2025-12-16
Blog Page 11

Gizarte Integraziorako Teknikarien LEParen epaia: euskara berriro jopuntuan

Beste behin ere, epaitegiek euskara kolokan jarri dute. Oraingoan, Bizkaiko GUFEko Gizarte Integratzaile Teknikarien LEPan. Zenbait ahots oraindik ere euskara oztopo gisa aurkezten saiatzen dira, baina guk argi daukagu: euskara ez da pribilegioa, eskubidea da.

Prozesu honetan, LAB izan gara euskara defendatzeko personatu den sindikatu bakarra. Euskara defendatzea da langileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak defendatzea.

Eta orain galdera argiak dira: GUFEk helegitea jarriko al du edo beste alde batera begiratuko du? Bizkaiko Foru Aldundiak euskara benetan defendatuko al du, ala isiltasun konplizeetan eta aitzakia teknikoetan ezkutatzen jarraituko du? Noiz arte onartuko da euskara arazo gisa tratatzea, justizia sozialaren tresna izan beharrean?

Diskurtso hutsalez nazkatuta gaude. Benetan euskara babestuko duen legeria behar dugu: LEPetan, lanpostuetan eta herritarren arretan euskararen presentzia bermatuko duena.

Euskararen etorkizuna ezin da borondate politiko aldakorren menpe egon: babesa, konpromisoa eta ausardia behar ditu. 

Eusko Jaurlaritzak negoziazio mahaiak inposizioaren irudia garbitzeko erabiltzen ditu

Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden sindikatuei gai zerrendarik gabeko bilera egutegi huts baten proposamena bidali die.

LABek, beste behin, salatu du Jaurlaritza honek ere ez duela negoziatzeko borondaterik, eta langile publikooi eragiten dien neurri guztiak alde bakarrez inposatzen dituela, edota, kasu batzuetan, gutxiengoaren sinadurekin. Horrek negoziazio kolektiboaren logika eta etika guztien kontra jotzen du, aurrez aurre.

Kontua da, hain zuzen ere, administrazio publikoak, legez, «borondate onez negoziatzera» behartuta daudela soilik, baina lan baldintzak ezartzeko ez dutela zertan sindikatuokin akordiorik erdietsi.

Jaurlaritzak beti heldu izan dio irizpide honi, eta Mahai Orokorraren bilerak inposatuko dituen neurriak publikoki iragartzeko erabiltzen dituela soilik, negoziazio luzeen ondorioz hartutako erabakiak bailiran. Egutegi hutsal honen proposamenarekin Mahai Orokorraren argazkia argiago ikusten da: edukirik gabeko bilera dinamikak soilik propaganda instituzionalerako tramite hutsa direla.

LABek argi du, Jaurlaritzarekin akordiorik egon denean, grebei eta mobilizazioei esker lortu izan dela. Gainera, akordio horiek betearazteko ere, langileok aktibatuta jarraitu behar dugu, eta borrokan jarraituko dugu.

Aurrekontuetan zaintzak eskatzen duen eraldaketarako neurriak ez direla jaso salatu du LABek Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Ez da jaso zaintza lanak erantzukidetasunez banatzeko neurririk, ez zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko neurririk, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko erabaki politikorik ere, LABen arabera. Publifikazioranzko eta langileen ekiparazioaren aldeko urratsak eta konpromisoak eskatu dizkie sindikatuak gobernuei eta aldundiei.

