2026-06-17
Blog Page 1107

Jaurlaritzak hezkuntza politika murriztatzailea aldatu ezean mobilizazio fase bati ekingo diogu

0




LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika murriztatzailea errotik aldatzea eskatzen diogu. Orain arteko negoziazio mahaietan murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa besterik ez du agertu. Bere jarrera aldatu ezean otsailaren 16an hiru sindikatuok mobilizazio fase bati ekitea erabaki dugu.

Steilas, LAB eta ELA sindikatuon oharra
Irakaskuntza publikoko irakasleen aurkako murrizketa politikak aldarazteko mobilizaziora deitzen dugu Steilas, LAB eta ELA sindikatuok

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta lan baldintzen duintasuna ez du lehentasunen artean.

Irakaskuntza publikoko irakasleen mahai sektorialean azaldu ziguten moduan, hezkuntza sistemak behar duen inbertsioari heldu ordez, bankuekin duen zorra kitatzeak lehentasuna izango du, langile, ikasle eta familiekin duen ardurari muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak gure aberastasunaren %3,6 besterik ez du bideratzen hezkuntzara (EB28k %5). 2009tik 222 milioi euro murriztu duelarik aurrekontua, inbertsioaren %4,3tik %3,6ra pasa da. Zorraren ordainketa aldiz %0,8tik %11,1era pasa da, 1.086€ gehiago, alegia.

Urtez urte, Madrilgo eta Gasteiz gobernuak murrizketak bata bestearen gainean ezarri dizkigute hezkuntza sisteman eta irakasleon lan baldintzetan egoera jasan ezina bilakatu arte.

Honen ondorioz,hezkuntzako gainontzeko eremuetan bezala, Irakaskuntza Publikoko irakasleon lan baldintzek okerrera egin dute nabarmen azken urte hauetan.

Azken urteetako matrikulazioak nabarmen gora egin duen arren plantilak ez dira neurri berean hazi. Ikasle gehiago geletan sartzearen ondorioz, hezkuntza sistemak behar dituen baino 1.800 irakasle gutxiago ditu.

Irakasleen artean %31koa behin-behinekotasuna, horrek hezkuntzaren kalitatean, ikastetxeen antolakuntzan eta langileen lan-baldintzetan dituen ondorio larriekin. Jaurlaritzak, ordea, ez du inolako asmorik agertu arazo hau behin betiko konpontzeko.

Plantila beharrak asetzeko eta behin-behinekotasuna nabarmen gutxitzeko 6.000tik gora lanpostu behin-betiko egonkortu beharko lituzke jaurlaritzak.

Honi lotuta, ordezkapenik ez da egiten edo kasu askotan astebeteko atzerapenez egiten dira. Ondorioz, milaka irakastordu galtzen dira urtero, gainerako irakasleen lan-kargak handitzen dira eta ehunka ordezko geratzen dira lanik gabe.

Erretiro aurreratua edota 58 urtetik aurrera irakastorduen gutxitzea ezinezko bihutu du Hezkuntza Sailak. Horrek, irakasle lanetan ari direnen bataz-besteko adina izugarri handitzea ekarri du eta plantilen berritzea eragozten du. Kontutan izan behar dugu irakasle finkoen bataz-besteko adina 50 urtetik nabarmen gora kokatzen dela.

Hezkuntza Sailak gaixotzea zigortzen jarraitzen du, sarritan gaixorik ere lan egitera bultzatuz soldata murrizketarik ez jasateko.

2010az geroztik soldatak murrizteaz gain eroste-ahalmen galera izugarria inposatu digute hezkuntzako langileoi. %13tik gorako eroste-ahalmena galdu dugu, hau da 2010etik 24.000€tik 40.000€ra bitarteko galera kidego eta talde ezberdinen baitan. Oraindik 2012an kenduriko abenduko ordainsariaren %75 bueltatzeke du gobernuak. Eta hau horrela izanik, %1eko soldata igoera lotsagarria besterik ez digu eskaini. 

Hezkuntza Sailak gai hauen guztien inguruan ez du inolako elkarrizketa eta negoziaziorik buru nahi. Orain arteko negoziazio mahaietan aipaturiko murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa besterik ez du agertzen.

