2024-04-25
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLangileon hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko ekimena martxan jarri da

Langileon hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko ekimena martxan jarri da

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta LAB sindikatuak lan munduan euskararen erabileran eman daitezken urraketak identifikatu eta hauei aurre egiteko ekimena jarri dugu martxan. “Euskara zure ESKUbidea. Actívate por el Euskara” izenarekin aurkeztu den ekimen honekin, langileok hizkuntz eskubideen jabe garen heinean, eskubideon alde aktibatu eta inplikatzea da asmoa. Sindikatuaren ekintza sindikala indartzeko ibilbidean urrats berri bat izango da.

“Euskara zure ESKUbidea” dimanikaren helburuak:

•Langileok, lanean gaudenean ere, hizkuntza eskubide propioak ditugula jabetzea. Langileon errealitatea ikusaraztea.

•Eskubideez jabetuta, lan mundua euskalduntzeko subjektu aktiboak izatea: langileon hizkuntza eskubideen defentsan lan eginez, langile gisa gure egunerokotasunean pairatzen ditugun urraketak salatuz… Azken batean, lan tokia euskararen normalizazioaren aldeko borroka esparru bilakatzea. 

•Azkenik, gure ekarpena egitea, langileriaren artean lan mundua euskalduntzearen aldeko jarrera hegemonikoa izan dadin, gure ekarpena egitea. 

Kanpaina honek barrura begirako ildo bat izango du, gure militantziaren formazioari erreparatuko diona. Eta kanpora begirako beste lan ildo bat, Behatokiarekin elkarlanean garatuko duguna.

Udara aurretik kanpainaren bitarteko materialak lantoki guztietan banatuko ditugu. Langileok lanean ere hizkuntz eskubideak ditugula aldarrikatu eta lan munduaren euskalduntzean langileok bete beharreko paperan sakonduko dugu. Kartelak eta esku orriak egongo dira, baina bereziki langileekin egin beharreko aurrez aurreko lanketari eman nahi diogu garrantzia.

Irailetik aurrera langileak hizkuntz eskubideen defentsan aktibatu eta egunerokoan pairatzen ditugun urraketak salatzeko dinamikak piztuko ditugu lan tokietan, herri zein eskualdeetan ere isla izango dutenak. Salaketa hauek lantoki eta herrietan ekimen ezberdinen bidez gauzatuko ditugu, Behatokiaren salaketetarako telefonoa zein postontzia lagun izango ditugularik.

Behatokiaren irakurketa:
Euskaldunok euskaraz bizitzeko eskubideak, norbanakoak eta espazioak euskalduntzea eskatzen du ezinbestean. Euskaraz bizi nahi duten herritar guztiek erabiltzeko aukerak behar dituzte, espazio euskaldunak behar dira. 

Lan-mundua ezinbesteko bizi-espazioa da eta egungo testuinguruan lan jarduna euskaraz burutzea ez daukagu bermaturik. Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat beste inoren lanaz baliatzen. Euskaraz bizitzea lana euskaraz egitea ere bada. Enpresa mundua eta lan mundua euskaratzea ezinbestekoa izango da euskaraz bizitzeko nahia bermatzeko eta herritarren eskubide linguistikoak garantizatzeko. 

Gaur egun zenbait sektoretan euskara lan tresna eta lan harremanetarako hizkuntza da (euskarazko hedabideak eta irakaskuntzaren zati handi bat, bereziki) baina gainerako sektore guztietan (industria eta zerbitzuetako gehienetan) euskararen erabilera, euskaraz lan egiteko aukerak urriak dira oso. 

Asko dira euskarari aldekotasuna agertzen dieten enpresak, eragileak eta abarrekoak, baina hori ez da nahikoa. Euskararen presentzia lan munduan oraindik ur tanta bat da. 

Normalizazioan eta euskaraz bizitzeko ahaleginean, denok dugu gure eginkizuna. 

Zein da langileen funtzioa euskararen normalizazioan? Euskaraz bizitzeko hautua egin duten pertsona langileak, entitateek euskalduntze-prozesuak abiatzeko presioa indartu dezakete. 

