2025-12-16
Blog Page 1108

GAIKER-IK4ko langileek bizi duten egoera latzaren aurrean zentroaren kudeaketan aldaketak eskatzen dituzte

GAIKER-IK4ko langileak azkenaldiko asteazkenero bezala, honetan ere enpresaren aurrean, Bizkaiko Parke Teknologikoan enpresak dituen instalazioetan, kontzentratu dira “Zuzendaritza eraginkor baten alde” lelopean, bizi duten egoera latzaren aurrean zentroaren kudeaketan aldaketak eskatzen dituztelarik.

GAIKER-IK4 I+G+Bean jarduten duen etekin gabeko fundazio pribatua da. Euskal herriko Zientzia sareko partaide da eta 16 enpresa pribatu eta instituzio publikoekin: Bizkaiko foru aldundia, Eusko jaurlaritza eta Euskal herriko unibertsitatearekin (UPV/EHU) osatutako patronatu batek zuzenduta.

Gaur egungo zentroaren egoera ulertzeko 2011ra jo behar da, ekonomikoki galera garrantzitsuak izan zuten urtea, batez ere, I+Gean diru-laguntza publikoetan eta enpresa pribatuetan ikerketarako inbertsioan egin ziren murrizketengatik. Egoera hau ez da hobetu azkenengo urteetan, 2014an egoera kritiko batera helduz, %28ko galerekin burututako urtea.

Galeren joera hau eta Eusko Jaurlaritzako ekonomiaren garapena eta lehiakortasun saila burutzen ari den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sarearen berrantolaketa kezkagarria da, Euskal Herrian I+Gean lanean dihardutenen lanpostuen kopuru handia kolokan jarriaz. Langileek adierazten duten bezala, zentro teknologiko bateko langile kopuruetan murrizketa egonez gero, kalterako izango da bai zentroaren berarentzat, bai sustraituta dagoen tokiko jendartearentzat. Lanpostuen galera honek ezagutzan eragin zuzena izanik, zentroak berak I+Gean oinarritatuko proiektu berrien aurrean lehiakortasuna galtzen du, bere diru iturri nagusia, eta baita ikerlari hauek lanean egin dituzten inbertsio ekonomikoa ere.

Azkenengo urteetan, GAIKER-IK4ko zuzendaritzak ekonomikoki atera dituen emaitza kaxkarrak gutxitzeko gastu sozialeko kostua murriztearen aldeko apostua egin du. 2013an 2012ko lan erreforma aitzaki hartua, abenduko aparteko soldata kendu zuen lan baldintzen funtsezko aldaketa baten bitartez. Horrez gain, 2014an , uztaileko aparteko ordainsaria ez zen ordaindu eta bigarren LBFAren medio abendukoa ere kendu zuten. Hau guztia gutxi ez bada ere, 2014aren bukaeran 6 kaleratze gauzatu ziren eta 2015erako indarrean dagoen EREa aurkeztu zen.

GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoko langileok ziur gaude, garaiz hartutako erabaki eta ekintza egokiekin, neurri hauek leuntzeko aukera egon zitekeela, zuzendaritzak enpresa komiteak 2012tik etengabe egindako proposamenei entzungor eginez aurrera egin izan ez balu. Arrazoi hau dela medio kudeatzaileei zentroaren kudeaketa ereduan aldaketak egitea exijitzen diete; bideragarritasun plan serioa aurkeztea, objetiboki egindako lan banaketa, eta zentroko langile bakoitzari dagokion funtzio eta ardurekin bat datorren ordainsarien berrantolaketa, enpleguaren mantentzea eta zentroaren etorkizuna bermatuko dituena.
 

 

 

Osakidetzako Enplegu Publiko Eskaintzako azterketa euskaraz egiteko oztopoak salatzen ditu LAB sindikatuak

Osakidetzan euskaraz lan egin ahal izateko eskubidea onartua eta arautua dago. Are gehiago, aukera hori bultzatu beharra ezartzen du Osakidetzaren II Euskara Planak. Praktikan, ordea, eskubide hori gauzatu ezina egiten duten erabakiak hartzen ditu Osakidetzak. Erdara da Osakidetzako hizkuntz “arrunta”, eta erdararen unibertsotik hartzen dira erabakiak.

Euskal Herrian gaur egun ikasle kopuru haundi batek euskaraz burutzen ditu bere ikasketak. Lan munduan euskaraz eta euskaratik aritzeko prestatuak daude, beraz. Osasungintzan ere, modu naturalean euskaraz bizi eta aritzeko gai, kalitatezko zerbitzu elebiduna eskaintzeko prestatuak.

