2025-12-23
Blog Page 1163

Abenduak 3, Aniztasun Funtzionaleko Eguna: «Inork ez dezala gure ordez erabaki, eskubide berberak denontzat»

Bada garaia, desberdintasunak ditugunoi baztertzen gaituzten oztopoak desagertarazteko. Guk ere bai, bizitza duin eta independitea nahi dugu. Etxebizitza, garraioa, aisialdia, mugikortasuna denontzat.

Aniztasun Funtzionaleko egunaren harira, desberdinak berdinak garen heinean, LABek ondoko aldarrikapenak egiten ditu:

1.-Bada garaia, baztertzen gaituzten oztopoak desagertarazteko. Guk ere bai, bizitza duin eta independitea nahi dugu. Etxebizitza, garraioa, aisialdia, mugikortasuna denontzat.

2.- Kalitateko enplegua. Getorik ez lantokietan. Lan bera, soldata bera. Soldata nahikoak gure kasa bizi ahal izateko. Ez dugu langile pobreak izan nahi.

3.- Desgaitasunak ditugun langileok ere, hitza eta erabakia. Ezer ere ez, gurekin kontatu gabe. Guk ere, iritziak, irizpideak eta zer esan eta eman, badaukagu.

4.- Desgaitasuna ez da negozioa; ez da lan esku merkea; ez da erraz manipulatzen ahal den jendea. Inork ez dezala aberastu gure kontura. Irabazteko asmoz egindako Enplegu Zentro Bereziak debekatu. Eta, gainontzeko Enplegu Zentro Bereziak, demokratizatu.

5.- Administrazioa pertsonen zerbitzuan. Beraz, Administrazioek aukeren berdintasunaren aldeko politikak, erabakiak eta aurrekontuak diseinatu eta onartu behar dituzte.

6.- Pentsio duinak. Espainako Gizarte Segurantzak, prekarietatean eta mendekotasunean bizitzera kondenatzen gaitu. Guk ere, hemen lan eta bizi bagara, gure pentsioak bertan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
 

 

 

60 eta 70. hamarkadetako langileria omendu du LABek

LAB sindikatuak 60. eta 70. hamarkadetako 47 langileri lamina bana eman die Iruñeko San Lorenzo elizaren ondoan eta datozen egunetan beste horrenbeste egingo du LABeko edozein egoitzetan lamina eskatzen duen garai horretako langile orori. Huarte enpresariari urrezko domina ematerakoan, Nafarroako Gobernuak industrializazioa posible egin zuten gizon-emakumeak ahazten eta baztertzen dituela salatu du Igor Arroyok gaurko ekitaldian: "horiek bai merezi dutela gure omenaldia".

LABen iritziz, Nafarroaren industrializazioan egin omen zuen lanaren omenez Huarteri emango dioten urrezko dominak industrializazio hori posible egin zuten langileak ahaztu ez ezik enplegu eta aberastasunaren sortzaile omen den enpresari handiaren mitoa elikatzen du. "Alabaina, enpresari handiek eta bestelako kapitalistek, frankismoan nahiz gaur egun, euren interes propioen alde egiten dute. Jarduera ekonomikoaren bidez (eta gero eta gehiago, espekulazio hutsaren bidez) ondasunak pilatzeko nahia da euren akuilu".

LABek dionenez, "gure asmoa ez da inor gutxik maite duen Huarte edota Iruñeko auzokide askoren estimu arrazoitua duen Urmenetaren izaera, merituak edota giza-balioa baloratzea. Gure asmoa zera da: langileriak 60. eta 70. hamarkadetako industrializazioan eta aberastasunaren sorreran egindako lana nahiz aberastasun horren banaketa justuago baten alde egindako borroka aldarrikatzea. Gizon-emakume horien borroka solidarioak, horrek bai sortu zituela izugarrizko onurak komunitatearentzat: lanaldiaren murrizketa eta beraz lanaren banaketa, soldaten igoera eta beraz Nafarroako jarduera ekonomikoaren sustapena, lan osasunean hobekuntzak, askatasun sindikalak…".

LABek hainbat enpresetako langileak omendu nahi izan ditu gaurkoan: Imenasa, Guirlin, Torfinasa eta Inasa (Huarterenak, hain zuzen ere), Potasas, Motor Ibérica, Luzuriaga, AP Amortiguadores, Authi, Eaton, Super Ser eta beste hainbeste. "Baina era berean – adierazi du LABeko bozeramaile Igor Arroyok – emakume langileak ere omendu eta ikustarazi nahi ditugu: telefonistak, dendetako langileak, Zabalguneko etxe burgesetako zerbitzuan aritzen zirenak, faxistek 36an betirako itzali nahi izan zuten ezagutzaren argia berpiztu zuten maistrak… Gogoan hartu nahi ditugu grebei eutsi ahal izateko hiriko senideei barazkiak bidaltzen zituzten nekazal familiak. Gogoan hartu nahi ditugu, halaber, beren ama eta izebek etxean enbobinatu behar zituzten amianto hariekin, bere jario hilgarriaz ezjakitun, jolasten zuten haurrak".