Are eta gehiago, murrizketei bide eman zien gutxiengo sindikalarekin sinaturiko 2010-12 akordioa bera aldebakarrez aldatzen ari da murrizketak areagotzeko ikastetxeetako lanpostuak murriztuz, lan baldintzak okertuz eta irakasleon lan zama handituz.

STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika errotik aldatzea eskatzen diogu, hezkuntza inbertsioa igoz, plantilak handituz, lanpostuak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, 58 urtetik aurrera irakastorduak murriztuz eta erretiroa erraztuz, gaixotasun bajak ez zigortuz eta galduriko eroste-ahalmena berreskuratuz.

Hezkuntza Sailak bide honetan pausorik ematen ez duen heinean, sindikatuok mobilizazio fase bati hasiera emango diogu datorren otsailaren 16tik aurrera.

  

 

 

Buruzagitzen inpunitatearen kontrako kanpaina abian Osakidetzan

0


LABek “Eskubideak ezagutu, eskubideak defendatu” lan-eskubideen defentsan eta buruzagi ezberdinen zigorgabetasunaren kontrako kanpaina abiatu berri du Osakidetzan. Agerikoa da azken urteotan Osakidetzako langileon lan-eskubideen urraketak biderkatu egin direla. Gero eta maizago gertatzen dira eta gero eta langile gehiagori eragiten diete. Esan dezakegu nagusien aldetik, zigorgabetasuna erabatekoa dela.

Krisi ekonomikoaren aitzakiapean, azken urteotan ezarritako murrizketek halabeharrez lan-eskubideen murrizketak ekarri dituzte. Eskubide batzuk legez kendu dizkigute eta beste batzuk murriztu egin nahi dizkigute egunerokoan, gurea dena ezeztatuz, beste barik, de facto, murrizketa horiek “lege” bihurtu nahian. 

Eskubide urraketa honetan zuzendaritza maila guztiek hartzen dute parte, nork bere mailan. Goitik, osasun politika murriztaileak ezarriz eta lortu beharreko “helburuak” seinalatuz (kontratazioa murriztu, adibidez); hori bai, osasun sistema publikoaren “eraginkortasun” eta “jasangarritasunaren” diskurtso ideologikoaren barruan. Euren ustez, murrizketa “horiek” (ez beste batzuk, hala nola peonadak, guardiak, pribatura deribazioak…) ezartzen ez badira Osasun publikoa porrotera doa. Datu objektiboek hori guztia gezurra dela frogatzen dute. Euren interes pribatuak soilik defendatzen dituzte.

Bestaldetik, behe-buruzagiek zein gainbegiraleek “lan zikina” burutzen dute, mota guztietako murrizketak eta urraketak langileei sufriaraziz, goikoek babestu egingo dituztela jakinda. 

Ondorioz, LABen kanpainak bi fase izango ditu:

• Lehenengo fasea, dagozkigun eskubideen gaineko informazioa langileen artean zabaldu. Zerbitzuz zerbitzu arituko gara, langileoi kontratazio-akordioan, lan baldintzen-akordioan eta lan-osasuneko protokoloetan jasotzen diren eskubideen berri emanez, formatu ezberdineko materialen bitartez.

• Bigarren faseari dagokionez, urraketa bakoitza gertatzen denean, honi aurre egiteko jardunbidea abiatuko dugu. Argi eta garbi geratuko da nor den urraketaren arduraduna, dagokion zuzendaritzaren onespenarekin egin dela eta, konpondu ezean, salaketa mota ezberdinak aktibatuko ditugu.

 

 

 

Bertan behera Gastronomia Baskako sukalde zentraleko langileen greba


Bi eguneko greba eta mobilizazioen ostean sindikatuok egindako proposamerari erantzunez lortu dugu Jaurlaritzaren konpromisoa EEEak eragiten dien langileentzako lan-poltsaren eraketaren aukera aztertzeko. Atzo Olatz Garamendi Hezkuntzako Sailburuodearekin batzartu ondoren eta instituzio honek sindikatuon planteamenduarekiko erakutsitako jarrera baikorraren aurrean, Gastronomia Baskako sukalde zentraleko langileen asanbladak bihar eta etzirako aurreikusita zeuden grebak bertan behera utzi ditu.

