Osasun sistema publikoa jasaten ari den kolapsoaren aurrean, Osakidetzako zuzendaritzak premiazko mahai sektorialera deitu ditu sindikatuak, zirkular baten bidez jakinarazteko fakultatiboen aparteko orduaren prezioa igo egin duela profesionalen gabezia arintzeko, eta horrek aukera ematen duela formakuntza egiten ari diren langile egoiliarrak kontratatzeko.
Profesional falta horri buruz uda hasieran jada ohartarazi zuen LABek. Aurreikusteko moduko gertaera zen, baina Osakidetzako zuzendaritzak, berriz ere, ohartarazpen hori zalantzan jarri zuen. Gaur, aurreikusitako egoera horretan gaude, eta hori zentzugabekeria itzela da. Izan ere, duela hamarkada batzuetatik hona bizi dugun profesional faltaren arazo larriari aurre egiteko planteatu duten irtenbide bakarra aparteko orduen lansaria igotzea da. Gainera, sindikatuen konplizitatea bilatu dute, benetako negoziazio prozesu bati bide eman gabe jarraitzen duten arren.
Nahiz eta LABek ulertzen duen uda erdian egonik har daitekeen epe motzeko neurri bakarra dela, sindikatuak zera adierazi nahi du:
-Profesionalen egiturazko defizita disimulatzeko aparteko orduak ordaintzea ohikoa da Osakidetzan, eta urteak daramatzate horretan.
-Trebatzen ari diren langileak hartzea beste adabaki bat da, eta, zalantzarik gabe, estres erantsiko egoerak sortzen ditu pertsona horiengan.
-Horrelako neurriek egoera ezkutatzea lortzen dute, baina ez dira benetako neurriak erakunde publiko horretan dagoen profesional falta hori konpontzeko. Arazo hori konpontzeko neurri egokiak hartzen ez badira, urtez urte errepikatuko da egungo egoera.
-Agian horri buruz ari da Osakidetzako zuzendaritza, inbertsioa handitzeaz ari denean. Hala bada, herritarrek jakin behar dute neurri horiek ez dutela ezer konpontzen.
-Plantilla indartzeko neurririk proposatu gabe parteko orduaren lansaria handitzearen alde egitea kontziliazioaren kontrako norabidean kokatzen den neurria da.
-Aparteko orduek, beste behin ere, erantzukizuna langileen gain jartzen dute, zeinak aukeratu beharrean aurkitzen baitira deskantsurako duten eskubidearen eta osasun arreta eustearen artean.
-Osakidetzako zuzendaritza “biziraupen-politika” egiten ari da osasungintzan, gutxienekoak estaltzera soilik bideratuta, zerbitzuaren kalitatea hobetzeari edo mantentzeari arreta jarri gabe, eta beste alde batera begiratuz profesionalen faltaren arazoaren aurrean.
Azken finean, aipatutako neurria Osakidetzako zuzendaritzek egoera bideratzeko izan duten porrotaren eta aurreikuspen faltaren erakusle da.
Neurri hau, gainera, negoziaziorik gabe hartu da, dekretuz, Osakidetzako mahai sektoriala osatzen dugun sindikatuak kontuan hartu gabe, nahiz eta urtetan eta oso modu zehatzean mahai gainean jarri dugun arazo batez ari garen eta azken mahai sektorialean ere sindikatu guztiok egoeraz ohartarazi genuen.
Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.
Imanol Pradalesek lehendakari kargua hartu eta argi berretsi du Guggenheim Urdaibai proiektuarekin aurrera egiteko asmoa, EAJ eta PSEren arteko akordioan jasoa geratu denez. Bestetik, Elixabete Etxanobek gidaturiko Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdean etorkizun ekonomikoari buruz martxan jarri asmo duen “prozesu parte hartzailearen” berri izan dugu. Prozesu horrek ez du eskualdearen etorkizuna erabat baldintzatuko duen proiektuari buruzko galderarik Guggenheim Urdaibai Stop plataformak salatu duenez, eta gainera eskualdean aritzen garen eragile sindikal eta sozialok ez dugu parte hartzeko aukerarik jaso. Beraz, LABen ustez “prozesu parte-hartzaile” hau BFAk eta Eusko Jaurlaritzak euren buruak desenkusatzeko aitzakia bat da, eskualdearen etorkizuna bertan bizi eta lan egiten dugunoi bizkarra emanda eraikitzen duten bitartean.
