Euskal Presoen senide guztiei eta bereziki gaur goizean Madrileko epaitegi zentralean lekuko gisa deklaratzera derrigortuak izan diren 14 senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea burutu da Donostiako Probintzia Epaitegi aurrean. "Basta de acoso policial y judicial contra los familiares. Senide izatea ez da delitua" lelopean ehundaka pertsona bildu dira gizarte eragile, politiko eta sindikalekin batera, bertan izan da LAB ere.
JABI ABAUNZA
Jabi Abaunza euskal preso politikoak hasitako gose eta egarri greba gaur goizean bertan behera utzi duela iragarri du Etxerat Elkarteak.
LAB sindikatuak Frantziako Moulins espetxean ematen den eskubide urraketa salatu eta politika errepresiboen amaiera eta oinarrizko giza eskubideen errespetua exijitzen du. Konponbidearen eta bakearen garaia da, horrela eskatzen du gizartearen gehiengo zabalak.
Gehiengo Sindikalak deituta azken 2 aste hauetan Arcelor Mittaleko Sestaoko eta Zumarragako lantokietan gertatutako azpikontratatutako langileen bi heriotz istripuak salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu. Gaur Sestaoko lan zentroan egingo da eta bihar gainontzekoetan, Olaberrian ezik, hemen asteazkenean izango da.
Sestaoko konzentrazioa arratsaldeko 16:30etatik 17:30etara izango da gaur, bihar eguerdiko 13:30etatik 14:30etara Bergara, Zumarraga, Lesaka, Legasa eta Etxebarrin eta asteazkenean Olaberrian eguerdiko 13:00etan.
"LAN ISTRIPUZ GEHIAGORIK EZ, AZPIKONTRATAZIOAK HILTZEN DU!" lelopean burutuko dira elkarretaratzeak.
Uztailak 3 ortzirala Zahar Etxeko langileen deialdia babestuz 100 pertsona bildu ziren Elizondoko plazan Zahar Etxeko langileek pairatzen dituzten lan baldintzak salatzeko eta honen ondorioz Zahar Etxean etorkizunaren inguruan eta eskaintzen den zerbitzuaren inguruan bere kezka adieraztera. Kontzentrazioan IDEA enpresa pribatuaren gestioa salatu eta publifikazioaren aldeko jarrera azaldu zen.
Zahar Etxeko langile Komitearen irakurketa
Baztango Zahar Etxeko langileak gaur uztailak 3 ortzirala Zahar Etxean bizi den egoera salatzera atera gara, eta aldi berean Baztandar guztiei jakinarazi nahi izan diogu ez Zahar Etxeak ezta bertako langileok ere ezin dugula horrela jarraitu, nahikoa dela!
Gibeletik heldu den zerbaiten aintzinean gaude; hau da, 2009an Patronatuak onartutako pribatizazioaren ondorioak jasaten ari gara, eta denborak zoritxarrez bere garaian salatu egin genuena berretsi bertzerik ez du egin.
IDEA enpresak kudeaketa hartu zuenetik Zahar Etxearen egoera ekonomiko kaxkarra argudio bezala erabilita diru sarrerak gehitzen eta gastuak murrizten saiatu da etengabean, eta noski gastu murrizketa horretan langileen lan baldintzak ere sartu dira.
Gogoratuko duzute nola Lan hizarmenaren negoziaketa hilabete luzez blokeatuta egon zen enpresak behin eta berriz soldatak jeitsi behar zirela erraten zuelako. Azkenean borroka luzeen ondotik akordio batetara iritsi ginen, baino denborak erakutsi digu enpresaren nahiak ez zirela orduan bukatu eta toki batetik ez bada bertzetik murrizten saiatzen dela etengabe.
Konkretuki egoera abuztuan zuzendari berria sartu zenetik izugarri okertu da. Zuzendari berria sartu zenetik inposaketa eguneroko ogia izan da. Zahar Etxe guztain aldaketak egiten ari da langileekin eta langileen ordezkariekin deusetarako kontatu gabe, legeak erraten duena bete gabe eta inposaketa erabiliz arma moduan.
