2025-12-22
Blog Page 1146

Lanbideko langileak bere osasunean larri eragin dezaketen arrisku psikosozialen menpe daude

LABek Lanbideko langileek bere osasunean larri eragin dezaketen arrisku psikosozialen menpe daudela jakitera emateko eta horren gainean hartu beharreko neurriak aurkezteko prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilbon. Honekin batera Jaurlaritzak Arrisku Psikosozialen Prebentziorako Legea ez duela betetzen salatu du.

Arrisku psikosozialen egoera 
Laneko arrisku psikosozial bezala definitu dira lanaren diseinu, antolaketa eta zuzendaritza, eta bere ingurune sozialarekin lotutako hainbat alderdi, langileen osasunean kalte psikiko, sozial edo fisikoak eragin ditzaketenak, besteen artean, depresioa, estresa, antsietatea, lotarako arazoak, arazo kadiobascularrak bezalakoak. Laneko faktore psikosozialak/antolakuntzakoak dira osasunean edota lanaren garapenean eragina izan dezaketen lanaren baldintzak. Langileen osasunean duten eragina arrisku faktoreen intentsitatearen eta esposizio denboraren araberakoa izango da. Lanbideko langileak euren osasuna arriskuan jartzen duten izaera psikosozialeko lan eskaera handien menpe daude.

Lanbideko Segurtasun eta Osasun Batzordearen eskaerei men eginez, arrisku psikosozialen egoeraren ebaluazioak egin ziren 2013an tokiko 3 bulegotan eta zerbitzu zentraletako atal batean, Plan Pilotoaren barnean (42 tokiko bulego badaudela kontuan hartu behar dugu). 2014an beste 6 bulegoetako ebaluazioak martxan izan dira. Arrisku psikosozialen ebaluazioaren helburua da lan egoera batean dauden arriskuak identifikatu, ebaluatu eta baloratzea, arrisku horiek ekidin edo gutxitzeko xedez eta horretarako egokiak irizten diren prebentzio neurriak ezartzea. Lanbiden egin diren ebaluazioek oso argi azaldu dute langileen osasunarengan ondorio garrantzitsuak dituzten arrisku psikosozialen faktoreak daudela, honela:

– Lan zamak: daukaten lan eskaerari erantzuteko nahikoa langile ez duten bulegoak daude. Gainera, lan atal, langile eta talde jakinak badira beste batzuekin konparatuta lan-zama neurrigabea dutenak.
– Laneko autonomia: puntu hau lotua dago lanaldiaren antolamenduarekin, erabakiak hartzerakoan autonomia izatearekin, norbanakoek erabakiak kudeatu eta hartzeko duten gaitasun eta aukerarekin; alderdi horiek guztiak egoera okerra dute.
– Eskaera psikologikoak: batetik, emozio eta sentimenduak erreprimitzea dakarten exijentzia emozionalak (arazo handiak eta trauma pertsonalak dituzten kolektibo eta pertsonekin lan egiten dugu) eta, bestetik, ahalegin intelektual handia eskatzen duten exijentzia kognitiboak ditugu.
– Parte-hartzea–Ikuskatzea: erabakiak hartzerakoan parte-hartzerik ez dago, lan-zamaren gaineko kontrola falta da; arduradunekin eta zuzendaritzarekin komunikazioa oso eskasa da. Aldaketak ez dira beharrezko aurrerapenarekin ezartzen baizik eta modu traumatikoan; zenbaitetan hedabideen bitartez jarduera berriaren berri izatera iritsi gara.
– Lanarekiko interesa-ordaina: erakundea lanpostu-zerrendarik gabe izatearen ondorioz promozioa, formazioa eta karreraren garapena oso mugaturik daude eta kasu askotan lanpostua bera ere arriskuan daukagu. Langileon artean %50tik gorako behin-behinekotasuna dago; kontratuan segurtasunik ez izatea arrisku psikosozialen artean faktore garrantzitsua da.
– Rola betetzea: ez daude argi ardurak, funtzio eta atazak, aginte lerroak, lanerako metodo eta prozedurak. 
– Enplegu politiketan zerbitzu zentraletan erabakitzen diren aldaketak jakinarazteko bideak ez daude edo ez dute funtzionatzen.
– Kanpoko indarkeria: egunero kanpoko indarkeriaren eraginpean gaude, batez ere liskarrak, oihuak, irainak, mehatxuak, isekak, modu txarrak…, indarkeria fisiko kasuak ere izan dira. Erabiltzaileak, jasaten ari diren egoerarekin etsita, erantzun azkarra eta kalitatezkoa behar dute baina ez dute erantzun hori topatzen, besteren artean, ez dagoelako arreta emateko nahikoa langile. Indarkeria hori langileengan antsietatea sortzen duten faktoreetako bat da.