Asteotan negoziatzen ari diren aurrekontuak zaintzako langileen baldintzei guztiz lotuta daude, eta, hain justu, 2026ko aurrekontuetan zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzeko, zaintzarekin negozioa egin dadin ahalbidetzeko eta sektoreko langileak prekarizatzen jarraitzeko hautua egin dela salatu du gaur LABek, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egindako mobilizazioetan. EAJk eta PSE-PSNk aldundietako aurrekontuen bidez zaintza zerbitzuak negozio izatea bultzatzen dutela salatu du sindikatuak, eta pribatizazioa betikotu nahi dutela. Kontrara, zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko neurriak eta zaintza zerbitzuak publifikatzekoak behar direla aldarrikatu du sindikatuak, eta, era berean, aurrekontuetan jasota dauden zerbitzu berriak kudeaketa publiko zuzenaren bidez eman behar direla.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Bilbon adierazi duenez, zaintza lanak, lan publikoak izan arren, “azpikontratatutako enpresetan eta zaintzarekin negozioa egiten dutenetan” egiten dituzte langile gehienek. Aurrekontuek bete-betean baldintzatzen dituzte, Aranbururen arabera: “Aurrekontuetan erabakitzen da zerbitzu publikoa pribatizatuta mantentzen den, hitzarmen kolektiboetara zenbat diru bideratuko den, ratioak nolakoak izango diren, eta abar”. Lan baldintzen ekiparazioranzko urratsak egiteko eta eremu honetan izango diren negoziazio kolektiboei irtenbide duina emateko aukera dute aldundiek, esaterako, aurrekontuen bidez. Horregatik, hitzarmenen blokeoaren erantzukizuna eurena dela gogoratu die LABek, eta premiazkotzat jo ditu, bereziki, Arabako eta Nafarroako helduen egoitzetako hitzarmenak desblokeatzea eta behingoz euren lan baldintzak arautko dituzten lan hitzarmenak lortzea.

Ratioak berrikusteko eta hobetzeko beharra ere erdigunean jarri du LABek, eta benetako urratsak eskatu ditu, erabiltzaileek jasotako zerbitzuaren kalitatea eta pribatizatutako zaintzako langileen lan baldintzak duintzeko. Era berean, pribatizatutako zaintzako langileak euskalduntzeko neurriak adostea eta aurrera eramatea ere galdegin die administrazioei.

Tamalez, ordea, EAJren eta PSE-PSNren norabidea beste bat dela deitoratu du Aranburuk, eta ez dagoela ez zaintza lanak erantzukidetasunez banatzeko neurririk, ez zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak duintzeko neurririk, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko erabaki politikorik ere. “EAJk eta PSE-PSNk zaintzan logika pribatizatzaile eta merkantilistari eusteko apustua egin dute, zaintza lanak desfeminizatu, desfamiliarizatu eta publifikatu gabe jarraitzeko hautua”. Horrez gain, aurrekontuokin zaintza lanak “esplotazio baldintzetan egitea” ontzat ematen dela salatu du; bereziki, emakume migratuek eta arrazializatuek: “Atzerritarren Legeak ezartzen dituen traba guztien ondorioz, eskulan merkean bilakatzen dira, eta muturreko esplotazio egoerak zabaltzen ari dira. Aurrekontu hauekin, gobernuak eta diputazioetako arduradunak dira esplotazio egoera horiek ontzat ematen dituztenak, eta enpresa pribatuak, horretaz baliatzen diren esplotatzaileak”.

Agendatik kanpo

Agenda instituzionalean zaintzaren gaiak “behar baino toki gutxiago” hartzen duela ere salatu du koordinatzaile orokorrak, eta hartzen duenean ez dela egungo egoera aldatzeko norabidean. Gipuzkoako kasua jarri du adibidetzat: “Eraldaketa hitza erabiltzea zinismo hutsa da. Pertsonak erdigunean jartzeaz, eredu pertsonalizatuez, hitz egiten dute, baina, funtsean, ez dago orain arteko eredua iraultzeko erabakirik”.

Horregatik, LABek ausardia eta konpromisoa exijitu dizkie Hego Euskal Herriko administrazio publikoei eta aurrekontuen onarpenean diharduten alderdiei, EAJk eta PSE-PSNk bultzatutako logika pribatizatzaileari ateak ixteko urratsak egin ditzaten. Aranburu: “Zaintza zerbitzuaren kalitatea hobetu, zaintza lanen egungo antolaketa sozialak emakumeengan sortzen dituen diskriminazio egoerak gainditu eta zaintza langileen baldintzak duintzeko, benetako eraldaketa bat behar da, eta aurrekontu proiektuak zuzentzeko eskatzen diegu gobernuei eta aldundiei”. Eraldaketa hori bultzatzeko modua ere zehaztu du: diru partida zehatzak ezartzea zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko, publifikazio prozesuak bultzatzeko, ekiparaziorako, hitzarmen duinak ziurtatzeko edo ratioak hobetzeko.