Une honetan Osakidetzak Enplegu Publiko Eskaintza egin du, jadanik milaka herritarrek eman dute bertan parte hartzeko izena, eta jarriak dira azterketa prestatu ahal izateko materiala eta bibliografia eskuratzen.

Euren ikasketak euskaraz egin dituztenek Osakidetzako EPEko azterketak euskaraz prestatu eta egin ahal izango dituzte? Zoritxarrez, ez. Adibidez, erizain, mediku, fisioterapeuta, emagin eta laborategi teknikari kategoriako EPE azterketak prestatzeko Osakidetzak jakinarazi duen bibliografia gehiena erdaraz soilik dago. Ikasgaiak erdaraz daude eta erdaraz ikasi behar dira. Hori horrela izanik, ikasgaiak erdaraz ikasi behar izan dituzten euskaldun gehienek EPE azterketa hizkuntza berdinean, erdaraz, egingo dute, ulergarria denez.

Arazo horretaz gain, aipagarria da Osakidetzako kategoria guztietako EPE azterketak jatorriz erdaraz prestatzen direla, eta euskarazko bertsioatako itzulpenak sarritan halamoduzkoak izaten dira, ulergaitzak erabat.

Guzti honen ondorioz euren eskola edota unibertsitate ikasketak euskaraz burutu dituzten gehienek amore eman eta Osakidetzan sartzeko frogak erdaraz prestatu eta burutzen dituzte. Osakidetzan euskaraz bizi nahiko genukeen langile-gai eta langileok lehen egunetik erdaraz bizi eta lan egitera kondenatuak gaude. Izan ere, esan beharrik ez dago Osakidetzan lanpostua eskuratu ezkero lan hizkuntza, lan tresnak, guztia, erdaraz dela.

Berriro ere, Osakidetzako buruzagien hitz politez haratago, euskaraz bizi ahal izatea posible egingo duten erabaki eta neurriak eskatzen ditugu. Zehazki, Enplegu Publiko Eskaintzako azterketei dagokionez, euskaraz prestatu eta egin ahal izateko eskaera egin diogu Osakidetzari. Enplegu Publiko Eskaintzan euskaraz jadanik dagoen bibliografian oinarrituriko euskarazko azterketak prestatu eta euskarazko bibliografia hori zabaltzeko neurriak hartu ditzala eskatu du LAB sindikatuak.
 

  

 

Hutsune ordezkaezina utzi digu Periko Solabarriak

Lokatzetan uzten dira oinatzak, kalean, eta ez alfonbra gorrietan! Gaur, inoiz baino gehiago, gogoan ditugu Periko Solabarriaren hitzak. Hitzak, eta ekintzak. Joan egin zaigu, ordezkaezina den hutsunea utziz, bai LABeko militante moduan, bai euskal herritar konprometitu gisa. Galera handi honen aurrean gure samina eta besarkadarik sentituena helarazi nahi diegu bere familia eta gertuko guztiei. 

Hitzekin eta ekintzekin janzten zuen Perikok bere eguneroko jarduna. Beti koherente, beti tinko. Langile borrokalari eta langileen eskubideen defendatzaile nekaezina zen.
Euskal herri euskalduna, sozialista eta burujabea helburu, duintasunak eta etengabeko lanak ezaugarritzen zuen. Ekintzekin eraikitzen baitzen eredua, hala zioen eta horrela erakutsi zigun LABeko militante gisa langile-borrokari eginiko ekarpen eredugarrian ere.
Kalea izan du lantoki azken hatsa eman arte. Injustizia politiko eta sozialen aurkako borrokan, izan etxegabetzeak, izan lan gatazkak, izan kutxen pribatizazioa, izan legez kanporatzeak, izan bazterketa sozialaren salaketa… Euskal Herrian eskubide politiko eta sozialen aldeko borroka non, Periko han.
Eredu dugu Periko, eta haren militantzia. Eta horrela gogoratuko dugu, gure eguneroko borroketan bidelagun. Berak herria maite zuen, eta herriak bera. Perikorekin hasitako bideak aurrera darrai. Eta berak egindako ekarpena gurekin geratzen da.
 

