Langileok AHT gelditzera goaz
Maiatzaren 30ean, larunbata, Atxondon mendi martxan. AHT Gelditu Orain! Lelopean. Goizeko 10.00etan hasita, egun osoko egitaraua dago antolatua. Informazio guztia hemen
Bestalde, ekainaren 13an, manifestazioa egingo da Donostian, arratsaldeko 17.30etan Alderdi Ederretik abiatuta.
AHT gelditzeko deialdi hauekin bat egitera animatzen zaituztegu. AHTaren kontrako gure jarrera agerian uzteko, egin “selfi” bat, talde argazki bat, zuen lantokian, egoitzan…. Eta bidali www.lab.eus helbidera.
Guztion artean geldituko dugu. Mobiliza gaitezen!
Argazkirako kartela
LAB babes gehien jaso duen sindikatua izan da Nafarroako Administrazioan
Atzo Nafarroako Administrazioan burututako hauteskunde sindikaletan LAB izan zen langileen aldetik babes gehien jaso zuen sindikatua. Polizia Foraleko eta Osasun Publiko eta Laboralen Institutoko ematzen faltan LAB 55 ordezkari izatetik 78 izatera pasa da. Emaitza hauek langileak Nafarroan hain beharrezkoa den aldaketa politko eta sozialaren alde egin dutela erakusten du eta bide horretan LABek aldaketaren aldeko akordio soziopolitiko bat proposatu nahi dugu. Lau ardatz izan beharko lituzkeena; demokratizazioa, sektore publikoa, lan harremanetarako esparru propioa eta erabakitzeko eskubidea.
Orain ZERBITZU PUBLIKOEN BERRERAIKUNTZAri ekiteko unea da. Zerbitzu publikoek oinarrizko hezkuntza, osasun eta babes sozialeko beharrak bermatu behar dizkiote doan Nafarroako herritar orori, jaiotzetik zahartzarora bitartean. Publikoa ibili badabilelako. Horretarako, milaka enplegu publiko sortu behar dira, murrizketa oro bertan behera utzi, pribatizatutakoak lehengoratu, bajak lehen egunetik ordezkatu, langileen eros ahalmena berreskuratu. Jakina, hau guztiau ezinezkoa da azken 4 urteotan Gobernuan egondako UPN eta PSN alderdiekin.
GAUR HASI DA NAFARROAKO ALDAKETA ETA IGANDE HONETAN IZAN BEHAR DU JARRAIPENA. Ildo honetan, LABek bihar bertan proposamena igorriko die Aldaketaren Gobernua osatu beharko luketen lau indar politikoei (EH Bildu, Geroa Bai, Podemos-AhalDugu eta Izquierda-Ezkerra), nafar herritargoak aldarrikatzen duen aldaketa soziala eta aldaketa politikoa uztartzeko. Gobernu Aldaketa gauzatu ahal izateko aritmetika elektoralarekin batera, Eredu Aldaketa gauzatzeko prozesu soziopolitiko integrala martxan jartzea beharrezkoa da. Herri mugimenduak definitu eta kalean aldarrikatu duen Eredu Aldaketaz ari gara: pasa den urteko abenduan izandako “Denok Batera” manifestazioa nahiz martxoan Eskubideen Kartaren ekimenez Programa Sozialaren alde egindako manifestazioa mugarri dira ildo horretan.
Honela bada, Nafarroan eredu berria eraikitzeko konpromisoa hartzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko AKORDIO SOZIOPOLITIKOA proposatzen du LABek. Eremu bakoitzaren (sozial, sindikal nahiz politikoa) autonomiatik oinarri estrategiko batzuk adostea proposatzen dugu. LABen iritziz, akordio horrek gutxienez lau ardatz hartu beharko lituzke kontutan.
1) Sare klientelistak bertan behera utzi eta eremu guztiak demokratizatu, soziolaborala barne.
2) Sektore publikoaren aldeko apustu estrategikoa, herritar ororen hezkuntza, osasun, etxebizitza eta babes sozialerako eskubideak bermatzeko. Babes sozialerako marko propioa Nafarroan.
3) Nafarroan lan harremanetarako eremu propioa eratzea, lan erreforma bertan behera utziz, lanaren eta ondasunaren banaketa bideratu ahal izateko.