Langileek modu positiboan baloratu dute Eusko Jaurlaritzak erakutsitako jarrera eta konfidantza keinu batean, greba bertan behera uztea erabaki dute.

Sindikatuen aldetik, mezua esleipendun enpresa guztietara eramateko konpromezua hartzen dugu, kontratazio berrietan Gastronomia Baskako espedienteak  eragindako pertsonak izenda ditzaten kontratazio berrietarako.

{linkr:related;keywords:gastronomia;limit:5;title:Albiste+gehiago}

 

 

 

Murrizketarik gabeko Bizkaiko Metalgintzako hitzarmena lortu ahal da!

0


LABeko kideok manifestazioa egingo dugu bihar Bilbon “Murrizketarik gabeko Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren alde” lemapean. Arrupe Etxean delegatuen asanblada egingo dugu eta ostean, 11:30ean, FVEMen egoitzaraino joango gara.

Laster bi urteko beteko dira Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaia bildu gabe eta 13 urte dira sektoreko eragine orokorreko azkeneko hitzarmena sinatu zenetik. Testuinguru honetan, LABek metalgintzako hitzarmena berritzeko borrokan jarraituko duela adierazi nahi du.
 

 

 

Prekarietateari amaiera emateko ordua da

LABeko Zerbitzu Pribatuetako delegatuek prekarietatearen bukaeraren hasiera irudikatu dute. Malgutasuna, soldata eskasak, gehiegizko lanaldiak, jai egunetako lana, kaleratzeak, ordu extrak, subkontratazioa eta etengabeko ordutegi aldaketak bezalako hitzekin prekarietatea definitzen zuen harresi bat sortu ondoren, piroteknia soka batekin hau lehertu arazi dute.

Aurkezpen hau sindikatuak maila orokorrean abiatu duen “zure eskubideak, actívate por tus derechos” deitutako prekarietatearen kontrako kanpainiaren baitan kokatzen da. Kanpainia honek bost ardatz nagusi ditu: kalitatezko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara.
Dinamika honekin ekintza sindikala berritu eta indartzeko asmoa du LABek, prekarietatearen kontra lan egiten duten langile sektore guztietara iritsi eta egoera ezberdin bakoitzari behar duen alternatiba eskainiz.
 

 

 

CORRESCALES dinamikarekin bat

Dohaintza txikiak bildu eta lan eta gizarte prekarietatearen aurka egitea helburu duen Correscales izeneko kanpaina martxan da. Bilbon hasi eta Bartzelonara joango de lasterketa honekin 150.000 euro bildu nahi dira greba mugagabean dauden kolektiboentzat. LABek bat egin du kanpainarekin eta Euskal Herrian egingo diren ekimen ezberdinatan hartuko du parte.

Correscales 2016 ekimenaren aldarrikapenekin bat eginez gaur Euskal Herriko zein Kataluniako mugimendu sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariek, LABeko idazkari nagusia Ainhoa Etxaide tarteko, dinamikaren aurkezpena egin dute Bilbon. Ekimen honek, Movistar-Teléfonicak azpikontratatutako Teknikoen (Marea Azul delakoaren) grebari erreleboa hartu dio eta otsailaren 18tik 22ra Bilbo eta Bartzelona batuko dituen prekarietatearen aurkako 800 km-ko errelebo-lastarketa bat da. Estatu mailan inoiz egin den crowdfunding handiena jarri dute martxan greba eta borroka sozialetarako erresistentzia-kutxa bat eratzeko asmoz, eta LABek laguntza ekonomikoaz gain logistika lanetan parte hartuko du.

Dohaintza txikiak biltzeko eta lan eta gizarte prekarietatearen aurka egiteko kanpaina

Greba mugagabean dauden kolektiboentzako funts kooperatiboa, dokumentala eta 800 kilometroko lasterketa Bilbotik Bartzelonara. Correscalesek 150.000 euro bildu nahi ditu sare bitartez lortutako dohaintza txikien bidez, Espainiako estatuan inoiz egin izan den kanpainarik handiena, hain zuzen ere. (http://goteo.cc/correscales).

