2025-12-23
Blog Page 1167

Oso arrakastatsua izan da gaurko greba Osakidetzako Gipuzkoako zentroetan

0

Gaur Gipuzkoako zentroen txanda izan da eta bertan deituta dagoen grebaren jarraipena garrantzitsua izan da. Aurreko lanuzteetan bezala, ezin dugu inolako zifrarik eskaini, inposaturiko zerbitzu minimoekin ez dagoelako jakiterik zenbat langilek atera behar zuten grebara.

Bestaldetik, Donostian manifestazioa burutu dute langileek Arabako eta Bizkaiko zentroetan kontzentrazioak burutzen ziren bitartean.

Ez dugu amore emango Jaurlaritzak inposaturiko “gutxieneko zerbitzuak” salatzeko orduan greba eskubidea bertan behera uzten baitute. Bestaldetik, Osakidetzak eman dituen jarraipen kopuruak errealitatetik oso urrun daude: langileen %6,7 edo % 10 atera dela grebara diotenean, soilik ari dira kontuan hartzen zerbitzu minimorik ez daukan langile kopuru txikia. Beraz, honetan ere tranpa. Eta lotsagarriena da greba egunetan inoiz baino operazio onkologiko gehiago programatzen dituztela dena martxan egotera behartzeko, asteburu, jaiegun eta oporretan ez direnean programatzen… orduan bai itxaron daiteke? Minbiziak ba al daki egutegiaz? LABek exijentzia argia luzatzen dio Osakidetzari: itxaron zerrendak gutxitzeko helburutan, gaur bezalako onkologi eta urgentziazko ebakuntza kopurua egin ditzala asteburu eta jaiegunetan ere, baina ordu estrarik ordaindu gabe. Beste exijentzia bat: gaur bezalako langile kopurua mantentzea jaiegun guztietan.

Datorren astean Bizkaiak hartu du lekukoa, bertan greba eguna deituta baitago. Eta abenduaren 4ean, greba orokorra Osakidetza osoan 24 orduz. Bitartean, sindikatukok 24rako gaude deituta mahai sektorial berri batera. Bertan Osakidetzak aukera ezin hobea izango du zentzuko jarrera arduratsuz jokatzeko eta honako lanuzteak geldiarazteko. Jadanik ez dute inor engainatzen. Euskal jendarteak oso argi dauka zein den gure borroka eta zein den osasun publikoaren gainbeheraren erruduna. Garaiz gaude bide onera bueltatzeko.
 

 

 

Ogasunaren azoka eraikinak langileei osasun-arazoak eragiten dizkie, airea girotzeko instalazio desegokia baitu

0

Lan Ikuskaritzak errekerimendua egin dio Ogasunari, eta Osalanek ere neurriak hartzeko eskatu dio. Horrez gainera, azken neurketetan bakterio-kutsadura handia dagoela hauteman da.

Duela 20 urte Aldundiak Ogasuneko bulegoak Azoka eraikinera aldatu zituenetik, behin eta berriz salatu dugu zergadunei eta langileei dagokienez beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez dituen eraikin industrial bat dela.

Sail guztiak Abandoibarrara eramateko proiektuak huts egin ondoren, Aldundiak baztertu egin zuen, eta, 2010ean, Ogasunak instalazioak guztiz berritzeko proiektu bat aurkeztu zigun. Baina, 2012an, berritze-lanak bertan behera utziko zituztela jakinarazi ziguten, eta, beraz, langileen artean zabaldutako lan-baldintzak hobetzeko itxaropen guztiak zapuztu zituzten.

Denbora honetan, langileen kexak etengabeak izan dira eta hainbat salaketa aurkeztu dira eraikineko ingurune-baldintza txarrengatik. Salaketaren muina da airea girotzeko sistema desegokia dela, karga elektrostatiko handia duela eta giroan hezetasun erlatibo eskasa dagoela.

2008an, LABek lipoatrofia kasuak agertu izana salatu zuen. OSALANek eraikin gaixoaren arazoa zegoela baieztatu zuen, eta giroan hezetasun erlatiboari dagokionez zegoen arazoa konpontzeko neurriak hartu behar zirela jakinarazi zuen.

Aurtengo martxoan, eraikineko baldintzek osasun-arazoak sortzen zituztela agerrarazteko, eraikineko langileen 592 sinadura bildu ondoren, LABek salaketa bat aurkeztu zuen. Lan Ikuskaritzak errekerimendu bat bidali zuen erantzun gisa. Errekerimendu horretan, giroan % 50etik gorako hezetasun erlatiboa bermatzeko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatzen zion Aldundiari.