4) Madrilen aurrean Nafarroaren erabakitzeko eskubidearen defentsa instituzionala eta soziala.
INFOADM: «Los trabajadores y trabajadoras de la Administración han vuelto a situar a LAB como primera fuerza sindical»
Confebasken kopuru potolo eta hitz ponpoxoen atzean prekarietatea eta lan pobrezia izkutatzen dira
Orain esaten digute 22.000 direla sortuko diren lanpostuak. Orain dela gutxi 1.,000 lanpostu esan ziguten. Baina ongi dakigu lanpostu hauek zelan sortuko diren eta ze baldintzetan. Confebaskek tranpa egiten duela adierazi nahi du LAB sindikatuak.
Horrela, lanpostu berriak sortuko dira baina, ordu berririk ez. Hau da, orain, lana jende gehiagoren artean banatuko da, baina ordu gutxiago eta soldata baxuagorekin. Honek, prekarietatea eta lan pobreziaren hedapena dakar, desberdintasunak areagotuz.
Bestetik, enpleguaren hazkundeak gora eginen du, baina enpresetan ez dira soldatak igotzen, edo oso igoera eskasak ematen dira (beti ere, beraiek iragarritako BPGaren azpitik). Azken urteetan soldatek erosahalmena izugarri galdu dute, eta hemendik aurrera, horrela izaten jarraituko du.
Ondorioz, urte hauetan eginiko expediente, kaleratze masibo, laguntza murrizketa eta eskubide sozial zein laboralen murrizketek, Confebaskentzat etekinak izan ditu. Aldikortasuna, nahigabeko partzialtasuna eta soldata baxuak nagusitzen direlako flexidiktadura berri honetan.
Tranpak alde batera uztea eta herri honek behar duen enplegu duina sortzea eta aberastasunaren banaketa eraginkorra egitea da LABek aldarrikatzen dizuena. Beste guztia prekarietatez beteriko zenbakiak baino ez dira.
Langileon hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko ekimena martxan jarri da
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta LAB sindikatuak lan munduan euskararen erabileran eman daitezken urraketak identifikatu eta hauei aurre egiteko ekimena jarri dugu martxan. “Euskara zure ESKUbidea. Actívate por el Euskara” izenarekin aurkeztu den ekimen honekin, langileok hizkuntz eskubideen jabe garen heinean, eskubideon alde aktibatu eta inplikatzea da asmoa. Sindikatuaren ekintza sindikala indartzeko ibilbidean urrats berri bat izango da.
•Langileok, lanean gaudenean ere, hizkuntza eskubide propioak ditugula jabetzea. Langileon errealitatea ikusaraztea.
•Eskubideez jabetuta, lan mundua euskalduntzeko subjektu aktiboak izatea: langileon hizkuntza eskubideen defentsan lan eginez, langile gisa gure egunerokotasunean pairatzen ditugun urraketak salatuz… Azken batean, lan tokia euskararen normalizazioaren aldeko borroka esparru bilakatzea.
•Azkenik, gure ekarpena egitea, langileriaren artean lan mundua euskalduntzearen aldeko jarrera hegemonikoa izan dadin, gure ekarpena egitea.
Kanpaina honek barrura begirako ildo bat izango du, gure militantziaren formazioari erreparatuko diona. Eta kanpora begirako beste lan ildo bat, Behatokiarekin elkarlanean garatuko duguna.
Udara aurretik kanpainaren bitarteko materialak lantoki guztietan banatuko ditugu. Langileok lanean ere hizkuntz eskubideak ditugula aldarrikatu eta lan munduaren euskalduntzean langileok bete beharreko paperan sakonduko dugu. Kartelak eta esku orriak egongo dira, baina bereziki langileekin egin beharreko aurrez aurreko lanketari eman nahi diogu garrantzia.
Irailetik aurrera langileak hizkuntz eskubideen defentsan aktibatu eta egunerokoan pairatzen ditugun urraketak salatzeko dinamikak piztuko ditugu lan tokietan, herri zein eskualdeetan ere isla izango dutenak. Salaketa hauek lantoki eta herrietan ekimen ezberdinen bidez gauzatuko ditugu, Behatokiaren salaketetarako telefonoa zein postontzia lagun izango ditugularik.
