2025-12-21
Blog Page 114

Cementos Rezolako langileen borroka aurrera doa, enpleguaren defentsan

Manifestazioa egin dugu gaur Donostian, enpresak ezarritako Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta fasea bukatzear den honetan.

Bihar izango da azken bilera enpresarekin, eta ekainaren 28az geroztik greba mugagabean jarraitzen duten langileek argi dute beren helburua: deskarbonizazioa ahalbidetzea, baina inolaz ere lanpostuak suntsitzeko aitzakia gisa.

EEE hau martxan jartzeko enpresak argudiatutako arrazoia izan da Clinker ekoizpena Añorgatik kentzea eta jarduera hori Heidelberg Materials enpresak Arrigorriagan duen plantara mugatzea. LABen trantsizio ekosozialaren aldeko apustua egiten dugu, noski, baina berriro diogu halako prozesuek langileen parte-hartzea izan behar dutela oinarri eta kaleratzerik gabe gauzatu behar direla.

Nafarroako Erriberako Schindler igogailuen laguntza zerbitzuan greba mugagabea abiatu dugu

Laguntza iraunkorreko zerbitzuko (guardiako zerbitzuko) langileek greba mugagabea abiatu dute aste honetan, beren lankideek baino baldintza okerragoak dituztelako eta berdintasuna exijitzen dutelako.

Lanaldi arruntak ohiko funtzionamendua izango du, astelehenetik ostegunera 8:30etik 18:30era eta ostiraletan 8:30etik 15:15era. Ordutegi horretatik kanpo sartzen da etengabeko laguntza-zerbitzua, grebak zerbitzu horri eragingo dio eta agintari eskudunak
ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak egingo dira.

Nafarroako Erriberako langileek Nafarroako gainerako langileentzat itundutakoa baino ordainsari txikiagoa jasotzen dute zerbitzu horrengatik, eta berdintasuna eskatzen dute: lan bera, konpentsazio bera. Langileek proposamenak aurkeztu dituzte, malguak izan dira, baina orain arte ez da akordiorik lortu enpresarekin.

Enpresarekin elkarrizketa izateko bide guztiak agortu ondoren, langileek greba-eskubideari heltzea erabaki dute.

[IRITZIA]: Osakidetzako Emergentzietako ESIaren salbuespena

Gotzone Amuriza, Jose Bragado eta Jesus Oñate LABeko ordezkariak dira Osakidetzan. Jarraian irakur dezakezuen iritzi-artikulu honetan, larrialdietako ESIan bizi den egoeraz ohartarazten dute.

Emergentziak zerbitzuaren egoera, larrialdiak koordinatu eta Osakidetzako ZIU mugikorrak kudeatzen dituen zerbitzuarena, oso larria da. Kudeatzaileek egoera horretara eraman dute herritarren osasuna babesteko oinarrizko zerbitzua.

Eguneroko arretan sortzen ari diren hutsuneak gero eta ohikoagoak diren arrisku-puntu beltzak dira, eta ez dago egoera aldatzeko planik. Baieztapen horrekin egoera dramatizatu bat marraztu nahi dugula dirudi, baina lerro hauek idazten ari garenok uste dugu oso larriak diren egoerak ezin direla modu atseginean azaldu.

Emergentziak zerbitzuak ematen duen arretan dauden hutsune horiei aurre egiteko, ez dago planik, eta neurri falta nabarmena da. Gerentziak eta giza baliabideen zuzendaritzak denbora gehiegi daramate bateragarritasunen legea hausten. Profesionalik ez dagoenez eta neurririk ere ez dagoenez, Osakidetzak bi bide erabiltzen ditu: bata, legezkoa eta sindikalismo korporatiboaren bermea duena; eta bestea, legez kanpokoa. Azken horren alde egitea larria da. Izan ere, gerentziak ezagutzen badu ere, bide horretatik jarraitzen du.

