2025-12-19
Blog Page 1098

Bilboko Diako langileen protestak zuzendaritzaren azken inposaketaren aurrean

0

Diak Bilbon dituen saltokiak itxita egon izan dira Aste Nagusietako arratsaldeetan. Aurten, enpresaren zuzendaritzak arratsaldez lan egitera behartu nahi ditu langileak. Honen aurrean protestak egingo dituzte bihar asteartea eta etzi asteazkena. Kontzentrazioak saltoki ezberdinen aurrean izango dira, 11:30ean Zabalburun, 12:30ean Juan de Ajuriagerran eta 13:00etan Zabalbiden.

Diako Enpresa-batzordearen oharra (ELA, LAB, CCOO, UGT)

Diako Bilboko langileok kontzentrazioak egingo ditugu
gure eskubideen alde

Uztailaren 15ean zuzendaritzak jakinarazi zigun Aste Nagusiko arratsaldeetan Bilboko dendak irekiko zituela, historikoki itxita egon direnak. Honek izaera kolektibodun gure lan-baldintzen funtsezko aldaketa dakar, Langileen estatutuko 41. artikulua urratuz. Diak ez ditu kontuan hartzen gure bizitza pertsonalak eta ez du familia-kontziliazio egokirik ahalbidetzen.

Ekainaren 29an elkartu ginen enpresarekin. Aste Nagusian orduak nola zenbatuko zituen galdetu genien. Guztia, denda guztietan modu uniformean egitea bilatzen dugulako langileen arteko desberdintasunak ekiditeko. Enpresak, giza-baliabideen buruak zehazki, erantzun zigun “orain arte egiten izan den bezala” egingo zela. Gezurra, 15 egun beranduago jakinarazten digute ireki egingo dutela.

Bilboko langileok ez dugu besteek baino lan gutxiago egiten. Aste horretan egiten dena da zor zaizkigun aparteko orduak bueltatzea, urteko gehiegizko lanaldira gehitu (Dian urteko lanaldian gehiegizko orduak ditugu) eta berriak izateagatik ezer zor ez zaienak goizeko txandara aldatzen dira. Ez digute ezer oporitzen eta ez dugu gutxiago lan egiten. Orain, enpresaren erabaki honekin urtero hitzarmenak zehaztutakoak baino ordu gehiagoz egingo dugu lan.

Enpresarekin hitzarmena egin nahi izan dugu baina ez da modurik egon. Enpresa honekin ez dago balio duen negoziaziorik. Ez zaigu besterik gelditzen gure eskubideen alde kalera ateratzea baino, gaur Aste Nagusian libratzeagatik eta bihar beste zerbaitengatik.

Abuztuaren 21ean hasi genuen gure eskubideei egindako eraso larri honen aurreko borroka. Enpresa-batzordeak ez du amorerik ematen, gure eskubideen alde jarraitzen dugu borrokan. Hori dela eta, mobilizazioak egingo ditugu datozen egunotan.

Astearte eta asteazkenean, abuztuaren 25 eta 26an:

– 11:00etatik 11:30etara Zabalburu plazako saltokian (Nikolas Alcorta, 2).

– 12:00etatik 12:30etara Juan de Ajuriagerrako dendan.

– 13:00etatik 13:30etara Zabalbideko dendan.
 

Bilbon, 2015eko abuztuaren 24an
 

 

 

Ehundaka pertsona atera ziren kalera ostiralean indarkeria sexistari aurre egiteko eskatzeko

Emakumeen Mundu Martxaren deialdiari jarraituz, ehundaka izan ziren ostiralean biolentzia sexistaren kontra kalera atera zirenak. Hegoaldeko lau hiruburuetan egin ziren mobilizazioak, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketaren arabera “lau dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistak erahildako emakumeak, eta ikusi ahal izan dugun bezala, eraso sexistak eta indarkeria matxistagatik atzemandako gizonen kopurua izugarria izaten ari da uda honetan”.

Erantzunerako deia berretsi du Emakumeen Mundu Martxak. “Nazkatuta gaude, haserre eta erreta, emakumeonganako indarkeria honek etenik ez duela ikusita, eta honen aurrean behar bezalako larritasunez erantzutera deitzen ditugu, bai jendartea eta bertako eragile sozialak, baina baita arduradun politikoak ere. Horregatik guk kaleak hartzen jarraituko dugu”.
 

 

 

Jaiak, erasoak eta erantzunak

Amaia Zufia eta Kattalin Miner.- Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa

Aurtengo uda, eta honekin batera herri eta auzoetako jaiak amaitzear direla, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik hainbat irakurketa plazaratzeko beharra sumatu dugu. Hainbat dira ukitu nahi ditugun kontuak, baina lehenik eta behin guztiz kezkatuta eta haserre gaudela adierazi nahi dugu, hain zuzen, beste uda bat joan zaigulako eraso sexistaz betea. Larrituta gaude, jai eta gau testuinguruaz baliatuta, aurten berri izan dugun eraso sexista eta sexualen kopuruaz. Gaitzesteaz gain, arduradun desberdinei, behar diren neurriak hartzeko eskatzen diegu berriro ere.

Honek guztiak noski, badu bere alde gazi-gozoa, erasoei egindako erantzunena hain zuzen ere. Pozarren ikusi dugu, herri, hiri eta auzoetan mugimendu feminista zein jai eta auzo elkarteek izan duten erantzun eta deialdi gaitasuna. Honekin argi geratu da sarri, jendarteak, eragile sozial zein kasu batzuetan instituzionalek ezezko irmoa ematen dietela halako erasoei, eta honek berebiziko garrantzia duela azpimarratu nahi dugu. Besteak beste, aipatzekoa izan da, Iruñean hainbeste urtetan erasoen berri izan dugun arren, eta erantzun diegun arren, aurten ikusi dugun erantzun erraldoia.

Hau, ez dugu ahaztu behar, mugimendu feministak musu-truk, borondatez eta sarri oztopo handien gainetik egindako kontzientziazio, formakuntza eta zabaltze lan baten ondorio dela. Ez egun batetik bestera egiten den borroka. Beraz, zoriondu egin nahi ditugu bide honetan, erasoak zer diren, horiek salatzen eta inguruan hartu beharreko ardurak har daitezen herri eta auzoetatik hasita, edozein mailatan lanean diharduten guztiak.

Dena ez da garaipena, ordea, uda honetan ikusi baititugu aldarrikapen eta ahots feministak altxatzearen beste ondorio batzuk. Hain zuzen ere, burura datorkigu zaratatsuena izan den Gasteizko Blusa eta Nesken afera, non beste behin, mugimendu feministaren lana zalantzan jarria izan den. Zoritxarrez, ohituta gaude borroka feminista deslegitimatu nahi duten ahotsak entzutera. Baina argi dugu, beldurrik gabe bizitzeko hautua egin genuela aspaldi eta horretarako lanean jarraituko dugu, gurekin bidea egin nahi duten guztiekin. Eta ez, ez gaude prest erasoen aurkako protokoloak betetzen ez direla onartzeko, ez indarkeria sexista salatzeagatik irainduak eta deslegitimatuak izateko.

Gasteizko kasua ikusgarriena eta gatazkatsuena izan bada ere, jakin badakigu jaiak antolatzen diren espazioetan, oraindik bestelako egoerak izaten direla maiz, eta aurten ere hala jaso dugu, eraso sexisten inguruko zalantzan jartze bat, feminismoarekiko errezeloak, eta ezjakintasunean edo antifeminismoan oinarritutako jarrera nahikoa matxistak ere bai. Antolakundeetatik hasi (dela jai batzordea, dela konpartsa bat, dela auzo elkarte bat), jaietan izaten diren jarreretaraino. Gizonen nagusigoan, bazterketa anitzetan, oinarritutako kultur adierazpen eta fenomenoak irauli behar ditugu, hauek baitira indarkeria sexistaren erroa.

Guk argi diogu: izaera, espazio eta lanketa feministak oinarri ez dituzten jai ereduak ez dira sekula emakume, lesbiana edota transentzako askeak izango. Ez dira izan eta ez dira izango, eta puntu. Denak ez du balio, jaietan ere ez. Batzuk irainduak, erasoak, gutxietsiak edo bortxatuak izateak, beste batzuek beren boterea finkatzeko, horrela gozatzeko, ez du balio.

Eraso sexistarik gabeko jaietan sinisten dugu, noski, baina ahaztu gabe, mugimendu feministak urteak daramatzala honetan lanean, eta beraz, hemendik merezitako aitortza ez ezik, gai hauen inguruan duen autoritatea behingoz onartzea eskatzen dugu. Guztion ardura da honen lanketa egitea, aitzakiarik gabe eta erasotzaileekiko konplizitaterik gabe. Feminismo hitza eta ekintzak ez onartzeko dauden erresistentziak alde batera utzi, eta behingoz gaiari heltzeko ordua da. Jaien antolaketa eredua honen adierazle bihurtu beharra dugu, elkarlanaz, hitz-erdika aritu gabe eta tinkotasunez. Gainera, gai honen lanketan komunikabideen garrantzia azpimarratu nahi dugu: berriak ematerakoan, lehentasunak jartzerakoan edota informazioaren tratamenduan.

Azkenik, erradikaltasunaren gaiari eutsi nahi diogu. Dirudienez, orain mugimendu feministari tokatzen zaio erradikalitatearen zama lepoan eramatea. Dirudienez, akabatzen, bortxatzen, erasotzen ari zaizkigun honetan, buru-berokiak jarrita irtetea, erradikaltasun biolentoena da. Emakumeen Mundu Martxatik baietz diogu, erradikalak garela, feminismoa beti izan den bezala; izan ere, sustraitik eraikitako berdintasun hutsa ideia oso erradikala delakoan gaude, honek batzuek duten boterea lagatzea (edo lagaraztea) dakarrelako. Erradikala ez da guretzat mespretxua, ez dugu horrek arrazoirik kentzen digunik sentitzen, jakin baitakigu, gure aurretik borrokatu ziren feminista guztiei deitu izan dietela erradikal. Botoa eskatzen zuten horietatik hasi, eta erailketa matxistak «pasio krimenak» ez zirela oihukatu zuten horietaraino.

Dena den, guk dakigula, bizkarrean hainbeste eraildako, bortxatutako, erasotako daramatzagun artean, guk oraindik buruak estali eta beldurrez bizitzeaz nazkatuta gaudela eta erantzuteko prest gaudela besterik ez dugu oihukatu, lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena. Eta ez dugu inoren baimenik behar, legitimitate osoa dugu horretarako, gure bizitzak baitira jokoan daudenak. Beraz, kontuz biolentzia desitxuratzen duten diskurtsoekin: indarkeria matxista da hemen bortitza eta muturrekoa dena.

Beraz bai, inflexio puntua dugu Euskal Herrian udan honetan, erasoz, erantzunez, eta erantzun horiei erantzunez beterik izan baitugu. Hemendik lanean jarraitzeko deia zabaltzen dugu, besterik ez, gure esparru eta inguruetan protokolo feministak sortu eta aktibatuz, konpromisoak bilatuz, kaleak eta gauak berreskuratuz, eta feminismoa berdintasun erradikalenean oinarritzen den hori aldarrikatuz.

Euskal Herriko Mundu Martxatik emakumeon indarkeriarik gabeko bizitzaren alde martxan jarraituko dugu, gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko martxan… Datorren irailaren 28an martxoan Kurdistanetik abiatutako karabana helduko da Euskal Herrira. Mundu Martxaren nazioarteko IV. ekintza izango da, eta honen harira Euskal Herriko bazter guztiak aldarrikapen, ekintza, mobilizazio eta animazioz betetzeko deia zabaltzen dugu. Denak aske izan arte martxa jarraituko dugu!

Erasorik ez, erantzunik gabe! Gora borroka feminista!
 

 

 

“Gazteen lan eskubideen gida” Bakion

0

LAB eta ERNAIren arteko “ Gazteen lan eskubideen gida” eskualdez eskualde aurkezteko dinamika aurrera doa. Atzokoan Bakion izan ginen gazteek dituzten lan eskubideak ezagutu eta aldi berean borroka tresna gisa erabiliz ukatuak zaizkigun eskubideen aldeko borroka indartu eta bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzeko gidaren aurkezpenarekin.

Krisiaren aitzakipean aurrekaririk gabeko erasoak jasaten ari da euskal gazteria. Besteak beste lan baldintzen okertuz, ikasteko zailtasuna areagotuz edo politika sozialetan murrizketak aplikatuz langile klasearen prekarietate egoera betikotu nahi dute.

Egoera larri honen aurrean unea da dagozkigun eskubideen berri izan eta norabide berean bultzatzeko. Atzo, Bakion langile gazteen artean zabaldu genuen gida, dituzten eskubideen inguruan informatuz eta borrokara batzeko animatuz.
 

 

“Gaixo dauden presoak etxean behar ditugu”

Gaixo dauden Bizkaiko euskal presoen senide eta lagunek manifestazioa antolatu dute datorren abuztuaren 28rako Bilbon. "Gaixo dauden presoak etxean behar ditugu" lelopean osasun eskubidea urratzen duen espainiar zein frantziar estatuen espetxe politika salatuko da. LABek bat egiten du mobilizazioen ardarrikapenekin eta Euskal Herriko langilegoari dei egiten dio bertan parte hartzera.

Gaixo dauden presoen etxeratzea galdegiteko manifestazioa deitu dute abuztuaren 28an Bilbon (Uriola.eus)
 

 

 

Eraso sexistak salatzeko mobilizazioak Euskal Herrian

LAB sindikatuak Euskal Herria gertaturiko azken erailketa sexista gogor gaitzetsi nahi du. Zoritxarren eraso sexistaz beteriko uda baten aurrean aurkitu gara, non emakumeon aurkako, mehatxuak, bortxaketak, jipoiak eta erailketak izan diren protagonista ilunak. Gaur Ollarganen, Abusu sarearen eskutik antolaturiko mobilizazioan, zein bihar Emakumeon Mundu martxak deitutako elkarretaratzetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

LAB indarkeria sexista kasu hauek guztiak salatu eta honen atzean dagoen konplizitatea eta botere desorekak mahaigaineratu nahi ditu.

Egoera hauek gertatzen dira, emakumeok zapaltzen gaituen jendartean bizitzera behartuak gaudelako. Eta Zapalkuntza honek baditu arduradun zuzenak. Izan ere, zineztarazi nahi digutenaren kontra, indarkeria sexista ez da arazo indibiduala edo eta zorigaiztoko gertaera isolatua, baizik eta egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren egituraren sostengurako ezin besteko tresna baizik.

Egoera honen aurrean , LAB sindikatua indarkeria sexistari aurre egiteko antolatuko diren deialdi guztietan parte hartzeko deia luzatu nahi dio euskal langileriari.

Soilik guztion inplikazioaren bitartez, konplizitate jarrerekin amaituz eta egoera hauen aurka mobilizatuz, lortuko dugulako emakumeok gure bizitzako esparru guztietan pairatzen ditugun zapalkuntza eta indarkeria sexista egoerekin behingoz amaitzea.

Horregatik, bai gaur Ollarganen (19:30), Abusu sarearen eskutik antolaturiko mobilizazioan, zein bihar Bilboko Arriagan (20:00), Iruñeko Udaletxe Plazan (20:00), Donostiako Bulebarrean (19:00) eta Gasteizko Andra Mari Zurian (19:30) Emakumeon Mundu martxak deitutako elkarretaratzetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Azkenik, gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu erasotuak izan diren emakume guztiei eta bereziki Leireren senide eta lagunei.

Erasorik ez, erantzunik gabe! Gora borroka feminista!


Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa 
Nahikoa da! Beste emakume bat eraila Bilbon (2015/08/19)

Gaur jakin dugunez, Bilbon abuztuaren 8an auto batek harrapatuta hil zen emakumearen senar ohiak bere buruaz beste egin du trenak harrapatuta.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeria matxistaren beste biktima bat delakoan gaude, eta horregatik hemendik guztiz gaitzesten dugu erailketa hau.

Lau dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako emakumeak, eta ikusi ahal izan dugun bezala, eraso sexistak eta indarkeria matxistagatik atzemandako gizonen kopurua izugarria izaten ari da uda honetan.

Nazkatuta gaude, haserre eta erreta, emakumeonganako indarkeria honek etenik ez duela ikusita, eta honen aurrean behar bezalako larritasunez erantzutera deitzen ditugu, bai jendartea eta bertako eragile sozialak, baina baita arduradun politikoak ere.

Horregatik guk kaleak hartzen jarraituko dugu, eta dei egiten diogu jendarte guztiari, ostiralean hiriburu zein herrietan emango diren kontzentrazioetara batu eta indarkeria matxistari behin betiko ezetza ematera.

Donostian: ostirala 19:00etan Bulebarrean

Bilbo: ostirala 20:00etan Arriagan

Iruñea: ostirala 20:00etan Udaletxe plazan 

Gasteiz: ostirala 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazan

Gora borroka feminista! Gora emakumeon bizitzak!

 


 

 

Jazarpen sindikala Carrefourren

0

Koldo Fernández LABeko delegatua da Carrefourren azken 25 urteotan. Enpresak espediente zigortzailea ireki ostean kalean utzi du duela urte asko langileen ordezkari honen aurka hasitako gurutzadaren barruan. Eraso hau salatzeko eta zuzendaritzaren jarrera eta langilearen berronartzea eskatzeko LAB kalean izango da.

 

Carrefour Marketen helburua langileen ordezkari hau kaleratzea da. Urteak dabiltza ahaleginetan bere jarduera sindikala dela eta. Dendako arduradun Yolanda Rosado, segurtasuneko langile bat eta dendako kudeatzaile José Javier Muñozen lankidetzarekin, "kobraketa simulazioa" leporatzen diote. Ustezko nahasketa azalduta eta justifikatuta dago, hala ere, aurrera jarraitzen dute inolako frogarik izan gabe.

Dagozkion helegiteak aurkeztuta eta akusazioaren frogak eskatu ondoren, lanik gabe utzi dute.

Carrefourrek ez du enpresan sindikaturik nahi. Ez du nahi inork langileen eskubideak defendatzerik eta bidezkoa dena exijitzerik. Aginduak beteko dituzten esklabuak baino ez ditu nahi enpresak. Urra daitezkeen eskubide guztiak urratzen ditu eta hau ezagutu egin beharko lukete bere bezeroek. Hauek jakin egin behar dute zer nolako enpresari ematen dizkioten irabaziak.

Bat kaleratzen badute, guztiok kaleratzen gaituzte. Ez da erantzunik gabeko erasorik egongo. Ezin dugu onartu langileen kontrako tratu txar hauek doan izatea.

HURRENGO MOBILIZAZIOAK

Abuztuak 19, asteazkena. 12:00etatik 13:00etara Sestaoko Carrefourren (Ibarzaharra poligonoa).

Abuztuak 20, osteguna. 12:00etatik 13:00etara kontzentrazioa Zabalburuko Carrefour Market dendaren aurrean (Nikolas Alkorta z/g) eta 13:00etatik 14:00etara Atxuriko dendan (Santos Juanes plaza, z/g).

Abuztuak 21, ostirala. 19:30etik 20:30era kontzentrazioa Sestaoko Carrefourren.

 

 

 

PNVk Donostian eta Udalean euskararekiko duen errespetu eza salatu nahi du LABek

PNVk aurtengo ekainean udal hauteskundeak irabazi eta alkatetza hartuz geroztik, bai Donostian eta bai bertako Udalean ere, gure hizkuntzarekiko erakutsitako errespetu eza nabaria izan dela salatzen du LABeko sail sindikalak. Era berean, udalarekin egiten dituen bileretan euskara baztertzeko asmorik ez duela jakinarazi du.

Donostiako Udaleko LABeko sail sindikalaren irakurketa
PNV ALDERDIAK DONOSTIAN ETA UDALEAN EUSKARAREKIKO DUEN POLITIKA

PNVk aurtengo ekainean udal hauteskundeak irabazi eta alkatetza hartuz geroztik, Donostiako hiritarrak eta Udaleko langileak zeharo harrituta gaude alderdi hau (euskalduna), bere gobernu kide den PSOEkin batera, izaten ari den euskararekiko politikarekin.

Ekainean ere bukatu egin zen legealdian zehar euskararen erabilera sendotzen joan zen, bai hiritarrei begira bai udaleko barne funtzionamenduari begira. Kalean euskararen aldeko kanpainak egin ziren eta udal langileak motibatuak izan ziren, presiorik gabe eta etengabeko laguntzaren bitartez, lan harremanak, idatzizkoak nahiz ahozkoak, eta bakoitzaren ezagupen mailaren arabera, euskaraz izan zitezen. Baita zinegotzien eta langileen ordezkapenaren arteko bilera gehienak ere euskaraz egiten ziren.

PNV eta PSOE alderdiek udaleko agintea hartuz geroztik gure hizkuntzarekiko errespetu eza nabaria izan da sarritan:

– Hizkuntz eskakizunak murriztu egin dira zuzendari berrientzat.

– Giza Baliabideetako zinegotzi delegatua den Juan Ramón Vilesen (PNV) eta ordezkaritza sindikalaren arteko bilerak gazteleraz egin behar dira, zinegotzi honek ez baitaki gure hizkuntza eta ez baitu erabiltzen udalak berak duen itzulpen zerbitzua. Ezta idatzizko bere mezu guztientzat ere.

– Eneko Goiak Atletiko San Sebastianeko nesken softbol taldeari harrera egin eta plaka bat eskaini zion txapelketa irabazteagatik zorionduz, gaztelera hutsean.

– Hain desiratuak izan diren (batek daki noren aldetik) zezenketak iragartzen zituzten karteletan euskara ez da inonen agertzen, ezta Donostia izena esateko ere, baina alderdi hauek ez dute begitartea aldatu ere egin.

– …

Gure hizkuntzarekiko mespretxuzko jarrera horren azkeneko adibidea pasa den abuztuaren 6an izan zen, sail sindikal honek horrela eskatuta Udalaren Euskara Batzordeak legealdi honetako lehenbiziko bilera egin zenean.

Bilera honetara aipatutako Giza Baliabideetako zinegotzi delegatua, Viles jauna, etorri zen, baina ez zituen erabili zinegotzia den bere arloan bertan dauden itzulpenerako tresnak. Horrela, Euskara Batzordearen bilera, logikoa denez, euskaraz izatea oztopatuz, eta bere hizkuntzan, hau da espainolez, egitera behartuz.

Suposatzen dugu udal honetako Euskarako zinegotzi delegatuak, Miren Azkaratek, (Euskaltzaindiako kidea eta PNVkoa ere) euskararekiko Viles jaunak baino sentsibilitate handiagoa izango duela (azken finean Viles jaunak ez du ezagutzen) eta bere erabilera sustatuko duela Udalaren eta hiritarren arteko harremanetan eta udalaren barne harremanetan.

LAB sail sindikal honek udalarekin egiten dituen bileretan euskara baztertzeko asmorik ez duela jakinarazten du. Horregatik zinegotzi delegatuei iradokitzen diegu behar duenek udalean dauden itzulpenerako tresnak erabil ditzatela.

 

 

 

LABek Carrefourreko jazarpen sindikala salatzen du

0

LABek Carrefour erakusten ari den sindikatuen aurkako jarrera publiko egin eta salatu nahi du. Enpresak Bilboko Zabalburuko bere dendako LABeko delegatu bat zigortu du, berau kaleratu asmoz. Langileen ordezkari honek 25 urte baino gehiago daramatza enpresan lanean.

LABek ulertzen du Carrefourren jarrera langileriaren kontrako erasoa dela, enpresari traba egiten baitio langileak antolatu eta euren eskubideak aldarrikatzeak

Hori dela eta LABek ez du eraso hau erantzunik gabe utziko. Eta ez du utziko, Carrefour zerbaitetatik bizi bada bere bezeroen erosketetatik delako. Bezero horiek herrialde honetako langileak dira, hortaz LABek ulertzen du mota honetako jarrerak ez direla bere delegatuaren kontrako erasoak soilik, Carrefourreko langile guztien kontrakoak baizik, edozein momentutan zori berdina izan dezaketenak. Gainera, LAB sindikatuari berari egindako erasoa da, eta Carrefourreko bezero guztiei, herri honetako langileak baitira.

LABek Carrefour egiten ari den laneko jazarpena eta jarrera antisindikalarekin amaitzea exijitzen du eta horretarako, enpresaren jarrera salatzeko kontzentrazioak hasi ditu aste honetan bertan. Gaur egin du lehenengoa Bilboko Zabalburuko saltokiaren aurrean 12:00etatik 13:00etara. Bestalde, hauek dira aste honetarako deialdiak:

– Abuztuak 18, asteartea. 12:00etatik 13:00etara kontzentrazioa Zabalburuko Carrefour Market dendaren aurrean (Nikolas Alkorta z/g) eta 13:00etatik 14:00etara Atxuriko dendan (Santos Juanes plaza, z/g).

– Abuztuak 19, asteazkena. 12:00etatik 13:00etara Sestaoko Carrefourren (Ibarzaharra poligonoa).

– Abuztuak 20, osteguna. 12:00etatik 13:00etara kontzentrazioa Zabalburuko Carrefour Market dendaren aurrean (Nikolas Alkorta z/g) eta 13:00etatik 14:00etara Atxuriko dendan (Santos Juanes plaza, z/g).

– Abuztuak 21, ostirala. 19:30etik 20:30era kontzentrazioa Sestaoko Carrefourren.


JAZARPEN SINDIKALA CARREFOURren

Carrefour enpresak jazarpen sindikal etengabea erabiltzen du langileen eta euren ordezkarien kontra. Oraingoan harago joan da eta espedientea zabaldu dio Koldo Fernandezi, LABeko delegatua Zabalburuko Carrefour Market dendan.

Eta ziurtasunez esan eta erakus dezakegu. Langile honek, 25 urtez baino gehiago daramatza delegatu enpresa honetan eta bere lankideek bezala, hainbat eraso pairatu du, laboralak, moralak zein pertsonalak, bere lan sindikala egiteagatik.

Gutxi gora-behera orain dela 20 urte gutxi hasi zen bere amesgaiztoa. Enplegu Erregulazio Espediente baten baitan bere emaztea kaleratua izan zen, nahiz eta hasieran kaleratzeko zerrendan ez egon. Hau zen azalpena, Ruiz Jaunak, momentu horretan dendako gerente zenak, onartu egin zuen enpresak behartu egin zuela bere emaztea zerrendan sartzera Koldoren lan sindikalagatik.

Orain dela 10 edo 12 urte eraso larri berria izan zen, orain Koldoren aurka zuzenean. Langile batzuk Santiago Rodriguez dendako kudeatzailea harrapatu zuten beste bi pertsonarekin tratu bat ixten Koldo jipoitzeko, baina dendatik urrun. Koldo LABeko arduradun batekin harremanetan jarri zen honen gainean hitz egiteko, eta dendan bertan, gertakari guztiak onartzen zituen Santiago Rodriguezek 3 delegatu eta LABeko arduradunaren aurrean.

2011. urtean kudeatzailea aldatu zen, baina jarrera ez. Orri baten bidez LABeko delegatuek salatu zuten arratoiak zeudela biltokian. Hauek produktuak horzkatzen zituzten eta ondoren salmentan jartzen ziren, kudeatzailearen aginduz. Honek arazoa onartu bai baina bere jarrerarekin jarraitu zuen galera handiak sahiesteko, nahiz eta osasunerako kaltegarria izan. Bezero zein langileen kexak egon arren Carrefourrek ez zuen neurririk hartzen, beraz LABeko delegatuek zabaldu zuten salaketa bat egingo zutela Osasun Sailean. Honen aurrean Alberto Olalde Azkarreta kudeatzaileak –gaur egun eskualdeko arduraduna- Koldoren kontra jo zuen berriro kaleratzeko mehatxuekin.
Ez dago zalantzarik, edozein gertakaria baliogarria da Carrefourrentzat LABen kontrako jazarpen sindikalarekin jarraitzeko.

Azken urte hauetan egoerak okerrera jo du. Alfredo Del Palacio izan da azken kudeatzailea, eta zorrotzena. LABeko delegatuekin ez zuen zuzenean hitzik egiten, nahiz eta euren aurreran egon. Mota guztietako mesprezuak egiten zizkien; adibidez, sinatu ondoren paperak eta boligrafoa lurrera bota, langileen batzarretara ez zien deitzen, enpresako mugikorraren bidez mezuak bidaltzen zizkien mehatxuka, eta nola ez, mobilizazioak egiten ziren bitartean kaleratzeko gogoa agerian uzten zuen. Kalean jarritako kartelak kentzen zituen, “os voy a dar dos hostias si los ponéis de nuevo” esaten zien, eta langile batzuen aurrean honakoa onartu zuen, langileen babesik ez balute LABeko delegatuak kalean egongo zirela, “kantzer bat” izateagatik.

Koldo une honetan etxean dago expediente bat zabalik, enpresak bere kaleratzea lortu nahian, LABen lan sindikala suntsitu nahian.

Carrefour gezurretan ari da, baztertu, mehatxatu eta jazarri egiten du. Eta jarrera honekin jarraitu nahi du, zigorgabetasun guztiarekin, baina ez dugu onartuko.