Behatokiaren irakurketa:
Euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubideak, norbanakoak eta espazioak euskalduntzea eskatzen du ezinbestean. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztiek erabiltzeko aukerak behar dituzte, espazio euskaldunak behar dira.
Lan-mundua ezinbesteko bizi-espazioa da eta egungo testuinguruan lan jarduna euskaraz burutzea ez daukagu bermaturik. Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat beste inoren lanaz baliatzen. Euskaraz bizitzea lana euskaraz egitea ere bada. Enpresa mundua eta lan mundua euskaratzea ezinbestekoa izango da euskaraz bizitzeko nahia bermatzeko eta herritarren eskubide linguistikoak garantizatzeko.
Gaur egun zenbait sektoretan euskara lan tresna eta lan harremanetarako hizkuntza da (euskarazko hedabideak eta irakaskuntzaren zati handi bat, bereziki) baina gainerako sektore guztietan (industria eta zerbitzuetako gehienetan) euskararen erabilera, euskaraz lan egiteko aukerak urriak dira oso.
Asko dira euskarari aldekotasuna agertzen dieten enpresak, eragileak eta abarrekoak, baina hori ez da nahikoa. Euskararen presentzia lan munduan oraindik ur tanta bat da.
Normalizazioan eta euskaraz bizitzeko ahaleginean, denok dugu gure eginkizuna.
Zein da langileen funtzioa euskararen normalizazioan? Euskaraz bizitzeko hautua egin duten pertsona langileak, entitateek euskalduntze-prozesuak abiatzeko presioa indartu dezakete.
Lan eremuan langileek dute errealitatearen zuzeneko informazioa. Lan jarduna euskaraz burutzeko dituzten zailtasunak agerian jarri eta oztopoak identifikatzen lagunduz neurriak hartzea eragin dezakete.
Dauden gabezi eta oztopoen konstantzia utzi behar da gero urratsak eman daitezen galdegiteko. Eta euskaraz lan egin ahal izatea bermatzeko ardura dutenengana jotzeko.
Beste arlo batzuetan herritarrak dauden hutsuneak helarazten diguten bezalaxe, hemen langileok gabezien berri eman eta Behatokiak akuilu lana egingo du euskaraz lan egiteko eta lan mundua euskalduntzeko dauden gabeziak konpontzeko neurriak har daitezen. Behatokia akuilu eta laguntzaile. Babesle.
LAB sindikatuaren irakurketa:
Kanpaina martxan jartzeko arrazoiak etxe barnean zein kanpoan topatu ditugu.
Lehenik eta behin, or ditugu LAB sindikatuaren ibilbide propioa eta azken urteetan euskararen normalizazioan aurrera egiteko harturiko konpromezuak.
•Sindikatu euskalduna gara
.
•EUSLAB egitasmo estrategikoa martxan dugu zeinak sindikatuaren barne euskalduntzerako (SinEus) eta lan munduaren euskalduntzerako (LanEus) ildo bana barnebiltzen dituen.
•LAB sindikatuaren barne euskalduntzeari dagokionean, 2000.urtean gure Hizkuntza Politika onartu genuen eta bide horretan urrats sendoak eman ditugu. Gaur egun sindikatua euskaraz funtzionatzeko gai dela esan dezakegu.
•Lan munduaren euskalduntzean aitzindari zein erreferente izan gara eta 2015.urtean LanEus ildo estrategikoa eguneratu dugu, hots, lan mundua euskalduntzeko estrategia da eguneratu duguna.
Erabaki berriak, konpromiso berriak dakartzate eta hauek praktikan gauzatzeko molde berrituak. Horregatik kanpaina hau.
•Abiapuntua, euskara bere lurraldean normalizatua ez dagoela da. Hortaz, lan mundua euskalduntzeko estrategiak ikuspegi integrala eduki behar du. Euskal Herrian euskara ez da normalizatuko, lan munduan normalizatzen ez bada.
•Bestetik, lan mundura iritsi aurreko ikasketa-prozesua ere aztertu behar dugu eta berau eraldatzen saiatu, lan mundua euskaldunduko bada: eskolak ez du euskalduntzen, indarrean dauden ereduek ez dute bermatzen belaunaldi berriak euskalduntzen direnik; goi mailako ikasketak (unibertsitatea, Lanbide Heziketak) ezin dira bere osotasunean euskaraz garatu; etengabeko formakuntza erdaraz eskaintzen da, langabetuei zein formazio espezifikoari dagokionean.
