2025-12-19
Blog Page 1097

Lan istripuen kontra, 24 orduko lanuztea gaur eta kontzentrazioa 13:00etan bihar Volkswagenen

0

Atzo Volkswagenentzat lanean ari zen TEX azpikontratako langilea hil zen Iruñean lan istripuz. 2015eko 36. hildakoa da eta Nafarroako 11.a.

LAB sindikatutik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu senide, lagun eta langilego osoari orokorrean. Salatu nahi dugu azken boladan pairatzen ari garen lan-istripuen jario izugarriak erantzuleak badituela, baita arrazoi garbiak ere.

Enpresen diru egarri asezinak eta etekinak gehitzearen logikak langileon bizitza eta osasunean ondorio larriak ditu. Jarduera honek langilegoaren lan baldintzen prekarizario orokorra ekarri du. Prekarizazioaren aurpegietako bat azpikontratazioa da baita lan-osasunean izandako murrizketak ere. Ez da kasualitatea azken aldian izandako istripuetan elementu bat langile azpikontratatuak izatea.

Volkswagen Navarra errealitate honen isla dugu. Etekin izugarriak lortzen dituen enpresa batek 8000 mila langile baino gehiago ditu azpikontratatuta.

LABek, gaitz sozial hau bukatzeko erakunde publiko eta Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen du: zero tolerantzia lan istripuen aurren, fiskalizazio eta kontrola handitu edota Prebentzio Zerbitzuen publifikazioaren aldeko apustua egitea derrigorrezko pausuak dira lan istripuekin bukatzeko.

Gaur, Enpresa-Batzordeak 24 ordutako lanuztea deitu du, 14:00etan hasi dena. Enpresaren jarduera gelditzea lortu du.

Bihar, kontzentrazioa deitu du Enpresa-Batzordeak Volkswagen aurrean, Landabengo poligonoan, 13:00etan. LABetik deia luzatzen diegu langile guztiei mobilizazio honetan parte hartzera.
 

 

 

Espainiako Bankua zein PPren Gobernuak alargun eta umezurtz pentsioak dituzte jomugan

Beste behin ere pentsioak erreformatzeko beharraren mezua zabaltzen ari dira. Azken asteotan Espainiako Bankua zein PPren Gobernua eztabaida irekitzeko ahaleginetan dabiltza. Azken helburua argia dute: babes sistema publikoa are gehiago ahuldu pentsio pribatuen planei bidea irekitzeko. Honetan alargun eta umezurtz pentsioak jomugan daude. Orain lotsagabeki sinestarazi nahi digute Gizarte Segurantza ez dela bideragarria eta Erretserba Funtsa agortzen ari dela pentsio hauen erruz.

LAB-ek gogorazten du pentsioen erreforma botere ekonomiko eta finantzieroen harrapakina izan dela, gure eskubide sozialen kontura. Estatu espainarrak hala erabaki du: pentsioek balioa galdu behar dute, soldatak edo langabezi prestazioek bezala. Orain PPk murrizketa berriak zuritu nahi ditu erreforma berriaren eztabaida pentsioen sistemaren sostenigarritasunean kokatuz alargun pentsioak kontribuzio sistematik aterata zergen bidez finantziatu daitezen. Hori bai, PPk ezkutatu egiten du azken urtetotan pentsioen sistemak, eta orohar babes sistema, era guztietako erasoak jasan dituztela, eta ekonomikoki itotzen ari direla. Baina ez gaitezen tronpa. Hemen funtsezkoena ondoko galdera da: nola lortu duintasunez bizitzea ahalbideratuko duten pentsio eta prestazioak?

Une hauetan, jada murritzak diren alargun pentsioen inguruan aurrera eramango den edozein neurrik edo erreformak eskubide murrizketa, zaurgarritasun handiago eta pentsioen zenbatekoen galera ekarriko dute baldin eta ondoko gaiak aldatzen ez baditu:

a) Neurriak emakumezkoen okupazio tasa igotzeko, borondatezkoak ez diren kontratu partzialen murrizketa, gizon eta emakumezkoen arteko soldaten arrakalaren desagerpena eta soldaten eta gutxieneko pentsio eta prestazioen igoera.

b) Patronalari emandako opariak kendu, iruzurrarekin bukatu kontratazioan, lan erreforma bertan behera utzi eta indarrean jarri egiazko erreforma fiskal progresiboa.

c) Onartu soldata soziala izateko eskubidea pobreziaren mugaren gainetik.

Beraz, zenbait erakunde politiko eta sindikal prest badaude PPren joko eremuan, inondik ere berme eta babes handiagoa ekarriko ez duten neurriak negoziatzeko ardura larria hartuko dute beste behin ere pentsiodunak, bereziki, adineko emakumeak, kapitalen biktima bihurtzerako orduan.