Guggenheim Urdaibai proiektuaren eskutik Busturialdeko ondare natural eta historikoa ustiatu nahi da gutxi batzuen interesen mesedetan. Artean, Busturialdean lan eta bizi baldintza duinak eskuratzea gero eta zailagoa da: %11,7ko industria-jardueraren beherakada hamar urtetan, %70a eskualdetik kanpo lanean edota etxebizitza turistikoak %33 ugaritzea eta honen prezioa garestitzea horren adibide. Proiektuak turistifikazioan sakontzen du, eta horrelako prozesuak jasan dituzten bestelako lurraldeetan ikusi ditugu honen ondorioak zeintzuk diren: kalitatezko enpleguen galera, prekarizazioa, eta tokiko langileon bizi-baldintzen kaskartzea, eta lurraldearen gain-esplotazio ez jasangarria, besteak beste.
Gainera, 130 miloi euroko kostua aurreikusten zaion proiektu honek baliabide publikoak xahutzea dakar, ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren ikuspegitik kaltegarria den proiektu batean. Artean, bestelako lehentasun sozialak, hala nola zerbitzu publikoak, pribatizatzen eta azpi-finantziatzen ari direlarik Busturialdean, Bizkaian eta EAEn.
Horregatik, LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi dadila eskatzen dio Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz. Politika publikoen bultzada eskualdean etorkizun ekosozial justua bultzatzeko norabidean kokatu behar da: Bizi dugun erronka ekologiko globala aintzat hartzen den etorkizun sozioekonomikoa eraiki, eta lan eta bizi baldintza duinak eta ganorazko zerbitzu publikoak sustatzen dituena. Horretarako, “prozesu parte hartzaile” antzuak baztertu eta tokiko eragile politiko, sozial eta sindikalen zein herritarren ahotsak protagonista izan behar dira.
LABek aktibazio eta bultzada sozialaren parte izaten jarraituko du. Horregatik, Solomon R. Guggenheim Foundation-i Guggenheim museoa zabaldu eta Urdaibaiko Biosferaren suntsipenari uko egiteko eskatzen dion sinadura bilketan parte hartzera deitzen ditu langileak. Bestetik, urriak 19ko data gorde eta egun horretarako Gernikan deituta dagoen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten du LABek.
LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:
Erosahalmenaren beste murrizketa bat da. 2010ean bankuen zorra guztion artean ordaintzeko Madrilek hartutako neurrien artean, langile publikoen soldatak erabiltzea erabaki zen.
Urtero Madrilek agintzen eta Jaurlaritzak onartzen dituen soldata igoerak KPIren azpitik egoten dira. Aurtengo kasuan igoera %2koa (gehi abenduan eman daitekeen %0,5 gehigarri bat) izan da, baina EAEn KPIren igoera %3,1ekoa izan da. 2010etik galtzen ari garen %11 inguruko erosahalmenari gehitzen zaio murrizketa berria.
Madrilen diseinatutako estrategia zentralizatzaile eta neoliberala da. Eusko Jaurlaritzak estrategia horri men egiten dio, Euskal Herriko langile publikoen negoziazio kolektiboa ukatzen duena eta zerbitzu publikoak kapitalaren mesedean jartzen dituena.
Ez da egia Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrek Jaurlaritzaren eskuak lotzen dituztenik. 2010 baino lehen, legeria berdina izanda ere, EAEko Mahai Orokorrean soldata igoerak Madrilek ezartzen zituen mugak saihestuz negoziatu egiten ziren. Borondate politiko kontua da, beraz.
