2026-10-09
HomeEkintza SindikalaLanbideren Lanpostu Zerrenda berriaren inguruko akordioa #LortuDugu

Lanbideren Lanpostu Zerrenda berriaren inguruko akordioa #LortuDugu

LABek, maiatzaren 13an egin den Lan Harremanen Batzordean, Lanbideren LPZ berriaren inguruko akordioa lortu du, hilabeteetako negoziazio, eztabaida eta presio sindikalaren ondoren. Akordioak jasotzen ditu negoziazio osoan defendatu ditugun ardatz estrategikoen funtsezko puntuak, baita langile gehienentzako maila igoera ere.

Lehenik eta behin, akordioak Lanbideren plantillaren dimentsionamendu azterketa egitea jasotzen du. Hau funtsezko lehen urratsa da Lanbidek gaur egun dituen egiturazko gabeziei aurre egiteko. Azterketak kontuan hartu beharko ditu langileen lan zamak, arreta ratioak, zerbitzuen benetako beharrak eta beharrezko lanpostuen kopurua.

LABetik azpimarratu nahi dugu dimentsionamendu egoki bat ezinbestekoa dela kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzeko, Lanbideren egitekoa funtsezkoa baita gizarte kohesiorako. Horregatik, LABen ustez, egiteko horrek behar dituen baliabideak, langileak eta egitura aitortu eta bermatu behar dira. Helburua da Lanbide kalitatezko zerbitzu publiko baten parametroetara gerturatzea, Europako erreferentziazko markoen pare jartzeko bidean.

Gainera, gaur egun esternalizatuta dauden zerbitzuen inguruko azterketa ere negoziazioan txertatzea lortu dugu. Gure ustez, egiturazko eta iraunkorrak diren zerbitzuak pixkanaka egitura publikoan integratzeko bidea aztertu behar da. Horren barruan kokatzen dira, besteak beste, Lanbitelen ari diren lankideak, hau da, telefono bidezko arreta ematen dutenak.

Bigarrenik, LABetik saihestu egin dugu laboralizazio prozesua alde bakarreko inposizio bihurtzea. Sindikatutik salatu izan dugu prozesua xantaiaren logikan planteatzen ari zela eta langileen eskubideetan eta bermeetan atzerapausoak eragin zitzakeela. Lortutako akordioarekin, integrazio prozesua irekiagoa eta berme handiagokoa izango dela jasotzen da eta langileen eskubideak eta aukera profesionalak babesten dira.

Hirugarrenik, LABetik bereziki garrantzitsutzat jotzen dugu euskararen inguruan lortutakoa. Azken hilabeteetan gero eta agerikoagoa izan da Lanbiden hizkuntza politikaren inguruan ireki den eztabaida, eta zenbait kargu publikok kontrako norabidean kokatzeko egin duten saiakera salatu dugu.

Akordio honen bidez, LABek lortu du joera horri muga jartzea eta berariaz jasotzea Lanbiden ez dela atzerapausorik emango hizkuntza eskubideetan, hizkuntza eskakizunetan eta gaur egungo bermeetan. Sindikatuaren ustez, euskararen aurkako diskurtso eta presioei aurre egitea ezinbestekoa da zerbitzu publiko euskaldun bat eta herritarren eskubideak errespetatuko dituen Lanbide bat eraikitzeko. Era berean, berretsi du irmo jarraituko duela Lanbide guztiz euskalduntzeko bidean, eta akordioa osorik bete eta garatu dadin jarraipen zorrotza egingo duela.

LABetik eskerrak eman nahi dizkiegu negoziazio honetan zehar mobilizatu, parte hartu eta babesa eman duten langile guztiei. Langileen presio eta inplikaziorik gabe ezinezkoa izango litzateke gaur aurkezten ari garen akordioa lortzea.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu lanean jarraituko dugula akordioa benetan betetzen dela egiaztatzeko eta Lanbideko langileen bozgorailu izaten jarraitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Postako langileak kalera atera dira zerbitzu publikoaren eta beren eskubideen defentsan

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Honako neurri hauek eskatu dituzte, hemen erabaki nahi dituztelako beren lan-baldintzak: - Posta Zerbitzu Unibertsalaren finantzaketa indartzea kalitatezko...

EAEko udal sektoreko greba eguna arrakastatsua izan da eta langileek argi eta garbi adierazi diote EUDELi negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko

Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.