LAB sindikatuak lamina bat argitaratu du eta gaur, Urrezko Domin instituzionala eman bezperan, aipatutako lamina hori 47 langileri eman die, Iruñeko San Lorenzo Elizaren ondoan. Eliza hori itxialdi askoren lekukoa izan da, esaterako 73an Motor Ibéricako langileek egindakoa, zeina aste beteko greba orokor solidarioari bide eman baitzion; edota azken urteetan Koxka, Dynamobel, Faurecia, Ospitaletako Sukaldeak edota Langabetuen Batzarrak egindakoak. Gaurtik aurrera Nafarroako LABeko edozein egoitzetan eskatzen duen garai horretako langile orori emango diogu aipatutako lamina hori, bere afiliazio sindikala edozein delarik ere.
 

 

 

Hego Euskal Herrian 216,235 pertsona daude langabezi egoeran, erdia baino gehiago emakumeak

Enpleguko zerbitzu publikoetako bulegoetan jasotako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 216,235 pertsona daude langabezi egoeran, eta erdia baino gehiago, hau da %52,5a emakumeak dira.

Honela, Hegoaldeko langabeziaren bilakaeran, %0,7ko beherakada txiki bat izan da aurreko hilabetearekin alderatzen badugu, hau da 1.606 pertsona gutxiago. Nafarroa izan da langabeziak gora egin duen lurrade bakarra, 487 pertsona gehiago daude langabetuen zerrendan, hau da urrian baino %1 gehiago.

Kontrapuntu gisa nabarmendu behar da azaroan gizarte segurantzako afiliatu kopuruak behera egin duela, lau lurraldeak kontutan hartzen baditugu 75 pertsona gutxiago dago izena emanda, batez ere Nafarroan izandako atzerapenaren ondorioz, 1.008 afliazio gutxiago.

Langabezia eta gizarte segurantzako afiliazioak daukaten kontrako bilakaerak erakusten du langabezi datu ofizialak azaltzeko badirela enplegu sorrerarekin lotuta ez dauden beste faktore batzu; adibidez, emigrazioa arrazoi ekonomikoengatik, langabetuak amore ematea, ikasketak luzatzea eta populakuntzaren zahartzea.

Edozein kasutan, garrantzitsua da ikustea sortzen den enplegu eskas horren lan baldintzek okerrera egin dutela. Hain zuzen, azken erreformek lan merkatuaren oinarriak mugitu dituzte eta enplegu merke eta prekarietate altuago baterantz garamatzate.

Izan ere, enplegu sorreraren ritmo hau neurri haundi batean lanaldi partzialeko kontratazioekin lotuta dago, tresna oso eraginkorra dagoen enplegua pertsona gehiagoren artean banatzeko, baina alferrikakoa lan gehiago sortzeko. Gainera, lanaldi partzialeko enpleguetan lan orduko soladata lanaldi osoko enpleguetan bainoa % 33,7 baxuagoa da batazbeste.

Hala ere, aldi-baterako lan kontratazioetara jotzeko joerak sortu duen dualidade problemak irtenbide gabe jarraitzen du. Honela, Hego Euskal Herrian sinatu diren kontratuen %93a aldi-baterakoak dira.

Bestalde, Europako Banku Zentraleko buruak berak, Mario Draghik, ohartarazi du “lan merkatura iritsi berri direnen soldata errealak 80. Hamarkada amaierako mailetan kokatzen direla”.

Honela ari dira langile klasea pobretzera daramaten oinarriak jartzen, lan pobreziak argi uzten duen bezala, hau da, enplegu bat duten pertsonak baina beren beharrei aurre egiteko diru sarrera nahikorik gabe.

Eta bien bitartean, langabeziagatik jasotzen den babesa piskanaka piskanaka ahultzen doala ikusten dugu. Gaur egun, langabezian dauden 4 pertsonatik batek bakarrik jasotzen du ordaindutakoaren araberako prestazioa, eta %55ak ez du inolako langabezi prestaziorik jasotzen.

Egoera honetan, beharrezkoa da aurrekontu politikak palanka moduan erabiltzea politika sozialetan eta zerbitzu publikoetan inbertsioa indartzeko porrot egin duten murrizketa sozialen estrategiaren atzean izkutatu ordez.

 

 

 

LABek Bizkaiko EHNEren biltzarrean parte hartu du

0

Atzo Muruetan Bizkaiko EHNEk izan zuen biltzarrera gonbidatuak izan ginen, eta LABen ordezkaritzan Ingurumen Idazkaria den Urtzi Ostolozagak parte hartu zuen.

