2026-06-19
Blog Page 1099

Mercedes enpresako zuzendaritzaren jarrerak erantzun irmoa eskatzen du

0

Mercedeseko hitzarmena Negoziatzeko mahaiak egin zuen azken bilera ondoren, enpresa batzordeak salatu du zuzendaritzak proposatu duen plataforma bidez langile guztiak probokatzen direla. Horrez gain, azpimarratzen dute sinadura gutxiengoan erabiltzea gehiengoaren asmoak eta interesak ezabatzeko, jokabide ez-demokratikoa dela. 

MERCEDES ENPRESA KOMITEAREN OHARRA
Joan den asteartean, hilaren 16an, Mercedeseko Hitzarmena Negoziatzen ari diren kideak Mahaian bildu ostean, enpresa batzordearen gehiengoak ondorengo gaiak ezagutarazi nahi ditu:

• Gure ustez, zuzendaritzak eman duen erantzuna, plataforma zentzugabea aurkeztu ondoren, begirune eza adierazteaz gain, LANGILE GUZTIEI egiten zaien probokazio argitzat daukagu. Horri erantzun irmoa eman behar zaio. Salmentak eta ekoizpena sekulakoak diren honetan, langileak ahaleginaren ahaleginez ari diren honetan, hauxe dugu enpresak eman nahi digun saria. Egoera honi gehitu behar diogu UGTk, EKINTZAK eta PIMk azaldu duten arduragabekeria, eutsi dioten jarrera negargarria. Ez dute txintik ere esan!

• Zuzendaritzak eta Enpresa Batzorde honen talde batzuek (UGT, Ekintza eta PIM) agertu duten konpromiso ezak, sinadura Eraginkortasun Mugatuan erabiltzeari ez ukatzeari dagokionez, eragozten du gehiengo horrek Hitzarmenaren negoziazio eraginkorra egin ahal izatea.

• Gehiengoaren asmoak eta honen interesak baliogabetzeko, gutxiengoan sinatzea bezain jarrera ez-demokratikoa ez da bateragarria seriotasunez eta arduraz negoziatzearekin; hori, Enpresako Zuzendaritzarekiko lankidetzatzat bakarrik uler daiteke, langile guztien interesen aurka.

• Behin eta berriz esan dugu; gainontzeko batzordekideekiko konpromiso eta laguntza ezak, batzordearen geldotasunak negoziazio mahaian eta negoziazioa amaitzean gutxiengoan sinatzeko agertu duen erreserbak sindikatu guztien ekintza gaitasuna ezabatzen du, eta ikustarazten digu, haren interesak, oraindik plantillarekiko eta negoziazio mahai honekiko oso urrun daudela. Begi-bistakoa da Batzordearen gutxiengo horrek bere burua aldarrikatu nahi duela langileen salbatzaile gisa, enpresak agertu dituen izugarrizko asmoen aurrean, gero, “horren txarra ez den” akordioa bilatzeko eta langileei arrakastatzat erakusteko. Ez gara zirku horren partaide izango.

• Langileok gehiengoa duen sindikatuari eta haren bidelagunei ardura eskatu behar diegu, haien jarrera bazter dezaten eta Hitzarmen ona lortzeko plataforma soziala lagun dezaten. Gure ustean, enpresa aurrean egin behar den lehen presioa, serioski har gaitzaten, negoziatzen ari diren batzordekide guztiek euren gain hartu beharko dute eta agindu beharko dute enpresari itxiko zaiola Eragin Mugatuko hitzarmenaren atea.

 

 

 

Sinadura-bilketa eguna zerbitzu sozialetan langile gehiago izatea aldarrikatuz


Zerbitzu sozialen sistema publiko eta unibertsala aldarrikatuz LAB sindikatuak martxan jarri duen “Zaintza zaindu. Langile gehiago, zerbitzu hobea" kanpainaren barruan aurrera daramagun sinadura-bilketak bere egun nagusia izan du gaur, hilak 19. Honetarako, Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan sinadurak jasotzeko mahaiak jarri dira.