Faktore psikosozial batzuk eta besteak ez dira bata bestearengandik independenteak, baizik eta elkarri eragiten diote. Kaltearen izaera eta larritasuna arrisku faktore motaren, intentsitatearen, iraupenaren, maiztasunaren edo kontrolatzeko aukeraren araberakoa da, baita pertsonarentzat duen esanahiaren eta egoerari aurre egiteko dituen baliabideen araberakoa ere.

LABek proposatzen dituen neurri zuzentzaileak
Jarduera zuzentzaileak bi zentzutan joan behar dute: a) arriskuen intentsitatea gutxitzeko neurri zuzentzaileak ezartzera eta b) langileen erantzuteko gaitasuna hobetzeko neurriak jartzera.

Honako neurri zuzentzaileak modu urgentean hartu behar dira:

– Aldi baterako ezintasunagatiko bajak berehala ordezkatzea eta lanaldi murrizketagatik eta baimenengatik sortzen diren orduak ere ordezkatzea.
– Lan-zamen banaketa zuzena: horretarako lan atal bakoitzean egiten diren jarduerek benetan zenbat denbora eramaten duten zehaztu behar da, aurrera eramateko behar den pertsona kopurua ezarri eta eguneko lanaldian zehar atazei aurre egiteko denbora egoki banatu.
– Lanbideren lanpostu-zerrenda (LPZ) proposamena atzera bota eta berria osatu: tokiko bulegoetan zerbitzua emateko behar beste langile kopururekin eta bulegoen diseinu arrazional eta koherentearekin. Onartu nahi duten LPZren diseinua Europako batez besteko langabezia tasan (%6-8 artean) eta 2012ko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta espedienteen kopuruan (45.000) oinarritzen da. Aldiz, EAEn langabezia bikoitza eta DBEren 65.000tik gora espediente ditugu gaur egun. Zuzendaritzaren LPZ proposamena onartzearen ondorioz enplegu zerbitzuaren arazoak gehitu eta kalitatea are gehiago kaltetuko da.
– Azkartasunez ezarri behar dira arrisku psikosozialen ebaluazioetan tokian toki aurreikusitako neurri zuzentzaileak.
– Lanpostu guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egin behar dira berehala, Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak agindutakoa betez.
– Lanbideko antolakuntza zentraletik langileei emango zaien babes “sozialerako” neurriak jarri, laguntasun hori faktore garrantzitsua izaten baita laneko estresa gutxitzeko.
– Zuzendaritza organoen komunikazioa hobetzea langileekiko harreman maila guztietan. Enplegu politiketan erabakitzen diren aldaketak jakinarazteko komunikazio mekanismoak ezarri, bulegoetan horiek martxan jarri ahal izateko beharrezko ekintzak bideratu daitezen. 
– Eguneroko funtzionamenduan autonomia eta benetako parte-hartzea erraztu. Aldizkako bileren bitartez lanaren planifikazioa bultzatu bulegoetan eta lan ataletan.
– Rolen argitzea gatazka eta rol anbiguetatea ekiditeko.
– Zuzendaritza eta aginte ardurak zehaztu.
– Langileen formazio/informazioa eurengan eragina izan dezaketen arrisku psikosozialei buruz, egoera estresagarriei aurre egiteko instrumentu eta gaitasunak ematea ahalbidetuko duena.

Jaurlaritzak ez du betetzen Arrisku Psikosozialen Prebentziorako Legea 
Arrisku Psikosozialen Prebentziorako31/1995 Legeak ezartzen du enpresariak lanarekin lotutako alderdi guztietan nola bermatu behar duen bere zerbitzupean ari diren langileen segurtasuna eta osasuna, baita alderdi psikosozialekin edo lanaren antolaketarekin lotutako alderdiekin ere (14.2.art). Hortaz, administrazioaren ardura da arriskuak aldizka ebaluatzea, horiek gutxitu edo ekiditeko neurriekin ekintza plana prestatu eta aurrera eraman daitezela kontrolatzea.