Legezko bidea, sindikalismo korporatiboarekin, azkenaldian SATSErekin eta beste batzuetan SMErekin hitzartutakoa, aparteko orduen bidea da, Osakidetzan, erakunde gezurti on gisa, beste termino batekin definitzen dena: autokontzertazioa. Osakidetzan zerbitzuak ematen ditugun 70 kategoria profesional baino gehiagoren artean bi, hiru edo lau kategoriaren interesak soilik ordezkatzen dituzten sindikatuen laguntzarekin legitimatutako jarraibideen bidez, funtsezko arazoa betikotzen ari da. Duela 30 urte onartzen hasi zirenetik orain arte, egitura falta ezkutatzeko eta neurri desegokiak hartzeko balio izan du autokontzertazioak. Ordutik, aparteko orduetan oinarritzen den eta funtzionatzen ez duen sistema bat dugu. Hori da Emergentziak zerbitzuan gertatzen ari dena.

Bestalde, bateragarritasunen legeak eragozten duen jendea kontratatzen ari da Osakidetza, Emergentziak zerbitzuko zuzendaritza gerentearen eta Giza Baliabideen zuzendaritzaren bidez. Hori saihesteko kontrol-mekanismo nahikoa jarri gabe egiten ari dira, nahiz eta jakin aspalditik gertatzen ari dela. Osakidetza alde batera uzten ari da LABek helarazitako oharrak. Haien ustez, guk identifikatu behar ditugu bateraezintasunak dituzten lankideak. Emergentziak salbuespen kafkiar batean bizi da; administrazioa ez da arduratzen legea betetzeaz eta kontrol neurriak hartzeko ardura delegatzen ari da; kasu honetan, LAB sindikatuarengan.

Orain arte bi praktika horiek larrialdietako zerbitzua estaltzen zuten, baina gaur egun ez da eraginkorra. Ondorioz, herritarrak, azken hamarkadetan ezagutu gabeko arrisku egoeran daude. Osasun egoera kritikoak artatzen dituen Emergentziak zerbitzua arriskuan dago, eta errusiar erruleta bat da, tragiko bihur daitekeena. Horregatik, premiazkoa da kudeaketa aldatzea ekarriko duten eta zerbitzua indartzera bideratuko diren neurriak hartzea. Bateraezintasunen legea hausteko hain ausartak izaten ari direnek ez dute ausardiarik larrialdi sareko anbulantzia guztiak publiko bihurtzeko prozesu bat abiatzeko ere. Horrek erakusten du nork daukan honen guztiaren gidaritza.

Bi jarduera bateraezinak uztartzen ari diren lankideek 24 ordutik gorako lanaldi nekagarriak egiten ari dira batzuetan, edozein lanbidetan aritzeko ezarritako muga guztiak gaindituz.

LABetik herritarrei ohartarazi nahi diegu egoera kritikoa dela, eta Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak eta herritarrak jasaten ari direna ez dela salbuespen egoera bat. Egiturazko egoera da, eta dagozkion neurriak hartu behar dira. Onartu behar da osasun zerbitzuen murrizketa baten aurrean gaudela: ordutegi-murrizketa duten osasun-zentroak, ekipoa osorik edo zuzenean ixten dituzten EAGak, Gasteizen langile-faltagatik borrokan ari diren larrialdiak eta arazo larriak dituzten Emergentziak. Dioten bezala, egoera salbuespenezkoa da eta salbuespenezko neurriak behar dira, bai, baina kontrako norabidean.

Etxeko langileentzako hitzarmen duinaren premia azpimarratu dugu Madrilen

LAB sindikatutik, joan den uztailaren 10ean, Oxfam Intermonek antolatutako etxeko langileen lan-baldintzei buruzko jardunaldietan parte hartu genuen, estatu mailako 18 erakunderekin batera.