Bizitzan zehar, eta hamaika zergatirengatik, gizarte-laguntzaren beharra izan dezakegun egoera gorrietan egon gaitezke: menpekotasuna, babes eza, bazterketa, gabezia materialak edo bortxakeria matxista. Babes soziala eskatzen duten egoerak dira guztiak. Egoera hauei aurre eginez, bizimodu duina, autonomoa eta inguruarekin ondo integraturiko harremanak izateko kalitatezko zerbitzu sozialak behar ditugu.

Tamalez, gaur egun gizarte zerbitzuen egoera oso kezkagarria da. Gizarte laguntzaren eskariak erruz gainditzen du eskaintza. Gainera gizarte zerbitzuetan ematen diren lan baldintzek ezinezko egiten dute laguntza egokia eskaintzea. Egoera hau aldatzeko gizarte zerbitzu publiko eta unibertsalen beharra ezibesteko dela deritzogu.

Kalitateko zerbitzuak bermatze aldera, behar besteko baliabide eta bitartekoak ezartzeak berebiziko garrantzia du. Xede horrekin, gaurko sinadura bilketan, hiru aldarrikapen jaso dira. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentruetan plantilak handitzea. Bigarrenik, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin, administrazioei profilen eta funtzio profesionalen hedapena berma dezatela. Eta hirugarrenik, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.

Datozen egunotan, jasotako sinadurak, EAEko parlamentua eta Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dizkiogu egoerak eskatzen dituen neurriak har ditzaten.

 

 

 

O20an, ere, Euskal Presoen eskubideak aldarrikatuko ditugu

Otsailaren 20an Euskal Presoak dauden Espainia eta Portugaleko espetxe guztietara martxak burutuko ditugu presondegietan ABIAN eztabaida behar den bezala eman dezaten dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatzeko eta Euskal Presoen eskubideak aldarrikatzeko.

LABek gorriz markatua du asteburu honetako hitzordua eta kartzeletara egingo diren martxetan izango da. Gainera LABek autobusa antolatu du larriki gaixo den Lorentxa Guimon-en etxeratzea exijitzeko antolatu den martxan parte hartzeko.
 


 

 

Administraziopeko ikastetxeetako aurrematrikulazioan, “D” eredua baztertua

0

Nafarroan aurrematrikulazio epea ireki den honetan LAB sindikatuak Administrazioaren aldetik D ereduaren aldeko kanpainarik egin ez izana salatu nahi du. Era berean Aurrematrikulazio kanpaina Ikastetxeen eskutan uztea arduragabekeria dela uste dugu. Hau guztia azkeneko hogeita hamar urtetan UPNek eta PSNek beste eragileen laguntzarekin ezarri duten Napartheid linguistikoaren ondorio zuzena besterik ez da.

Aurrematrikulazio epea ireki den honetan LAB sindikatuak, era zuzenenean, eremu diskriminatuan ereduen inguruko ze informazio mota ematen ari den ezagutu nahi izan du. Gure ustez aukera berri baten aurrean gaudenean garrantzi handia du eskaintza hori saltzerakoan informatzailearen jarrera zein den, gero bere arrakasta neurtzeko. Hori da LABek neurtu nahi duena.

Eremu diskriminatuko berrogei Ikastetxetara deitu dugu informazio eske eta horietako lautan,%10, ez zuten telefonoz inongo daturik ematen.

Hamahiru Ikastetxetan,%32, “D” ereduaren eskaintza ez dute egiten, informazioan eskeintza horren berri ematen ez dutelako.

Hogeita hiru Ikastetxetan,%57, “D” ereduaren inguruko informazioa eman dute, horietako hamarretan, funtsarik gabeko informazioa izanez eta ez aukeratzera bultzatuz.
Beste hainbeste ikastetxetan “D-PAI”eredua eskaini dute gure harridurarako eta soilik hiru ikastetxetan,%7,5 eskeini dute “D” eredu hutsa.

Hau guztia ikusi ondoren gogoeta bat egin beharko genuke.

Lan honen ondorioz LABek Administrazioaren aldetik aurrematrikulazioan D ereduaren aldeko kanpainarik ez izatea salatu nahi du.