(*) Igoerak ez die langile publiko guztien nominei eragingo. Udal eta foru administrazioetako eta, batez ere, azpikontratatutako eta pribatizatutako zerbitzuetako («zaintzakoak langile publikoak gara») langileen soldaten igoerak nekez iritsiko dira Jaurlaritzaren dekretuarenera. Izan ere, EAJren eta PSEren estrategia pribatizatzaileek hain zuzen langile hauen soldatak are eskasagoak izatea baitu helburu.
LABek osatu berri den Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hitzetatik ekintzetara pasatzeko, eta, zerbitzu publikoen eta bere langileen egoera benetan hobetu nahi baditu, politika publikoak aldatzeko. Badu nondik hasi, eta honako hau exijitzen diogu:
Negoziazio kolektiboari begirunea izateko eta inposizioak baztertzeko: Madrili men egitearekin amaitzeko eta erabakigunea Euskal Herrira ekartzeko, hemengo gehiengoak errespetatuz. Murrizketa estrategiari uzteko, langile publiko guztien erosahalmena bermatzeko eta berreskuratzeko. Horretarako, lehenbailehen dei dezala mahai orokorraren bilera, soldataz gain datorren urteetarako enpleguaren eta lan baldintzen ildoak zehazteko, kanpoko injerentziarik eta inolako inposiziorik gabe.
Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.
Hala berean, LAB sindikatuak, enpresak ezartzen duen prekaritateak langileak hiltzen dituela ere salatu nahi du. Lan txandetako giza baliabideen urritasunak dakarren segurtasun protokoloak eta prebentzio araudiaren ezin betetzearen ondorioz gertatu da istripua.
Langileon babesa bermatu behar duten segurtasun protokoloak eta lan baldintza duinak eskatzen dizkiegu FCC enpresari eta administraritzari. Etekin ekonomikoak langileon segurtasunaren gainetik jartzeak daukan ondorio latzena ikusi berri dugu berriz ere. Lan istripuen ondorioz 33 hildako daramatzagu aurten Euskal Herrian, horietako 11 Gipuzkoan. ASKI DA!
Osasun Sistema Publikoa indartu eta Osakidetzak behar duen eraldaketarako LABek proposatzen dituen neurriak aurkeztu ditugu. Neurri horiek izango dira ondoren EAEko gobernuak Osasun Ituna adosteko deituriko mahaira eramango dituenak.
Osakidetza kalitatezko osasun sistema publikoa izango bada, aurreko gobernuaren politikek errotiko aldaketa eskatzen dute, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren esanetan: “Urte luzez, osasun publikoaren aldeko apusturik ez da egin; politika neoliberal eta klientelarrak izan dira nagusi Osakidetzan. Publikoa debaluatu egin da, pribatua indartzeko”. “Langileen greba eta mobilizazioak, osasun publikoaren aldeko plataformak kalera atera izana eta erabiltzaile guztiok ikusten, nozitzen, ari garen gainbehera izan dira gai hau agenda politikoaren erdigunean jarri dutenak”, azpimarratu du Aranburuk.
Gauzak horrela, LABen bost neurri planteatzen ditugu:
1. Pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plan bat eskatzen dugu
Zatika-zatika, Osakidetzak modu publikoan kudeatu beharreko hainbat zerbitzu pribatizatu egin dituzte:
LABek, aurkezturiko helegiteen bidez, Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratuak geldiarazi ditu, 160 milloi eurokoak. Salatutako kanporatze horien guztien lanak egiteko profesionalak badaude. Zerrenda oso luzeak daude lan horiei guztiei aurre egiteko, eta horregatik daramatza LABek urteak esaten zuzendaritzaren politikak pribatizatzaileak direla.
– Alor honetan, hitzarmena eta sententziak ez ditu betetzen Osakidetzak. Ikuztegien zerbitzua pribatizatuta egon da. Hitzarmenean adostu zen kontzesioak amaitzen ziren heinean, Osakidetzak zuzenean hartuko zuela lan hau. Ez du egin, eta pribatizatuta mantendu du. Esaterako, Santa Marinako ikuztegiko lanak pribatizatuta mantentzen saiatu zen. Bada, LABek salatu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen zerbitzu hori zuzenean eman behar zela. Osakidetzak ez du sententzia onartzen, eta Enplegu Zentro Berezi batekin kudeatzen saiatzen ari da.
– Biltegiak: orain arte ospitale bakoitzak bere biltegia izan du. Orain, zentralizatzea eta handitzea planteatzen ari da Osakidetza, eta aldaketa hori pribatizatzeko baliatu nahi du. Biltegi zentral horren kudeaketa integralak Osakidetzarena izan beharko luke.
Osakidetzak egin ditzakeen eta egin beharko lituzkeen lan medikuak kanporatu egiten dira:
– Erresonantziak, ebakuntzak edo laborategiko lanak —analisiak, esaterako—, lan horiek egiteko langileak eta bitartekoak izan arren. Gurutzetan, adibidez, BIOCruces sortu da, erabat pribatua, eta horra bidaltzen da laborategiko lan zamarik handiena.
2. Langile gehiago behar dira, egonkorrak eta baldintza duinekin
– Egiturazko plantilla handitu egin behar da. Pribatizazioaren jomugan dauden kategoria ez sanitarioek (mantenimentua, zerbitzuetako langileak, administrariak eta laguntzaileak…..) are gehiago pairatzen dute hutsune hori. Egonkortze prozesua motel doa eta 2024ko abendurako ez da beteko behin-behinekotasunaren langa %8an ezartzen duen Europako agindua.
Bestetik, 2018–2019ko LEP prozesua oraindik ez da behar bezala amaitu, ez dago zerrenda ofizialik eta langileen kontratazioan gardentasun falta izugarria da.
Kontratazio ereduak hona ekarri gaitu. %54ko behin behinekotasun tasarekin, esan behar dugu kontratazio eredua kolapsatu dela. Lan kargen ikerketa bat egin behar da, eta beste eredu bat negoziatu behar da, sindikatuekin batera.
– Mediku faltari aurre egiteko neurriak behar dira. Mediku falta da hainbat erabaki justifikatzeko aitzakia. Udako ordutegiak murrizteko, EAG Etengabeko Arreta Guneak ixteko, herri handietako anbulatorioak medikurik gabe lanean egoteko edo emergentzietako anbulantziak medikurik gabe bidaltzeko. Mediku falta planifikazio faltaren ondorio da. Urtero Eusko Jaurlaritzak Barneko Mediku Egoiliarren (BAME) eta Barneko Erizain Egoiliarren (BAEE) inguruko beharrak helarazten dizkio Madrilgo Gobernuari. Zer eskatzen duten, ordea, ez da publikoa. “Jaurlaritzak argudiatzen du Madrildik ezartzen dutela Barneko Mediku Egoiliarren kopurua, baina Jaurlaritzak zer nolako eskaera egiten duen ez dakigu”, azaldu du Aranburuk.
– BAME/BAEE-en formakuntza eta baldintzak hobetu egin behar dira: Ez dituzte era egokian formatzen, eta guardiak alde bakartasunez aldatzen zaizkie. Horrek haserrea sortzen du Osakidetzarekiko. Ondorioz (batez ere BAME-en kasuan), formazioa amaitzen dutenean beste toki batera doaz. Horri gehitu behar zaio, espezialitatea amaitzen dutenean, eskaintzen zaiena ez dela batere erakargarria: behin-behinekotasun kontratua. BAME/BAEE-ek betetzen dute mediku/erizain falta, nahiz eta oraindik formakuntza osoa ez izan.
– Ratioen inguruko lege berri bat behar da: LABek badu proposamen zehatza, legebiltzarrean erregistratu genuena eta orain arte ez zaio kasurik egin. Indarrean dauden ratioak jasanezinak dira langileentzat eta erabiltzaileentzat eta zerbitzua kaskartzen dute.
– Langileen lan baldintzak hobetu egin behar dira, eta negoziazio erreal bat eskatzen dugu. Salatu nahi dugu Osakidetzaren Mahai Sektorialean azken akordioa 2009koa dela.
– Politika feministak behar dira: Osakidetzan lan egiten duten emakumeek “kristalezko sabaia” pairatzen dute. Ardurak dituzten lanpostuak hartzea oso zaila da, kontziliatzea ezinezkoa egiten delako. Dauden berdintasun planak ez dira eraginkorrak eta horri ez zaio irtenbiderik ematen.
– LEP eredua aldatu behar da, konziliazio eta bizitzaren zikloak (amatasuna, gaixotasunak, zaintza lanak, etabar…) errespetatzeko. Osakidetzako langileek 2 urtero LEP bat egiten dute, horrek ez du gure bizitzarekin bat egiten…
3. Lehen Arretaren egoera hobetzea urgentziazkoa da
Lehen arretan dagoen egoeraren arrazoietariko bat egonkortze falta da, behin-behinekotasun handia. Medikuen errotazio handia dago eta horrek familia medikuen lana oztopatzen du (pertsonak ez dituzte inoiz ezagutzen…).
Ez dago gaixotasunaren prebentzioaren kulturarik, jada gaixo daudenak artatzen dira eta ospitalzentrismo handia dago. Emaginen egoera da horren adibide: beraien lehentasuna erditzeetan dago eta geroz eta gutxiago aurretik egin beharreko prestaketa lan egokian edo erditzean izan beharreko jarraipenean.
Horrek guztiak eragiten duena da lehen arreta jasotzeko pribatura joateko tendentzia handitzen ari dela.
4. Osasun mentalaren arazoa prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago behar dira
Geroz eta dimentsio handiagoa duen arazoa izanik ere, ez dago planik. Orain profesional falta dago; esaterako, ez dago psikologorik, ez dago gizarte hezitzailerik. Ez da prebentzioan inolako arretarik jartzen eta oso erraz jotzen da medikatzera edo ospitaleratzera.
Espazio soziosanitario indartsu bat sortu behar da instituzio guztien artean, koordinazio onarekin jendartearen beharrak betetzeko
5. Osakidetza euskalduntzeko plana behar da:
Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da, eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea.
Errealitatea hori izanik ere, azkenaldian mezu euskarofoboak ugaritzen ari dira. Dikotomia faltsuak elikatzen dira: zer nahiago duzue profesional ona edo euskalduna edo lan egiteko eskubidea eta euskaraz ikasteko derrigortasuna kontrajartzen dituena.
Borondate politikorik ez dago. Zuzendaritzen aldetik ez dago prestasunik arazo honi irtenbide egoki bat bilatzeko, eta gehienak ez dira euskal hiztunak. Adibidez: Bizkaian ESIetako 7 gerente daude eta bat ere ez da euskalduna.ESIetako 7 zuzendarien artean, 2 bakarrik dira euskaldunak.
Neurri hauek guztiak langileekin adostu behar dira. Amaitzeko, LABetik argi utzi nahi izan dugu langileen gehiengorik gabe ezin dela Osasun Itunaz hitz egin.
Heidelberg Materials/Cementos Rezola enpresak ekainaren erdialdean 56 pertsonari eragiten zien EEE prozesua aurkeztu zuenetik gaur arte Kontsulta Epeari zegozkion negoziaketa aurrera eramaten aritu da Enpresa Batzordea, LABek eta ELAk osatua. Hasieratik garbi utzi izan dugun moduan, trantsizio ekosozialista baten bidean deskarbonizazio prozesuak beharrezkotzat jo izan ditugu. Hala ere, ez dugu bat egin enpresaren “deskarbonizazio” planteamenduarekin, ezinezkotzat ikusten baitugu horrelako gai mardul baten negoziaketak EEE prozesu batean eta 56 lanpostu suntsituta gauzatu ahal direnik.
Hala, kontsulta epea akordiorik gabe amaitu da. Enpresak eginiko proposamenak enplegu suntsiketa erabat desproportzionatua dakar eta borondatezko irteerarik ez du bermatzen. Enpresa Batzordeak hasieratik lan egin dudenontzako akordio on baten bidean, baina proposamen hauek aintzakotzat hartu ez direnez, enpresak akordio bat gauzatzeko borondaterik erakutsi ez duela iritzi dio.
Azkenik, azken hilabete honetan, langileek aurrera eramandako borroka eredugarria jarri nahi dugu zentroan. Denon artean, dugun onena eman dugu lanpostuen eta lan baldintzen defentsan, eta hau ez dela hemen amaitzen eta borrokak azkeneraino jarraituko duela jakinarazi nahi du enpresa batzordeak.
Zazpi hilabeteko negoziazioaren eta 44 greba egunen ostean, enpresaren jarrera guztiz zurruna izaten ari da, ez edukiei dagokienez, baizik eta langileak kikildu asmoz
44 egunok eman dituzte bere fruituak, batzuk onak eta beste batzuk txarrak. Alde batetik, ahaldundutako eta bat egindako plantillaren lanari esker, akordioa inoiz baino hurbilago dago, edukietan asko aurreratu baita. Bestalde, ordea, harrokeriak, mendeku goseak eta etorkizunean greba erreminta gisa erabili ahal izateko eskubidea baldintzatu nahiak akordioa ezinezko egiten du.
Horregatik guztiagatik, mezu argia helarazi nahi dugu: ez dugu men egingo mehatxuen eta xantaiaren aurrean. Akordiorik egotekotan, jazarpenik gabe izango da. Bada, mezu hori ezin izan diogu zuzenean igorri enpresari, alde sozialarekin biltzeari uko egin baitio hiru aldiz. Bide batez, Nafarroako Gobernuari ere dei egiten diogu gai honetan esku har dezan eta lanaren arloa gainditzen duen egoera hau bidera dezan.
Bien bitartean, langileok batuta eta borrokan jarraituko dugu, azken 44 egunotan egin bezala.
Langileen mobilizazioei esker Enplegu Erregulazio Espedientearen baldintzak hobetu egin dira.
Enplegu Erregulazio Espediente baten bitartez, 24 pertsona kaleratzeko prozedura abiarazteko asmoa zutela komunikatu zuen zuzendaritzak maiatzean. Ekainaren amaieran kaleratze kolektiboaren arrazoiak biltzen dituen dokumentazioa banatu zuten, eta kontsulta epeari hasiera eman zitzaion. Horrekin batera, langile asanbladak greba mugagabe bat abiaraztea erabaki zuen. Negoziazioek iraun bitartean, langileen mobilizazioak eta hainbat asanblada burutu dira, eta azkenean, langileek, enpresaren azken proposamenari baiezkoa eman diote.
-EEEak 15 pertsonari eragingo dio. Horietatik zortzik borondatezko atxikipena izango dute.
-Lan egindako urte bakoitzeko, 40 eguneko soldata ordainduko zaie indemnizazio gisa.
-Antzinatasunik ez duten kasuetarako, 8000€-ko gutxieneko indemnizazio bat ordainduko da.
Akordio honekin, hasierako 24 kaleratzeetatik 15era jaistea onartu da, eta horietatik 8k borondatezko atxikipena izango dute. Antzinatasunik ez duten langileen kasuan, indemnizazioak nabarmen hobetzen dira. Gainontzekoek legezko indemnizazioak bikoizten dituzte.
Langileen asanbladan, enpresaren azken proposamena %70en baiezkoekin onartu zen.
Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.
Hala, ezezkoa ematen diogu Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itunari, eta pertsona guztiek migratzeko eskubidea dutela aldarrikatu.