2025-12-20
Blog Page 1104

Onartezina da TUBACEXek balizko jaitsiera bat arindu nahi izatea langile eta herritarron lepotik

0

Tubacexeko LABeko Atal Sindikalak enpresako Kontseilari Ordezkaria den Jesús Esmorísek balizko ERE baten inguruan (uztailaren 7an) planteaturiko asmoak arbuiatu eta salatzen ditu.

ONARTEZINA DA TUBACEXEK, DITUEN IRABAZIEKIN, BERE NEGOZIOAREN BALIZKO JAITSIERA BAT ARINDU NAHI IZATEA LANGILEON ESKUBIDEEN ETA HERRITARRON DIRUAREN LEPOTIK

Tubacexeko LABeko Atal Sindikalak gure enpresako Kontseilari Ordezkaria den Jesús Esmorísek balizko ERE baten inguruan (uztailaren 7an) planteaturiko asmoak arbuiatu eta salatu nahi ditugu.

Tubacexeko LABeko Atal Sindikalak gure enpresako Kontseilari Ordezkaria den Jesús Esmorísek balizko ERE baten inguruan (uztailaren 7an) planteaturiko asmoak arbuiatu eta salatu nahi ditugu.

Hasteko eta behin, salatu nahi dugu errespetu falta itzela suposatzen duela bai langileok eta baita bere ordezkariok ere enpresaren intentzioen berri komunikabideen bitartez izatea. 

Adierazpen hauek harrigarriak egiten zaizkigu iazko eta aurtengo ekitaldiaren hasieran enpresak izandako emaitza ekonomikoak kontutan hartuta, zeinak aurreko ekitaldietakoak hobetu dituzten, milioi askoko etekinak lortuz. 

Gainera, Tubacexeko Zuzendaritzak bere intentzioak publiko egiten dituen bitartean, Kantabriako lantegiko inbertsioekin jarraitzen du, eta honekin esatera dator guztion dirua oparituko diegula beraien proiektua finantzatzeko. Onartezina da horrelako irabaziak dituen enpresa batek bere negozioaren balizko jeitsiera bat arindu nahi izatea Tubacexeko langileon eskubideen eta herritarron diruaren lepotik.

Bestalde, Kontseilari Ordezkariak gezurra esaten du erreleboen murrizketa dagoela aipatzean, errealitatea bestelakoa baita: apiriletik hona enpresak Euskal Herrian dituen fabriketan erreleboak gehitu dira eta ordu extrak goraka doaz.

Tubacexeko zuzendaritzari eskatu nahi diogu gure eskubideen urraketarekin mehatxatu beharrean, hobe lukeela enpresan daukagun antolaketa kaosari irtenbidea ematea, horrek inprobisazioa, antolaketa eza eta aurreikuspen faltagatik sortutako arazoei konponbidea emango liokeelako.

Laudio, 2015ko uztailaren 10a
Tubacexeko LABeko Atal Sindikala

 

 

 
 

Lantegi Batuak-en hitzarmen duin baten alde manifestazioa uztailaren 11ean

LANTEGI BATUAK Fundazioak hitzarmeraren negoziazioan erakutsitako harrokeria eta arduragabekeria salatzeko langileek mobilizatzeko erabakia hartu dute. Enpresak soldaten izoztea eta murrizketa sozial basatiak proposatu ditu. Datorren uztailaren 11ean Bilbon manifestazioa egingo dute eguerdiko 12:00etan Jesusen Bihotzetik.

LANTEGI BATUAK fundazioan 2021 langile dira. Diru publikoa jasotzen duen enpresa bat da eta Aniztasun Funtzionala duten pertsonak lanerako gaitasuna eskuratzea eta lan mundu arrunterako sarbide izatea du helburu.

Hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik enpresaren aldetik harrokeria eta arduragabekeria baino ez dute jaso langileek. Soldatak igo nahi ez eta murrizketa sozial basatiak proposatu ditu zuzendaritzak. 

Horregatik udan bete-betean sartu baino lehen manifestazio bat deitzeko erabakia hartu dute langileek, "jakin badakigu enpresa honetan kalera ateratzeak berebiziko garrantzia duela. Garen kolektiboagatik zein enpresari berari bere lan soziala zikintzeak eragiten dionagatik" adierazi dute.

Manifestazioa ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako delegatuek osatzen duten Enpresa Komiteak deitu dugu.

LABetik LBn lanean diren langile eta haien familiei eta jendarte guziari mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu.