Aurrematrikulazio kanpaina Ikastetxeen eskutan uztea arduragabekeria dela uste dugu, bertatik eman den informazio eskasa izan delako eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzaren iritziaren araberakoa.

D ereduaren zabalpenaren arrakasta horretan oinarritzen bada ezin gara oso baikorrak izan. Aukerak behar bezala ez badira eskaintzen edo zailtasunak jartzen badira eredu zehatz batean matrikulatzeko, gurasoak uxatuko ditu eredu horretatik. Are gehiago informazioa izkutatzen denean.

D-PAI eskaintzea ikastetxe gehienetan ardugabekeria da, PAI programaren eskaintza handitzen ari delako ebaluatzen ari den bitartean eta eskaintza hau ez dela handituko Hezkuntza Departamentutik adierazi zenean.

Hau guztia azkeneko hogeita hamar urtetan UPNek eta PSNek beste eragileen laguntzarekin ezarri duten Napartheid linguistikoaren ondorio zuzena besterik ez da.
 

 

 

LABek Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egindako adierazpenak gaitzesten ditu

0


Tubos Reunidos Industrialeko LABen sail sindikalak salatu nahi ditu Abasolo jaunak zuzendaritzaren izenean otsailaren 17an komunikabideetan enplegu erregulazioari buruz egindako adierazpenak. Lehenik eta behin, errespetu falta bat iruditzen zaigu langileak eta beraien ordezkariek enpresaren asmoen berri komunikabideen bidez izatea, langileen eta bere familietan zalantzak sortzen dituen enpresa estrategia aurrera eramanez.

Enpresaren zuzendaritzak murrizketak ezartzeko dituen asmoak ez dira berriak. Tunos Reunidoseko LABek, pasa den azaroan, enpresak aurkeztutako krisiaren kontrako plana salatu zuen, zeinetan, mugikortasuna, malgutasuna, soldata jeitsiera eta lanaldiaren igoera eskatzen ziguten orain mahai gainean ditugun argudio berdinen aitzakipean (petrolio putzu berrien zabaleraren etetea eta honen prezioaren jeitsiera). Plan honek batzordearen ezetza jaso zuen.

Zuzendaritzak 2015eko galerak eta datorren urtean egongo omen direnak aipatzen ditu, aurreko urteetako irabazi itzelak ahaztuz. Orain, enpresak gure soldatak zein baliabide publikoak erabili nahi ditu bere emaitzak mantentzeko, galerak gizarteratuz eta irabaziak pribatizatuz.

Hala ere, dei egiten diogu zuzendaritzari, gure eskubideen aurkako mehatxuak alde batera ixteko eta enpresan dagoen antolakuntza faltan eta aurreikuspen faltan buru belarri sartzeko eta horrela ditugun arazo batzuk ekidingo liratezke, azkenaldian izan ditugun hiru sute adibidez.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dugu, atzo adierazpenak egin zituen Abasolo jaunak, orain dela gutxi Jose Mari Korta saria jaso zuela Eusko Jaurlaritzaren eskutik bere ibilbide enpresarialagaitik. Azpimagarria iruditzen zaigu sari hau ematea, Urkulluk, egun horretan bertan esan zuenean enpresen biziraupena ez doala bat kostuen murrizketarekin, kalitatearekin baizik.
 

 

 

Imegar SAko langileek mobilizazioa egin dute atzeratutako nominak ordaintzea exijitzeko

0

Imegar SAko Enpresa-Batzordeak deituta, enpresako langileek mobilizazioa egin dute gaur enpresaren kudeatzaile eta bazkideen jarrera salatzeko, atzerapenak baitituzte soldata kobratzerakoan. Giza-katea egin dute enpresatik Laudioko plazara 12:00etatik aurrera eta kontzentrazioa egin dute 13:00ak arte.

