2026-08-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaOsakidetzako Enplegu Publiko Eskaintzako azterketa euskaraz egiteko oztopoak salatzen ditu LAB sindikatuak

Osakidetzako Enplegu Publiko Eskaintzako azterketa euskaraz egiteko oztopoak salatzen ditu LAB sindikatuak

Osakidetzan euskaraz lan egin ahal izateko eskubidea onartua eta arautua dago. Are gehiago, aukera hori bultzatu beharra ezartzen du Osakidetzaren II Euskara Planak. Praktikan, ordea, eskubide hori gauzatu ezina egiten duten erabakiak hartzen ditu Osakidetzak. Erdara da Osakidetzako hizkuntz “arrunta”, eta erdararen unibertsotik hartzen dira erabakiak.

Euskal Herrian gaur egun ikasle kopuru haundi batek euskaraz burutzen ditu bere ikasketak. Lan munduan euskaraz eta euskaratik aritzeko prestatuak daude, beraz. Osasungintzan ere, modu naturalean euskaraz bizi eta aritzeko gai, kalitatezko zerbitzu elebiduna eskaintzeko prestatuak.

Une honetan Osakidetzak Enplegu Publiko Eskaintza egin du, jadanik milaka herritarrek eman dute bertan parte hartzeko izena, eta jarriak dira azterketa prestatu ahal izateko materiala eta bibliografia eskuratzen.

Euren ikasketak euskaraz egin dituztenek Osakidetzako EPEko azterketak euskaraz prestatu eta egin ahal izango dituzte? Zoritxarrez, ez. Adibidez, erizain, mediku, fisioterapeuta, emagin eta laborategi teknikari kategoriako EPE azterketak prestatzeko Osakidetzak jakinarazi duen bibliografia gehiena erdaraz soilik dago. Ikasgaiak erdaraz daude eta erdaraz ikasi behar dira. Hori horrela izanik, ikasgaiak erdaraz ikasi behar izan dituzten euskaldun gehienek EPE azterketa hizkuntza berdinean, erdaraz, egingo dute, ulergarria denez.

Arazo horretaz gain, aipagarria da Osakidetzako kategoria guztietako EPE azterketak jatorriz erdaraz prestatzen direla, eta euskarazko bertsioatako itzulpenak sarritan halamoduzkoak izaten dira, ulergaitzak erabat.

Guzti honen ondorioz euren eskola edota unibertsitate ikasketak euskaraz burutu dituzten gehienek amore eman eta Osakidetzan sartzeko frogak erdaraz prestatu eta burutzen dituzte. Osakidetzan euskaraz bizi nahiko genukeen langile-gai eta langileok lehen egunetik erdaraz bizi eta lan egitera kondenatuak gaude. Izan ere, esan beharrik ez dago Osakidetzan lanpostua eskuratu ezkero lan hizkuntza, lan tresnak, guztia, erdaraz dela.

Berriro ere, Osakidetzako buruzagien hitz politez haratago, euskaraz bizi ahal izatea posible egingo duten erabaki eta neurriak eskatzen ditugu. Zehazki, Enplegu Publiko Eskaintzako azterketei dagokionez, euskaraz prestatu eta egin ahal izateko eskaera egin diogu Osakidetzari. Enplegu Publiko Eskaintzan euskaraz jadanik dagoen bibliografian oinarrituriko euskarazko azterketak prestatu eta euskarazko bibliografia hori zabaltzeko neurriak hartu ditzala eskatu du LAB sindikatuak.
 

  

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...