Berriro ere ikusten dugu Gizarte Segurantzaren sistema honek ez dituela betetzen Euskal Herrian bizi garenon babes beharrak. Ezin dugu onartu prekarietate eta babesgabetasun handiagoa ekarriko dituzten neurriak, orain bereziki emakumeak kolpatuko dituztenak. Beraz, pentsio eta prestazio ekonomiko murritzagoak ezartzeko ahalegin berrien aurrean, LAB-ek dei egiten die Gasteiz eta Iruñeko Gobernuei beste aldera ez begiratzeko: oraingo babes sistema Hego Euskal Herrian ez nahikoa da eta indartu behar da. Euskal Herriko eragile sozialak, sindikalak eta politikoak mobilizatu behar dira gure herriak babes sistema propioa izan dezan, zerbitzu pubilkoak eta 1000 tik gorako pentsio eta prestazio ekonomikoak inor ez dadin bizi prekarietatean, duintasun faltan eta pobrezian.
 

 

 

Volkswagenentzat lanak egiten ari zen TEX enpresako langilearen heriotza salatzen du LABek

0

Atzo, abuztuak 31, Volkswagenentzat pabiloi berri bat eraikitzen ari den TEX enpresako 34 urteko langilea zendu zen heriotz istripu baten ondorioz. Jada 36 dira urtea hasi zenetik beren lanpostuan bizitza galdu duten langileak. LAB sindikatuak haien sendi, lankide eta gertuko guztiei elkartasuna adieraztearekin batera, enpresa batzordeak, gaurko konbokatu duen, eta 14etan hasiko den, 24 orduko lan uztean, parte hartzeko deia luzatzen du.

Gertatutakoaren aurrean Volskwageneko enpresa batzordeak eta prebentzio ordezkarien komisioak honako hau onartu du:
1- VW Nafarraoaren izenean babesa eta doluminak adieraztea langile honen familia, lagun eta lankideei.
2- Enpresa zuzendaritzari urgentziazko bilera bat eskatzea gertatutakoaren inguruan hitz egiteko.
3- Gertatutako salatzeko eta laneko segurtasuna defendatzeko, Irailaren 1ean, 24 orduko lan uztea egitea 14etatik aurrera.

Egoera hau aldatzeari begira LABek bere konpromisoa berresten du eta lanean jarraituko du prekarietatea gainditu eta lan baldintza duinen defentsan.

 

 

 

Carrefourrek Koldo Fernández delegatua kaleratu du

0

Enpresak Bilboko Zabalburuko saltokiko Koldo Fernández LABen delegatua kaleratu berri du. Gaur goizean eman diote kaleratze gutuna. Ordezkari honek 25 urte baino gehiago daramatza enpresan lanean. Urte hauetan, arazo ezberdinak izan ditu enpresaren zuzendaritzarekin langileen ordezkari moduan jarduteagatik, jazarpen sindikalaren adibide garbia.

LABek berresten du Carrefourren jarrera langile-klasearen kontrako eraso zuzena dela enpresari molestatu egiten baitio langileak antolatu eta euren eskubideak aldarrikatzeak, eta horregatik kaleratu dute delegatua, bere lankideak etsipenera eraman asmoz, euren eskubideak defendatzeko antolatu eta borroka ez daitezen.

LABek urjentziazko bilera eskatu dio Carrefourreko zuzendaritzari zuzenean adierazteko bere jarrera antisindikalarekin eta langileen aurkako jarrerarekin amai dezan, bere langile zein bezeroen aurkako jarrerarekin, Carrefourreko bezeroak ere ere herri honetako langileak baitira.

LABek exijitzen du Carrefourren laneko jazarpenarekin eta jarrera antisindikalarekin amai dezan eta horretarako mobilizazio ezberdinak deituko ditu datozen egunotan.
 

 

 

Bilbon izango gara abuztuaren 28an gaixorik dauden presoen etxeratzearen aldeko manifestazioan

Gaixo dauden Bizkaiko euskal presoen senide eta lagunek manifestazioa antolatu dute datorren abuztuaren 28rako Bilbon. "Gaixo dauden presoak etxean behar ditugu" lelopean osasun eskubidea urratzen duen espainiar zein frantziar estatuen espetxe politika salatuko da.

LABek bat egiten du mobilizazioen ardarrikapenekin eta Euskal Herriko langilegoari dei egiten dio bertan parte hartzera. Manifestazioa 12:30an abiatuko da Plaza Eliptikotik.

Era berean, preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzera deitu nahi du sindikatuak, elkartasuna bera jopuntuan dagoen garai hauetan. Horretarako, preso politikoen eskubideen aldeko aldarria lantoki eta kaleetan presente egon dadin lanean jarraituko du LABek. Giza eskubideen alde eta dispertsioaren kontra dagoen gehiengo soziala aktibatu asmoz, lanean jarraitzeko prestasuna adierazi nahi du sindikatuak.
 

