2026-10-02
HomeEkintza SozialaHiru langabetutik bik ez du langabezia-saririk jasotzen

Hiru langabetutik bik ez du langabezia-saririk jasotzen

Enplegu Ministerioak jakin berri dituen langabezia eta Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek nolabaiteko lasaitua ekarri diote langileriak pairatzen duen egoera jasanezinari. Hala ere, gogorarazi behar da lan-merkatuak krisialdi egoeran dirauela. Prekarietatea ala langabezia? Galdera honekin egiten dute topo alfer-alferrik lan bila dabiltzan edota langabezia aldiak oso iraupen motzeko aldi bateko lanekin tartekatzen dituzten milaka eta milaka euskal langileek.

PSOEren eta PP-ren gobernuek onartu dituzten ondoz ondoko lan erreformek sakoneko aldaketak ekarri dituzte lan merkatua eta lan harremanetan, eta honek prekarietatea eta enplegu-zaborrak bizkortasun handiz hedatu izana ekarri du.

Erreforma horien bidez helburu bikoitza lortu dute. Alde batetik, kaleratzeak erraztu eta merketu dituzte, krisialdiaren gordinenean enpleguaren suntsiketa erraztuz. Eta bestetik, apurka-apurka suntsitu den enplegua kontratazio berrien bidez ordezkatzea erraztu da (halaxe eskatuko duenean ekonomia aldiak), baina beti ere, baldintza kaskarragoetan eta soldatak askoz ere apalagoekin.

Horren ondorioz, kezka handiz egiaztatu dugu prekarietatearen alderdiak etengabe larriagotzen ari direla Hego Euskal Herrian:

• Enpleguaren ezegonkortasuna eta ahultasuna areagotu da. Ekainean sinatu ziren kontratuen %94,4a aldi batekoak izan ziren, eta horien batez besteko iraunaldiak nekez gainditzen zituen 21 egunak.

• Soldata-debaluazi prozesuek eta lanaldi partzialeko lanen eta azpi-enpleguaren beste erak ugaltzeak, oro har, soldatak ikaragarri jaitsi izana eragin dute; egoera hau bereziki oldarkorra gertatu da ordainsari apalenak jasotzen dituztenen artean. 2010 eta 2013. urteen artean, soldatarik apalenek eros ahalmenaren %28a baino gehiago galdu dute.

• Langabeziatik babesteko baliabideak ahuldu dira. Langabezia-estalduraren tasa %33,6ra arte jaitsi da (beste hedabideek oker ezagutarazten duten %40,4aren azpitik); horrela, hiru langabetutik bik ez du inolako langabezia saririk jasotzen.

 
Hego Euskal Herrian, langabezia-sariaren hartzaileak
2015eko maiatza
Gizonak
Emakumeak
Guztira

Hartzaileak guztira (SEPE)

–
–
83.230

Hartzaile langabeak

35.390
33.852
69.242

Langabezi erregistratua

96.169
110.014
206.183

Prestaziorik gabeko langabeak

60.779
76.162
136.941

Doitutako estaldura-tasa

%36,8
%30,8
%33,6

Iturria: LABek landua, Lanbideren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta SEPEen datuokin.

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.