Barne promozioa desagertu da enpresan, inork oraindik garbi azaltzen ez digun arrazoiak direla medio. Enpresak langile batzuek titulurik ez dutela erabiltzen du aitzaki bezala, baino aldiz langile batzuk titulazio gabe ere kontratatu ditu. Honi gehitu behar zaio Nafarroako Gobernuak 2016 arte luzatu duela titulua ateratzeko epea; gauzak horrela IDEA langile batzuk baztertzen ari da, lanean ez daduden bertze langile batzuk kontratatuz. Egoera guzti honetan langile batzuk ikusita urteak daramatzela Zahar Etxean lanean eta beraien lan baldintzak hobetzeko aukerarik ikusten ez dutenez lana uzten ari dira egoera honekin nazkatuta.
Bertzetik enpresaren eta bereziki zuzendariaren jarrerak bereziki larritu egiten gaitu Zahar Etxeko langileei eta eskaintzen den zerbitzu publikoari dagokioenean. Zuzendariak guri horrela erranda berari enpresatik helburu ekonomiko batzuk jartzen zaizkio eta marjina hoeitan berak kudeaketa bertzeik ezin omen du egin. Guretzako honek berebiziko larritasuna du ez baikara ari industriako enpresa batetaz solasean zerbitzu publiko bati buruz baizik, eta konkretuki Zahar Etxe batetaz agureekin lan egiten den zentru bat eta menpekotasuna duen jendearekin lan egiten den zentrua. Filosofia horrek benetan beldurra eta kezka sortzen digu, eta uste dugu norabide okerrean doala.
Murrizketak eguneroko ogiak dira, ordezkapenak ez dira betetzen, bajak ez dira betetzen, eta ondorioz agureei eskaintzen zaien zerbitzua ez da egokia, gabezi nabariekin, eta oinarrizko beharrak bete gabe. Ondorioz egoera honek langileengan bakarrik ez, erabiltzaileen senitartekoen artean ere kexak sortu ditu.
Gauzak horrela eta aipatutako guztiarengatik kalera irten beharrean gaude, Zahar Etxeko langileengatik eta Zahar Etxearen etrokizunarengatik. Benetan sinisten badugu Baztango Zahar Etxeak kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaini behar diela Baztandarrei norabidea aldatu behar da. Bakoitzak bere eremuan ikusiko du zer egin behar den baino Zahar Etxearen hobebeharrez mesedez aldatu dezagun norabidea
Atzo, uztalilak 3, bi lan istripuren berri izan genuen. NERVACERO eta ARCELOR MITTAL SESTAO enpresetan izandakoak hain zuzen ere. LAB sindikatuak haien sendi, lankide eta gertuko guztiei elkartasuna adieraztearekin batera, Montajes Jauregi enpresa batzordeak, astelehenean, hilak 6, 16.30etan, Arcelor Mittal enpresaren sarreran egingo duen elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen du.
Bestetik, lan istripu baten ondorioz langile bat hil dela salatu behar dugu. Oraingoz informazio gutxi dugu. Sestaon, ARCELOR MITTAL enpresan izan da istripua eta azpikontratako langilea zen, MONTAJES JAUREGI enpresakoa. Istripua galdaketa jarraituan segmentuen aldaketa egiterako garaian eman da, langilea harrapatuta geratu da. Lan hau enpresaren produkzioarekin erabat loturik dago eta hala ere azpikontraturik dago.
Azken lan istripu honekin jadanik bi dira aste honetan Arcelorren izandako heriotz istripuak. Betiko moduan, azpikontrata bateko langilea zen, irabazi itzelak dituen multinazional batentzat lanean ari zen azpikontrata batean. Egoera honek garbi erakusten du gertatzen ari dena; irabazi enpresarialak langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik jartzen dituzte. Izan ere, Arcelor berak maiatzean lortutako irabaziak publiko egin zituen: 2015 lehen hiruhilabetean 546 milioi euroko irabaziak izan ditu, aurreko urtean 443 izan ziren garai berdinetan, hau da, irabaziak %40 egin du gora.
