen gain utzi du gainera, bere bitartekoak nahikoa ez bailiran mezua helaraziz.

Horregatik guztiagatik, gaur LABek neurri hori atzera bota dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta zehatzago Mikel Torres Lehendakariorde eta Enplegu sailburuari. LABek aspaldi egin zuen bazterrean kokaturiko langileak bere ekintza soziosindikalaren erdigunean jartzeko hautua, eta horrelako neurriek kontrakoa bultzatzen dute. Bazterrean dauden langileak bazterrera kondenatzen dituzte, bazterketa ekonomiko eta sozialera. LABek langileriaren eskubideen alde borrokatzen jarraituko du, Lanbiden harturiko neurria bezalakoak salatuz eta langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen politika publikoen alde borrokatuz.

EH Bilduk “Nazioa Gara” lelopean larunbat honetan deitu duen manifestaziora ordezkaritza bidaliko dugu

EH Bilduk nazio manifestaziora deitu du larunbat honetan, Euskal Herria nazio bat dela eta horren araberako eskubideak dagozkiola aldarrikatzeko. Eskubide horien artean dago, besteak beste, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea; euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea.

Hain zuzen ere, hogeita hamar urte betetzen dira sindikalismo abertzaleak esparru propioaren aldeko manifestazio historikoa egin zuenetik; 25 urte betetzera doaz LAB Ipar Euskal Herrian sortu zenetik. Ordutik hona, Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da, estatuetan egiten den sindikalismoarekiko koordenada desberdinetan. Horri esker, euskal langileek euren lan eta bizi baldintzen defentsarako baldintza berriak eskuratu badituzte ere, egun oraindik Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurik, esparru sozioekonomiko propiorik, esaterako, ez dugu ziurtatuta.

Egungo marko juridiko-politikoak lan harremanen estatalizazioa eta prekarizazioa ahalbidetzen jarraitzen du. 2008ko krisiaren aurreko egoerarekin alderatuta, euskal langile gehiago daude hitzarmen estatalen menpe edota prekaritatearen aurrean babesgabe. Langile publikoen soldatak eta erreposizio tasak ez ditugu bertan erabakitzen; hezkuntzan edo zerga politikan, esaterako, ez dugu burujabetza osorik.

Gauzak horrela, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen esparru propioa ekarriko duen aldaketa politikoa beharrezkoa da; Ipar Euskal Herrian, instituzionalizazioan urrats berriak emanez, Nafarroan eta EAEn Estatus politikoak berrituz. Eztabaida irekia dago eta eztabaida horren parte izan behar dugu langileok, eragile sindikal eta sozialok, eztabaida ezin da alderdi politikoetara mugatu. Aldaketa politiko horren alde egin behar du euskal independentismoak, LABek eremu guztietan: lantokietan, kalean eta instituzioetan.

Irakurketa honetan oinarrituta, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru duen ordezkaritza bidaliko du LABek EH Bilduk deitutako manifestaziora.

Osasunbidearen pribatizazioa ez dugula baimenduko ohartarazi dugu, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu Osasun Lege berrian froga dezala osasun publikoaren aldeko apustua egiten duela

Elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean, dozenaka delegaturekin, baita osasun arloko profesionalekin ere, Vianako Printzea Kontsulta Zentroaren aitzinean, Gobernuak aurkezturiko Osasun Lege berriaren aurreproiektuak irekitzen duen bide pribatizatzailearen aurka protesta egiteko. Imanol Karrera sindikatuko bozeramaileak ohartarazi duenez, “LABek ez dio Nafarroako Gobernuari Nafarroako osasun publikoa pribatizatzen utziko” eta, aldi berean, “Osasun Lege berriarekin osasun publikoaren aldeko apustua erakusteko eskatzen dio, Osasunbidea zaintzea eta indartzea Nafarroako gizarte osoaren kezka eta lehentasun nagusietako bat baita”.