Aldi berean, eraikina bisitatu ondoren, OSALANek esan zuen ez zegoela daturik airea girotzeko sistemak instalazioetan sartzen duen airearen berritze-mailari buruz. Egoera horren aurrean, gomendio hauek egin zituen: ozonoaren jatorria zehazteko eta kanporako aire-erauzketak jartzeko, formaldehidoaren iturriak bilatzeko eta maila ahalik eta txikiena lortzeko neurriak hartzeko. Karga elektrostatikoari dagokionez, instalazioak eta altzariak aldatzeko eta aldaketa arrisku elektrostatikoa aintzat hartuta egiteko zioen.

Horrez gainera ingurumen-kalitateari buruzko txosten berri batek ezarri du, ekainean egindako neurkeren arabera, bakterio-kutsadura handia dagoela. Zehazki, bulegoetan egindako neurketen emaitzen % 66,6 arauturakoaren kontrakoak da.

Aldundiak ez ditu zehaztu hartuko dituen neurri zuzentzaileak, eta eraikinean neurketa gehiago egitera mugatu da. Gainera, ez du betetzen Lan Arriskuen Prebentzioaren Legeak xedatutakoa, ordezkari sindikalak kontsultatzeari eta ordezkari horien parte-hartzeari dagokionez.

Egoera honen aurrean, Ogasuneko langileek pasa den ostiralean egin zuten batzarrean erabaki zen hilaren 20an protesta egitea eta Ogasunari arazoa konpontzeko eskatzeko idazkiak aurkeztea. Hala egiten ez badu, mobilizazioak deitzeko aukera aztertuko da.
 

 

 

Negoziazio kolektiboari egindako erasoa salatu dugu EUDELen

Gaur, azaroak 20, LAB sindikatuko udal-foru sektoreko delegatuok EUDELek Bilbon duen egoitzaren aurrean bildu gara, udalen elkarte honek Negoziazio Kolektiboarekiko duen jarrera salatzeko eta toki erakundeetako langileon lan-baldintzak (25.000 langile baino gehiago EAEko udal-sektorean) arautzen dituen UDALHITZ akordioa berritzea helburu izan behar duen benetako negoziazioa aldarrikatzeko. Ildo horretan, sindikatuko ordezkariek gaur bertan Bilbon biltzen zen EUDELeko exekutiboari idazki bat helarazi diote.

Iragan ostiralean, azaroak 14, EUDELek negoziazio mahaia deitu zuen UDALHITZ akordio/hitzarmenaren negoziazio kolektiboari ekiteko. Batzarraren aurrekaria hau da: LAB sindikatuak 2010etik berritu gabe dagoen UDALHITZ akordioa berritzeko negoziazio prozesua zabaltzea eskatu zuen 2014ko martxoan eta bere proposamena edo plataforma helarazi zion EUDELi. Horren ondorioz uztailean egin zen batzarrean EUDELek irailean negoziazio mahaia deitzeko konpromiso hartu zuen. Irailean ez zuen deialdirik egin eta pasa den ostiralean, bi hilabete berandu, egin zen bilera.

EUDELek, ostiralean, proposamen bat helarazi zigun bertaratutako langileen ordezkarioi. EUDELeko ordezkarien hitzetan proposamenak exekutibo osoaren oniritzia (EAJ, PSE eta PP) eta "iraungitze data" zeukan, alegia, gaur bertan, azaroak 20, exekutiboaren batzarrean behin betiko erabakia hartu behar zela eta sindikatuok 48 ordu lehenago “edo hartzen da ez da hartzen” erantzun behar genuela, hau da, azaroaren 18rako.

EUDELen eskaintza 2014 eta 2015 urteetarako da eta hau jasotzen du: kendutako 2012ko abenduko aparteko ordain-saria kontsumo-mailegu baten bitartez konpentsatzea (itzulketa nola saihestuko duten zehaztu gabe), 2014rako % 0,6ko igoera produktibitate-osagarri baten bitartez (soldatan kontsolidatuko ez litzatekeena), 2015erako ezer ere ez eta 2012-2013 urtetan galdutako erosteko ahalmenaren aitortza, baina kuantifikatu gabe eta ordaintzeko konpromiso irmorik gabe. Horrez gain, EPEen aktibazioari buruz hitz egiten dute, ordezkapenekin eta hutsik dauden plazak betetzearekin lotuz, baina inongo zehaztapen edo aplikazio praktikorik gabe, EPEak eta ordezkapenak Estatuak debekatuta baititu.