Enpresa-batzordearen oharra

Urteak daramatzagu nominak kobratzerakoan atzerapenak jasotzen. 2011an enpresak egindako inbertsio baten ondoriozkoa da egoera hau. 2011an 2 makina automatiko erostea erabaki zuten. Akats larria izan da hau inbertsioa egoera ekonomiko zailean egiten zelako eta, lana ezagututa, ez dugu uste egiten dugun lanerako (serie laburrak) beharrezkoak izango zirenik. Kudeatzaileek ez dute makina hauentzako lan espezifikorik bilatu.

2006an, legalitatearekin jokoan, tailer bat egin zuten Orozkon (ROKU) gurearen jarduera berdinean ari dena, Imegar SAn dagoen kudeatzaile berdina jarrita.

Denbora honetan zehar, langileok konponbideak eskatu dizkiegu bazkideei. Euren erantzuna izan da “pazientzia izan dezagula”, inolako konponbiderik jarri gabe, inbertsioekin egindako kudeaketa txarra euren erantzukizuna izango ez balitz bezala. Enpresaren ordainketa-lehentasunetan, langileok gara kobratzen azkenak, esan diguten moduan. Nomina bi epetan ordaintzeko aukera ere eman diegu kobratzeko data jar dezatela exijituz, baina hori ere ez dute gustoko ez dakitelako noiz izango dute ordaintzeko dirua.

Langile bezala, daukagun lana egitea baino ezin dugu egin, kudeatzaileak dira eskariak lortzearen arduradunak kontuak ondo atera daitezen eta ematen duenez, ez da gai bere lana egiteko.

Honekin nahikoa ez eta azkena izan da kamarak jartzea balizko lapurreten aitzakiarekin, baina konprobatu dugu ateei begira egoteaz aparte, makinak eta langileak ere kontrolatzen direla.
 

 

 

Correscales: Duintasunaren eta prekarietatearen aurka denok batera ekiteko garaia da

Gaur, otsailaren 18an, egingo ditu Correscalesek Bilbotik Bartzelonarako lehen kilometroak. Korrikarekin egin ohi dugun antzera, gau eta egunez ibilbide bat eginen da helburu batekin: prekaritatearekin amaitzea eta duintasunez bizitzea. Eragile sozial, sindikal eta politiko ugariren babesarekin 800 kilometroko ibilbidean, guztiok batera eginez, gure eskubideak defendatzeko borrokan egon eta egongo garela erakutsiko dugu. 

Duela hilabete batzuk Movistarreko milaka langilek abiatutako bidea da hau, muturreko zapalkuntzaren kontra altxatu ziren bi hilabete pasa luzatu zen greba indartsua eginez, gizartean isla nabarmena izan zuena. Movistarreko langileek ekin zioten bide honi, eta gu orain hauekin batera jarraipena ematera gatoz. Borrokarako eta babesereako konplizitate sare bat ehuntzeko garaia da eta hori bilatuko du Correscales ekimenak ibilbide osoan zehar.

Hamaika ekimen eta elkartasun mezu ezberdinak egin dira Euskal Herrian Correscales ekimenari babesa emanez eta parte hartzea bultzatuz. Horietako batzuk hemen ikus ditzakezue:

Ainhoa Etxaide: "Correr para, desde nuestra capacidad de lucha, seguir con el camino que nos va ha permitir construir una nueva realidad"

BILBO
Mugimendu sozial, sindikal eta politikoetako ordezkariak ekimena aurkezten.

GASTEIZ

DONOSTIAKO ELKARGUNEA

IBILBIDEA

 

 

Denok dugu zer esan zerbitzu sozialen defentsan

“ZAINTZA ZAINDU. Langile gehiago, zerbitzu hobea” izenarekin zerbitzu sozialetako ratioak eta arreta hobetzeko kanpaina martxan dugu LABen. Kanpaina honekin adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan arreta duintasunez eman ahal izateko langile gehiagoren beharra azaleratzen ari gara. Ratioak handitzea ezinbestekoa da, eta instituzioei hori exijituz sinadura bilketa bat jarri dugu martxan. Otsailaren 19a sinadura bilketaren egun handia izango da, eta guztion parte hartzea ezinbestekoa zerbitzu sozialen defentsan. Animatu eta otsailaren 19an SINATU zerbitzu sozialen defentsan.