Geroa Bai buru duen Osasun Departamentuaren asmoek dakarten zentzugabekeriaren aurrean LAB sindikatuak iragarri du zuzenketak eginen dituela lege aurreproiektua zuzentzeko eta hobetzeko; bertzeak bertze, Osasunbidea enpresa erakunde publiko bihurtze hori kentzeko eta gauza publikoa erdigunean jartzeko.

LABen iritziz, osasun publikoa eta kalitatezko osasun arreta mantentzea bermatzea dira lege berriak landu behar dituen erronkak, aukera benetan aprobetxatu nahi badu eta Nafarroako gehiengo sozialaren eta Osasunbideko langile guztien kezka eta lehentasunari erantzun nahi badio. Hala ere, Osasun Departamentuak aurkezturiko aurreproiektua kontrako bidetik doa, eta hainbat arrisku eta ahulgune ditu horren inguruan. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak berak onartzen duenean Osakidetzaren ereduak aldaketa handiak behar dituela, Geroa Bai buru duen Osasun Departamentuak hemen ezarri nahi du eredu hori. Zentzugabekeria galanta.

LAB sindikatuak Osasun Foru Legearen aurreproiektu hau errefusatzen du, batez ere hiru arrazoirengatik:

  1. Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoaren aldaketak enpresa erakunde publiko bihurtzen dituelako eta, haren bidez, osasun zerbitzuak pribatizatzen direlako (horien artean, osasun mentala), sistema publikoa itunpeko batera mugituz. Gainera, langile guztien lan eskubideak aldatzeaz batera, ez dituelako behin-behinekotasun eta prekaritate egoerak zuzenduko.
  2. Navarrabiomeden deskapitalizazio prozesuarekin jarraitzen duelako.
  3. Lan osasunari dagokionez, ez dituelako zuzentzen Nafarroan dagoen lan istripuen kopuru handiaren atzean dauden kontrolik eta ikuskapenik ezaren faktoreak.

Era berean, LABek eskatzen du lege hori gizartearekin partizipatua, sindikatuekin negoziatua eta zuzendua izan dadila, gauza publikoa Nafarroako osasun sistemaren ardatz egituratzaile gisa kokatuko duen ikuspegi estrategikoa markatuz. Lege hau beharrezko tresna izan arren, funtsezkoena falta baitzaio: zerbitzu publikoak blindatzea, lankidetza publiko-pribatua kontrolatzea, eta langileen arloko neurriak behin-behinekotasuna murrizteko eta hautaketa-prozesu sinplifikatu eta eraginkorrak ziurtatzeko; gainera, hizkuntza-normalizaziorako batere interesik ez du.

Dirudienez, Osasun Foru Legearen aurreproiektuak, pribatizazio eta negozio interesei bide zabala emateko asmoen deklarazio osoa baita, ez du behar adinako adostasun politiko eta sindikalik dagoen moduan aurrera egin ahal izateko. Osasun Legea pazienteak zentroan jarriko dituen eta langileen lan-baldintzak duinduko dituen oraingo eta etorkizuneko tresna gisa ulertzen bada, bere oraingo testua ez da onargarria, idatzita dagoen moduak zalantzak sortzen baititu konponbideak baino gehiago.

Erasoaldi atzerakoiaren aurka

Azken urteetan LABek salaketa garrantzitsuak egin ditu osasun zerbitzu publikoekin lotuta. Lehenik eta behin, mediku profesional batzuen praxi txarra salatu zuen, bateragarri egiten baitzituzten beren funtzio publikoak eta negozio pribatuak, esklusibotasun osagarria kobratzeari uko egin gabe; praxi txarra, Administrazioaren utzikeriak eragindakoa. Jose Luis Escriva Espainiako ministroak mutualitateen bidez osasun publikoa pribatizatzeko egin duen saiorik handiena azaleratzen zuen dokumentu bat ere plazaratu zuen LABek. Eta azkenik, LABek salatu zuen Osasun Departamentua ikerketa biomediko publikoa deskapitalizatzen ari dela Opus Deiren alde.