Bizkaiko EHNEk orain bi urte burututako biltzarrean lehentasunezkotzat jo zuen elikadura burujabetzatik proposamen politiko bat eraikitzea. Ekoizpen jasangarrian oinarritua, agroekologiaren bidez; baina ekoizpenaren zatirik handiena datozen urteetan jasangarria izan zedin, prozesuak erritmo eta eskala ezberdinetan definitu eta kokatu behar zirela erabaki zuten. Handik urte bira, sindikatua konturatu da elikadura burujabetza mugimenduaren antolakuntza-egitura gauzatu behar dutela, eta horretarako, EHNE Bizkaiak, kapital politikoa, giza kapitala, eta materiala partekatu beharko du.

Langileak eta LAB sindikatuak proiektu horren alde egingo du lehen sektorearen aliatu izanik, horretarako konpromesua hartzen dugu. Baserritarren lan eta bizi baldintzak, ingurumena, elikagaiak babestuko ditugu langileok, eta horretarako proiektu politikoa elikadura burujabetza dugu. Eguneroko elikadura ohiturak aldatzera, baserritarrekin harreman zuzena izatera, aldiko produktu hurbilekoak kontsumitzera konprometitzen gara, halako iraultza txikiek ereduaren aldaketa ekarriko dutelako.

Biltzarraren amaieran, talde argazki hau atera genuen, bertan Jone Amezaga EHNE Bizkaiko kide baten alaba LIBRE nahi genuela aldarrikatu genuen, bere aurkako montai polizial baten ondorioz kartzelaratzeko agindua eman dutelako.
 

 

 

Osakidetzaren Euskara Normalizatzeko bigarren planak ez du aurrerapausorik eman

Euskararen egunaren harira Donostia Ospitaleak mahaingurua antolatu du astelehen honetan. Bertan parte hartu dute Osakidetzako ordezkariekin batera Kontseilua, OEE, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. LAB sindikatuarentzako deigarria izan da, eta hala adierazi genuen, mahainguru honetara hizlarien artean langileon ordezkariak, sindikatuak, gonbidatu ez izana. Izan ere, langilegoa normalizazio prozesuaren erdigunean ez kokatzea, Osakidetzak gai hau lantzeko orduan izaten ari den akats eta oztopoetako bat baita.

Mahainguruan, hutsune adierazgarri hauek agertarazi dituzte partehartzaileek, besteak beste: herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko dituzten zailtasunak, normalizazio prozesua burutzeko moduaren ingurukoak edota elkarlana sustatzeko orduan sortzen direnak. LAB sindikatua agerturiko kezkekin bat dator, neurri handi batean.

Izan ere, Osakidetzaren Euskara Normalizatzeko bigarren plana duela urtebete onartu zenetik hainbat adierazle kezkagarri ikusi ditugu, gauzak bide onetik ez doazela adierazten duten adierazleak: Euskararen normalizazioaren motore izan beharko luketen Euskara Batzordeak hainbat euskualdetan oraindik eratu ez izana, gaur egun Zerbitzu Erakunde gehienetan normalizazio prozesuaren jarraipena egiteko giza baliabide nahikorik ez egotea.

LAB-entzat bereziki kezkagarria da, ordea, euskara Osakidetzako sortze hizkuntza izateko helburuan aurrerapausorik egin ez izana edota lana euskaraz egin ahal izateko langileok ditugun trabak eta laguntza eza bere horretan mantentzea. Izan ere, euskara komunikazio eta lan hizkuntza ez den bitartean nekez normalizatuko da euskara Osakidetzan. Bestetik, kezkagarria da Osakidetzak normalizazioaren pisu eta ardura guztia langileengan jartzea, baina langileekin kontutan hartu gabe edota inolako parte hartze gunerik aitortu gabe. Gogoratu behar da erakundea eta lan zentroak direla normalizatu behar direnak, eta hori horrela (ez) izatearen erantzunkizun politikoa Osakidetzako zuzendari eta arduradunek dute, erabaki politikoa da, hortaz. Mahainguruan sarritan gogoratu den bezala, Osakidetzak aurreko plangintzaldiaren ebaluazioan aipatzen zuen zuzendaritzen lidergo ezaren arazoak bere hortan jarraitzen du.

Kezkagarria da Osakidetzak, euskararen kaltetan, oraindik ere egiten dituen arau hausteak, besteak beste: hainbatetan azpikontratatutako enpresei euskararen inguruko eskakizunik ez egitea edota langileen kontratazioan Hizkuntz Eskakizunen inguruan egoten diren urraketak edo araua ez-betetzea.

Larritasunaren adibide, hainbat eremu erabat euskaldunetan gertatzen ari dena, non herritarrek zerbitzua euskaraz jaso ezinik dauden. Horren froga garbia da duela egun gutxi Zarauzko herritar, langile, eragile sozial eta udalak egindako kexak. Elkalanaren eredu ere badira LAB sindikatuarentzat.

Beste behin ere, hitz politez haratago, euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak exigitzen dizkiogu Osakidetzako arduradun politikoei eta erakundea euskalduntzeko beharrezkoak diren neurri, baliabide zein erabaki politikoak har ditzatela. Kalitatezkoak izango diren osasun zerbitzuak behar ditu gure herriak. Bide horretan, LAB sindikatua prest dago euskararen normalizazioaren aldeko prozesuan inplikatu eta elkarlana sustatzeko.
 

 

 


Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialeko mahaia deitu du Confebaskek agiriaren jatorria eta edukia argitu gabe

“Mahaia antzezpen bat zen Confebasken agiria ezagutu aurretik; orain zuzendaritza patronal aurredemokratiko bat babesten du”

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak atzo Radio Euskadin honako adierazpenak egin zituen: “sindikatu batek (…) Estatutu batzuk izan behar ditu, eta Estatutuetan bere xedeak zehaztu behar dira; argi diogu sindikatu batek uneren batean (…) bere xedeen %100 betetzen ez badu, Erregistroko funtzionarioak ez dezala ahalmena izan erabakitzeko erakunde sindikal hori kreditaziorik gabe geratzen dela; izatekotan, epaile bat izan beharko litzateke”. ELAk eta LABek diogu funtsean azalpen hau bat datorrela Confebaski egotzi zaion agiriaren edukiarekin, eta beronetan diote prozedura bat hasteko aukera izan dadila ELA eta LAB sindikatu diren aldetik ilegalizatzeko.

Bestalde, ELAk eta LABek nabarmendu behar dugu mahaiarekin aurrera egiteko erabakia hartuta dagoela. Lujuak dio Jaurlaritzarekin hitz egin duela horretarako. 
Urkulluren gobernuak ez du nahi ezerk marraztutako plana aldatzerik. Ostegun honetarako, hilak 4, deituta dagoen bilera bertan izango diren hiru aldeei komeni zaie; Jaurlaritzak doikuntza politikak aplikatzen jarraituko du, eta bitartean zenbaitek horri “elkarrizketa soziala” deituko dio; Confebaskek, berriz, aintzatespen eta legitimitate politikoa lortuko du gobernuaren aldetik, eta hain beharrezkoa duen soziala, gutxiengo sindikalaren aldetik; azkenik, CCOO eta UGTrentzat ere onuragarria da, honelako mahaiak beti izan baitira finantzazio publiko iturri (prestakuntzarako funtsak, etab.). Azken honi buruz, aipatu beharreko kontua da patronalak jasotzen duela diru gehien. 

Confebasken eskariak –epaile bat izan dadin ELA eta LAB legez kanpo jar ditzakeena–, ez du Lakuako gobernuaren planik aldatzerik eragin. Aburto sailburuak iragarri du arazo “zinez larri” hau Mahaiaren lehen bilerara eramango duela, non Confebask bera ere izango den. Ezin onartukoa da, ELAren eta LABen ustez, jarrera erreakzionarioek Jaurlaritzaren aldetik inolako gaitzespen praktikorik ez izatea. Berriro ere agerian geratu da Jaurlaritza hau Confebasken menpean dagoela. Gobernuak, patronalak, CCOOek eta UGTk hau konpontzeko Confebask zuritzeko adierazpen bat egingo dute; justifikatu ezin dena justifikatzeko adierazpena (kosta ahala kosta esparru hau eratzea, patronal antidemokratikorik ez bailegoan); horretaz ari dira egunotan mintzatzen. 

ELAk eta LABek berriro diote Confebasken eskaria bat datorrela Enplegu sailak sindikatuei eta patronalari mahaia eratzeko helarazi zien dokumentuko argudioekin. Agiri hura gure ustez aurredemokratikoa da; bertan esaten da gobernuak berak sindikatuak zigortzeko ahalmena izan beharko lukeela, baldin eta hauek aginteak ezarritako eginkizuna betetzen ez badute. Jaurlaritzak ez du oraindik jakitera eman agiria idazteko aholkua eman zioten adituen izenik; ziurrenik ezkutuan mantendu nahi ditu halako emaitza ahalbidetu zuten Confebasken inguruko pertsona batzuk. 

Confebasken agiria ezagutu aurretik ere Mahaiak, non gutxiengo sindikala dagoen, ez zuen zentzurik, ez formari dagokionez, joko demokratikoaren arau minimoak aintzat hartzen ez dituelako, ezta eduki aldetik ere (pairatzen ditugun politika antisozialek elkarrizketa soziala eragotzi egiten dute, eta beti ere, mahaitik kanpo erabakitzen dira). Haatik, paper horiek ezagututa, Jaurlaritzak Mahai hori eratzeko asmoari eustea patronalari, demokratikoa ez beste guztia den horri, ageriko babesa ematea da. Batik bat langile gehienen egoera hobetzeko inolako erabaki politikorik hartzeko asmorik ez dutelako. Politika publikoak errotik aldatu behar dira; langileekiko gure konpromisoa hori lortzeko borrokan jarraitzea da. 

ELA – LAB

 

 

 

Gaurdaino negoziatzeko borondaterik izan ez duen bakarra SEA da

0

Atzo SEAk egindako deklarazio larrien aurrean non CCOO eta UGTrekin eragin mugatuko hitzarmenen aldeko apustua egiten zuen, LABen adierazpena.

1.- Gaurdaino negoziatzeko borondaterik izan ez duen bakarra SEA da. Izan ere, sindikatu guztiak kontra jartzea lortu du. Gainera, beren proposamenak malgutu beharrean, denbora pasa ahala gogortu ditu. SEAri ez zaio interesatzen negoziazio bat, baizik eta lan erreformaren aplikazio zorrotza lan baldintzak kaskartzeko asmoarekin. Soilik oztopo bat dauka: bere neurri atzerakoi zilegitasuna eman eta sinatuko dituen norbait behar dute. LAB ez da izango, eta badakite.

2.- Zeharo susmagarria da, egunotan SEAk, CONFEBASKeko partaidea den heinean, LAB eta ELA sindikatuak legez kanpo uzteko eskatzen duen bitartean, CCOO eta UGTrekin sinatzeko apustua publikoa egitea. Hain zuzen ere, aste honetan bertan elkarrizketa soziala izeneko mahaia osatu behar denean, CCOO eta UGTk osatzen duten gutxiengo sindikalarekin. SEAk indarrez lortu nahi du, langileek hauteskundeetan eman ez diotena. Beste adar jotze bat dirudi, patronal honek geroz eta zilegitasun gutxiago du eta gero eta urrutiago dago Arabako enpresariek eta langileek bizi duten errealitatetik.

3.- UGT eta CCOO sindikatuei Arabako langileei iruzur ez egiteko eta langileen erabakia errespetatzeko eskatzen diegu. Bidea ez da SEAk nahi duen hitzarmena sinatzea, lan erreforman eta langileen lan eskubideen suntsiketan sakonduz. Are gutxiago, langile guztiei eskubideak bermatuko ez dizkien eragin mugatuko hitzarmena sinatuz. Bidea ez da Espainiako eredua Arabara ekartzea. Hor ez dago konponbiderik, pobrezia gehiago besterik ez. Konponbidea denon artean eskubideak errespetatuko dituen hitzarmen duin baten alde borrokatzetik etorriko da, Espainiatik aldenduta eta akordioan oinarrituriko bestelako lan harreman ereduaren mesedetan. LAB prest dago bide horri ekitea gainerako sindikatuekin (ELA, CCOO eta UGT).

 

 

 

«Prestazioak, subsidioak eta oinarrizko errentak» gida

Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzeko errentara bideratu duen aurrekontuak ez dio benetako beharrei erantzuten. Iraganeko aurrekontua da (2014. urtean bete behar den gastuak biltzen du), ez ordea etorkizunekoa (ez du aurrekonturik aurreikusten diru-sarrerak bermatzeko errentaren eskaerari erantzuteko). Eusko Jaurlaritzak aski ongi dakien arren, ezkutatzen du. Diru-sarrerak bermatzeko errentak berebiziko aldaketak behar ditu. Honekin batera, hainbat politika berriak hartu behar ditu kontuan: haurtzaro eta gaztaro, enplegu alorretan eta lan harremanetarako eta gizarte-babeserako esparru berria.

Gida hau egiteko ideia, hein handi batean, enplegua ukatu izanak eragin zuen diru-sarrera eza estaltzera bideratu ziren prestazioak ezagutarazteko premiaren harira sortu zen. Azken hilabeteotan nahita sortu den nahasmen, desitxuratze, kriminalizatzeko giroak mesfidantza eta ezjakintasuna elikatzen zuten bakarrik. Ezjakintasun horrek, biztanleriaren alderdi esanguratsu bat, baldintzak bete arren, haien eskubideak ez erabiltzera eraman zuen.

Baina prestazioen berri emateaz gain, gure herriaren alderdi garrantzitsu bat pairatzen ari den txirotasun eta prekarietate egoerari buruzko datuen ekarpena egin dugu ere; era berean, gobernuen, Madrilekoaren zein hemengoenen, jokabide antisoziala salatu dugu ere.

Egoera gogor eta korapilatsu batean gaude. FOESSAk, erakundeek eta LAB berak egin dituzten azterketak bat datoz egoeraren deskribapenarekin. Jadanik ez daiteke ezkuta Euskal Herrian jasan ohi den txirotasunaren eta prekarietatearen errealitatea. Adierazle guztiak eta bakoitza okerrera egiten ari dira urtetik urtera: lanean diharduten txiroen kopurua, langabezia-tasak, txirotasun latza, txirotze arriskua, haurren pobrezia, desberdinkeria handitu dira,… Emaitza ezin okerragoa da:

1.gizarte-haustura eta elkartasunaren etendura eratzen ari dira: 10 lagunetatik 4, hainbat intentsitaterekin, prekarietatean bizi dira. Alegia, ez dagokie eskubiderik, ez dute lanik, ez eta diru-sarrera egonkorrik eta nahikorik duintasunez bizitzeko.

2.Euskal Herriaren eta antzeko aberastasun maila duten Europako beste herrien (Eskandinavia, Belgika, Alemania, Austria, Frantzia) arteko pobrezia-tasen aldea handitzen ari da: gure herrian, txirotasuna aipatu herriena baino ia %30 handiagoa da. Benetako hondamendia eta nagusi den gizarte ereduaren porrota dugu.

Gizarte-bazterkeria hedatzen ari den honetan, babes-sistemak zalantzan jartzen ari dira Euskal Herriko hainbat sektoretan:
 
a) Alde batetik, batzuek babes-sistemak garbitu nahi dituzte. Pentsioen murrizketekin hasi ziren, gero, langabezia prestazioei ekin zieten, eta gaur egun, diru-sarrerak bermatzeko programak jomugan jarri dituzte. Horretarako, ez dute zalantzarik manipulatzeko, gezurretan aritzeko eta nahasmenean jarduteko. Pobrezia sortzen eta ustelkeria babesten duten horiek errudunak sortzen dituzte haien aurka jotzeko eta aldi berean, justifikazio berriak bilatzen dituzte, berez ahula eta eznahikoa den babes-sistema desegiteko.

b) Bestalde, badira gizarte babeserako euskal sistema babesten ari direlakoan, ahuldu egiten dutenak. Behin eta berriro dihardute sistema ez dadin indartu (murrizketak, lege aldaketak eta interpretazio murriztaileak [estaldura ukatzeko], Lanbideren kudeaketa kaotikoa). Hauen helburu bakarra babes sistemari heltzen diotenen pertsona kopurua kontrolatzea eta geldiaraztea da. Helburu horretan, hauek ere ez dute zalantzarik izaten laguntza horien hartzaileekiko susmoa eta erruduntasuna sustatzen duten kanpainetan parte hartzeko (adibidea: Lanbidek igorri gutunak).

c) Azkenik, hainbat sektorek (pertsonak, plataformak, elkarte solidarioak, gizarte erakundeak eta sindikatuak) egiten ari diren gero eta handiagoa den aldarrikapenarekin egiten dugu topo. Aipatu sektoreak, egoeraren larritasunaren jakitun, behin eta berriz, eskatzen ari dira sistema hobetzea eta areagotzea. Eskaera horri entzungor egiten diote erakundeek, Gasteizeko eta Iruñeko gobernuek: ez direlako gauza laguntza eta babes zirkuitutik at geratzen ari diren milaka pertsonei erantzuteko.

 

LAB-ek bat egiten du dago aldaketa sakonak eskatzen dituztenekin. Egindako gidan agertu bezala, babes sozialean murrizketak egitea erabat gogaikarria da, milaka lagunen egoera erabat jasanezina denean. Abiapuntu honetatik, gure balorazioa azaldu nahi dugu, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak, babes sozialari dagokionez, aurkeztu dituen aurrekontuei buruz; eta bestetik, Jaurlaritzak defendatzen duen babes sozialeko ereduari buruz, inola ere une honetako larrialdiei erantzuteko balio ez duena.

1. Salatzen dugu 2015. urterako egin den aurrekontu-partidan ez dagoela babes sistemak gaur egun dituen gabeziak hobetzeko eta gainditzeko asmorik:

1. Aurrekontuan sartu diren 461 milioi euro horiek, gaur egun, 67.000 etxetan jasotzen ari diren laguntzei eusteko bakarrik balio dute. Kopuru horretan erakusten da 2014. urteko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokion aurrekontua. Iraganeko gastua dugu, ez etorkizunekoa. Ildo honetan, esan behar dugu, urrian agortu zela 2014. urteko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokion aurrekontua eta Eusko Jaurlaritzak beste 80 milioi euroz osatu beharko duela partida, urriko, azaroko eta abenduko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren ordainketei aurre egin ahal izateko.

2. Hori dela eta, esan dezakegu, aipatu 461 milioi horiek guztiz eznahikoak direla:

 

A) Horrekin ezin izango diolako erantzun, 2015. urtean, gertatuko den Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren goranzko eskariari. Eusko Jaurlaritzak badaki, eta ezkutatzen du, 2015. urtean handituko dela Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eskaria:
Langabezia-prestaziorik gabe geratuko diren, sorospen-subsidioak jasoz, luzaroko langabe berriak gehituko direlako.
Izugarri kontratu prekarioak dituzten edo lan esperientziarik ez duten gazteak gehituko direlako.
Horrek esan nahiko luke, aurtengo urteko amaieran, DBE-ren 67.000 bat titular egon badaitezke, 2015. urte amaierarako 72.000 eta 74.000 titular inguru izan daitezkeela. DBE-ren eskaria %7a eta %10a handitu izanari erantzuteko, aurrekontuek proportzio berean areagotu beharko lukete. Egindako aurreikuspenekin, 2015eko urrirako diru-partida agortu eginen da.
B) Ez diete benetako premiei erantzuten. Jende askok, DBE-a eskuratzeko eskubidea izanagatik, ez du eskatzen. Eusko Jaurlaritzak ez du inolako neurririk aurreikusten, Eusko Jaurlaritzak berak, 2014an egin zuen Premia Sozialen Inkestak adierazten duenari erantzuteko: gaur egun, baldintzak bete arren, diru-sarrerak bermatzeko sistemaren onurarik jasotzen ez duen eta pobretzeko arriskuan dagoen biztanleria %27koa da.
 
C) Baina horrez gain, aurrekontu hauek:

– Ez dute zuzenduko Diru-sarrerak Bermatzeko Erregimenaren zenbatekoen eragina, azken urteotan murriztu eta izoztu direnak. Europako irizpideen eta gure aberastasun mailaren arabera, DBE-ren zenbatekoak pobrezia atalasearen azpitik daude %39an.
 

– Ez dituzte Diru-sarrerak Bermatzeko legean behar diren lege-aldaketak ahalbidetuko, babesari ateak zabaltzeko, batik bat, 18 urte baino gehiago izanik, lan egiteko adinean eta emantzipatzeko aukerarik ez dutenentzat.

– Lanbideren kudeaketan dagoen kaosari eutsiko diote. Prestazioak bezain garrantzitsuak, aipatu prestazioak eta zerbitzuak eskaintzen diren erak dira. Lanbideren aurrekontuak bere horretan utzi izanak betikotuko du haren funtzionamendu okerra. Betikotuko ditu ere, lan eta materiazko prekarietate mailak. Horrek ezinezko bihurtzen du eskaria handitzeari kalitatez erantzun ahal izatea, prestazioetan nahiz informazio, prestakuntza eta orientabide pertsonalizatuetako zerbitzuetan.
 

2.Aurrekoaz gain, genionez, euskal Babes Sistemak aldaketa sakonen beharra du. Eusko Jaurlaritzak ez dezake ezikusiarena egin eta babes sistema hau Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara mugatu. Beharrezkoa izanagatik, ez da nahikoa. Are eznahikoa da, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarengan beste mailetan erabaki beharko liratekeen gaien erabakia ipintzen denean.

A) 14 urte bete ez dutenen artean benetako pobrezia, gainerako biztanlerian baino erritmo biziagoan aurre egiteak premiazkoa bihurtzen du haurtzaroari eta gazteriari laguntza ekonomikoaren eta zerbitzukoen laguntzak bideratzeko politika unibertsalak abiaraztea.

B) DBE-a jasotzen dutenen %20a pentsiodunak izateak, eta DBEarekin pentsio apalak osatzeak, agerian uzten dute pentsio duinak bermatzeko ezgauza den sistema baten iruzurra (Gizarte Segurantzarena eta Kutxa bakarrarena). Egoera honi aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak ausardiaz jokatu beharko luke, Madrilek ezarri murrizketek eragin zuloak estaltzeari utziz. Errentak eta prestazio sozialak bermatzeko eredu osoa, arautze eta finantzatzeko gaietan erabateko erabakitze ahalmena izango duen berezko gizarte segurantza lortzeko bidea zabaldu behar da.

C) Jendearen %20ak haien soldata ziztrinak DBE-ekin osatzen dutela jakiteak ikustarazten digu lan merkatu honetan, enpresak baliatzen ari direla krisialdiaz, soldatek behea jo dezaten. Egungo lan merkatua txirotasunaren sortzaile nagusia dugu. DBE-ak ez dezake soldata duinak ematera ukatzen den patronala finantzatu. Haien jarrera langileok garesti ordaintzen dugu, pobrezia eta prekarietatea ekarriz. Premiazkoa da lan harremanen eredu berria izatea, non honetan, lehentasuna izango duen gutxieneko soldata handitzeko beharrak, ezarri den lanaldi partziala suntsitzeak eta sektoreko hitzarmen duinen izana bermatzeak..

 

 

Prestazioen, subsidioen eta diru oinarrizko errenten gida aurkeztu du LABek

Bistakoa da pobretze eta prekarietatearen adierazle guztiak etengabe okertzen ari direla eta LABek egoera hau azaleratzeko beharra ikusi du. Hau dela eta “prestazioak, subsidioak eta oinarrizko errentak Hego Euskal Herrian” izeneko gida prestatu du, bertan egun pairatzen dugun errealitate gordinaren salaketarekin batera, egun hego Euskal Herrian dauden prestazio, subsidio eta oinarrizko errenten inguruko informazioa azaltzen da.

Mikel Saralegi, batzorde sozialeko kideak gaur egungo egoeraren berri eman eta hedabideen aurrean gida aurkeztu ostean herritarrek, egungo babes sistema sozialaren gabezien inguruan (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta), beren testigantza eta salaketa azaldtzeko aukera izan dute.

Amaia izan da lehena hitza hartu eta bere egoeraren berri emanten. Bestelako erremediorik ezean kontratu partzialekin ari da lanean, “gaur arte 17 ordu egiten ditut lan astean 700 euroren truk, baina murrizketen ondorioz gaurtik aurrera 12 ordu lan egitera pasako naiz”. Baldintza hauetan ezinezkotzat jo du autonomia ekonomikoa lortzea et beste batzuen laguntzaren menpe dagoela salatu du. Jon Urkizuk, kartzelatik irten zenetik 426 euroko laguntza jasotzen zuen, baina Espainiar Gobernuaren erabaki politiko baten ostean jasotako hori itzultzeko eskatu diote. Urkizuk “kondena bete badugu ere gure eguneroko bizitzari aurre egiteko diru baliabiderik gabe” uzten dituztela salatu du.

Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, ezer baino lehen eskerrak eman nahi izan dizkiei bere egoera azaltzera etorri diren bi herritarrei “askotan hitz egiten baita laguntzak jasotzen dituztenetaz, baina gutxitan izaten dute aukera beren egoera defendatzeko”. Gehienetan geizki hitz egiten da beraietaz esanez inongo zilegitasuneik ez dutela laguntza horiek jasotzeko, baina ezin dugu ahaztu pertsonetaz ari garela eta ez zenbakietaz. Bitarteko ekonomiko nahikoa ez dutelako larrialdi egoeran dagoen jendea da, “ez gara ari iruzurgileetaz eta are gutxiago benetan ekarpen ekonomikoa egin dezaketen iruzurgile aberatsetaz” argitu du Etxaidek. Egiten ari diren politiken ondorioz geroz eta gehiago da egoera honetan dagoen jendea.

Egoera honek bultzatu du sindikatua gida hau prestatzera, ikusi baitugu baldintzak beteta ere beharko luketenak baina pertsona gutxiagok eskatzen dituela laguntza hauek ez baita inolako bitartekorik jarri herritarrei esateko: “egoera honetan bazaude dagokizun laguntza eska ezazu”, alderantziz eskaera egiten duena kriminalizatzen da. Hau salatu eta borrokatu nahi du sindikatuak.

Etxaidek “datorren urtean egoera larriagotu egingo dela” azpimarratu du, Jaurlaritzak PSEri esker onartuko dituen aurrekoentuek ez dutelako prestazioetara bideratutako partidan igoerarik aurreikusten baina laguntzak beharko dituztenen kopuruak gora egingo duelako. “Aurten ez da nahiko izan eta datorren urtean are gutxiago izango da”. Geroz eta gehiago izango dira langabezi prestazioa gabe geratuko direnak eta gainera bada beste egoera bat zabaltzen ari dena, hau da, aurrera egiteko aukera ematen ez duten lan prekario kopurua gora doa. Hau dena nahiko ez balitz, guzti honi gehitu behar zaio ez dutela konpondu hau bideratzeko orduan Lanbiden dagoen kaos-a.

RGIa ez da nahikoa, pobrezia mailaren azpitik dago eta ez die benetako beharrei erantzuten. Batzuek hala sinistarazi nahi duten arren arazo guztiak ez dira RGIarekin konpontzen. Pentsioen murrizketei RGIarekin aurre egin nahi diete, kontratu partzialetan dagoen jendearen kasuan enpleguak minimo batzuk ziurtatzen ez dituenez RGIarekin bete nahi dituzte. Arazoen konponbidea RGIan kokatu nahi dute, hau geroz eta txikiagoa denean.

Guzti honek sistema osoa beste modu batera antolatzea eskatzen du. Babes sistema bera da auzitan dagoena, LABek ez dugu onartzen Jaurlaritzak esatea finantziazio arazo bat dagoela, nahiko aberastasuan dago Euskal Herrian baina geroz eta esku gutxiagotan dago eta hori ez da konpondu nahi. Aurrekontuek egoera hau aldatzeko urrats handia eman zezaketen baina ez dute egin. Gure ustez aukera bakarra da geroz eta gehiago izatea hau dena aldatu behar dela eskatzen dugunak eta elkarrekin mobilizatzea.