Aspalditik salatu dugu NERVACEROn eta ARCELOR MITTALen gertatzen ari dena: lan istripuak izkutatzen dituzte eta azpikontratazioa hedatzen ari dira. Gero eta gehiago azpikontraten bidez egiten diren produkzioko lanak. Hori gutxi izango balitz, ezaguna da azpikontratazioa langileen zatiketa eta lan baldintzen prekarizazioa bultzatuz gutxi batzuen irabaziak bermatzeko sistema kapitalisma honek asmatu duen formula dela. Enpresa nagusiaren kezka bakarra, etekinak handitzea da, ez dute inolako erantzunkizunik hartzen azpikontratetako langileekiko.
Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotz berri honekin, Euskal Herrian 2015ean gutxienez 32 langile hil direla. Azken hilabeteetan lan isturipuek gorakada nabarmena izan dute, 12 hildako hilabete batean. Zoritxarrez, bagenekien eta aspaldi salatu genuen egoera hau etorriko zela, azken urteetan eman den istripu indizeen beherakada ez baitzen prebentzio neurri gehiago hartu izanaren ondorio. Betidanik salatu egin dugu erreformaz erreforma, lan harremanak suntsitu dituztela, prekarietatea neurri gabe hedatzen ari dela eta noski honek eragin zuzena duela lan istripuetan. Lanera joatea, langile askorentzat, bizitza arriskuan jartzea da eta hau onartezina da.
Berriki Angel Toñak esan du “badirudiela” lan istripuen atzean prekarietatea dagoela. “Badirudiela” ez, oso ongi daki inposatu zaigun lan harreman eredu honen ondorioak zeintzuk diren. Heriotzera kondenatzen gaituen eredu bat da, eta kasurik hoberean bizitza duina ezinezko egiten duten baldintzetan bizitzera.
Horregatik, gure ustez, Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, paperean geratzen diren planak egiten jarraitu. Erabaki politikoak hartu behar dituzte egungo lan harreman eredua errotik aldatzeko.
Hau guztia dela eta, LABek mobilizatzen jarraituko du, langile zein jendartearen odolhuste hau geldiarazteko. Hala, Montajes Jauregi enpresa batzordeak, astelehenean, hilak 6, 16.30etan, Arcelor Mittal enpresaren sarreran egingo duen elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen du LABek.
Sindikatuaren baitan arloz alokako azterketa sektorial sakona egiteke badugu ere, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak adostutako Nafarroako Gobernurako Akordio Programatikoaren lehen balorazio publikoa egin nahi du LABek.
Arlo sozioekonomikoan, txalotzekoak dira Moderna Fundazioaren bertan behera uztea, baita Lan Auzitegia eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua bezalako instituzioen demokratizatzea edota eskubide eta askatasun sindikalen Behatokiaren sorrera ere. Alabaina, prozesu demokratizatzailea osatu gabea da eremu soziolaboralean, lan prestakuntza eta bestelako enplegu politika aktiboen publifikazioa “desakordioen” atalean geratu baita. Ildo honetan, zera ohartarazi nahi diogu Nafarroako Gobernu berriari: LABek ez du inolaz ere onartuko diru publikoz Patronala, UGT eta CCOOen egitura klientelarra mantendu dadin.
Emergentzia sozialari aurre egiteko neurri egokiak, eredu berria eraikitzeko apustu estrategiko eza
PP eta UPNren politika neoliberalek eragindako hondamendi soziala zuzentzeko hainbat neurri jasotzen ditu programak, hala nola Oinarrizko Errenta, Menpekotasun arloko murrizketen ezabaketa, etxegabetzeen kontrako eta etxebizitza eskubidearen bermerako neurriak, pentsioekiko osagarria edota zerbitzu sozialen sustapena. Horiei esker, milaka lagunen pairamendua arindu egingo da.