Lanbiden ez dira aurrera eraman 2013tik honantz egin diren ebaluazioetan proposatutako neurri zuzentzaileak. Honek erakusten du arriskuak bere jatorrian borrokatzeko zuzendaritza organoen borondate errealik eza, lanaren antolakuntzaren eta atazen izaeraren gain ez da eragiten. Gobernuko Prebentzio Zerbitzuak jasotzen dituen arriskuen komunikazioei ere Lanbideko zuzendaritzatik ez zaie erantzunik eskaintzen. Langileen osasuna bermatuko duten neurririk ezartzen ez denez, Lan Ikuskaritzan salaketak jarri beharrean aurkitzen gara. Izan ere, egindako arriskuen ebaluazioak ez dira ari neurri prebentibo moduan baliorik izaten, langileen artean itxaropena sortzen da baina neurri zuzentzaileak hartzen ez direla ikusten dutenean, frustrazioa eragiten da eta langileek bizi dituzten egoera estresagarrien larriagotzea gertatzen ari da. Estresak langile batzuen osasunean izan duen eragina hain larria izan da, aldi baterako langileak lana uzteraino iritsi dela egoera.

Lanbideko zuzendaritza organoei eta bere orain arteko arduradun gorenari, Juan Mari Aburto Sailburuari, erakundeko langileen egoerari buruzko interesa erakutsi dezaten eta langileak gaixo arazten dituzten arrisku faktoreen intentsitatea jaisteko beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatzen diegu. Zuzendaritzak arlo honetan duen jarrera erabat axolagabea da.

Halaber, gobernuari exijitzen diogu arrisku psikosozialen ebaluazioa egitea administrazio orokorreko gainerako sail eta erakunde autonomoetako lanpostuetan ere, Legeak ezartzen dion agindua betez. Horretarako Jaurlaritzako Prebentzio Zerbitzuak lan arriskuen prebentziorako duen teknikari kopurua handitu behar da, arrisku psikosozialen espezialitatea dutenak barne, gaur egun ez baitu nahikoa langile. Gobernuaren ardura da langileen osasunaren prebentzioa bermatzeko beharrezko neurriak guztiak martxan jartzea.
  

 

 

Hezkuntza Departamenduak ikastetxetako zuzendaritzei ilegalak diren jarraibideak luzatu dizkie

0

LAB sindikatuak, Hezkuntza Departamenduak egindako dokumentu baten berri izan du. Herrialdetako hezkuntza delegazioetan dagoen dokumentu honen bitartez, ikastetxetako zuzendaritzei jarraibide batzuk ematen zaizkie, gastu publikoa berriro ere murrizteko helburuarekin.

Zuzendaritzei, irakasleen gaixotasun bajak kontrolatzeko eman behar diren urratsen inguruko informazioa ematen diete.

Jarraibide hauen arabera Ikastetxe batean sortzen diren ordezkapenak eskatu baino lehenago, Zuzendariak ordezkapen hau beharrezkoa den ala ez baloratu beharko du, halaber, bajan dagoen irakaslearen egoeraren jarraipena egin dezala eskatzen diote zuzendariari.

Dokumentuak horrela dio:”… bereziki, lanera joan ez den irakasleak medikuarekin izango duen hurrengo hitzordua eta alta jasotzeko balizko aukera.” Horrelako agindua 5 eguneko baino gutxiagoko bajekin gomendatzen da.