Gasteizko Sidenorren lau langile kaleratu dituzte euren eskubideak aldarrikatzeagatik

LABek enpresaren jarrera salatu du, eta kaleratuak berronartzea exijitu.

Duela egun batzuk LABek ohartarazi zuen Gasteizko Sidenor enpresako behargin batzuk kaleratze arriskuan zeudela, euren eskubideak aldarrikatzeagatik. Esan bezala, lau langile hauek, beren kategoriaren araberako funtzioak egiten ari zirela ulertuta, plus bat jasotzen hasi ziren urtarrilean, 6 hilabeteren ostean kontsolidatu zena.

Bada, abuztuan, ordaintzeari utzi zion enpresak, irailean plusa kendu zuen eta urri hasieran jasotako dirua nominatik kendu zietela esan zien langileei. Horretan gelditu ez, eta enpresak espedientea ireki zien pasa den astean, eta LABek jakin berri du kaleratu egin dituztela.

Hau onartezina da. Langileek beren eskubideak bete daitezen ohiko bideak hartu dituzte, eta enpresaren zuzendaritzak, Basauritik, kaleratzeko agindua eman du. Jarrera horrek, antisindikala eta antidemokratikoa izateaz aparte, oinarrizko joko arau guztiak apurtzea esan nahi du. Edozein urratze onartu behar al dute langileek? Ezin al dute, bada, dagokien ezer eskatu? Enpresa urtarriletik da egoeraren jakitun, Gasteizen behintzat. Kaleratze erabakia guztiz gehiegizkoa da.

Genozidioarekin kolaboratzeagatik ikertua izaten ari den enpresako buruak, aste honetan Euskal Herriko pertsona aberatsenen zerrendan sartu denak, bere aberastasuna langileon lan eskubideen bizkar egin du. Noiz arte jarraituko dute zuritzen Jaurlaritzatik pertsonaia hau? Agerikoa da nola lortu duen bere aberastasuna metatzea.

LABek argi du ekintza sindikalaren bitartez erantzun behar dela. Kaleratuak berronartuak izan behar dira, eta jazarpen sindikala amaitu behar da. Komitearen baitan, elkarlanean, tamainako erantzuna proposatuko du LABek.

Fibertecnic-eko langileek greba mugagabea egitea erabaki dute

Astelehenetik aurrera, hilak 10, hasiko da greba mugagabea, 7 eguneko grebaren ondoren.

Atzo egindako batzarrak argi utzi du langileak prest daudela beren lan baldintzen aldeko borrokan tonua igotzeko. Horrela, enpresaren azken proposamena baztertu da, eta datorren astetik aurrera greba mugagabea hasteko erabakia hartu dute langileek.

Batzordeak, erantzukizun-ariketa batean, proposamen bat helarazi zion enpresari joan den astean. Baina hark beste azken proposamen batekin erantzun zuen, plantillaren eskakizunak betetzen ez zituena.

LABen ustez, greba mugagabea deitzea ez da lanera ez joatea bakarrik, baizik eta, horrekin batera, mobilizazio ziklo bat egon behar da, plantillak emandako urratsarekin bat datorrena. Eta horregatik jarri dugu mahai gainean proposamen sorta oso bat: mozioak Aernnova taldeko beste enpresetan eta mobilizazioa negoziazio honen arduradunen ateetara eramatea. Beraz, protesta erakundeei ere helarazi behar zaiela uste du LABek, publikoki jakinarazi baitute Eusko Jaurlaritzak Aernnovan sartzeko interesa duela. Berriro dio sindikatuak: ez du balio sektore pribatua diru publikoz ureztatzeak inolako baldintzarik gabe. Defendatzen duten kalitatezko enplegua plantillek behar dituzten eta merezi dituzten lan-baldintzak izatean datza.

Datozen egunetan, Fibertecniceko langileek areagotu egingo dute protestaren intentsitatea. Enpresak gatazka desblokeatzeko behar diren edukiak zuzendu eta mahai gainean jartzea espero du LABek.

Dagoeneko 62 langile hil dira Euskal Herrian urte hasieratik

Atzo jakin genuen beste lan-istripu ez-traumatiko bat gertatu zela joan den igandean, azaroaren 2an, Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean. 55 urteko M.L.I. langilea, bakar-bakarrik zebilen lanean normalean inor ez dagoen gune batean, eta beste langile batek lurrean aurkitu zuen, konortea galduta. Larrialdietara deitu zuten, eta lankideek gurpil- aulkian eraman zuten ospitaleko larrialdietara. Han bertan hil zen.