Hala ere, horrelako egoerak eragiten dituen eredu ekonomiko eta sozialarekin amaitzea izan beharko litzateke Gobernuaren apustu estrategikoa. Programan ildo horretako neurriak izan badirela ukatu gabe, eredu berria eraikitzera baino egungo ereduaren keriak zuzentzera bideratuta dago. Ildo honetan, eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko apustu estrategikoaren beharra nabarmendu nahi du LABek. Eta noski, hori posible izateko Nafarroaren burujabetza ekonomiko eta soziala eskuratu beharra dago, ekonomi, lan eta babes sozialerako esparru propioa eratuz.
Eredu publikoaren aldeko apustu garrantzitsua, erreforma fiskal ez nahikoa
UPN-PSNren politika publiziden ostean, zerbitzu publikoak berreraikitzeko apostua nabarmendu beharra dago. Akordioak hainbat neurri jasotzen ditu norabide horretan: Menpekotasunean, Osasungintzan eta Hezkuntzan egindako murrizketak atzera botatzea; pribatizazioak bertan behera utzi eta pribatizatutako zerbitzu batzuk berriz publifikatu, hala nola Ospitaletako sukaldeak edota osasun garraioa; edota Osasunbidea eta Hezkuntzarako Enplegu Publikoaren Eskaintza, zehaztu gabea bada ere. Zehazteke geratzen da, halaber, erabat pribatizatutako zerbitzu sozialen eremuan nahitaezkoa den aldaketa sakona. Osasungintzan konbenioak berrikusi eta Odolaren Bankuaren nahiz Osasun Ikerketaren Instituaren izaera publikoa bermatzeaz hitz egiten da, baina ez da argi eta garbi adierazten klinika pribatuetarako deribazioekin amaitzeko apustua; hauxe izango da, hain zuzen ere, LABek gogor aldarrikatuko duen helburuetako bat. Nafarroako Gobernuaren lan osasunari dagokionez, publifikazioaren aukerak aztertzea adostu da, baina horren kontra dauden mutuei hitza emanez. Hezkuntzari dagokionez, LOMCEren aplikazioaren kontrako jarrera, sexuen araberako bereizketa egiten duten zentroak ez finantziatzea edota 0-3 sare publikoaren aldeko apustua nabarmentzekoak dira.
Alabaina, arazo potoloena planteatzen den erreforma fiskala ez nahikoan datza. Izan ere, diru-sarrerak nabarmen areagotu gabe, ezinezkoa da sektore publikoarekiko inbertsioa nabarmen areagotzea. Eta horixe da, hain zuzen ere, Akordio Programatikoaren punturik ilunena: ez da Nafarroan duela urte batzuk zeuden diru-sarrerak berdintzera iristen ere. Bereziki kezkagarria da Akordioan jasotzen den Elkarteen gaineko zerga. Nafarroako Produktu Gordinetik enpresariek eskuratzen duten zatia jada langileek soldata bidez jasotzen dutena baino handiagoa den bitartean, 2013an 917 milioi euro jaso ziren PFEZaren bidez eta 194 milioi euro Elkarteen Zergaren bidez. Akordio Programatikoan planteatutako aldaketa txikiek ez dute desproportzio basati hau zuzenduko. Elkarteen Zergan planteatzen den “gutxieneko zorua” %13koa da, gaur egun jada %12,9koa den bitartean (2013ko datua); gainera, ez da baztertzen txikiagoa izatea ikerkuntzan inbertituz gero edota enpresa txikiei dagokionez. Labur bilduz, Akordio Progaramatikoan planteatzen den fiskalitateak nafar Patronalarentzat oso mesedegarria izaten jarraitzen du eta zerbitzu publikoen nahiz politika sozialen garapena mugatu egiten du. Horregatik guztiagatik, beste sindikatu eta eragile sozialekin batera mobilizazioetara jotzeko asmoa adierazten du LABek.