Gaixotasun bajak kontrolatzeko emango diren aldaketen inguruan publikatu den azkeneko dekretuak, 624/2014, gaixotasun bakoitzak izan behar duen iraupena baloratzeko taula jasotzen du, kasualitatez, 5 egun baino gutxiagoko bajen inguruko informazioa eskaintzen da. Honen aurrean LAB sindikatuak zera salatu nahi du:

– Irakasleen bajak lehenengo egunetik ordezkatu behar dira. Ikasleei eskaini behar zaien arreta premiazkotzat jotzen du LABek.
– Gaixotasun baja baten jarraipena egiteko ahalmena, soilik, zerbitzu publiko edo mutuaren esku dago.
– Hezkuntza Departamenduak proposatzen dituen jarraibideak guztiz ilegalak dira, lankide batek horrelako jarraipenik egiteko ahalmenik ez baitu.
– Praktika honen ondorioz, gaixorik dagoen irakasleak bere egoeraz informazioa ematera baldintzatu edo behartuta senti daiteke.
– Horrelako praktikak aurrera eramateko Ikastetxetako zuzendaritzetan osasungintzako profesionalak kontratatuko dira?

Hezkuntza Departamentua eta bere bazkidea den Mutualia, langileon osasunarekin zerikusirik dauzkan hainbat egoeratan murrizketak aplikatzen ari direla gogoratu behar dugu, besteak beste, aldi baterako ezgaitasunetarako osagarrietan eta haurdunaldi arrisku egoeretan. Murrizketen politika honekin lotzen dugu orain aplikatu nahi dituzten neurri berri hauek. Beraz, LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuari dokumentu hau bertan behera uzteko eskatzen dio.
 

 

 

Eskubide Sozialen aldeko jardunaldiak Oarso-Bidasoan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak datorren otsailaren 10an eskubide sozialen aldeko jardunaldiak burutuko ditu Oarso Bidasoan. Jardunaldietan, Eskubide Sozialen Kartaren informazioa jasotzeaz gain, eskubide sozialen inguruko gai ezberdinak ezagutzeko ekimen ezberdinak izango dira: hitzaldiak, bideo emanaldiak…

JARDUNALDIEN EGITARAUA

Otsailaren 10ean AURKEZPENA Orereta. 18:30-20:30 Xenpelar Etxea

– Eskubide Sozialen kartaren aurkezpena
– “In Transition” dokumentala. Eskubideak aldarrikatzearekin batera aurrera eraman ditzakegun zenbait egitasmo ikus ditzakegu, eskubideak gauzatzeko bideak, alegia.

Otsailaren 17an ESKUBIDE EKONOMIKOAK. Orereta. 18:30-20:30 Xenpelar Etxea

Atal honi dagokion aurkezpena
Banka etikoa, tokian tokiko moneta eta antzeko aukeren inguruko solasaldia Beñat Irasuegiren laguntzaz.

Otsailaren 19an ELIKADURA BURUJABETZA ETA EREDU SOZIALA. Oiartzun. 18:30-20:30 Udaleko pleno aretoa

Ingurumen eskubideei buruzko aurkezpena.
Esperientzi ezberdinetan ari diren lagunekin mahai ingurua: Errigora (EH), Ekolapiko (Oiartzungo haur eskola), Basherri (Gipuzkoa), Arraztalo kontsumo elkartea (Oiartzun).

Otsailaren 24an HEZKUNTZA ESKUBIDEAK. Orereta. 18:30-20:30 Xenpelar Etxea

Atal honi dagokion aurkezpena.
Egungo egoerari buruzko mahai ingurua: LOMCEren ezarpena, Heziberri, Gure Hezkuntza Sistema eraiki… ELA, LAB, STEILAS sindikatuak eta Hezkuntza Plataformen Topagunea.

Otsailaren 26an ETXEBIZITZA ESKUBIDEAK. Irun. 18:30-20:30 hospital zaharra

Atal honi dagokion aurkezpena.
Esperientzi ezberdinei buruzko azalpenak eta iritzi trukaketa.

Beraz, egitarau zabal hau jarri nahi dugu zuen eskura eta bertaratu zaitezten gonbitea luzatzen dizuegu, eskubide sozialak lortzeko bidean guztion parte hartzea ezinbestekoa baita.

Egungo eredu sozialak balio ez digulako, izan zaitez aldaketaren parte aktibo!
 

 

 

Azpikontratazioetan benetako klausula sozialak bete daitezela bermatu behar du Bilboko Udalak

Sindikatuetako eragileok eta Bilboko langabetuen Batzarkideok Bilboko udaleko Gobernu Batzordeari LAB sindikatuak aurkeztu mozioan agertzen diren neurriak aintzat har ditzala eskatzeko elkartu gara gaur Udaletxearen aurrean. Enplegu eta lan baldintza duinen alde udal honek kontratatutako obretan eta zerbitzu publikoetan diharduten langileen aldeko klausula sozialak bete ditzala eskatzen dugu.