LABetik gure babes eta elkartasun sentituena adierazi nahi diogu hildako langilearen familiari, lagunei, lankideei, eta baita langile klase osoari.

Traumatikoa izan ez den lan-istripu baten aurrean gaude, baina istripu horien atzean gure osasuna baldintzatzen duten enplegu-, lan- eta bizi-baldintzak ezkutatzen dira. Izan ere, osasuna ez da neutroa, non bizi garen, zer jaten dugun eta, batez ere, zein lekutan eta zein baldintzatan lan egiten dugun eragin zuzena du gure osasunean. Hala, behin- behinekotasuna, txandakotasuna, bakarkako lana, estresa, buruzagitzen autoritarismoa eta abarrek zuzeneko eragina daukate langileon ongizatean.

Gurutzetako Ospitaleko sukaldeko zerbitzuko langilea zein heinean, Ospitaleko ekipo medikoen oheak bakarrik egiteko zereginak esleitzen zitzaizkion, alta eginkizun horiek ez dira arrisku saihesgarritzat hartu arriskuen ebaluazioan.

Sail sindikalek behin eta berriz salatu arren, Osakidetzak segurtasun-gabezia larria du, eta oraindik ere konpondu gabe dago. Tamaina horretako ospitale batean, langile askok (zuzenekoak eta azpikontratatuak) lanaldi luzeak egiten dituzte erabateko bakardadean. Bistakoa da, Osakidetzako zuzendaritza legez saihestu daitezkeen arriskuak ezabatzera behartuta dagoen arren, etekin ekonomikoa bizitzaren gainetik lehenestea erabaki duela, estatistikoki ez baita garrantzitsutzat jotzen balizko heriotza bat prebenitzearen kostua.

LAB sindikatutik argi daukagu lan istripuek dakarten gaitz indibidual, familiar eta sozial honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dela. Lan harremanen ereduaren eta joko arauen eraldaketatik etorriko da aldaketa. Langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen eredu berri baterantz joan behar dugu.

Horregatik, LAB sindikatuak bat egiten du Gurutzetako Ospitaleko Langileen Batzordeak
eman ditzakeen erantzunekin.

Getxoko Enplegu Eskaintza Publikoan euskara eskakizuna erdiei bakarrik ezarriko zaie

Getxoko Udalak 95 lanpostu betetzeko egingo duen lan- eskaintza publikoan euskara eskakizuna erdiei besterik eskatzean herritarren eta udaleko langileen hizkuntza eskubideak urratzen direla salatu dute Bizarra lepoan Getxoko euskara elkarteak, “Bagara nor” Getxoko euskaltzaleen topaguneak eta LAB eta ELA sindikatuek. Erabaki honek aurka, azaroaren 14an 19:00etan Telletxen (Algortan) egingo den mobilizaziora batzeko deialdia luzatu dute deitzaileek.

Getxoko Udalak iragarri du 95 lanpostu betetzeko Enplegu Eskaintza Publikoa egingo duela aurten, eta lanpostu publiko horien erdiei, bakarrik, ezarriko zaiela euskara jakiteko eskakizuna lanpostua betetzeko orduan. Beste horrenbeste lanpostutan ez da beharrezkoa izango euskaraz inolako gaitasunik izatea.

Administrari 34 plaza, AOT 6 plaza, gizarte Langile 4 plaza, informatikan Liz 3 plaza, ingeniari Tek 2 plaza, atezain 4 plazaeskolako atezain 3 plaza 2.HE, guztiak iraungita ta mantenduko dute, eskola bakoitzean atezain bakarra, brigadako ofizial 15 plaza eta brigadako langile 24 plaza dira aterako diren lanpostuak. Horietatik bakarrik erdiei ezarriko zaie euskara jakiteko eskakizuna lanpostua betetzeko orduan, gainontzeko lanpostuei hizkuntza eskakizunaren betekizuna atzeratu egingo zaie, etorkizunean beteko denaren bermerik ezarri gabe, eta beste batzuei aldiz ez zaie eskakizunik ezarriko.