Beren ekarpena egin duten 360 gizarte mugimendu, sindikatu, talde eta ehunka lagun baino gehiago dira protagonistak. Elkartasunak gainezka egin digu: gaurdaino, Katalunian 40tik gora hitzaldi, aurkezpen eta bestelako babes jarduera egin izan dira; Euskal Herrian ere, dozena inguru antolatu dira. Orain, jasotako konfiantza funts komun bat martxan jartzea ahalbidetuko du prekarietatearen aurka borrokatzeko.

Duela hilabete batzuk Movistarreko milaka langilek abiatutako bidea da hau, muturreko zapalkuntzaren kontra altxatu ziren bi hilabete pasa luzatu zen greba indartsua eginez, gizartean isla nabarmena izan zuena. Gaurkoan, taldean berreskuratuko dugu borroka horren lekukoa; lehenik eta behin, greba horri aurre egiteko erabili ziren dozenaka milaka euroak itzulita eta, ondoren, hurrengorako oinarri ekonomikoa sortzen.

Guk ekin genion bide honi, baina inoiz ez genuen lortuko gure kabuz arituz gero. Orain, borrokarako, berotasunerako eta konplizitate sare bat ehuntzen jarraituko dugu ibilbidean zehar. Otsailaren 18an Bilbotik abiatuko gara, Iruñerako bidean, gau eta egunez jarraituko dugu korrika Aragoiko Goi Pirinioetatik, aurretik Donostia bezalako hiriak zeharkatuta. Tokian tokiko borrokak babesteko, Esako 8ekin elkartasuna agertuko dugu, dirua bilduko dugu Correscalesek igaroko dituen dozenaka herri eta hirietan, eta azaldu egingo dugu nola Movistarrek eta beste enpresa askok dozenaka milaka familien bizitzak izorratzen dituzten.

Gure bizitzarengatik korrika egingo dugu, Huesca, Lleida, Vilafranca, Reus, Tarragona, Sant Boi, Cornellà; Bartzelonaraino heldu arte otsailaren 22an, Mobile World Congress irekitzeko ekitaldian egoteko, teknologiarik aurreratuenak prekarietatearen eskailerak oinarri dituela gogorazteko. 

Ondorengo estekan (https://goo.gl/UkiQL8) ibilbide zehatza eta 18tik 22ra arte egingo dugun Bilbo eta Bartzelonaren arteko ibilbidearen irteera eta helmuga ordutegiak topatuko dituzue.

IBILBIDEA

 

 

Aurrera jarraitzen du Gastronomia Baskako grebak


Atzoko bileran LAB eta ELAek Gastronomia Baskako sukalde zentraleko langileen egoera zen den jakinarazi genion Hezkuntza Sailari eta langileen subrogazioa eskatu genion. Eusko Jaurlaritzak subrogazioa baldintzen pleguan jasotzen ez dela ulertuta, konponbide hori bermatzeko ezintasuna jakinarazi zigun. Honen aurrean, eta Jaurlaritzaren eskuetan EEEak eragingo liekeen pertsonak osatutako lan-poltsa bat osatzeko proposamena utzi ostean, grebarekin jarraitzea erabaki genuen. Gaur, grebaren 2. egunean, Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratuko gara eguerdiko 12:30etan.

LAB eta ELAetik Eusko Jaurlaritzari jakinarazi genion bere eskuetan lan-poltsa bat utziko dugula. EEEak eragingo liekeen pertsonak egongo lirateke hemen. Tresna hau Hezkuntza Saila eta gainontzeko enpresa esleipendunen esku utziko dugu, kontratazio berriak lan-poltsa honetatik egin daitezen.

Eusko Jaurlaritzatik aukera hau lantzeko asmoa jakinarazi digu. Gure aldetik, enpresa hauetako batzordeetan eragingo dugu horrela izan dadin.