 

 

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok lan istripuen aurkako borroka indartzeko akordioa berretsi eta indartu dugu

0

Lan-ezbeharren egoerak oso larria izaten segitzen du Hego Euskal Herrian. Azken urteetan hildakoen kopuruan izan den hobekuntza jarduera ekonomiko txikiagoaren ondorioa izan da gehienbat, ez da izan aplikatu diren politika publikoen emaitza. 2015. urtean ere 24 langile hil dira jada lan istripu baten ondorioz. Ez dira zorte txarraren ondorio, istripu hauek ekidin zitezkeen lan baldintza egokiekin eta prebentzio neurri egokiak hartu ezkero, horregatik hildako bakar bat ere izugarri da. Gaixotasun profesionaletan egoera are eta larriagoa da, kasu honetan arazoaren zati txiki bat azaleratzen baita.

Ezbeharren egiturazko arrazoiak lan merkatuaren gero eta prekarietate handiagoa eta enpleguaren kalitate txarra dira: azpikontratazioaren maila izugarri altuak, lan-erritmo itogarriak, lanaldi partzialak gora egin izana, eta prestakuntzarik eza… Egoera okerrera doa. Gainera, lan-istripuen estatistika ofizialek ez dute egiazko egoera erakusten. Lan merkatuan gero eta handiagoa da prekarietatea, eta horren ondorioz, ezkutuan gelditzen ari dira hainbat eta hainbat lan ezbehar.

Azken urteetan bizitzen ari garen atzeraldi ekonomikoaren ondorioz, enpresa askotan prebentzio arloko inbertsioa bertan behera geratu da edo nabarmen murriztu, langileen osasunaren kaltetan. Hala ere, enpresariei ez zaie inolako erantzukizunik eskatzen arlo honetan. Errekuperazioaren fasean sartzera omen goaz. Errekuperazio hori prekarizazio prozesuan sakonduz egin da eta ez dugu langileon lan osasunean inolako hobekuntzarik espero.

EAEko eta Nafarroako administrazioek ez dute hartu ez politika publikorik, ezta behar den neurririk ere, arazo horren arrazoiei behar bezala aurre egiteko. Administrazioak aplikatzen ari diren murrizketak eta doikuntzak egoera larria areagotzen ari dira. Baliabiderik ezak agerian uzten du ez dagoela borondate politikorik lan-osasuna babesteko, defizit hori propagandaren bidez betetzen saiatzen badira ere

Hitzak hitz, Hego Euskal Herriko administrazioek ontzat ematen dituzte prekarietatea, kontratazioaren arloko lege-iruzurra eta kontrolik gabeko azpikontratazioa. Bat egiten dute Confebask eta CENen interesekin. Horiek horrela, Osalanek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta Lan Ikuskaritzak ez dituzte beren eginkizunak betetzen lan-arriskuen prebentzio arloan; hau da, enpresa arau-hausleei jarraipena egitea, kontrolpean edukitzea eta zehapena ezartzea.

Arazoa ez dago agenda politikoan. EAEn onartu den 2015-2020ko Lan Segurtasun eta Osasunaren Estrategiak eta Nafarroako 2015-2020 III. Planek egoera hori berretsi dute, ez dago sakoneko aldaketarik politika publikoetan.

ERANTZUNA INDARTUKO DUGU

Egoera honen aurrean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok lan istripuen aurkako borroka indartzeko akordioa berretsi eta indartu dugu.

Arazoaren larritasunaren ikusita, lan ezbeharren aurkako borrokan indarrak bateratuko ditugu eta erantzuna sendotu. Arlo honetan aurrera eraman beharreko ekintza sindikalean eraginkorragoak izan nahi dugu; lantokietan erantzuteaz gain, gaia kalera atera eta gizarteratu.

Horretarako, istripua gertatu den enpresetako langileen parte-hartzea bilatuko dugu eta kasu bakoitzean erantzun sindikal irmoena emango dugu:

– Istripu hilgarri traumatikoetan, hogeita lau orduko lanuzteak bultzatuko ditugu.
– Istripu hilgarri ez traumatikoak ere kasuz kasu aztertuko ditugu eta ahalik eta mobilizaziorik eraginkorrenak sustatu.
– Istripu hilgarrien kasuetan ez ezik, istripu larri eta oso larrietan ere erantzun sindikala antolatzen hasiko gara.
– Gaiaren sozializazioan aurrera egiteko, herri eta eskualdeetan garatu daitezkeen mobilizazio sozial anitzetan parte hartuko dugu.
 

 

 

PNV eta PSE bezalako alderdiek bezalakoek aipatzen duten “aldaketaren” atzean berdina egiten jarraitzeko borondatea dago

PNV eta PSE bezalako alderdiek bezalakoek aldaketa aipatzen dutenean honako hau esan nahi dute: bide berari eustea agintzen zuten lekuetan eta agintzen ez zutenetan berriro ere lehen egiten zuten gauza bera egitea.

Bi adibide nahikoa dira esaten dugu hau justifikatzeko:

• Euskateleko zuzendariek 50 milioi euro inguruko dibidenduak jaso izana kapital finantziarioari akzioen %70a saldu izanagatik. Euskaltel gure ehun produktiboarentzat oinarrizko enpresa da eta enpresa publikoa izan beharko luke, lehen izan zen moduan. Harrigarria da Gasteizko Gobernua horregatik eskandalizatzea orain, beren alderdikideek Kutxabanken erabaki dutenean operazio hau aurrera eramatea. Enpresen eta zerbitzu publikoen pribatizazioa espekulatzaile eta gestoreentzako negozioa da, hartzen dituzten erabakiekin aberasten dira.

• Jose Luis Bilbao jauna izendatzea Kontuen Auzitegiko Lehendakari gisa. Pretsona honek bere momentuan onartu zuen, erakundeetatik interes partikularren mesedetan, “maletak” erabiltzen zirenaren berri zuela, baina ez zuen salatu. LABen iritziz pertsona honek ezin du Kontuen Auzitegiko Lehendakari izan. Hori da bere gestioan aplikatuko duen politika? Iruzurrak alde batera uztea, salatzeak edo ez izango lukeen egokitasun politikoaren arabera?
 

 

 

Kutxabanki buruz, plataformak egiten duen proposamena jarraituz berme fondoa ez litzateke beharrezkoa izango

Gobernu espainiarrak lege dekretuz, beste gai batzuren artean, fundazio bankarioak Kutxabanken akzioen kontrola mantentzeko finkatzen duen berme fondoaren zenbatekoaren inguruan agerturiko albisteen harira, Kutxabank ez pribatizatzearen aldeko eta euskal sistema finantziero publikoaren plataformak honakoa adierazten du:

• 250 milioko fondoa osatzea, Kutxabankera kapital pribatua sartzeko pausu estrategikoa litzateke El Correo egunkariko albistean jasotzen den bezala, hau denbora irabazteko modua baino ez da. Era honetara, epe laburrean interes espekulatzaile pribatuek, milaka pertsonek Kutxabanken jarritako aurrzkien kontrolarekin egitea ahalbideratzen du.

• Ez Kutxabanken zuzendariek, ez pribatizazioari babesa eman dioten alderdi politikoak ez dira konprometitu Kutxabanken akzioak kapital pribatuak eros ez ditzan, ez Kutxen paper sozial eta publikoaren alde egitera ere.

Egungo egoeraren aurrean bi alternatiba daude:

• Kutxabank Euskaltelen jarraitzen ari den bide orria. Ehuneko ehunean enpresa publiko izatetik sozietate anonimoa izatera igaro da, datorren uztailak 1ean akzioen %70a kapital pribatuaren eskuetan utzi nahi da, horregatik enpresako zuzendariei 48 milioi euro kobratuko diete bai dirutan eta bai akzioetan ere. Esanguratsua da, zentzu honetan Euskaltelen egungo presidentea Alberto Garcia Erauskin BBKren fundazioaren presidente ordea den Sagredo Jaunaren ahoulkulari izatea. Pribatizazio prozesu honetan irabazten irteten diren bakarrak, interes espekulatzaileak eta dibidendo aberatsak banatzen dituzten zuzendariak dira, Euskaltelen bezala.

• Gehiengo sozial eta sindikalak Fundazio Bankarioen esku dauden Kutxabanken akzioak, entitate publiko sortzaileei bueltatzea planteatzen aritu da, horretara, kontrol publiko eta soziala bermatuko litzateke, berme fondorik sortu beharra ere ekidingo litzateke modu horretan.

Gure proposamenekin aurrera egingo dugu. Egunak aurrera joan ahala, gero eta argiago dago gure aukera dela herri honen beharrizan ekonomiko eta sozialak asebeteko dituena.
 

 

Adinekoen eta pentsiodunen gizarte-baliabideen gida

LAB Sindikatuaren Pentsiodunen arloak egiten duen ekintza sindikalean oinarrituz eta Gizarte-Baliabideen Gida honen bidez, informatu nahi ditugu, nahi izango luketen Adineko pertsona eta Pentsiodunak, esparruetan eta gai ezberdinetan dauzkagun bitartekoez. Egun eskuragarri dauzkagun baliabideez ari gara, baina hala ere, esan, hauek guztiz eznahikoak ditugula adineko eta pentsiodun askoren minimo duin eta txukunak bermatzeko. Hortaz, gida honen bidez informatu nahi izateaz gain, erakundeei gizarte eskubideak eta eskubide ekonomikoak eskatzen jarraitzearen beharraz kontzientziatu nahi ditugu adineko pertsona guztiak. 

{edocs}http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/Arloak/helduEtaPentsiodunak/15_06_23Gida/adinekoenEtaPentsiodunenGida.pdf,190,305,link{/edocs}Euskaraz

{edocs}http://www.lab.eus/materiala/argazkiak/Arloak/helduEtaPentsiodunak/15_06_23Gida/guiaPersonasmayoresYPensionistas.pdf,190,305,link{/edocs}Castellano

 

 
 

Uda garaian ere osasungintza arloan atzerapausorik ez dugu onartuko

Osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da. Egoera hori okertu egiten da nabarmen hainbat momentutan, zerbitzuen berrantolaketak edota langileen ordezkapenak euskara kontutan hartu gabe egiten direnean, adibidez. Uda garaian arazo horiek handitu egiten dira. Aurten, egoera hori errepikatu ez dadin, prebentzio lana egin dezaten eskatu diogu Osakidetzari zein Osasunbideari hainbat eragilek: Kontseiluaren baitan biltzen den osasungintza lantaldeko (Behatokia, EHE, OEE, Topagunea eta UEMA) kideekin batera, LAB sindikatuak, Medikuntzako Asanbladak eta Berdin elkarteak.

Herritarrek osasun asistentzia euskaraz jasotzerako orduan dituzten arazoak jakinarazteko bidea errazteko asmoz formularioa sortu da, www.euskarazbizinahidut.eus webgunean.

Hizkuntzen normalizazio prozesuetan Osakidetza edo Osasunbidea bezalako zerbitzuen euskalduntzearen garrantzia handia da. Alde batetik, egunero milaka herritarrek erabiltzen duten oinarrizko zerbitzua delako eta bestetik, bertan milaka langilek lan egiten dutelako. Gainera, herritarren ikuspegitik osasun asistentzia oinarrizko eskubidea dela ere gogoratu behar dugu. Bestetik, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak honakoak esaten dituela ere gogoratu behar dugu: 1) “Hizkuntza komunitate bateko edozein kidek eskubidea du bere hizkuntzan erlazionatzeko eta harrera izateko hizkuntza hori berezkotzat duen lurraldean bere baitan dauden botere publikoen eta administrazio-dibisioen aldetik…” 2) Pertsona orok du eskubidea lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko.

Aitzitik, gaur egun, osasun alorrean hizkuntza-eskubideen urraketa etengabea da. Horrela egiaztatzen du urtez urte Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten duen urteko txostenak, zeinak osasun alorra beltzune izendatzen duen urterik urte. Eta guk, euskaldunon osasunerako eskubidea, euskaldun gisa errespetatua izan dadin nahi dugu.

Hutsuneak osasun alorraren arlo desberdinetan ematen badira ere, langileen kontratazioei egin nahi diegu erreferentzia oraingoan. Izan ere, langile elbidunen kontratazioan hutsune handia dago oraindik. Hutsune hau, gainera, are gehiago okertzen da ordezkapenen kasuan, izan ere, urte osoan zehar eta udaran bereziki ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Izan ere, ordezkatzen den lanpostuko eta berau kokaturiko zerbitzuaren euskalduntze mailan atzerapausoak ematen dira sarritan.

Administrazioak, kasu honetan Osakidetzak eta Osasunbideak, hartu behar dituzte dagozkien neurriak herritar eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen, ezin baitugu ahaztu administrazioei dagokiela eskubideak bermatzea, baita hizkuntza-eskubideak ere. Ildo honetan, aipatu nahi dugu aukera bat galdu duela Osakidetzak euskalduntzerako 2. plangintzaldian eta ez zuelako kontuan hartu aurrekoak eman zituen ondorioak eta berriz ere, beste urte batzuetan egoera hau luza dadin eragiten ari da. Hori agerian geratu zitzaigun 2014ko udan.

