2026-06-09
Blog Page 1116

SANTA CLOSE jai egun eta igandetan irekitzearen kontra

 Santa CLOSEk, denak zoriontsu gauden eta familia artean pasatu nahi ditugun eguberri egun hauetan, Corte Inglesek hala behartuta, langile askok lanean pasa beharko dituztela salatu zuen.

Horregatik jai egunetan irekitzen duten denda edo merkatal guneei bisitak egiten hasiko dela iragarri zuen, hauek irekitzeari utzi eta langileek lanera joateko beharrik ez izan arte.

Azkenik langileek egun hauetan ere disfrutatu nahi dutela aldarrikatu eta, dendek ez irekitzeaz aparte, kontsumitzaileek ere eros ez dezatela eskatu zuen.
  

 

 

ABENDUAK 3. Lan mundua euskalduntzeko langileen parte hartzea ezinbestekoa da


Euskararen nazioarteko eguna da gaur, abenduak 3, eta testuinguru honetan lan munduari arreta gehiago jartzea eskatu nahi dugu. Izan ere, bestelako eremu batzuetan euskara normalizatzeko hainbat urrats eman badira ere, lan mundua euskalduntzeko indarrean dauden Hizkuntza Politikak antzuak dira. Azpimarratu nahi dugu, era berean, bestelako eremuetan aurrera egin bada, herritarren konpromiso zein herri ekimenei esker izan dela. LABen iritziz lan mundua euskalduntzeko, langileon parte hartzea kontuan izango duen eredu demokratikoa ezinbestekoa dugu. 

Zergatik?

• Langileak baztertuz, ez dagoelako lan mundua euskalduntzerik.
• Borondate politikorik gabe, antzuak direlako proiektu pilotuak.
• Egun dauden baldintzak edota bitartekoak aldatu gabe, ezinezkoa delako lan mundua euskalduntzea.
• Patronalak eta Instituzioek lan erreformaren ondorioak babesten dituzte, eta testuinguru horretan ezinezko da lana euskaraz egitea. 
• Elebitasun orekatua ezinezkoa delako.
• Administrazio publikoa euskalduntzeko erabaki politikoak hartu behar direlako.
• Lanbide Heziketan B eredua bultzatuz edota unibertsitatean euskaraz ezin bada ikasi ez delako euskaldunduko lan mundua.
• Itxurakeria hutsa delako euskaldun berriak omentzea, euskararen ezagutza unibertsalizatzeari muzin egiten zaion bitartean. 
• Jaiolekuaren arabera herritarrak hizkuntza-eskubide gabetzen dituen legea indarrean dagoen bitartean, bidean oztopo ugari izango ditugulako.
• Dirulaguntzetan euskarari ematen zaion pizarrekin, ezinezkoa delako erdaraz eraiki zen lan mundua, euskaraz eraldatzea.
• Ezinezkoa delako euskararen normalizazioa politikatik at edota konfrontazio esparruetatik kanpo uztea, hori bera politika egitea baita. 

Azken urteetan aldatu den bakarra pertsonak izan dira, baina sistema da aldatu beharreakoa, lan mundua euskaldunduko bada.

Eta honen aurrean, zer? Lan mundua euskalduntzeko eredu demokratikoa

Abiapuntutik, langileen parte hartzea bermatu behar da, langileok baikara lan munduko subjektu eta eragile. Zentzu horretan, langileon artean eta lan mundua osatzen duten subjektu guztien arteko aliantzak edota elkarlana ezinbestekoa dela uste dugu, beti ere, praktikara bideraturiko konpromiso zehatzen baitan. 

Langileon hizkuntza eskubideen aitortza ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko. Are gehiago legeak behar ditugu. Lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea ezinbestekoa da, borondatearen gainetik, guztion eskubideak bermatu ahal izateko. Horrez gain Euskal Herri osorako, baina tokian tokiko berezitasunei erantzungo dion Hizkuntza Politika eragingarriak behar ditugu, hizkuntza eskubideak aitortu ez ezik, garatu ahal izateko. Horretarako, ordea, lan munduan euskarak bizi duen errealitatearen azterketa egitea premiazkoa da.

Lan mundua euskaldundu nahi badugu plangintza eraginkorrak beharko ditugu, helburuak betetzen direla ziurtatu eta beharrezkoak diren bitartekoak bermatzeko modu planifikatu, sistematiko eta ordenatuan. Eta amaitzeko euskara herritarron altxorra dela esatearekin batera, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, berrikuntza etengabea eta hizkuntza bizia dela bermatzeko, euskarak inbertsioa izan behar du, zentzu kualitatibo eta kuantitatiboan, eta ez gara diruaz bakarrik hitz egiten ari.

Alternatibak baditugu eta sistema aldatzera goaz! 

Alternatiba sozioekonomikoen baitan, euskara zentralitatea hartzen ari da. Izan ere, herriak zein pertsonak erdigunean kokatuko dituen eredu sozial berriak herritarron hizkuntza eskubideak bermatu beharko ditu. Horrela dator jasota Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan. Horrez gain lan mundua euskalduntzeko hamaika borroka martxan dira lan zentroetan, txikitik handira lan mundua euskalduntzen ari direnak. Langileon artean, lan mundua euskalduntzearen aldeko jarrera hegemonikoa izatea lortu behar dugu.

LABek lan mundua euskalduntzeko ildo estrategiko berria eguneratu eta Ekintza Sindikalean integratzeko erronkari eutsi dio. Zentzu horretan, “Euskara, zure eskubideak” kanpaina aipatu nahi dugu. Kanpaina honen helburuak, langileok hizkuntza eskubideen kontzientzia hartzea, lan zentroan urratzen dizkiguten eskubideak salatzea eta langileon inplikazioa lortzea dira.

Zentzu honetan, abenduaren 3an euskal langileria deitu nahi dugu lan munduan urratzen zaizkion hizkuntza eskubideak salatzera. Horretarako, lan zentroetako LABeko kideekin harremanetan jarri edota sartu salaketa ELEBIDE eta BEHATOKIAN, Akuilari aplikazio berria erabiliz. 
 

 

 

Nafarroak lan eremua arautzeko ahalmena eskuratu behar du enplegu politika berria egiteko

LABek Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutu berriekin demokratizazioan aurrera egin eta sare publikoa ardatz gisa finkatu dela uste du, nahiz eta modu osagarrian erakunde pribatuen konkurrentzia mantentzen bada ere. 

Nafarroako Gobernuak Enplegu Zerbitzuaren estatutu berriak onartu ditu Dekretu bidez. Estatu horien gaineko balorazio zehatzari ekin aurretik, LABek gogoeta orokor bat egin nahi du: estatutu berriak ez ezik, Nafarroak lan eremua arautzeko ahalmena eskuratu behar du enplegu politika berria egiteko. Nafarroaren politika publikoak ezin dira mugatu enpleabilitatea, lan orientazioa edota enpresei begirako estimuluetara. Lan erreformak eragindako langabezia eta prekarietate testuinguruan, Nafarroako Gobernuak nahiz Parlamentuak lanaren eta ondasunaren banaketarako neurriak sustatu behar dituzte, lan harremanetarako eredu propioa egituratuz. 

Atzo onartutako estatutuei dagokionez, Nafarroako Enplegu Zerbitzua demokratizatzeko aurrerapausua suposatzen dute, %10eko ordezkaritza gainditzen duten sindikatuen parte hartzeari bide ematen diolako. Hala ere, estatutuak berritzeko prozesuan aipatu bezala, portzentaia horretara heltzen ez diren sindikatuei begira parte hartzeko bideak irekitzea eskatzen du LABek. 

Era berean, sindikatu nahiz patronalaren parte hartzerako guneak eta baliabideak banatzeko egitura bereiztu izana ontzat ematen du LABek, era horretan Patronala, UGT eta CCOOen praktika endogamikoak eragozteko; esku batekin eman eta bestearekin jasotzen baitzuten lehen. 

Bestalde, LAB sindikatuak egindako hiru ekarpen garrantzitsu jasotzen dituzte estatutuek: 

1. Enplegurako zerbitzuen sare publikoa, titularitate eta kudeaketa publikoduna, “enplegurako zerbitzuen sistema publikoaren ardatz egituratzaile eta funtsezko”tzat jotzen da (4.2 artikulua) eta eragile eta erakunde publikoek sustatutako ekintza guztiak sistema integratu batean biltzea planteatzen da (4.3 artikulua).

2. Hezkuntzako Sailak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Kontseiluan parte hartuko du, Lanbide Heziketako zuzendari orokorraren bidez. Lanbide heziketako ikastetxe publikoekin eta bereziki zentro integratuekin sinergiak sustatzeko neurri beharrezkoa da hau. 