Hezkuntza Sailarekin batzartu ondoren egin zen langileen asanbladaren ondoren, grebarekin jarraitzea erabaki genuen. Langileei ondo iruditu zaie lan-poltsaren proposamena, subrogazioa ziurtatzeko ezintasunaren aurrean. Enplegu Erregulazio Espedienteak eragiten dien langileentzako irteera da, ez du espedientea eragozten baina lan-etorkizunerako ate bat zabalik geratzen da. Aldarrikapen nagusi bi ditu grebak. Batetik, enpresak espedientea aurkeztea eta horrela zenbat langileri eragiten dion ezagutu eta nortzuk diren jakitea, horrela lan-boltsak osatzeko.

 

 

 

Birpentsatzen prozesuaren inguruko tailerrak egin dira Eibar eta Igorren

Birpentsatzen prozesuak aurrera darrai. Jardunaldi eta unibertsitate sindikalaren ostean, eskualdez eskualde taillerrak egiten ari dira. Sindikalgintza indartsuago eta eraginkorragoa egiteko asmoz abiatutako eztabaida prozesua da LABena eta sindikatu guztiko partaideak burubelarri daude hortan.

Debaldea eskualdeko LABeko delegatuek, Birpentsatzen prozesuaren baitan, eskualdeko tailerra egin dute, Eibarko Portalea kultur etxean. 70 delegatu bildu dira. Eztabaidaren kokapena egin, 4 taldetan banatu eta ondoren eta sindikatuak eta sindikalgintzak dituen indargune eta ahulguneen inguruan solasean aritu dira, LABek etorkizunean izan beharko duen sindikatua irudikatzeko. Prozesua 2017an egingo den Kongresura arte luzatuko da.





Igorren ere tailerra egin dute, Hego Uribe-Arratiako eskualdeko kideak bertako Kultur Etxean bildu dira.
 

 

 

Jazarpen sindikala Arrain Logic enpresan

Pasa den ostegunean Arrain Logic enpresako buruzagiaren ilobak LABeko delegatu bat fisikoki erasotu zuen. Erasotzaileak, enpresako langile ere badenak, lotsa gutxirekin gure ordezkaria salatu du jazarpena egotzita. Gure delegatuari babes eta elkartasuna helaraztearekin batera, LABetik enpresa beldur eta mehatxupean aritzea ez dugula onartuko adierazi nahi dugu eta horretarako beharrezko diren neurri guztiak hartuko ditugu.

Bada denbora Arrain Logic enpresak langileak jazartzen dituela presioen bitartez. Hauteskunde Sindikaletan LABek ordezkaritza lortu zuen eta ordutik, presio guzi horiek gure delegatuaren aurka zuzendu dira. Pasadan ostegunean buruzagiaren iloba eta enpresako langile ere badenak, fisikoki erasotu zuen delegatu bat. Eraso hori nahikoa ez eta ilobak LABeko delegatua salatuko du jazarpena egotzita.

LAB sindikatuak argi eta garbi salatu nahi dugu Zornotzako Zubieta Poligonoan dagoen eta Eroskirentzako arrai fresko hornikuntzan diharduen, ARRAIN LOGICeko gure delegatu eta militantearen aurkako jazarpen eta erasoa. Gainera, gure delegatuari gure babes eta elkartasun osoa ere helarazi nahi diogu. 

Enpresaren papera argia izan da, alde bateko kontakizunari baino ez dio begiratu; jarrera horrekin, guk salatzen dugun egoerari indarra emanez. LABek ez du onartuko enpresa horretan beldur eta mehatxupean aritzea. Beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu horrelako egoerarik gehiago gertatu ez daitezen. 

Asteazkenean, urtarrilak 27, 12:30ean, gezurretan oinarritutako epaiketa azkarra egongo da gure delegatuaren aurka. Delegatu honen aurkako erasoa, delegatu guztien aurkako eta sindikatuaren beraren aurkako erasotzat hartzen dugu, eta horregatik, egun horretan bertan, eguerdiko 12:00tan, kontzentrazioa deitu dugu Durangoko epaitegiaren aurrena. Eraso eta jazarpen guztien aurka, Gora langile borroka!