Sindikatu honek salatutako guztiak erakusten du badela sakoneko korronte bat osasun publikoa ahuldu nahi duena, halako egoeraz nazkatuta nafar gizarteak klinika pribatuen bidez edo, langileen kasuan, mutualitateen bidez osasun zerbitzuen pribatizazioa ontzat ematea bilatzen duena.

Estrategia pribatizatzaile horren aurrean, LABek mobilizazio eta greba dinamika gidatu zuen osasun publikoaren defentsan eta Osasunbideko profesional guztien lan baldintzak duintzearen alde, ofentsiba atzerakoi hori gelditzea lortuz eta 16 urtetan lorpenik handiena eskuratuz: Osasunbideko osasun langile guztien lanbide karreraren aitortza.

Manifestazioa urtarrilaren 26an eta “J’accuse” autoinkulpazio kanpaina migratzeko eskubidearen alde

Duela 8 hilabete, hemen bertan bildu ginen hamarnaka eragileren ordezkariak martxoaren 14ko KORRIKAren harira 36 pertsona migratzailerekin batera muga Santiago zubitik zeharkatzeko ekimena gure gain hartzeko. Desobedientzia zibileko ekintza zela esan genuen, eta gure helburuak argiki adierazi:

  • Europa Gotorlekuaren immigrazio-politika errepresiboa salatu.
  • Frantziako Gobernuak eskuin muturraren laguntzarekin ezarri duen azken immigrazio legea salatu.
  • Mugak behin betiko irekitzea eta, bereziki, Irun eta Hendaia artekoa bezalako zubi guztiak irekitzeko eskatu, guztion zirkulazio askea eta bertan gelditzeko eskubideak bermatzeko.

Lehenago ere hainbat mobilizazio egin izan ditugu, 2022ko azaroaren 1ean, Avenida oinezkoen zubian kokatutako burdin-hesiak sinbolikoki ideki edota 2023ko uztailaren 22an, agintariak salatzeko eta mugako kontrolaren irizpide arbitrarioetan tresnak eta gardentasun gutxi ezarri izana salatzeko, Pausu/Behobia zubiko kontrol-postua kartelekin estaliz.

Mobilizazio eta ekintza ugari egin arren, egoera ez da aldatzen ez bada okerrera: Frantziak berriki muga ixteko erabakia beste 6 hilabetez luzatu du eta gutako 7 ekintzaile deklaratzera deitu, atxilotu eta epaituko dituzte urtarrilaren 28an. Eragile sare honetatik haien berehalako kargugabetasuna aldarrikatzen dugu.

Guk ez dugu epaiketa hau onartzen. Epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, ez eta pertsona guztien eskubideen alde ari direnak. Immigrazio politika anker eta hiltzaileak, muga arrazista eta bidegabe hauen errudun diren agintariak eta legeak dira zigortu behar direnak; Bidasoan eta trenbidean gutxienez 9 heriotzaren arduradun direnak edota milaka pertsonen bizitzak arriskuan jartzen dituztenak.

Euskal Herria beti izan da harrera, immigrazio eta emigrazio lurralde bat, eta izaten jarraitu nahi du. Migrazio prozesu aske eta seguruak egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Horregatik, urtarrilaren 26an Ficobatik Hendaiara egingo den mobilizaziorako deia egiten dugu hemen bildu garenok eta ordezkatutakoek ere. Era berean, elkartasuna delitu ez dela aldarrikatzeko, J’accuse autoinkulpazio kanpaina martxan jarriko dugula iragarri nahi dugu. Kanpaina honekin immigrazio politikak salatzen ditugu eta gu ere Korrikaren egunean migrazio prozesuan diren pertsonekin batera izan ginela esan nahi dugu. Gaur lehen autoinkulpazioak egingo ditugu, eta hurrengo asteetan milaka biltzeko asmoa dugu.

Migratzeko eskubidearen alde.

Mugak apurtu eta zubiak eraikitzearen alde.

Harrera Herri Harro garelako: #HarreraHerriHarro

Michelinen 2023an kobratutako prima, diskriminatzailea dela iritzi dugu

LAB, CGT, ELA eta ESK osatutako blokeak Madrilgo Bitartekotza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzura eraman dugu Michelineko langile batzuk 2023ko abenduan jasotako ordainsaria. Prima horrek kanpoan utzi ditu, enpresak emandako jakinarazpenean jasotzen denez, hainbat pertsona eta kolektibo. Hala nola aldi baterako ezintasun-egoeran daudenak, eszedentzia-egoeran daudenak, enpresak aukeratutako egunean enpresan ez dauden aldi baterako langileak, edo bulegoetan lan egiten dutenen kolektiboa.

Ez gaude ados enpresak ezarritako irizpidearekin. Zer gertatzen da urriaren amaierara arte lanean egon diren pertsona horiekin, eta azaroaren 30ean alta emanda ez zeudenak? Enpresan 10 hilabetez lan egin duen aldi baterako langile bati ez al dagokio prima jasotzea? Bajan dauden pertsonei? Edo eszedentzian daudenei, urtearen zati batean lan egin dutenean? Eta “ahalegin kolektiboagatiko” prima ordaindu bada, zergatik utzi bulegoetako langile guztiak kanpoan? Ez al dira haiek ere enpresaren parte?

Goian aipatutako sindikatuok, Michelin España Portugalen lantegi guztiei eragiten dien gaia denez, Bitartekotza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuari (hemengo PRECOaren parekoa) jakinarazi diogu prima errekurritzeko asmoa, Auzitegi Nazionalean judizializatu behar izan aurretik. Hala, Gasteizko lantegiaz gain, Lasarteko (hauek ere parte hartu dute prozesuan), Aranda de Dueroko eta Valladolideko langileei ere eragiten die. Hitzordu hori azaroaren 22an izango da.

Merezi du azpimarratzea Gasteizko lantegian, LABek, CGTek, ELA-k eta ESK-k ez dugula ordezkaritzarik bulegoko langileen artean. Eta geuk eskatu behar izan diogu enpresari langile hauek prima horretatik ez kentzeko. CCOOk, UGTk, CSIFek edo CCMk ez dute gaia planteatu. Beste behin ere, argi geratu da nortzuk dauden plantillaren alde, eta nortzuk norberarentzako hobekuntzak lortu nahian.

Enpresak diskriminatutako kolektibo guztiei dagokien prima jasotzea eta ordaintzea espero dugu, eta gatazka judizializatu beharra saihestea. Ez da onargarria plantillaren zati batek bakarrik jasotzea prima bat guztion artean lortu ditugun emaitzengatik. 

Sindikalismo Feminista Internazionalista. A25 aske izateko!

LAB kide den Munduko Federazio Sindikaleko Herrien Koordinakundeak manifestua argitaratu du azaroaren 25an testuinguruan. Jarraian irakur dezakezue:

Munduko Federazio Sindikaleko Herrien Koordinakundetik denok libre izango garen mundu justu bat eraikitzeko, lantokiak emakumeentzako espazio seguru eta erosoak izan behar dutela adierazten dugu. Jazarpena, lanaldi hirukoitzak eta genero-arrakala dauden bitartean, klase sindikalgintza soberanistak zorra izango du emakume* langileekin, eta zor hori ordaindu egin behar da.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan mantentzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxuak agerian gelditzea oztopatzen du eta, horregatik, indarkeria ez da behar beste salatzen ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak askotarikoak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, egindako lana edukiz hustutzea, gure lanaren gutxiespena… Indarkeria matxista dimentsio eta aurpegi ezberdinak dituen zigor- sistema oso bat da. Egiturazkoa da emakumeak* menpean mantentzeko sistema heteropatriarkal kapitalistaren tresna da.

Lan munduan, biolentzia honetaz aritzean, sexu-jazarpenaz, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu orientazioan, genero -identitatean nahiz genero-adierazpenean oinarritutako jazarpenaz ari gara; hau da, kultura patriarkalaren biziraupen mekanismoek hartzen dituzten formez.

Eta non daude instituzioak egoera hauen aurrean? Indarkeria matxista hau ez ikusaraztea eta tresna eraginkorrak ez jartzea indarkeria hau ezkutatzea dela adierazten dugu. Izan ere, ez dago datu hauen inguruan erregistrorik, ez zaio jarraipenik egiten, indarkeria matxistaren inguruko inkesta orokorretan ez dira agertzen…

Ez enpresek, ez administrazioak ezta lan ikuskaritzak ere ez daukate errealitate honi heltzeko borondate eta intentziorik. Datuak argiak dira: ez dago egoera hauek salatzeko mekanismo eta tresna eraginkorrik. Bertako, Espainiako Estatuko eta Europako erakundeei lan-ingurunean indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak berehala gara ditzatela eskatzen diegu.

Gure ustez, patronalaren eta botere publikoen isiltasun konplizeari aurre egiteko, ezinbestekoa da emakumeen* parte-hartze aktiboa bermatzea egunero eraikitzen dugun kontra-botere sindikalismoan. Ordezkaritza nahiz zuzendaritza-espazioetan paritaterik ez egotea, indarkeria matxistei aurre egiteko baliabide urriak izatea eta feminismoa zeharkakoa eta intersekzionala den praktiko-politikoa izatearen aurkako erresistentziak, gure sindikatuetan eta parte hartzen dugun nazioarteko esparru sindikaletan errepikatzen jarraitu ezin duten arazoetako batzuk dira.

Emakumeen* aurkako indarkeria guztioi eragiten digun zerbait izanik, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinakundetik, ezin dugu eta ez dugu estrategia indibidualik ezta isolaturik marraztu nahi. Gure artean indarrak batzen eta estrategiak biltzen ari gara, internazionalismo sindikalaren zentraltasuna berretsiz, eredu bidegabe, bortitz eta desorekatu baten aurka borrokatzen duten herrien artean zubi feministak sortzeko.

Sindikalismo feminista internazionalista aske izateko!

Nafarroako Barazki Kontserben sektoreko 10.000 langileen lan baldintzak duinduko dituen herrialdeko hitzarmena eskatu dugu

LAB sindikatuko hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Cadreitan (Nafarroa Garaia), Conservas Angel Ria lantegiaren aurrean, Barazki Kontserben sektoreko patronalari eta negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eskatzeko beharrezko negoziazioei ekin diezaietela Nafarroako hitzarmen sektorial propioa ezartzeko; hitzarmen horrek, zalantzarik gabe, 10.000 pertsona ingururen lan baldintzak duinduko lituzke.

LAB sindikatuak Erriberako herri batean egin du gaurko agerraldia, Nafarroan 10.000 pertsona inguru enplegatzen eta prekarizatzen dituen Barazki Kontserben sektoreko enpresa gehienak eremu horretan daudelako. Eta LABek prekaritateaz hitz egiten du sektore horrek erreferentzia duen hitzarmen estatalak, adibidez, kategoria altuenarendako 1.400 € gordineko soldata bat markatzen duelako –eta langile gehienak ez daude kategoria horretan–, eta hamabortz kategorietatik seiren soldatak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik beheiti dituelako.

LABek prekaritateaz hitz egiten du Barazki Kontserben sektoreko urteko lanaldia 1.776 ordukoa delako, inguruko enpresetan egiten diren orduak baino hagitzez gehiago. Eta LABek prekaritateaz hitz egiten du Barazki Kontserben sektorea oso gibelean dagoelako eskubide sozialen arloan, Nafarroako gizarteak egun dituen beharrekin alderatuta. Izan ere, afera ez da bakarrik hitzarmen estatalak oso minimo baxuak ezartzen dituela, baizik eta Barazkien Kontserben sektoreko lan baldintzen inguruko kontu asko oinarrizko lan araudiaren menpe daudela zuzenean, hau da, Langileen Estatutuaren menpe.