Politika ekonomikoa: arazoak identifikatu bai baina irtenbideak ez dira garatzen
Begi onez ikusten dugu arazoa lan kostuetan baino (Patronalak maltzurki nahi duen bezala) internazionalizazioan, kostu energetikoetan edota finantziazio arazoetan kokatzea. Baita irtenbide bezala kalitatezko enplegua eta ikerkuntza planteatzea ere, lehenengoa definitzen ez bada ere. Gainontzeko euskal herrialdekiko Nafarroaren isolamendua haustea edota ekonomia sozialaren aldeko apustua egitea ere nabarmentzekoak dira, Sodenaren eginkizunaz gutxi hitz egiten bada ere. Lan banaketaz hitz egiten da baina zehaztapenak falta dira: soldata jaitsierarik gabeko 35 orduko lan astea aldarrikatu beharko litzateke. Era berean, lan erreformarekiko arbuioa adierazten da, berau desaktibatzeko neurri zehatzak garatu gabe. Labur bilduz, hainbat kontzeptu egoki jasotzen dira baina praktikan garatzen ez badira, honako arrisku hau dago: Madrilen zehaztutako politika ekonomikoa eta lan erreforma izatea de facto Nafarroako errealitate ekonomiko eta laborala determinatzen dutenak. Jakina, horretarako lan harremanen marko propioa eraikitzea baldintza ezinbestekoa da.
Gogoeta orokorra: mobilizazio sozial eta sindikalerako garaia da
Akordio Programatikoaren alde positiboak garatu daitezen, erreforma fiskala bezalako alde negatiboak zuzendu daitezen eta oro har Aldaketa Sozialean aurrera egiten jarrai dadin, mobilizazio sozial eta sindikalaren beharra nabarmendu nahi dugu.
LABek, LOMCEri ateak itxi nahi dizkio, lege arrotza izateaz gain, atzerakoia eta baztertzailea ere badelako. Ate berriak ireki nahi ditugu Hezkuntza Sistema propioaren bidean, non hezkuntzak demokratikoa, partehartzailea, inklusiboa, euskalduna, hezkidetzailea eta laikoa izan behar duen.
Horrenbestez, LABek Nafarroako Gobernu berriari eskatzen dio Hezkuntza Propioa garatzeko pausuak eman ditzala eta ezinbeztez LOMCEren aplikazioa bertan behera utz dezala.
LABek elkartasuna adierazi nahi dio Greziako herriari, TROIKAREN mehatxuak eta ezarri dituen neurriak arbuiatzen ditu, eta Greziar herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen burujabetasuna aldarrikatzen du.
LABetik elkartasuna adierazi nahi diegu Troikaren eta gobernu kapitalisten aurka borrokatzeko grina agertu duten greziar langile eta herriari. Greziako herritarrek azken urteotan murrizketa egitasmoak eta “memorandumak” gaitzetsi dituzte mobilizazio eta itxialdiekin. Gaur, berriro ere, Troika Greziako herriak kalean arbuiatu zuena negoziazio mahaian ezartzen saiatzen ari da.
TROIKAk egin dituen mehatxuak eta ezarri dituen neurriak gaitzesten ditugu, porrot egin dutelako. Greziako zorra hazi eta hazi egin da, azken urteotan murrizketa latz eta zorrotzak ezarri arren. Europako potentzia inperialista nagusiak izugarrizko arpilatzea egiten ari dira eta gizartearen egoera sumingarria izatea eragin du; langabezia tasa %27koa izatera iritsita, ia biztanleriaren erdia txirotasunean eta gizarte-bazterketan bizi da.
Horretan ez zetzan, eta ez datza, Greziako herriaren irtenbidea. Ezarri diren murrizketek eta laztasun politikoek Greziako hiritarrei ondorio latzak jasan behar izatera eraman dituzte, aldiz, nazioarteko ekonomia handiek, TROIKAK, bankariek edota FMIk haien interesak bakarrik zaintzen dituzte, herritarrak pairatzen ari diren egoera larriaz kezkatu gabe. Doitze politika zorrotzek porrot egin dute, baina hala ere, betikotu nahi dituzte Grezia zigortzen jarraituz.