Iaz, hainbat osasun zerbitzuetan gertatu ziren arazoei irtenbide partzialak eman zizkien Osakidetzak, beti ere herritarrek eta hainbat herritako eragile eta instituzioek elkarlanean egindako presioak eraginda. Baina argi esan nahi diegu ezin dugula denbora gehiagoz egoera hau onartu eta aurten horrelakorik ez gertatzea espero dugula; alegia, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea espero dugu. Ez dugu onartuko, iaz gertatu zen moduan azaleko konponbideak ematea, erroko aldaketa behar dira benetan hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen. Era berean, ez da onargarria leku batean sortutako hutsunea betetzeko beste batean hutsunea eragitea, beti ere langile elebidunak zigortuz, Arrasaten egiten asmoa duen moduan.

Aurretik esan izan dugun moduan, Osakidetzaren eta Osasunbidearen euskalduntze prozesuek ongi antolatutakoak izan behar dira, plangintzatuak eta baliabidez hornitutakoak. Besteak beste, zerbitzuen antolaketan neurriak hartu, langileria euskalduntzeko egitasmoak abiatu eta lana euskaraz egin ahal izateko bitartekoak ezarri behar dira. Bestalde, gauden garaian egonda, ez da onargarria, oraindik ere euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz emateko gaitasunik gabekoak kontratatzeko bidea zabalik egotea. Osakidetzaren kasuan, benetako euskalduntzea baldin bada helburua, jadanik neurri estrategiko horiek hartu behar dira.

Osasungintza euskalduntzeko bide horretan, eremu euskaldunak, UEMAk ordezkatzen dituen udalerriak, lehentasunezkoak izan beharko lukete, bereziki hauskorrak diren herriak direlako eta bertako errealitate soziolinguistikoari kaltea eragin diezaiokeelako. Horretaz gain, Osakidetzako unitate eta zerbitzu guztietan, kontratazio ebentuala egitean honakoa bermatuko da: zerbitzu edo unitateetako normalizazio egoeran atzerapausorik ez ematea inongo kasutan.

Osasun alorrean oso ezaguna da prebentzioa. Eta osasungintzako arduradunek aski ongi dakite prebentzioa beti dela egokiagoa zaintza aringarriak baino. Hortaz, euren eguneroko jardunean erabiltzen duten oinarri horietako bat euskalduntzean aplikatzea eskatzen diegu. Osasun zerbitzuak euskalduntzeko lanak hezkuntza prozesutik bertatik hasi behar du. Izan ere, une honetan ikasle euskaldunek zailtasun handiak dituzte euren ikasketak euskaraz egin ahal izateko; zailtasun hauek gainera, formazio prozesuan aurrera egin ahala handitu egiten dira. Formazio euskaraz bermatzearekin zerbitzuak euskaraz eman ahal izatea eta pertsona horiek euskaraz lan egin ahal izatea bermatuko litzateke; erabiltzaile zein langileen hizkuntza-eskubideak bermatuz. Ondoren, prebentzio-lanari eutsiz kontratazio politikek epe onargarri batean osasungintza euskalduna bermatuko dituzten profesionalak, herritar eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatuz horrela, kontratatzea bermatu behar dute.

Amaitzeko, herritar eta langileei dei egin nahi diegu euren osasun asistentzia euskaraz jaso edota lanean euskaraz aritzeko zailtasun edo oztopoak baldin badituzte, euren kasua jakinarazi dezaten. Horretarako gure webguneetan formulario bat betetzeko lotura izango dute, informazioa guri helarazi, behar diren bitartekoak har ditzagun. Formulario honekin osasun zerbitzuetako langile zein erabiltzaileei ordezkapen masiboen garaian euren kexak egiteko bidea erraztu nahi diegu. Izan ere, ohikoa denez, hauen kudeaketa Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egingo du, horrela dagokion kasuetan. Gure helburua osasun etxeetan gertatzen diren egoeren berri modu azkarrean jasotzea da.
 

 

5 delegatu gehiago lortu ditu LABek Lanbideko hauteskunde sindikaletan

Lanbideko azken hauteskundetako emaitzek LAB 4 ordezkari izatetik 9 izatera pasa dute. Ordezkari gehiago aukeratzen ziren hauteskunde hauetan LAB izan da gorakada handiena izan duen sindikatua. Lanbideko LABek emaitza hauek asanbladaren iritziarekin bat datorren ekintza sindikalaren saria dela adierazi du. Emaitzek utzitako argazki orekatuaren aurrean eta hauteskunde kanpainako tensioak gainditzeko nahiarekin, LABek langileen eskubideen defentsan eta enplegu publikoaren alde batasun sindikala berrindartzeko deia egin du.

LANBIDE: 2015eko hauteskunde sindikalen balorazioa