Ez da lehen aldia horrelako erabaki bat hartzen duena Getxoko udalak, duela urte bat ere udaltzainen lanpostuak betetzeko lan- poltsarako hizkuntza eskakizunak soilik lanpostu erdiei eskatu zitzaizkien.

Horrela, zaila baino ezinezkoa da euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea; zorte kontua izango da euskaraz artatuko gaituzten langile publikoak aurkitzea gure udal zerbitzuetan. Oztopoa oztopoaren gainera administrazioan euskaraz jarduteko, zerbitzuak euskaraz jasotzeko, udaletxean euskaraz lan egiteko…

Administrazio publikoen ardura da euskaraz bizi eta lan egin nahi dugun herritarron eskubideak bermatzea, eta horretarako ezinbestekoa da euskaraz lan egiteko gaitasuna exijitzea lanpostu publikoak betetzeko orduan, hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izatea, bestela, bigarren mailako herritar modura tratatuko gaituzte aurrerantzean ere.

Euskararen kontrako epaien oldarralditik, hizkuntza politikan atzeraka joatea onartzen duen koldarraldian sartu da Udala, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeari uko eginda.

Euskararen kontrako jarreren eta politiken aurrean, lantokietan zein kalean mobilizatzen jarraitzeko beharra daukagu; horregatik, euskararen normalizazioaren alde deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Eragileek deitu duten hurrengo mobilizazioa azaroaren 14an izango da, arratsaldeko 19:00etan Telletxe plazan, “Getxon euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu” lemapean.

LAB eta SAT sindikatuek estaldura soziala eskatu diote Nafarroako Gobernuari, nafar landako kanpainetan lanik gabe geratzen diren jornalarientzat

LABek eta Andaluziako Langileen Sindikatuak (SAT) bilera egin dute Nafarroako Gobernuko Nekazaritza eta Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiekin, Nafarroan lan egiten duten ehunka jornalari andaluziarren egoera aztertzeko. Zainzuriaren aurreko kanpainan, landako langileek lanik gabe eta galera ekonomikoekin itzuli behar izan zuten beraien lurraldera. Udaberriko euriak eta hotzak eragin handia izan zuen zainzuriaren kanpainan.

Imanol Karrerak, Nafarroako LAB sindikatuko bozeramaileak, eta Óscar Reinak, SAT sindikatuko bozeramaile nazionalak, Nafarroako eta Estatuko estaldura soziala eskatu dute, lan baldintza legalak bermatzeko eta jornalariak ekonomikoki eta etxebizitzari dagokionez horrelako egoeren aurrean estaltzeko.

Udaberriko euriak eta hotzak gero eta ohikoagoa den egoera bat eragin zuten –bigarren urtea da jarraian kanpaina txarrekin– klima aldaketak klimatologian eragindako aldaketen ondorioz. “Errealitate horrek egoera kezkagarria, asaldagarria eta prekarioa utzi du Andaluziatik (batez ere Jaenetik eta Sevillatik) etorritako ehunka jornalarietan, eta lanik gabe, soldatarik gabe eta, kasu askotan, galera ekonomiko handiekin itzuli behar izan dute beraien lurraldera”.

Sindikatuek salatu dute salbuespen eta laguntza ekonomikoez bakarrik hitz egiten dela gero eta behin behinekotasun gutxiagoko egoera horien aurrean, enpresa edo nekazari enplegatzaileei eragiten dieten kalte zehatzei aurre egiteko, inoiz ere ez jornalariek jasaten dituzten galerei erantzuteko. “Izan ere, Hitzarmen Kolektiboaren aplikazioaren aurrean, inoiz errespetatzen eta betetzen ez diren miseria-baldintzak dituzten ahozko akordioak ezartzen zaizkie. Horrela, katea beti leku beretik hausten da, jornaleroen aldetik, katebegirik ahulena”.

Horregatik, LAB eta SAT sindikatuek Nafarroako Gobernuari eskatzen diote Nafarroako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Hitzarmen Kolektiboari lotutako nafar landa eremuko lan baldintzen kontrol zehatza eta eraginkorra egin dezala. Bestetik, landa-eremuko langileek alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera izango dutela bermatuko duen plan bat exijitzen dute. Era berean, Nafarroako eta Espainiako gobernuei estaldura sozial bat ezartzea eskatzen diete, kanpaina negatiboen edo huts egindakoen aurrean jornalariak babesteko neurriak eta prestazioak jasoko dituena, kontuan hartu gabe Nafarroan bizi edo urtaro jakin batzuetan lanera etortzen diren.