•Azkenik, lan munduaren euskalduntzea gure ekintza sindikalaren erdigunean kokatzea, gure jardueraren baitan txertatzea, zeharka eta modu zehatzean.
Lan mundua euskalduntzeko gure estrategia eraginkorra izango bada, lan munduaren euskalduntzea gure ekintza sindikalaren erdigunean kokatu behar dugu. Eta horretarako ere bada kanpaina hau.
•Batetik, langileon hizkuntza eskubideak lan eskubideen baitan ulertu eta borrokatzeko.
•Bestetik, lan munduaren euskalduntzea lantokiko lau paretatatik ateratzeko: hizkuntza eskubideen aldarria herri-auzo-eskualdeetara zabaldu, interbentzio sozialean kokatu eta EH-aren eraikuntza prozesuaren baitan landu behar ditugu.
Egun indarrean dagoen Hizkuntza Politika, ordea, antzua da lan mundua euskalduntzeko; hau da, ez du lan mundua euskalduntzea helburu. Egoera hau salatzeko ere bada kanpaina.
•Ez dago errealitatearen azterketarik. Instituzioek ez dute aztertu euskarak lan munduan bizi duen egoera; hortaz, ez dute ezagutzen aldatu nahi duten errealitatea. Errealitatea aldatu nahi ez dutelako izango da? Behar bada. Gure ustez, eskumenak dituzten instituzioen erantzukizun politiko eta arduragabekeri itzela.
•Indarrean dauden Hizkuntza Politiken helburua ez da lan munduan euskara normalizatzea, euskara eta espainolaren arteko oreka ezinezkoa lortzea baizik. Gure ustez, honek euskara bere lurraldean bigarren mailako izatera kondenatuko du.
•Lan munduaren euskalduntzea langileen bizkar jartzen da, baina langileon parte hartzea sustatu gabe. Maiz edo gehienetan, langileok omen gara lan mundua euskaldundua ez egotearen oztopo nagusia. Jarrera maltzur horiek ez ditugu gehiago onartuko. Langileok lan mundua euskalduntzeko subjektu eta eragile eraginkorrak gara, ezinbestekoak.
•Euskal Herri osoan Hizkuntza Politika berri eta eragingarria behar da lan mundua euskaldunduko bada.
Amaitzeko, langileon hizkuntza eskubideen aldeko apologia zuzena egin nahi dugu.
•Hizkuntza eskubideen Deklarazio Unibertsalak (Bartzelona, 1996) dioen bezala:
◦Deklarazioaren oinarrizko printzipioak dira hizkuntza eskubideak indibidualak zein kolektiboak direla eta hizkuntza eskubideen osotasuna bermateko erreferentea hizkuntza komunitate historikoa dela, bere lurralde-espazioan. Lurralde-espazioa ez da komunitatea bizi den lurralde-espazio soilik, baizik hizkuntzaren erabateko garapena ahalbideratzeko espàzio sozial zein funtzional ezinbestekoak.
◦Hizkuntza komunitate orok du eskubidea bere lurraldean hizkuntza modu ofizialean erabiltzeko.
◦Hizkuntza komunitate orok du eskubidea bere lurraldean bere hizkuntzaren erabilera ezartzeko jarduera sozioekonomiko orotan.
◦Pertsona orok du eskubidea lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko.
•Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta hizkuntza komunitate bat osatzen dugu. Zentzu horretan, euskal herritarrok hizkuntza eskubideen jabe garen neurrian, gure eskubideak hizkuntza komunitatearen lurralde-espazioan bere osotasunean garatu beharko lukete.
Langileok herritarrak gara eta lan mundura sartzen garenean (lau pareta artean egon gabe ere), ez ditugu dagozkigun eskubideak galtzen. Izan ere, langile izaerari lotuta, jarraian agertzen diren hizkuntza eskubideen jabe gara.
•Langileok eskubidea dugu euskara ezagutzeko. Euskararen ezagutza bermatzeko irakaskuntza oinarrizko eskubidea da (edozein delarik pertsonaren adina). Pertsona batek, langile batek, euskara ez jakiteak ez du euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duen eskubidea ezabatzen. Beraz, eta bestelako formazioen kasuan bezala (eta hau lehentasunezko eta ezinbesteko formazioa da), langileok euskara ikasteko eskubidea dugu gure lanaldiaren barnean eta doan.