LABen iritziz:
1) EUDELen jarrera onartezina da, langileok daukagun negoziazio kolektiborako eskubidea larriki urratzen duelako, alde batetik, negoziazio-gaiak nabarmen mugatzen dituelako eta, bestetik, proposamen itxi bat egin duelako eztabaida eta sindikatuon ekarpenak saihestuz. NEGOZIAZIO-EZA eredu hori modu larrian zabaltzen ari da sektore pribatuan ez ezik sektore publikoan ere, Eusko Jaurlaritzaren mahai orokorrean etengabe ikusten ari garen bezala.
2) Bestaldetik, EUDELek eta exekutiboa osatzen duten EAJ, PSOE eta PP alderdiek lau txakur txikirengatik erosi nahi dituzte langileon eskubideak. Azken urteotan galdutako erosteko ahalmenarekin konparatuta lansarien igoera benetan kaskar bategatik langileok amore ematea eta funtsezkoak diren gaiak alboratzea nahi dute: lanaldia, kontziliazio neurriak, lan-baldintzak, lan-osasuna, euskararen sustapena, genero berdintasuna lortzeko neurri eraginkorrak, kalitatezko zerbitzuak bermatzeko enplegua sortzea, pribatizazioei aurre egitea, subkontratetako langileen eskubideak eta abar luze bat.
LAB sindikatuak ez du inolaz ere onartuko ez negoziazio txantajistarik ez eta salerosketa planteamendu hori ere; aitzitik, irmoki defendituko ditu langileen eskubideak eta herritarron zerbitzu publikoak.

Horrenbestez, LAB sindikatuak EUDELi UDALHITZ akordio/hitzarmena berritzeko benetako negoziazio kolektiboa –gaiak aurretiaz mugatu gabe eta sindikatuon ekarpenak kontuan izango dituena– zabaltzea galdegin dio. Hala ez balitz, EUDELek langileok aurrez-aurre izango gaitu.
 

 

 

Emakumeon pobretzeari aurre egingo dio LABek Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñean

Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna gerturatzen ari den honetan LABek ezinbestekotzat jotzen du emakumeon pobretzeari aurre egitea. Jada ez du inork zalantzan jartzen euskal herritarron gehiengoa gero eta pobreagoa garela. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari gara.

Emakumeon parte hartzea lan merkatuan beti izan da bigarren mailakoa, aitortza baxuagoko eta lan baldintza prekarioenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte. Gaur egun egoera are gehiago gogortu da.

Guzti hau salatzeko, bihar, azaroak 21, Arabako Emakumeen Bilkura antolatu du sindikatuak, eta ondoren, 12:30etan, Bilbo plazan konzentrazioa egingo da "Emakumeon pobretzeari aurre egin" lemapean. Gainontzeko hiriburuetan ere mobilizazioak egingo dira, Donostian, elkarretaratzea azaroaren 24ean egingo da 12.30etan gizarte segurantzaren aurrean (Zurriola kalea 12), Bilbon azaroaren 25ean, giza katea abiatuko dute Bizkaiko Diputaziotik 12etan eta Iruñean 12.30etan Udaletxe aurrean mobilizazioa egingo da.

«Emakumeon POBRETZEARI aurre egin»
Espainiar eta Frantziar estatuek, zein Gasteiz eta Iruñeko gobernuek, herria pobretzearen aldeko hautu politikoa egin dute. Horretarako krisiaz baliatu, eta ezarritako neurri, erreforma zein murrizketa guztiak bide beretik joan dira; gehiago dutenek gehiago izan dezaten, eta gutxiago dutenek aldiz, gero eta gutxiago.

Jada ez du inork zalantzan jartzen euskal herritarron gehiengoa gero eta pobreagoa garela. Pobretze prozesu honen adierazle diren datu eta estatistikek, gehienetan, genero ezberdintasunak ezkutatzen dituzten arren, kaltetuenak emakumeak izaten ari gara.

Emakumeon parte hartzea lan merkatuan beti izan da bigarren mailakoa, aitortza baxuagoko eta lan baldintza prekarioenetako sektore eta lanpostuetara bideratu gaituzte, gure lana gizonezkoen lanaren osagarritzat jo dutelako.