Yolanda Díaz Estatuko Lan ministroak eta Pilar Cancela Migrazioen Estatu idazkariak beren balorazioa egin zuten, kudeaketa onaren adibidetzat jarri zutelarik. Hala ere, guretzat balorazio horrek ez du funtsik, eta konpromiso falta agerikoa da, nahiz eta Lan ministroak iragarri datorren abuztuaren 4an argitaratuko dela laneko osasunaren eta lan-arriskuen prebentzioaren araua; bi urte igaro behar izan dira une hau iristeko.

Etxeko langileen erakundeetako eta LAB sindikatuko ordezkariok adierazi dugu eskubide asko falta zaizkigula lortzeko, eta borrokan jarraituko dugula geure esparruetatik, harik eta langileen arteko berdintasuna errealitate izan arte eta Espainiako Estatuan erregularizazioak pertsona migratu askori beren baldintza soziolaboralak hobetzeko aukera eman arte.

Guk, atal sindikaletik, argi utzi dugu negoziazio kolektiborako eskubidea ez dela gobernu baten eta bestearen borondate politikoko gai bat izan behar, justiziara jo behar izatea eta epai batengatik epe luze bat itxaron behar izatea LAB sindikatuak etxeko langileentzako hitzarmen kolektibo propio bat lortzeko defendatzen duenaren zati bat dela, eta osagai feministak, arrazakeriaren aurkakoak eta, batez ere, emakumeekin eta are gehiago emakume migratu eta arrazializatuekin dugun zor historikoaz jabetzen diren legeak premiazkoak direla.

Greba hasi dute Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek

Lehenengo deialdiak 3 aste iraungo du, abuztuaren 4ra arte, eta aurreikuspenen arabera, uda osoa iraungo du Arabako Foru Aldundia ez bada negoziatzera esertzen suhiltzaileen egiturazko arazoak konpontzeko.

Langileek zortzi urte daramatzate lan-hitzarmenik gabe, ondo definitutako lan-baldintzak ez dituen EAEko suhiltzaile zerbitzu bakarra delarik. Horrek aukera ematen dio egungo Zuzendaritza-Gerentziari, Jone Berriozabal diputatuaren oniritziarekin, gizartearen
eta langileen urtetako aldarrikapenak bazter uzteko.

Joan den astean erregistratu genuen zuzendari gerenteak, Alberto Amenabarrek, kargua uzteko egindako eskaera. Zerbitzu honetan duen eskumena guztiz eztabaidagarria da, eta haren kudeaketapean egin da Euskadiko suhiltzaile-zerbitzu guztien LEP negargarriena. Horrez gain, jarrera gatazkatsua izan du langileekinko. Nabarmentzekoa da Arabako suhiltzaileek hiru urte daramatzatela suhiltzaile-bururik gabe, eta urte hauetan guztietan, erabaki estrategikoak eta egunerokoak Amenabarren esku baino ez daude.

Bada, azkenengoa izan da aurtengo udako kanpainarako langile gutzientzako nahitaezko prestasuna ezarri izana, negoziaziorik eta ordainik gabe. Kasua bereziki esanguratsua da. Langileen ordezkariek, aipatu kanpaina prestatzeko, aurtengo urtarriletik hona zerbitzuaren asmoak zeintzuk diren galdetu dute. Ez dugu inolako erantzunik izan, bat ere ez. Izan genuen albiste bakarra Jone Berriozabal diputatuak berak eman zigun, Batzar Nagusietan. Argi utzi zuen ez zirela iazko kontratazio publikoak egongo, gure Lurralde Historikoa “inoiz baino prestatuago” zegoelako baso-suteen aurrean, eta ez zelako inolako errefortzurik behar.

Langileak harrituta geratu ziren erantzun horren aurrean, langileen ordezkariei eta zerbitzuaren alderdi teknikoari galdetu gabe hartu baitzen erabaki hori. Inolako errefortzurik behar ez bada, nola da posible bat-batean, uda erdian, zerbitzu-agindu bat ezartzea, prebentzioz nahitaezko prestasuna ezarriko duena, negoziaziorik eta ordainik gabe?

Izan ere, arabarrek jakin behar dute “zerbitzuaren beharrak” aitzakiatzat hartuta, zerbitzuaren ohiko eta egiturazko beharrak betetzeko ezohiko egoeretan ezarritako legezko neurriak erabiltzen direla ezkutatzen dela, eta ohitura hori ohikoa da zerbitzu hori sortu zenetik. Zuzendaritza-Gerentzia honentzat gauzak egiteko modu bakarra dago: inposaketa.

Erakunde autonomoaren eta Arabako Foru Aldundiaren autokritika falta nabarmena da. Erabilitako argudio bakarra da errua langileei eta haien ordezkariei egoztea, inolako oinarri teknikorik gabe. Arkautiko LEP negargarria justifikatzeko egin zuten, eta orain, berriz ere, bidezko aldarrikapenen aurka egiteko erabiltzen dute.

Gauzak horrela, gaur greba abiatu dugu, hiru aldarrikapen nagusirekin: plantilla handitzea, lan-hitzarmena, eta inposaketak bertan behera uztea. Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko langileok gure lanbidea eta zerbitzu publikorako bokazioa defendatuko
ditugu edozein mehatxuren aurrean, edonondik datorrela ere.

Hedatzen patronalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenean jasotakoa betetzeko exijitzen diegu

Gaurko egunerako ordainduta beharko lukete soldata igoerak eta atzerapenak, baina ez da hala gertatu.

2024ko apirilaren 15ean argitaratu zen Gipuzkoako Boletin Ofizialean Eskuhartze sozialeko IV. Gipuzkoako hitzarmena. Oraindik eta atzerago begiratuz, hainbat hilabetetako negoziaketek, buruhausteek, tentsioek, haserreek, mobilizazioek eta langile nahiz sindikatuen elkarlanaren ondorioz patronalarekin akordioa erdietsi zen aurtengo udaberrian.

Gaur betetzen dira hiru hilabete ordutik. Gaurko egunerako, esku-hartze sozialeko IV. hitzarmenean aurreikusten diren soldata igoerek eta atzerapenen ordainketek eguneraturik beharko lukete entitate guztietan eta langile guztientzat. Eta hau ez da horrela.

Hala, LABek salatu du ez patronalak eta ez Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela adosturikoa bete. Biak ala biak dira, hein berean, egoera honen errudun. Batzuk hitzarmenaren sinatzaile bezala eta besteak zerbitzuaren arduradun gisa. Eta, nola ez, kaltetuak langileak eta erabiltzaileak dira, beti bezala.

LAB sindikatuak gogorarazi du akordioak betetzeko daudela eta patronalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari exijitu die lehenbailehen bete dezatela hitzartutakoa. Hala izan ezean bestelako neurriak hartuko dituztela jakinarazi du sindikatuak.

Alderdi politikoei eskatu diegu ez dezatela onartu Espainiako Gobernuaren langile publikoen soldata inposatzen duen dekretua eta lan baldintzak hemen erabaki ahal izatea ahalbideratu dezatela

Sindikatuok eskaera hau luzatzeko hartu emanetan jarri gara Errege Dekretua bozkatu behar duten alderdiekin.

Espainiar Estatuko Gobernuak (PSOE eta Sumar alderdiaz osatuta) ekaineko Gobernu Kontseiluan onartu zuen langile publikoen soldata %2 handitzeko errege dekretua, eta oinarrizko araudi moduan neurri hau izendatzea, hemen beste erabakirik hartzea ukatuz. Orain, hilabeteko epean, dekretu hori bozkatu behar da, onartzeko edo indargabetzeko.

Horren aurrean, LAB, ELA, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok eskatu diegu Espainiar Kongresurako hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdiei ez dezatela dekretua onartu, ez duelako bermatzen langile publikoen soldata Euskal Herrian erabakitzea, eta duten ordezkaritza erabiltzea langile publikoen lan baldintzak Euskal Herrian erabakiak izan daitezen, horretarako beharrezkoak diren erabakiak hartuz. Aurretik ere emendakin bat proposatu zitzaien alderdiei hau bermatzeko.

Gogora dezagun estatuko gobernuak dekretua onartu zuen egun berean sindikatuok elkarretaratzea egin genuela Gasteizen, salatzeko langile publikoek hirugarren urtez jarraian galduko zutela erosahalmena, eta uko egiten zitzaiolako euren lan baldintzak eta soldatak hemen negoziatzeari.

Hori horrela, alderdiekin hartu emanetan jarri gara eta aldebiko bilerak izatera gonbidatu ditugu, langile publikoen soldata hemen erabakitzeko aukerak aurrez aurre azaltzeko.

Joan den kurtsoan zehar milaka langile publiko eta hiritar kalera atera dira politika publikoen aldaketa eskatzera, zerbitzu publikoak indartu behar direla aldarrikatzera, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatu behar dela adierazteko eta langile publikoen lana eta bizi baldintzak hemen erabaki behar direla eskatzeko. Hortaz, alderdiek Dekretua dagoen bezala onartuz gero, sektore publikoko langileen eta euskal herritarren eskaerari bizkar emango diote.

Euskal Herriko hitzarmenen lehentasuna onartu da sektore pribatuan. Ordua da sektore publikoan ere lehentasun hori onar dadin.

Niessenen enpresa ituna adostea #LortuDugu

Langileen borrokari esker Oiartzunen kokatuta dagoen ABB Niessen enpresan itun berria sinatzea lortu dugu, enpresa batzordearen babes osoarekin, non LABek 4 ordezkari dituen, ELAk 3 eta UGTk 2. Uztailaren 10ean burutu den langile batzarrean gehiengo osoz onartua izan da ituna, bozkatutako 120 langiletik 119 langileek aldeko bozka eman dute.

Hiru urteetarako ituna adostu da ondorengo edukiekin:

• Soldata igoerak:
    ◦ 2024: KPI + 0,3
    ◦ 2025: KPI + 0,3
    ◦ 2026: KPIa bermatzen da eta KPIaren zenbatekoaren arabera igoera gehigarri bata adoste da, KPI + 0,5 artekoa izan daitekeena.

• Urteko lan orduak: 2025etik aurrera 16 orduko lanaldi murrizketa.

• Lana eta bizitzaren arteko kontziliazioa: Familiakideak medikuarengana laguntzeko baimena 8 orduan handitu da; Langileek familia eskubide berbera izango dute senide ez den pertsona bat zaintzeagatik, mendekotasun legearen arabera zaintzaile nagusi gisa erregistratua badago; ZIUN edo tratamendu onkologikoan dauden familiarrak laguntzeko 30 eta 50 ordu arteko baimena, ahaidetasunaren arabera.

50 urtetik goragoko langileek gaueko txandak murrizteko aukera izango dute.

• Enplegua: Lanpostuak mantendu eta plantilla berritzeko neurriak hartu dira, errelebu kontratua bermatuko da eta erreleboa hartzen dutenak kontratu mugagabearekin sartu dira.

Baina kontutan izan behar dugu Niesseneko langileen borrokarik gabe ez genukeela enpresa itun hau sinatzea lortuko, bost egunetan lan uztek burutu dira enpresa ituna sinatzea lortu den arte eta horregatik Niesseneko langileak zoriondu nahi ditugu LABetik, zeren beraien borrokarik gabe ez litzateke enpresa akordio duin bat lortuko.

Borrokaren bitartez erakutsi dugu aberastasunaren banaketan pausoak eman daitezkeela, baita bizitzak erdigunean jartzeko pausoak eman ere eta bizitza bizigarriagoa izan dadin neurri desberdinak lortu dira azken enpresa itun honetan.
Beste behin ere argi geratu da borrokak merezi duela, akordio duinak lortzeko langile borroka ezinbestekoa dela erakutsi dugu.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileentzako akordio historikoa #Lortudugu

Foru Aldundiko eraikinak garbitzen dituzten langileentzako hitzarmena sinatu dugu Optima azpikontratarekin. Soldata igoera garrantzitsuez gain, bizitza erdigunean jartzeko, sektore feminizatu batean garrantzitsuak diren lan baldintzak lortu ditugu, hala nola, lanaldi partzialak atzean utzi ahal izateko bakante sistema eta zaintzarako lizentzia hobeak.

Apirilean, 6 greba egun eta bi hilabeteko mobilizazioen ondoren, LAB, UGT eta ESK sindikatuek soldata igoerei buruzko aurreakordioa lortu genuen. 6 urtetan, soldata-igoera gutxienez %24,23koa izango da (funtzionarioen igoera zein izango den jakin gabe). Igoera horri soldata erreferentziatzat duten beste plus batzuena gehitzen badiogu, igoera % 50etik gorakoa ere izan daiteke. Langile askoren kasuan, indarraldiaren amaieran, Aldundiko garbitzaileekin ia edo erabat parekatuta egongo dira. Igoera horiekin Udalhitzen soldaten gainetik geratzen gara, udaletako langileei dagozkienak. Horrek garrantzi handia du sektore feminizatu eta partzializatu honetan.

Ordutik negoziatzen jarraitu dugu, eta soldata igoera horrez gain, gaur Enpresa Batzordeko sindikatu guztiok sinatu dugun akordioan, 2030etik aurrera funtzionarioen igoera garbiketako langileentzako bermatua egotea lortu dugu. Beraz, akordioak hortik gora izango dira eta akordiorik ezean, igoera hori bermatua izango dute, soldatak izoztu ez, eta gainera, langile publikoekiko arrakala sakonduko ez delarik.

Gainera, 2026ko urtarrilerako soldataren %9,8koa izango den ordainsari berezi bat lortu dugu: lanaldi osoko langile baten kasuan, 2.489,31 euro.

Baina lan baldintzetan dena ez da dirua: LABek bizitza eta zaintza jarri nahi digute negoziaketa kolektiboaren erdigunean eta akordio honekin urrats handiak eman ditugu norabide horretan.

Alde batetik, hitzarmen honek, bizitza erdigunean jartzen laguntzen du kalitatezko denbora eta zaintzarako lizentziak hobeak emanez.

• Urtean bi zubi, kalitatezko atsedena izateko. 
• Eszedentzietan bi urteko lanpostu erreserba.
• Lizentzietan hobekuntzak:
        ▪ Bikote eta seme-alaben heriotza kasuan, 5 lan egun. 
        ▪ Bigarren gradura arteko senideen kasuan, 3 lan egun. 
        ▪ Urtean 50 ordu ordainduko lehen graduko senideak eta bizikideak mediku kontsultetara lagundu ahal izateko.
        ▪ Soldata gabeko baina kotizatutako astebete urtean, jarraian edo banatuta erabili ahal izateko. 

Bestetik, hitzarmen honek partzialitatea borrokatzen du BAKANTE SISTEMAREN bidez. Normalean garbiketako enpresek erresistentzia handiak izaten dituzte sortzen diren lanpostuak nola bete adosteko. Kasu honetan, lanaldiak handitzeari begira, zentroko edo loteko antzinatasunean oinarritutako lehentasun sistema bat adostu dugu. Horrela, lanaldi txikiak dituzten langileek lanaldiak handiagoa izateko sortzen diren bakanteetara aldaketa edo postuen pilaketa eskatu ahalko dute.

Azken batean, LABentzat ospatzeko moduko akordioa da, nahiz eta jakin etorkizunean borrokan jarraitu beharko dela erabateko parekatzea lortzeko. Bidea urratsez urrats egiten da, bidea elkarrekin eginez garaiezinak garela jabetzen gara, horregatik borrokak merezi duela azpimarratzen dugu berriro. Eta borroka eta batasun sindikala dira akordio hau posible egin dutenak, langileok, grebalariok posible egin dugu, zorionak!