Beldurrez eta mehatxuz busti den kanpainari aurre eginez, Greziako herriak etengabe borrokatuz, duintasunaren eta herriei euren etorkizuna erabakitzeko dagokien eskubidea babestearen adierazgarri dugu. Herria zorpetuz odolustu nahi duten xantaia politiken aurrean, burujabetasuna eta erabakia gauzatzea bakarrik geratzen zaigu finantza eta ekonomia botere transnazionalen proiektua arbuiatzeko.
LABek Greziako herriaren borrokari, langileen nazioarteko mobilizatzeari eta Europako herriek Greziarekin, datozen hilabetetan, bat etorriz egingo diren mobilizazioei elkartasuna eta begirune osoa erakutsi nahi die. Honen haritik, euskal jendartea deitzen dugu parte har dezan deituko diren mobilizazioetan Greziako herriaren burujabetza aldarrikatzeko, eta kapitalaren ebasterik gabe eta murrizte eta zorroztasun politikarik gabe erabaki ahal izan dezan.
Bestelako Europa posible delako, Herrien Europa Sozialaren alde!
Merkatuaren Europari ez!
Enplegu Ministerioak jakin berri dituen langabezia eta Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek nolabaiteko lasaitua ekarri diote langileriak pairatzen duen egoera jasanezinari. Hala ere, gogorarazi behar da lan-merkatuak krisialdi egoeran dirauela. Prekarietatea ala langabezia? Galdera honekin egiten dute topo alfer-alferrik lan bila dabiltzan edota langabezia aldiak oso iraupen motzeko aldi bateko lanekin tartekatzen dituzten milaka eta milaka euskal langileek.
Erreforma horien bidez helburu bikoitza lortu dute. Alde batetik, kaleratzeak erraztu eta merketu dituzte, krisialdiaren gordinenean enpleguaren suntsiketa erraztuz. Eta bestetik, apurka-apurka suntsitu den enplegua kontratazio berrien bidez ordezkatzea erraztu da (halaxe eskatuko duenean ekonomia aldiak), baina beti ere, baldintza kaskarragoetan eta soldatak askoz ere apalagoekin.
Horren ondorioz, kezka handiz egiaztatu dugu prekarietatearen alderdiak etengabe larriagotzen ari direla Hego Euskal Herrian:
• Enpleguaren ezegonkortasuna eta ahultasuna areagotu da. Ekainean sinatu ziren kontratuen %94,4a aldi batekoak izan ziren, eta horien batez besteko iraunaldiak nekez gainditzen zituen 21 egunak.
• Soldata-debaluazi prozesuek eta lanaldi partzialeko lanen eta azpi-enpleguaren beste erak ugaltzeak, oro har, soldatak ikaragarri jaitsi izana eragin dute; egoera hau bereziki oldarkorra gertatu da ordainsari apalenak jasotzen dituztenen artean. 2010 eta 2013. urteen artean, soldatarik apalenek eros ahalmenaren %28a baino gehiago galdu dute.
• Langabeziatik babesteko baliabideak ahuldu dira. Langabezia-estalduraren tasa %33,6ra arte jaitsi da (beste hedabideek oker ezagutarazten duten %40,4aren azpitik); horrela, hiru langabetutik bik ez du inolako langabezia saririk jasotzen.
|
Hego Euskal Herrian, langabezia-sariaren hartzaileak
|
|||
|
2015eko maiatza
|
Gizonak
|
Emakumeak
|
Guztira
|
|
Hartzaileak guztira (SEPE) |
–
|
–
|
83.230
|
|
Hartzaile langabeak |
35.390
|
33.852
|
69.242
|
|
Langabezi erregistratua |
96.169
|
110.014
|
206.183
|
|
Prestaziorik gabeko langabeak |
60.779
|
76.162
|
136.941
|
|
Doitutako estaldura-tasa |
%36,8
|
%30,8
|
%33,6
|
Iturria: LABek landua, Lanbideren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta SEPEen datuokin.