Lan eremuan langileek dute errealitatearen zuzeneko informazioa. Lan jarduna euskaraz burutzeko dituzten zailtasunak agerian jarri eta oztopoak identifikatzen lagunduz neurriak hartzea eragin dezakete. 

Dauden gabezi eta oztopoen konstantzia utzi behar da gero urratsak eman daitezen galdegiteko. Eta euskaraz lan egin ahal izatea bermatzeko ardura dutenengana jotzeko.

Beste arlo batzuetan herritarrak dauden hutsuneak helarazten diguten bezalaxe, hemen langileok gabezien berri eman eta Behatokiak akuilu lana egingo du euskaraz lan egiteko eta lan mundua euskalduntzeko dauden gabeziak konpontzeko neurriak har daitezen. Behatokia akuilu eta laguntzaile. Babesle.

LAB sindikatuaren irakurketa:
Kanpaina martxan jartzeko arrazoiak etxe barnean zein kanpoan topatu ditugu. 
Lehenik eta behin, or ditugu LAB sindikatuaren ibilbide propioa eta azken urteetan euskararen normalizazioan aurrera egiteko harturiko konpromezuak.

•Sindikatu euskalduna gara
.
•EUSLAB egitasmo estrategikoa martxan dugu zeinak sindikatuaren barne euskalduntzerako (SinEus) eta lan munduaren euskalduntzerako (LanEus) ildo bana barnebiltzen dituen.

•LAB sindikatuaren barne euskalduntzeari dagokionean, 2000.urtean gure Hizkuntza Politika onartu genuen eta bide horretan urrats sendoak eman ditugu. Gaur egun sindikatua euskaraz funtzionatzeko gai dela esan dezakegu. 

•Lan munduaren euskalduntzean aitzindari zein erreferente izan gara eta 2015.urtean LanEus ildo estrategikoa eguneratu dugu, hots, lan mundua euskalduntzeko estrategia da eguneratu duguna. 

Erabaki berriak, konpromiso berriak dakartzate eta hauek praktikan gauzatzeko molde berrituak. Horregatik kanpaina hau.

•Abiapuntua, euskara bere lurraldean normalizatua ez dagoela da. Hortaz, lan mundua euskalduntzeko estrategiak ikuspegi integrala eduki behar du. Euskal Herrian euskara ez da normalizatuko, lan munduan normalizatzen ez bada.

•Bestetik, lan mundura iritsi aurreko ikasketa-prozesua ere aztertu behar dugu eta berau eraldatzen saiatu, lan mundua euskaldunduko bada: eskolak ez du euskalduntzen, indarrean dauden ereduek ez dute bermatzen belaunaldi berriak euskalduntzen direnik; goi mailako ikasketak (unibertsitatea, Lanbide Heziketak) ezin dira bere osotasunean euskaraz garatu; etengabeko formakuntza erdaraz eskaintzen da, langabetuei zein formazio espezifikoari dagokionean. 

•Azkenik, lan munduaren euskalduntzea gure ekintza sindikalaren erdigunean kokatzea, gure jardueraren baitan txertatzea, zeharka eta modu zehatzean. 

Lan mundua euskalduntzeko gure estrategia eraginkorra izango bada, lan munduaren euskalduntzea gure ekintza sindikalaren erdigunean kokatu behar dugu. Eta horretarako ere bada kanpaina hau.

•Batetik, langileon hizkuntza eskubideak lan eskubideen baitan ulertu eta borrokatzeko. 

•Bestetik, lan munduaren euskalduntzea lantokiko lau paretatatik ateratzeko: hizkuntza eskubideen aldarria herri-auzo-eskualdeetara zabaldu, interbentzio sozialean kokatu eta EH-aren eraikuntza prozesuaren baitan landu behar ditugu.

Egun indarrean dagoen Hizkuntza Politika, ordea, antzua da lan mundua euskalduntzeko; hau da, ez du lan mundua euskalduntzea helburu. Egoera hau salatzeko ere bada kanpaina.

•Ez dago errealitatearen azterketarik. Instituzioek ez dute aztertu euskarak lan munduan bizi duen egoera; hortaz, ez dute ezagutzen aldatu nahi duten errealitatea. Errealitatea aldatu nahi ez dutelako izango da? Behar bada. Gure ustez, eskumenak dituzten instituzioen erantzukizun politiko eta arduragabekeri itzela.

•Indarrean dauden Hizkuntza Politiken helburua ez da lan munduan euskara normalizatzea, euskara eta espainolaren arteko oreka ezinezkoa lortzea baizik. Gure ustez, honek euskara bere lurraldean bigarren mailako izatera kondenatuko du. 

•Lan munduaren euskalduntzea langileen bizkar jartzen da, baina langileon parte hartzea sustatu gabe. Maiz edo gehienetan, langileok omen gara lan mundua euskaldundua ez egotearen oztopo nagusia. Jarrera maltzur horiek ez ditugu gehiago onartuko. Langileok lan mundua euskalduntzeko subjektu eta eragile eraginkorrak gara, ezinbestekoak.

•Euskal Herri osoan Hizkuntza Politika berri eta eragingarria behar da lan mundua euskaldunduko bada.

Amaitzeko, langileon hizkuntza eskubideen aldeko apologia zuzena egin nahi dugu.

•Hizkuntza eskubideen Deklarazio Unibertsalak (Bartzelona, 1996) dioen bezala: 
◦Deklarazioaren oinarrizko printzipioak dira hizkuntza eskubideak indibidualak zein kolektiboak direla eta hizkuntza eskubideen osotasuna bermateko erreferentea hizkuntza komunitate historikoa dela, bere lurralde-espazioan. Lurralde-espazioa ez da komunitatea bizi den lurralde-espazio soilik, baizik hizkuntzaren erabateko garapena ahalbideratzeko espàzio sozial zein funtzional ezinbestekoak. 

◦Hizkuntza komunitate orok du eskubidea bere lurraldean hizkuntza modu ofizialean erabiltzeko.

◦Hizkuntza komunitate orok du eskubidea bere lurraldean bere hizkuntzaren erabilera ezartzeko jarduera sozioekonomiko orotan.

◦Pertsona orok du eskubidea lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko. 

•Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta hizkuntza komunitate bat osatzen dugu. Zentzu horretan, euskal herritarrok hizkuntza eskubideen jabe garen neurrian, gure eskubideak hizkuntza komunitatearen lurralde-espazioan bere osotasunean garatu beharko lukete. 

Langileok herritarrak gara eta lan mundura sartzen garenean (lau pareta artean egon gabe ere), ez ditugu dagozkigun eskubideak galtzen. Izan ere, langile izaerari lotuta, jarraian agertzen diren hizkuntza eskubideen jabe gara.

•Langileok eskubidea dugu euskara ezagutzeko. Euskararen ezagutza bermatzeko irakaskuntza oinarrizko eskubidea da (edozein delarik pertsonaren adina). Pertsona batek, langile batek, euskara ez jakiteak ez du euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duen eskubidea ezabatzen. Beraz, eta bestelako formazioen kasuan bezala (eta hau lehentasunezko eta ezinbesteko formazioa da), langileok euskara ikasteko eskubidea dugu gure lanaldiaren barnean eta doan.

•Langileok eskubidea dugu gure lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko. Horretarako, baliabide guztiak eskura eduki behar ditugu: kontsultarako dokumentuak eta liburuak, formularioak, baliabide informatikoak, tresnak eta produktuak. 

•Langileok eskubidea dugu gure lan harremanak euskaraz burutzeko. Harreman sozioekonomikoak diren neurrian, langile-enpresa, langileon arteko edota bestelako subjektuekiko lan harremana (kontratuak, nominak, oharrak, barne-komunikazioak, negoziaketak, hitzarmenak, bilkurak…) euskaraz burutzeko eskubidea dugu langileok. 

Langileok honetaz guztiaz jabetzeko eta honen alde aktibatu-borrokatzeko martxan jarriko dugu kanpaina, Behatokia eta LAB sindikatuaren lankidetzaren emaitza. 
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.