3. Enplegurako sarbidean aukera berdintasuna bermatzeaz aritzen den 2000/78/CE Europako Zuzentarauari erreferentzia zehatza egiten zaio. Ildo honetan, Nafarroako enpresa askotan genero, afiliazio sindikal, jatorri edota beste edozein arrazoiengatik ematen den diskriminazioarekin amaitu beharra dago. 

Alabaina, enplegu politika aktiboetan erakunde pribatuen konkurrentzia eta zehazki sindikatu eta patronalaren parte hartzea osagarritzat jotzen da (4.4 artikulua). LAB irizpide honen kontra dago; LABen iritziz sindikatu nahiz enpresari elkarteek ordezkaritzaren araberako finantziazio publiko objektiboa jaso behar dute Nafarroako aurrekontuetatik, baina ez enplegu politika aktiboetako funtsetatik. 

Ildo honetan, aurrekontuen aurreproiektuan hitzarmenetarako diru-partida aldatu egin da: alde batetik, “CEN, UGT y CCOOekin hitzarmenak” izatetik “Sindikatu eta enpresari elkarteekin hitzarmenak” izatera pasa dira; bestetik, aurreikusitako diru kopurua %50,97ean murriztuko da, “enpresak bisitatu”, “triptikoak banatu” eta antzeko ekintzak aurreikusten zituzten hitzarmen polemikoak ezabatuz. LABen ustez neurri hauek ez dira nahikoak: aurrekontuen aurreproiektutik partida osoa ezabatzea eskatzen dugu, lehen aipatutako arrazoiengatik. Jarrera honekiko koerentziaz, aipatutako hitzarmenetara aurkezteari uko egiten dio LABek. 

Azkenik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan balizko parte hartzearen inguruan iritzia eskatuko die LABek bere sail sindikalei.
 

 

 

LABek elkartasuna adierazi nahi die PAME eta Greziako langileriari gaurko greba egunean

0

LABek elkartasun eta sostengua adierazi die PAME eta Greziako langileriari abenduak 3an deitu duten nazio mailako greba orokorraren aurrean. Siryzako Gobernuak langileen eskubideen aurkako neurriz beteriko 2016ko Estatu aurrekontuak aurkeztu ditu. Aurrekontu hauetan Gizarte segurantzako eskubideak urratu, erretiro adina igo, soldata eta pentsioetan murrizketa zorrotzak jasotzen dira. Langileen eskubideei eta bizi baldintzei egiten zaien beste eraso bortitza honi erantzuteko PAMEk nazio mailako greba orokorra deitu du gaurko.

PAME sindikatuari LABek igorritako elkartasun mezua
LAB expresses its solidarity and support with PAME and the Greek working class for the National General Strike on 3rd of December 2015

LAB expresses its solidarity and support with PAME and the Greek working class for the National General Strike on 3rd of December 2015.

The Greek Government of Syriza has Developer the State Budget for the 2016. This State Budget provides for anti-workers measures which will result to the abolishment of social security rights and increase in retirement age, drastic cuts in pensions and salaries. It is another attack by the Capital, the Greek government of Syriza and the European Union against the working class of Greece.

The capitalist test their anti workers in Greece to apply later in other Countries in European Union. These anti workers measures are implemented as well in the Basque Country by Spanish Government with the help of local capitalists. In consequence, the fight of PAME and the Greek working class is also a fight of the European class trade union movement.

Basque Country, 3rd of December 2015

 

 

 

LABek inplikazioa exijitzen die instituzioei sektore honetako prekarietatea eragozteko

Gaur, abenduak 3, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira LABek elkarretaratzea egin du kolektibo honek pairatzen duen prekarietatea salatzeko. Horrez gain baldintza duinetan lan egiteko eskubidea aldarrikatu dugu eta sufritzen dugun egoera ekiditeko neurriak hartzeko exigitu diegu Instituzioei.

Ez da nahikoa Zentro Berezien inaugurazioetara joatea eta adierazpenak egitea, gaitasun desberdinak dituzten pertsonak eta bertan lanean ari direnak prekarietatea eta soldata baxuak jasaten dituztenean. Ordua da instituzioak inplika daitezen, benetan.

Konbentzituta gaude horrela nahi bada eta beharrezkoa ahaleginak egiten badira pertsona hauek duintasunez iris daitezkeela lan-merkatura eta horretarako, instituzioek kontuan izan behar dute, euren obra edo zerbitzu askotarako pleguan ateratzen dituztenean, euretariko batzuk pertsona hauentzako gorde behar dituztela.

Iaz ere LABek mobilizazioak egin behar izan zituen enpresaren batean kolektibo honek zuen egoerarengatik, instituzioen esku-hartzea eskatu genuen eta kontuan dituzten klausula sozialen ezarreraren bidez pausoren bat eman den arren, egun bizi duten prekarietateari ekitea ere falta da.

Gaur abenduaren 3a Nazioarteko Eguna da baina euren lan eta ahaleginak eguneroko inplikazioaren beharra dauka. Eguneroko inplikazioarena gaitasun ezberdinak dituzten pertsonen kolektibo honek lanerako sarbide duina izan dezan, soldata nahikoarekin eta prekarietatearen zamarik gabe.

Jarduera egokien bidezko babesa ez da nahikoa, konpromisoak behar dituzte instituzioen aldetik errealitatea beste bat izan dadin eta errotik alda dadin. Horregatik LABetik lanean ari gara eta jarraituko dugu egunik egun mobilizatzen jarraituz kolektibo honek merezi duen arreta izan dezan.

Horregatik LABetik gaur gaitasun ezberdinak dituzten pertsonek duten enplegu duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu, eta egun sektorean bizi duten prekarietatea ekiditekoa. Horregatik dei egiten diegu instituzioei dagokien moduan eskuhar dezatela euren eskariak aintzat hartuz.
 

 

 

Langabeziak behera egiten du prekarietatearen igoeraren kontura

Enplegu Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera, azaroan errejistratutako langabezia 193.811 pertsonatakoa izan da Hego Euskal Herrian. Hauetariko erdiak baino gehiago emakumezkoak dira, %54,2 zehazki. 

Azaroa beti izan da hilabete ona langabezia murrizteko. Hobetzen ez dena enpleguaren kalitate kezkagarria da. Lan-merkatuaren bilakaera ikuspegi luzeagoarekin aztertuz, konprobatzen du langabeziak erreforma eta prekarietatearen kontura jaisten dela. Ezegonkortasun handiagoa dakar honek, laneko eskubide gutxiago eta soldata baxuagoak, azken batean, esplotazio handiagoa.

Hego Euskal Herriko kontratazioari dagokionez, nabarmendu behar da azaroan sinatutako kontratuen %93,5 aldi baterako izan zela. Baina hau ez da datu koiunturala. Hilabete bat falta da urte bukatzeko, urtarriletik hona sinatutako kontratuen %93,6 aldi baterako izan da eta ia %39 lanaldi partzialekoak.

Gainera, aldi baterako kontratuen erdiak hilabetea baino iraupen apalagoa du, aldi baterako kontratazioaren beste heren batek zehaztu gabeko iraupena duen bitartean. Datu hauek erakusten digute laneko errotazioa hartzen duen eskandaluzko neurria, eta honek lan-baldintza eta istripuetan dakartzaten ondorio garratzak sumatzea ahalbidetzen du.

Zentzu honetan, gure ustez zabor-enplegua sortzea pobreziako soldatekin, ezin da inolaz kontsideratu politika ekonomiko eta egindako erreformen arrakasta.

Azkenik, arreta deitu nahi dugu langabeziagatiko babesaren beherakada larriarengatik. Izan ere, egun langabezian dauden hiru lagunetatik bi ez du langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen. Prestazioen jasotzaile gehiago dago, baina erregistratutako langabezia kopuruetatik kanpo daude, hortaz, estaldura tasa kalkulatzerakoan ere ez dira “langabezian dauden prestazioen jasotzaileak”.

 
Hego Euskal Herriko langabeziagatiko prestazioen jasotzaileak

2015eko urria

Gizonak
Emakumeak
Guztira
Jasotzaileak guztira (SEPE)
80.944
Langabezian dauden jasotzaileak
32.953
32.368
65.321
Jasotako langabezia
89.810
106.785
196.595

Langabeziak eta prestaziorik gabe daudenak

56.857
74.417
131.274

Doitutako estaldura tasa

36,7%
30,3%
33,2%

Iturria: elaborado por LABek egina Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta SEPEko informazioen arabera.

Gasteiz, 2015eko abenduak 2  

 

 

Esplotaziorik gabeko Euskal Herria eraikitzera goaz

0


ERNAI eta LABen elkarlanaz herriz herri eta lantokiz lantoki borrokak pizteko eta esplotazioarik gabeko Euskal Herriaren erakuntzan aurrera egiteko gazteen prekarietatearekin amaitzeko aldarrikapen taula adostu eta publiko egin dugu gaur Bilbon. Prekarietateari aurre egin behar diogu, eta horretarako denok gara beharrezko. Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugulako, etorkizuna irabazteko dugulako, batu borrokara!