Gaur egun egoera are gehiago gogortu da, behin behinekotasun tasak gero eta handiagoak direnean, emakumeon kasuan %23,8koa da, gizonezkoen %17,7aren aldean. Patronalak lanaldi partzialak gero eta gehiago zabaltzeko apustua egin du eta ezin dugu ahaztu lanaldi mota honetan dihardutenen %94,69a emakumezkoak direla. INEren azken datuen arabera, gizonezkoek baino %36,2 gutxiago kobratzen dugu. Gizon eta emakumeon soldaten arteko aldea gero eta gehiago handitzen ari da eta honek, gainera, ondorio zuzenak ditu ondoren jasotzen ditugun prestazioetan (langabezian, ezgaitasunak, erretiro pentsioak…).

Bien bitartean, erakunde ezberdinek, arazoaren muinera jo eta erabaki ausartak hartu beharrean, dagoeneko ahula eta nahikoa ez den babes sozial sistema eta prestazioak hartu dituzte jomugan. Honek kolpe bikoitza dakarkigu emakumeoi: alde batetik, emakumeok gara hein handi batean prestazio hauen jasotzaileak (datu esanguratsu bat: guraso bakarreko familien artean %88,6ak emakume bat dute buru eta, hauetatik, %40k langabezian dagoen emakume bat) eta, bestetik, sistemak bete beharko lituzkeen premiak, zaintza kasu, emakumeon bizkar uzten dituzte.

Pobrezia ere indarkeria da, emakumeak pobreziara kondenatu nahi gaituzte, menpeko izaki bihurtu. Emakumeok burujabetza ekonomikoa behar dugu gure bizi proiektuak modu aske batean garatu ahal izateko. Honetako gaur egungo lan harremanen eredua irauli behar dugu, eredu berri bat behar dugu, generoen araberako lan banaketa gaindituko duena eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna oinarri izango duena. Lana eta aberastasuna banatzea bideratuko duen eredua, langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerei aurre eginez eta langileen eskubideak errespetatuz !

 

 «Emakumeon POBRETZEARI aurre egin» [PDF]
 Azaroak 25 Kartela [PDF]

Deialdiak

ARABAN
– Azaroaren 21ean, 9:30 etan Arabako emakumeen bilkura
(Gasteizko egoitzan)

– 12:30etan Bilbo plazan
konzentrazioa/ingura

GIPUZKOAN
– Azaroaren 24ean, 9:30etan Gipuzkoako emakumeen bilkura
(Emakumeon etxean, alde zaharrean)

– 12:30etan
konzentrazioa gizarte segurantzaren aurrean (Zurriola 12)

BIZKAIAN
– Azaroaren 25ean, 9:30etan Bizkaiko emakumeen bilkura
(Bilboko egoitzan)

– 12:00etan giza katea
Bizkaiko Diputaziotik abiatuta

NAFARROAN
Azaroaren 25ean, 9:30etan Nafarroako emakumeen bilkura
(Areto Gorrian)
12:30etan Udaletxe
plazan mobilizazioa
 

 

Praktikan, estatuko eskaintza eta Eusko Jaurlaritzaren eskaintza berdina da, koste sozialean oinarritutako jarduera ekonomikoa

0

Enpresa itxierak, enplegu suntziketa eta sare produktiboa bera kolokan jarraitzen dute, nahiz eta Eusko Jaurlaritzatik politika industriala oinarri gauzak ondo egiten ari direla behin eta berriz esan. Zoritsarrez errealitateak politikoen titularrak ireinsten ditu, langileek pairatzen dituzten erasoen aurrean bakardade egoera nagusituz.

Hemengo enpresak ixten dira merkatua eta produktua edukita energia eta finantza kostuak Europako beste edozein herrialdean baino altuagoak direlako. Hemengo hainbat enpresa deslokalizatzen dira subentzio publikoak jaso eta gero subentzioen atzean erantzunkizun sozialeko baldintzarik ez delako jartzen. Industria sailak eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenek ez diote egoera honi begirako interbentzio propiorik, eskaintza propiorik, nahiz eta beharra agerikoa izan.

Industriaren pisuaren galera ez da krisi honetan hasi, suntziketa iraunkorra duela 30 urte hasi zen, baina krisi honek agerian utzi du gobernuaren politika industrialaren planteamenduak dituen mugapenak egoera integralariri benetan buelta eman ahal izateko. Azken urteetan, 2008-2013 epean, metalak sare produktiboaren %15a galdu du eta enplegu zenbakiak oinarri sektore manufaktureroak enpleguaren %26a galdu egin du. CAVen Eusko Jaurlaritzak argitaratutako enplegu zensoa oinarri 60,000 enplegu suntsitu egin dira. Eusko Jaurlaritzaren interbentzioa eremu honetan erabat kontinuista, eta multinazionalekiko eta kapital handiekiko erabat menpekoa.

Sindikatuak askotan errepikatzen du: Euskal herriak badu sare produktibo handia eta dibertsifikatua, langile kualifikatuak eta inoiz eduki dugun gazteriarik formatuena. Klabe hauek oinarri indargune nahiko ditugu EHko langileei beste eskaintza bat egiteko, aberastasunaren eta enpleguaren banaketan oinarritutako eskaintza, balio erantsian eta industrian oinarritzen den eskaintza bat egiteko. Baina, I+Dan eta inbertsioan atzean geratzen ari gara

Iniziatiba publikoa, ekimen politikoa horra begira egon behar da. Eusko Jaurlaritzak bere buruari galdetu behar dio: Estatuak Dekretu bidez eskainitako erreforma zikloa oinarri EHko langileei balio erantsian, enpleguan eta aberastasunaren banaketan oinarritutako eskaintza bat egin daiteke? LABek dio ezetz.

Estatuak hartutako erabakia da alde batetik kostuetan konpetitzea da. Hau da, España Europako Txinan bihurtu. Eta beste alde batetik soldatak dibidendoaren bermatzailea izatea, soldata eta baldintzak iraunkorki erasotuak izateko egoera juridikoa sortu epe motzeko enpresa handien dibidendoen nahia bermatzeko. Lan kostuak eta baldintzak ez dira eta ez dira oztopo izango, honela laburtu daiteke estatuak egiten duen eskaintza.

Balio erantsian oinarritutako jarduera ekonomikoan formakuntzak balio zentrala du, langileak iraunkorki bereganatutako formakuntzak balio zentrala du. Pertsonek balio zentrala dute. Estatuak eskeinitako eskeman pertsona epe motzeko bariable ekonomiko izaerara mugatzen du, balio gabeko bariable ekonomikoak dira.

Horregatik Eusko Jaurlaritzak erabaki behar du, edo estatuko dekretuak oinarri industriaren suntsiketaren aurrean erabaki berririk ez hartu edo benetan iniziatiba politiko oinarri bide propio bat eskaintzea hemengo sare produktibo eta langileei. Gaur egun praktikan, estatuko eskaintza eta Eusko Jaurlaritzaren eskaintza berdina da, koste sozialean oinarritutako jarduera ekonomikoa.

Eusko Jaurlaritzaren lan eskeman irabazle bakarra patronal handia da, konpromiso sozial gabeko subentzio politikak aurrera egiten duelako nahiz eta langileen baldintzak eta enplegua erasotzen jarraitu. Tapia periodikoetatik enteratzen da itxiera berri batetaz enpresa handiek badakitelako diru publikoa, subentzio politika, ez dagoela zalantzan. Baina Eusko Jaurlaritza benetan kezkatu behar diona da langileen egoeran Tapia medioen bidez enteratzea edo aurretik jakitea ez dagoela ondoriorik, langileak enpresa handien erabakien aurrean umezurtz daudelako.

Adibideak behin eta berriz errepikatzen dira. Tapiak atzo esan zuen Candy bideragarria dela. Zer egingo du berak eta bere ekipoak itxiera eman ez dadin?Cables multinazionalak, irabazi haundiak metatzen dituen itxiera baten aurrean, Jaurlaritzak proposatzen duen irtenbidea indemnizazio altuak negoziatzea da. Hala ere, LABek, enpresaz enpresa enpleguaren aldeko borrokan aurrera egingo du, egiten ari garen bezala bideragarriak diren enpresen itxieratan, proiektu industrial berriak martxan jartzeko borrokan. Tamalez, langileak umezurtz daude, eta askotan eurak dira ehun industrialaren defentsa egiten duten bakarrak.

Bidegurutze batean gaude eta hau da iniziatiba politikoetarako momentua. LABek irteera bide propioan, bide berrian kokatzen du, berriro ere eztabaidak honela kokatuz:

-Langile eta gazteriari aitortza. Lan harreman eredu berri bat beharrezkoa da langileak bariable ekonomiko bat ez izateko, balio erantsiaren subjektuaren aldeko aitortza beraz egin behar da. Lan harreman eredua eta eredu produktiboa edo garapen eredua, eskutik doaz. Milaka ikasketak argi esaten dute lan kostuen murrizketen bidetik ez dagoela lehiakortasunik, soilik epe motzeko dibidendoa.

-Sare produktiboaren aitortza. Subentzioen konponente soziala bermatu behar da. Diru publikoa erantzunkizun soziala bereganatzen duenarentzat, izan enpresa handia zein txikia.

-Erabaki propioak hartu politika energetikoan eta enpresen finantziazio arazoen aurrean. Alternatiba errelaka eskeini eremu industrialari.

-Eremu publikoaren benetako interbentzioa Ehko ekonomiak dituen sektore estrategikoak bermazteko. Estrategiakoak badira horri begirako benetazko interbentzioa egon beharko da.

Urgentziaz erabaki politiko hauek hartzen ez badira, enpresak ixten jarraituko dute; langabezia, prekarietate eta pobrezia egoerak areagotu egingo dira eta sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatua egongo da, gizartearen dualizazioan urrats berriak emango direlarik.

 

 

 

Martxoaren 14ko mobilizazio nazionala eta urriaren 24ko Alternatiba, 2015erako erronka nagusiak

Gaurko agerraldiaren helburua Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak datozen hilabeteotarako prestatu dituen ekimenak eta hemendik aurrera prozesua gidatuko duen koordinazio nazionala aurkeztea da. Mahaian eserita gaudenok koordinazio nazionaleko kideak gara.

Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalok, bizi dugun egoera sozio-ekonomiko jasan ezina irauli nahian, hausnarketa bat abian jarri genuen orain hilabete batzuk.

Lehenengo ariketa, egoeraren diagnostiko amankomuna egitea izan zen. Ondorioa, larrialdi sozial eta nazionaleko egoeran aurkitzen garela izan zen. Zergatik? Krisi sistemiko eta global bat bizi dugu, zeinak aldi berean esparru anitzetan eragine duen: politika, ekonomika, ekoizpen modua, arlo soziala, ekologia, zaintza, bizikidetza eta balioak.

Egoera hau iraultzeko, bi izan dira adostutakoak. Batetik, euskal mugimendu sozio sindikala batzea; eta bestetik, Euskal Herriarentzat eredu berria eratzeko, alternatiba propioa garatzea.

Horrela, zailtasunaez eta aukeraz beteriko prozesu honetan murgildu ginen. Norbere iritzi, ekarpen eta zalantzetatik hausnarketa kolektiboa egitea lortu dugu. Batzea egikaritzeko, mugimendu sozio-sindikalaren Asanblada eratu genuen. Honek bi ardura bereganatu ditu, batetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko erabakia hartu eta bestetik, honetarako prozesu parte hartzailea martxan jartzea.

Karta osatzeko prozesu parte-hartzailea egin da, horizontala, dinamikoa eta demokratikoa. Prozesua bera eraldatzailea izan da. Lehenik eta behin, 2013ko urrian, metodologiari buruzko mintegia burutu ziren Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, eta Gida metodologikoa osatu. 180 pertsonek hartu zuten parte honetan, hausnarketa eta eztabaida prozesua, ahalik eta parte-hartzaileena izatea helburu, aniztasunetik eta norbanakotik hausnarketa kolektiboa egiteko. Prozesu honen fruituak izan dira 6 asanblada sektorial (aniztasun funtzionala, emakume migrariak, bazterketa soziala, euskara, aniztasun sexuala, asanblada feminista…) eta 7 Asanblada Nazional, 115 prozesu herri eta auzoetan, ekarpenen 150 fitxa eta 1.200 pertsona parte-hartzaileez gain. Eragileei dagokionez, 155 izan dira prozesuan parte hartu dutenak.

Prozesuaren emaitza, Karta, maiatzaren 31an onartu eta ekainaren 14an aurkeztu genuen Bilbon. Kartaren blogean duzue eskuragarri.

Euskal mugimendi sozio-sindikalak, urriaren 4ean, asanblada burutu zuen Eibarren Kartaren inguruko hemendik aurrerakoak eztabaidatu eta onartzeko.

Sentsibilizazioa, atxikimendua eta mobilizazioa izango dira urritik urtarrilera bitarteko lanaren ardatza. Herriz herri eta eskualdez eskualde, kartaren aurkezpena eta mobilizazioa, tokian tokiko atxikimenduak Kartari. Bigarrenik, eragile eta sozial eta sindikal bakoitzaren ekimen propioetan Kartaren erreferentzia eta hedapena landu eta hirugarrenik, interpelazio politiko eta instituzionala. Alderdi politiko eta instituzioei Karta aurkeztu (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Aldundiak) eta babesa eskatu.

Martxoaren 14an, mobilizazio nazionala egingo dugu. Honekin bilatzen dugu atxikimendua islatu eta kontraboterearen benetako ispilua adieraztea, Kartaren balio politiko eta soziala indartuz. Mobilizazioaren lekua eta formatua zehazteke daude oraindik. Egungo eredu sozialak ez digu balio eta mobilizazio nazionalarekin eredu sozial alternatiboa aldarrikatuko dugu.

Honekin batera, bigarren ekimen bat egingo dugu 2015ean, urriaren 24an Bilbon burutuko den Alternatiba. Ekimen hau kokatzeko, komentatu iaz Baionan Alternatiben herrixka antolatu zela. Bertan, Europan zehar 2014 eta 2015. urteetan “10, 100, 1000 Alternatiba sortzeko” deialdia egin zen.

Alternatibaren helburua aldaketa klimatikoaren arloan mobilizazio maila indartsua sortzea, herritar presioa inportantea izan dadin COP-21ean (2015 bukaeran Parisen), Nazio Batuen Erakundeak Klimari buruz antolatuko duen goi-bileran, eta, ondorioz, bertan egoera aldatuko duten erabakiak har daitezen. Klima alda ez dadin sistema aldatu behar da. Helburua sisteman aldaketa sakonak lortzea da. Aldaketa klimatikoaren aurkako planteamenduak bere baitan daramatza eredu berriak. Euskal Herritik ekarpen polita egin daiteke.

Gure aliantzak sakondu eta indartzea da urriaren 24an Bilbon egingo den Alternatibarako helburua, Kartaren analisia eginez, sakontasunean. Honetarako, Kartako eskubideen garapena egingo da eta Kartan jasotako esparru ezberdinetan alternatibak landu. Ekimen honetarako, lan talde espezifikoa osatuko dugu Koordinazio Nazionalaren barruan.

Ekimen hauek aurrera eramateko, sektoreekin batera egingo da lana. Helburuak, Kartari atxikimendua eta prozesu soziala balioztatu, jendarte aldaketa landu sektore bakoitzaren ikuspegitik eta ekarpen propioa egin alternatibaren eraikuntzan.

Ekimen hau aurrera eramateko Asanblada Nazionala eta Koordinazio Nazionala jarriko dira martxan.

Gaur aurkezten dugun Koordinazio Nazionalaren funtzioak izango dira asanblada nazionalak erabakitzeko plangintza aurrera eramatea eta unean uneko aldarrikapenen garapena eta erantzun dinamikak artikulatzea.

12 kidek osatuko dugu Koordinazio Nazionala, 6 ordezkari mugimendu sozialetatik eta beste 6 sindikalgintzatik, herrialde eta sektore ezberdinetakoak.

Mugimendu sozialetako kideak:
– Mugimendu feminista: Amaia Zufia Erdozain
– Aniztasun sexuala: Ibai Fresnedo
– Eskubide sozialak: Walter Wendelin
– Ingurumena: Mila Elortza
– Osasungintza: Iñaki Moreno
– Gazteria: Endika Pérez

Sindikalgintzako kideak:
– ELA: Mikel Noval
– LAB: Edurne Larrañaga
– ESK. Txejo Ortega
– STEE/EILAS: Ana Pérez
– EHNE Bizkaia: Unzalu Salterain
– HIRU. Esteban Murumendiaraz.

Honetaz gain, Kartaren inguruan sortutako tokian tokiko taldeak ere badaude, esparru horretan dauden eragile nazional eta lokaletako ordezkariek osatuta. Hauen funtzioak dira Karta eta aldarrikapen desberdinen zabalpena eta eskualde edo herri mailarako planteatzen diren sozializazio, interpelazio, mobilizazio edo bestelako ekintzak antolatu eta bultzatzea.
 

 
 
 

 

 

Lasarteko Michelinen izandako hauteskundeetan LAB atera da garaile

0

Atzo, azaroaren 18 Lasarteko Michelinen hauteskunde Sindikalak ospatu genituen. Hauteskundeak LAB-ek irabazi ditu nabarmen, emaitza historikoa lortuz. Guztira 6 delegatu lortu ditugu 17 kideko Enpresa Batzordean.

Nabarmendu nahi dugu bereziki tailerrean jaso dugun babesa, bigarren indarrari (CC.OO) 100 bozkako aldea atera bai diogu bozen %43,5 lortuz. Era berean bi hauteskunde barrutietan (bulegoetan eta tailerrean) lortu dugu ordezkaritza izatea.
Azkenik eta bereziki michelingo langileak guregan erakutsi duten konfiantza eskertu nahi dugu.
 

 

 

Ainhoa Etxaide “epaiketa hauek guztiz lekuz kanpo daude, ez ziren sekula martxan jarri behar”

0

Madrilgo audientzia Nazionalean burutzen ari den 28 gazteren makroepaiketaren baitan, defentsaren hainbat lekukok hartu dute hitza azken bi egun hauetan. Horien artean, Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari Nagusiak, Madrilerako bidaia egin du. Hona hemen bere hitzak:

“LABen izenean gazte guzti hauen absoluzioa aldarrikatu behar dugu, egiten ari diren epaiketa salatu behar dugu. Azken finean epaiketa politikoa baita, ez dago honen inolako zalantzarik berriro ere deklaratu behar izan dugunean. Antzerki hutsa da, lotsagarria da, eta beraz salatu eta absoluzioa eskatu behar dugu.
Horrez gain uste dugu momentua dela euskal gazteriari zor zaion antolatzeko eskubidea aldarrikatzeko eta eskubide hori ziurtatuko dion egoera demokratikoaren bila urratsak emateko.
Iruditzen zaigu epaiketa hauek guztiz lekuz kanpo daudela, ez ziren sekula martxan jarri behar, ez lehen eta are gutxiago orain. Egoera baten adierazle dira. Euskal Herria oraindik demokratizatu behar dela adierazten dute eta gazte hauek demokratizaio honetan parte hartu nahi dute modu antolatu batean, beren ekarpenak eginez eta hori da guztion artean defendatu behar duguna.
Absolizioa bakarrik ez, antolatzeko eskubidea eta antolaketa horren bitartez gazteek beste Euskal Herri baten eraikuntzan parte hartzeko konpromisoa eta inplikazioa bideratzeko eskubidea da aldarrikatu nahi duguna”
 

 

 

Euskal Herriak bere bidea egitea ezinbestekoa da, baita negoziazio kolektiboko esparruan ere

0

Datorren azaroaren 19an Papergintzaren Estatuko Hitzarmen Kolektiboko negoziazio mahaia eratuko da Madrilen. Sindikatuari bertan parte hartzeko egin diguten gonbidapenaren aurrean, LAB sindikatuak ezezko erantzuna eman du ondoko arrazoiengatik:

-Gaur egun, badago Gipuzkoan Papergintzako Hitzarmen Kolektiboa. Sektoreko lantoki guztietan aplikagarria den hitzarmena eta, hain zuzen ere, hau berritzeko hurrengo hilabetetan negoziazioei ekingo zaie.

– Beraz, Mahai hori osatzen duten alderdi guztiei eta, bereziki, CCOO eta UGT sindikatuei exijitzen diegu, ez dezatela, egun, Gipuzkoako hitzarmenak arautzen duen inongo gairik bereganatu. Gipuzkoako sektoreko langileek ez lukete ulertuko, berezkoa ez den beste eremu batetan beste batzuk beren lan baldintzak negoziatzea.

-Egungo lan erreformak bilatzen duen negoziazio kolektiboaren zentralizazioaren aurrean, estatuko hitzarmenak lehenetsiz lan baldintzak okertzeko helburu argiarekin, eta honela herrialdetako sektore hitzarmenak kinka larrian jarriz, LAB sindikatuak ez dio inongo zilegitasunik emango, eta honen ondorioz, ez dugula negoziazio horretan parte hartuko jakinarazten dugu.

– LABen iritziz, Euskal Herriak bere bidea egitea ezinbestekoa da, baita negoziazio kolektiboko esparruan ere. Horretarako berezko lan harreman eredu bat behar dugu, egungo hitzarmenak eta lan eskubideak errespetatuko eta bermatuko dituena. Borroka honetan datza, hain zuzen ere, gaur jendarteratzen dugun erabakia.