LABek oso argi dauka Espainiako markoa ez dela bere markoa, ez baitu gaitasunik ezta borondaterik ere Nafarroako inongo sektoretako lan baldintzak duintzeko. Horregatik, sindikatu honek uste du lan harremanak hemen arautu behar direla, Nafarroan. Ildo horretan, LABek negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eta patronalari dei egin nahi die Nafarroako Barazki Kontserben sektorerako hitzarmen bat arautzera eser daitezen, langile guztien lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat. Hala ez balitz, LABek lantokietako plantillak aktibatuko lituzke egoerari buelta emateko.

Autobus gidariek komunera joateko eskubidea dutela aldarrikatzen dugu

Gaur, azaroaren 19a da, Komunaren Nazioarteko Eguna. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok Euskal Herrian bertan, ez daukate lanean ari direla komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko, euren artean, autobus gidariak.

Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta funtsezko zeregina betetzen dute ingurumena babesteko. Saneamendua eta edateko ura giza eskubideak dira, eta zerbitzu horiek eskuratzea funtsezkoa da pertsonen osasunerako eta ingurumenaren osotasunerako.

Hainbeste pertsona komun-ontzi segururik gabe uztea arriskutsua da sektore honetako langileentzat eta, bereziki, emakumeentzat*, prezio altuena ordaintzen baitute osasunari eta segurtasunik ezari dagokienez.

Komun batek xehetasun txikia eman dezake, baina funtsezkoa da langileentzat eta, ez zerbitzua ematen duten enpresa pribatuentzat, ez eta azken arduraduna den aldundiarentzat ere, ez du ematen inolako garrantzia duenik. Enpresa pribatuek eta diputazioak ez dute komun-ontzirik edo saneamendu-zerbitzu duinik eskaintzen, modu seguruan eta azkarrean erabili ahal izateko, eta horrek garraioko langileen giza eskubideak urratzen ditu, lan-eskubideez gain. Gainera langile hauek ez dute denbora guztia erabili ahal izateko, askotan denbora neurri eta justu baten erabiltzen dute edo berriro ibilbidea osoa egin eta gero ez dute aukerarik.

Komun ezak hainbat arrisku ditu; komunera joateko gogoari eustea arrisku handi bat da langileen eta herritarren segurtasunerako (haien bizitzak eramaten baitituzte garraioetan), funtzio kognitiboa honda baitezake, eta horrek ondorio kaltegarriak izan litzake garraioaren sektorean.

Dituen arriskuengatik, eskubide hori lantokietako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuan jasotzen da, zehazki, higiene-zerbitzuei eta atseden hartzeko lokalei buruzko V. ERANSKINEAN, non zehazten den lantokietan komunak egon behar direla lanpostuetatik gertu eta, langileek beraien lana eraikitako lantoki batean egiten ez dutenean, beraien lanpostua toki finko batean ez denean, enpresak bermatu behar die komunak edota garbigelak erabiltzeko aukera.

LABen argi daukagu, langile guztiok izan behar ditugu eskura komunontzi eta saneamendu-sistema egokiak, kalitate onekoak eta haien egin beharretarako espazio egokiak direnak. Eskubide hori ukatu ez dadin borrokatuko dugu.

SDA FACTORY-ri akordioa betetzeko eskatu diogu, eta hori ez egitearen arriskuez ohartarazi dugu Gasteizko Udalean

Joan den apirilean, akordioa lortu zen Gasteizko SDA FACTORY enpresan. Akordio horrekin, gatazka judizial eta kolektiboko etapa luze bat itxi nahi zen, eta oinarriak ezarri lantegian lan egiten duten pertsonen, zuzendaritza eta jabetzaren arteko harreman berri, positiboago bati hasiera emateko. Akordio horretan, irekitako hainbat auzi kentzeaz gain, neurri ekonomikoak adostu ziren, alde batetik, plantillak jasandako erosahalmenaren galera izugarria arintzeko, eta, bestetik, konpentsazioak eskaintzeko, ustez iragankorrak diren produkzio-premiengatik enplegu-erregulazioko hainbat espediente etengabe eta jarraian aplikatzeagatik.