•Langileok eskubidea dugu gure lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko. Horretarako, baliabide guztiak eskura eduki behar ditugu: kontsultarako dokumentuak eta liburuak, formularioak, baliabide informatikoak, tresnak eta produktuak.
•Langileok eskubidea dugu gure lan harremanak euskaraz burutzeko. Harreman sozioekonomikoak diren neurrian, langile-enpresa, langileon arteko edota bestelako subjektuekiko lan harremana (kontratuak, nominak, oharrak, barne-komunikazioak, negoziaketak, hitzarmenak, bilkurak…) euskaraz burutzeko eskubidea dugu langileok.
Langileok honetaz guztiaz jabetzeko eta honen alde aktibatu-borrokatzeko martxan jarriko dugu kanpaina, Behatokia eta LAB sindikatuaren lankidetzaren emaitza.
LABek gogorki salatu nahi ditu Igarki, Ibon eta Aialaren atxiloketa eta Ertzaintzak izandako jarrera bortitza
LABek gogorki salatu nahi ditu gaur Gasteizko Andra Mari Zuriko Herri Harresian izandako gertaerak. Salatu nahi dugu Igarki Robles, Ibon esteban eta Alaia Zaldibarren atxiloketa, eta atxiloketa unean Ertzaintzak izandako jarrera bortitza, bai gazteen aurka, bai euren aldeko herri harresia osatu nahian jardun zuten herritarren kontra.
Eta EAJ ere norabide horretan lerrokaturik ikusi dugu. Erabaki zezakeen argazki horretan parte ez hartzea, baina herri honek injustizien aurrean plantoa egitea eskatzen duen bitartean, EAJk Espainiar in-justiziaren esanetara makurtuta jarraitzen du eta gazteak atxilotzen ditu. Euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak babestuko badira, errepresioaren bidearekin amaitu beharra dago, behar den guztietan, bide horri aurre eginez.
LAB sindikatuak, halaber, gogoan ditu gazte independentista hauen moduan auzi judizialetan prozesaturik dauden beste gazte eta euskal herritarrak. Kartzelak betetzeko baino kartzelak ustutzeko tenorea da, eta beraz, prozesu horien guztien etetea eskatzen dugu. Ez dugu kondena politikorik onartzen. Euskal gaztedia kalean behar du Euskal Herriak. Euskal gaztedia da gure oraina eta etorkizuna, eta bake eta konponbide aroaren eraikuntzan geure gazteen ekarpenak ezinbestekoak ditugu.
Herri harresia gero eta sendoagoa izan dadin lanean jarraitu behar dugu. Jarraitu behar dugu eskubide zibil eta politikoen defentsan, baita konponbidea eraikitzen ere. Mobilizatzen jarraitu behar dugu eta bide honetan LABek bere konpromisoa berresten du.
Haurreskoletako delegatuek familiek ordaintzen duten kuotetan egin dituzten aldaketak eta finanziazio eza salatu dute
Haurreskolak Partzuergoan langileon ordezkaritzan gehiengoa duten LAB sindikatuko delegatuek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak familiek ordaintzen dituzten kuoten inguruan hartutako neurriak salatu dituzte.
Doakotasunaren bidean urratsak emateko aukera galdu da, zerbitzu unibertsala izateko aukera galdu dugu. Haurreskolak ez dira denontzat izango, hau da daukagun errealitatea. Hezkuntza Sailak kontziliaziorako eta heziketarako sortutako etapa hau mespretxatu du, zerbitzu hau erabili behar duten familiei gezurrak kontatzen.
Haurreskolak Partzuergoko zerbitzua erabiltzen duten familientzat ez da merkeago izango, nahiz eta familia batzuen diru sarrerak apalak izan. Partzuergoak kuoten bitartez jaso duen diru sarrera ez da aldatuko eta bonifikazio sistema aplikatzeko beste murrizketa batzuk aplikatu dituzte:
– Bekak kendu dituzte bonifikazio sistema ezartzeko.
– Haurreskolak Partzuergoan dauden 2 urteko gelen kuota igo dute, 2 urteko gela hauek desagertzera kondenatuz.
– Egokitzapenerako kuota igo dute.