UZTAILAREN 11ean MANIFESTAZIOA 12:00etan, JESUSEN BIHOTZETIK – FORU ALDUNDIARA.
 

Enpresa Komitearen (ELA, LAB, CCOO, UGT) oharra

Nota del Comité de Empresa (ELA, LAB, CCOO, UGT)


 

 

Hitzarmenen blokeoa gainditzeko proposamena aurkeztuko du LABek Lan Harreman Kontseiluan

Hitzarmenetan dagoen geldialdi egoera gainditzeko, bihar hilak 10, LAB sindikatua pauso berri bat ematera doa. Lan Harreman Kontseiluan (LHK-CRL) Confebaski prekarietateari aurre egiteko mahaiak deitzeko exijitzeko hitzarmenen blokeoa gainditzeko sindikatuaren proposamena errejistratuko du.

Krisiaren ondorioak langileok ari gara pairatzen, langabezia, prekarietatea eta pobrezia dira gure eguneroko ogia. Negoziaziaketa kolektiboaren geldialdiak areagotu egiten du, langileok babesgabetasun egoeran gara eta honek ondorio latzak ditu. Honi aurre egiteko, hitzarmenen blokeoa gainditzeko proposamena errejistratuko du LABek Lan Harreman Kontseiluan.

Proposamenaren errejistroarekin batera LABek elkarretaratzea egingo du "No a la precariedad. Hitzarmen duinak orain!" aldarrikapenarekin Donostiako Lan Harreman Kontseiluaren atarian.
 

 

 


Auzitegi Gorenak Bizkaiko anbulantzien sektorean indarrean dauden hitzarmenen ultraaktibitea onartu du

0

Joan den uztailaren 7an LABek hasitako prozedurari buruzko Epaitegi Gorenaren auto jaso genuen. Bertan, Servicio Asistido Médico Urgente S.L. enpresak aurkeztutako helegitea baztertzen da. Hortaz, finkoa da Bilboko lan epaitegiko epaia, 2014ko otsailaren 17an Bizkaiko anbulantzien sektorean indarrean dauden bi hitzarmenen ultraaktibitatea aitortzen zuena.

Hitzarmenetako bat eragin orokorrekoa da Bizkaiko enpresa guztiei ezarri beharrekoa 2006/2007ko iraunaldiarekin. Bestea, eragin mugatukoa, USOk sinatu zuena eta berari atxiki zitzaizkionei soilik ezartzen zaiena eta soilik UTE Ambulancias Bizkaiako enpresei, 2008tik 2012rako indarraldiarekin.

Horrela, UTE honetakoak ez ziren langileak 2007tik hitzarmena izoztuta geratzen ziren, eta baita ere eragin mugatuko itun honek jasoten zituen atzerakadak dela eta atxiki ez zirenak.

LAB sindikatuak, aurkeztutako demandan hitzarmen bien ultraaktibitatearen aitortza eskatzen zuen. Horrela langile guztiei ematen genien estaldura.

Epai honek suposatzen du Ambulancias Bizkaia UTEan, zeinetan 400 langilek bat egiten duten, enpresak adostasunik gabe ezarri zuen %8ko soldata-jaitsiera berreskuratu ahal izatea. Enpresak suposatutzat jo zuen hitzarmena ez zela indarrean egon 2013ko azaro eta abenduan. Hau izan zen LABek 2014-2016 hitzarmen berrian agertzea eskatu zuen puntuetako bat. Bertan %8aren berreskurapena hitzarmen bien ultraaktibitateari buruzko ebazpenei baldintzatzen genuen. Hori dela eta, oso berri ona da langile askorentzat, bere egunean bidegabeki kendu zietena jasoko baitute.

Epai honek atera irekitzen dio Bizkaiko gainontzeko enpresetan erabaki bera errepikatzeari, arazoak eta planteamendua komunak direlako.

 

 

 

TTIP Tratatua onartzea gizarte-eskubideei eraso egitea da

0

Europako Parlamentuak Merkataritza Askeko Tratatua (TTIP) onartzea erabaki duenez, LAB sindikatuak erabat arbuiatzen eta gaitzesten ditu aipatu ituna eta gobernua bankuen, enpresa handien eta korporazioen esku uzteko asmoa.

Gizarte-eskubideei egiten zaien erasotzat jotzen dugu; hiritarren, langileriaren eta Herrien premietatik urrun eta interes espekulatiboen kontrol pean botere eta kontrol osoa uzteko helburuan egindako burujabetzaren lagapen onartezintzat jotzen dugu.

TTIPak prekarietate egoera handiago batera eramango gaitu, baldintza okerragoak ekarriko dizkigu, jan behar duguna ere enpresa handiek erabakitzera eramango gaitu, eta horrela, egungo egoerara eraman gaituztenek agindu dezaten ekonomian aurrerantzean. Politika neoliberalari EZ, burujabetza ekonomikoa eta sozio-laborala nahi dugu.

Euskal Herritik abiatuz, TTIPren proiektu neoliberalaren aurka gaude, hari erantzutearen alde agertzen gara, hiritar ororentzat izango den Gizarte-programa irmo eskatzearen alde gaude.
Beren politika neoliberala ezarri nahi digutenei aurre eginez, LABek deritza beharrezkoagoa egiten dela Burujabetza osoaren, baita ere, burujabetza ekonomikoa eta sozio-laboralaren aldeko erronka indartzeari, aipatu tratatuari aurre egingo diona. Gure borroka ez da honetan amaitzen, jarrai dezagun mobilizatzen!

 

 

 

“Mikel Cabiecesek Kutxabanketik 6.000 euro kobratu zituen lanik egin gabe”

"Kutxabanken Cabieces" auzian akusazio popularra osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia, HIRU, EKA eta Euskal Herriko pentsiodunen Plataformak elkarretaratzea egin dugu Bilboko epaitegiko atarian Kutxabank publiko baten alde eta prozesuan eman diren iruzurrak salatzeko. Epaitegiko atean orain arteko ondoriak azaldu ditugu.

“Cabieces auziko” akusazioa osatzen duten eragile sindical eta sozialen irakurketa (LAB, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia, HIRU, EKA eta Euskal Herriko Pentsionisten Plataforma)

Mikel Cabiecesi egindako ordainketak
egindako lanekin bat ez badatoz, ordainketa politikoak dira

«Kutxabank-Cabieces auzian akusazio popularra osatzen dugun eragileok gure iritzia agertu nahi dugu akusazioak deituriko lekukoen adierazpenen inguruan.

Lehenik eta behin, adierazpenek, zentzu guztietan auditoriaren informea eta giza baliabideen arduradunaren adierazpenak konfirmatzen dituzte. Auditoria horretan, inolako zalantzarik gabe honakoa baieztatzen da:

– Ez dela existitzen inolako prestazio zerbitzu kontraturik Mikel Cabiecesi eginiko ordainketak justifikatzeko.
– Badela dokumentu bat zeinetan argipenak eta kobertura ematen diren ez duena zerikusirik antzeko kasuetan ematen direnekin eta aurreko presidentearen egitekoak gainditzen dituena.

Mikel Cabiecesi eginiko ordainketak bere aldetik eginiko lanekin ez datozela bat argitzen da, eta ordainketa horiek justifikatzeko ez dagoela inolako kontratu aldaketarik Rafael Alcortaren bufetearekin, hau horrela egin beharko bazen ere.

Auditoria honek, eta sortu dituen ondorioak gainbegiratzen dituztenen oneritzia jaso dute, bai Espainiako Bankuarena, bai Europako Banku Zentralarena, hauek ikusitakoak ikusita, epaitegien aurrean salatzea exijitzen zuten.

Harrigarria da, entitateko aurreko presidenteak emandako jarraibideen artean berziklatze profesionala izatea helburuen artean. Adierazpenen arabera, Kutxabankek pertsona bat lan zehatz bat betetzeko kontratatzen duenean, profesionalki gaitasunak dauzkana kontratatzen du, eta instrukzio hauen arabera, Cabiecesen kasuan hori ez zen horrela.

Auditoriaren txostenari buruzko adierazpen hauek, Rafael Alkortaren bufeteak aurkezturiko frogekin bat egiten dute gure balorazioen arabera. Argi geratzen da beraz, Kutxabanki pasatzen zaion minutan ez dela inolako lan zamaren gehitzerik egon pertsona berri bat kontratatzea justifikatzeko. Sarritan esan dugu, urte beteko bertan agertzen diren lanak, gure sindikatuetako edozein abokatuk aste betean bete ditzakeela.

Akusazio honentzat argiak eta irmoak dira orain arteko ondorioak:
– Mikel Cabiecesek Kutxabanketik 6.000 euro kobratzen ditu lanik egin gabe.
– Ordainketa horiek beteriko lanekin bat ez badatoz, ordainketa politikoak dira.
– EAJ, PP eta PSE alderdien arteko akordioan jasota dauden ordainketak dira, Kutxabanken pribatizazio prozesuan. Alderdi hauetako ordezkariak dira arlo honetan azalpenak eman behar dituztenak, eta horrela badagokie ondorioak beraien gain hartu.

Mikel Cabiecesek ordainketa hauek langabezia ordainsariarekin batera jasotzen zituen. Aurreko Espainiar Gobernuko delegatuaren jarrera miserablea, injustua, insolidarioa eta ilegala da, eta berehala jaso zituen ordainsariak bueltatu behar ditu.

Azkenik, gure poza adierazi nahi dugu, akusazio honek deituriko lekukotzei eskerrak argi geratu delako egiten zaion ordainketa buruturiko lan bategatik ez bada, interes politiko bategatik egiten zaiola ordainketa.

Euskal Herrian, 2015eko uztailaren 09an»

 

 

 

Haurreskola txikien defentsan Parlamentu aurrean izan da LAB

0

Haurreskolak Partzuergoak hartutako erabaki politiko baten ondorioz, landa eremuko haurreskola batzuk itxiko dira eta beste herri batzuetan zerbitzua murriztuko da. Erabaki hau salatzeko LAB sindikatuak Gasteizko Parlamentu aurrean konzentrazioa egingo du gaur. LAB sindikatuak landa eremuko haurreskola txikien inguruan hausnarketa bat egin eta beraien iraupena ziurtatzeko behar diren neurriak hartzea eskatzen du.

HAURRESKOLA TXIKIAK DEFENDA DITZAGUN

Datorren ikasturtean, Haurreskolak Partzuegoko Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiaren ondorioz, hainbat haurreskola ixteko arriskuan daude. Hauek izango lirateke zerbizturik gabe geldituko diren udalerriak edo, zerbitzua mantendu arren, familiei eskaintzen zaion ordutegia murriztuta geldituko diren tokiak.

Bizkaian:

– Arrankudiaga
– Artea
– Aulesti
– Berriatua
– Dima
– Gautegiz Arteaga
– Ispaster
– Mallabia
– Mallaria

Gipuzkoa:

– Aia
– Albiztur
– Alkiza
– Altzo
– Baliarrain
– Igeldo
– Elduain
– Errezil
– Eskoriatza
– Ezkio-Itsaso
– Gabiria
– Gaintza
– Ikaztegieta
– Larraul
– Lizartza
– Olaberria
– Orendain
– Zerain

Araba:

– Arraia-Maeztu
– Bastida
– Bernedo
– Erriberabeita

Haurreskolak Partzuergoko proiektua sortu zenean, eta aurtengo Batzar Nagusian estautuak berriztu zirenean, horrela zehaztu ziren Partzuergoko zeregin nagusiak:

a) Familiekin lankidetzan, haurraren garapen integrala sustatzea adingabeen eskubidearekiko errespetuaren, ongizate psikofisikoaren eta afektibitate, zentzumen eta mugimen, ezagutza, harreman eta gizarte ahalmen guztien garapenaren ikuspegitik prestatu eta sozializatzearen bidez.

b) Ezberdintasunak konpentsatuko dituen prebentzio-hezkuntza bat sustatzea eta, bereziki, gizarte edo pertsona mailan beharrik handienak dituztenei arreta eskaintzea, parekotasuna bilatuta.

c) Hezkuntza-ekintzaren hasieratik Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan elebi-tasuna bermatzeko baldintza egokiak erraztea eta bultzatzea.

d) Familiei hiru urtetik beherako haurrei eskainitako zaintza eta arretaren bidez laguntza-zerbitzua ematea, familia eta lana uztartzeko mekanismo gisa.

e) Landa-eremuetako biztanleei hezkuntza eta laguntza izaerako zerbitzu baten eskuragarritasuna ahalbidetzea.

Haurreskolak Partzuergoa sortu zenetik haurreskola txikien egoerak urtez urte okerrera egin du eta urtez urte haur-eskola hauek irekita mantentzeko irizpidea aldatu egin da, hainbat kasuetan berauen biziraupena kolokan jarriz, herri txikietan ematen den hezkuntza zerbitzua ukatuz eta kasu askotan hezkuntza zerbitzua mugatuz.

Aplikatzen den politika honek ez ditu haurreskola txikiak babesten eta kasu gehienetan, haurreskola txiki bat zabaltzeko eskatzen den irizpidea eta eskaintzen den hezkuntza zerbitzua murrizten denez, askotan, familiek beste alternatiba batzuk bilatu behar dituzte. Horrelako egoerekin kolokan jarri dezake haurreskola batzuen etorkizuna eta biziraupena.

Aurreko urteetan ordutegiekin salbuespenak egin badira ere, Zuzendaritza Batzordeak haurreskola txiki hauekin zorrotz jokatzea erabaki du, batetik zabalik mantentzeko (hiru haur matrikulatuta egon ezean haurreskola itxiko da) eta bestetik ordutegia murriztuz. Familia hauek, nahiz eta 8 orduko zerbitzua ordaindu, 7 ordu zabalik mantenduko dira 5 haur matrikulatuta egon arte, Argi utzi du Cristina Uriartek, zuzendaritza batzordeko Lehendakariak, ez dela salbuespenik egingo. Erabaki honek haurreskola askoren biziraupena jarri du kolokan eta herri hauetan bai guraso eta udalean izugarrizko egonezina sortu du.

Beraz, LAB sindikatuak landa eremuko haurreskola txikien inguruan hausnarketa bat egin eta beraien iraupena ziurtatzeko behar diren neurriak hartzea eskatzen du, matrikulatzen diren haur guztien ordutegiak errespetatuz.
 

 

 

Natura Gure Ardura ekimenak Frackanpadara joateko deia egin du

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan sorturiko Natura Gure Ardura ekimenak gasa ateratzeko frackinga bezalako teknika zentzugabea dela salatzen du. Frackingaren kontrako jarrera honi jarraituz, petroleoa ateratzeko teknika honen aurkako manifestua aurkeztu eta uztailaren 13-19 bitartean Gasteizen izango den Frackingaren aurkako akanpadara (Frackanpada) joateko deia luzatu du.

Natura Gure Ardura Ekimenaren Manifestua
Natura Gure Ardura ekimenetik, datorren astean Subilla Gasteizen egongo den Frackanpadara joateko deia egiten dugu

Natura Gure Ardura ekimena abiatzen dugunok naturarekiko herritar arduratuak gara, gure eta hurrengo belaunaldiekin arduratuak. Bakarka edo kolektiboki ekimen, talde, erakunde eta esparru askotan aritzen gara, baina gure ustez Natura Gure Ardura nagusia dela esateko ordua iritsi da.

Euskal Herritik gure inguruan eta munduan gertatzen denari begira gaude eta ezin dugu lasai egon, ardurak hartzeko garaia aspaldian heldu da eta erronka horri eutsi behar diogula argi eta garbi ikusten dugu.

Ekonomia eta gobernantza ereduaren krisi larrian murgilduak gaude, baina hauek krisi sakonago baten sintomak dira, naturarekiko dugun harremanetan bilatu behar dugularik krisiaren iturria.

Natura xahutu eta hondakinak uzteko joera jarduera ekonomiko gehienetan topa dezakegu: arrantza, abeltzaintza eta nekazaritza intentsiboan, industrian, turismoan eta abar. Azken urteotan azpiegitura erraldoien eraikuntza amorratua izan da. Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak izan ditugu euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. Ekonomikoki, berriz, diru publikoak xahutu eta poltsiko pribatuetara eramateko jarduera izan da.

Maila globalean, abian diren aldaketa klimatikoa eta krisi energetikoa dira gure arazorik premiazkoenak. Gure espezieak planeta honetan bizitzeko behar dituen baldintzak desagertu daitezke. Arazo hauen aurrean ausardia beharrezkoa da, bai indibidualki baina bereziki kolektiboki. Horregatik diogu natura denon ardura dela.

Zorionez, aldaketa kulturala martxan dago, antropozentrismo erradikaletitik urrunduz, garapenzalekeriatik aldenduz, sostengarritasunerantz abiatuz. Milaka ekimen eta ideien aurrean gaude, baita gure herrian ere. Aldaketa sozioekonomiko eta kulturalean jardun behar dugulakoan gaude: alternatibak marraztuz, proiektuak bultzatuz, utopiak babestuz, natura eta bizitza ardatza hartzen duen jendarte eredua birsortuz.

Behar ditugun aldaketak gauzatu ahal izateko, kolektiboki hartzekoak diren urgentzia handiko erabakien aurrean gaude: Abiadura Handiko Trena bertan behera laga, frackinga bezalako teknika bortitzak debekatu, CO2 emisioak mugatzeko politika eraginkorrak abiatu, energia berriztagarrien alorrean ekimen herritar eta kolektiboak sustatu eta monopolio elektrikoen eredua desegin eta beste hainbat. Kontu hauetan hurrengo urteotan Euskal Herrian dauden gobernuei politika eraginkor eta iraunkorrak, hiritarron parte hartzeaz eta gardentasun osoz adostutakoak, exijituko dizkiegu. Gure zereginean ekimen politikoak eta mobilizazioak proposatuko ditugu. Epe laburrean erabaki asko bultzatu behar dira eta naturaren ardurak agenda politikoan presente egon behar du.

Indarrak batzeko dei egitera gatoz gaur, fracking teknikaren bitartez gasa erauzteko plana bertan behera behingoz uztea exijitzea da gure momentu honetako lehentasunetako bat. Horregatik eta horretarako, manifestu honekin bat egiten dugun eragileok FRACKING EZ taldeei gure atxikimendua ematen diegu oraingoan. Dei egiten dugu beraz Subillan antolatu duten Frackanpadan parte hartzera euskal jendarteari. Frackanpada, elkar aurkitzeko, hausnartzeko, ikasteko… gune bezala planteatzen dute, beraz, natura gure arduratzat dugun eragile eta kideok, derrigorrezko dugu bertan aurkitzea.
 

 

 

LABek Laminaciones Arreguiko mobilizazioan parte hartzera deitzen du

0

LAB sindikatuak bere babes osoa eskaini nahi dio LAMINACIONES ARREGUIko Langileen Batzordeak gaurko kaleratzeen kontra deitutako mobilizazioari eta dei egiten die langileei eta gizarte osoari bertan parte hartzera. Manifestazioa arratsaldeko 19:30etan abiatuko da Andra Mari Zuriaren Plazatik.

LABen ustez ezinbestekoa da mobilizatzea enpresen inposaketen aurrean eta enpleguaren defentsan, eta kasu hau bereziki gordina izan da. Enpresako zuzendaritzak azken urteotan behin eta berriro kolpatu ditu langileak, inposatutako EEEen bidez, langileen ordezkariak kaleratuz, iruzur juridikoen bidez, hauteskundeen inguruko azpijokoak erabilita, sindikalgintza otzanaren laguntzarekin,…. Horren aurrean, plantila tinko mantendu da, borroka eta duintasuna ikur hartuta, eta hori LABentzat bereziki azpimagarria da.

Oraingo honetan, enpresak bere mendekua gauzatu nahi du bere inposaketak onartu ez dituen kolektiboaren kontra, berrartu beharreko 55 langile kaleratuz. Horrekin, langileen gainetik pasatu nahi dute, baina sistema judizialen hutsuneak eta Eusko Jaurlaritzaren gaitasun eskasa ere agerian uzten dituzte. Izan ere, batetik, Laminaciones Arreguiko langileek ibilbide judizial osoa egin dute eta auzitegiek kaleratzeak behin-betiko baliogabetu ondoren, enpresak ebazpena bete ez eta bere asmoari eusten dio, “langile hauek bai ala bai kaleratuko ditut”, horretarako Espainiako legediak ematen dion aldebakartasuna baliatuz. Horregatik, hain zuzen, gure ustez, behar-beharrezkoa da Euskal Herrian alternatiba bat eraikitzea, Euskal Herrian adostua eta erabakita, langileen eskubideak bermatu ahal izateko, Espainiako sistemak ez baititu bermatzen.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, 3 urtean ezer gutxi egin ondoren, maiatzean eta ekainean bitartekaritza prozesu bat bideratu zuen. Honetan, halere, enpresak bere jokaeran tematu denean, hamarnaka kaleratze inposatu nahian, Eusko Jaurlaritza mutu gelditu eta ez da gai izan lan eraginkorra egiteko. Bada garaia enpresarien ondoan jarri ordez, haien inposaketen aurrean aurrez aurre jartzeko eta erabakiak hartu behar dituzte enplegua eta langileen eskubideak modu eraginkorrean defendatzeko. Halaber, pausuak eman behar dituzte Madrileko erreformak hemen ez aplikatzeko eta bitartekoak jarri ere langileen aldeko ebazpenak betearazteko.

Beraz, LABek bat egiten du langileen borrokarekin, haien aktibazioa berme bakarra baita konpobide duina eta definitiboa lortzeko.