 

 

Urriaren 24a Bilbon. Alternatiba sozial eta ekonomikoen erakusleihoa izango den eguna


Alternatiben Herria ekimena urriaren 24an izango da Bilbon. Prestakuntza lanetan ari gara, Euskal Herrian bizirik dauden alternatiba sozial eta ekonomiko guztien erakusleihoa izango den eguna antolatzeko…

 

 

 

Patronala, UGT eta CCOOen neurrian egindako lan prestakuntzarako deialdiaren inguruan Nafarroako Gobernuak azaldutako argudioak arbuiatzen ditugu

Nafarroako Gobernuak lan prestakuntzaren inguruan 2 milioi euroko dirulaguntzak banatzeko deialdiak egin ditu. Lehenik eta behin, deigarria da aipatu deialdiak Barcinaren Gobernuko kide batek, Imelda Loreak hain zuzen, bideratu izana, noiz eta udako oporraldien erdian, uztailaren 29an eta abuztuaren 7an.

Bigarrenik, deialdi horiek patronala, UGT eta CCOOen neurrian egin dira, aurretik UPNren Gobernuak egiten zuen bezala.

Baina larriena, Nafarroako Gobernuak aipatutako erabakia justifikatzeko erabili dituen argudioak dira. Lehenik eta behin, formazko arrazoiak argudiatzen dira UPNren politika bera egiten jarraitzeko. Bigarrenik, ez da antzematen aipatutako politika hori aldatzeko inolako borondaterik. Gobernuak erantzun behar duen galdera honako hau da: estatu mailako funtsak kudeatuko lituzkeen lan prestakuntzako sare publikoa sustatuko al du ala aipatutako funts horiek Patronalak, UGTk eta CCOOek eskuratzen jarrai dezaten ahalbidetuko du?

Lan prestakuntzako sare publikoari bultzada ematea aurreikusten du Akordio Programatikoak; erabat bideragarria da legalki eta ez du koste ekonomikorik, estatu mailako funtsean biltzen diren langileen kotizazioen bidez finantziatuko litzatekeelako. Honela bada, Laparra Lehendakariorde Jaunari eskatzen diogu aipatutako deialdiak bertan behera utzi eta estatu mailako funtsak kudeatuko dituen lan prestakuntzarako sare publikoa martxan jar dezan.

 

 

 

Txente Askasibarren askatasunaren aldeko kontzentrazioa bihar

LABen BBVAko atal sindikalak kontzentrazioa egingo du bihar, abuztuak 26, 13:00etan, Bilboko BBVAren aurrean (Gran Vía, 12).

Txente Askasibarrek, BBVAko lankide jubilatua 18/98 sumarioan epaitu eta 8 urte eta erdiko kartzela zigorra jasan zuen bere jarduera politikoagatik. Txentek 72 urte bete ditu, eta adin honetaz Salamankako Topas kartzelan preso dago, dispertsioaren mendekua jasaten gainera.

Bere militantzia politikoagatik kartzelan zazpi urte baino gehiago eman ostean, etxetik urrun gainera, ez dute ez begirune ez errukirik bere adinaz, eta kartzelan jarraitzen du zigor osoa betetzen inolako errebisio barik. Halaber, bere emazte eta senide zein lagunak kondenatu dituzte ere dispertsio politikarekin, astero astero 800 kilometro baino gehiago egin behar baitituzte Txente ikusteko, horrek dakarren gastu ekonomiko zein arrisku fisikoaz.

Kontzentrazioan, Askasibar berehala askatzea eskatuko dute, bere atxiloketa inoiz gertatu behar ez bazen ere, are ankerragoa baita oraindik kartzelan mantentzea.
 

 

 

Carrefourrek jazarpen sindikalarekin jarraitzen du

0


Gaur Zabalburuko saltokira eraman dute protesta. Mobilizazioak egingo dira aste osoan zehar. Enpresak Bilboko Zabalburuko saltokiko LABen delegatu bat zigortu du kaleratzeko asmoarekin. Ordezkari honek 25 urte baino gehiago daramatza enpresan lanean. 

Enpresak, expediente zigortzailea irekitzerakoan ahoz jakinarazi zuen bere erantzuna gaur bertan jakinaraziko zuela. Enpresak ez du horrelakorik egin eta bere lanpostutik aparte mantentzen du langilea, LABeko delegatua pertsona eta langile moduan etsipenera eramatea helburu.

LABek berresten du Carrefourren jarrera langile-klasearen kontrako eraso zuzena dela enpresari molestatu egiten baitio langileak antolatu eta euren eskubideak aldarrikatzea, eta horregatik mantendu nahi dute delegatua lantokitik kanpo, bere lankideekin harremanik izan ez dezan.

LABek urjentziazko bilera eskatu dio Carrefourreko zuzendaritzari zuzenean adierazteko bere jarrera antisindikalarekin eta langileen aurkako jarrerarekin amai dezan, bere langile zein bezeroen aurkako jarrerarekin, Carrefourreko bezeroak ere ere herri honetako langileak baitira.

LABek exijitzen du Carrefourren laneko jazarpenarekin eta jarrera antisindikalarekin amai dezan eta horretarako kontzentrazioak egingo ditu aste honetan enpresaren jarrera salatzeko:

Asteartea 25, asteazkena 26 eta osteguna 27:
– 12:30etik 13:00etara Zabalburuko Carrefourren aurrean.
– 13:15etik 13:35era Atxuriko Carrefourren aurrean.