Bilboko udalak, erakunde publikoa eta diru publikoaren kudeatzailea izanik, erantzukizun handia du hiritarrekin.

Bilbo etengabe berritzen ari da hirigintza arloan. Horren adierazgarri egiten ari diren edota esleitzeke dauden herri-lanak ditugu. Horien adibide ditugu: Zorrotzaurren, Deustuko kanaleko herri-lanak, Termibuseko lanak, Prim parkekoak, Garellanokoak, Sabino Arana berreskuratzeko lanak,… Horiek guztiak diru-publikoaz egiten ari dira eta Bilboko udala kudeatzen ari da.

Horrez gain, gure udalak hainbat zerbitzu azpikontratatu ditu, hala nola, polikiroldegien kudeaketa, lorezaintza, bide garbiketa, eraikuntzen garbiketa, putzu septikoen garbiketa,… Zeregin hauek guztiak diru publikoaz kudeatzen dira.

Eraikuntza sektorean nahiz azpikontratazioan lanari lotutako problematika handia dago. LAB sindikatua aurre egiten ari zaio, hainbat proposamen eginez erakunde publikoetan.

Urrian, duela 4 hilabete, LABek mozio bat aurkeztu zuen klausula sozialak sustatu nahian. Horren harira, 11 neurri zehatz aurkeztu zituen Bilboko udalean. Neurriok, gure ustez, laneko problematikari aurre egiteko balio dute, lanetan zein azpikontratatutako zerbitzuetan. Hala ere, EAJk uko egin zion urriko udalbatzan eztabaidatzeari. Duela gutxi, Bilboko udalak jakinarazi du ez zituela eztabaidatuko urtarrileko udalbatzan ere eta klausula sozial batzuk onartu dituztela.

Aztertu ditugu udalaren gobernu-batzarrak onartu dituen klausulak eta etsipen handia eragin digute. Klausula sozial horiek boluntaristak dira, ez da jasotzen nahitaez bete behar direla. Haietan esaten denez, beharginen kontratazio berriak egin behar izango balira langabetuei emango zaie lehentasuna; esaten denez, ezarri behar izango diren lan baldintzak bete behar izango dira, bestelako zehaztasunik adierazi gabe; esaten denez, azpikontratatu behar izango balitz, batik bat, halakoak kontratatzeko….

Enpresak ez dituzte behartzen probintzia hitzarmena betetzera; aukera ematen dute beste probintzia hitzarmenak, estatuko hitzarmena edota behe-mailako enpresetako hitzarmenak erabiltzeko.

Ez dute eragozten estatu mailako enpresen hitzarmena ezartzea (normalki, probintziakoaren azpitik daudenak).

Ez dute eragozten, enpresak erabaki badu hitzarmena ez aplikatzea.

Ez dute ziurtatzen beharginen subrogazioa, kasu guztietan; hori eginez prekarietatea sustatzen da.

Ez dute ziurtatzen, une oro, behar beste beharginei eutsiko zaiela, zerbitzua edo obra betetzeko.

Ez dute hizkuntza eskubideen aipamenik egiten, zerbitzua eta lanpostuak euskalduntzeko.

Ez dute ziurtatzen probintzia hitzarmena azpikontratetan ezarriko denik.

Ez dute ziurtatzen, udalak kontratatuko dituen obretan edota zerbitzuetan, langabetuak kontratatuko dituztela, ez dutelako egoera horretan daudenentzat kontratatze-portzentajerik jasotzen obra edota zerbitzu guztietan eta bakoitzean; langileen kontratazio berriak beharrezkoak gertatuko balira, kontrata daitekeela bakarrik proposatzen dute.