Neurri ekonomiko horiez gain, enpresa-batzordeak beste aldagai batzuk sartzeko ahalegina egin zuen, beste berme mota batzuk izateko, bai plantillarentzat, bai industria-proiektuarentzat. Kontuan hartu behar da langile guztiek ia agortuta zutela langabezia-prestazioa, eta erregulazio-neurri berriak errepikatzeko aukera zegoenez, laguntza ekonomikorako abalak adostu ziren, etorkizunean kasu bera gertatuko balitz ere. Baina, batez ere, eta garrantzitsuena dena, enpresan injekzio-postua indartzea hitzartu zen, funtsezkoa baita produkzio-prozesu osoan, hura elikatzen baitu.

Zoritxarrez, hilabete batzuk baino igaro ez direnean, akordioa partzialki aplikatzen ari da. Eta proiektuak aurrera egitearen aldeko neurriak sistematikoki urratzen ari dira. Beraz, itundutako soldata-igoeren zati bat ordaindu bada ere, ez da ordaindu langileekiko zor esanguratsua metatzen duen eta, aldi berean, proiektuarekiko ziurgabetasuna eta sinesgarritasunik eza biderkatzea eragotziko lukeen beste igoerarik. Baina larriena da enpresak jakinarazi duela ez duela injekzio-atala indartuko, eta prozesu hori kanpora aterako dela. Azaldutako arrazoia da “oso garestiak garela”. Ez al zekiten hori orain dela hilabete batzuk akordioa lortu zenuenean? Langileak engainatuta sentitzen dira eta behin eta berriz kea saltzen ari zaizkiela ikusten dute, oraindik ere ez baitira betetzen denen langabezia kontsumitzeko arrazoi izan ziren aldagai guztiak.

Ez du laguntzen, gainera, dagoeneko murriztuta dagoen I+G atalean, edozein enpresaren aurrerapenaren bihotza, geratzen ziren 3 pertsonetako bat kaleratzeak (langileon ordezkaritzari ofizialki jakinarazi gabe), beste pertsona bati Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak (ABEEE) eragiten zioten bitartean. Bien bitartean, enpresa premia larrian dago, garatzen ari diren aparatuetan arazoak, atzerapenak eta aldaketak metatzen baititu, eta horien menpe dago enpresaren biziraupena. Eta inork ez du ulertzen langile horiek kanporatzea, I+Gko giza kapital guztia prest egon beharko bailitzateke hainbeste zailtasun konpontzeko.

Azpimarratzekoa da ABEEEaren egungo aldia abenduaren 31n amaitzen dela. Hortik aurrera, langileek eta batzordeak ez dakite zer gertatuko den. Jakina, ezinbestekotzat jotzen zen akordio bat ez betetzeak ez du laguntzen derrigorrezko konfiantza ehuntzen, jasaten ari garen une kritiko honetan. Horregatik, joan den azaroaren 12an lanuzte bat egin zen eta batzarrean mobilizazioei berriro ekitea erabaki zen. Hori dela eta, batzordeak bilera-sorta bat egingo du bere garaian prozesu luze horretan parte hartu zuten eragileekin, atxikimenduak lortzeko eta arazo horien guztien berri emateko.

Astearte honetan bertan, azaroaren 19an, Gasteizko Udaleko txanda popularrean agerraldia egin dute SDA FACTORYko enpresa-batzordeko kideek, langileek bizi duten egoera arriskutsua zabaltzeko abiapuntu gisa. Ondoren, mobilizazioa egin dute udaletxearen aurrean, Gasteizko fabrika historiko hau behin betiko desagertzeak ekar ditzakeen arriskuak zehatzago salatzeko.