– Matrikula egiterakoan kalkulua bi urtetarako egingo da, eta bi urte horietan familiaren egoera aldatzen bada (familian kide bat langabezian gelditzen bada, adibidez) ez da kontuan hartuko.
Haurreskolak Partzuergoa oso zerbitzu garrantzitsua izanik, hainbat joku politikorako erabili izan da. Duela 4 urte partida faltsu bat sortu zuten. Honen helburua inbertsioak irudikatzea zen, baina teknikoki 3 milioiko partida hau gastatzea ezinezkoa zen. Langileon soldata izoztuta egon den bitartean edo familien kuotak igotzen ziren bitartean, gure arduradun politikoek gezurrezko zenbakiekin engainatzen gintuzten, langileak, bezeroak eta jendeartea.
Hau guztia gutxi balitz, aurtengo aurrekontuetan 3 milioiko murrizketa aplikatzeaz gain, marketing kanpaina bat burutu dute, benetako familien diru sarreren araberako kuota sistema bat ezarri beharrean.
Kalitateko hezkuntza sistema bultzatzeko instituzioen konpromiso irmoa adierazi beharrean iruzurrak baino ez dira plantetatzen.
Haurreskolak Partzuergoko LAB sindikatuko ordezkariek, haurreskolen eredu propioa finkatzeko garaia heldu dela argi dutela adierazi dute, zaintza oinarri duen izaera hezigarriari lehentasuna ematea ezinbestekoa dela uste baitute.
Zuzendaritza Batzordea, eta honen lehendakaria den Cristina Uriarteri, hurrengo eskaerak helarazi dizkiete:
⁃ Aurrekontuetan, Haurreskolak aintzat hartu eta partida handitzea, bestela ezinezkoa izango da familientzat dirulaguntzak bermatzea.
⁃ Landa eremuko Haurreskolak babestea, herri horietan betetzen duten funtzioa kontuan hartu behar da.
⁃ 0-3 zikloa unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatekoa izateko urratsak eta konpromisoak hartzeko garai da, itxurakeriak alde batera utzita.
LABek Repoblaciones Forestales Euskaldunako administratzaile bakarraren praktikak salatu nahi ditu
Repoblaciones Forestales Euskaldunak SL enpresaren desegite eta likidazioaren ondoren hainbat langile kaleratuak izan dira arrazoi objektiboengatik. Enpresa honen praktika okerrak salatu nahi ditugu eta honen ondorio lazgarriak.
Jose Maria Razquin Lizarraga, aipatu enpresako administratzaile bakarrak, unilateralki erabaki zuen UTE Aubiden parte hartzeko lizitaziora ez aurkeztea, azken hau zen “gaitasun handiko sareko kontserbazioa, ustiapena, mantenua eta erabilera” lanen esleipenduna.
Repoblaciones Forestales Euskaldunak 2005etik darama lehiaketa honetan parte hartzen beste hiru enpresarekin batera eta ez da ulertzen horrelako erabaki bat hartzea. Are gehiago lan hau izanik bere zerbitzuak eusten zituena, Razquinen bazkide den Pablo Zubillaga Berazak adierazten duen moduan.
Zerbitzu hauei uko egiteak ekarri dituzten galera ekonomikoek langile-taldearen zati handi bat kaleratzea ekarri dute eta enpresaren likidazio eta disoluzioa.
Era bitxian, Jardines y Bosques SL enpresa izan da zerbitzu honen esleipena lortu duena. Jose Maria Razquin, Repoblaciones Forestales Euskaldunak SL enpresako administratzaile bakarra, administrazile solidarioa izan da Jardines y Bosques SLn lana esleitu dioten arte.
Jose Maria Razquinen fede txarra mahaigaineratu nahi dugu. Modu iruzurtian eta berariaz langileen aurka jo du. Egin denaren antzerako operazioen inmoraltasuna ere nabarmendu nahiko genuke. Bere helburu bakarra zen enpresaren solbentzia izkutatzea langileen aurrean hauek kaleratu eta Repoblaciones Forestales Euskaldunak SLz desegitearen erabakia izkutatzeko.
Ulertzen dugu gai hau publikoki salatzeko modukoa dela eta zerbitzuak azpikontratatzen dituzten instituzioei dei egiten diegu azpikontratetako langileen lan-baldintzak zain eta berma ditzaten.