Bilboko langabezia-tasa %20koa izanik, 31.042 langabetu ditugu, ARBUIATZEN DUGU herri-lanak edo zerbitzuak egiteko kontratatzen diren langileak probintzia-hitzarmenean ezartzen diren lanordutan baino gehiagotan lan egitea, hitzarmenaren azpitik kobra dezatela, lanetik egoztea beste enpresa batek esleituko duelako zerbitzua eta haren langileak dakartzalako, ez dadila langabeturik kontratatu enpresek langile guztiak dakartzatelako,…

Ez da erraz ulertzen Udalak bere burua zuritu nahian Lan Erreformak eragozten duela esan izanak, duela egun batzuk, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epairen berri izan dugunean. Haietan onartzen da Gipuzkoako Aldundiak sustatzen dituen obra publikoetan probintzia hitzarmena bete behar dela agintzen duen Foru Arauaren klausula sozialen legaltasuna.

Berriro ere jazoerek frogatzen dute borondate politikorik eta konpromisorik badago hiritarrekin, langileriari dagozkion eskubideen alde aurrera egin daitekeela.
Udal ekintza edota geldotasuna ez daiteke lan baldintzekin, langileen bizitzarekin, lana bilatzeko itxaropenarekin,… jolastu.

Horrengatik, hemen elkartu garenok, sindikatuetako eragileok eta Bilboko langabetuen Batzarkideok Bilboko udaleko Gobernu Batzordeari eskatzen diogu aintzakotzat har ditzala LAB sindikatuak aurkeztu mozioan agertzen diren neurriak eta onartu ditzala Udal honek kontratatutako obretan eta zerbitzu publikoetan diharduten langileen aldeko klausula sozialak, benetan betez.
 

 

 

«Emakume, gazte eta langabetuok lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna soberan dugu, enplegu duina da falta dena»

0

Gezurra da langile kualifikatuen faltan gaudenik Euskal Herrian. Baina hori esateko ausardia izan du FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak. Emakumeak ez gaudela prest industrial aritzeko, gazteek tailerra baino moketa nahiago dugula… Jose Luis Lopez Gil FVEMeko buruak esandako gezurrek ezinegona eta amorrua eragin dute. Euskal langileon kontrako irainak dira hark egindakoak, eta bereziki, gazteak, emakumeak eta langabetuak iraindu ditu. Industrian lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna duten herritarrak soberan daudela erakutsi eta benetan falta dena kalitatezko enplegu duina dela ikus dadin, Lan Delegaritzari zuzenduriko lan eskaerak bidaltzeko ekimena jarri da martxan.

Sortutako egoeraren aurrean, emakume arlotik, langabetuek arlotik eta ERNAI gazte antolakundearen arlotik, LABekin lankidetzan, ekimen bat iragarri da gaur: Euskal Herrian lan egiteko gaitasuna eta prestutasuna duten herritarrak soberan daudela erakutsiko dugu, eremu ezberdinetako langile kualifikatuen lan eskariak batu eta aurkeztuz Lan Delegaritzan (LABeko egoitzetara edota www.lab.eus helbidera bideratu daitezke lan eskaerak).

“Bizi dugun egoera larriaren erantzule egiten gaitu patronalak” salatu dute ekimenaren sustatzaileek. “Belaunaldirik prestatuena gara, soberak prestatuak gaude”, azpimarratu dute. Prestaketa akademikoaz haratago lan egiteko prestutasuna ere badutela adierazi dute, baina ez daudela prest prekarietatera kondenatuak bizitzek.

Ozen salatu dituzte patronalaren adierazpen “lotsagarriak” . Eta mozorroa kendu diote: Emakumeak industria eremuko lantokietan ez egotea ez da emakumeen erabakia, patronalarena baizik, emakumeak zokoratu izan dituelako historikoki. “Zaintza arloko lanak besterik ez dizkigute utzi edo hirugarren sektorekoak, beti ere baldintza prekarioetan”, baieztatu dute.

Gazteek lan munduan “iraunkorki” pairatzen duten egoera salatu dute. Gordina da errealitatea, gazteen %50 langabezian dagoelako. Eta lan munduan, aldi baterako kontratuak, kontraturik gabeko lanpostuak eta enpresetako praktikaldi esplotatzaileak dira patronalak eskaintzen dizkienak.

Bestalde, langabezia tasak hizpide izan dituzte langabetuek. Urteetan industrian aritutakoak dira, urteetan aberastasuna sortu dute, eta urteetan esperientzia pilatu. Haiek ere, beraz, kualifikazioa soberan, baina emakumeak eta gazteak bezala, kalitatezko enplegua falta. “Patronalak ahalik eta gehien irabazi nahi du ahalik eta denbora gutxienean, eta eredu honetan langileontzako pobrezia besterik ez dago”, salatu dute.

Gazteak, emakumeak eta langabetuak, guztiak gogor jo ditu egungo egoera sozioekonomikoak eragindako prekarietateak. Eta ez daude prest, ez gaude prest, patronalaren irainen aurrean isilik geratzeko. Gaurdanik ekimena martxan da: herri honetan langile aski kualifikatuak daudela adierazi eta haien neurriko lanpostu duinak falta direla erakusteko kanpaina abiatuko dute, LABekin elkarlanean.

 

 

Iosu: “LABek nigandik proiektu baten parte aktiboa izatea bilatzen du”

Iosu Nafarroako Gobernuko langilea da. Langile publikoen izaera pasiboa irudikatzen dutenen aurrean, zerbitzu publikoen defentsan langileek jokatu beharreko papera aldarrikatzen du. Zerbitzu publikoak guztionak diren heinean, guztion parte hartzea eskatzen dutelarik.
 

 

 

Prekarietateak eta enpleguaren ezegonkortasun handiak langabeziaren gorakada eragin dute

Eguberrietako kanpainaren amaierak urtaroko enplegu prekario askoren suntsipena ekarri du berekin Hego Euskal Herrian; halaxe adierazten du Gizarte Segurantzaren afiliazioa 12.709 pertsonetan urritu izanak.

Hortaz, horren ondorioz, enplegu-zerbitzu publikoek langabeziaren gorakada handia erregistratu dute urtarrilean. Zehaztearren, 8.036 pertsona gehitu zaizkio langabeziari; hauetako gehienak, zerbitzu sektoretik datozen emakumeak dira. Izatez, emakumeak eta gazteak dira langabeziaren handitzeak gehien zigortu dituen gizarte-taldeak. Bi talde hauetan, %5,6an areagotu da langabezia-tasa.

Bestalde, ekonomia hazkundea sendotzen ari dela esaten ari den honetan, egokia deritzogu gure kezka nagusienetako bat azpimarratzea, ekonomia suspertzen ari den egungo egoeran, enplegua sortzen ari den erritmo eskasa eta motela dela.

Baina enplegua, kuantitatiboki, gutxi hobetzeaz gain, salatu behar dugu ere enpleguaren kalitatean jasan dugun atzeratze gogorra, lan baldintzei nahiz soldatari dagokienez. Horrela, lanaldi partzialeko enplegua gero eta gehiago hedatu izanak eta sinatu diren kontratuen %92,5a behin-behinekoak izateak laneko prekarietatea orokortzeko eta langileriaren maila zabaletara pitinka hedatzeko arriskua dakarte.

Ezin dugu ahaztu ere, langabeziaren babesa gero eta hondatuagoa dagoela. Egun, estaldura tasa %44,7ra erori da (krisialdia hasi zenean %67a gainditzen zuen); horrek esan nahi du 126.000 langabetu baino gehiagok ez duela inolako langabezia-saririk jasotzen.

Horrengatik, beharrezkoa deritzagu lan eskubideen eta eskubide sozialen usurpazioa amaitutzat emateari, PSOEren eta PPren gobernuek onartu dituzten erreformen bidez gauzatu duten erasoak eragin dituen ondorio kaltegarriak zuzentzeari eta langabetu guztiei eta diru-sarrerarik ez dutenei babes duina bermatzeari.

 

 

 

Lasarteko Michelineko plantilak zentroetako komitetik irtetea erabaki du

Enpresa Komiteak deitutako erreferendumean, hilaren 2an, plantillaren gehiengoak estatuko zentroarteko komitea uztea erabaki zuen. Platillaren %90 hartu zuen parte eta “Lasarteko fabrika Zentroarteko komitean egotea nahi duzu?” galderari 322 pertsonek baiezkoarekin erantzun zioten, hau da bozken %64a, 170 pertsonek kontra bozkatu zuten (%34). 554 pertsonek osatzen duten plantillatik, 501ek hartu zuten parte.

Esan beharra dago Komitea osatzen duten talde sindikal guztiek erreferendumaren emaitza bere gain hartzeko konpromisoa hartu zutela.

Michelineko LABeko sail sindikalak emaitza hau oso positiboki baloratzen du, plantillaren gehiengoak gure sail sindikalak aspalditik egiten duen eskaria babestu baitu Lasarteko komitearen soberania babestuz.

Datozen egunetan gai hau landuko da Enpresa komitean, eta espero dugu gainontzeko taldeak eta enpresak berak Lasarteko plantillaren gehiengoak erabakitako errespetatzea.
 

 

 

Bizkaiko ordezkaritza sindikal osoak Correosen ematen ari den lanpostu suntsiketa salatu dute

0

Bizkaiko Correoseko ordezkaritza sindikal osoak (CCOO, Esk, UGT, LAB, ELA y CSI-F) bere kezka azaldu du Estatu Elkarteak Bizkaian burutzen ari den enplegu suntsiketaren aurrean. Atzo Gernikako Banaketa Unitatearen eta Bilboko 6 Banaketa Unitateko (3, 5, 7, 8 eta 10 barrutiek osatua) lanpostuen berrikusketa txostena helarazi zieten. Txosten hauen atzean, 2014an ikusi bezala, lanpostu suntsiketa dakar eta ondorioz ordekaritza sindikalek ez dute bere hain hartzen eta mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute.

Correoseko ordezkaritza sindikal osoaren (CCOO, Esk, UGT, LAB, ELA y CSI-F) irakurketa

CORREOS-en LAN SUNTSIKETARI EZ

 «Beste behin Bizkaiko Correoseko ordezkaritza sindikal osoak (CCOO, Esk, UGT, LAB, ELA y CSI-F) bere kezka azaldu nahi du, herrialde honetan, Estatu Elkartea burutzen ari den enplegu suntsiketaren aurrean.

Gaur, otsailak 3, Correos-ek sindikatuoi Gernikako Banaketa Unitatearen eta Bilboko 6 Banaketa Unitateko (3, 5, 7, 8 eta 10 barrutiek osatua) lanpostuen berrikusketa txostena helarazi digu. Gernikako kasuan banaketa sekzio bat galtzen da eta Bilbokoan 15 dira galtzen diren sekzioak. Ikerketa hauen inplantazioa otsailan zehar jarriko da matxan, ongi ezagutzen ditugun ondorioekin: lanpostuen murrizketa gogorraren ondorioak agerian geratzen dira lan zentrora iristen den ohiko eta zertifikatutako korrespondentzia egunero banatzeko ezintasunean. Kalitatezko Zerbitzu Publiko bat eskeintzeko plantilla faltagatik atzerapenak eta pilaketak sortzen dira.

Agerian utzi nahi dugu, Correosek murrizketa politikak aurrera eramateko oinarri hartzen dituen txosten hauek, sindikatuoi beti eztabaidaezin bezala aurkezten zaizkigula nahiz eta hutsune eta omisio tekniko ugari izan. Ondorioz ordezkaritza sindikalak ezin ditu bere gain hartu

Txosten hauekin, Correosek, 2014ean zear eta 2015eko lehen hilabetean 64 lanpostu suntsitu ditu Bizkaiako postetxeetan. Suntsiketa hau era honetara banatu da:

• Bilboko postetxean, 52 banaketa sekzio gutxiago.
• Barakaldoko postexean 5 sekzio gutxiago.
• Portugaletekoan 3 sekzio galdu dira.
• Basaurikoan 3 sekzio gutxiago.
• Gernikan sekzio bat gutxiago.

Sindikatuen iritziz, enpresa burutzen ari den pertsonalean aurrezteko politika honek, Correosek dituen obligazioak —operadore publiko den heinean, herritarrei posta zerbitzua unibertsala eskeintzekoa— ez betetzea dakar, eta honek eskeintzen duen zerbitzuen kalitatearen txartzea ekarri du, honen azken adibidea eguberritako kanpainan ikusi dugu.

Esan dugun guztiaren aurrean, Bizkaiako Correoseko sindikatuok, otsailan, asteazkenero elkarretaratzea egiten jarraituko dugu 11etatik 11.30arte, Bilboko Correoseko Bulego Nagusiaren aurrean (Alameda. Urquijo-19) Correoseko enplegu suntsiketa salatzeko.

CCOO Esk UGT LAB ELA CSI-F »