Gaur Bilbora Luis de Guindos Espainiako ekonomia ministroa etorri da “hazkundeaz” hitz egitera. Berarekin batera, beste hainbat borrero batuko dira, bapo bazkaldu eta etorkizunean aberastasunak gora egingo duela esanez amaituko dute bilera- antzerkia.

Bai, aberastasunak gora egingo du, baina ez langileon eta herri sektoreon aberastasunak, baizik eta bera eta bera bezalako enparau esplotatzaileena. Gu guztion miseria areagotuz beteko dituzte putre hauek beraien boltsikoak, gu guztion prekarietatean sakonduz handitzen dituzte haien mozkinak.

Gazteon egoera bereziki larria da. Aldi baterako kontratuak, langabezia, kanpora enplegua lortzeko emigrazio behartua, lan praktiketako baldintza eskasak… Gehienetan kontraturik gabe, segurtasun neurririk gabe eta soldata miserableekin.

Baina nazkatu gara! Gazteok ez gaude prest inposatu nahi diguten egoera onartzeko. Esplotaziorik gabeko espazioak irabazteko borrokari ekingo diogu, argi dugulako ezer ez digutela oparituko eta soilik borrokaz eta gure arteko elkartasunez lortuko dugula lapurtu nahi digutena: etorkizun duina izatea.

Etorkizuna da beraz jokoan duguna, eta horretarako ERNAI eta LAB-en elkarlanaz aldarrikapen taula adostu eta publiko egin dugu. Borrokarako tresna izango den taula, esplotaziorik gabeko Euskal Herria lortzeko borroka tresna. Gure eskubideak defendatzeko tresna.

Prekarietateari aurre egin behar diogu, eta horretarako denok gara beharrezko. Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugulako, etorkizuna irabazteko dugulako, batu borrokara!

 

 

 

EAEko Hezkuntza Sailak arriskuen prebentzioa murriztu du

0

LABek EAEko Hezkuntza Sailak 2016. urterako egin dituen aurrekontuak aztertu ditu, arriskuen prebentzioari dagokionez. Honen bidez salatzen dugu langileen zaintzara eta laguntza psikologikora xedatzen den partida murriztu dela. LAB kezkatu egiten du, atal honetan, %50eko murrizketa egin izanak.

Gertakari honek baieztatu egiten digu Urkullu buru duen Gobernuaren Hezkuntza Sailak, langileen osasunari dagokionez, zein den egin duen benetako hautua. Behin eta berriz salatu dugu, 27.000 langileez osaturiko talde honetan, arrisku psikosozialen egoerak izugarri kezkatzen gaituen gaia dela, hauetako gehienei ez zaielako arrisku psikosozialen ebaluaziorik egin.

LABek salatu du ez dagoela horretarako baliabiderik: EAE osoan zehar sakabanatuta dauden ehunka ikastetxetan diharduten 27.000 langileez arduratzeko teknikari psikosozial bakarra dago.

Langile hauetako asko prekarietate egoeran diharduten (baliabide eza, denbora eza, ikasleen premia bereziak artatzeko gabezia, etab) behin-behineko irakasleak dira. Askotan, etxetik abiatu eta kilometro asko egin behar izaten dituzte lanaldi murriztuak betetzeko, eta horrela puntuatu ahal izateko.

Beste alorretan, adibidez, sukaldeetako eta garbiketako langileen artean, eginkizunak eta betekizunak zehaztu gabe izateak estres egoerak eragiten ditu, eta horrek hamaika ika-mika dakartza berekin. Sailak eta Mutualia Mutualitateak hauen lan-jatorria ukatzen dute, eta norberaren gatazkatzat edo arazotzat jotzen dituzte.

Ez dezagun ahantz langile-kopurua murrizteak, hezkuntza berezian adibidez, lan-karga fisiko eta mentala handiagoa izatea ekarri duela, eta “burned out” egoerak sortu dituela ere.

Hau guztia arrisku psikosozialen arriskuak, hedabide guztietan, gainditzeke dagoen ikasgai gisa salatzen ari den unean gertatzen da. Frogatu da, medikuaren bajak eragiteaz gain, herri-diruaren xahutze garrantzitsua dakarrela.
Izatez, ekar ditzagun gogora Angel Toña sailburuak, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak egin zuen Goi-bileran esan zuena: “laneko segurtasunak eta osasunak “bere biziko garrantzia du” Eusko Jaurlaritzarentzat”.

Adierazpen hauek eta Lakuako gobernuaren Hezkuntza Sailak darabilen prebentzio dinamikak ez dute zerikusirik, eta izatekotan, zerikusi txikia dute.

Galdetzeke dago adierazpen horiek, prebentzioaren bidez, laguntzak eta subentzioak handi ditzaketen enpresa pribatuei esleitzen zaizkien bakarrik. Esleitu, mutualitateak gehiago finantzatzeko esleitzen dira (adibidez, Mutualia, Fremap, Asepeyo..).

Horren adierazgarri, aurten, 2015. urtean, Hezkuntza Sailak, arriskuen prebentzioari dagokionez, 300.000 eurotako aurrekontutik, guztira, 231.960 euro kanpora bideratu ditu.

LABen ustez, diru hori baliabide, langile eta bitarteko gehiago izango lituzkeen prebentzio zerbitzua handitzeko esleitu behar da, egiazko eta kalitateko prebentzioa gara dadin, eta sortuko diren lanpostuetan lanak inor gaixotu ez dezan. Kalitate txarreko prebentzioa ere prekarietatea da.
 

 

 

Langileen eskubideen alde Bankarako Euskal Hitzarmena orain

0


CIG, Intersindical CSC, ELA eta LAB kalean izan gara gaur AEBk Bankarako proposatzen duen hitzarmenak murrizketak eta prekarietatea dakartzaka salatu eta langileen eskubideak defentsarako Bankarako Hitzarmen propioak (Euskal Herrirako, Galiziarako eta Kalataluiniarako) exijitzeko.

CIG, Intersindical CSC, ELA eta LABen irakurketa
BANKAKO XXIII. HITZARMEN KOLEKTIBOA 

AEB-K NAHI DUEN HITZARMENAK MURRIZKETAK ETA PREKARIETATEA DAKARTZA. EZ DIEGU UTZI BEHAR 

BANKA HITZARMENAK EUSKAL HERRIRAKO, GALIZIARAKO ETA KATALUNIARAKO 

Sindikatu dei-egileok argi erakusten dugu gure desadostasuna Banka Hitzarmenaren “negoziazioa” eramateko moduarekin. 

Izan ere, ez gaude ados HAINBESTE URTEZ ETA HAIN KOSTATA LORTU DITUGUN ESKUBIDEAK EBASTEAREKIN. 

EZ DIEGU UTZI BEHAR guri etekin-ordainsariak OSTEN, EZTA ERE ANTZINATASUNA, opor-poltsa, gure herrietako jai nagusiak, zerbitzu-eginkizunetako prestazioak… EZ DIEGU UTZI BEHAR lan- kategoria berriak eta soldata ASKOZ TXIKIAGOEKIN EZARTZEN, MUGIKORTASUN GEOGRAFIKOA ZABALTZEN… besteak beste. 

Hori guztia bidegabea eta onartezina da, ETA BANKAKO LANGILEOK AURRRE EGIN BEHAR DIEGU. 

Ezin dugu onartu badaukaguna kentzea, edo sektorearen lan-baldintzak zeharo hondatzea datozen lankideentzat. Hurrengo lankideek gureak baino lan-baldintza askoz txarragoak izango badituzte, egungoko gureak ere beherantz joateko mehatxupean geratuko dira, eta gure lanpostuak arriskuan. Ez gaude batere ados estatuko sindikatuekin. CCOO eta UGT hasita daude uko egiten, gure lan- eskubideak defendatzeko borroka bertan behera utziz. Aretoetako eredu sindikal horrek kalte handia egin dio langileriari. 

Guk, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sindikatuok, egiaztatu dugu estatu-negoziazioaren bidez eskubideei uko egiten zaiela, eta gure esparruan negoziatzeko eskubidea –guk erabili nahi dugun eskubidea– kentzen zaigula. Gu sinetsita gaude negoziazio hurbilago batek emaitza hobeak emango zituela, eta gainera, subiranotasun-eskubideaz baliatze praktikoa izango zela. 

BANKA HITZARMEN KOLEKTIBO ZUZEN BATEN ALDE:MURRIZKETARIK GABE ETA SOLDATA-ESKALA BIKOITZIK GABE. 

NEGOZIAZIO-ESPARRU BANA EUSKAL HERRIRAKO, GALIZIARAKO ETA KATALUNIARAKO.