Urrian langabezia igo egin da eta agerian gelditu da udaldiko kontratazio prekarioa

Hego Euskal Herrian 1.219 langile gehiago daude langabezian urrian, aurreko hilabetearekin alderatuta. Datuak, bereziki kezkagarriak dira Nafarroa Garaian, non langabezia %2,04 igo den hilabete bakarrean. 

Duela urte beteko datuekin alderatuz, ordea, langabeziak beheranzko joerari eutsi dio eta azken hilabeteko gorakada, udaldiaren amaierarekin batera eten egiten diren lan kontratu prekario zein ezegonkorren ondorio zuzena da. Izan ere, langabetuen gehiengoa, %58,94, emakumeak dira eta azken hilabetean gazteen langabezia %4,37 igo da, udako kontratu prekarioak amaituta. Zentzu berean, azken hilabetean sektore guztietan egin du gora langabetu kopuruak, bereziki zerbitzuak sektorean, non udako kontratuak bereziki areagotzen diren. Migratuen artean ere, langabeziak gora egin du urrian. Langabezian dauden herritar migratuen artean, %31,68 aurreko enplegurik gabekoa dela nabarmendu behar dugu. 

Aurreko urtean baino 5.481 kontratu gutxiago sinatu dira urrian zehar, bereziki lehen sektorean eta zerbitzuak sektorean. Hala ere, kontratuen %79,08 zerbitzutan jazo da, aurreko urtean baino %4,59 kontratu gutxiago sinatu arren, langile gehienak sektore honetako kontratua du. 

Bestalde, afiliazioak gora egin du Hego Euskal Herrian, eta urrian 1.085.105 zeuden izena emanda erregimen orokorrean (aurreko hilabetean baino 9.630 afiliatu gehiago, hain zuzen ere). Hala ere, 25-50 urte artekoen artean, afiliazioa jaitsi egin da, bereziki emakumeei dagokionean. Afiliazioan zerbitzuak sektoreak izaniko gorakadak argi erakusten du sortzen ari den enplegua lan baldintza ezegonkor zein prekarioak nagusitzen diren zerbitzuak sektorean izan dela. Izan ere, azken urtean sorturiko afiliazioaren %85,11a zerbitzuak sektorean izan baita. 

Lan kontratuei erreparatzen badiogu, emakumeek lan merkatuan dituzten baldintza prekarioak egiturazkoak direla ikus daiteke. Emakumeen artean, %56,2an jardunaldi osoko kontratua duen bitartean, gizonen artean %78ra igotzen da. Lanaldi partzialarekin, ordea, alderantziz gertatzen da: 4 emakumetik bat lanaldi partziala duen bitartean (%24,9), 10 gizonetik ia bakarrak (%11,4) lan egiten du jardunaldi partzialean. Udan lan kontratu ezegonkorrek izaten duten igoeraren erakusle da, urrian jardunaldi osoko behin behineko kontratuek, batez beste, %0,4 behera egin dutela da, gainerako kontratuak igo diren bitartean. 

Enpleguak bizitza duina bermatzeko gero eta zailtasun gehiago ditu eta langabezia lan baldintza ezegonkorren itzala bilakatu da. Egoera honen aurrean, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoerak langile klase osoarentzat onurak besterik ez lituzke ekarriko, egoera zaurgarrian dauden langileen soldatatan inpakturik handiena suposatuz. Lana, aberastasuna eta zaintzaren banaketa, horixe da jendarte justu baterako LAB sindikatuak proposatzen duen ereduaren ardatza. Eta horri buruzko eztabaida demokratikoa da, era berean, EAJ-PNVk eta PSEk ukatu dutena, 138.495 herritarren eskaerari bizkar emanez. Azaroaren 12an, Bilbon, gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegilea tramitera onartu eta EAEko Legebiltzarrean eztabaidatu dadin eskatzeko manifestazioa egingo dugu LAB, ELA, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek.